Gure historiarako bi argazki

Gure 2026-2027 Denboraldi Sinfonikoko 3. programa Juanjo Mena maisuak BOSeko zuzendari titular izan zen urteetan egin zuen ekarpen eskerga aitortzeko asmoz sortu genuen.

Baina aitortza hori kontzertu-programa batetik edo Orkestraren omenaldi hutsetik harago eraman nahi genuen. BOSeko publikoa ere omenaldiaren parte izatea nahi genuen, Juanjo Menari beti erakutsi baitio maitasun eta estimu handia.

Horregatik, bi kontzertuetako bakoitzaren amaieran, bertaratutakoak talde-argazki batean parte hartzera gonbidatu genituen, publikoa eta orkestra maitasunezko, esker oneko eta omenaldizko keinu berean elkartzeko.

Miguel San Cristóbal gure argazkilariak ateratako bi argazki hauek une berezi haiek jasotzen dituzte.

Juanjo Menarentzat, BOSentzat eta gure publiko osoarentzat gordetzeko oroitzapena.

Eskerrik asko, Juanjo!

Omenaldia osteguna, urriaren 15a

Omenaldia ostirala, urriaren 16a

Maitasunez betetako agurra

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez

Lino Ayllón bigarren biolinen taldeko biolinista agurtzeko unea iritsi zaigu: erretiroa hartuko du, lau hamarkada baino gehiago BOSen eman ondoren.

Une ederrez betetako etapa berria opa diogu, eta bihotz-bihotzez eskertzen diogu berrogei urte baino gehiago hauetan eskainitako dedikazioa. Urte horietan guztietan bere onena eman du, eta bere lanarekin gure orkestraren hazkundean lagundu du.

KONTZERTUEN AURREKO HITZALDIAK 2026-2027

Kontzertu bakoitza istorio bat da, eta haren testuingurua ezagutzeak beste modu batean gozatzeko aukera ematen du. Duela 20 denboraldie baino gehiagotik eskaintzen ditugun BOSen Kontzertu Aurreko Hitzaldiek interpretatuko diren obren unibertsoan murgiltzera gonbidatzen dute publikoa, haien musika-gakoak, testuinguru historikoa eta berezi egiten dituzten bitxikeriak ezagutzeko. Proposamen horren bidez, BOSek musika zabaltzeko eta publikoari esperientzia osoagoak eta hurbilagoak eskaintzeko konpromisoari eusten dio. 2026-2027 denboraldian, honako programa hauekin batera eskainiko dira hitzaldiak:

Programa Data Ordua Tokia
5. programa 2026ko azaroaren 6a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza
6. programa 2026ko abenduaren 3a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza
9. programa 2027ko otsailaren 12a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza
11. programa 2027ko martxoaren 11a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza
15. programa 2027ko maiatzaren 6a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza
17. programa 2027ko ekainaren 11a 18:00 Euskalduna 5H aretoa, terraza

Sarbidea edukieraren araberakoa izango da eta iritsiera-ordenaren arabera emango da.

Hitzaldietara etortzeko, nahitaezkoa izango da dagokion programa ikusteko sarrera edo abonua aurkeztea, eta ostegunekoek zein ostiralekoek balioko dute.

Mercedes Albaina Musikako goi-mailako tituluduna da, Aisian eta Giza-garapenean doktorea eta Psikologiako lizentziaduna. Gaur egun, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko Entzumen Hezkuntzako irakasle titularra ere bada, eta Deustuko Unibertsitateko Aisialdi Ikasketen Institutuko Musika irakaslea.

BOSlaris XIII: Zure musika etxetik haratago entzun dadila

Bueltan da BOSlaris, musika amateurrentzako ganbera musikaren hastapen, praktika eta hobekuntza programa, aurten hamahirugarren edizioa ospatuko duena. Aste batzuetan zehar, parte hartzen dutenek musikazale amorratuekin jo ahal izango dute, esperientziak partekatu eta Bilbao Orkestra Sinfonikoko irakasleen orientazio zuzena jaso.

