Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 15-2013-2014

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

L. van Beethoven: 8. sinfonia Fa maiorrean, op. 93 (27’)
P. Glass: Fantasia kontzertua, tinbal birako eta orkestrarako (25’)
R. Strauss: Don Juan, op. 20 (18’)

Javier Eguillor: tinbalak
Julien Bourgeois: tinbalak
Günter Neuhold

DATAK

  • 08 maiatza 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 09 maiatza 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Energiaz gainezka…

Gaualdi sinfoniko hau erabat asegarria izango da gure musika gosearentzat, eta, aldi berean, zeharo bizkortuta itzuliko gara etxera hura entzun ondoren.

Ludwig van Beethovenek (Bonn, 1770 – Viena, 1827) lau hilabetean idatzi zuen 8. sinfonia Fa maiorrean, Op. 93. Hain zuzen ere, hauxe da musikagilearen bederatzi sinfonietan laburrena, Lehen Sinfoniarekin batera, eta oso kuttuna zuen egileak: “Fa-ko nire sinfonia txikia” esaten zion, Pastorala obratik bereizteko, zeina fa-ko sinfonia handia baita. Zortzigarrena giro alaiko obra da, nahiz eta haren zirriborroa Teplitz eta Karlsbadeko bainu-etxeetan egindako egonaldi luze batean landu zuen Beethovenek -hain maiz erasotzen zioten gaixotasun haietakoren baten mende-, eta amaitu, berriz, Linzen amaitu zuen, hara joan zelarik bere anaiak bertan behera utz zezan Therese Obermeyerrekiko maitasun afera (“Gauaren Erregina” esaten zion musikagileak Obermeyerri). Aurkako testuinguru hark ez zuen konposizioaren umore ona inondik inora pozoitu.

Lehenengo mugimendua, Allegro vivace e con brio, bizi-bizia da –suminaldiren bat barne–, eta txantxa kutsua du (nabarmentzekoak dira fagotaren eta tinbalaren zortzidunak); hala ere, suspenserako tartea ere uzten du, eta bide horri heldu zion Beethovenek, hain zuzen ere, garapenaren atalean, gai nagusia aurkeztu orduko desagerraraziz. Era berean, transzendentzia iradokitzen digu, soinu materialari kontrapuntu bidezko trataera emanez.

Allegretto scherzando mugimenduan, alaitasuna nagusitzen da, berriro ere. Haren amaieran, jolaserako grina nabarmentzen da, figurazio bizkorren italiar kadentzia probokatzaile bat eta crescendoa proposatzen baitu, amaieraraino, nolabait Rossiniren oihartzuna dakarren tankera batez.

Hirugarren mugimenduak, Tempo di menuetto, agerian uzten du Beethovenek edertasunarekiko zuen mugarik gabeko maitasuna, batik bat hari instrumentuen legato pasarteetan eta tarteko Trioko klarinetearen eta tronpen arteko elkarrizketa zoragarrian.

Sinfoniaren amaierako Allegro vivace mugimenduan, azkenik, bi ideia uztartzen dira erabateko harmonian. Batetik, Beethovenen garaikideek harengan ikusten zuten bizitasunaren ideia ageri da –“garaiera txikiko gizona, zeinetan biltzen baita hogei gudarosteren kemena”- garapenaren pasartean, itxurazko handinahikeria transzendentzia eta sakontasun bihurtzen delarik. Nabarmentasunez eta erabateko adierazkortasunaz, etenaldi sarri eta efektistez, Beethovenek adeitsu zabaltzen dio atea bigarren gaiari, zeinetan nabarmentzen baitira inspirazio melodikoa eta edertasuna; eta energiaz eta alaitasunez gainezka amaitzen du obra.

Zortzigarrena Vienan estreinatu zuten, 1814ko otsailaren 27an, baina ez zuen izan egilearen ustez zegokion arrakasta. Obrak jasotako erantzun epelak etsipena eragin zion Beethoveni, baina filosofiaz hartu zuen, hala ere: “Egunen batean, gustukoa izango dute”. Gu zoratu egiten gaitu.

