Kontzertuak
Londres eta Symphonie espagnole
Ellinor D’Melon, biolina
Catherine Larsen-Maguire, zuzendaria
I
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
The Wasps, Obertura
EDOUARD LALO (1823 – 1892)
Symphonie espagnole biolin eta orkestrarako Op. 21
I. Allegro non troppo
II. Scherzando: Allegro molto
III. Intermezzo: Allegretto non troppo
IV. Andante
V. Rondo: Allegro
Ellinor D’Melon, biolina
II
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
A London Symphony (2. sinfonia)
I. Lento – Allegro risoluto
II. Lento
III. Scherzo (Nocturne)
IV. Andante con moto; Maestoso alla marcia
*
Dur: 115’ (aprox.)
DATAK
- 23 apirila 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 24 apirila 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Iradokitzea
Iradokitzea ez da zehatz eta mehatz deskribatzea. Askotan eztabaidatzen da ea musikak benetan ageri-agerikoak ez diren paisaiak edo naturako soinuak deskribatzeko gaitasunik ote duen; Vivaldiren edo Beethovenen txoritxoak, azken horren ekaitza edo Rimsky-Kórsakov-en eulitzarra, adibidez. Beste alde batetik, ziurrenik, esango ez baziguten zehatz eta mehatz zer den deskribatzen ari direna, ezingo genuke ezer ere imajinatu. Pastoralen bigarren mugimendu zoragarrian dabilen erreka zefiro leun bat edo gauean lorategi batean dauden maitagarrien murmurioa ere izan liteke; Moldavaren arroken arteko jauzi bortitzak gudu batekin edo bidelapurrek jazarritako diligentzia baten zalapartarekin ere identifika litezke. Azkenik, deskribapen-artifizio horiek soilik musikaz gozatzetik despistatzen ez ote gaituztenaz zalantza egiten da batzuetan, hainbeste zuhaitzek (eta hegaztiek, egunsentiek, trumoiek eta abarrek) musika hutsez osatutako basoa ikusten utziko ez baligute bezala.
Zalantzan ez dagoena musikak iradokitzeko duen gaitasuna da; egiaz, ziurrenik botere horrek bihurtzen du musika ezinbesteko; giza espirituaren sorkuntza magikoenetakoa da. Gutako bakoitzak bere memoriaren txoko intimo eta esanguratsuenetan gordetzen ditu melodiak, abestiak, soinuak…zeintzuek ezabatu ezin diren oroitzapenak esnatzen dituzten. Musikak fantasiaren sugarra pizten du inguruabarra edozein izanda ere, irudiei botere handiagoa ematen die eta berehala eramaten gaitu paisaia urrunenetara edo oso antzinako garaietara.
“Iradokitzea” (“evocar”, ex – vocare) hain zuzen ere, “kanporantz deitzea” da, hau da, ateraraztea, zerbait memoriatik edo fantasiatik lehen planora ekartzea. Latinez esanahiak ñabardura fisikoagoa mantentzen zuen, baina guretzat iradokizun mentalera mugatzen da.
Musika-pieza guztiek orokorrean iradokitzeko botere hori badute, kontzertu honetan entzungo ditugunek esplizitu egiten dute, eta borondatez helburu ezberdinetara bideratzen dute; batez ere, paisaiaz, kulturaz, historiaz eta emozioez osatutako bi konglomeratuetara: Eduard Laloren Espainia eta Ralph Vaughan Williamsen Londres; bata amestua, bestea barnetik bizitakoa. Lehenik eta behin, eta hasiera emateko, Vaughan Williamsek oso labur iradokiko digu ez hainbeste leku bat, baizik eta orain dela asko eta Londrestik oso urruti imajinatutako istorio bat, baita istorio horren sortzailearen umore berezia ere.
Bada, jaso dezagun iradokizun horien deia. Utz iezadazue kontzertuaren ordena pixka bat aldatzen ohar hauek argiagoak izan daitezen: lehenik eta behin, Laloren obraren inguruan arituko gara eta gero Vaughan Williamsen obra bien inguruan.
1875ean, bi obra zoragarriren estreinaldiak ordura arte oso gutxik ezagutzen zuten musikari baten karrera bultzatu zuen; ezezaguna zen arren, esperientzia luzea eta oparoa zuen ganbera-musikan konpositore eta biolinista bezala: Le roi d ’Ys opera eta gaur gozatuko dugun Sinfonia española, aurreko urtean konposatu zuena.
Eduard Lalo Lille-n jaio zen nahiko urte lehenago, 1823an; bere aita militarra zen eta badirudi haren nahia ez zela behar besteko irmoa izan, semea musika ikasten hasi baitzen Parisen 16 urte zituenetik; bertan, garai hartako margolari erromantiko handienetako baten laguna egin zen, Eugéne Delacroix, hain zuzen ere. Dirudienez, behar besteko segurtasunik izan gabe espekulatzen da bere amaren aldetik leinu espainiarra izan zezakeela; amaren abizen ezkongaia Wacquez zen, eta baliteke jatorrian Vázquez izan zitekeen abizena frantses bihurtzeko modu korapilatsua izatea…edo ez.
