Kontzertuak
Dausgaard eta Brucknerren 7.a
Alena Baeva, biolina
Thomas Dausgaard, zuzendaria
I
RUED LANGGAARD (1893 – 1952)
Upåagtede Morgenstjerner*
KAROL SZYMANOWSKI (1882 – 1937)
1. kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 35
I. Vivace assai
II. Tempo comodo – Andantino
III. Vivace scherzando
IV. Poco meno – Allegretto
V. Vivace (Tempo I)
Alena Baeva, biolina
II
ANTON BRUCKNER (1824 – 1896)
Sinfonía nº. 7 en Mi Mayor (1883-Nowak)
I. Allegro moderato
II. Adagio
III. Scherzo
IV. Finale
* Lehen aldiz BOSen eskutik
DATAK
- 12 martxoa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 13 martxoa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Fedea eta sentsualitatea
Espiritualtasunak, jainkotiarraren, betierekoaren bilaketak, beti izan du musikan lantzeko aparteko eremua, bereziki genero sinfonikoan. Musika erlijio-adierazpide gisa aukeratu zuten konpositore guztien artean, Bruckner da ziurrenik ezagunenetako bat. Alfred Einstein musikologoak zalantzarik gabe esan zuen bere sinfonien mugimendu motelak “Jaunarekin adiskidetzeko ekintza direla ia beti”. Beste muturrean, Rued Langgaard orain dela gutxi arte ezezaguna, ultra erlijioso xelebre bat izan zen, interpretatzeko zaila den katalogo zabal bat duena.
1893an Kopenhagen jaioa, Langgaard musika-familia batean hazi zen, eta adin goiztiarrean garatu zuen bere potentziala. Haur prodigioa, hamaika urterekin eman zuen bere lehen organo-errezitaldia eta hamalau urterekin hasi zuen bere lehen sinfonia, 1913an Berlingo Filarmonikoak interpretatuta, haren arrakasta garrantzitsu bakanetako bat. Konposizioari dagokionez ia autodidakta, hamasei sinfonia idatziko zituen, baina gutxi iritsi ziren interpretatzera eta gutxiago argitaratzera. Gauza bera gertatu zen haren beste lan askorekin, hala nola Antikristo opera (1923), 1999ra arte estreinatu ez zena. Hainbat hamarkadatan, gainera, hiriburuko elizaren batean organista postua lortzen saiatu zen, etengabe baztertua izan zen eta, azkenean, Jutlandiako Ribe hirira “erbesteratua” izan zen.
Hainbat faktore hartu behar dira kontuan konpositoreak bere jaioterrian izandako porrota ulertzeko. Alde batetik, haren obrak haren fanatismo erlijiosoarekin oso lotuta daude, gai apokaliptikoak jorratuz maiz, edo Kristoren bigarren etorrera, sendo sinesten baitzuen horretan. Uste horiek musika mistikoa ekarri zuten, abangoardien munduan sartzen ez zen lengoaia erromantiko berantiarrean, nahiz eta pieza batzuek Minimalismoaren edo musika esperimentalaren ideia apurtzaileak sartu, urte batzuk geroago John Cagek edo Philip Glassek aplikatuko zituztenak, Langgaarden existentziaren berri izan gabe gabe. Musikagilearen berraurkikuntzaren pasarte bitxi batek Ligeti harritu bat izango zuen protagonista. 1968an, Esferen Musikaren partitura (1918) irakurri ondoren, daniarraren orkestra-lanik handinahienetako bat, honako hau adierazi zuen: “oraintxe jakin dut Langgaarden imitatzailea naizela”. Hala ere, bizi zela, musika modernoa “izurritetzat” hartu zuen, eta horrekin ez zuen zerikusirik izan nahi. Era berean, ez zuen zalantzarik izan publikoa mespretxatzeko eta beste konpositore batzuk modu irekian iraintzeko, Carl Nielsen, bere garaiko musikari daniar garrantzitsuena barne, nolabait bere epaia emanez.
