Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 7-2014-2015

Gabonetako kontzertua – Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

W.A. Mozart: Exultate Iubilate
F. Mendelssohn: 2. sinfonia, “Lobgesang”

Marta Matheu, sopranoa
Maite Arruabarrena, mezzosopranoa
Maximilian Schmitt, tenorra
Bilboko Koral Elkartea (Julio Gergely, zuzendaria)
Víctor Pablo Pérez
, zuzendaria

DATAK

  • 18 abendua 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 19 abendua 2014       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Ekainaren 24an Gabon-gaua, eta bihar, Gabon-eguna

Felix Mendelssohnek (1809-1847), jakintsu izanik jaiotako gazteak, nahiko egun lanpetua izango du, eta nahiko zaratatsua. Gaur 1840ko ekainaren 24a da, eta Felix, Leipzigeko musika-zinegotzia den aldetik (ez dago bere postuaren espirituari buruzko itzulpen hoberik), Gutenbergek inprenta asmatu zueneko laugarren mendeurreneko musika-ekitaldiak koordinatzeaz arduratu da. Koordinatzeak esan nahi du bi lan konposatzea, entseatzea eta estreinatzea. Biak ala biak nahiko bide desberdinetatik pasatuko ziren historiara: Lobgesang Sinfonia eta Festgesang Kantata dira aipatutako bi lan horiek.
 
Has gaitezen gaur gauean entzungo ez dugunetik; gutxienez, ez horma hauen artean. Festgesang (MWV D 4) jai-giroko pieza da, Merkatuko Plazaren kanpoaldean joa izateko pentsatutakoa. Gizonen koru bat eta bi harmailatan banandutako haize-instrumentuen banda bat arduratu ziren jardunaldiari hasiera emateaz, hurrengo egunean, ziurrenik, obratxo hau baztertuta geratuko zen arren. Baina ez zen hala gertatu. 15 urte geroago, moldatzaile britainiar batek –William Cummings– berriro aprobetxatu zuen kantatako bigarren mugimenduko melodia gogoraerraza, historiako Gabon-kantarik ospetsuenetakoa sortzeko: Hark! The Herald Angels Sing. Bila ezazue youtube-n etxera bueltatzen zaretenean, eta egiaztatuko duzue. 1840ko San Joan gauetik 1855eko Gabon-gauera bitarteko igarobidea eraldaketa ia naturala izan zen, kantu polit baterako. Mendelssohnek dozenaka konposatzen zituen, ia batere ahaleginik egin gabe.
 
Haren garaikideek ez zekiten nola pilatu zitekeen hainbeste talentu, pertsona bakarrean eta hain adin goiztiarrean: piano-jotzailea, margolaria, konpositorea, orkestra-zuzendaria, kontserbatorioen sortzailea, bidaiari nekaezina eta poliglota zen, eta ahaztutako musikak lurpetik ateratzen ere iaioa zen. Haren egunak 24 hilabetekoak ziren. Mundu germaniarrean lehendik ere ohituta zeuden –Bach, Haydn, Mozart, Beethoven eta Schuberten katea aipatu besterik ez dago–, baina Felixekin epitetoak agortu zitzaizkien. Eta, gainera, kristautasunera bihurtutako bankari juduen leinu batetik zetorren. Horrek izugarri erraztu zituen antolakuntza eta finantza arlo guztiak, nahiz eta ia pikutara bidali zuen musikari eskaintzen zion jarduna. Oso jarduera ohoragarria zen, baina besteek egin zezaten. Mendelssohnek mirari ekumenikoz lortu zuen konpositorea izaten utz ziezaioten. Haren irakasleek ez zuten sinesten, eta dezente presionatu zuten.
 
