Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 15-2013-2014
Hastapeneko abonua
L. van Beethoven: 8. sinfonia Fa maiorrean, op. 93 (27’)
P. Glass: Fantasia kontzertua, tinbal birako eta orkestrarako (25’)
R. Strauss: Don Juan, op. 20 (18’)
Javier Eguillor: tinbalak
Julien Bourgeois: tinbalak
Günter Neuhold
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Energiaz gainezka…
Gaualdi sinfoniko hau erabat asegarria izango da gure musika gosearentzat, eta, aldi berean, zeharo bizkortuta itzuliko gara etxera hura entzun ondoren.
Ludwig van Beethovenek (Bonn, 1770 – Viena, 1827) lau hilabetean idatzi zuen 8. sinfonia Fa maiorrean, Op. 93. Hain zuzen ere, hauxe da musikagilearen bederatzi sinfonietan laburrena, Lehen Sinfoniarekin batera, eta oso kuttuna zuen egileak: “Fa-ko nire sinfonia txikia” esaten zion, Pastorala obratik bereizteko, zeina fa-ko sinfonia handia baita. Zortzigarrena giro alaiko obra da, nahiz eta haren zirriborroa Teplitz eta Karlsbadeko bainu-etxeetan egindako egonaldi luze batean landu zuen Beethovenek -hain maiz erasotzen zioten gaixotasun haietakoren baten mende-, eta amaitu, berriz, Linzen amaitu zuen, hara joan zelarik bere anaiak bertan behera utz zezan Therese Obermeyerrekiko maitasun afera (“Gauaren Erregina” esaten zion musikagileak Obermeyerri). Aurkako testuinguru hark ez zuen konposizioaren umore ona inondik inora pozoitu.
Lehenengo mugimendua, Allegro vivace e con brio, bizi-bizia da –suminaldiren bat barne–, eta txantxa kutsua du (nabarmentzekoak dira fagotaren eta tinbalaren zortzidunak); hala ere, suspenserako tartea ere uzten du, eta bide horri heldu zion Beethovenek, hain zuzen ere, garapenaren atalean, gai nagusia aurkeztu orduko desagerraraziz. Era berean, transzendentzia iradokitzen digu, soinu materialari kontrapuntu bidezko trataera emanez.
Allegretto scherzando mugimenduan, alaitasuna nagusitzen da, berriro ere. Haren amaieran, jolaserako grina nabarmentzen da, figurazio bizkorren italiar kadentzia probokatzaile bat eta crescendoa proposatzen baitu, amaieraraino, nolabait Rossiniren oihartzuna dakarren tankera batez.
Hirugarren mugimenduak, Tempo di menuetto, agerian uzten du Beethovenek edertasunarekiko zuen mugarik gabeko maitasuna, batik bat hari instrumentuen legato pasarteetan eta tarteko Trioko klarinetearen eta tronpen arteko elkarrizketa zoragarrian.
Sinfoniaren amaierako Allegro vivace mugimenduan, azkenik, bi ideia uztartzen dira erabateko harmonian. Batetik, Beethovenen garaikideek harengan ikusten zuten bizitasunaren ideia ageri da –“garaiera txikiko gizona, zeinetan biltzen baita hogei gudarosteren kemena”- garapenaren pasartean, itxurazko handinahikeria transzendentzia eta sakontasun bihurtzen delarik. Nabarmentasunez eta erabateko adierazkortasunaz, etenaldi sarri eta efektistez, Beethovenek adeitsu zabaltzen dio atea bigarren gaiari, zeinetan nabarmentzen baitira inspirazio melodikoa eta edertasuna; eta energiaz eta alaitasunez gainezka amaitzen du obra.
Zortzigarrena Vienan estreinatu zuten, 1814ko otsailaren 27an, baina ez zuen izan egilearen ustez zegokion arrakasta. Obrak jasotako erantzun epelak etsipena eragin zion Beethoveni, baina filosofiaz hartu zuen, hala ere: “Egunen batean, gustukoa izango dute”. Gu zoratu egiten gaitu.