Upaaagtede Morgenstjerner (Oharkabeko goizeko izarrak), harizko orkestrarako, Langgaarden 14. Sinfoniaren bigarren mugimendua da, 1948an idatzia, egileak modu independentean interpreta zitekeela adierazi zuena. Sinfoniak, guztira, zazpi mugimendu ditu, eta horien izenburuak eguneroko bizitzari buruzkoak dira. Daniar bat altxatzen da elizako kanpaiekin, entzuten dio Carusori irratian abesten eta lanera doa, baina atzealdean betiereko biziaren egunsentia irudikatzen duen goiz eder bat zabaltzen da. Sinfonian, mahleriar kutsuko mugimendu honetan agertzen ez den korua zegoen, ederra, erromantikoa eta oroitarazlea.
Karol Szymanowski poloniarrak ere zailtasunak izan zituen Chopinen itzalpean bizi zen herrialde batean leku bat egiteko. Bere talentu nabarmenak, hogeiko hamarkadatik aurrera bere musikak izan zuen sentimendu nazionalarekin batera, Poloniako konpositore nagusiaren postua eman zion XX. mendearen lehen erdian. Horren guztiaren aurretik, musikari gazteak Alemaniako Erromantizismoarekin eta Wagnerren eraginarekin lotutako hasiera batzuk gainditu zituen, baina eragin horretatik aldenduz joan zen, I. Mundu Gerraren inguruko urteetan estilo guztiz pertsonala garatzeko, non, Teresa Chylinskaren hitzetan, “erotismo dionisiakoa lehen mailako elementu bihurtzen den”. Estilo horren sorreran 1910eko hamarkadaren hasieran Italiara eta Afrika iparraldera egindako bidaiak eta kultura arabiarraren eta lehen Kristautasunaren aurkikuntza erabakigarriak izan ziren, eta haiek eraiki zituzten Szymanowskiren pentsamendua eta lengoaia musikala, Debussy eta Scriabinen ondarearekin batera. Urte horietan, haren musikak, Biolinerako 1. kontzertua barne (1916), estasizko adierazkortasuna du eta hunkigarritasun erromantikoaren ordez askoz intentsitate sentsualagoa erabiltzen du.
Konpositorea 1914tik 1917ra bitartean egungo Ukrainan bizi izan zen, Tymoszówka herrian zuen jaiotetxean (hura gerran suntsitua izan zen arte), nahiz eta kontzertua bere lagun Józef Jaroszyńskiren etxean idatzi zuen Zarudzien. Lanaren eskaintza Paweł Kochański biolin-jotzailearentzat izan zen, baina azkenean ezin izan zuen estreinatu, eta Varsoviako Orkestra Filarmonikoaren concertinoaren arduraduna Józef Ozimiński izan zen. Estreinaldiak arrakasta handia izan zuen, eta Poloniako hiriburua izan zuen eszenatoki, 1922ko azaroaren 1ean, gerraren ondoren normaltasuna berreskuratu eta Polonia independente zelarik. Kochański New Yorkeko kontzertuaren ondorengo interpretazioen protagonista izan zen, Leopold Stokowskirekin batera, eta piezaren ospea handitzen lagundu zuen. Gainera, jakina da biolin-jotzaileak instrumentuaren teknikaz aholkatu ziola Szymanowskiri konposizioan zehar, eta ia amaieran entzuten den kadentzia ere berak sinatzen du.
Kontzertua Tadeusz Micinski, Young Poland kultura taldeko literatura saileko kideetako baten poema batean oinarrituta dagoela dirudi, Szymanowski haren kide izan baitzen gaztetan:
Txori guztiek omentzen naute
gaur jainkosa batekin ezkontzen naizelako.
Eta orain aintzira loratu gorriminaren ondoan gaude,
pozezko malkoekin, estasian eta beldurrez,
sutan, maitasun-gerra batean.
