Kontzertuak

Eraztunen jauna: Eraztunaren elkartea


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Shih-Hung Young, zuzendaria
Grace Davidson, sopranoa
Adriana Fernández, tiplea
Bilboko Koral elkartea: Koru sinfonikoa (Enrique Azurza, zuzendaria), Euskeria Korua (Urko Sangroniz, zuzendaria), Haurren korua (José Luis Ormazabal, zuzendaria)

SOINU-BANDA OSOA, ZUZENEAN JOTZEKO

ERAZTUNEN JAUNA: ERAZTUNAREN ELKARTEA

Howard Shore musikagileak konposatutako soinu-banda, Oscar sariaren irabazlea
Filma ematen den bitartean zuzenean jotzekoa
Orkestra sinfonikoa, abesbatza eta bakarlariak


Eraztunen jauna: Eraztunaren elkartea

Lehen zatia (1h 34’):

Sarrera: Eraztun bat guztiak gobernatzeko
Eskualdea
Zorrozabalenea
Adiskide zahar-zaharrak
Agur, Bilbo maitea
Ezkutatu toki seguru batean
Konspirazio bat agerian
Hiru, lagunartean
Saruman Zuria
Perretxikoetarako bidezidorra
Zango
Nazgûlak
Haizeen tontorra
Isengardeko leizeak
Abandonatu hobbita
Orthanc
Rivendel
Hautsitako ezpata
Elronden Kontseilua bildu da
Begi handia

ATSEDENALDIA (20’)

Bigarren zatia (1h 25’):

Caradhraseko igarobidea
Duringo ateak
Moria
Gollum
Balinen hilobia
Khazad-dûm
Caras Galadhon
Galadrielen ispilua
Uruk-hai borrokaldia
Parth Galen
Boromirren irteera
Bidea aurrera doa

DATAK

  • 15 abendua 2022       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 16 abendua 2022       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea
Howard Shorek konposatutako jatorrizko soinu-banda

Howard Shore konpositoreak J. R. R. Tolkienen literatura-irudimena ikus-entzunezkoetara eraman zuen Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea filmean (Oscar eta Grammy sarien irabazlea). Shoreren musikaren bidez, obra sinfoniko erraldoi gisa azaltzen da Peter Jacksonen filma, mendeetako joera estilistikoen ondoriozko ikuspegi bereziki garatutako obra izugarri handi gisa, hain justu.

Eraztunen Jauna pelikularen musika zinema-musikarik konplexu eta zabalenen artean dago. Emanaldi paregabe honek filmaren soinu-banda gisa balioko du eta, gainera, filmaren pisu narratiboa eramateko eginkizuna ere izango du, kontzertu-esperientzia berritzaile eta ikusgarri bat sortuz.

Shoreren soinu-bandak, Eraztunaren Elkartearen zirrara bizia, ikuspegi zirraragarriak eta bidaia handiak harrapatzeaz gain, Tolkienen Erdialdeko Lurraldearen eraketa bera islatzen du. Mundu osotik jasotako estilo, instrumentu eta interpretatzaileek Tolkienek sortu zituen kulturetako bakoitzari aztarna musikal paregabea ematen diote. Hobbit landatar eta xumeak, hala, ehundura gozoko doinu zeltetan erroturik daude. Ekialdeko kolore etereoak, berriz, perfektuak dira elfoen mistizismorako. Nanoek, Tolkienek sortutako harri-pikatzaile zakar horiek, harmonia paraleloetako zutabeak jasotzen dituzte, baita eztarriko ahotsez osatutako gizon-koru bat ere. Orkoen tropa industrializatuek, bestalde, Shoreren perkusio-soinu bortitzenak merezi dituzte, hala nola taiko danbor japoniarrak, metalezko kanpai-plakak eta piano-harien kontra jotako kateak; azkenik, Erdialdeko Lurraldearen oinordeko akastun baina zintzoak diren gizonen mundua, berriz, metalezko haize-instrumentu zorrotz eta bilatzaileekin aurkezten da. Opera bat izango balitz bezala, mundu musikal horiek guztiak nahastu egiten dira: batzuetan, indarrak ere konbinatzen dituzte botere goren baten alde; beste batzuetan, berriz, bortizki talka egiten dute; nolanahi ere, Eraztun Bakarraren eta haren gai zoritxar-igarleen borondatera makurtzen dira beti.

Hain musika-irismen zabala lortzeko, beharrezkoa da orkestra sinfonikoa, baita koru misto bat, mutil-koru bat eta bakarlari instrumental eta ahotsezkoak ere; izan ere, ingelesez gain, Tolkienek sortutako hizkuntzetan kantatzen dute bakarlariek: guenya, sindarin, khuzdul, adûnaic, hizkuntza beltza. Jatorrizko kantu herrikoiak abesten dira ereserki diatonikoen, polifonia-korapiloen, tonu konplexuen eta pasarte hertsagarri, disonante eta ausazkoez gain. Ondo hausnartuta eta jomuga argiz sortua da konposizioa, lasaia exekuzioan baina irismen handikoa eraginean; izan ere, irismen zabal horren atzean, hain justu, musika-ikuspegi zehatz-zehatza dago. Shoreren konposizioak orkestra-egitura sendoen gainean eratutako tonu lurtar bat hartzen du, eta lerro-sentsazioa transmititzen du nolabait, jariakorra baina aldi berean apaindura fribolorik gabea.

Howard Shoreren hitzetan, «Bilbon lehendabizikoz joko da Eraztunaren Elkartea filmaren soinu-banda osoa filma ematen den bitartean. Eraztunen Jauna trilogiarako konposatu nuen lehen partitura, Eraztunaren Elkartea, Tolkienen mundura egin nuen bidaiaren hasiera izan zen, eta betirako izango diot maitasuna musika horri, esperientzia horri».