Philip Glass (Baltimore, 1937) musikagile oparoa da: operak, sinfoniak, kontzertuak eta zinemarako musika landu ditu (BAFTA sari bat eskuratu zuen Orduak filmerako sortutako musikari esker). Estilo eta kultura askotako musikariekin lankidetzan jardun ohi du, baita askotariko arlo artistikoetako sortzaileekin ere, antzerki, pintura nahiz poesiaren arlokoekin, esaterako. Haren hizkuntzaren oinarriei dagokienez, egitura errepikakorrak eta soinu eredu gehigarriak dira nagusi. Fantasia kontzertua bi tinbalari eta orkestrarako lana perkusio-jotzaile nahiz orkestrentzako erronka itzela da; hain erronka zaila, American Symphony Orchestrak estreinatu zuenetik (Estatu Batuetan, 2000. urtean) inon gutxi interpretatu izan baitute Europan, Britainia Handia edo Paris alde batera utzita. Gainera, azpimarratzekoa da ez dagoela tinbala instrumentu bakarlaritzat duten konposizio asko. Bi ezaugarri horiek uztartzen dituela kontuan hartuta, beraz, ikuskizun zinez bitxi eta ezohikoa da kontzertu hau.
Obrak halako kutsu zinematografikoa du, atzealde melodikoa eta tinbre kolore aberatsa, perkusioaren erakustaldi txundigarri bat barne duela. Hiru mugimendu eta kadentzia batek osatua da. Perkusio-jotzaile batek zazpi tinbal erabiltzen ditu hura interpretatzeko, eta besteak, bost.
I. mugimenduaren ardatza metrika definitu eta indartsua da. Melodia-erritmo gai soil eta errepikakor batekin hasten da, eta, aurrerago, beste pare bat ideia gehitzen zaizkio, ez hain adoretsuak, baina argi bereiziak. Eta, amaitzeko, disoluzio edo “lausotze” atal labur bat.
II. mugimendua modu zehaztugabeagoan hasten da, modu misteriotsuagoan, erregistro baxuago batean, harik eta glockenspiela agertzen den arte, bere tinbre etereo eta iheskorrarekin soinu paisaia guztia argitzera. Harrezkero, klimaxera eramango gaitu musikak, pixkanaka eta poliki-poliki, berriro musika-tresna arinenak agertu arte.
Jarraian, Kadentziari eskainitako pasarte luze bat datorkigu. Klasizismoaz geroztik kontzertuaren generoan ohi den legez, instrumentu bakarlarien erakustaldi tekniko eta adierazkorrari begira bereziki diseinatutako pasartea da. Harrigarria eta kitzikagarria.
Obra III. mugimenduarekin amaitzen da; mugimendu horretan, indar handiko diskurtsoa osatzen du melodia-erritmo zelula batek, berriro ere, eta, pixkanaka, amaiera erabateko eta efektista batera garamatza.
Eta orobat da distiraz betea, zalantzarik gabe, Richard Straussen hizkuntza (Munich, 1864 – Garmisch-Baviera, 1949). XX. mendeko lehen erdiko musikagile ospetsuenetakoa izan zen, Bavierako gorteko orkestrako kide zen tronpa-jotzaile birtuoso baten semea. Gorte hartan koroatu zuten Luis II.a gaztea, Richard Strauss jaio zen urtean bertan (errege haren erretratu asaldaria osatu zuen Viscontik Luis II.a Bavierakoa, errege eroa filmean). Strauss klase ertaineko familia batean hazi zen, musikaz inguraturik; aitaren eraginpean, Wagnerren joeren kontrako hezkuntza jaso zuen, klasizismoaren ildotik. Hogeita bat urterekin, ordea, bere nortasunari hobeto egokituko zitzaizkion adierazpideen bila abiatu zen, eta musika programatikoaren arloan aurkitu zituen. “Musikaren alderdi poetikoa, adierazkorra garatzea” zuen helburu, “Liszt, Wagner eta Berliozen obrek erakusten duten moduan”, eta bilaketa horren emaitza dira haren olerki sinfonikoak (“soinu olerkiak”, hala esaten zien berak), izugarri deskribatzaileak. Olerki sinfonikoa Erromantizismoan sorturiko genero berria zen; genero horretan, argumentu baten mende jartzen du orkestrak bere soinu aniztasun eta kolore instrumental guztia: jatorri literarioko argumentu baten mende oro har, nahiz eta badiren filosofian oinarrituriko olerkiak edo olerki nazionalistak. Don Juan, Op 20 Richard Straussek idatzitako olerki ugarietako bat da, haren hizkuntzaren bereizgarri diren maisutasun eta orkestra distira guztiaz hornitua. Zalantzarik gabe, halako lan bat idaztea egitandia da hogeita lau urteko gazte batentzat, baina, goiztiarra izanik ere, berezko talentu eta heldutasun musikal harrigarria zituen Straussek. Lan horretan, musikaren bidez kontatzen ditu Don Juanen abenturak eta irrikak, Nikolaus Lenau alemaniar olerkariaren pertsonaian libreki inspiratuta. Honela deskribatu zuen musikagileak: “Don Juanen nire bertsioa ez da emakume guztien atzetik dabilen gizon odolbero batena. Eterno femeninoaren haragitze perfektua izan litekeen emakumearen mira du, emakume bat zeinaren bidez izan zitekeen Unibertsoko emakume guztien jabe. Emakume hura aurkitu ezinik limurtzen dituen emakumeengan, gogaitasunak mendean hartzen du, eta galbidera eramaten”.