Philip Glass (Baltimore, 1937) musikagile oparoa da: operak, sinfoniak, kontzertuak eta zinemarako musika landu ditu (BAFTA sari bat eskuratu zuen Orduak filmerako sortutako musikari esker). Estilo eta kultura askotako musikariekin lankidetzan jardun ohi du, baita askotariko arlo artistikoetako sortzaileekin ere, antzerki, pintura nahiz poesiaren arlokoekin, esaterako. Haren hizkuntzaren oinarriei dagokienez, egitura errepikakorrak eta soinu eredu gehigarriak dira nagusi. Fantasia kontzertua bi tinbalari eta orkestrarako lana perkusio-jotzaile nahiz orkestrentzako erronka itzela da; hain erronka zaila, American Symphony Orchestrak estreinatu zuenetik (Estatu Batuetan, 2000. urtean) inon gutxi interpretatu izan baitute Europan, Britainia Handia edo Paris alde batera utzita. Gainera, azpimarratzekoa da ez dagoela tinbala instrumentu bakarlaritzat duten konposizio asko. Bi ezaugarri horiek uztartzen dituela kontuan hartuta, beraz, ikuskizun zinez bitxi eta ezohikoa da kontzertu hau.

Obrak halako kutsu zinematografikoa du, atzealde melodikoa eta tinbre kolore aberatsa, perkusioaren erakustaldi txundigarri bat barne duela. Hiru mugimendu eta kadentzia batek osatua da. Perkusio-jotzaile batek zazpi tinbal erabiltzen ditu hura interpretatzeko, eta besteak, bost.

I. mugimenduaren ardatza metrika definitu eta indartsua da. Melodia-erritmo gai soil eta errepikakor batekin hasten da, eta, aurrerago, beste pare bat ideia gehitzen zaizkio, ez hain adoretsuak, baina argi bereiziak. Eta, amaitzeko, disoluzio edo “lausotze” atal labur bat.

II. mugimendua modu zehaztugabeagoan hasten da, modu misteriotsuagoan, erregistro baxuago batean, harik eta glockenspiela agertzen den arte, bere tinbre etereo eta iheskorrarekin soinu paisaia guztia argitzera. Harrezkero, klimaxera eramango gaitu musikak, pixkanaka eta poliki-poliki, berriro musika-tresna arinenak agertu arte.

Jarraian, Kadentziari eskainitako pasarte luze bat datorkigu. Klasizismoaz geroztik kontzertuaren generoan ohi den legez, instrumentu bakarlarien erakustaldi tekniko eta adierazkorrari begira bereziki diseinatutako pasartea da. Harrigarria eta kitzikagarria.

Obra III. mugimenduarekin amaitzen da; mugimendu horretan, indar handiko diskurtsoa osatzen du melodia-erritmo zelula batek, berriro ere, eta, pixkanaka, amaiera erabateko eta efektista batera garamatza.

Eta orobat da distiraz betea, zalantzarik gabe, Richard Straussen hizkuntza (Munich, 1864 – Garmisch-Baviera, 1949). XX. mendeko lehen erdiko musikagile ospetsuenetakoa izan zen, Bavierako gorteko orkestrako kide zen tronpa-jotzaile birtuoso baten semea. Gorte hartan koroatu zuten Luis II.a gaztea, Richard Strauss jaio zen urtean bertan (errege haren erretratu asaldaria osatu zuen Viscontik Luis II.a Bavierakoa, errege eroa filmean). Strauss klase ertaineko familia batean hazi zen, musikaz inguraturik; aitaren eraginpean, Wagnerren joeren kontrako hezkuntza jaso zuen, klasizismoaren ildotik. Hogeita bat urterekin, ordea, bere nortasunari hobeto egokituko zitzaizkion adierazpideen bila abiatu zen, eta musika programatikoaren arloan aurkitu zituen. “Musikaren alderdi poetikoa, adierazkorra garatzea” zuen helburu, “Liszt, Wagner eta Berliozen obrek erakusten duten moduan”, eta bilaketa horren emaitza dira haren olerki sinfonikoak (“soinu olerkiak”, hala esaten zien berak), izugarri deskribatzaileak. Olerki sinfonikoa Erromantizismoan sorturiko genero berria zen; genero horretan, argumentu baten mende jartzen du orkestrak bere soinu aniztasun eta kolore instrumental guztia: jatorri literarioko argumentu baten mende oro har, nahiz eta badiren filosofian oinarrituriko olerkiak edo olerki nazionalistak. Don Juan, Op 20 Richard Straussek idatzitako olerki ugarietako bat da, haren hizkuntzaren bereizgarri diren maisutasun eta orkestra distira guztiaz hornitua. Zalantzarik gabe, halako lan bat idaztea egitandia da hogeita lau urteko gazte batentzat, baina, goiztiarra izanik ere, berezko talentu eta heldutasun musikal harrigarria zituen Straussek. Lan horretan, musikaren bidez kontatzen ditu Don Juanen abenturak eta irrikak, Nikolaus Lenau alemaniar olerkariaren pertsonaian libreki inspiratuta. Honela deskribatu zuen musikagileak: “Don Juanen nire bertsioa ez da emakume guztien atzetik dabilen gizon odolbero batena. Eterno femeninoaren haragitze perfektua izan litekeen emakumearen mira du, emakume bat zeinaren bidez izan zitekeen Unibertsoko emakume guztien jabe. Emakume hura aurkitu ezinik limurtzen dituen emakumeengan, gogaitasunak mendean hartzen du, eta galbidera eramaten”.

Musikagileak ezin konta ahala efektu eta ñabardura ateratzen dizkio orkestrari, aniztasunaren eta bikaintasunaren erakustaldi liluragarri batean. Partituran elkarrekin gurutzatzen diren melodia inspiratuek iradokitzen dizkigute seduzitzaileak limurtutako emakumeak; soinuzko erretratu horien artean, badira erabat fidakorrak edo samurrak, bikainak edo minberak, baina guztiak ere oso erromantikoak dira. Miresgarriak dira, halaber, protagonistaren irudiak, haren handikeria eta irrika eutsiezina, harik eta errauts bihurtuta gelditzen diren arte, azken bertsoan: “Iraungita dago sua; hotz eta ilun, bihotza”.

Goza ezazue, bada, musikaren ahalmen miragarriaz, eta betiko zuekin izan dezazuela haren onura.

Mercedes Albaina
 

 

Javier Eguillor Valera, tinbala

Javier Eguillor Valentziako Orkestrako tinbal bakarlaria da 2002ko martxotik. Bere jaioterrian, Xixonan, hasi zituen musika-ikasketak, eta Alacanteko Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten; han, Ohorezko Matrikula lortu zuen karrera amaitzean. Ondoren, Rainer Seeger’s Berlingo Filarmonikoko tinbal bakarlariarekin jarraitu zuen ikasten.

Carlos Carli bateria-jotzailearekin ere ikasi zuen Madrilgo Jazzeko Sorkuntza Eskolan, eta Fernando Colomoren “Allegro ma non troppo” filmean hartu zuen parte, bateria-jotzaile gisa.

1990ean, J.O.N.D.E.k kontzertu-bira bat egitera gonbidatu zuen, eta emanaldietako bat New Yorkeko Carnegie Hallen izan zen.

1995ean, Munduko Orkestran sartu zen, Yehudi Menuhinen zuzendaritzapean; eta, 1996an, berriz, Europako Erkidegoko Gazte Orkestran. Talde horrekin, Moskuko Tschaikovsky aretoan, Amsterdameko Concertgebouwen, Londresko Albert Hallen (PROMS) eta Vienako Musikvereinen jo izan du, Sir Colin Davis, Bernard Haitink, Vladimir Ashkenazy edota Carlo Maria Giuliniren zuzendaritzapean, eta Radu Lupu, Emanuel Ax, María Joao Pires eta Sarah Changen mailako bakarlariekin arituz, besteak beste.

Maiz aritzen da lankidetzan Espainiako zuzendari eta orkestrarik garrantzitsuenekin.

Javier Eguillor BandArt taldeko kidea da; hain zuzen ere, talde hori mundu mailako orkestra garrantzitsu batzuetako bakarlariek osatzen dute. Talde horren burua Sir Colin Davis maisua da.

 

 

Julien Bourgeois, tinbala

Julien Bourgeois Lyonen (Frantzia) jaio zen. Bost urterekin, aitarekin batera danborra jotzen zuen bere hiriko bandan. Lyongo Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi zuen François Dupinekin, eta 1993an lortu zuen titulazioa.

