Kontzertuak

BOS 4

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Paul Daniel, zuzendaria

    • George Gershwin. (1898 – 1937) Strike up the band, obertura (7’)
    • Sergei Rachmaninov. (1873 – 1943) 4. kontzertua piano eta orkestrarako sol minorrean Op. 40 (1941eko bertsioa)
      • I. Allegro
      • II. Largo
      • III. Allegro vivace

Nikolai Demidenko, pianoa

  • Claude Debussy. 1862 – 1918) Iberia, orkestrarako irudiak 2. zk.
    • I.Par les rues et par les chemins
    • II. Les parfums de la nuit
    • III. Le Matin d’un jour de fête
  • Maurice Ravel. (1875 – 1937) La Valse, orkestrarako poema koreografikoa.

DATAK

  • 03 azaroa 2016       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 04 azaroa 2016       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

KOLOREZ JANZTEN DA MUSIKA

Udazkenak, denboraldi laburra izanik ere, Natura hotsez, usain gozoz, kolorez eta era guztietako sentipenez betetzen duen modu berean erditu zuten XX. mendearen lehenengo urteek musika adierazpen sorta bikaina –ausartak batzuk, hizkuntza erromantikoaren oinordekoak besteak–, eta, horrela, oso modu berezian aberastu zuten ordurako Europako mugak gaindituak zituen soinu paisaia…

Horrek oso ondo azaltzen du nola bultzatuko gaituzten Gershwinen freskotasun sortzaileak, Rachmaninoven erromantizismo denboragabeak, Debussyren soinu ametsak eta Ravelen imajinagintza preziosistak eserlekuan eroso eseri eta musikaren koloreak entzutera, gaur arratsaldeko egitarauan.

George Gershwinek (New York, 1898-Beverly Hills, 1937) bi ekitalditan idatzi zuen, 1927an, Strike Up the Band komedia musikala. Parodia politikoa da, George S. Kaufmanen gidoiarekin eta Morrie Ryskinden eleberrian oinarritua. Ira anaiaren abestiak bildu zituen, hark idatzi ohi baitzizkion abestiak; era berean, elkartu egiten zituen Marx anaien estilo zaratatsua –urte haietan arrakasta handia zutenak Broadwayn– eta iparramerikar estamentu militar eta politikoen kontrako gaitzespen garratza. Ikusleek ez zuten umore onez hartu erakundeen eta gerraren ahultasunen barruan bildurik zegoen ironia, eta bertsio berritu bat eskaini behar izan zuten egileek. Bertsio berriak aldarte arinagoa zuen, eta, hari esker, arrakasta handia lortu zuen 1930eko lehenengo sei hilabetekoan Times Square Theatren eskainitako 190 emanaldietan baino gehiagotan. Emanaldi haietako instrumentisten artean izen handiak zeuden, hala nola, Benny Goodman, Glenn Miller eta Jack Teagarden.

Miseriatik eta judutarren jazarpenetik ihesi Mundu Berrira iritsitako errusiar sendien seme hark gaztetasunaren freskotasuna eman zion musikari, bai eta jaiotzetiko dohaina duenaren bat-batekotasuna ere. Autodidakta izanik neurri handi batean, Gershwini gainezka egiten zion talentuak bazter guztietatik, eta horrenbeste musika eta hain ona sortu zuen, ezen bere musaren fokutik oso urrun zeuden musikagile eta entzuleak liluratzea ere lortu zuen. Erritmo sinkopatuak, egiazko doinuak, sentsualitate harmonikoa, dotoretasuna eta inspirazioa, horrek guztiak musika berezia osatzen du, eta bere grazia eta naturaltasunaz harrapatzen du entzulea, plazer handiz dastatzen den konbinatu bizigarri baten bitartez.