Doug Adams

*Doug Adams Chicagon errotutako musikari eta idazlea da. The Music of the Lord of the Rings Films liburuaren egilea da.

imagen principal


«Eraztun bat guztiak gobernatzeko, Eraztun bat aurkitzeko,
Eraztun bat guztiak erakarri eta ilunpetan lotzeko»

Hainbat hamarkadatan, goiko hitzek mundu osoko 100 milioi irakurleren irudimena piztu izan dute.   1954an irakurri ziren lehen aldiz, J. R. R. Tolkienek Eraztunaren Elkartea argitaratu zuenean, egileak pentsatutako eta hiru zatiz osatutako Eraztunen Jauna epopeiaren lehen liburukia, hain zuzen.

Tolkienen lanak eragin sakona izango zuen irakurleen hainbat belaunalditan, eta askorentzat, gainera, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka arketipikoa finkatuko zuen; izan ere, munduko inkesta ugaritan «Mendeko Liburu» izendatu zuten. Epopeia modernoaren erreferentea izan zen, ezbairik gabe, unibertso guztiz berri eta zirraragarri baten sorkuntzan.  Heroi ahaztezin bat aurkeztu zuen, Frodo Zorrozabal hobbita, Erdialdeko Lurraldean –magiaz eta ezagutza tradizionalez beteriko mundu batean– irismen mitikoko gerra batean harrapatua.  Batez ere, leialtasunean funtsatutako adiskidetasunak eta gizabanakoaren adoreak ematen digun boterea ospatzen zuen, iluntasun-indar suntsitzaileenak ere ezerezean utz baititzake. 

Tolkienek imajinatu zuen kondaira, azkenik, pantaila handira eraman zen, eta erronka handi horren emaitza historiako film-ekoizpen itzelenetako bat izan zen.  Tolkienek sortutako mitoak, paisaiak eta izakiak hain dira zabalak eta zehatzak, non lau hamarkada baino gehiago behar izan baitzituen zinema-teknologiak egilearen unibertsoa bizi ahaltsu eta errealera eramateko behar den sofistikazio-mailara iristeko.  Horrelako proiektu bat, hain handia izanik, ameslari peto-peto batek baino ezin zuen hartu bere gain, hiru pelikula aldi berean ekoizteko, eta filmaketa-esperimentu aitzindari bat gauzatu behar izan zen. Tolkienen odiseak gidari sutsu eta lanzale bat aurkitu zuen: Peter Jackson zuzendari, gidoilari eta ekoizlea, hain zuzen.   

Jacksonek eta bere ekoizpen-taldeak (2400 pertsona baino gehiago) Zeelanda Berriko paisaia ikusgarrietan grabatu zuten filma. Horren ondorioz abiarazitako eragiketa logistikoa kanpaina militar zabal-zabal baten parekoa izan zen.  Artistaz osatutako armada bat (aditu digitalak, Erdi Aroko armen diseinatzaileak, harri-eskultoreak, hizkuntzalariak, jantzi-diseinatzaileak, makillatzaile artistikoak, errementariak eta modelo-eraikitzaileak), nazioarteko aktore ospetsuen talde bat eta 26 000 estra baino gehiago bildu ziren amets handinahi hori gauzatzeko.

Eraztunaren Elkartean, Frodo Zorrozabal hobbit gazteak eraztun bat jasotzen du oinordetzan; alabaina, eraztun hori ez da zirtzilkeria hutsa. Eraztun Bakarra da, botere absolutuko tresna bat, Sauroni –Mordorreko Jaun Ilunari– Erdialdeko Lurraldea menderatzea eta bertako herriak esklabo bihurtzea ahalbidetuko liokeena. Frodok, bere elkartearekin batera (bere lagun hobbitak, gizonak, azti bat, nano bat eta elfo bat), Eraztun Bakarra eraman behar du Erdialdeko Lurraldean zehar Orodruin mendira, Eraztuna forjatu zen lekura, han behin betiko suntsitzeko.  Zeharkaldi honek, Sauronek zuzendutako lurraldean sakon-sakon sartzea dakar berekin, Sauron orko-armada bat biltzen ari den bitartean.  Komunitateak, kanpoko gaitzei ez ezik, barne-desadostasunei eta Eraztun Bakarraren eragin ustelgarriari ere aurre egin behar die.  Historiak etorkizunean izango duen ibilbidea Elkartearen patuarekin lotuta egongo da.

New Line Cinema estudioak WingNut Films ekoiztetxearen ekoizpen bat aurkezten du, Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea.  Zuzendaria Peter Jackson da, eta gidoia Fran Walsh, Philippa Boyens eta Peter Jackson gidoilariek idatzi zuten J. R. R. Tolkienen liburuan oinarrituta.  Barrie M. Osborne, Peter Jackson, Fran Walsh eta Tim Sanders ditu ekoizle. Robert Shaye, Michael Lynne, Mark Ordesky, Bob Weinstein eta Harvey Weinstein dira ekoizle exekutiboak. American Society of Cinematographers taldeko Andrew Lesnie izan zen argazkilaritza-zuzendaria.  Grant Major da ekoizpen-diseinatzailea.  Eta John Gilbert, berriz, editorea.  Rick Porras eta Jamie Selkirk dira, halaber, ekoizlekideak. 

Elijah Wood, Ian McKellen, Liv Tyler, Viggo Mortensen, Sean Astin, Cate Blanchett, John Rhys-Davies, Billy Boyd, Dominic Monaghan, Orlando Bloom, Christopher Lee eta Hugo Weaving aktoreek egin zituzten rol nagusiak, eta filmak Sean Bean eta Ian Holm ere agertzen dira; Andy Serkisek antzeztu zuen Gollum pertsonaia.  Halaber, Marton Csokas, Craig Parker eta Lawrence Makoare.