BOSlaris programaren helburua jatorrizkoa izaten jarraitzen du: agertokiaren eta ikusleen arteko hesia haustea, musikaren praktika piztea eszena profesionalean ohikoak ez diren espazioetan, eta BOSeko irakasleen eta zaletuen arteko loturak sendotzea.

Musikalki hazteko, taldean jotzeko modu berriak deskubritzeko eta ganbera-musikaz gozatzeko aukera, giro hurbil, parte-hartzaile eta energiaz betean. Beti nahi izan baduzu beste pertsona batzuekin jo, zure trebetasunak hobetu edo musika partekatu, hau da zure aukera.

BOSek edizio honetan parte hartzera gonbidatzen zaitu, baita zure musikak bizia har dezan uztera ere. Informazio gehiago eta izen-ematea hemen: https://bilbaorkestra.eus/eus/boslaris/

Parte hartu Juanjo Menari egingo diogun omenaldian

Datorren urriaren 15ean eta 16an, Bilbao Orkestra Sinfonikoak bere kontzertuak oso hitzordu berezi bihurtu nahi ditu, Juanjo Menak orkestrarekin izan duen lotura estua eta orkestraren historia hurbilean bete duen funtsezko zeregina aitortu eta eskertzeko.

Juanjo Mena bederatzi denboraldiz izan zen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular. Orkestraren buru egindako lanak arrasto sakona utzi zuen, bai maila artistikoan, bai giza mailan, eta orkestraren historia hurbileko etapa erabakigarri baten funtsezko parte izan zen.

Bere anaia Carlos Menak zuzenduko dituen kontzertu hauetan, aitortza hori gure publikoarekin ere partekatu nahi dugu.

Horregatik, kontzertu bakoitzaren amaieran, urriaren 15ean, ostegunean, eta 16an, ostiralean, argazki kolektibo bat egingo dugu Juanjo Menari omenaldia egiteko. Orkestra eta keinu honekin bat egin nahi duen publikoa bilduko dira bertan.

Urte hauetan guztietan Juanjo Menarekin hainbeste musika eta kontzertu partekatu dituztenak ere omenaldi honen parte izatea nahi dugu.

Gurekin egotera, kontzertuaz gozatzera eta, amaieran, bakoitza bere eserlekutik, argazki berezi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Ondoren, argazkia Juanjo Menari oparituko diogu eta gure sare sozialetan partekatuko dugu, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta haren publikoaren estimuaren, aitortzaren eta esker onaren oroigarri gisa.

Maitasunez betetako agurra

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez

2026-2027 denboraldia hasteko Egun gutxi falta direnean, Juliet Somervail, celloa, eta Gavin Cunningham, kontrabaxua, agurtzea tokatzen zaigu, hainbat urtez BOSen parte izan ondoren erretiratzen direnak.

Orain hasiko duten etapa berri hau une handiez beteta egotea espero dugu, gure Orkestrarekin bizi izan dituztenak bezala, eta bihotz-bihotzez eskertzen diegu urte hauetan guztietan eskaini duten dedikazioa.

Urriaren 15 eta 16ko programan zuzendari-aldaketa

Juanjo Mena maisuak BOSi jakinarazi dio osasun-arrazoiak direla eta ezin izango duela urriaren 15ean eta 16an eskainiko dugun 3. programa zuzendu.

Programa hau Juanjo Menak Orkestraren buru egindako bederatzi urteak aitortu eta eskertzeko asmoz sortu zen. Etapa hura funtsezkoa izan zen BOSen hazkunde artistikoan.

Haren ordez, Carlos Menak zuzenduko du Orkestra. Juanjo Menaren anaia da Carlos Mena, baita BOSen ohiko kolaboratzailea ere; izan ere, kontzertu ugaritan parte hartu du, bai kontratenor gisa, bai zuzendari gisa.

Programan, gainera, Asier Polo biolontxelo-jotzaile bilbotarrak bakarlari gisa parte hartuko du, eta Juanjo Mena maisuari omenaldia egiteko eta esker ona adierazteko jatorrizko asmoari oso-osorik eutsiko zaio.

BOSek bere maitasun, esker on eta babes osoa helarazi nahi dio Juanjo Menari.

