Kontzertuak

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

Samy Moussa, zuzendaria
Karen Gomyo, biolina


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Helios obertura Op. 17

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean Op. 11*

Karen Gomyo, biolina

SAMY MOUSSA (1984)

Kontzertua biolin eta orkestrarako “Adrano”**

I.
II. Cadenza
III.
IV. Epilogue

Karen Gomyo, biolina

II

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

7. sinfonia re minorrean Op. 70

I. Allegro maestoso
II. Poco Adagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

*Lehen aldiz BOSen eskutik
**Estreinaldia Espainian

DATAK

  • 11 apirila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 12 apirila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


MNEMOSINAREN BEDERATZI ALABAK

Egitarauaren ohar hauek prestatzea oso ariketa atsegina da niretzat: obren artean harreman edo hari bat bilatzea, ahal den guztietan obra bakoitzaren hainbat bertsio entzutea, artikuluak irakurtzea, liburuak kontsultatzea, partiturak orriztatzea, ideiak hausnartzea… horiek guztiak jarduera atsegingarriak dira; baina beti, lehenago edo beranduago, orrialde zuriari —digitala izateagatik ere zuria izaten jarraitzen du— aurre egin beharreko unea iristen da, hutsetik idazten hasteko unea.

Sortze-itoaldiko trantze horietarako, antzinako greziarrek, kulebroien beren bertsio mitologiko eta berezian, jainkozko bederatzi ahizparengana jotzen zuten: μοῦσαι deitu zituzten, musak guretzat. Ovidio poetak dioenez, Zeus artzainez mozorrotu zen izeba Mnemosina limurtzeko —ohartarazi dizuet saltsa egongo zela—, eta elkarrekin egon ziren Traziako mendixketan ondoz ondoko bederatzi gautan. Gau horietatik bederatzi gazte jaio ziren: arteak inspiratzen zituzten dibinitateak, zeinak lurrera jaisten baitziren hel egiten zieten gizakiei ideiak xuxurlatzeko eta inspiratzeko. Gazte horiek, poesia, historia, tragedia, komedia edo dantza bezalako jarduerekin lotuta, Apoloren (musikaren eta arte ederren jainkoa eta haien haurriderdia, Zeusen semea baitzen) jarraigoaren parte izatera igaro ziren. Apolo joaten zen leku guztietara joaten ziren, eta guztiek ere amodioak izan zituzten harekin; batzuek ondorengoak ere izan zituzten —eskerrik mitologiak ez duela DNA kontuan hartzen; horrela, hainbat errege-etxeren arazo genetikoek tontakeria bat dirudite—.

Mitologia-saltsak alde batera utzita, musika-obra bat konposatzeko inspirazioa ustekabean irits daiteke. Gaurko emanaldiko lehenengo obrari dagokionez, Helios Obertura, Carl Nielsen konpositoreari idazteko inspirazioa Atenasen zegoela etorri zitzaion, 1903ko neguan eta udaberrian zehar. Anne Marie Carl-Nielsen emaztearekin joan zen, artean espezialista. Hain zuzen ere, Akropoliko Museoko estatuen eta behe-erliebeen kopiak egiteko aukera eman zioten eta beka eman zioten lehenengo pertsonetako bat izan zen —ezin nuen aipatu gabe utzi horren garrantzi handiko lorpen femeninoa—. Kontua da negu epel hori —behintzat daniar batentzat— eta argi mediterraneo ederra inspirazio nahikoa izan zirela eguzkia Egeo itsasotik ateratzen eta sartzen deskribatzen duen obra konposatzeko. «Orain bero kiskalgarria egiten du. Heliosek egun osoan zehar erretzen du, eta nire eguzki-ohitura berriei buruz idazten ari naiz: egunsentiaren sarrera luzea eta goizeko abestia amaitu ditut, eta allegroarekin hasi naiz», idatzi zion lagun bati.