Castingeko arduradunak John Hubbard eta Amy MacLean (UK), Victoria Burrows (US), Liz Mullane (Zeelanda Berria) eta Ann Robinson (Australia) dira.  Jantzi-diseinatzaileak Ngila Dickson eta Richard Taylor dira.  Howard Shorek konposatu, orkestratu eta zuzendu du musika.  Ellen M. Somers ekoizle elkartua da.  Richard Taylor makillaje bereziaren, izakien, armaduraren eta miniaturen arduraduna da.  Jim Rygiel efektu berezien ikuskatzailea da.  Filmak Enyak konposatutako May it be eta Aniron (Theme for Aragorn and Arwen) abestiak biltzen ditu.  New Line Cinemak mundu osoan estreinatu du filma: www.lordoftherings.net

Eraztunen Jauna, bertako pertsonaiak, izenak eta lekuak (TM), The Saul Zaentz Co., Tolkien Enterprises izen komertzialarekin, New Line Productions, Inc. Eskubide guztiak erreserbatuta.


ERAZTUNEN JAUNA: ERAZTUNAREN ELKARTEA FILMEKO KONPOSIZIOAK

ERAZTUN BAKARRA

Eraztun Bakarra istorioaren elementurik proaktiboena da. Hiru gai desberdin ditu, alderdi anitzekoa dela irudikatzeko.

Eraztunaren historia

Soinu-banda guztiek gai nagusi bat dutela pentsatzen badugu, denbora nekatuko eta modu minorreko gai hari melodiko hau dugu gai nagusia. Eraztunaren Elkartea filmean Eraztunen Jauna testua agertzen denean entzuten da konposizio hau lehendabizikoz, eta Eraztun Bakarra eskuz aldatzen den bakoitzean edo bere ibilbidean aurrerapen esanguratsuak markatzen dituen bakoitzean itzuli egiten da. Konposizioa gora eta behera doa, arnasaren antzeko eredu motel batean, eta Eraztunaren botereari giza ezaugarriak emateko balio du, forma zirkularra islatzen duen bitartean.

Eraztunaren sedukzioa

Gai honek, tonu koral garbi eta puruetan eta dunbal-kolpe burrunbatsuz zipriztinduta, Eraztun Bakarraren erakarpen itogarria irudikatzen du. Melodia eskala minorreko zati txikietan zehar higitzen da, jitoan, arao urrun eta iheskor bat sortzen duela. Konposizio hau hiru aldiz agertzen da Eraztunaren Elkartean: lehenik, mutikoen koru batek kantatzen du; geroago, mutilek quenyaz kantatutako testu batean agertzen da; eta, azkenik, mutilek eta emakumeek abesten dute. Eraztunaren limurtze-indarra gero eta gehiago nabarmentzen da Eraztunaren sedukzioak aurrera egin ahala.

Eraztunaren gaitza (Mordor/Sauron)

Eraztun Bakarraren hirugarren konposizioa karranka hotz bat da, lauzpabost tonu baino ez dituena eta hautsezintasun-irudipena transmititzen duena. Erdialdeko Lurraldeko beste arraza zahar batzuekin gertatzen den bezala, Ekialdeko musikaren kutsua duten intonazio harmonikoen medioz jorratzen du Shorek konposizio hau, antzinatasuna iradokitze aldera. Material horrek Eraztunaren eta Mordorren beraren joera zitalenak irudikatzen ditu. Tolkienen obran, Eraztunaren Gaitza eta Mordorren gaitza gauza berbera dira, Sauronen boterea bere sorkuntza forjatuari lotuta dago.

imagen principal

ESKUALDEA ETA HOBBITAK

Konposizio hau ez da agertzen filmak Hobbiton erakusten duen arte; Bilbo Gollumen kobazuloan agertzea ez da nahikoa konposizio hau jotzeko. Tolkienen obratik zuzenean hartutako kontzeptu bat da: Eskualdea ikusi arte ez dugu ezagutuko hobbiten benetako izaera. Nolabait ere, hobbiten bizitzaren alderdirik sinple eta ez-heroikoenak irudikatzen dituelako garatzen da konposizio honi datxekion ausardia: jan-edana, erosotasuna eta komunitatea. Alabaina, Elkarteko hobbitak, sinpleak izanik ere, setatsuak dira. Melodiak funtsezko jomuga bat du Eraztunen Jauna pelikulan: Etxean egoteko sentsazioa finkatzen du, bizimodu erregularra eta segurua izatekoa, Sauronek eta Eraztunak arriskuan jartzen duten bizimodua, hain zuzen. Ezin ikusgarriagoa izanik eta apainduraz betea egonik ere, Eraztunen Jaunak gai xumeez hitz egiten digu nagusiki: adiskidetasuna, leialtasuna eta etxearen sakratutasuna. Erdialdeko Lurraldeko egoerak larriagotzen diren heinean, Eskualdeari buruzko konposizioa arriskuan dagoena garrantzitsua delako sentsazio nabarmena ematen du.

Konposizio hau osatzen duten musika-elementuak bakunak dira, apaindurarik gabeak. Melodia diatonikoak eskala pentatoniko sinple bat iradokitzen du, eta harmoniek, berriz, akorde-aldaketa soil batzuk baino ez dituzte aurkezten. Melodia hau hain modu soil eta malguz eratuta dagoenez, Shore gai da materialetik lau aldaera –oso ezberdinak– sortzeko: lehenik, zelta-kutsuko landa-giro bat; bigarrenik, orkestra-kutsuko hausnarketa-giro bat; hirugarrenik, erlijio-kutsuko ereserki-giro bat; eta, azkenik, Hobbit’s Understanding deritzona (hobbitaren ulermena), zeina ez baita erabat burutzen Eraztunaren Elkartea amaitzen den arte.

imagen principal

GOLLUM

Gollumen errukia (Sméagolen konposizioa)

Melodia honek Gollumen egoera tamalgarria irudikatzen du, eta filmean zehar behin baino gehiagotan berragertzen da, zehazki (eta modu adierazgarrian), Bilbo eta Frodo Eraztunari mendekotasun-gorespena bera erakusten hasten zaizkion bakoitzean. Konposizioa elkarren artean apenas lotutako arpegio txikietan dago funtsatuta; melodia korapilatsu batek zeharkatzen ditu arpegio horien, profil bereziki irristakorra sortuz horrela. Gollum sagako pertsonaia korapilatsuena da motibazioei dagokienez, eta, horregatik, tonu iheskorreko konposizio hori bereziki egokia da.