Ez da beharrezkoa, ezta ere, suposatzea konpositoreak afinitate pertsonala edo familiarra izan zezakeela Espainiarekin justifikatzeko giro espainiarreko obra bat idatzi zuela. Gutxienez behar besteko boterea duten bi arrazoi daude beren horretan azaltzen dutenak. Lehendabiziko arrazoia da obra Pablo Sarasateri dedikatua izan zela eta azken horrek estreinatu egin zuen; garai hartako biolinista ospetsuena zen, jakin badakizuenez, nafar unibertsala. Bigarrena are esanguratsuagoa da eta Espainiako musikak garai hartako autoreengan (ez soilik frantsesak) sortu zuen lilura iraunkorra da: adibidez, Bizetek Carmen aurkeztu zuen Sinfonía española lehen aldiz entzun zenean. Eta Chabrier, Saint-Säens, Debussy, Ravel eta abarrek Espainiako musikarekin lotutako erritmo, melodia edo patroi abstraktuagoetan inspiratutako pieza ugari dituzte, askotan fantasioski sortuak.
Hemen dago iradokitzearen kontzeptua. Musikari horietan Espainiaren ideia sorrarazten zuena oroitzapenak izan zitezkeen edo, kasurik onenetan edo ia beti fantasia gutxi-asko nobeleskoak, haietako gutxi ibili baitziren benetan hemendik: Debussy, adibidez, soilik Donostian egon zen, zezenketak ikusi zituen eta Frantziara itzuli zen. Eta La puerta del vino idazteko gai izan zen Fallak Granadatik bidali zion postal bati begira.
Ezin dugu jakin Laloren amak espainiar folklorearen inguruko ideia zehatzago bat eman ote zion; dirudienez, haren jatorri nafarra edo aragoiarra egia izanez gero, zenbait belaunaldi aurreragokoa izango litzateke. Ziurrenik (niri behintzat hala iruditzen zait) Sarasatek informatu zuen edo material edo ideia zehatzak eman zizkion bere obra garatzeko edo sinpleki Frantzian garai hartan nagusi zen girotik hartuko zituen. Argi dagoena da bera sekula ere ez zela Espainian egon. Beraz, iradokizunen joko bikoitzean esperimentatuko dugu zer iradokitzen digun guri, Lalori Espainiaren ideiak piztu zionarekin alderatuta.
Lehenik eta behin, argitu beharra dago Symphonie spagnole nahikoa spagnole izan daitekeen arren, ez dela symphonie bat. Biolinerako eta orkestrarako kontzertu bat da bost mugimendutan. Ez du zentzurik ezta ere sinfonia kontzertantea deitzeak. Izan ere, biolin solista eztabaidaezina da eta ez da partekatzen ez beste solista batzuekin, ezta ere orkestrarekin berarekin ere, kontzertu batean ohikoa denetik haratago.
Ezohikoa den bost zatitako egiturak adierazgarritasun-aniztasun handia ahalbidetzen du eta konpositorearen imajinazio amaigabea askatzen du. Izan ere, orain arte esan dugunaren gainetik, erakargarritasun paregabeko obra da. Lalo, zalantzarik gabe, une gozoan zegoen eta melodia ahaztezinez osatutako katalogo bat sortzeko gai izan zen, berehala gozatu daitekeen sinpletasunaren eta maisutasun formalaren arteko oreka arraro horrekin.
Gako garrantzitsu bat erritmoak dira, guztiak ere nolabait estilizatuak, baina hispaniar folklorea oroitaraziz; habanerak, jotak, seguidillak eta boleroak txandakatzen dira (eta zenbaitetan nahastu ere bai) mugimendu ezberdinetan, baina bakoitzerako eredu bat ezarriz. Laburtasunak, orkestraren tratamendu bikainak eta biolinaren birtuisismoak nahiko aniztasun ematen dute eta ez gara aspertzen.
Lehen denbora keinu guztiz erritmiko batekin irekitzen da, berehala bakarlariaren agerpena bultzatzen du eta habanera moduan garatzen da; bigarrena, berriz, jotaren bultzadak menperatzen du, zalantzarik gabe Sarasate etxean bezala sentitu zen giro horretan, eta Erriberan sustraiak ditugunen arima harrotu egingo du. Lalok modu oso adimentsuan aprobetxatzen ditu jota tradizionalaren hemiolak eta 2/3ko eta 3/2ko txandakatze dotorea sortzen du, musikaren testura arintzen duena eta biolinak bere gainean abesten du lirismo izugarriarekin.