Ignaz Moscheles (1794-1870) bere garaiko piano-jotzailerik ospetsuenetakoa izan zen. Beethovenekin kolaboratu zuen –eta haren lagun izaten jarraitu zuen– (hori historiara pasatzeko arrazoi nahikoa da), eta, gainera, Europako errege-etxe pare baten errespetua zeukan, eta, apaltasun osoz, erreferentziako figuratzat zeukan bere burua. Gutxienez, hamabost urteko Felix mukizu hura ezagutu zuen egunera arte. Pertsonaia horrek hainbeste erakartzen zuen, Moschelesen oroitzapen ospetsuak ia zentratuago baitaude Mendelssohnengan, berarengan baino.
 
1840ko uda hartan bertan, Mendelssohn Ingalaterrara joan zen, maiz egiten zuen bezala, bere sinfonia berria han estreinatzeko. Hain zuzen ere, Moschelesen izan zen bidaiaren gaineko xehetasunak konpondu zituena eta etxean hartu zuena, emaztearekin eta seme-alabekin batera; izan ere, Moscheles Britainia Handian bizi zen. Irailaren 23an hauxe idatzi zuen:
“Mendelssohnek hemen egin duen agerpenak bizitzaren gaineko alaitasun berritua eman dit. Nire senideen ostean, bera dago hurrengo postuan nire afektuari dagokionez. Nik zenbait modutan ikusten dut: anaia gisa, seme gisa, maitale gisa; baina, batez ere, musikazale izugarri gisa, lortu duen mailaz konturatzen ez den musikazale gisa, hain zuzen ere. Ezin hobeto daki egokitzen jende arruntez betetako mundu honetara, eta, bien bitartean, haren jenioa gainerakoen gainetik doa hegan…”.
 
Eta horrela jarraitzen du beste zenbait lerroaldetan. Egia esan, beste ehunka orrialdetan.
 
Artillerorik amorratuenek ere aurkitzen zuten Felix sutetik salbatzeko moduren bat. 1862an, Paul Scudo musika-kritikari frantses zorrotza egurra ematen ari zitzaion Gounod aberkidearen Reine de Saba lanari –eta, bide batez, parean jartzen zitzaizkion guztiei–, hitz hauekin:
Reine de Saba lanaren libretoa, zalantzarik gabe, pobrezia negargarrikoa da, baina poemaren urritasuna ez litzateke erabili beharko konpositorea zuritzeko… Zoritxarrez, Gounod jaunak Beethovenen azken koartetoetako zenbait atal perturbatu miresten ditu. Iturri problematiko horretatik sortu dira Alemania modernoko musikari txarrak: Liszt, Wagner, Schumann, eta ezin ahaztu Mendelssohn, bere estiloko zenbait ezaugarri nahasgarriri dagokienez”.
 
Azken hori hain da aizkorakada zintzoa, ia-ia fereka dirudi.
 
Paradoxikoa badirudi ere, haren kide germaniarrak izan ziren Mendelssohnekin zerbait gertatzen ari zela pentsatzen hasi zirenak. Pentsatu egiten zuten, ez zegoelako adorerik hori ahots goran esateko. Modu lotsatian, han eta hemen, norbaitek xuxurlaka esaten zuen gero eta sentimendu orokorragoa bihurtzen ari zen hura: Mendelssohn hain goiztiarra eta hain diziplinatua izan zen bere ikasketetan, ez baitzuen haurtzarorik izan. Baina, era berean, ez zuen nerabezarorik edo gaztarorik ere izan, eta, oro har, ez zuen bere hegoekin hegan egiteko aukera emango zion matxinadarako etapa edo zantzurik txikiena ere izan. Mendelssohn formaltxoegia atera zitzaien! XIX. mende viktoriarrean horrelako zerbait esatea zen, gutxi gorabehera, Kaiserrari esatea bezala larrugorritan jar zedila tropak ikuskatzeko. Inork ez zuen gaia atera, harik eta Wagnerrek, baldar horrek –urteak zeramatzan haren kontra zerbait esan nahian–, Mendelssohn hil zela aprobetxatu zuen arte, panfleto batean asto beltzarenak esateko hari buruz, bide batez haren aurrekari juduen berri ere emanez. Modu batean edo bestean, Mendelssohnen figura erabat baztertu zen musika alemaniarren historiatik. Horren erakusgarri, esan beharra dago oraindik ere ez dugula haren obra osoari buruzko edizio kritikorik. Bachekin eta Mozartekin, aldiz, bigarrena ere egin dute.
 