ELFOAK

Elfoen kultura Eraztunen Jaunaren istorioa baino mende batzuk lehenago iritsi zen bere maila gorenera. Shorek elfoekin lotuta sortutako musika beste garai batekoa izango balitz bezala sentitzen da. Harmonia kromatikoz, Ekialdeko eraginez eta instrumentu bereziez beteta dago. Pasarte koralak ere beste era batera eraikita daude, emakumeen ahots leunak bakarrik erabiliz. Shore orkestraren tonu gardenagoen aldekoa da: ahots altuagoak, harmonizazio sofistikaturik gabeko nota-irudi garbiak, mundu musikal txukun eta burutsuak.

Lothlórien

Lothlórien konposizioa, Eraztunaren Elkartea filmean, Galadrielek bere aurkezpena offeko ahotsarekin hasten duenean entzuten da lehen aldiz. Elkartea Caras Galadhonera iristen denean, Lothlórienen, garapen handiagoz itzultzen da konposizioa. Estiloari dagokionez, elfoen musikaren barneko konposiziorik Ekialdekoena, exotikoena. Konposizioa ezin da emozioen ikuspegitik interpretatu: ez da ez tristea, ez alaia; ez oldarkorra, ez pasiboa; misteriotsua eta hotza da, besterik gabe. «Rivendelen ikasi egiten da, ezagutzarako lekua da» dio Shorek, «baina hau desberdina da: hemengo elfoak misteriotsuagoak dira, mundu hau ikaragarriagoa da; baliteke zintzoak izatea, baliteke gaiztoak izatea, ezin jakin».

Rivendell

Rivendeleko elfoak gainerako elfoak baino lagunkoiagoak dira kanpotarrekin; beraz, nahiz eta haien musika-materialak distiratsua izaten jarraitzen duen, ez da Lothlórieneko konposizioa bezain exotikoa. Hemen, orkestra-instrumentu ezagunenak konposizio-geruzetan loratzen dira, eta horien bidez, emakumeen korurako goranzko figura bat eta arkuz beteriko arpegio batzuk kokatzen dira, dangada distiratsuen eta hari-harmonien artean. Bi melodia nagusiak areagotutako harmoniak iradokitzen dituzten neurrigabeko lerroetan oinarritzen dira. Rivendeli buruzko bi irudi erlazionatuak gaiaren ingerada ezagutzeko moduan egituratuta daude, nahiz eta tonuaren edukia aldatu egiten den. Inguru hori elfoen erresumako eszenen bidez agertzen da, itzali egiten da eta bere estiloan lehengoratzen da, baina prestigiozko eta kezkazko alderdi desberdinak aurkezten ditu.

imagen principal

NANOAK

Elfoen musika loratua ez bezala, Shorek nanoentzat konposatutako musika sendoa eta mardula da, basso profundo moduko tinbre sakonez eta erritmo koadrikulatuz betea. Gainbeheran dagoen kultura ere bada nanoena, eta musikak hori ere islatzen du, baina nanoen gizartearen hondarrak Moriako arriskuarekin lotuta daude. Beraz, elfoen musika bitxi eta urrunekoa ez bezala, nanoena mehatxagarria eta akigarria izan ohi da.

Moria

Moriari buruzko konposizioa bostun paraleloetan gorantz doan lerro harritsu bat da, Elkarteak iluntasunerantz egindako zeharkaldian sakabanatzen dena. Peter Jacksonen jarraibidea izan zen Moriari zegokion musika infernuko ahotsen tankerakoa izan behar zela. «Gizon guztiak nanoen hizkuntzan abesten dute», azaldu du Shorek. Moriako musika nanoen kontrolik gabeko hedapenak sakonean piztu zuenaren oroigarri kezkagarria da. Kantu zakarra koru gupidagabe eta basati bihurtzen da balrogaren agerpena hurbiltzen doan heinean.

Dwarrowdelf

Dwarrowdelfen konposizioak nanoen kulturaren zakartasunari buruzko erreferentzia gutxiago ditu, hori izan baitzen nanoen lorpenik handiena: jeneralean utilitarista zen arraza horren asmo gorenak adierazten zituen hiri handi bat. Konposizioak nanoen harrotasuna eta zentzugabekeria adierazten ditu. Tronpa-lerroz apainduta dago pisu- eta sendotasun-sentsazioa sortzeko, baina goranzko jauzi bakoitza tristuraz jaisten da ia berehala.

Dwarrowdelfi dagokion konposizioa bi aldiz errepikatzen da aldakuntza zapalduetan: Gimlik Balinen hilobia aurkitzen duenean, eta Merryk eta Pippinek haitzuloetako trollaren bizkarrera jauzi egiten dutenean Frodo mendekatzeko. «Merry eta Pippin haitzuloetako trollaren gainean saltoka dabiltza eta, beren daga txikiekin, munstro erraldoi hori garaitzen saiatzen dira. Burua zulatzen diote, nahiz eta hori, seguruenik, atximurka bat baino ez den munstroarentzat. Horrek agerian uzten du hobbiten ausardia, antzinako munduari buruzko konposizio hau entzuten duzun bitartean, zoragarria izatea lortu zuen leku baten handitasuna eta loria», azaltzen du Shorek.

imagen principal

GIZONEN MUNDUA: GONDOR

Eraztunaren Elkartea pelikulan gizonen –gizakien– munduarekin lotutako bi konposizio agertzen dira lehen aldiz: Gondorreko erresumari buruzkoa eta Minas Tirith delakoa (zilarrezko tronpetak). Haatik, lehen film honetan melodia bakoitza behin bakarrik agertzen da, materiala etorkizunean garrantzitsua izango dela transmititzeko. Gondorreko erresumari buruzko konposizioak Elronden Kontseiluarekin batera egiten du debuta, Boromirrek Aragornen leinuaren berri izan eta Gondorrek eta bere aita Denethorrek jasandako zamari buruz hitz egiten duenean. Melodia tronba bakarrarekin hasten da, baina orkestrak bat egiten du errepikatu ahala, eta, azkenean, kontrabaxuetan bermatzen da, Gondor garai zaila igarotzen ari dela transmititu nahian.