Hirugarren mugimenduan seguidilla agertzen da, hau ere anitza behar sinfonikoen arabera, baina bere kemena kontserbatuz. Horrek beharrezkoa egiten du laugarrenaren atsedena; laugarren horrek mugimendu geldoaren funtzioa betetzen du eta iradokizuna are intimoagoa bihurtzen da.
Obraren amaiera bikaina bolero oso eraldatu baten itzala da, biolin-jotzaileari bere esku dituen hainbat deabrukeria erakusteko aukera ematen diona (nahiz eta, bitxia bada ere, obra honetan ia erabat baztertzen den hari bikoitzen baliabide birtuosistikoa, Sarasatek baliabide hori oso ondo menperatzen zuelako ospetsua izanik ere). Bitartean, orkestrak bereziki distira egiten du eta Laloren soinu-imajinazio ugalkorraz eta eskuragarri dituen tresnekin marraztu ditzakeen kolore ezberdinetarako intuizioaz hitz egiten digu.
Ongi egindako gauzez gozatzeko pieza bat, kalitatearen eta entretenimenduaren arteko kontraesan faltsua gainditu eta musikaren gaitasun iradokitzaileak probokatzen uztekoa.
Sinfonia ez den sinfonia baten albo bietan, Ralph Vaughan Wiliamsen bi pieza oso ezberdinez gozatzeko aukera dugu. Musikari britainiar honek bisitatu gintuen azken aldian programaren oharrak idazteko zortea izan nuen eta uste dut aitortu nuela nire ahultasunik handienetakoa dela; musikari horrekin afinitate berezia sentitzen dut. Beraz, atsegin handiz hitz egingo dut berriro ere bere obraren inguruan.
1872an jaio zen (ni baino 100 urte lehenago, hain zuzen ere; beharbada numerologian arrazoiren bat dago nire musika-afizioa ulertzeko) eta karrera luzea garatu zuen 1958an hil zenera arte. Bere obren artean daude bederatzi sinfonia (berriro ere numerologia, sinfonisten zoritxarreko zenbakia), genero guztietako obra ugari, besteak beste, operak, balletak eta oratorioak, guztiak ere oso interesgarriak (zer esango dizuet nik…) eta pieza koralen aniztasun oso aberatsa; zerbaitegatik ikasi zuen XX. mendearen hasierako Ingalaterrako koru-tradizioaren berpizkundeko bi egile garrantzitsuenekin: Hubert Parry eta Charles Villiers Stanford.
Beraiengandik ikasi zuen Tudorren garaiko britainiar musikarekiko maitasuna (horren barnean daude konpositore zoragarriak, adibidez, Byrd, Tallis eta Dowland, baina baita ere Shakespearen eta garaiko antzerki ingelesaren beste jenio batzuen obrei lotutako biolen consortak edo lauteak zituzten abestien ondare zoragarria). Eta bere herrialdeko musika tradizionalarekiko edo folklorikoarekiko interesa ere jaso zuen; ahanzturatik mantentzen lagundu zuen beste harribitxi bat, bere lagun Gustav Holstekin (Los Planetas-en egilea) batera herriak eta herrixkak igaro baitzituen testigantzak bilatu eta idatziz jasotzeko, ondoren, beren harmonizazio propioen material bihurtuz.
Baina bere musika-heziketa zabalagoa izan zen; hilabeteetan zehar Parisen ikasten egon zen oso zorrotza zen Maurice Ravelekin; berak lagundu zion bere lengoaia propioa sortzen eta esan zuen ikasle bakarra izan zela soilik bere musika kopiatzen ez zuena. Eta ezkonbidaia Berlinen igaro zuen, Max Bruch buru-belarri ikasten. Horrenbestez, alemaniar estiloaren sendotasuna zein kolore eta ehundurekiko frantziar sentiberatasun bikaina ezagutzen zituen eta bere herriko musikarekiko sentitzen zuen maitasunari bi gauzak aplikatzen jakin zuen. Hala, musika ingelesaren urrezko bigarren mendean leku nabarmena irabazi zuen Purcell, Blow, Haendel (gutxi gorabehera ingelesa) eta Arneren garaitik aurretik aipatutako Parrford eta Stanford eta Elgarren belaunaldira gertatu zen geldialdi luzearen ondoren. Vaughan Williamsek, kokapen kronologikoagatik eta bere bizitza luzeagatik, aurreko maisu horiek XX. mendean sortutakoekin lotzen ditu: Britten, Arnold, Butterworth, Finzi, Bax eta abarren garai distiratsua. Guztiek merezi dute begirada preziatua, eta zoragarria izango litzateke laster hemen entzuteko aukera izatea.
Baina Vaughan Williamsen zentratu gaitezen; bere estilo pertsonala aipatutako elementu horiek guztiak modu orijinalean fusionatzetik sortzen da. Horrek askotan elementu modalak erabiltzera eramaten du eta sustraitu egiten dira erreferente zaharretan (musika errenazentista, abesbatzen tradizio ingelesa eta folklorea) eta musika frantsesaren praktika ohikoetan, batez ere, Debussytik abiatuta.