Baina entzuleetako askok haren obren edertasunari fidelak izaten jarraitu zuten. Zuzendariei biziki gustatzen zitzaien musika hori jotzea, orkestrei ere bai, eta entzuleek izugarri maite zuten doinu horiek entzutea. Bere azken bost sinfoniak ahanzturatik libratu ziren. Eta, horien artean, Lobgesang Sinfonia hau dago, Felixek ekainaren 24ko iluntzean zuzendu zuena, Leipzigen. Orain Santo Tomas elizaren barruan gaude.
 
500 musikari pilatu ziren bertan, ahalegin horretan laguntzeko. Eta pilatuta zeuden, tenpluak 1.200 arimarentzako tokia zeukan eta. Denboraren neurriak ere egoeraren maila berean daude: ordubete baino gehiago irauten duen musika, abeslari bakarlariak eta korua ere bazituen sinfonia batean. Duela gutxi amaitu den XX. mendeak Beethovenen Bederatzigarrenaren inguruko erreferentzia ikusi nahi izan du bertan, baina ziur bertaratu zirenek askoz ere presenteago izan zituztela Bachen ahots-obra handiak –hein handi batean Felixek erreskatatutako herrikide ospetsua– eta Handel zein Haydnen oratorioak. Egiaz, inork ere ez zuen jakin zergatik deitu zion sinfonia, eta ez oratorioa. Edonola ere, izaera zabal eta garden bikoitzak obra honen kontra jokatu zuen. Ez zen Spohrren sinfoniak bezain ganberakoa, ez eta Mahlerren sinfoniak bezain hanpatua ere. Zuzendariek, batzuetan, hasierako saioak jotzearen alde egin izan dute, zati horiek orkestrarako dira huts-hutsean eta. Entzule gehienek buruz dakizkite mugimendu horiek.
Mendelssohnen sinfoniaren aurretik, gaur egungo errepertorioan sendotuta dagoen beste obra bat eskainiko da: Wolfgang Amadeus Mozarten (1756-1791) Exsultate Jubilate motetea, soprano bakarlariarentzat. Ume-umea zenetik, Mendelssohn Mozartekin konparatu izan zuten, goiztiartasunari zegokionez; eta, hain zuzen ere –hain gazterik hil izan ez balitz–, Mozartek eskolak ere emango zizkion, beharbada. Egia da antzekotasunak nabarmenak direla. Salbuespen bakarra da, esan dugun bezala, Wolfgangek, guretzat zorionez, gaztaro luze eta bihurria izan zuela. Eta bere familiak ez zeukala txakur txikirik ere. Egoera horrek dezente konplikatu zituen intendentzia arloak.
 
Hain zuzen ere, motete hau Mozarten (hamabost urte inguru zituen) lan-bilaketa alderraiaren haritik sortu zen. Mutikoa Milanen zegoen, hiriak enkargatu zizkion opera-emankizunak zuzentzen (Lucio Silla, hain justu), eta orduantxe, 1773ko urtarrilaren 17an, San Antonio Abadearen tenplu teatinoan, Venanzio Rauzzini kastratoak motetea kantatu zuen, bere burua arlo jainkotiarrean eta arlo gizatiarrean bikoiztuz, aldi berean operako protagonistetako bat ere bazen eta. Testuak Gabonetako giroa zuen, eta, zer diren gauzak, Wolfgang Salzburgora berehala bueltatu ostean, Europako hiriburuetan ez baitzuen berarentzako moduko lan duinik lortu, norbaitek –agian Mozartek berak– beste testu bat aplikatu zion musika horri, Trinitate Igandera egokitzeko, hau da, Mendekoste ondoreneko hurrengo igandera. Egutegi liturgikoan data jakinik ez duen eguna, San Joan baino apurtxo bat lehenago ospatu ohi dena. Edonola ere, melodia birtuosistikoak, ia instrumentalak direnak euren zailtasunean, Wolfgangen ahots-jenioaren punta-puntako eredu gisa finkatu dira gaur egun.
 