Aurrerago, pelikulan, Aragorn eta Boromir Lothlórienen atseden hartu eta Gondorren etorkizuna eztabaidatzen ari direnean, Shorek Minas Tirith delako konposizioa (zilarrezko tronpetak) txertatzen du, metalezko haize-instrumentuen beste lerro eder bat, gizateriak bide zintzoa hartuz gero lor dezakeen guztia irudikatzen duena. Eraztunaren Elkartea lanean nahiko oharkabean pasatzen diren arren, Erregearen Itzulera filmeko material nagusia iragartzen duten zantzu horiek soinu-bandaren xehetasun-maila eta aurreikuspenaren erakusgarri dira.

Eraztunaren Elkartea

Koalizio ausarta den aldetik, Shorek Eraztunaren Elkartea filmerako sortu zuen konposizioa piezaz muntatuta dago lehen filmean zehar eta pusketatan barreiatuta, berriz, aurrerago. Lehenengo saiakera-tonu horiek Frodo eta Sam Eskualdeko arto-zelai bat zeharkatzen ari diren bitartean agertzen dira (eszena hori da, de facto, Elkartearen hasiera. Puska horiek apur bat hedatuz doaz kide berriak hobbitekin elkartuz doazen heinean, baina ez dira erabat osatzen Rivendelera iristen diren arte. Elronden Kontseiluan, melodia harizko hotsak eta metalezko soinu larriak nahasten hasten da, etorkizuneko Erkidegoko kideak nahi dutelako beren zerbitzuak eskainiz doazen heinean. Elrondek Eraztunaren Elkartea aitortzen duenean, Shorek melodia irekitzen du gai heroiko oso bat sortzeko. «Orkestra oso batekin entzuten den lehen aldia da», dio Shorek. «Une hori paregabea denez pelikulan, orduantxe izan behar zuen». Elkarteari buruzko konposizioak jarrera berdingabea hartzen du: harkorra eta atsegina da, baina, aldi berean, sutsua eta zauriezina, eta horregatik, misio onbera baina irmo baterako konposizio perfektua da. Konposizioaren harmoniak modernoak diren arren (pieza berez minorra da, baina harmonizazioa, ordea, maiorra), piezak Erdialdeko Lurraldeko iraganeko loriaren aztarnak ekartzen ditu gogora; Gandalf Moriako Meategietan erori ondoren, Erkidegoari buruzko konposizioa ere desintegratzen hasiko da, eta gutxitan entzungo da berriz joera heroiko berarekin.

ERDIALDEKO LURRALDEKO MUNSTROAK

Shoreren soinu-banda batez ere Erdialdeko Lurraldeko kulturei eta inguruneei eskainia badago ere, zenbait kasutan, konpositoreak izaki beldurgarriekin borrokatu behar izan zuen, hain ezohikoak izaki halako izakiak (edo Elkarterako hain mehatxu larria, behinik behin), eta halakoetan, konposizioak Elkartearen arriskua mundu musikal berezi batean harrapatzen du. Mundu horietako bakoitzak berezko izaera du, beste munstroekin ez ezik, orokorrean Erdialdeko Lurrarekin alderatuta ere bai, eta horrenbestez, Shoreren konposizio moderno eta abenturazkoenetako batzuk hortxe entzuten dira, XX. mendeko teknikaz, ezohiko orkestrazioz eta beste musika-tinbre arrotz batzuez beteak egonik.

Zaindaria uretan

Moriako ateetatik kanpo, Merryk eta Pippinek harriak botatzen dituzte, axolagabekeriaz, aintzira batera, eta Shorek zaindariari loturiko musika ilun eta malguaren mundua irekitzen du eszena horretan, tonu-laurdenen medioz tonua biratzen duen kontrabaxu-lerro batekin. Zaindariaren gorputz-adarrak ur beltzen gainetik bihurritzen diren heinean, pieza konbultsiozko tonu multzo bihurtzen da, goraka egin eta hotzikara musikal kezkagarri bati heltzen diotenak: zaindariaren musika ausazkoa da ia erabat. Hala, Shorek interpretazioaren tonuaren, iraupenen eta estiloaren materiala finkatu zuen, baina orkestrako kideek ez dute zertan lerrokatu euren interpretazioak, eta horregatik, bilbe musikal trinkoa hamarnaka interpretazio indibidualetatik dator; bata bestearekin bihurritzen dira interpretazio horiek, bilbetik igotzen diren metalezko haize-instrumentuen erupzio disonanteekin.

Haitzuloetako trolla

Haitzuloetako trolla Elkarteak bere misioan aurkitzen duen bigarren izakia da. Zaindariaren musika ez bezala, zeina Medusaren buru bihurriaren gisako soinuz osatuta baitago, haitzuloetako trollari dagokiona taupadatsua, zorrotza eta astuna da. Tinbal-hotsen eta metalezko soinu larrien lerro astunak troll haserrearen atzetik doaz ganberan zehar, metalezkoen flutter-tonguingezko eta isiltasunezko leherketa sarkorrek zeharkatzen dituzten bitartean.