The wasps (hau da, liztorrak) oberturak ez die zuzenean erreferentzia egiten intsektu arriskutsuei, baizik eta izenburu bera duen Aristofanesen komediari, k.a. V. mendeko Atenasko komediograforik ezagunena. Liztorrakek Filocleonen istorio barregarria kontatzen du. Atenastar bat zen eta hiriko auzitegietan epaimahaikide gisa parte hartzea eta ahal zituen errudun gaixo guztiak kondenatzea atsegin zuen. Abesbatzako kideak, ezten izugarriak dituzten liztor gisa jantziak, herri-epaimahai horietako kideak ordezkatzen dituzte eta satirari titulua ematen diote.
Hala eta guztiz ere, zoritxarrez, ezin dugu orain horretaz luzaroan jardun. Interesatzen zaiguna da jakitea Ralph Vaughan Williamsek 1909an ustekabeko musika bat idatzi zuela komediaren errepresentazioari laguntzeko Cambridgeko Trinity Collegen. Nahiz eta obra osoa nahiko zati ezberdinez osatuta eta gizonen abesbatza batek protagonizatuta egon, kontzertu-aretoetara eta grabazioetara gehien iritsi dena obertura da; pieza txinpartatsua eta dibertigarria, gutxi gorabehera hamar minutu irauten dituena.
Zaila zen liztorren burrunba imitatzearen nahiari uko egitea (orain bai, modu deskriptiboan) eta Vaughan Williamsek ere ezin izan zion eutsi, noski. Lehen konpasak plazer-efektu horretan lehertzen dira. Gero, gainerako oberturak, egiari zor, Ingalaterrako larreekin zerikusi handiagoa du Partenoneko zutabe dorikoekin baino eta hobeto konektatzen du Elgarren martxa victoriarrekin (baina burbuila eta zirkunstantzia pixka bat gutxiagorekin) Periklesek Agoran eman zituen diskurtsoekin baino.
Oso modu eraginkorrean gogorarazten duena da Aristofanesen komediaren umore ona. Obra oso era klasikoan egituratuta dago, forma hirutar simetrikoan (simetriaren kontu hori bai dela grekoa): lehen zatia, txinpartatsua eta ausarta, modu anitzean errepikatzen da bukaeran eta bi gairekin jolasten da: lehenengoa saltaria eta atsegina da, baina dirudiena baino konplexuagoa, bi erdiz osatua baitago, bata tratamendu modalekoa (eskalako seigarren eta zazpigarren mailen alterazio beheratuarekin, kuxkuxeroenentzat), eta besteak elementu pentatoniko batzuk ditu, egilearen prestakuntza frantsesa eta folklore ingelesaren eragina agerian uzten dituztenak. Bigarrena arnas luzekoa da, arestian aipatutako Elgarren martxetako doinu solemne bat bezalakoa baina dotore jantzita, errege-familiaren zalgurdien desfileari lagundu beharrean alfonbra gorrirako pentsatuta balego bezala West End-eko estreinaldi batean.
Obraren zati zentralean, hala eta guztiz ere, giroa lasaitu egiten da eta sekzio liriko liluragarria eta inspirazio melodiko bete-betea ditugu; bitxia bada ere, melodia protagonista kasu honetan ere inperfektuki pentatonikoa da. Baina horrek ez du axola; garrantzitsuena da zenbat gozatzen den horretaz guztiaz, liztorrek berriro ere burrunba egiten dutenera arte eta lehen sekzioa itzultzen denera arte, are bizi eta zalapartatsuagoa.
Oberturak Vaughan Williamsen soinu-munduan jarraitzeko apetak emango zizkigun eta berriro ere bertan denbora luzeagoan murgiltzeko aukera izango dugu kontzertuaren bigarren zatian. Bigarren sinfonia hori liztorrena baino pixka bat geroagokoa da. Horrenbestez, lan biak ez dira hainbeste gaztarokoak. Izan ere, gure autorea ez zen musikari goiztiarra izan, baina obrak bere sormen-etapakoak dira, oraindik ere Ravelen eragina oso presente zuela. Obra 1914an estreinatu zen, Europako historian dramatikoa izan zen urte batean, baina obra gertakari historiko garaikideetatik urruntzen da.
Autorearen sinfonien artean bigarren lekuan dago, baina autoreak nahiago zuen zuzenean izenburua erabili berari buruz hitz egitean: A London Symphony. Hala eta guztiz ere, aldi berean errepikatu zuen ez dela deskribapen-musika. 1925ean programaren inguruan idatzitako ohar batzuetan esan zuen izenburua “Londrestar baten sinfonia” izan beharko litzatekeela (bera ez zen londrestarra; landazabalean jaio zen, baina Londresen bizi zen denbora luzean). Aitortzen du badaudela material musikal zehatz batzuk folkloretik edo hiriko kaleetako soinuetatik hartutakoak, baina azaltzen duenez, material horiek “tokiko beroa” ematen laguntzen duten arren, pieza “musika absolutu gisa entzuna izateko sortua dago”.