Urte haietan beretan, guztiz bestelako hizkuntzaz mintzatzen zen musika-lan bat osatu zuen beste errusiar batek. Sergei Rachmaninovek (Semionovo, 1873-Beverly Hills, 1943) 4. kontzertua pianorako si minorrean idatzi zuen 1926an. Osorik erbestean idatzitako lehenengo lana izan zuen hura. 1927ko martxoaren 18an estreinatu zen; Rachmaninovek jardun zuen ordukoan bakarlari, eta Leopold Stokowski izan zen Filadelfiako Orkestraren zuzendaria. Izen handi haiek gorabehera, hain harrera hotzila izan zuen, ezen musikagile-pianistak bi aldiz orraztu zuen lana (gaur 1941eko bertsioa entzungo da). Lan hura ez zegoen Rachmaninoven izenari lotu ohi zitzaizkion (eta zaizkion) doinu liluragarriez beteta, ez behintzat egile beraren piano eta orkestrarako beste musika lanak adina, eta hori izan zitekeen, hain zuzen ere, lan hark arrakastarik ez eduki izanaren arrazoia. Izan ere, bere nortasun ikurrak New Yorken urte haietan ezagutu berria zuen hizkuntza berri batekin bateratu zituen. Bereziki Gershwinen Rhapsody in Blue lanarekin gelditu zen liluratuta 1924ko estreinaldian, eta Atlantikoaren alde batera eta bestera zeuden beste musikagile askok bezala, jazzak eskaintzen zituen osagaiak miatu zituen: erritmo biziak, akorde nabarmenak, harmonia berriak… Orduko hartan, beraz, bere nostalgia goibel eta biziaren zama emozionala –dohain melodikoen bitartez bideratu ohi zuena– alde batera utzi, eta alaitasunarekin esperimentatzea erabaki zuen. Allegro vivacearen abiapuntutik bertatik igartzen zaio tratamendu harmoniko hori eta premiazko bultzada erritmiko bat. Edonola ere, pasarte baketsuago eta ameslariagoei ere egiten die lekua, eta, a priori zaila bazirudien ere, arrakastaz nahastu zituen larritasuna eta jolas melodikoa. Largoan, bakarlariak tonalitatearekin jolasten du, orkestra tapiz bero eta –hau bai– erabat erromantikoan, baina bere funtsa galdu gabe, hainbat hamarkada lehenago beste batzuek egindako bideak probatu nahi zituen Rachmaninov agertuz berriro ere. Indarrez eta originaltasunez beterik agertzen da bat-batean kontzertu berezi honi amaiera ematen dion Allegro Vivacea; musikariaren sormen izugarriko garaian sortu zen, zeinak, bere karreraren gailurrean zegoelarik, esperimentuetan jardutea erabaki zuen, udazkeneko abentura baten moduan. Zalantzarik gabe, inspirazioa eta nolabaiteko alaitasun dosiak presente daude beragan.

Claude Debussyk (Saint-Germain-en-Laye, 1862-Paris, 1918) bere karreraren amaieran osatutako hiru Irudiak orkestrarako haien artetik, Iberia da, seguruenik, gehien programatzen dena. 1908an idatzi zuen; beste hainbat musikagile frantsesek bezala, espainiar exotismoak liluratuta, hainbat soinu postal jaurti zituen orkestraren errepertoriora, zeinaren bitartez entzuleek lortzen zuten Europan egonik ere hain arrotz, misteriozko eta berezi sentitzen zuten leku hari buruzko ideia musikala osatzen beren baitan. Itxura denez, Debussyren harremana Espainiarekin mugatik hurbil igarotako ordu pare batekoa baino ez zen izan; edonola ere, bere kolore paletaren bitartez saiatu zen beretzat ezezaguna zen baina bere artista bihotzean amestu zuen herrialde hark irudikatzen zuen guztia biltzen.

