BOSek Joaquín Achúcarroren izena eman dio bere piano berriari, elkarrekin partekatutako 80. urteurren artistikoan

Bilbao Orkestra Sinfonikoak ekitaldi instituzional bat ospatu du gaur Euskalduna Jauregiko entsegu aretoan, Joaquín Achúcarro pianista bilbotarrarekin batera egindako zortzi hamarkadako ibilbidea ospatzeko. 1946an hasi zen lankidetza honek 85 emanaldi baino gehiago batu ditu dagoeneko.

Ekitaldiaren baitan, BOSek Fundación BBK-k dohaintzan emandako piano berria Joaquín Achúcarro maisuaren izenarekin bataiatu du, haren nazioarteko ibilbide bikaina eta BOSekin nahiz Bilboko musika-bizitzarekin izan duen lotura historikoa aitortzeko.

Ekitaldian parte hartu dute Joaquín Achúcarrok berak; Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak; Iñigo Alberdi Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusiak; eta Borja Pujol orkestrako zuzendari teknikoak, baita BOSeko senide, abonatu eta lagunek ere.

Topaketan zehar, bertaratutako publikoak Joaquín Achúcarro maisuaren interpretazio hunkigarriaz gozatzeko aukera izan du. Programan Johann Sebastian Bachen partita bateko mugimendu bat, Johannes Brahmsen Op.118ko Intermezzo bat eta Frédéric Chopinen bi Preludio eskaini ditu.

Omenaldi honen bidez, BOSek zortzi hamarkadatan zehar etenik gabe eraikitako lotura artistiko aparta nabarmendu nahi izan du, musikarekiko eta kulturarekiko konpromiso partekatuan oinarritutako harremana.

Joaquín Achúcarrok adierazi duenez, “Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin zortzi hamarkadaz lankidetza bizirik mantentzea harrotasun handia da”, eta eskerrak eman ditu piano berriak bere izena eramateagatik, “lanaren, dedikazioaren eta musikarekiko maitasunaren bidez eraikitako harreman baten sinbolo” gisa.

Bestalde, Iñigo Alberdik azpimarratu du “Joaquín gure erakundearen, gure historiaren eta gure orainaren parte” dela; Borja Pujolek, berriz, pianistaren “ibilbide artistikoaren aparteko iraupena” nabarmendu du.

Urteurren honen ospakizunek maiatzaren 27an izango dute jarraipena Bilboko Elkarte Filarmonikoan egingo den kontzertu berezi batekin, Joaquín Achúcarroren musika-unibertsoaz BOSekin batera berriro gozatzeko aukera eskainiz.

🎟️ Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko BOSen webgunean.

Sergei Tiutiunik, biolin bakarlari berria BOSeko II

Bilbao Orkestra Sinfonikoak Sergei Tiutiunik biolin-jotzailea hartuko du lankide, biolin-bakarlari gisa II.

Tiutiunik Finlandiako Kymi Sinfonietta orkestratik heldu da BOSera, bertan biolin II nagusi postua betetzen zuelarik.

Horrela, Bilbao Orkestra Sinfonikoak bere hari-sekzioa indartuko du, eta beste urrats bat emango du bikaintasun artistikoaren aldeko apustuan, Europako panoraman ibilbide kontrastatuak dituzten musikariak lan-taldean integratuz.

BOSek ongietorria ematen dio Sergei Tiutiuni eta arrakasta asko opa dizkio orkestrarekin batera emango duen etapa berri honetan.

Ongi etorri!

Bilbao Orkestra Sinfonikoak Logelan Logale aurkeztu du, 1.700 ikasle musika sinfonikora hurbiltzen dituen hezkuntza-proiektua

Bilbao Orkestra Sinfonikoa-k (BOS) Logelan Logale aurkeztu du Bilbon, musika sinfonikoa, hezkuntza eta parte-hartzea uztartzen dituen euskarazko haurrentzako kantata. Guztira, 1.700 haur inguruk eta 26 ikastetxek parte hartu dute ekimenean. 

Hezkuntza eta artea uztartzen dituen proiektu hau Euskadiko Orkestra-rekin elkarlanean garatu da, Musika Gela programaren bidez, eta Euskalduna Jauregian eskainitako bi kontzertutan gauzatu da. Horrela, Euskadiko musika-hezkuntzaren arloan erreferentziazko ekimen gisa sendotu da. 

Musika, hezkuntza eta parte-hartzea uztartzen dituen proiektua

Hilabeteetan zehar, ikasleek errepertorioa landu dute ikasgeletan, ondoren orkestrarekin batera esperientzia artistiko kolektibo baten parte izateko. Logelan Logale ez da kontzertu hutsa, baizik eta gazteak sormen-prozesuaren erdigunean jartzen dituen hezkuntza-proiektua. 