Balroga

Balroga izaki sutsua denez gero, haren musika ez da bat-batean agertokian agertzen. Horren ordez, haitzuloetan zehar egiten du aurrera, eta indarrak metatzen ditu, astiro-astiro, Elkarterantz. Moriako biztanle iraunkor gisa, nanoen musikaren hedapena da, gizonezko ahotsen koru kurrinkariak bultzatua eta ziztatua. Hemen, Shoreren paletako tonu baxuenetan jartzen da arreta, harmonia irekien bidez taxututako material basati eta erritmikozko burdin bilbe primitibo bat sortzeko. Oinarri horren gainean, metalezko haize-hotsen disonantzia zorabiagarriak Moriako materialarekin lotzen dira, haien goranzko tonuak elkarren gainean jarritako harmonia multzo txundigarrietan desmuntatuz eta berriz muntatuz: nanoen estiloa muturrera eramaten da, karga eta amorruaren bilduma trinko bat osatuz.

imagen principal

ISENGARD

Tolkienen adituak direnen arabera, mundu industrialaren eta mundu naturalen helburu kontrajarriak dira Eraztunen Jauna gai nagusietako bat. Shoreren materialak Isengarden musika asimetriko eta mekanikoarekin jarraitzen du adibide hori: konpositorearen deskribapenaren arabera, «Erdialdeko Lurraldearen botere industriala da».

Isengard/Orkoen konposizioa

Hau da Erkidegoari dagokion konposizioaren baliokidea, baina Isengardi buruzkoa, heroitasun biribildua indar fedegabearen erakustaldi arretatsu batekin desafiatzen baitu. Normalean metalezko haize-instrumentuen soinu-erregistro baxueneko interpretatzen da konposizio hau, eta Isengarden kultura oldarkorra bezala, ez du inolako egilerik, ezta dekoraziorik ere; musika sinplea eta krudela da, metalaren eta engranajeen musika.

Bost konpaseko eredua

Bost konpaseko eredua da Isengardek filmean duen presentzia sarrien agertzen duen eredua: erritmo arranditsu eta perkusiozko hau metalezko kanpai-plaken, ingudeen, dunbalen, taiko danbor japoniarren eta piano handi baten barruko harien kontra jotzen duten metalezko kateen multzo baterako konposatu da.

MORDOR

Shorek Mordorrerako konposatutako musika eta Eskualdearentzat eta hobbitentzat sortutakoa guztiz kontrakoak dira, inguru bakoitzak konposizio-material primarioak eta sekundarioak jasotzen baititu. Hala, Eskualdeko musika ezagun eta bero ez bezala, Mordorrekoa morbidoa, mehatxagarria eta desmoralizatzeko modukoa da; hala, hari baxuak eta metalezko haize-soinuen erregistro sakonenak biltzeko aproposa da, eta horiek batu egiten dira gaintonuen laino trinko bat sortzeko. Koru mistoak erritmo primitiboetan lehertzen dira, ezohiko harmonia itxiekin, eta efektu itzel eta erritualista bat sortzen da hala.

Mordor/Sauron (Eraztunaren gaitza)

Barad-dûr eta Sauronen motibo primarioa Eraztunaren Gaitzari dagokion konposizioaren berdina da (hirurak elementu ia trukagarriak dira istorioan). Misioaren urrats bakoitzak Sauronengana hurbiltzen du Elkartea, eta Eraztunaren ondoriozko kezka gero eta handiagoa da. Shorek Eraztunaren «izaera» deskribatzeko usatzen du konposizio hau, baina Eraztunak munduan duen eragina adierazteko ere balio dio: filmaren une beldurgarri batean agertzen da konposizioa, Eraztunak Elronden Kontseiluko parte-hartzaileen artean eztabaida sutsu bat pizten duenean, hain justu.

Nazgûlak

Nazgûlek –Sauronek Erdialdeko Lurraldean dituen enbaxadore gaiztoek– Mordorrekin lotutako piezen arteko nabarmen eta erritual-karga handienekoak merezi dituzte. Philippa Boyensek idatzi zuen hizkuntza beltzezko mintzaldia (Nazgûlen errebelazioa), beltzezko irudi fantasmagorikoen uko-egite oldarkor gisa, eta Shorek testu hori erabiltzen du indar musikalen ekaitz gisa. Batzuetan instrumentu hutsean agertzen bada ere, konposizioa korala da batez ere, oso ezaugarri baliagarriak zeremonia-ukitua emateko eszenari. Melodia-lerroa ia erritmo bakarrekoa da eta ez du ingeradarik, etengabe hedatzen ari diren instrumentazio eta harmoniaren bidez aurreikuspen hilgarriaren sentsazio bat sortzeko.

imagen principal

NATURAREN APEUA

Shoreren soinu-bandan, naturak bere musika-kulturari eusten dio, hobbitek, elfoek eta nanoek bezala. Mantsoago erreakzionatzen duen mundu bat da, bere indarrak Sauron eta haren morroien aurka zuzentzea kostatzen zaiona, eta honenbestez, naturaren musika pixkanaka azaleratzen da filmek aurrera egin ahala. Eraztunaren Elkartea filmeko unerik politenetako bat sits baten eskutik dator (Gandalfek Orthancetik erreskatatzea enkargatzen dio animaliari). Haur soprano baten kantuarekin, Shorek Natures Reclamation (Naturaren apeua) bihurtuko den pieza sartzen du, Isengardi dagokion musikaren kolpekatze industrialaren antidotoa berau: forma zabal eta organikokoa, adierazpen baketsu eta naturalekoa. Naturak gaitz inbaditzailearen aurka duen erresistentzia adierazten du, egitura sinpleen bidez: goranzko eta beheranzko eskala-urratsak, Shoreren errepertorioko tonu puruenetan integratuak. Naturaren apeua ez bada ere gehiago agertzen Eraztunaren Elkartean, Bi dorreak filmaren amaieran opera-proportzioak lortuko zituen.