Horrenbestez, berriro ere iradokizunen eremuan gaude eta ez deskribapenean. Konpositoreak, egiaz, mugimendu bakoitzean iradoki nahi dituen Londresko uneak eta lekuak lokalizatzen ditu, baina ez dugu Vivaldirenak bezalako deskribapen piktoriko-musikal zorrotz bat ere aurkitzen, are gutxiago poema sinfoniko alemaniarrenak bezalako soinu-narraziorik. Aurkituko (eta gozatuko) duguna da Londres hiriari egindako omenaldi hunkigarria; gutxienez orain dela 100 urteko Londresi, ziurrenik ez zena gaur egungo hiri gentrifikatua, geroz eta itxura handiagoa duena turistentzako egindako beste jolas-parke batena. Vaughan Williamsen Londresen oraindik ere abesti herrikoiak eta saltzaileen oihuak entzuten dira kaleetan zehar, suposatzen dugu cockney hizkera itxian, eta Westminsterreko karilloiek eta parlamentuko dorreak hiriko bizitzaren erritmoa markatzen jarraitzen dute.
Hain zuzen ere horrela hasten da sinfonia: hiriaren esnatzea eta Westminsterreko kanpaiak gogora ekartzen dituen sarrera gautarra, bere betiko melodia xumearekin; guztiok karilloi guztietan antzematen duzuen ohiko hori: laurdenak emateko posizio desberdinetan tartekatzen diren lau nota eta ordu osoen ondoren entzuten direnak kanpai-hots baxuenen aurretik. Melodia hori Westminster chimes (Westminsterreko kanpaiak) deitzen da eta, a ze sorpresa, berriro ere melodia pentatoniko bat da. Lehenik eta behin ia-ia laino artetik entzuten da, harparen erregistro baxuan, baina bere eragina lehen mugimendu osora zabaltzen da: kanpaien lau noten keinuak egiaz pieza osoa egituratzen du eta allegroaren zati bizi eta zalapartatsura igarotzen da eta osatzen duten gai ezberdinak lotzen ditu. Zalantzarik gabe, hiriko lanegun azkar baten erritmo bizira sartzen gaitu. Bigarren gaiarekin lotuta, Vaughan Wiliamsek Hampstead Heath parkeko jaiegun batekin lotzen du (Artxanda bezalako parkea da baina handiagoa, zelaiekin eta iturriekin, londrestarrak erlaxatzera eta aire purua arnastera joaten direnak ateri dagoenean). Lehen mugimenduaren erdian askoz ere lasaiagoa eta lirikoagoa eta instrumentazio arinagoa duen sekzioa dago; harien sestetoa eta harpa besterik ez. Kaleko zalapartaren ondoren itzultzen den gozamena.
Bigarren mugimendua sinfoniaren egitura oso klasiko bat da, denbora geldoa. Vaughan Williamsek azaldu zuen azaroko arratsalde batean “izendatua izan zela” (ez dakigu berak jarri ote zion izena) Bloomsbury Squaren, Londresko noblezia-gune bateko lorategidun plaza handi batean, hain zuzen ere. Berriro ere autoreak badaezpada jakinarazten du argibide hori pista bat izan daitekeela pieza entzuteko, baina ez dela azalpen bat. Hau da, musika iradokitzailea dela eta ez deskribatzailea (barkatuko didazue kontu honekin ematen ari naizen matraka). Pixka bat intentsu jarriko naiz, baina egia dena da sortzen duen soinu-giroa zoragarria dela, zalantzarik gabe udazkenekoa, edertasun malenkoniatsu iradokitzaileduna. Nire iritziz, bigarren denbora hori benetako harribitxia da; lagin horrek erakusten du zein handia izan zen Ralph Vaughan Williams musikaria. Lortzen dituen harmonia-koloreek, soilak eta orkestra-koloreak ñabartuak, Ravelekin izan duen prestakuntza finaren zordun dira zalantzarik gabe; gainetik hegan egiten dien melodiaren lirismo zabaldua, hunkigarria baina edozein itxurakeriatik aldendua… amestera garamatzate.