Musikagileak ezin konta ahala efektu eta ñabardura ateratzen dizkio orkestrari, aniztasunaren eta bikaintasunaren erakustaldi liluragarri batean. Partituran elkarrekin gurutzatzen diren melodia inspiratuek iradokitzen dizkigute seduzitzaileak limurtutako emakumeak; soinuzko erretratu horien artean, badira erabat fidakorrak edo samurrak, bikainak edo minberak, baina guztiak ere oso erromantikoak dira. Miresgarriak dira, halaber, protagonistaren irudiak, haren handikeria eta irrika eutsiezina, harik eta errauts bihurtuta gelditzen diren arte, azken bertsoan: “Iraungita dago sua; hotz eta ilun, bihotza”.
Goza ezazue, bada, musikaren ahalmen miragarriaz, eta betiko zuekin izan dezazuela haren onura.
Mercedes Albaina
Javier Eguillor Valera, tinbala
Javier Eguillor Valentziako Orkestrako tinbal bakarlaria da 2002ko martxotik. Bere jaioterrian, Xixonan, hasi zituen musika-ikasketak, eta Alacanteko Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten; han, Ohorezko Matrikula lortu zuen karrera amaitzean. Ondoren, Rainer Seeger’s Berlingo Filarmonikoko tinbal bakarlariarekin jarraitu zuen ikasten.
Carlos Carli bateria-jotzailearekin ere ikasi zuen Madrilgo Jazzeko Sorkuntza Eskolan, eta Fernando Colomoren “Allegro ma non troppo” filmean hartu zuen parte, bateria-jotzaile gisa.
1990ean, J.O.N.D.E.k kontzertu-bira bat egitera gonbidatu zuen, eta emanaldietako bat New Yorkeko Carnegie Hallen izan zen.
1995ean, Munduko Orkestran sartu zen, Yehudi Menuhinen zuzendaritzapean; eta, 1996an, berriz, Europako Erkidegoko Gazte Orkestran. Talde horrekin, Moskuko Tschaikovsky aretoan, Amsterdameko Concertgebouwen, Londresko Albert Hallen (PROMS) eta Vienako Musikvereinen jo izan du, Sir Colin Davis, Bernard Haitink, Vladimir Ashkenazy edota Carlo Maria Giuliniren zuzendaritzapean, eta Radu Lupu, Emanuel Ax, María Joao Pires eta Sarah Changen mailako bakarlariekin arituz, besteak beste.
Maiz aritzen da lankidetzan Espainiako zuzendari eta orkestrarik garrantzitsuenekin.
Javier Eguillor BandArt taldeko kidea da; hain zuzen ere, talde hori mundu mailako orkestra garrantzitsu batzuetako bakarlariek osatzen dute. Talde horren burua Sir Colin Davis maisua da.
Julien Bourgeois, tinbala
Julien Bourgeois Lyonen (Frantzia) jaio zen. Bost urterekin, aitarekin batera danborra jotzen zuen bere hiriko bandan. Lyongo Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi zuen François Dupinekin, eta 1993an lortu zuen titulazioa.
Perkusioko eta tinbaletako bakarlaria izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, eta lehenengo tinbal-bakarlaria, berriz, Montecarloko Orkestra Filarmonikoan.
2005-2006 denboraldi osoan, Berlingo Irratiko Orkestrarekin jo zuen, eta ohiko gonbidatua izaten da Parisko Orkestran, Frantziako Orkestra Nazionalean, Radio-Franceko Orkestra Filarmonikoan eta Tolosako (Frantzia) Capitolen.