Programa berria

J. Guridi: El caserío, II. ekitaldiko preludioa
C.P.E. Bach: Biolontxelo, hari-orkestra eta baxu jarraiturako kontzertua La maiorrean
G: Fauré: Elegía
W.A. Mozart: 40. Sinfonia

Asier Polo, biolontxeloa
Carlos Mena, zuzendaria

BOSek hiru kontzertu eskainiko ditu Bizkaian Jon Thate eta Alejandro Cantalapiedrarekin

Bilbao Orkestra Sinfonikoak hiru kontzertu eskainiko ditu aste honetan Bilbon, Urduñan eta Getxon, Alejandro Cantalapiedraren zuzendaritzapean eta Bilboko Jon Thate txirularia bakarlari dela.

Lehenengo hitzordua irailaren 3an izango da, ostegunez, 20:00etan, Bilboko El Carmen elizan. Cáritasen aldeko aparteko kontzertua izango da, eta BOSek Carl Reineckeren Txirularako kontzertua Re Maiorrean eta Felix Mendelssohnen 3. Sinfonia La minorrean, «Eskoziarra», interpretatuko ditu.

Egitarau osoa irailaren 4an, ostiralez, 19:00etan, Urduñako Josefinoen elizan, eta irailaren 5ean, larunbatez, 20:00etan, Getxoko Muxikebarrin entzuteko aukera izango da. Bi hitzordu horietan Ludwig van Beethovenen Egmont obertura gehituko zaio egitarauari.

Kontzertuak Bizkaian

Bilbo
Irailak 3, osteguna · El Carmen eliza · 20:00 Cáritasen aldeko aparteko kontzertua

Carl Reinecke Txirularako kontzertua Re Maiorrean Felix Mendelssohn: 3. Sinfonia La minorrean, «Eskoziarra»

Urduña
Irailak 4, ostirala · Josefinoen eliza · 19:00

Getxo
Irailak 5, larunbata · Muxikebarri · 20:00

  Egitaraua Urduñan eta Getxon

Ludwig van Beethoven: “Egmont”, obertura Carl Reinecke: Txirularako kontzertua Re Maiorrean Felix Mendelssohn: 3. Sinfonia La minorrean, “Eskoziarra”

Jon Thate, txirula

Alejandro Cantalapiedra, zuzendaria

BOSek hitzordu berria du Berliozen Requiem apartarekin, «Grande messe des morts»

Hau izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoak ehun urtetik gorako ibilbidean obra erraldoi honi aurre egingo dion hirugarren aldia, alderdi guztietatik: musika, arte eta eszena aldetik, baita eskatzen duen parte-hartzaile kopuruagatik ere.

Bihar, abuztuaren 19an, asteazkena, 20:00etan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Kursaaleko agertoki handituak BOS, Euskadiko Orkestra, Orfeón Donostiarra, Easo Abesbatza eta John Matthew Myers tenore bakarlaria bilduko ditu. Guztiak Erik Nielsen BOSeko zuzendari titular ohiaren zuzendaritzapean ariko dira. 300 interprete baino gehiago izango dira oholtza gainean, Berliozen Requiem, Grande messe des morts izenekoa, interpretatzeko.

Gure hirugarren interpretazioa ehun urtetik gorako ibilbidean


Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat, ezohiko obra batekin beste hitzordu berezi bat da hau. Aurreko bi interpretazioak 1954an izan ziren, Bilboko Arriaga Antzokian, Bilboko Koral Elkartearekin batera eta José Ives Limantourren zuzendaritzapean; eta 1979an, Bergarako San Pedro Apostolua elizan, Bergarako Orfeoiarekin batera eta Odón Alonsoren zuzendaritzapean.

Obra erraldoi eta sotila


Berliozek musika hau eskala handian ez ezik, esperientzia espazial gisa ere pentsatu zuen: orkestra handiaren eta abesbatza-multzoen ondoan, aretoaren hainbat gunetan kokatutako lau metal-taldek entzulea soinuz inguratzen dute, bereziki Tuba mirum hunkigarrian. Proportzio kolosaleko obra da, bai, baina aparteko fintasun eta barnekotasuneko uneetan gelditzeko gai ere bada.