Zoritxarrez, biak gazteegi hil ziren. Zorionez, biak oso gazterik hasi ziren gu txunditzen.
 
Joseba Berrocal
 

MARTA MATHEU – Sopranoa
Tarragonan jaio zen. Kantuko Goi Mailako Gradua atera zuen Ana Luisa Chova katedradunarekin, Valentziako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Ohorezko Matrikula lortuz.
Besteak beste, Montserrat Caballé, Helena Obratzova, Nelly Miriccioiu, Roger Vignoles eta Wolfram Riegerren aholkuak jaso izan ditu.
Estatuko zein nazioarteko kantu-lehiaketa ugaritan izan da saritua; hauek dira bere sarietako batzuk, besteak beste: Manuel Ausensi Lehiaketako X. edizioko lehenengo saria, entzuleen saria Montserrat Caballé Nazioarteko VII. Lehiaketan, eta bigarren saria, Mozart Saria eta espainiar abeslaririk onenaren saria, Francesc Viñas Nazioarteko XLV. Lehiaketan.
Espainiako eta atzerriko kontzertu-areto garrantzitsuetan kantatu izan du, orkestra askorekin eta, besteak beste, J. Casas, A. Leaper, V. Pablo Pérez. A. Ros-Marbà, E. Oue, P. Sákari, J. Pons, G. Neuhold, C. Rizzi, F. Biondi eta E. Onofriren zuzendaritzapean.
Hainbat grabazio ditu merkatuan, Opus Arte, Naxos, Bottega Discantica, Klassicat eta Brilliant disko-etxeekin eginda.
 

MAITE ARRUABARRENA – Mezzosopranoa
Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan, Errenteriako Andra Mari Abesbatzan eta Donostiako Orfeoiko kantu eskolan trebatu ostean, Italiara joan zen, eta, han, Claude Thiolasekin batera hobetu zuen bere teknika.
Toti dal Monte Nazioarteko Kantu Lehiaketan (Treviso – Italia) 1. saria lortu ondoren, jarduera biziari ekin zion, Espainiako kontzertu-areto nagusietan arituz: Madrilgo Errege Antzokia eta Zarzuela, Bartzelonako Liceu, Sevillako Maestranza, Las Palmasko Pérez Galdós, Oviedoko Campoamor, Bilboko Euskalduna eta Arriaga, Donostiako Victoria Eugenia eta Kursaal, eta beste hainbat tokitan, bai eta Mexiko Hiriko Arte Ederretan, Montpellierreko Teatre de la Comedie delakoan, Comunale di Treviso eta Rovigon, Messinako Vittorio Emanuelen, Strasbourgeko, Luzernako, Luganoko eta Padovako auditoriumetan, Amsterdameko Koncertgebowen, Vienako Konzerthausen, New Yorkeko Lincoln Centerren, Lisboako Gulbenkian eta Belemgo Kultur Zentroan, eta abar.
La Capella Reial de Catalunya taldeko kidea izan da, eta errepertorio barroko eta errenazentista jotzen espezializatutako talde askorekin kolaboratu izan du.
Zuzendari ospetsu askoren gidaritzapean kantatu du: Peter Maag, Sir Neville Marriner, Alberto Zedda, Christopher Hogwood, Claudio Scimone, Ivan Fischer, Theodor Gulschbauer, Giuliano Carella, Victor Pablo Pérez , Miguel Angel Gómez Martínez, Philippe Herrevegue, Franz Brüggen, Jordi Savall, eta abar.
Astré Auvidis, Accentus, Alia vox, Naxos, Tritó, Elkar eta Claves disko-etxeetarako grabazioak egin izan ditu.
 