Mugimenduaren erdialdean, berriro ere modu hirukoitzean egituratuta, Liztorren obertura edo sinfoniaren hasierako allegroa bezala, toki-koloreko beste une horietako bat entzuten da. Biola-solo batek (zer izango ote du biolak Brahms eta Vaughan Williams bezalako konpositore zoragarriak liluratuta uzten dituena) lavender cry-ren aldagai bati sarrera ematen dio; pregoi tradizionala zen eta izpiliku-saltzaileek horrela iragartzen zuten beren produktua Chelseako kaleetan, goizaldean Battersearaino loreak jasotzera joan eta gero. Pixka bat ikertzen baduzue, 50eko hamarkadako azken izpiliku-saltzaileen grabaketak aurkituko dituzue eta gure kaleetan geroz eta gutxiago entzuten diren zorroztaileen txilibituak entzutea bezainbesteko hunkigarria da; une batean ia-ia desagertuta dagoen iraganeko mundura igarotzeko zubi bat. Sekzio zentral osoan entzuten dira kantu horiek distantziak antzaldatuta bezala, instrumentu ezberdinetatik igarotzen diren bitartean.
Hirugarren mugimendua ere bere funtzio tradizionalera lotzen da eta scherzo bizia da, Londresko gau-giroan jartzen gaituena. Zehazki, Vaughan Wiliamsek Tamesis ondoko Westminster Enbankmenten kokatzera gonbidatzen gaitu, ibaiaren albo batetik Strand-eko hotel dotoreetako dantzak entzunaz eta bestetik merkatuz, antzokiz eta herri-gozamenez betetako New Cut-eko kale beteen iskanbila. Piezaren erdialdean dantzetan ohikoak diren armoniken eta biraderadun organoen oihartzunak ere entzuten dira: are toki-kolore gehiago. Baina, edonola ere, batez ere maisutzaz tratatutako gai arin eta kontrastatzaileen nahasketa.
Azken mugimendu handinahi batek amaiera ziklikoa ematen dio obrari. Gai propioa martxa boteretsua da, hasieran serioa baina gero bortitza, eta eraldatzen joaten da lehen mugimenduaren gai nagusia itzultzen denera arte eta berriz ere arpan Westminsterreko kanpaiak entzuten dira, oraingoan hiru-laurdenak. Hortik aurrera sinfonia bukaeraraino doa disolbatzen, Londres lainopean geratuko balitz bezala edo amets batean desagertuko balitz moduan.
Espero dut hain iradokitzailea den obra honetaz gozatuko duzuela eta berriro ere Vaughan Williamsen obrara hurbiltzeko beste aukera bat emango dizuela, askorik ezagutzen ez baduzue; ziurtatzen dizuet merezi duela, baina aitortzen dut guztiz partziala naizela. Esploratzeko asko dago eta guztia da zoragarria.
Horrela bukatzen da deitzen gaituen kontzertua, musikarekiko dugun maitasunari helduz, ezin duena ezer ezeztatu, huts egiten ez duen musikazaletasuna, soinuak sortzen duen poztasuna, soinu-artearen bokazio iradokitzailea. Eta geratu egingo naiz, ahoa hautsi egingo baitzait.
Iñaki Moreno Navarro
Ellinor D’Melon
Biolina
Ellinor D’Melon Jamaikan jaio zen. Gurasoak kubatarrak zituen eta bi urte zituela hasi zen biolina jotzen. Gaur egun 25 urte besterik ez ditu, baina “adina gorabehera, interprete bitxien artean dago, dirudielako bere menderakuntza —teknikoa eta musikala— orobatekoa dela” (Michael Dervan, The Irish Times). Classic FM-k “2023ko izar emergente” izendatu zuen eta lehiaketa garrantzitsuak irabazi ditu, horien artean Henryk Wieniawski (1. saria), “Debut Berlin” (1. saria) eta Novosibirsk (1. saria eta sari bereziak); Ellinor lehen mailako biolinista baten karrera egiten ari da.
Bere debut-albuma, “Tchaikovsky and Lalo” Jaime Martinekin eta RTÉ National Symphony Orchestrarekin batera grabatu zuen eta 2023ko martxoan jarri zen salgai Rubicon Classics zigiluarekin, “oso giro lehiakorrean inpresio nabarmena sortuz” (The Strad).
Ellinorrek geroz eta maizago jotzen du mundu osoan zehar lehen mailako orkestrekin batera, hala nola: RTÉ National Symphony Orchestra, Mariinski Antzokiko Orkestra, St.Petersburg Philharmonic, Gävle Symphony Orchestra, Moscow Virtuosi, Cadaquéseko Orkestra, Galiziako Real Filharmonia, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Sofia Philharmonic, eta areto oso ezagunetan jo izan du, adibidez, hauetan: Berliner Philharmonie, Mariinsky, Madrilgo Auditorio Nazionala, Het Concertgebouw, Cologne Philharmonie, Tonhalle Zurich, Gdanskeko Verdi Milano aretoa eta Gdanskeko Baltic Hall. Kolaboratzaile-zerrenda aberatsa du, besteak beste, Zubin Mehta, Vladimir Spivakov, Jaime Martín, Michail Jurowski, James Feddeck eta Jan Latham Koenig.