Lanaren itxurazko batasunaren azpian, etenik gabe interpretatzen diren bost atal kateatu daude, bertso bakoitzeko bat. Hala, mugimendu bareenek leku bikoitiak hartzen dituzte; azkarrak eta birtuosoak, berriz, muturretan daude eta scherzo labur-laburra erdian. Arabiar eta persiar musikaren eraginak ez dira nabarmenki hautematen; aitzitik, giza ahotsaren antzeko profil melodiko bihurgunetsu batean eta kromatismoen eta tradizio horietatik hartutako beste sotiltasun batzuen erabileran islatzen dira. Biolina etengabe mugitzen da erregistroaren goiko aldean, eta protagonismo-une labur baina bikainekin euskarri gisa diharduen orkestra baten gainean egiten du distira. Szymanowskik hemen agertutako askatasun formal, harmoniko eta melodikoak maisulan hau biolin modernoarentzako lehen kontzertutzat hartzera eraman zuen, ondoren etorriko zirenen oinarriak ezarriz.
Arrakastez eta porrotez ari bagara, ez dago XIX. mendeko konpositorerik azkenekoetatik gehiago bizi eta lehenengoak dastatzeko denbora gehiago behar izan zuenik Anton Brucknerrek baino. Gaur egun sinesten zaila bada ere, haren sinfoniek denbora asko behar izan zuten aintzat hartuak izateko, eta bere bizitzako azken urteetan baino ezin izan zuen egileak arrakasta iraunkorraz gozatu. Bruckner, Austrian jaioa, jatorri xumekoa zen eta ez zen inoiz hori ezkutatzen saiatu. 1868an iritsi zen Vienara, 44 urte zituela, kontserbatorioan irakasle postu garrantzitsua betetzeko. Organista birtuosoa izan zen, musika sakratuaren katalogo zabala zeraman, eta, ordura arte, betiereko ikaslea izan zen, ikastaro eta azterketa ofizial ugari eginda, bere ziurtasunik ezak kanpoko onespena bilatzera bultzatzen baitzuen, nahiz eta talentua sobera izan. “Berak aztertu beharko gintuen gu!”, horixe izan zen Johann Herbeck konpositorearen erreakzioa Brucknerren azterketa ebaluatzean, musika-irakasle izateko gaikuntza lortzeko.
Laugarrena izan ezik, Brucknerren lehen sei sinfoniek (guztiak, Lehena izan ezik, Vienako garaian idatziak) hasiera tamalgarriak izan zituzten. Arazo nagusia aurrekaririk gabeko dimentsioak ziren; hori dela eta, obra horiek orkestren, publikoaren eta kritikaren gaitzespena jaso zuten. Brucknerrek Wagnerri zion miresmenak ere ez zuen bere alde egin. Vienan, edo Brahms zale zinen, edo Wagner zale zinen, eta jarrera bat hartzeak beste alderdiaren gorrotoa zekarren erremediorik gabe. Brucknerren zirkuluko musikarien asmo onek, sinfoniak berrikusten (edo, hobeto esanda, mozten) laguntzean, digerigarriago bihurtzeko, are gehiago kaltetuko zuten konpositorearen autoestimu hauskorra. Derrigorrezko berrikuspen horien ondorioz, Brucknerren sinfoniak bertsio askotan ibili ziren denbora luzez, batzuetan berak baimendu gabe. 1927an Bruckner Elkartea sortu zenean hasi ziren konpositorearen behin betiko bertsioak argitaratzen, hala nola Robert Haasenak 30eko hamarkadan eta Leopold Nowakenak 50ekoetan.