Jatorrizko testuaren egile-eskubideak: © 2005, 2008, Doug Adams

Informazio gehiago Doug Adamsen The Music of the Lord of the Rings Films liburuan, Reprise Records taldearen The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring – The Complete Recordings albumean, eta online http://www.musicoflotr.com/ webgunean


Howard Shore.

Konpositorea

Howard Shore konpositore garaikide bikainenetakoen artean dago eta bere musika mundu osoko kontzertu-aretoetan jotzen dute izen handiko orkestra eta zuzendariek. Peter Jacksonekin lankidetzan Eraztunen Jauna filmean egindako lanari esker, Shorek hiru Oscar, lau Grammy eta bi Urrezko Globo jaso zituen, bai eta sari ugari ere kritikaren eta askotariko jaialdiren eskutik. Ehun filmetako baino gehiagoko soinu-banda konposatu du, besteak beste David Cronenbergen hamasei eta Martin Scorseseren sei. Bere kontzertuetako obrek honako hauek hartzen dituzte barne: sinfonia koral bat, opera bat, meza latindar bat, hiru kontzertu eta bi abesti-ziklo.

Officier de l’ordre des Arts et des Lettres de la France izendatu dute, eta Kanadako Gobernadore Nagusiaren Arte Eszenikoen Sariaren irabazle izendatu dute, bai eta Kanadako Ordenaren ofizial ere. National Board of Review of Motion Pictures erakundeak Howard Shorek musika-konposizioan egindako ibilbide profesionala saritu zuen, Viena hiriak Max Steiner saria eman zion, eta 2017an, berriz, Wojciech Kilar saria jaso zuen, Krakovia eta Katowice hirietako alkateek sortutakoa. Halaber, 2004. urtean, ASCAP elkartearen Henry Mancini saria jaso zuen. Aipatzekoa da Shorek beste hainbat sari jaso dituela bere ibilbidean egindako lorpenengatik.

Horrez gain, erakunde ospetsu ugaritan hitzaldiak ematera gonbidatu dute, hala nola Parisko La Fémis zentroan, Michel Hazanaviciusekin batera. Hizlari gisa aritu da ere honako hauetan: Oxford Union, Royal Conservatory (Londres), Yale, NYU, Julliard, UCLA, University of Toronto, Berklee School of Music, Berlinale, Cinémathèque de París eta Trinity College (Dublin), zeinetan Gold Medal of Honorary Patronage saria jaso baitzuen.

2003. urtean, Zeelanda Berriko Orkestra Sinfonikoa eta Abesbatza zuzendu zuen Eraztunen jaunaren sinfoniaren munduko estreinaldian, Wellingtonen. Ordutik, sinfoniaren eta The Lord of the Rings – Live to Projection lanaren bostehun emanaldi baino gehiago eskaini dituzte jada munduko orkestra entzutetsuenek.


Shih-Hung Young.

Zuzendaria

Shih-Hung Young Taiwango biolin jotzaile eta orkestrako zuzendari txinatarra da, Kuala Lumpurren jaio zen (Malasia) eta, ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen. Musikako lizentziatura eta masterra eskuratu zituen Juilliard School-en, baita Musika Doktoretza bat lortu ere New York Estatuko Stony Brook Unibertsitatean. Young doktorea unibertsitate aurreko irakasle gisa aritu zen Juilliard School-en 1995tik 2016ra bitartean.

Young doktorea orkestrako zuzendari aktiboa da eremu sinfonikoan, soinu-bandetan, Broadwayko musikaletan eta operatan; gainera, interprete-lanak ere egiten ditu solista gisa edo ganberako musika eskainiz. Kontzertu zinematografiko ugari zuzendu ditu mundu mailan, hala nola Eraztunen Jauna: Live to Projection Trilogy & Symphony (Howard Shore). Gainera, Urrezko Globoaren irabazle Lisa Gerrard-ekin ere lan egin du hainbat lanetan: Hans Zimmer-en Gladiator: LiveEl Padrino (Nino Rota), Harry Potter Film Concert Series (DreamWorks Animations), Oscar baten garaile The Red Violin (John Corigliano) eta La La Land in Concert. Horrez gain, Disney Live-in-Concert ekoizpen askotan lan egin du, hala nola El Rey León Live (Lebo M. musikagilearekin), SirenatxoaFrozenEderra eta PiztiaStar Wars eta Disney Pixar-en Toy Storyren Asiako estreinaldian.

Young doktoreak bira ugari egin ditu Estatu Batuetan eta nazioartean, eta toki askotako orkestrekin lan egin izan du: Australia, Bartzelona, Belgika, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txile, Txina, Kolonbia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Hong Kong, Islandia, Italia, Hego Korea, Luxenburgo, Macao, Mexiko, Norvegia, Polonia, Errusia, Eslovakia, Espainia, Suitza, Suedia eta Taiwan.


Grace Davidson.

Sopranoa

Grace Davidson Londresko soprano ingelesa da, eta musika barrokoaren interpretazioan eta grabazioan espezializatuta dago bereziki; alabaina, musika sortzeko estilo ugarirekin konbinatu izan du musika barrokoa, eta konpositore garaikide askorekin lan egin izan du.

Davidsonen haurtzaroko etxean, bere familiak lagun batentzat gordeta zuen isats-piano batek erabat okupatzen zuen korridorea, eta horregatik, fisikoki ezinezkoa zen musika saihestea. Hala, pianoa eta biolina jotzen ikasi zuen, baina gehien gustatzen zitzaiona kantatzea zen. Hiru urte zituela, Cats musikalera eraman zuten eta musikala oso-osorik abesten ikasi zuen, amak ahoa estaltzen zioneko isilune ulergarriak gorabehera. Kantatzeko zuen gaitasunari esker, Londresko Royal Academy of Music ikastetxean beka bat lortu zuen, eta Early Music saria irabazi zuen han.