Ellinorrek lehen mailako taldeekin jo du, hala nola Manchester Camerata, Royal Philharmonic Orchestra, Göttingen Symphonieorchester, Txileko Orkestra Sinfonikoa eta BBC National Orchestra and Chorus of Wales. Gainera, Erresuma Batuan debuta egin zuen Royal Albert Halleko Elgar Room ospetsuan errezitaldi batekin 2024an.
2023an debutatu eta gero, Norrlandsoperan Symphony Orchestrarekin kolaboratu zuen 2025 hasieran. 2024/25 denboraldiko beste une nabarmen batzuen artean daude emanaldiak Montevideoko Orkestra Filarmonikoarekin eta Kordobako Orkestrarekin, errezitaldi bat Palermo Classica Jaialdian eta bi emanaldi Txinako Suzhou Symphony Orchestrarekin.
2026an Ellinorrek hainbat orkestra ospetsurekin joko du, besteak beste, RTÉ National Symphony Orchestra, the Szczecin Philharmonic eta Siziliako Orkestra Sinfonikoarekin.
2024an Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan graduatu zen Ellinor eta, Helena Revoredo beka jaso zuen eta 2021ean biolin saileko “Ikasle nabarmenenaren” saria jaso zuen, Espainiako Erreginak eman ziona.
Ellinorrek 1743ko Giovanni Baptista Guadagniniren biolin bat jotzen du, Londresko anonimo batek adeitasunez laga ziona.
Catherine Larsen-Maguire
Zuzendaria
Catherine Larsen Maguire artista ezaguna da eta berezkoa duen musikaltasuna teknika superlatiboarekin eta musika-belarri zorrotza dinamismo kutsakorrarekin uztartzen ditu agertokian; Faroese Symphony Orchestra-ko musika-zuzendari izendatu dute eta kargu hori 2026ko urtarrilean hartuko du. Zuzendari gonbidatu honek eskaera ugari jasotzen ditu Europa osotik eta Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikatik. Kritikak haren interpretazioak goraipatu ditu, “olgeta-energiaz, tempo malguz, oreka zorrotzez eta interpretazio-irismenez kargatuak” daudela esanez (The Arts Desk) eta “zaila da irudikatzea Larsen-Maguirerena baino zuzendaritza konprometituagoa, sakonki inplikatuagoa eta zehatzagoa” (Scherzo). Errepertorio erromantiko britainiarrari eskaintzen dion argitasunarengatik da bereziki ezaguna eta oso moldakorra izaten jarraitzen du, eta eroso sentitzen da Haydn, Brahms, Elgar edo Mahlerrekin, zein egungo konpositoreen obrekin.
Orkestrekin eta publikoarekin ezartzen duen lotura estua agerian jartzen da Catherine Larsen-Maguirek maiz jasotzen dituen gonbidapen berriekin: 2025-2026 denboraldian hauekin arituko da berriro ere: Orchestre de Chamb Nouvelle-Aquitaine, Orchestre Symphonique Bourgogne Franche-Comté eta Xalapako Orkestra Sinfonikoarekin Mexikon, eta debutak izango ditu Deutsches Symphonie-Orchester Berlinekin, Münchener Kammerorchesterrekin, Orchestre National Bordeaux-Aquitainerekin, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Orquestra Simfònica del Vallèsekin.
Azken urteetan, Catherine Larsen-Maguirek orkestra hauek ere zuzendu ditu: London Philharmonic, BBC National Orchestra of Wales, Royal Northern Sinfonia, Toulouseko Orchestre National du Capitole, Mecklenburgische Statskapelle, Göttinger Symphonieorchester, Deutsches Kammerorchester Berlin, Orquesta Sinfónica Nacional de Colombia, Orquesta de Córdoba, Belgrade Philharmonic, eta Orchestre de Chambre Fribourgeois. Musikari ospetsua da eta arrakastaz kolaboratu du azken denboraldietan askotariko solistekin, besteak beste: Carolin Widmann, Edgar Moreau, Adam Walker, Sean Shibe, Jean Rondeau, Lucas eta Arthur Jussen, Guy Johnston eta Sarah Wegener.
Catherine Larsen-Maguirek, musika garaikidearen erronkei gogo biziz aurre egiten die eta ez da kikiltzen partitura berri baten konplexutasunarengatik. Estuki kolaboratzen du konpositore biziekin eta hainbat lan estreinatu ditu mundu eta nazio mailan, adibidez, 2021ean Alexander Goehrren “The Master Said” lanaren mundu mailako estreinaldia zuzendu zuen BBC National Orchestra of Walesekin. Urte berean, Musikfest Berlinen Cathy Millikenen “Night Shift” estreinatu zuen Ensemble Modernekin eta urtebete geroago Scottish Ensemble, Ensemble Resonanz eta Trondheim Soloists zuzendu zituen Erkki-Sven Tüürren “Deep Dark Shinen” estreinaldian. Gordon Kamperen Gefährliche Operette filmaren mundu mailako estreinaldia ere zuzendu zuen, James MacMillanen oboerako kontzertuaren Estatu Batuetako estreinaldia, Joey Roukensen “In Unison” lanaren Espainiako estreinaldia, Benten Sørensenen “Evening Land” lanaren Alemaniako estreinaldia eta Errollyn Wallenen Biolinerako Kontzertuaren Espainiako estreinaldia ere bai. Catherine Larsen-Maguirek Brett Dean, Helen Grime, Charlotte Bray, Mica Levi eta Michael Zev Gordon konpositoreekin eta talde garaikideekin ere lan egin du, adibidez, Ensemble Modern, Klangforum Wien, Ensemble Musikfabrik, Ensemble Resonanz, Ensemble Ascolta, Birmingham Contemporary Music Group eta Royal Liverpool Philharmonicen 10/10 Ensemblearekin.