Wagner eta Bruckner behin baino gehiagotan elkartu ziren, azkena Parsifal 1882an Bayreuthen estreinatu zenean, eta lehenengoak hau adierazi zuen: “Konpositore bakarra ezagutzen dut Beethovenen maila berdintzen duena, eta hori Bruckner da”. Ez zegoen lausengu handiagorik Wagner eta Beethoven idoloak zituen musikari batentzat. Hurrengo urtean, 1883an, Tristan e Isolda obraren konpositorea hil eta Brucknerren 7. sinfonia Mi Maiorrean estreinatu zen. Sinfonia hori gertakari horrekin batera eratu zen. Zazpigarrena izan zen dena aldatu zuen sinfonia, arrakasta ukaezina, ia berrikuspenik jasan ez zuen bakarra eta musikari austriarraren nazioarteko ospe berantiarraren hasiera. Gaur egun ere, haren bederatzi sinfonietatik ezagunena da oraindik. Estreinaldia Leipzigen izan zen, Arthur Nikischek Gewandhauseko Orkestra zuzentzen zuela, 1884ko abenduaren 30ean. Entzuleek, gogotsu, txalo egin zuten ordu laurden batez, eta kritikak apartak izan ziren.
Lanak Brucknerren ohiko eskemari jarraitzen dio, Beethovenen tradizioa abiapuntu hartuta. Lehen mugimenduak, “ezerezetik” ateratako hasiera bereizgarriarekin, Bonneko musikariaren Bederatzigarrenak bezala; ondoren, hiru gai nagusi dituen sonataren forma (lehenengo, Brucknerren hitzetan, ametsetan diktatu zion bere irakasle ohiak, Ignaz Dorn biolin-jotzaile zenak), garapen izugarri irudimentsua eta koda bat datoz. Adagioa Wagnerrentzako omenaldi sentitua da. Lau tuba wagneriar behar ditu, alemaniarrak Eraztunaren zikloan asmatu eta erabilitako tresna. Brucknerren Te Deum-eko “Non confundar in aeternum” piezan oinarritutako pasarte bat sartzeak izaera sakratua ematen dio mugimenduari. Scherzo kementsua bere egilearen iragan landatarraren oroigarri gisa definitzen da, eta Finaleak, berriz, handitasuna berresten du musika berria sartuz eta lehen mugimenduko zenbait gai berreskuratuz.
Musika monumentala da, eta Brucknerren fede erlijioso sakonean oinarrituta baino ezin da ulertu, haren izaera bitxiaren ezaugarririk bereizgarriena baita. Deryck Cooke musikologoak Brucknerren sinfonia bat entzutearen esperientzia “katedral batetik ibiltzearekin eta haren alderdi bakoitzaz blaitzearekin” parekatzen du. Esperientzia patxadatsua, mistikoa, izugarria.
Yolanda Quincoces
Alena Baeva
Biolina
«Presentzia magnetiko» gisa deskribatuta (New York Classical Review), Alena Baeva biolin-jotzailea egungo musika-panoramako bakarlari moldakor eta liluragarrienetako bat da. Musikari buruzko jakin-min grinatsuz hornitua, Baevak errepertorio zabala du: hain ezagunak ez diren obren defendatzaile sutsua da, biolinari buruzko literatura konbentzionalenaz gain, besteak beste, Bacewicz, Karaev, Karque owicz eta Silvestrov konpositoreak barne.
Nazioarteko bakarlari, Baeva New York Philharmonic Orchestra, London Philharmonic Orchestra, NHK Symphony eta Tokyo Metropolitan Symphony Orchestra, Hong Kong Philharmonic Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra, Tonhalle-Orchester Zürich eta Gürzenich-Orchester Köln orkestrekin aritu da, batzuk aipatzearren.
Denboraldi honetako unerik aipagarrienen artean daude Royal Concertgebouw Orchestra, Philharmonia Orchestra, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, Orquestra Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya, Ensemble Resonanz, Il Giardino Armonico, Antwerp Symphony Orchestra eta Orchestre Philharmonique Royal de Liège. Izen handiko zuzendariekin lan egin du: Paavo Järvi, Vladimir Jurowski, Cornelius Meister, Riccardo Minasi, Tomax Netopil, Kazushi Ono, Petr Popelka, Dinis Sousa eta Kazuki Yamada, besteak beste.