Harrezkero, bakarlari gisa aritu izan da musika barrokoko talde ospetsuekin, Sir John Eliot Gardiner, Paul McCreesh, Philippe Herreweghe eta Harry Christophersek zuzenduta. Davidsonen diskografia zabala da: hamarkada bat The Sixteenekin lanak grabatzen, non bakarlari gisa nabarmentzen den; Händelen Jefté (Angelen rolean), Dixit Dominus eta Acis and Galatea (Galatearen rolean); Monteverdiren Vespro della Beata Virgine, 1610ekoa; Pianto della Madonna; eta Bachen Meza luteranoak.

Bere tonu garbitasunari esker, Davidsonek konpositore garaikide eta zinematografiko aipagarrienetako askok berarentzat konposatzea lortu du, hala nola Max Richterrek, zeinak Woolfworks, Voices, Sleep eta beste hainbat lanetarako abeslari bakarlari gisa aukeratu baitzuen. Gau osoa irauten duen pieza hori mundu osoan interpretatu izan da eta 2020ko otsailean Sundance zinema-jaialdian estreinatutako film batean egokitu zen. Sleepek bere aplikazio propioa ere badu.

Davidsonen ahotsa zinemako eta telebistako 100 soinu-bandatan baino gehiagotan entzuten da, eta zuzenean interpretatu izan du Howard Shoreren Eraztunen Jauna Europa osoan, are Australiara iristeraino. Hona abeslariaren azken proiektu aipagarrienetako batzuk, bakarlari gisa: Howard Shorek Hobbita filmerako egindako musika; Harry Gregson Williamsek The Last Duel filmerako egindako musika; Frank Ilfmanen Gunpowder Milkshake; eta Stephen Priceren 2020ko Over The Moon animazio-lana.


Bilboko Koral Elkartea

Bilboko Koral Elkartea 1886an sortu zen musikaren ezagutza eta hedapena bultzatzeko helburuarekin, batez ere abesbatzen esparruan. Egun, bere iraganaz jabetuta eta etorkizunarekin konprometituta, bere alderdi artistikoan hiru koru amateur ditu -haurrena, gazteena eta helduena-, zein bere nortasunarekin eszena profesionalean ezagunak; alderdi sozialean,  Alderdi akademikoan, musika-irakaskuntza zentru bat proiektuaren ardatzetariko bat da eta eskola-koruen sare bati eusten dio (Eskolan kantari). Koral Elkartea ohikoa da tokiko programazioan, eta, hasiera-hasieratik, beti aritu izan da euskal musikarien lana jorratzen eta atzerrian ezagutzera ematen, besteak beste sorkuntza ugari sustatuz eta estreinatuz. Era berean, ospe handia bereganatu du maisu nabarmenekin, panoramako agertoki garrantzitsuenak zapaldu ditu, eta ia orkestra nazional guztiekin eta nazioarteko orkestra nagusiekin jardun du. Orain arteko ibilbide luzean, hainbat sari jaso ditu; garaietara egokitzen jakin du, ba grabaketetan bai zuzenekoetan tradizioa eta berrikuntza bat eginez; eta talde balioaniztun eta malgua da, estilo oso ezberdinetako errepertorioei heltzeko gai: a capella kantaturiko polifonia errenazentistatik masa sinfoniko-koral garaikide handietaraino.

Koru sinfonikoa: Enrique Azurza / Euskeria korua: Urko Sangroniz / Haurren korua: Jose Luis Ormazabal


Fran Walsh.

Kanta-idazlea

2004an, Fran Walshek gidoi egokitu onenaren hiru Oscar sari (gidoi egokitu onena; jatorrizko abesti onena; eta film onena) jaso zituen Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera filmagatik. Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea filmean gidoilari gisa egindako lanagatik, Walsh Oscar, British Academy of Film and Television Arts Award (BAFTA) eta Writers Guild of America Screen Award (WGA) banatarako izendatu zuten. Gainera, AFI Film Award saria irabazi zuen Peter Jackson, Barrie Osborne eta Tim Sandersekin batera. Walshek gidoi onenaren Oscar sarirako lehen izendapena lortu zuen Heavenly Creatures filmarengatik. Walshek musika-ikasketak ditu, eta gidoilari gisa hasi zen lanean Victoriako Unibertsitatean Literatura Ingelesean lizentziatu eta gutxira.


Philippa Boyens

Idazlea

Varietyk 2000. urtean Hamar gidoilari ospetsuen zerrendan sartu zuenetik, Philippa Boyensek, Eraztunen Jauna trilogiarekin gidoilari gisa debutatu zuenak, gidoi egokitu onenaren Oscar sari bat irabazi du, Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera pelikulagatik. Aurretik, Oscar, BAFTA eta WGA sarietarako izendapenak jaso ere zituen, besteak beste. Boyensek antzerkian lan egin izan du antzerkigile, irakasle, ekoizle eta editore gisa. Boyensek zinemaren mundurako jauzia egin zuen, Zeelanda Berriko Gidoilarien Sindikatuko zuzendari gisa aldi baterako lan bat egiten hasi zenean. Hamaika urte zituenetik J. R. R. Tolkienen obrak pizten zion grinak bultzatu zuen proiektu honetara.


Peter Jackson.

Zuzendaria

Jacksonek Eraztunen Jauna trilogiari esker lortu du zinemaren historian sartzea, bederatzi orduz jarraian mundu osoko ikusleek goza dezaketen saga horri esker, hain zuzen. Filmak kultura-muga oro gainditu duen fenomeno bihurtu dira, Tolkienen zale eta adituen errespetua bereganatuz eta bere eleberri klasikoak ikus-entzule gazteen artean sartuz. Zuzendari onenaren, film onenaren eta gidoi onenaren hiru Oscar sari jaso zituen Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera filmagatik: zuzendari onena, film onena eta egokitutako gidoi onena.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak