BOSek hitzordu berria du Berliozen Requiem apartarekin, «Grande messe des morts»

Hau izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoak ehun urtetik gorako ibilbidean obra erraldoi honi aurre egingo dion hirugarren aldia, alderdi guztietatik: musika, arte eta eszena aldetik, baita eskatzen duen parte-hartzaile kopuruagatik ere.

Bihar, abuztuaren 19an, asteazkena, 20:00etan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Kursaaleko agertoki handituak BOS, Euskadiko Orkestra, Orfeón Donostiarra, Easo Abesbatza eta John Matthew Myers tenore bakarlaria bilduko ditu. Guztiak Erik Nielsen BOSeko zuzendari titular ohiaren zuzendaritzapean ariko dira. 300 interprete baino gehiago izango dira oholtza gainean, Berliozen Requiem, Grande messe des morts izenekoa, interpretatzeko.

Gure hirugarren interpretazioa ehun urtetik gorako ibilbidean


Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat, ezohiko obra batekin beste hitzordu berezi bat da hau. Aurreko bi interpretazioak 1954an izan ziren, Bilboko Arriaga Antzokian, Bilboko Koral Elkartearekin batera eta José Ives Limantourren zuzendaritzapean; eta 1979an, Bergarako San Pedro Apostolua elizan, Bergarako Orfeoiarekin batera eta Odón Alonsoren zuzendaritzapean.

Obra erraldoi eta sotila


Berliozek musika hau eskala handian ez ezik, esperientzia espazial gisa ere pentsatu zuen: orkestra handiaren eta abesbatza-multzoen ondoan, aretoaren hainbat gunetan kokatutako lau metal-taldek entzulea soinuz inguratzen dute, bereziki Tuba mirum hunkigarrian. Proportzio kolosaleko obra da, bai, baina aparteko fintasun eta barnekotasuneko uneetan gelditzeko gai ere bada.