2007an, Monakon, bakarlari gisa jo zuen Druschetzkyren Kontzertua sei tinbal barrokorako eta orkestrarako, Paul McCreeshen zuzendaritzapean; eta, 2012an, Javier Eguillorrekin batera, Philip Glassen Fantasia kontzertua, bi tinbalari eta orkestrarako estreinatu zuen Espainian, Valentzian hain justu.
2011tik, Les Dissonances ganbera-orkestrarekin aritzen da, David Grimal biolin-jotzailearen zuzendaritza artistikopean. Ganberako zenbait talderekin ere aritzen da.
Tarteka, Julien Bourgeoisek eskolak ematen ditu, besteak beste, Frantziako Gazte Orkestrako kideei.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Mari-Eli
Lekua: Teatro Arriaga
Jesús Guridiren Mari-Eli zarzuela 1936ko apirilean estreinatu zen Madrilen, eta, Gerra Zibilaren ondoren, 1941ean, taularatu zen Bilbon, Bilboko Koral Elkartearen denboraldi lirikoaren barruan. Lanak Guridi desberdin bat erakusten digu, lanaren izaerari dagokionez, baina oso ezaguna haren idazkera musikalaren kalitateagatik. Jesús Mª Arozamenak honela deskribatzen du Mari-Eli: «Itsas kutsuko euskarazko zarzuela, melodia gogoraerrazak eta pasarte komikoak dituena, garaiko gustuen araberakoa».
Arriaga Antzokiak ekoitzitako eta BBK Fundazioaren laguntzaz sustatutako Mari-Eli ikuskizunean, lan garrantzitsua egin da zarzuela horren musika berreskuratzeko, eta generoaren erreferentzia ugari dituen zarzuela horri gaur egungo begirada emateko. Calixto Bieitoren eszena-zuzendaritzarekin dimentsio erabat ezberdina hartuko du lanak. Guridiri hain lotua dagoen Bilboko Koral Elkartearen parte-hartzeak garbi erakusten digu koru-kantuaren transmisioak gaur egun duen indar handia eta Arriaga Antzokiak hori aldarrikatzearen eta bultzatzearen alde egindako apustua. Guridiren jatorrizko partituraren berreskurapena Bilboko Koral Elkarteak bultzatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza izan du.

Ganbera 9
Lekua: Euskalduna Bilbao
I
BOSen haize-boskotea pianorekin
NIKOLAI RIMSKY-KORSAKOV (1844 – 1908)
Boskotea Si bemol Maiorrean
I. Allegro con brio
II. Andante
III. Rondo-Allegro
Néstor Sutil, flauta
Sandra Ibarretxe, klarinetea
Santiago López, fagota
Estefanía Beceiro, tronpa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa
II
BOSen ensemblea
RICARDO MOLLÁ (1992)
Gudari
I. The Gudari begins his Path
II. Under the Celestial Firmament
III. The Eternal New Horizont
MIQUEL DE JORGE ARTELLS (1994)
Aintzinako jakituria
I. Basajaun
II. Zuhaitza, txoria eta ura
Iraup. 80’ (g.g.b.)

OTELLO
Lekua: Euskalduna Bilbao
Maiatzean, denboraldiari amaiera emateko, Verdiren Otello izango da oholtzan, musika- eta antzerki-tentsioaren eztanda hutsa. Ezinbesteko obra da, konpositorearen azken-aurreko opera, hasierako lehen konpasetik bertatik bukaeraraino musika-indar liluragarri eta etengabeak zeharkatuta dagoena.
Istorio tragiko eta betiereko honetan, maitasuna, jeloskortasuna, arrazakeria, handinahia, manipulazioa eta engainua errepertorio verdiarraren azken-aurreko obran uztartzen dira, William Shakespeareren izen bereko draman oinarrituan, idazle ingeles unibertsalenari omenaldi aparta eginda.
Musika Francesco Ivan Ciampa zuzendari italiarraren esku egongo da, zeinak, Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz, ahalik eta etekin handiena aterako dion partiturari, Bussetoko jenioaren bilakaeraren gailurra den horri.

Ganbera 10 – 24/25 denboraldia
Lekua: Euskalduna Bilbao
E. Korngold: 2. hari-kuartetoa Mi bemol Maiorrean
BOSen hari-laukotea
D. Milhaud: Hari-oktetoa (14 eta 15 kuartetoak) Op. 291
D. Shostakovich: Prelude eta Scherzoa, hari-zortzikoterako
BOSen hari-zortzikotea