Perkusioko eta tinbaletako bakarlaria izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, eta lehenengo tinbal-bakarlaria, berriz, Montecarloko Orkestra Filarmonikoan.

2005-2006 denboraldi osoan, Berlingo Irratiko Orkestrarekin jo zuen, eta ohiko gonbidatua izaten da Parisko Orkestran, Frantziako Orkestra Nazionalean, Radio-Franceko Orkestra Filarmonikoan eta Tolosako (Frantzia) Capitolen.

2007an, Monakon, bakarlari gisa jo zuen Druschetzkyren Kontzertua sei tinbal barrokorako eta orkestrarako, Paul McCreeshen zuzendaritzapean; eta, 2012an, Javier Eguillorrekin batera, Philip Glassen Fantasia kontzertua, bi tinbalari eta orkestrarako estreinatu zuen Espainian, Valentzian hain justu.

2011tik, Les Dissonances ganbera-orkestrarekin aritzen da, David Grimal biolin-jotzailearen zuzendaritza artistikopean. Ganberako zenbait talderekin ere aritzen da.

Tarteka, Julien Bourgeoisek eskolak ematen ditu, besteak beste, Frantziako Gazte Orkestrako kideei.
 

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
01 - 02
Urr
2026
>Basoko murmurioak

Basoko murmurioak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Richard Wagner Siegfried, Waldweben Richard Strauss Vier letzte Lieder Sergei Prokofiev 7. sinfonia do sostenitu minorrean Op. 131 Sinfonía n.º 7 en do sostenido menor Op. 131
Vanessa Goikoetxea, sopranoa Eduardo Strausser, zuzendaria
Basoa denboraldia hasiko dugu Sigfridoren pausoei jarraitzen dien baso bizi bateko soinuekin, eta atzean geratzen ari den garai bateko lurrin nostalgikoarekin, Straussek bere Azken lau liederretan islatu zuena; amets hutsa Vanessa Goikoetxearen ahotsean. Agur esateko beste obra bat, 7. sinfonia; Prokofievek agur esaten digu soiltasunez eta irribarre zintzo batekin.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
08 - 09
Urr
2026
>Natura abesten

Natura abesten

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Antonin Dvorak Elezaharrak, hautaketa Op. 59 Leyendas, selección Op. 59 Johann Nepomuk Hummel Sarrera, tema eta bariazioak oboerentzat Op. 102 Introducción, tema y variaciones para oboe Op. 102 Ludwig Van Beethoven 6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 «Pastorala» Sinfonía n.º 6 en Fa Mayor Op. 68 «Pastoral»
Françoise Leleux, oboea eta zuzendaria
Pastorala da Beethovenek bere naturarekiko sentitzen zuen maitasun neurrigabea hobekien irudikatzen duen obra. Sinfonia hori musikagileak Viena inguruko basoetan zehar igaro zituen ordu luzeetan inspiratuta dago, Dvorakek Elezaharrak obran jatorriko Bohemiaren aroma islatu zuen bezala. Hori guztia François Leleuxek orkestrarekin egiten duen debutean, solista eta zuzendari moduan.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
15 - 16
Urr
2026
>Berriro elkartzea

Berriro elkartzea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Jesús Guridi El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa / preludio del acto II Joaquín Rodrigo Concierto in modo galante Wolfgang Amadeus Mozart 40. sinfonia sol minorrean K. 550 Sinfonía n.º 40 en sol menor K. 550
Asier Polo, biolontxeloa Juanjo Mena, zuzendaria
Badaude orkestra baten nortasuna adierazten duten zuzendariak, eta zenbaitek garai oso bat markatzen dute. Juanjo Mena, taldeko titularra izan zena 1999tik 2008ra, multzo horretan dago. Maisuaren eta BOSen bideak berriro elkartu dira, eta elkarrekin bizi izandako guztia aitortu eta eskertzen dute. Berriro elkartuko dira eta horren testigu izango da etxe honetan oso maitatua den artista bat, Asier Polo biolontxelo-jotzailea.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
19
Urr
2026
>French jolies

French jolies

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Ludwig Thuille Seikotea piano eta haize boskoterako Si bemol Maiorrean Op. 6 Albert Roussel Divertissement Op. 6 Francis Poulenc Seikotea piano eta haize boskoterako
Gehiago ikusi