Ganbera-musikak garrantzi berezia du Baevaren bizitza musikalean, eta Yuri Bashmet, Daishin Kashimoto, Misha Maisky, Jean-Guihen Queyras eta Belcea Quartet artistekin elkarlanean gozatzen du. Bere ohiko laguna bikotean Vadym Kholodenko pianista ukrainarra da, eta denboraldi honetan Wigmore Hall, Atenasko Megaron eta Florentziako Amici della Musica aretoetan arituko da.
Baevak Alpha Classics zigiluarentzat grabatzen du: haren hurrengo albuma Beethovenen biolinerako sonaten ziklo integraleko 1. bolumena da, Vadym Kholodenkorekin grabatua. Horren aurretik kaleratu zuena, Fantasy (Alpha, 2024), honela goraipatu zuen Gramophonek: «jakin-mina pizten duen sekuentzia honetan, obra bakoitza egitarauko beste lanen argiaz baliatzen da», eta Schubert, Stravinsky, Schumann eta Messiaenen lanak jasotzen ditu, Vadym Kholodenkorekin grabatuak. Baevaren diskografiak honako hauek ere biltzen ditu: Wieniawskiren Biolinerako 2. kontzertua (tripazko hariekin) Orchestra of the XVIII Centuryrekin (2021); Karłowiczen Biolinerako kontzertua Royal Philharmonic Orchestrarekin (2018); Schumannen Biolinerako kontzertua eta Mendelssohnen Biolinerako kontzertuaren 1844ko jatorrizko bertsioa Melodiya Recordsentzat (2020).
Kirgizistanen jaioa, jatorri eslaviar-tatariarrekoa, Baevak bost urte zituela jaso zituen lehen biolin-eskolak Olga Danilova pedagogoarekin Kazakhstanen, Eduard Grach irakaslearekin Errusian ikasi aurretik. Mstislav Rostropovich, Boris Garlitsky eta Shlomo Mintzen eskolak ere jaso zituen, eta Suitzako Seiji Ozawa Nazioarteko Akademian parte hartu zuen, hari laukoterako errepertorioan oinarrituta. Luxenburgoko herritarra, Alena Baeva bertan bizi da 2010etik.
Alena Baevak 1738ko Guarneri del Gesùz (“William Kroll ohia”) jotzen du, mezenas anonimo baten mailegua, eta J&A Bearesen laguntza adeitsuarekin.
Thomas Dausgaard
Zuzendaria
Thomas Dausgaard zuzendari daniarra artista ameslari eta jatortzat jotzen da nazioartean, eta ezaguna da musikarako duen maisutasun sakon eta originalagatik, programazio berritzaileagatik eta kritikak goraipatzen dituen grabazioen katalogo zabalagatik.
Pianoa eta konposizioa ikasi zituen txikitatik Carl Nielsenen ikasle ohi batekin, eta geroago biolontxeloa, perkusioa eta zuzendaritza. Bere aitarekin osatu zuen bere prestakuntza pianoan jazza jotzen eta, ondoren, rock banda batekin bat egin zuen gitarra-jotzaile. Danimarkako Musika Errege Akademian Arne Hammelboe irakaslearekin zuzendaritza ikasketak burutu ondoren, Londresko Royal College of Music-en Norman Del Maren zuzendaritza eskoletara joan zen. Franco Ferrara eta Leonard Bernsteinekin eskola magistraletara joan ondoren, Seiji Ozawa eta Bostongo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzaile izendatu zuten, eta nazioarteko ibilbidearen hasiera izan zen hori.