Iñigo Alberdi BOSeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “proiektu honek oso ondo islatzen du zer garen eta nora joan nahi dugun orkestra gisa: gure ingurunearekin, hezkuntzarekin eta belaunaldi berriekin konprometitutako kultura-erakundea”. 

Musika-hezkuntzaren sustapena Euskadin

Ekimen honek BOSen konpromisoa indartzen du: musika sinfonikoa gizartera hurbiltzea eta kulturarako sarbidea txikitatik sustatzea, sormena, nortasun kulturala eta talde-lana bezalako balioak bultzatuz. 

Halaber, BOSen eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetzak hezkuntza eta gizarte arloan benetako eragina duten proiektuak garatzea ahalbidetzen du. 

Sorkuntza artistikoa eta euskal talentua

Logelan Logale lanak Jagoba Astiazaran konpositorearen musika originala eta Leire Bilbao idazlearen libretoa ditu. Bakarlari gisa Kepa Errasti aritu da, Juanjo Ocón-en zuzendaritzapean. 

Proiektuan, halaber, Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzak eta Kantalai Abesbatzak parte hartu dute, eskola-abesbatzarekin batera, esperientzia artistiko kolektibo batean. 

Kultura, hezkuntza eta etorkizuna

BOSek azpimarratzen du horrelako ekimenen garrantzia: etorkizuneko publikoak sortzeaz gain, Euskadiko kulturarekiko lotura handiagoa duten pertsonak hezten laguntzen dute.

Musika Sehaskatik – Haurtxoentzako tailerra

Lehen haurtzarorako musika-hezkuntzako tailerra da, Edwin Gordonen musika-ikaskuntzaren teorian oinarrituta. Horren arabera, musika komunikazio-kanala da, abestien, erritmoaren, mugimenduaren, isiltasunaren,
jokoaren, bat-batekotasunaren eta dantzaren bitartez.

Ahotsa, pianoa eta akordeoia: Edurne Urutxurtu Valera
Laguntzaileak:
Trikitixa, ahotsa eta panderoa: Malen Zobaran
Gitarra: Shanti Basauri
Txirulak eta perkusioa: Iván Allue

BOSaren entseguetarako aretoa
Leku-kopurua: 60 pertsona (20 haurtxo + gehienez 2 pertsona haurtxo bakoitzeko).
0–3 urte
Iraupena 45′

Prezioa: 8€
Haurtxo bakoitzeko sarrera bat; sarrera horrek sartzeko baimena ematen die haurtxoarekin datozen pertsonei.


Dataks

Maiatzaren 16a – 10:00 h.
Maiatzaren 16a – 11:30 h.

BOS BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenean

Datorren apirilaren 10ean, Bilboko Euskaldunan “Orkresta” ospatuko da, Bilbao BBK Livek bere 20. urteurrenean bultzatutako proposamen berezienetako bat.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak jaialdiaren memoria kolektiboa markatu duten ereserki batzuk formatu sinfonikoan berrinterpretatuko ditu, Richard Balcomberen zuzendaritzapean, Bilbao BBK Liven kontakizun musikala Kobetamenditik haratago zabalduz eta hiriko agertoki berri batera eramanez.

80 musikari baino gehiagok bizitasuna emango diete Bilbao BBK Livetik igaro izan diren artisten hamabost abesti baino gehiagori, Kobetamendin entzun diren ereserki batzuk klabe sinfonikoan berrinterpretatuz. Kontzertu paregabe honetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak abesti horiek hari, haize eta perkusio bidez eraldatuko ditu, jaialdiaren energia orkestra-hizkuntzara eramanez. Jaialdiaren ibilbideari eta artistei, publikoari eta hiria lotzen dituen konexio emozionalari egindako omenaldia da, baita musika sinfonikoa publiko berrietara hurbiltzeko gonbidapena ere.

Sarrerak 18 eta 30 € arteko prezioa dute eta jaialdiaren webgunean eskuragarri daude.

Arte Ederretako ikasle batek BOSen 2026/2027 denboraldiko irudi grafikoa diseinatu du

Ane Araujo EHUko ikaslearen kartela, “Basoa” kontzeptuan oinarrituta, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2026/2027 denboraldiko irudi ofiziala izango da.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak (EHU) 2026/2027 denboraldiko irudi grafiko berria aurkeztu dute, “Basoa” kontzeptuan oinarrituta. Proiektua bi erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleek garatu dute, Diseinu Grafikoko irakasgaiaren barruan.

Epaimahaiak Ane Araujo ikasleak sortutako kartela aukeratu du irudi ofizial gisa. Bere proposamenak basoa musika-tresna bat balitz bezala irudikatzen du: irudi beltz batek zuhaitz bihurtzen diren hari batzuk jotzen ditu, natura eta soinua elkartzen diren metafora bisual batean.