Nielsenek Ἥλιος, Helios, hartu zuen inspirazio-iturri, egunero eguzkiaren gurdia zeruan zehar gidatzen zuen jainko greziarra, sua jaurtitzen zuten lau zaldik tiratuta. Eta, hala ere, inspirazio horrek nolabaiteko ezinegona eragiten zion Nielseni, programa-musikaren aurkakoa baitzen, Thomas Laub adiskideari obra amaitu bezain laster idatzi zion gutunean irakur daitekeen bezala: «Plazer handia izango litzateke programa-musika delakoari buruz zure iritzia emango bazenidake, zenbateraino uste duzun onargarria dela. Ikusmira sortzen dit, horrelako obra bat idatzi berri dudalako; hau da, ez da programa zehatz bat: nire oberturak eguzkiak goizetik arratsaldera zeruan zehar duen mugimendua deskribatzen du, baina Helios bakarrik deitzen da, ez du azalpenik behar. Zer iruditzen zaizu? Ez dirudi programa-titulu hori eragozpen handia denik. Argia, Iluntasuna, Eguzkia eta Euria Credo, Crucifixus, Gloria eta abarren ia gauza bera dira».

Ez dakigu Laubek zer erantzun zion, baina badakigu Nielsenek musikan narratiba sartzea onartu zuela azkenean, partituraren lehen edizioan deskribapen labur bat idatzi baitzuen: «Gelditasuna eta iluntasuna; eguzkia alabantza-kantu alai batekin ateratzen da, urrezko bidean zehar han-hemenka ibiltzen da eta isilka-misilka hondoratzen da itsasoan». Hitz horiek ederki deskribatzen dute piezaren bilakaera: melodia lasai bat jotzen dute hariek eta zurek; iluntasun misteriotsu horretatik orkestra osoa esnatzen da, eta tronpeta-fanfarre bikaina entzuten da, zurek eta metalek jotako melodia dotore batek lagunduta. Hariek pasarte eder bat jo ondoren, fanfarrea eta indarra berriro agertzen zaizkigu, eta pixkanaka desagertzen joaten dira, lanbrotsu.

Gaurko emanaldiko bigarren piezak, ordea, batzuetan inspirazioa iheskorra izan daitekeela erakusten digu eta, aldi berean, inspiraziotik etekinik onena ateratzeko modua. Dvořák, 1873an, Pragako San Adalberto elizan organista-lanetan zebilen, eta lanpostu horren egonkortasunari esker Anna Čermákovárekin ezkondu ahal izan zen eta bere familia-bizitzari ekin zion. Gainera, urte horretan bertan, Himno Abertzalea eta Eslaviar Dantzak bilduma konposatu zituen, ospea irabaziz eta konpositore gisa finkatuz. Laburbilduz, bazirudien bizitza nahiko ondo joango zitzaiola irailean 5. Hari-kuartetoa fa minorrean idatzi zuenean, Bennewitz kuartetoak bere kontzertu-zikloan sar zezan. Baina, dirudienez, egoerak okerrera egin zuen talde horrek, entsegu bakar baten ondoren, obra interpretatuko ez zuela esan zuenean, «kuarteto-estilorik ez zuelako». Konpositoreak ez zuen ondo hartu eta haserretu egin zen.

Aitortu behar da kuartetoak wagneriar kutsua zuela eta lehen mugimendua oso motibo sinple batean oinarrituta zegoela. Motiboa eboluzionatuz eta etengabe aldatuz joaten zen, egitura zehatzik gabe, protokuarteto esperimental moduko bat sortuz. Baina ez zitzaien gustatu. Ez Bennewitz kuartetoari, ezta editoreei ere, ez baitzen inoiz argitaratu edo interpretatu. Musek Dvořák abandonatu al zuten? Noski ezetz, baina Apolorekin han-hemenka ibiltzen zirenez, apur bat despistatuta zebiltzan.

Hala ere, kuartetoaren mugimendu geldoa, ziurrenik, ordura arte sortu zuen musikarik nazionalistena —txekiarra, jakina— zen. Simrock editorea horretaz konturatu zen, eta Dvořáki iradoki zion biolin bakarlari eta orkestra txikirako molda zezala. Azkenean moldatzea erabaki zuen, ordurako kuartetoa pixka bat gorroto bazuen ere, Pragako Behin-behineko Antzokiko Orkestraren Pentsio Elkartearen ongintzazko kontzertu baterako enkargua aprobetxatuz.

Beraz, Andante con moto quasi allegretto-a Andante con moto bihurtu zen, Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean obra osatzeko, kuartetoko materiala —cantabile zoragarria, laneko gai nagusia— eta gai berriak konbinatuz, Dvořákek sonata-forma tradizionalean egituratzen dituenak. Emaitza altxor txiki bat da; lehen begiratuan liluratzen gaitu, baina are gehiago liluratzen gaitu ezkutuko erakargarritasun sotil guztiak hautematen ditugunean arretaz entzun ostean: gai nagusia erromantza osoan zehar dago presente. Sarrera sinplea da, eta orkestra-tutti lasaia pixkanaka eratuz joaten da, harik eta biolin bakarlari, bertutetsu eta lirikoaren sarrera adierazgarria iritsi arte. Aurrerago, bigarren gaia entzungo dugu, arina eta aldakorra, baina betiere nolabaiteko izaera bokala mantentzen duena biolinaren erakustalditik harago. Entzulea hainbat bira eta paisaia harmonikotan barrena gidatzen dute, gai nagusia behin eta berriz gogora ekartzen dutenak. Erakustaldiarekin amaitzeko, azken gai berri bat entzungo dugu, limurtzailea, goxoa, delikatua eta xarmagarria. Horrexegatik, obra hau orkestra-errepertorioko erromantza ederrenetako bat da.

Esan dezakegu Samy Moussa ere, gaurko emanaldiko zuzendaria eta hurrengo obraren konpositorea, musen xuxurlen eraginpean dagoela: Adranus, mitologiaren arabera Etna mendiaren azpian bizi zena, Siziliako ekialdeko herri zaharrek gurtzen zuten suzko jainkoa zen. Herri horiek hiri bat ezarri zuten sumendiaren ekialdeko oinarrian K.a. 400 urte inguruan, eta jainkoaren omenez bataiatu zuten: Adrano. Hiri horretan egon, Etna mendira igo eta haren kondaira entzun ondoren, Kanadako konpositorea kondaira horretan inspiratu zen 2019an jarraian entzungo dugun pieza konposatzeko: “Adrano” kontzertua biolin eta orkestrarako. Urte bereko azaroaren 28an estreinatu zuten Montrealgo Orkestra Sinfonikoak —Moussaren jaioterria— eta Andrew Wan biolinistak, MSOko concertinoa, Kurt Naganoren zuzendaritzapean.

Obrak lau mugimendu labur ditu: bi nagusi, lehenengoa eta hirugarrena, kadentzia batek bereizita baina etenik gabe joak, eta epilogo bat. Lehenengo mugimendua zuren eta kontrabaxuen goranzko akorde motelekin hasten da, bakarlaria horien artean agertuz, goi-erregistroko eskala batekin: Adranus lurpeko jainkoari —kontrafagotak irudikatzen du, nota sakonenak jotzeko gai baita— gurtzaile bakartiak hel egiten dio, zeinak erritu-kantua gero eta ozenago jotzen duen harik eta, mugimendua amaitzear dagoeneko klimaxean, jainkoak bizia hartzen duen arte. Bigarren mugimendua cadenza bat da, arpegio harmonikoek lagunduta. Biolinak tentu handiz eta isil-isilik hartzen du protagonismoa, beldurti, eta bat-batean hirugarren mugimendu sutsua iristen zaigu: energiaz eta erritmoz betetako erupzioa da, azkarra eta errukigabea, harmonia liluragarriz eta zaratatsuz josia. Epilogoan, kontzertuaren sarreraren aldaera bat entzungo dugu: lasaia eta barea, tronpetak ahul-ahul entzungo ditugu, Richard Straussen Also sprach Zarathustra obraren hasierako notak gogora ekarriz, Kubrickek naturaren indarrak oroitzeko erabili zituenak. Itzaltzen eta lurrera, jatorrira, itzultzen ari den sua irudikatzen dute. Biolina gainetik entzungo dugu, leunki.

Obra horrek, biziki koloretsua, Urteko Konposizio Klasikoaren 2021eko Juno saria lortu zuen, eta OSMk, Kent Naganok eta Andrew Wanek, berriz, Urteko Album Klasikoa: Talde Handia saria irabazi zuten, obra hori, Bernsteinen Serenata eta Ginasteraren Biolinerako kontzertua barne hartzen zituen grabazioari esker.

Atsedenaldiaren ondoren, Dvořák itzuliko da, bere bederatzi sinfonietatik dramatikoena eta latzena den sinfoniarekin: zazpigarrena. Sinfonia horren atmosfera ilunak txekiar konpositorearen lan gehienekin kontrastatzen du, nahiz eta haren obra alaienetan ere seriotasun- eta barnekotasun-sentsazioa dagoen. Sinfoniaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat Dvořáken obrarekin hainbeste lotzen den inspirazio eslaviarrik eza da. Eta, orduan, zer xuxurlatu zioten musek sinfonia hori idazteko? Txekiar autorearentzat literatura inspirazio-iturri garrantzitsua izan zen, baita arte plastikoa ere. Aurkikuntza tekniko berri guztiak ere miresten zituen, hala nola ontzi transatlantikoak edo lokomotorrak, zeinak liluratzen baitzuten, eta behin baino gehiagotan aitortu zuen natura bere inspirazio-iturri handietako bat zela. Hala ere, obra honek motibazio sakonagoa du, «urte tristeen» sinfonia baita, edo, behintzat, hala deskribatu zuen eskuizkribuaren lehen orrian, obra «zalantzaz, samintasunez, min isilaz eta etsipenez betetako garai batean» idatzi zuela esanez.

Sentimendu latz horiek, oro har, amaren, Anna Dvořáková, heriotzari egotzi izan zaizkio, baina litekeena da hala ez izatea, obra idazten hasi baino bi urte lehenago hil baitzen. Ustezko krisi pertsonal bati ere egozten zaio askotan: aberriaren zerbitzura zegoen musika nazionalistaren eta nazioarteko ospearen ateak irekiko zizkion musika kosmopolitaren arteko eztabaida, hain zuzen. Lehen mugimenduaren gai nagusiaren azpian partituran idatzi zuen ohar batean —«Gai hau 1884an Pestetik zetorren tren zeremonialaren geltokira iritsi nintzenean bururatu zitzaidan»—, herrikideak Pestetik iritsi zirela aipatzen du, liskar politikoei aurre egiteko eta laguntzeko. Horren harira, beste batzuek diote inspirazio triste hori giro soziopolitiko nahasiaren aurrean izandako erreakzioa dela. Hala ere, ez dago ebidentzia sendorik teoria horientzat.

Edonola ere, Londresko Elkarte Filarmonikoaren enkargua betetzeko konposatu zuen sinfonia —ohorezko kide hautatu zutela adieraztearekin batera— oso iluna da, baina baita bere maisulanetako bat ere, bikaina bai formari, bai edukiari dagokienez. «Nire sinfonia berriak asaldura handia eragin behar du munduan», idatzi zion lagun bati obra konposatzen zuen bitartean.

Hala eta guztiz ere, obraren dramatismoa gorabehera, ez dago gehiegikeriarik, ezta esajeraziorik ere; musika neurritsua da, barru-barrukoa, hunkigarria, biziki adierazkorra, inoiz ez sentimentalismoak itotakoa.

Obra osoak kohesio nabarmena du lau mugimenduetan zehar, gaiei eta estiloari dagokienez. Lehenengo mugimenduaren izaera, sonata-forman, gai nagusiak zehazten du. Biolen eta txeloen motibo ilun batekin hasten da, tronpen eta tinbalen gainean, eta azkar eta harrigarriro igo arte garatzen da. Bigarren gaia bakegileagoa da, baina aurrera egin ahala ere ilundu egiten da. Amaitzeko, biolontxeloek obrari hasi eman dion melodia ilunaren koda labur bat jotzen dute, gai nagusia instrumentu batetik bestera igaroz; azkenean, gaia agortu egiten da, indarra erabat galduta.

Bigarren mugimendua Dvořákek konposatutako aldi motel guztien artean onena da —eta hori bere espezialitatea izanik—. Edertasun liluragarriko melodia eta orkestra-paleta delikatua ditu, eta lasaitasun-sentsazioa ematen digu, bake espiritualaren sentsazioa. Ideia musikal zoragarriz eta kontramelodia delikatuz beterik dago. Mugimendua hasierako gaiaren materialeraino doa, eta, tutti sutsu baina labur baten ondoren, emeki desagertzen da.

Hirugarren mugimendua A-B-A forman dago idatzita, eta, scherzo bat izan arren, azentu tristeek markatzen dute. Dantza-gai batekin hasten da, jatorri bohemiarreko eta erritmo gurutzatuko furiant bat. Trioarekin kontrastatzen du, modu maiorreko pas-de-deux bukolikoa. Trantsizio-aldi txiki baten ondoren, hasierako motiboa agertzen zaigu. Amaiera irmo eta tinkoa iritsi aurretik, koda txiki batek aurreko mugimenduak nostalgiaz gogora ekartzen dizkigu.

Berriro ere, azken mugimendua melodia sakon batekin hasten da. Bigarren motibo heroiko bat agertuko zaigu martxa moduan, eta, ondoren, hirugarren gai bat, orkestra elkarrizketa konplexuz betez maisutasunez egituratutako garapen luzean. Mugimenduaren tonu ilunak, bat-batean, harmonia hedatzen den kadentzia apoteosiko batean, modu maior argitsu, askatzaile, zintzo eta itxaropentsuan lehertzen dira.

Inspirazioak oso zeregin garrantzitsua du, ez bakarrik egileak obra bat sortzeko orduan, baita gero entzuleak ulertzeko orduan ere. Izan ere, zerbaitegatik “musika” hitza grezierazko μουσική, musikí —“musei dagokiona”— hitzetik dator. Belarria adi eduki beharko dugu, gaurko emanaldian zehar musek zer xuxurlatzen diguten entzuteko.

Nora Franco


Karen Gomyo.

Biolina

Karen Gomyo “primerako artista da; musika menderatzen du eta bizitasuna, distira eta intentsitatea ditu” (The Chicago Tribune). Trebetasun berezia du ikus-entzuleak txunditzeko eta haiekin estuki konektatzeko, bere interpretazio sentikor eta hunkigarrien bidez. Gaur egungo biolinista nabarmenetako bat da; izan ere, instrumentua bikain menderatzen du eta dotoretasun adierazgarria du.

2023/24 denboraldirako dituen konpromisoen artean, honako debut hauek dira aipatzekoak: Chicago Symphony Orchestra John Storgårdsekin, Gewandhausorchester Leipzig Semyon Bychkovekin eta National Symphony Orchestra of Ireland Lio Kuokmanekin. Salzburgoko Mozarteumorchesterren ere jotzen du Constantinos Carydisekin, baita BBC Philharmonic Orchestran ere John Storgårdsekin, Gulbenkian orkestran Giancarlo Guerrerorekin eta Vancouverko sinfonikoarekin Gerard Schwarzekin. 2024ko otsailean, Karen Dallas Symphony Orchestrara itzuliko da Year 2020ren munduko estreinaldirako, Xi Wangen Tronpeta, biolin eta orkestrarako kontzertu bat, Tine Thing Helseth tronpetariarekin eta Fabio Luisi zuzendariarekin batera. Jakub Hrůša zuzendariarekin batera (askotan egiten du lan berarekin), Karen Japoniara itzuliko da Tokyo Metropolitan Symphony Orchestrarekin jotzeko.