Zuzendari gonbidatu, Dausgaardek munduko orkestra nagusi askorekin lan egin du luze eta zabal, besteak beste, Gewandhausorchester Leipzigekin, Vienako Sinfonikoarekin eta Bavariako Irratiko Sinfonikoarekin, Rundfunk-Sinfonieorchesterrekin eta Konzerthausorchester Berlinekin, Royal Philharmonic Orchestrarekin, Toronto Symphonyrekin, Houston Symphonyrekin eta Bergen Philharmonicekin. New York, Los Angeles, Munich eta San Petersburgoko orkestrekin, Radio Franceko Orchestre Philharmoniquerekin, Cleveland eta Filadelfiako orkestrekin, London Symphony Orchestrarekin eta Chamber Orchestra of Europerekin ere aritu da, eta mundu osoko jaialdi ospetsuetan parte hartzen du erregulartasunez. Haien artean nabarmentzen dira BBC Proms, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdia, Salzburgoko Jaialdia, Mostly Mozart Jaialdia, Ravinia Jaialdia, George Enescu Jaialdia eta Tanglewood. Bira ugari egin ditu Europan eta Estatu Batuetan zehar «bere» orkestrekin, baita astebeteko egoitza bat ere Tokion 2019an, eta bertan BBC Proms aurkeztu zuen Japonian lehen aldiz.
Dausgaard berriki izendatu dute RTVEko Orkestra Sinfoniko eta Koruko zuzendari gonbidatu nagusi, baita Copenhagen Philharmoniceko ohorezko zuzendari gonbidatu ere, BBC Scottish Symphony Orchestrako zuzendari titular izandako etapa arrakastatsuaren ondoren (2016-2022). Ohorezko tituluak ere baditu Swedish Chamber Orchestrarekin (zuzendari titularra, 1997-2019) eta Danish National Symphony Orchestrarekin (zuzendari gonbidatu nagusia, 2001-2004; zuzendari titularra, 2004-2011). Aurretik, Seattleko Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia (2014-2019) eta zuzendari musikala (2019-2022) izan zen. Danimarkako Erreginak Zalditeriako Gurutzea eman dio, Suediako Musika Errege Akademiako kide hautatu dute eta honoris causa doktore Örebroko Unibertsitatean.
Denboraldi honetan, Dausgaardek bere egonaldiak egiten jarraituko du RTVEko Orkestra Sinfonikoan eta Koruan, eta Kopenhageko Orkestra Filarmonikoak bira bat egingo du Japonian. Bertan, Japonia Berri, Osaka eta Nagoyako orkestrekin eta Sapporoko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da, eta Lyongo Orkestra Nazionalera eta Rai, Luzerna eta Galiziako Orkestra Sinfonikoetara, Bolzanoko Haydn Orkestrara eta Bukaresteko Orkestra Filarmonikora itzuliko da.
Dausgaarden «Roots» programa berritzaileek musika klasikoa beste genero batzuen testuinguruan kokatzen dute. Besteak beste, Sibelius, Stravinsky, Brahms, Bartok eta Nielsen folklore-musikarien taldeekin, Mahler klezmer musikarekin, Debussy gamelan talde batekin eta Rachmaninoff kantu ortodoxoekin. Horietako batzuk BBC Promsen aurkeztu dira. Haren enkarguzko azken proiektua «Scottish Inspirations» da; Eskoziako historia, arte eta mirari naturalen aniztasunak eta aberastasunak liluratuta, Dausgaardek hainbat konpositoreri eskatu die Eskoziak inspiratzen diena obra musikal batean islatzeko, besteak beste, Sally Beamish, Anna Clyne, Helen Grime eta Bent Sørenseni.
Beethovenen orkestrarako obra osoa grabatzeko ametsa egia bihurtu zenetik, Dausgaarden ehundik gorako CDko grabazioak etengabe goraipatu eta Grammy sarietarako izendatu dira, ziklo sinfoniko oso batzuk barne: Schumann, Schubert eta Brahms (SCO), Langgaard (DNSO), Sibelius Kullervo eta Bartoken orkestra-lanak (BBC SSO), Mahler, Nielsenen 10 sinfonia eta Straussen poema sinfonikoak (Seattle SO), Brucknerren sinfoniak (Bergen Phil), baita Bachetik Neuwirthera doan errepertorioa duen CDa ere, berak agindutako lanak edo Danimarkako Nørgla, Abrahamsen, Gudmundsen-Holmgreen eta Sørensen konpositoreek eskainitakoak barne. DVDen artean Langgaarden «Antichrist» opera eta Brahms, Dvorak, Sibelius eta Nielsenen sinfoniak daude.
Folk musikariekin elkarlanean, Dausgaardek Preludioak konposatu du bere «Roots» programetarako. Halaber, orkestratu egin ditu Brahmsen hungariar dantzen bere bertsioak (BISerako grabatuak), Grieg eta Sibeliusen abestiak, Mussorgskyren erakusketa bateko koadroak (koruarekin) eta Langgaarden «Rabbia» hirugarren hari kuartetoaren bertsioak ere.
Musikarien etorkizuneko belaunaldiekin duen konpromisoak São Pauloko faveletan gazte orkestra batekin kolaborazioak hastera eta Espainiatik Pekinera zuzendaritza eskola magistralak ematera eraman du. Gazte orkestrak ere zuzendu ditu, hala nola Pacific Music Festival Orchestra (Japonia), Australian Youth Orchestra, Royal Danish Academy of Music Symphony Orchestra eta Italian Youth Orchestra. COVID-19ak eragindako konfinamenduan, Dausgaardek arrakastaz atera zuen «Thomas’ Music Room» izeneko YouTubeko kanal bat, non «haurrak eta haur arimak» musikan sartzen dituen. Duela gutxi, gerrako errefuxiatuak hartu ditu Danimarkan.
2025eko martxoan, Dausgaardek bere lehen poema bilduma argitaratu zuen, «Flaskepost» (Wanderblume argitaletxea).
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 7
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
A. Dvorak
Quinteto en Mi bemol Mayor Op. 97 B. 180
Quinteto de cuerda BOS
W. A. Mozart
Gran sexteto concertante [KV 364]
Sexteto de cuerda BOS
Bach: Pasioa pasioz
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Oratorio bikainak itzuliko dira gure denboraldira Carlos Menaren eta San Juan Bautista Abesbatzako kideen ahotsen eskutik. Egiazko erronka da Leioako abesbatza gaztearentzat, ondoan Bachen errepertorioan adituak diren abeslari bikainak izango dituela. Musika sakratua Aste Santuaren atarian.
J. S. Bach
La Pasión según San Juan, Oratorio en dos partes para solistas, coro y orquesta BWV 245
San Juan Bautista Abesbatza, abesbatza
(Basilio Astúlez, zuzendaria)
Ana Quintans, sopranoa
Rodrigo Carreto, tenorra, Evangelista eta ariak
José Coca Loza, baxua
Peter Harvey, baxua Jesús
Carlos Mena, kontratenorra-zuzendaria
BOSLARIS XII – Amaierako kontzertua
Lekua: Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioa
Musikari-amateurrei zuzenduta dagoen eta ganbera-musikaren arloan hasi, praktikatu eta hobetzera bideratuta dagoen prestakuntza programa aitzindari honekin, BOSek musikaren praktika sustatu nahi du musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.
Falla gogoratuz
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Manuel de Fallaren jaiotzaren 150. urteurrenean, bi musikari bikainen etorriaren iturri izan den cadiztarra gogoratuko dugu: Moisés P. Sánchez piano-jotzailea, jazz-moldea jotzen duena (kasu jazz-hirukotearekin interpretatzen duen ganberako errezitaldiari!) baina musika klasikoaren inguruko prestakuntza jasotakoa; Fallaren omenezko kontzertua estreinatuko dugu egitarauan. Bestetik, Cádizko konpositorearen Fantasía Baética lanaren gainean Francisco Collek egindako orkestrazioa eskainiko dugu. Errepertorio luzean, Beethovenen laugarrena entzungo dugu Nuno Coelhoren batutaren aginduetara.
M. de Falla / F. Coll
Fantasía Baética
M. P. Sánchez
Concierto para piano y orquesta “A Manuel de Falla”
(Estreno Absoluto. Obra por encargo de la Fundación AEOS y la SGAE)
L. van Beethoven
Sinfonía nº 4 en Si bemol Mayor Op. 60
Moisés P. Sánchez, pianoa
Nuno Coelho, zuzendaria