Catherine Larsen-Maguirek garrantzi handia ematen dio gazteekin egiten duen lanari, bai orkestra-zuzendari gisa, bai hezitzaile gisa ere; National Youth Orchestra of Scotlandeko zuzendari musikala izan zen 2024 eta 2025 urteetan, eta aldi horretan orkestrak bira bat egin zuen Erresuma Batuan eta Berlingo Young Euro Classic jaialdian aritu zen. Duela gutxi gazteen orkestra hauekin ere lan egin du: Young Israel Philharmonic, Orchestra of the Luebeck Hochschule eta Atenasko Underground Youth Orchestra; maisu-eskolak eman ditu Alemanian (University of the Arts), Brasilen (University of São Paulo, Femusc Festival), Israelen (Jerusalem International Conducting Masterclass), Espainian (Real Conservatorio Superior de Granada) eta Mexikon (Festival de Queretaro)… Besançongo Lehiaketan epaimahaikide izan zen (2017-2021 eta 2025) eta 2014 eta 2016 artean zuzendaritzako gonbidatu-katedra egin zuen Berlingo Arteen Unibertsitatean.
Manchesterren jaio zen eta gaur egun Berlinen bizi da; Catherine Larsen-Maguirek musika ikasi zuen Cambridgeko Unibertsitatean eta gero Londresko Royal Academy of Music-en eta Berlingo Karajan Academyn ere ikasi zuen. 2012an erabaki zuen soilik orkestra-zuzendaritzan arituko zela fagotista gisa karrera arrakastatsua izan eta gero; ibilbide horretan hamar urtez izan zen fagotista bakarlaria Komische Oper Berlinen.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Londres eta Symphonie espagnole
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Ellinor D’Melon, biolina
Catherine Larsen-Maguire, zuzendaria
I
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
The Wasps, Obertura
EDOUARD LALO (1823 – 1892)
Symphonie espagnole biolin eta orkestrarako Op. 21
I. Allegro non troppo
II. Scherzando: Allegro molto
III. Intermezzo: Allegretto non troppo
IV. Andante
V. Rondo: Allegro
Ellinor D’Melon, biolina
II
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
A London Symphony (2. sinfonia)
I. Lento – Allegro risoluto
II. Lento
III. Scherzo (Nocturne)
IV. Andante con moto; Maestoso alla marcia
*
Dur: 115’ (aprox.)
Ganbera 8
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
Bakarlari Handiak Errezitaldian
Bach
(Re)Inventions
M. P. Sánchez Invention trío
Moisés P. Sánchez, pianoa
Pablo Martín Caminero, kontrabaxua
Pablo Martín Jones Johnston, perkusioa
LOGELAN LOGALE
Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditorium
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?
Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Musika: Jagoba Astiazaran
Testua: Leire Bilbao
Bakarlaria: Kepa Errasti
Zuzendaria: Juanjo Ocón
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua
Produkzioa: Euskadiko Orkestra (Musika Gela).
Iraupena: 60’
Sarrera orokorra
Ikastetxeei zuzendutako programa. Sartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta baieztapena jaso.
Laguntzaile: Euskalduna Bilbao


Haydn, sinfonista aparta
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Historian izan diren sinfonista bikain guztiek, hala nola Beethovenek, Mahlerrek, Brahmsek edo Xostakovitxek, molde horretako musikagile bikain Haydnekiko zor ordaingabea dute. Patuaren irrikaz, Haydnen koda Salomon enpresaburuak Ingalaterran agindutako 12 sinfoniaren sorta izan zen, eta azkenak, guztietan handientsuenak, “London” izena zeukan. Klasizismoa ere ausarta izan daiteke, batik bat, Vriend eta Kit Armstrong adituek jotzen baldin badute.
F. Schubert
Obertura al estilo italiano en Do Mayor D. 591
W. A. Mozart
Concierto nº 22 para piano y orquesta en Mi bemol Mayor K. 482
F. J. Haydn
Sinfonía nº 104 en Re Mayor Hob. I: 104 “Londres”
Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria
