Kontzertuak
Badator erromantizismoa
XIX. mendeko errepertorio ugariari begiratzen dion egitarau biribila. Erromantizismoaren iraultza ulertzeko funtsezko bi obra eskainiko dira. Schubertek maisutasunez arakatu zuen formatu handia bere azken sinfonian, obra horrek, agidanez, Bruckner musikagilearen goitasuna iragarri zuela; Beethoven, berriz, emoziozko zirimoletan barruratu zen do minorreko kontzertu biribilean. María Canals piano-lehiaketaren irabazleak joko du pieza.
Iván López-Reynoso, zuzendaria
Xiaolu Zang, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
3. kontzertua piano eta orkestrarako do minorrean Op. 37
I. Allegro con brio
II. Largo
III. Rondo: Allegro
Xiaolu Zang, pianoa
II
FRANZ SCHUBERT (1797 – 1828)
9. sinfonia Do Maiorrean D. 944 “Handia”
I. Andante – Allegro ma non troppo. Piú moto
II. Andante con moto
III. Scherzo: Allegro vivace – Trio
IV. Allegro vivace
Iraup. 110’ (g.g.b.)
DATAK
- 11 abendua 2025 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 12 abendua 2025 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Gaur arratsaldeko saioak Europako historiaren une liluragarri batean kokatzen gaitu, ezagutzara zabaltzeko ausart eta itxaropenez gainezka. Hautemandako askatasunak gidatu zituen sortzaileak soinu-aukera berrien bilaketan, desira handituta eta aurrekaririk gabeko kemenarekin. Pentsamendu ilustratuak XVIII. mendearen azken hamarkadetan piztutako argi erromantiko zirraragarria XIX. mendean zehar eta haratago proiektatu zen. Beethoven eta Schubert izan ziren lehenetarikoak eta argitsuenetarikoak. Biek hogeita hamar urte inguru zituzten gaur egun gozatuko ditugun obrak egin zituztenean.
Ludwig van Beethovenen (Bonn, 1770-Viena, 1827) Hirugarren Kontzertua do minorrean, genero bat menderatzearen eta eta zerbait berria esploratzearen bilatzearen arteko trantsizio-garai batean kokatzen da. Beethoven inkonformistak urte batzuk zeramatzan Vienan finkatuta, eta gero eta joera handiagoa zuen Vienako estilo klasiko bikainari ahalik eta etekin handiena ateratzeko; Mozart miretsia eta Haydn ziren horren adierazle nagusiak, eta harreman anbibalentea zuen harekin. Baina, gailurrera iritsitakoan, haren asmoa zen aldentzea eta bide pertsonalago eta berritzaileago bati ekitea. Honela defendatzen zuen berak: “Nire aurreko lanek ia ez naute asebetetzen. Aurrerantzean bide berri bat hartuko dut”. Kontzertu hau estetika klasikoaren eta bide berrituaren arteko mugan kokatzen da. Vienako klasizismoaren onena Mozarti egindako omenaldiaren oihartzunetan entzuten da, haren izpiritua, nolabait ere, sumatu egiten da kontzertu honetan. Alde batetik, do minorraren tonu-kolorean eta orkestrak bakarlariari ematen dion tapizetik datorren atmosferan, baina baita pianoaren kantuan ere, handien eskura baino ez dagoen berezkotasun eta transzendentzia nahasketa horrekin.
Gainera, Beethovenekin beti gertatzen den bezala, oso gogoan izan behar dira konpositore gazteak une hartan bizi zituen gorabeherak. Honela idazten zion berak Franz Wegeler Bonnen zuen lagun medikuari 1801eko azaroko gutun batean: “Zaila izango zaizu sinestea azken urteetan izan dudan bizitza triste eta hutsa. Nire belarri gaixoa atzetik zebilkidan nonahi, mamu bat bezala, eta gizarte-kontaktu oro saihestu nuen. Misantropotzat hartu ninduten, baina bai zera.” Beethovenek, Vienako piano-jotzaile nagusietako batek, bere tragediaz egin zuen lehen aitorpena izan zen.
Egonezina eta beldurra, bere izaerak hain berezkoa zuen kemena eta ibilbide distiratsuak ematen zion segurtasuna, Vienako manierismoaren eta loratze erromantikoaren artean mugitzen den kontzertu honetan islatzen dira. Musika, bizipen pertsonalei eta Europak bere esnatze erromantikoan zeharkatzen duen egoerari josia, partitura erdibana egituratzen duten dramatismoan eta poesian agertzen da.
Beethovenek, hauskor eta ahaltsu, oreka goresgarri eta eredugarriari eusten dio hemen bere gorputz gaixo gaztearen (“munstro bekaizti hori, nire osasun txarra”, kexatzen zen) eta bere sormen oso eta gero eta anbiziotsuagoaren artean.
Egile ameslaria -humanismo izugarria eta espiritu ausarta zituena-, aldi berean, Beethoven maisu artisaua zen, musika zizelkatzen zuena, esku artean zuena moldatuz, irmotasun makurrezinez. Hala egin zuen oraingoan ere, 1800. urtean zirriborratu zuen eta 1802. urtera arte behin betiko formara iritsi ez zen obra batean. Bertan, bakarlariaren eta orkestraren arteko elkarrizketa berritzailea –bien arteko berdintasunagatik– nabarmentzen da, “berdin” gisa tratatzen baititu. Baina, areago, Beethovenek bere ikaskuntza, eskola “klasikoan” gogotik lortutakoa, esploratzaileak unibertso harmonikoa zabaltzen zuen “bide berri” horretan barneratzeko asmoarekin lotzen du, bere mugak mugituz ideia berriei eta tonalitatearen tratamendu berriari lekua egiteko. Ibilbide original horrek Allegro con brio delakoaren do minorraren energia ilun eta errepikakorretik amaierako Rondó-ra garamatza. Azken horrek, nostalgia apurka-apurka astinduz eta bere indarra itzaltzen ez duen freskotasuna erakutsiz, panorama argitzen eta gure entzutea Do Mayor distiratsu eta biribileraino gidatzen du pixkanaka, pianista-konpositoreak pairatzen zuen gorreria -hasi berria baino gehiago zena- zalantzan jartzen duela dirudien amaiera guztiz birtuosoan. Baina musikaren miraria Largo apartan bihurtzen da argi garden; bertan, idazkeraren fineziak eta inspirazioak benetako musika gailurra lortzen dute.
Estreinaldia 1803ko apirilaren 5ean izan zen Theater an der Wien-en, Beethoven pianoan zela. Eta garai hartan konpositorearen edozein obra berrik sortzen zuen interesari, entzuleen artean asaldura gehigarri bat gehitu zitzaion: partitura osatu gabe zegoen. Horrek, ordea, ez zion inolako eragozpenik ekarri Beethoveni, zeren, han zeudenen lekukotasunaren arabera, nota guztiak paperera irauli gabe ere, zuzenean bere burutik bere eskuetara jaurtiki baitzituen.
Kontzertua Vienan argitaratu zen 1804an, eta Luis Fernando Prusiakoari eskaini zion. Haren miresmen sutsuak nolabaiteko elkarrekikotasuna zuen Beethovenen aldetik, konpositoreak haren musika-prestakuntza baloratzen baitzuen, eta noizbait hitz hauekin aitortu baitzion: “Ez duzu printze batek bezala jotzen, benetako musikari batek bezala baizik”.
Urte batzuk geroago, Franz Schubertek (Viena, 1797 – Viena, 1828) hau galdetzen zion bere buruari: “Zer egin daiteke Beethovenen ondoren?” Benerazioz zion. XIX. mendean eta Europa osoan zehar, Beethoven idoloa miresten zuten hainbat konpositorek izan zioten bera. Erreberentziaz eraman zuen haren zerraldoa ere bizkarrean, bera hil baino urtebete eskas lehenago.
Schuberti buruz esaten zen “Jainkoarengandik dena ikasi duen mutila” zela. Egia esan, Simon Sechterren ikaslea izan zen, musikako Viena aseezin hartan musika-irakaskuntzaren beharrak asetzen zituzten harmonia eta kontrapuntuko irakasle ugarietako batena. Haren ekarpena konposizio-tresna batzuk izan ziren, musikaren dohaina oso gutxik bezala gorpuztu zuen mutil haren soinu-iturri oparoa gidatzeko. Horrela, jainkoaren graziagatik. Edo, agian, bere pentsamenduen izaeragatik. Schubertek berak azaldu zuen honela: “Ona den zerbaitetan inspiratzen zarenean, musika arin sortzen da, melodiak agertzen dira; benetan, poztasun handia da hori”. Halakoa da haren musika guretzat.
Schubert izan zen musikari semea izan ez zen lehen konpositore garrantzitsuenetako bat. Aita maisua zuen, eta Franz gazteak bere eginkizunetan lagun ziezaion nahi zuen, baina musikarekiko grina -aitaren sumindurarako eta gizateria osoaren zorionerako- garaiezina zen. Haren obrak, bizitza laburregiaren emaitzak, koordenatu oso zehatzak ditu. Alde batetik, hiri melomano sutsu batean bizi eta lan egin zuen, zeinak, Europa osoko konpositore eta interpreteak erakartzearekin batera, bere harrokeria zuzendu ezina eta etengabeko arinkeria asetzen ez zituztenak baztertzen baitzituen. Schubert destainaz tratatu zuen beti, gutxiespenez ez bazen. Beethovenek aristokrazia bere zerbitzura jarri zuen Vienan bertan, Schubertek bere bizitza pertsonal eta profesionala burgesia oparo batek inguraturik eman zuen, zeinak haren musikaz gozatzen zuen haren mantenuan lagundu gabe. Haren jeinu mugagabea profesional liberalek, unibertsitateko irakasleek eta era guztietako artistek osatutako zirkulu horietan gozatzen eta baloratzen zen -ordainik gabe, ia-, eta gaur egun ere “schubertiadak” esaten zaienak ekarri zituen.
Denbora-koordenatuak Klasizismoaren eta Erromantizismoaren arteko trantsizio garai batean kokatzen du, bata bere profil argiekin eta bere egitura bikainarekin, eta bestea bere hunkitzeko ahalmenarekin eta bere asmo dramatikoarekin. Haren musika berez sortzen da bien artean eta haren alde melodikoak agortezina dirudi. Berezko talentu horrekin ehunka partitura idatzi zituen, freskotasunez eta lirismoz beteak, poetikoa den guztiari dagokion bezala, nostalgiaren eta bozkarioaren artean grabitatzen dutenak.
Beethoven bere idoloak bezala, bederatzi sinfonia egin zituen, lehena hamasei urterekin. Azkena, hil zen urtean bertan. Bederatzigarren honekin -genero sinfonikoko bere maisulana, zalantzarik gabe-, Schubertek Beethovenen parean jarri zela frogatu zuen, eta maisuak berak lortezintzat jo zuena lortu zuen.
Obrari lirismo bizia dario, baita tentsio dramatikoaren eta eite ausarteko lasaitasunaren arteko oreka harrigarria ere. Zalantzarik gabe, izpiritu klasiko eta erromantikoen arteko bategite perfektua da, miraria errazten duena: hainbat gogo-aldarteren pilaketa handia -horietako asko kontrakoak- partituraren atal berean uztartzea. Hori guztia musika etengabeko jarioan hautematea eragotzi gabe, pentagramen artean igarotzen diren sentimendu eta emozioen etengabeko aurrerabidean, horiek loraraziz.
Do Maiorreko sinfonia, gaur egun “handia” izenez ezagutzen dena, gutxietsi egin zen bere garaian, seguruenik ulertu ez zelako eta bere konplexutasunagatik ere bai. Hau da kontakizuna: Schubertek partitura Vienako Elkarte Filarmonikoari eman zion, eta hark, arrakastarik gabeko entsegu gutxi batzuen ondoren, ez zuen estreinatu nahi izan, “luzeegia eta zailegia” zelako. Felix Mendelssohnek gidatu zuen estreinaldia, hamaika urte geroago eta zati asko moztuta. Baina partitura honegatik berraurkitu zen: Robert Schumannek “eskuizkribu pila handi” baten erdian aurkitu zuen Ferdinand Schubert konpositorearen anaiaren etxean. Haren sentiberatasun eta argitasun artistikoari esker, obra ez zen erremediorik gabe galdu. Hauxe izan zen Schumannen bihozkada halako maisulanaren aurrean: “Sinfonia honen zati sakonago batean bada zerbait dago, abesti hutsa baino gehiago eta bozkario eta tristura hutsa baino gehiago dena […] Lehenago egon izana gogoratu ezin dugun mundu batera garamatzan zerbait da”.
Obra, batez ere, izaera erritmikoko bultzada batek egituratzen du -mugimendu bizitasun handiko motibo olde batek elikatuta-, bai eta tresnen trataera originalak ere, iradokigarria, askotarikoa eta bikaina bera. Konposizioaren bi alderdi horiek, ehunduren eta material tematikoaren aberastasunarekin batera -kontrapuntuaren erabilera bikainarekin-, besaulki-patioa edertasun eta efusio erromantikoz betetzen duen energia hedakorra sustatzen dute: lehen mugimenduaren noblezia eta bozkariotik hasi eta amaierako distira bortitzeraino, Andante con moto-ari darion soinu-magiatik edo Scherzo-ari darizkion inspiraziotik eta kemenetik igarota.
Gaur arratsaldeko egitarauak giza arimak har ditzakeen sentimenduen pot-pourriaren dosi eder bat bilduko du. Hori bai, izpiritu pribilegiatuei baino ematen ez zaizkien maisutasunez eta estetikaren zentzuaz egituratuta. Guri haietaz gozatzeko plazera ematen zaigu.
Mercedes Albaina
Xiaolu Zang.
Xiaolu Zang piano-jotzaileak gero eta aintzatespen handiagoa lortu du nazioartean, bere belaunaldiko artista gogoetatsu eta adierazkorrenetako gisa, eta dituen «musika-ezagutza sakona, doitasun eta birtuosismo handia, barneko adierazpen-ahalmen handia eta tonu ia sinestezineko aberastasuna» (ZF Kunststiftung) goraipatu dira. Maria Canals Nazioarteko Musika Lehiaketan lehen saria eta publikoaren saria irabazi ditu, eta Paloma O ‘Shea Santander Nazioarteko Piano Lehiaketan bigarren saria irabazi du. Xiaoluk areto ospetsuetan jo du, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean, Palau de la Música Catalanan, Regentenbau Bad Kissingenen, Salle Cortoten eta Santiagoko Udal Antzokian.
Bere ibilbideak Europa, Asia, Amerika eta Afrikan zehar eraman du, eta orkestra askorekin lan egin du, esaterako: Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, RTVE Orkestra Sinfonikoa eta Abesbatza, Almeria Hiriko Orkestra, Jove Orquestra Nacional de Catalunya, Südwestdeutsche Philharmonie Konstanz, Niedersächsisches Staatsorchester Hannover, Orchestre Royal de Chambre de Wallonie, Südwestdeutsches Kammerorchester Pforzheim eta Bacauko «Mihail Jora» Orkestra Filarmonikoa. Zuzendari ospetsuekin lan egin du: Gustavo Gimeno, Pablo González, Michael Thomas, Douglas Bostock, Manel Valdivieso, Hankyeol Yoon, Frank Braley, Valtteri Rauhalammi, Florian Groque eta Ovidiu Balan. Ganbera-musikari, Xiaolu Casals laukotearekin, Castalian laukotearekin eta Karol Szymanowski laukotearekin aritu da.
2024-25 denboraldiko une nabarmenen artean, honako hauek daude: Beethovenen 5. kontzertua, Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean, Madrilgo Auditorio Nazionalean; Palau de la Música Catalanean errezitaldian egindako debuta; Tchaikovskyren Pianorako 1. kontzertua, Dominikar Errepublikako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin, José Antonio Molinaren zuzendaritzapean, Santo Domingoko Eduardo Brito Antzoki Nazionalean; Santiagoko Udal Antzokian egindako lehen errezitaldia; eta errezitaldi-bira ugari Espainian eta Ameriketan. Haren hurrengo konpromisoen artean, Espainiako orkestra garrantzitsuekin egin beharreko kolaborazioak nabarmentzen dira, hala nola Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoarekin eta Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin, Johanna Malangré eta Vasily Petrenko zuzendari ospetsuekin.
Txinako Qinhuangdaon jaioa, Xiaolu lau urterekin hasi zen pianoa ikasten Yaqing Pan-ekin. Beijingeko Musika Kontserbatorio Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Eskolan jarraitu zuen, Ye Lin irakaslearekin. Gaur egun Hannoverren bizi da, Alemanian, eta han Arie Vardi irakaslearekin ikasten du.
Iván López-Reynoso.
Zuzendaria
Ivan Lopez-Reynosok musikaltasun eta izaera sendoak ditu, eta Mexikon, Espainian, Austrian, Alemanian, Suitzan, Perun, Omanen, Japonian, Estatu Batuetan eta Italian lehen mailako talde askoren buru izan da. Haren kolaborazioen artean artista garrantzitsuenetako batzuk agertzen dira, hala nola Bryn Terfel, Ildar Abdrazakov, Javier Camarena, Alessandro Corbelli, Brigitte Fassbaender, Ramón Vargas, Rolando Villazón, Irina Lungu, John Osborn, Franz Hawlata, Paolo Bordogna, Ute Lemper, Augustin Hadelich, Michael Barenboim, Yulianna Avdeeva, Gabriela Montero, Jorge Federico Osorio edo Alex Kleini.
Philharmonia Zürich, Milwaukee Symphony Orchestra, Santa Fe Opera Orchestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Granadako Orkestra Sinfonikoa, Oviedo Filarmonia, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Staatsorchester Braunschweig, Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionala zuzendu ditu, besteak beste, hainbat antzokitan: Opernhaus Zürich (Belliniren Il Pirata), Santa Fe Opera (Rossiniren Il barbiere di Siviglia), Sevillako Maisutzaren Antzokia (Mozarten Così fan tutte), Oper im Steinbruens (Verdiren Aïda), Dallas Opera (Verdiren La Traviata), Atlanta Opera (Verdiren Macbeth) eta Bilboko ABAO Opera (Donizettiren L’elisir d’amore).
López-Reynosok 2010ean egin zuen debuta, 20 urterekin, Figaroren ezteiekin. Hori 50 opera baino gehiagoko zerrenda bateko lehena baino ez zen izan. Horien artean daude Aïda, Der fliegende Holländer, Carmen, La bohème, The Rake’s Progress, Don Giovanni, Die Zauberflöte, La clemenza di Tito, Don Giovanni, L’elisir d’amore, Madama Butterfly, La cenerentola, Il turco in Italia, Otello, Macbeth, Anna Bolena, Carmen, La traviata, Il barbiere di Siviglia, Rigoletto, Werther, Tosca, Don Carlo, Hänsel und Gretel eta estrenaildi hauek Mexikon: Rossiniren Le comte Ory, Il viaggio a Reims eta Donizettiren Viva la mmama.
López-Reynoso maisua 2014ko Rossini Opera Jaialdiko Accademiako zuzendari izateko hautatu zuten. Bertan, Il viaggio a Reims zuzendu zuen jaialdiaren programaren barruan, eta Rossiniri buruzko aditu handia den Alberto Zedda maisuarekin lankidetza estuan lan egin zuen. Haren aurreko arduren artean daude Aguascalienteseko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistikoarena, Staatstheater Braunschweigeko lehen orkestra-zuzendariarena, UNAMeko Orkestra Filarmonikoko zuzendari elkartuarena, Arte Ederren Antzokiko Orkestrako zuzendari artistikoarena eta Oviedo Filarmoniako zuzendari gonbidatu nagusiarena. Etorkizunean izango dituen konpromisoen artean daude Zuricheko Opera, Santa Fe Opera eta Deutsche Oper Berlin.
1990ean Guanajuaton (Mexiko) jaioa, López-Reynosok biolina, pianoa eta koru zuzendaritza ikasi zituen, eta Summa Cum Laude lortuta graduatu zen orkestra zuzendaritzan. Harrezkero, eskola magistral askotan parte hartu du, besteak beste, Alberto Zedda, Jean Paul Penin, Jan Latham-Koenig eta Avi Ostrowskyrenak nabarmentzen dira. Trebetasun gehigarri gisa, López-Reynoso maisuak kontratenor ere abesten du.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
WERTHER – J. MASSENET
Lekua: Euskalduna Bilbao
2026. urteari erromantizismo frantseseko opera gorenak emango dio hasiera: Werther, Jules Massenetena. Goetheren «Werther gaztearen arrangurak» literatura unibertsaleko klasiko epistolarrean oinarritua, zoriontasunak aurkitzen ez duen maitasunaren esperientzia sakonaz dihardu.
Lau ekitaldiko eta bost koadroko drama liriko honek, argumentu ezin erromantikoagoa duenak, Wertherren eta Charlotteren arteko ezinezko maitasun-istorioa kontatzen du, eta bere ildo melodiko finagatik eta orkestra-estaldura dotoreagatik nabarmentzen da. Istorioko pertsonaiak gorpuzteko eta haien musika-konplexutasunari aurre egiteko, ABAOk Stephen Costello, Elkartean debuta egingo duena, eta egungo mezzosopranorik garrantzitsuenetakoa, Annalisa Stroppa, bilduko ditu abeslari-taldearen buru.
Musika-zuzendaritzaz Carlo Montanaro maisua arduratuko da, errepertorio frantsesean aditu aparta, eta, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren buru, orkestrazio zaindu, boteretsu, eder eta biribileko partitura zuzenduko du, gaur egun oraindik ere publikoarengan zirrara ikaragarria eragiten duten une enblematikoak eta guzti.
Eszenatokian, ezohiko edertasuna duen ikuskizuna, Rosetta Cucchik Teatro Comunale di Bologna antzokirako sortua. Estilo zinematografikoz, indar dramatiko eta poetikoagatik, inplikatzeko gaitasunagatik, eszenen fintasunagatik eta jantzien erakargarritasunagatik nabarmentzen da.
ABESLARI-ALDAKETA
Celso Albelo tenorrak Wertherren rola antzeztuko du, Stephen Costelloren ordez.
ANTZEZLEAK
Charlotte Annalisa Stroppa
Sophie Lucía Iglesias *
Albert Àngel Òdena
Le Bailli Enric Martínez-Castignani
Schmidt Josu Cabrero
Johann José Manuel Díaz
Katchen Olga Revuelta
Werther Celso Albelo
Bruhlmann Martín Barcelona
TALDE ARTISTIKOA
Director Musical Carlo Montanaro
Coro Coro de niños
Leioa Kantika Korala Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Dirección De Escena Rosetta Cucchi
Producción Teatro Comunale di Bologna
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
* Debuta en ABAO
Maisuetan maisuena
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Joaquín Achúcarrok, nazioarteko karrera bikaina izateaz gain, jarduera pedagogiko bizia garatu du, batez ere, Dallaseko bere katedran, handik piano-jotzaile bikainak irten direla. Maisuaren alderdi horren omenezko programa gertatu dugu Achúcarroren ikasle eta kontzertista bikaina den Alessio Baxen eskutik, errepertorioan ezinbestekoa den Brahmsen lehen kontzertua interpretatuta. Erik Nielsenen espezialitateetako batek, Stravinskyren musikak, eta gure Arriagaren gomutak, hil eta berrehun urtemugan, osatuko dute egitaraua.
J. C. Arriaga
Obertura Op. 20
J. Brahms
Concierto nº 1 para piano y orquesta en re menor Op. 15
I. Stravinsky
El pájaro de fuego, Suite
Alessio Bax, pianoa
Erik Nielsen, zuzendaria
Ganbera 5
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
200 Arriaga
C. Frühling
Trío para clarinete, violoncello y piano en la menor Op. 40
Trío de clarinete, violonchelo y piano BOS
J. C. Arriaga
Cuarteto nº 3 en Mi bemol Mayor
Cuarteto de cuerda BOS
Tchaikovskyren 5.a
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Txaikovskik bere bosgarren sinfonia aurkeztu zuenean, Errusiako konpositore behinenentzat hartzen zuten, eta herrialde horretan gogo-gogotik aintzat hartzen zuten musika. Eta musika lantzen, musikagile handienen helburua bete zuen: mundu-mailako musika egitea, jaioterriko sustraiei uko egin barik. Beste alde batetik, Xostakovitxek atsedenaldia hartu zuen bere seme Maksimi kontzertu ederra, arina, elegiazkoa eta ametsezkoa oparitzeko. Programari hasiera emateko, Errumaniako Ligeti gaztearen musika jaioterriko folklorearen gorazarrean.
G. Ligeti
Concert Românesc
D. Shostakovich
Concierto nº 2 para piano y orquesta en Fa Mayor Op. 102
P. I. Tchaikovsky
Sinfonía nº 5 en mi menor Op. 64
Simon Trpčeski, pianoa
Pablo González, zuzendaria