Ekimena proiektu erreal gisa landu da ikasgelan, eta diseinu grafikoan konpetentzia profesionalak garatzeko aukera eman die ikasleei, BOSen enkargu batetik abiatuta. Andere Larrinaga Arte Ederretako Fakultateko dekanordeak lankidetza horren prestakuntza-balioa eta unibertsitateak gizartearen aurrean egiten duen lana ikusarazteko duen aukera azpimarratu ditu.

Bestalde, BOSeko zuzendari nagusiak, Iñigo Alberdik, gazte-talentuarekin lankidetzan aritzearen eta denboraldia sormenezko begirada berrietara irekitzearen poza nabarmendu du, baita orkestrak Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko kultura-sarearekin duen konpromisoa ere.

Kartelaren aurkezpena Arte Ederren Fakultatean egindako erakusketa baten inaugurazioarekin batera egin da. Bertan, ikasleek proiektu honen esparruan egindako lanen aukeraketa bat biltzen da.

Ikusi dosierra

Prentsa oharra

BOSek orkestran emakumeen presentziaren mende bat baino gehiago gogoratuz ospatuko du martxoaren 8a

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) aurten bat egin nahi du Emakundek bultzatutako “Eman tokia berdintasunari” leloarekin, emakumeek musikaren arloan presentzia eta parte-hartze handiagoa izateko egindako bidea gogoratuz.

1922an sortu zenetik BOSek emakumezkoen presentzia izan zuen, garai hartan oso ohikoa ez zena. Orkestraren lehen etapa hartan bi biolin-jotzaile izan ziren eta datu horrek erakundea sortu zeneko espiritu irekia islatzen du.

Mende bat baino gehiago geroago emakumeen presentzia nabarmen hazi da orkestran. Gaur egun BOS 30 emakumek eta 49 gizonek osatzen dute, eta azken bi hamarkadetan bereziki bizkortu den berdintasuneranzko bilakaera progresiboan murgilduta dago.

Aurrerapen honek are balio handiagoa hartzen du kontuan hartzen bada Europako orkestra handi askok ez zutela emakumerik sartu beren plantilletan joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadara arte.

Orekarako joera bera ikusten da orkestraren administrazio-egituran ere, non gaur egun 5 emakumek eta 7 gizonek lan egiten duten, aurrera jarraitzen duen eraldaketa-prozesua islatuz.

Martxoaren 8an BOSek berdintasunarekin eta talentua eta musika oztoporik gabe garatzeko espazioak sortzearekin duen konpromisoa berresten du, kultura irekiago, anitzago eta bidezkoago baten alde eginez.

FAZIL SAYREN SORMEN-PROZESU MUSIKALA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN

Otsailak 25, asteazkena

Fazil Say BOSekin, eta Nil Venditti zuzendari turkiar-italiarraren gidaritzapean, Madre Tierra kontzertua estreinatzeko Bilbon izango dela aprobetxatuz, Guggenheim Bilbao Museoak Turkiako pianista ospetsuarekin topaketa bat eskainiko du.

BOSeko zuzendari teknikoa den Borja Pujolek moderatuko du Museoko Entzungelan egingo den topaketa.

Jarduera BOSekin elkarlanean antolatua da, Museoaren TOPArte programaren baitan, eta Lurraren arteak erakusketaren harira aurkeztuko da.

Jarduera ingelesez egingo da, gaztelaniazko itzulpenarekin.

Iraupena, gutxi gorabehera: 55 min

*Programak aldaketak izan ditzake. Plaza-kopurua mugatua da

PREZIOA

Dohainik (Museorako sarrera ez dago barne)

LEKUA

Lekua eta ordua: Entzungela, 18:00

Informazio gehiago

Sormen-prozesu musikala: Fazil Say

Museoak Fazil Say piano-jotzaile turkiar ospetsuarekin topaketa bat eskainiko du, musikaria Bilbon izango baita Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) Madre Tierra kontzertua estreinatzeko Nil Venditti zuzendari turkiar-italiarraren gidaritzapean. BOSeko zuzendari teknikoa den Borja Pujolek moderatuko du Museoko Entzungelan egingo den topaketa.

Jarduera BOSekin elkarlanean antolatua da, Museoaren TOPArte programaren baitan, eta Lurraren arteak erakusketaren harira aurkeztuko da.

Jarduera ingelesez egingo da, gaztelaniazko itzulpenarekin.

Iraupena, gutxi gorabehera: 55 min

*Programak aldaketak izan ditzake. Plaza-kopurua mugatua da

Informazio gehiago