 
MAXIMILIAN SCHMITT – Tenorra / Tenor
Maximilian Schmittek kantua ikasi zuen Roland Hermannekin eta Anke Eggers irakaslearekin, Berlingo Arte Unibertsitatean. 2005 eta 2006an, Munichen, Bavierako Estatuko Operako gazte Ensembleko kidea izan zen.
Oso errepertorio zabala duenez, hainbat zuzendarik gonbidatzen dute maiz; besteak beste, Franz Welser-Most, Daniel Harding, Fabio Luisi, Trevor Pinnock, René Jacobs eta Robin Ticciatik. Gainera, orkestren gonbidapenak ere jasotzen ditu; adibidez, Akademie für Alte Musik Berlin, Tonhalle-Orchestra Zurich, Bavarian Radio Symphony Orchestra, Vienako Sinfonikoa, Clevelandeko Orkestra, Leipzigeko Gewandhaus Orkestra, Orchestre de Paris eta Ensemble Orchestral de Paris orkestrenak.
2014/2015 denboraldian, New Japan Philharmonic Orchestrarekin arituko da, bai eta MDRko Orkestra Sinfonikoarekin ere Salzburgoko Jaialdian, eta Camerata Salzburg taldearekin. Maximilian Schmitt estu lotuta dago WDR Orkestra Sinfonikoarekin, eta, hain zuzen ere, 2015eko hasieran, aria erromantikoei buruzko CD bat grabatuko du orkestra horrekin, OEHMSclassics disko-etxearentzat.
Bere grabazioen artean, hauek dira nabarmentzekoak: Haydnen Kreazioa (Baroque Orchestra Freiburg / René Jacobs / Harmonia mundi France), Pasioa San Mateoren arabera (Gewandhausorchester / Riccardo Chailly – DECCA), Dvorak (Real Orquesta flamenca / Philippe Herreweghe) eta Bach Gabonetako Oratorioa DVDa (Akademie für Alte Musik Berlin / Peter Dijkstra).
2001etik, kantu-irakaslea da Musikenen.
 

VICTOR PABLO PEREZ – Zuzendaria
Víctor Pablo Pérez Madrilgo Erkidegoko Orkestra eta Abesbatzako zuzendari artistiko eta titularra da, bai eta Galiziako Orkestra Sinfonikoaren eta Tenerifeko Sinfonikoaren ohorezko zuzendaria ere.
Burgosen jaio zen, eta Madrilgo Musikako Errege Kontserbatorioan eta Municheko Hochschule für Musik delakoan ikasi zuen.
1980tik 1988ra, Asturiasko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta titularra izan zen, 1987an Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari gonbidatu nagusi izendatu zuten, 1986tik 2005era Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta titularra izan zen, eta 1993tik 2013ra Galiziako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta titular gisa aritu zen.
Maiz kolaboratzen du Madrilgo Errege Antzokiarekin, Bartzelonako Gran Teatre del Liceurekin, Coruñako Mozart Jaialdiarekin, Kanarietako Nazioarteko Musika Jaialdiekin, bai eta Perelada, Granada, Santander, Schleswig Holstein, Rossini Opera Festival, San Lorenzo del Escorialeko Jaialdia eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin ere.
Víctor Pablo Pérez zuzendari gonbidatu gisa aritzeko gonbidatzen dute hainbat taldetan: Frankfurteko HR-Sinfonieorchester, Berliner Symphoniker, Münchner Symphoniker, Dresdner Sinfoniker, Philharmonia Orchestra, Orquestra del Maggio Musicale Fiorentino, Orchestra dell´Accademia Nazionale de Santa Cecilia di Roma, Erromako RAIren Orkestra Sinfonikoa, Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi, Orchestre National de Lyon, Orchestre National du Capitole de Toulouse, besteak beste.
Bakarlari handiekin aritu ohi da lankidetzan, hala nola, K. Zimerman, G. Sokolov, A. Volodos, F.P. Zimermann, L. Kavakos, A.S. Mutter, Gil Saham, G. Kremer, Renée Fleming, Ewa Podles, N. Dessay, Natalie Stutzmann, Placido Domingo, Rolando Villazón, María José Moreno eta Ann Murrayrekin.
San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako (Madril) eta Nuestra Señora del Rosarioko (Coruña) akademikoa da, eta, 1995ean, Musikako Sari Nazionala eman zioten.