Iberia lanean, Debussyk bere hizkuntzan ohikoa zena baino silueta definituago batez agertu zuen musika. Espainiar lurraldeak egileari iradokitzen zizkion bultzada erritmikoak, kolore harmonikoek eta aberastasun tinbrikoak lagunduko zuten beharbada horretan. Gainera, bere estiloaren ezaugarri zen testura zabal eta irekia gorderik, ahots instrumentalen tratamendu indibidualizatuak areagotu egiten du soslaiaren gardentasuna. Horretan lagungarria da, halaber, osotasun organikoa hiru mugimendutan egituratzea, “bizkorra-mantsoa-bizkorra” eredu klasikoari jarraituz. Alabaina, egilearen beste lan abangoardista batzuk baino egituratuago badago ere, lan horretan Debussyk ez zituen hiru espainiar eszena definitu nahi izan; aitzitik, entzuleengan hainbat sentipen edo inpresio eragin nahi zituen, eta, era berean, iradoki nahi zituen giro gutxi-asko landakoak, gautarrak edo jai girokoak, hotsez, lurrinez eta irudiez beteak… Lehenengoa, Kale eta bideetan barrena, erritmo-motibo markatu eta errepikatu batean dago oinarritua, eta horrek diskurtso freskoa, dibertigarria eta hegoaldeko lurrinez betea egituratzen du, dantza gogoratuz. Musika ahulagoa eta iradokitzaileagoa bihurtzen da metalen fanfarria batez eten den doinu batean, eta horren ondoren habanera doinu bat labaintzen da. Ideiak errepikapen ohi batean ehuntzen dira, modu herrikoian. Gauaren lurrinak mugimenduan, giroak, argi-ilunak, tinbreen jokoak, elkarren gainka dauden ildoak, testura aldakorrak eta flotatzen eta inguratzen duten hotsak protagonista dira gaueko giro bero, lurrinkor eta sorgindua berregiten duen hots eremu aberats, iradokitzaile eta ameslarian. Jaiegun bateko goizarekin itzultzen da argitasuna; sonailu eta kriskitinen txinparta erritmikoekin batera, orkestra arin baten distira tinbrikoak, eta, horrekin nahasturik, sonoritate zakarrek, erritmo garratzek eta disonantzia zalapartatsuek, dantza berezi eta zoliki piktorikoa egituratzen dute.

Eta beste dantza baten erretratu distortsionatuarekin amaitzen da kontzertu hau. Maurice Ravelek (Ziburu, 1875-Paris, 1937) 1920an amaitu zuen La valse lana, Sergei Diaghilevek eskatuta. Dena dela, geroago baztertu egin zuen, “maisu-lan bat da, baina ez da ballet bat”, argudiatuz. Eta, zalantzarik gabe, erreferentziazko lan bat da, bai musikaren alderditik bai alderdi soziologikotik, luma trebeaz marrazten baititu gerra arteko urte haiek, zeinetan, boterearen, aberastasunaren eta goi mailako kulturaren sinboloen bitartez, atsekabe basatia zen nagusi, eta, haren bitartez, ahitu egin ziren ordurako higaturik zeuden Europa gaixo eta itsuaren oinarriak.

Hasierako taupada astunaren gainean eta idazkera garbi eta distiratsuarekin, Ravelek soinu arkitektura mugikor bat eraikitzen du, zeinetan dotoretasunaren eta disonantziaren bitartez, distiraren eta basakeriaren bitartez, osagaien antolamenduaren eta horien haustura zalapartatsuaren bitartez, dantza makabro bihurtzen duen bals elitista, urreizun eta sofistikazioz betearen funtsa. Ravelek harrokeria su baten koloreak eta metxa pizten ditu, eta, zurrunbilo zorabiagarri baten ondoren, bortizki egiten du eztanda amaierako akordean.

Sasoi horretan basoek eta ilunsentiek beren ñabardura infinituekin harritzen gaituzten moduan agertzen du musikak kolore etorri izugarria arratsalde honetan. Goza dezagun.

Mercedes Albaina


NIKOLAI DEMIDENKO

Pianoa

Nikolai-Demidenko

Nikolai Demidenkok mundu osoaren onespena lortu du, bere birtuosismoari, grinari eta musikaltasuni esker. Londresen eman ohi dituen errezitalen artean, aipatzekoak dira Great Performers Sailak Barbicanen, Southbank Centreko Nazioarteko Piano Sailak eta Londresko Pianoforte Sailak Wigmore Hallen.

Ospetsua da errusiar errepertorioaren interpretazioengatik, eta harreman estua du San Petersburgoko Filarmonikoarekin eta Yuri Temirkanovekin. Horrez gainera, lankidetza emankorrak ditu Londresen bizi diren errusiar artistekin, esaterako, Leonid Gorokhovekin, Hermitage Harizko Hirukotearekin eta Dmitri Alexeevekin.