Karenek konpromiso asko ditu oraindik Australasian, eta bira bat egingo du eskualdean zehar 2024ko abuztuan eta irailean, Singapur, Melbourne, Sydney, Tasmania eta Australia Mendebaldeko orkestra sinfonikoetara itzuliz.

Azken denboraldietako mugarrien artean, honako debut hauek aipa daitezke: New York Philharmonic, Pittsburgh Symphony, Espainiako Orkestra Nazionala, Czech Philharmonic eta Erromako Accademia Nazionale di Santa Cecilia. Karen Los Angeles Philharmonicera ere itzuli zen Gustavo Dudamelen zuzendaritzapean Hollywood Bowlen, Parisko Orchestre Philharmonique de Radio Francera Mikko Franckekin, eta WDR Sinfonieorchester Kölnera Cristian Macelarurekin.

Karen ganbera-musikaren zale amorratua da, eta honako artista hauekin jotzeko plazera izan du, besteak beste: Olli Mustonen, Leif Ove Andsnes, Enrico Pace, James Ehnes, Noah Bendix-Balgley, Daishin Kashimoto, Emmanuel Pahud, Julian Steckel, zendu zen Heinrich Schiff, Susan Graham mezzosopranoa eta Ismo Eskelinen gitarrista, zeinarekin Carnival albuma grabatu baitu Bis Recordsentzat.

Astor Piazzollaren tango berriaren musika ere defendatzen du. Piazzollaren pianistarekin eta tangoaren mitoarekin, Pablo Zieglerrekin, eta Héctor del Curto, JP Jofre eta Marcelo Nisinman bandoneon-jotzaileekin lankidetzan aritzen da aldizka. 2021ean, Karenek A Piazzolla Triology (BIS Records) argitaratu zuen, Orchestre National des Pays de la Loireko hariekin eta Stephanie Jones gitarristarekin batera grabatua.

Errepertorio berriarekin duen konpromisoagatik aintzatetsia, Karenek Samy Moussaren Adrano kontzertua biolinerako obraren estreinaldian jo zuen Ameriketako Estatu Batuetan, Pittsburgh Symphonyrekin batera, eta Matthias Pintscherren Mar’eh 2. kontzertua National Symphony Orchestrarekin Washingtonen, konpositoreak berak zuzenduta. 2018ko maiatzean, Samuel Adamsen Ganbera-kontzertu berriaren mundu-mailako estreinaldian jo zuen Chicago Symphony Orchestrako kideekin eta Esa-Pekka Salonenekin batera. Obra hori berariaz idatzi zen Karenentzat, eta CSOko “Music Now” sailak enkargatu zuen 20. urteurrenerako.

Karen Tokion jaio zen, eta musika-ibilbideari Montrealen eta New Yorken ekin zion. Dorothy DeLay pedagogo ospetsuarekin ikasi zuen Juilliard Schoolen, Indiana Universityko Jacobs School of Music eta New England Conservatoryn ikasten jarraitu aurretik. Karenek, halaber, biolinista, aurkezle eta narratzaile gisa parte hartu zuen NHK Japoniak Antonio Stradivariusi buruz ekoitzitako Biolin gorenaren misterioak izeneko dokumentalean. Mundu osoan eman zen NHK WORLDen bidez.


Samy Moussa.

Zuzendaria

Samy Moussa konpositore eta zuzendaria Montrealen jaio zen 1984an, eta egun Berlinen bizi da. Munduko konpositore nabarmenetako bat da. Munduko orkestra prestigiotsuenetako askok interpretatu dituzte haren lanak, hala nola Royal Concertgebouw Orchestrak, London Symphony Orchestrak eta Los Angeles Philharmonicek. Toronto Symphony Orchestrako Egoitzako Artista ere izan da, eta lankidetza estuan aritzen da Montrealgo Orchestre Symphoniquerekin. 2022/23 denboraldian, Lyongo Orchestre Nationalarekin batera Kontzertua tronboirako obraren munduko estreinaldia egin zuen, Jörgen van Rijen tronbonistarekin, bai eta Bigarren sinfoniaren Europako estreinaldia ere, BBC Scottish Symphony Orchestrarekin batera 2023ko BBC Proms zikloan. Moussak berak zuzendari-lanak egin zituen Musikkollegium Winterthur eta Edmonton Symphony Orchestran. 2023/24 denboraldiko estreinaldien artean daude Antigone obraren (abesbatza femeninorako eta orkestrarako oratorioa) munduko estreinaldia, Dutch National Opera & Balletekin batera Erik Nielsenen zuzendaritzapean, eta Manfred Honneckek zuzenduko duen obra berri bat, Pittsburgh Symphony Orchestrak enkargatutakoa.

2023/24 denboraldian, Moussak Orchestra della Svizzera italiana zuzenduko du, bai eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestraren 10/10 Ensemblea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa ere. Azken denboraldietan, errepertorio zabala zuzendu du, klasikoa zein garaikidea, honako orkestra hauekin: Bayerisches Staatsorchester, RSO Wien, Toronto Symphony Orchestra, Vancouver Symphony Orchestra, MDR Sinfonieorchester Leipzig, Calgary Opera, Staatskapelle Halle eta Zürcher Kammerorchester.

Moussaren obrak munduko orkestra ospetsuenek programatu ohi dituzte, eta Wiener Philharmoniker, Bavarian Radio Symphony Orchestra, DSO Berlin, Dutch National Opera and Ballet, Dallas Symphony Orchestra eta Brussels Philharmonicen mailako orkestrek enkargatu eta interpretatu dituzte. Denboraldi honetan, lehen mailako orkestra gehiagok interpretatuko dituzte Moussaren obrak, hala nola: NDR Elbphilharmonie Orchester, Frankfurt Radio Symphony Orchestra eta Cincinnati Symphony Orchestrak. Bere obrak ezagunak dira nazioarteko ospea duten zuzendarien artean, hala nola Hannu Lintu, Manfred Honeck, Kent Nagano, Kevin John Edusei, Stéphane Denève, Christoph Eschenbach, Gustavo Gimeno eta Fabien Gabel.

Moussaren lana kritikariek, epaimahaiek eta ikus-entzuleek erregulartasunez txalotu izan dute. 2020an, Moussa Fondation Banque Populairen saritu bihurtu zen, eta bere sari-katalogo nabarmenari honako hauek gehitu zizkion: Villa Massimo 2018 beka, Schleswig-Holsteingo Musika Jaialdiko Paul Hindemith 2017 saria, 2013ko Ernst von Siemens Konpositoreen Saria eta 2012ko Bayerischen Kunstförderpreis, INDEX Ensembleko musika-zuzendari gisa egindako lanagatik.

Moussak Université de Montréalen amaitu zituen unibertsitate-ikasketak José Evangelistarekin, eta graduondoko ikasketak Hochschule für Musik und Theater Münchenen, Matthias Pintscher eta Pascal Dusapinekin. Eskola magistralak izan zituen Pierre Boulezekin eta ikastaroak Salvatore Sciarrinorekin.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


G.F. Handel: Sonata en sol menor Op. 2 nº 8 HWV 393
J. D. Zelenka: 6. trio sonata, bi oboe, fagota eta baxu jarraiturako do minorrean

BOSen ensemble barrokoa

J.S. Bach: Brandenburgoko 3. kontzertua sol maiorrean
J.S. Bach: Brandenburgoko 6. kontzertua si bemol maiorrean
BOSen ensemble barrokoa

Informazioa eta sarrerak