LAUDORIOZKO KANTU BAT, GABONETAN
Badirudi Beethovenen eta Bachen espirituek Mendelssohnen maisulan hau argitzen dutela. Beethovenek irekitako bideari jarraituz, Mendelssohnek ahotsa sartu zuen Lobgesang (Laudoriozko ereserkia) izenarekin ezagutzen den bere bigarren sinfonian. Bachen tradiziorik onenean, lan hau oratorioaren antzekoa da; izan ere, Mendelssohn genero horren espezialista nabarmena ere bazen. Estreinaldiaren tokiak ere (Leipzigeko San Tomas eliza, non Bachek Pasioa, San Mateoren arabera estreinatu baitzuen 100 eta piko urte lehenago) historiari keinu egiten diola dirudi.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
20 - 22
Eka
2024
>SATURRARAN

SATURRARAN

Lekua: Arriaga Antzokia

Elezahar batek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten eta uretan ito ziren maitaleak. Itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez.

Elkar maitatu ezin diren bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maiteminduko dira. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Jose, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera. Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.

Kirmen Uribe


Opera Euskaraz, gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluekin.

Konpositorea: Juan Carlos Pérez.
Libretoa: Kirmen Uribe.
Zuzendaritza musikala: Jon Malaxetxebarria.
Zuzendaritza eszenikoa: Lucía Astigarraga.
Interpretatzaileak: Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka, Iñigo Fernández.
Korua: Sociedad Coral de Bilbao.
Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS).
Irudien diseinatzailea: Ibai Labega.
Argiztapena: Alberto Rodríguez Vega.
Eszenografia: Philip Rubner.
Piano-jotzailea: Iñaki Belasko.
Esker onak: Sergio Verde, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, María Laespada, María Ángeles Etxabe, Jon Iñaki Artetxe, Ibon Basterretxea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Arriaga Antzokiaren koprodukzio bat.


Informazioa eta sarrerak

Gehiago ikusi
03 - 04
Urr
2024
>Beethovenen Enperadorea

Beethovenen Enperadorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

L. van Beethoven: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Op. 73 “Enperadorea”
A. Dvorák: 8. sinfonia Sol Maiorrean Op. 88

Vadym Kholodenko, pianoa
Nuno Coelho, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
10 - 11
Urr
2024
>Klasikoak gazteak dira

Klasikoak gazteak dira

Lekua: Euskalduna Jauregia

W.A. Mozart: Bahiketa harenean, Obertura K. 384
F.J. Haydn: Biolontxelorako eta orkestrarako 1. kontzertua Do Maiorrean Hob. VIIb:1
Caroline Shaw: Entr’Acte
F.J. Haydn: 60. sinfonia Do Maiorrean Hob. I:60 “Il Distratto”

Julia Hagen, biolontxeloa
Lorenza Borrani, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
17 - 18
Urr
2024
>Arrosaren zalduna

Arrosaren zalduna

Lekua: Euskalduna Jauregia

D. Shostakovich: Piano eta orkestrarako 1. kontzertua Op. 99
A. Leng: Alsinoren heriotza
R. Strauss: Der Rosenkavalier, Suite Op. 59

Sergei Dogadin, biolina
Luis Toro, zuzendaria

Gehiago ikusi