Aldeburgh, New York, Oslo, Singapur eta Varsoviako jaialdietan jo du, eta, orkestrekin dituen konpromisoen artean, aipatzekoa da lankidetzan jardun ohi duela Melbourneko Sinfonikoarekin, Frantziako Nazionalarekin, Age of Enlightenmentekin, Philharmoniarekin, Singapurreko Sinfonikoarekin, Yomiuri Nippon Sinfonikoarekin, Ulster eta Halléko Orkestrekin eta London Mozart Playersekin.

Hainbat disko grabatu ditu Hyperion diskoetxearentzat, Bach-Busoni, Chopin, Liszt, Mussorgsky, Prokofiev, Schubert, Rachmaninov eta Schumannen lanekin. Chopin, Medtner (Gramophone saria), Scriabin eta Tchikovskyren piano eta orkestrarako kontzertuak grabatu ditu, bai eta Prokofieven kontzertuen integrala ere. AGPL diskoetxearentzat grabatu ditu, bestalde, Beethovenen Hammerklavier Sonata, Scharlattiren Sonatak eta Chopinen CD bat, kritikari alemanen saria jaso zuena. 2008an Chopinen 24 Preludioak grabatu zituen, bai eta 3. Sonata si minorrean ere, Onyx Classics diskoetxearentzat. Azken horri esker, MIDEM 2010 Special Chopin Award saria irabazi zuen.

2014an Surreyko Unibertsitateko Ohorezko Doktoretza jaso zuen, Musikari eta Unibertsitateari egindako ekarpenagatik.

PAUL DANIEL

Zuzendaria

Paul-Daniel

Paul Danielek Bordele Akitaniako Orkestra Nazionalaren musika-zuzendariaren kargua lortu zuen 2013an, eta, gaur egun, Galiziako Real Filharmonia orkestraren zuzendari titular eta artistikoa da. 2009. eta 2013. urteen artean, West Australian Symphony Orchestraren (Perth) zuzendari titular eta artistikoa izan zen. 1997. urteaz geroztik eta 2005. urtera arte, English National Operaren zuzendari musikala izan zen; 1990. eta 1997. urteen artean, Opera Northeko musika-zuzendariaren kargua izan zuen, bai eta English Northern Philharmoniaren zuzendari titularrarena ere. Azkenik, Opera Factory opera konpainiaren musika zuzendaria izan zen 1987tik 1990era.

Operaren alorrean dituen konpromisoen artean, aipatzekoak dira Royal Opera House Covent Garden, English National Opera, La Monnaie, Bayerische Staatsoper (Munich), Deutsche Oper Berlin, Parisko Opera Nazionala, Bordeleko Opera Nazionala eta New Yorkeko Metropolitan Opera.

Orkestrekin dituen konpromisoei dagokienez, emanaldiak eskaini ditu, besteak beste, honako hauekin: BBC Philharmonic, Philharmonia, London Philharmonic, City of Birmingham Symphony Orchestra, Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi, Parisko Orchestre, Leipzig Gewandhaus, Mozarteum Orchester Salzburg, Netherlands Radio Philharmonic, Mariinsky Theatre, Cleveland Orchestra, New York Philharmonic eta Los Angeles Philharmonic.

1998ko otsailean, Paul Danielek Olivier saria jaso zuen operaren alorrean izandako lorpen bikainengatik, eta Gramophone sari bat jaso zuen 1999an, Naxos diskoetxearentzat grabatutako ingeles musikako sailengatik. Azkenik, 2000. urtean, Isabel II.ak eman ohi duen Britainiar Inperioaren Ordenako Komandante titulua eman zioten.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
11 - 12
Api
2024
>Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

Samy Moussa, zuzendaria
Karen Gomyo, biolina


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Helios obertura Op. 17

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean Op. 11*

Karen Gomyo, biolina

SAMY MOUSSA (1984)

Kontzertua biolin eta orkestrarako “Adrano”**

I.
II. Cadenza
III.
IV. Epilogue

Karen Gomyo, biolina

II

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

7. sinfonia re minorrean Op. 70

I. Allegro maestoso
II. Poco Adagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

*Lehen aldiz BOSen eskutik
**Estreinaldia Espainian

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak