Kontzertuak

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

DATAK

  • 18 apirila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 19 apirila 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Flauta eta tronpeta

Lehenik eta behin, egitarauaren konposizioei buruzko alderdi orokor batzuk aipatuko ditugu. Vienako lehenengo eskolatik bigarren eskolara doan denboraldi historikoko bi konposizio ditugu; zehatzago esanda, denboraldi horretako bi muturretako konposizioak dira. Mozart lehenengo eskolakoa da, eta Mahler bigarren eskolaren hasierakoa. Obra horiek XVIII. mendetik XX. mendearen hasierara arteko denboraldiaren hasiera eta amaiera argi erakusten dituzte. «Tonalitate» izenez ezagutzen dugun mendebaldeko musika-sistema Rameau eta Bach musikariek behin betiko formulatu zuten hamarkada batzuk lehenago, teorian eta praktikan. Sistema horren puntu gorenean Mozarten klasizismoa dugu. Tonalitateak bilakaera handia izan zuen mende erromantikoan. Geroago, Mahler musikariak bosgarren sinfonia idatzi zuenean, eztanda egin zuen sistema horrek. Bosgarren sinfoniaren lengoaian haustura hori ez da erabatekoa, baina aurreikusi egiten da tentsio harmoniko eta espresiboa oso handia delako. Denboraldiaren hurrengo kontzertuan aukera izango dugu Arnold Schönberg musikariaren orkestrarako bost konposizio entzuteko. Mahlerrek konposizioa idatzi zuenetik lau urte soilik iragan arren, ordurako agerikoa zen tonalitatearen amaiera.

Hala, egitarauan zehar bidaia bati ekingo diogu: egonkortasunetik desorekara, baretasun klasikotik erromantikoen mundu asaldatura eta Vienako jauregien dotoretasunetik —Viena oraindik Germaniar Erromatar Inperio Santuko hiriburua zen, eta inperioak oraindik betierekoa zirudien— Freud-en Vienako ezinegonera. Austria-Hungariako inperioa hilzorian egon arren, aristokraziak bals erritmoan dantzatzen jarraitzen zuen Hofburg-eko urrezko aretoetan, garai horren ezinbesteko amaieran denbora eten izan balitz bezala.

Egitarauaren hirugarren konposizioa Nielsenen flautarako kontzertua da, eta beste eszenatoki batera eramango gaitu. Konposizio hori 1926an idatzi zen, arestian aipatu dugun prozesu hori ordurako amaituta zegoenean. Antzinako mundua, beraz, eroria zen, eta europarrek aurrera egiteko ahaleginak egiten zituzten. Itxurazko zoriontasuna baliatzen zuten aurreko gudan eta konbultsio politikoek iragartzen zuten hurrengo guda are gogorragoan ez pentsatzeko. Konposizio horretan aurreko bi espiritu musikalen sintesia dugu, eta estilo neoklasikokotzat har dezakegu. Estilo hori urte horietako berezkoa da. Konposizioan erromantizismoaren aurreko balio klasikoak berreskuratu nahi dira, gudaren urraduraren ondoren, baretasuna eta argitasuna berriro lortzeko (eta arte eremuan mende hasierako abangoardiek egin zuten urradura ere oso handia izan zen). Hala eta guztiz ere, atzerako begirada hori ordurako aldatua zen mende erromantikoan lengoaia artistikoan egindako funtsezko aldaketen ondorioz. Hori dela eta, neoklasizismoak —Nielsenen musikari argi hautematen zaio— zalantza egiten du tonuaren egonkortasunaren eta ezegonkortasunaren, artikulazioaren arintasunaren eta azpiko tentsioaren eta adierazpen atseginen—batzuetan umoristikoak ere badira— eta armonia batzuen zehaztapenik ezaren artean. Argi dago anbiguetate hori oso interesgarria dela, baita oso erakargarria ere.

Esan liteke kontraesan horiek atal honen izenburuko flauta eta tronpeta konposizioan biltzen direla. Kontzertuaren lehenengo zatian flautako tinbrearen zetazko gozotasuna dugu nagusi. Flauta, hain zuzen ere, gizakiok sortu dugun musika-tresnarik zaharrenetako bat da. Flautaren bertsio modernoaren ezaugarriak direla eta, gaur egun flauta lotzen dugu arintasunarekin, bizkortasun birtuosistikoarekin eta cantabile leuntasunarekin. Emmanuel Pahud flauta-jotzaile ezin finagoak hori guztia handitu egiten du. Bera dugu aurtengo denboraldiko musikari garrantzitsuenetako bat. Pribilegio handia izango da berari entzutea Mozarten Andante pieza jotzen duenean; eta dantza, bira, salto eta hegan egingo dugu Nielsen kontzertuan, soinuaren zehaztapen bikaina apurtu gabe. Bi konpositore horren obretan flautak balio klasikoak ordezkatzen ditu. Bigarren zatian, ordea, Mahlerren bosgarren sinfoniaren hasierako tronpeta-solo gaitzesgarri eta ikaragarria entzungo dugu. Sinfonien hasiera goibelenetako bat da, hain zuzen ere. Tronpetaren metalezko distirak heriotzaren kolorea hartzen du, eta konposizio oso konplexua, ia kontraesankorra, aldakorra eta bihurgunez josita iragartzen du.

Kontzertu oparoa bezain askotarikoa dugu, eta flautaren maitagarritasuna eta tronpetaren mehatxua dira kontzertuaren adierazkortasunaren bi muturrak. Mozarten dotoretasunaz, Mahlerren adierazkortasun biziaz eta Nielsen kontzertu ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Segidan, banan-banan aztertuko dugu soinu-bidaia honetako geldialdi bakoitza, eta zertzelada batzuk deskribatuko ditugu.

Koherentziaz, Mozart izango da gure lehenengo geldialdia. Musika-klasizismoaren maila gorena da, eta Andante K315 konposizioan modu harrigarrian adierazten da. Mozart 1778an (gaztetxoak hogeita bi urte zituenean) Parisen bizi zen amarekin. Amak lagun egiten zion, baina urte horretan ama hil zen. Parisen zegoela, Mozart harremanetan jarri zen bere nederlandar medikuarekin. Medikua Ferdinand Dejean zen, eta flauta-jotzailea ere bai. Medikuak flautarako hiru kontzertu eta lau kuarteto eskatu zizkion (hori bai, Mozarti konposizio errazak eskatu zizkion, musikarekiko grina mediku-lanarekin bateratu beharrak musikarako denbora gutxi uzten baitzion, antza). Mozartek ez zuen eskaera osoa bete. Kontzertu bat idatzi zuen, eta jatorriz oboerako zen beste kontzertu bat moldatu zuen. Hori dela eta, urrezko 200 piezaren ordez, 96 baino ez zituen jaso. Leopoldo Mozartek, aitak, semearen bilakaera gainbegiratzen zuen —batzuetan gutunen bidez egiten bazuen ere—, eta hori jakin zuenean atsekabea hartu zuen.

Baina nolatan zebilen andante hori bakar-bakarrik munduan zehar, allegro pare baten laguntzarik gabe? Azalpen batzuen arabera, Dejeani ez zitzaion gustatu lehen kontzertuaren mugimendu nagusia, eta andante hori beste aukera bat izan zen; edo baliteke osatu gabe geratu zen hirugarren kontzertuko lehen konposizioa izatea. Edonola ere, konposizio hori bakar-bakarrik geratu zen, baina, egia esan, ez du gehiago behar, edertasunez eta duintasunez beterik baitago. Xarma horren oinarriak xumetasuna eta aparteko oreka dira. Kristo aurretiko V. mendeko eskultura greko bati so egiten diogunean, denboraldi bereko tenploen proportzio harmonikoez gozatzen dugunean bezala, musika-lan horretan ere geometriaren perfekzio abstraktuaren adierazpen ederrenaren aurrean gaude. Mozarten musikaren siluetak ere eredu horren arabera marrazten dira. Edertasuna eta argitasuna (claritas) lotzen dituen antzinako printzipio estetikoari jarraitzen diote. Izan ere, melodia ezin ederragoa da, eta garbitasun hori ez du ezerk zikintzen. Baretasun osoz egiten du aurrera, solista beti da nagusi, eta tinbrearen ekarpen sotilean modu bikainean lotzen dira harien kutsu leunak eta oboen zein tronpen ñabardura leun eta koloretsuak. Piezaren egitura oso laburra da, eta, jakina, simetrikoa. Modu maiorraren argi lasaia eta zentroko minorraren melankolia gozoa konbinatzen ditu: oreka purua da, alde guztietan. Ingurune harmoniko horrek tonalitate klasikoaren une zehatzena irudikatzen du. Konposizio horretan primeran funtzionatzen du. Geroago, XIX. mendean, musikari erromantikoen adierazpen gogo biziek pixkanaka desegin zuten, erabat hautsi arte.

Hain zuzen ere, prozesu horren ondoriotzat hartu behar dugu Carl Nielsenen flautarako eta orkestrarako kontzertua. Nielsenek bere sei sinfonien sortze-lanetan tonalitate modernoa hedatzen lagundu zuen. Mozarten garaian perfekzio baretua lortua zuen egitura hori mugetatik harago eraman zuen Nielsenek. Hala ere, tonuaren eremua ez zuen inoiz bertan behera utzi. Daniar musikariak esperimentuak egin zituen tonalitateen nahastearekin, eta, oro har, konposizio-metodo horren tonu ezegonkorrarekin, eta bat egin zuen erromantizismo ondoko estetikarekin. Nielsen 1865etik 1931 arte bizi zen, beraz, mendearen hasieran abangoardien lurrikara iraultzailea sortu zuten konbultsio artistikoen garaian bizi zen. Nielsen eremu horietan inoiz sartu ez arren, bere bizitzaren amaieran, Lehen Mundu Gerraren eragin katastrofikoaren ondoren, bere lanetan adierazi zuen mundu estetiko seguru eta argiagora itzuli beharra. Bultzada multiforme horri neoklasizismoa deitzen zaio, eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetan aztarna utzi zuen arteetan.

Hala eta guztiz ere, gure protagonistak ez zituen baztertu aurreko hamarkadetan garatua zuen musika-lengoaiaren ezaugarri nagusiak. Hortaz, kontzertu honetan ez dugu topatuko hemezortzigarren mendeko estetikaren moldaketa hutsik, tonalitateak iraunkor eta arina izaten jarraitzen du obraren bi mugimenduetan. Beraz, larritasunik gabe modu atsegin samarrean entzuten da, eta horretan nabarmen laguntzen du han-hemenka txertatzen den umore sen argiak, baita flauta solistaren jarrera arin eta saltokariak ere.

Lanaren jatorria aztertuta, badakigu konpositore gisako azken urteak direla (nahiz eta bera oso zaharra ez izan). Publikoaren harrerari dagokionez, unerik onenean zegoen. Nielsenek bere herrialdean ez zuen berehala jaso zegokion ospea. Musikatik bizi zen, baina Kopenhage hiriko Errege Antzokiko biolin-jotzaile gisa. XX. mendearen hasieran, ordea, bere lehen sinfoniek oso harrera ona izan zuten, publikoak ezagutu ahala. Geroago, Kopenhageko kontserbatorioan ohorezko postua lortu zuen.

1920ko hamarkadan bere haize-instrumentuetarako boskotea estreinatu zuen hiri bereko haize-instrumentuetarako boskotearekin. Esker ona adierazi nahian, boskote horretako kide bakoitzari kontzertu bat eskaintzeko proiektua sortu zuen. Tamalez, 1931n hil zen, eta horrek aurreikusitako bost kontzertu horietatik hiru kendu zizkigun. Bi baino ez zituen osatu: gaur entzungo duguna eta klarinete-jotzaileari eskainitakoa.

Obra labur samarra da, eta egitura bi mugimenduk osatzen dute soilik. Ia pizten da hauxe proposatzeko gogoa: Mozarten andante bakartia bi mugimendu horiei lotzea eta, horrela, lan oso bat osatzea. Kontraste ederra izango litzateke, Mozarten diskurtso baretuarekin batera, Nielsenen bi mugimendu dinamikoak ere entzutea. Nielsenen dinamismoa hain da handia, non solistak atsedenik gabe baliatu behar baitu digitazio bizkorrari heltzeko gaitasuna. Aldaketa harmoniko etengabeek ez dute ezkutatzen egitura xumea. Atalen hurrenkera erraz ezagutzen da, eta klasizismoaren argitasuna ematen dio diskurtsoari. Orkestraren betetasuneko une batzuetan izan ezik, eraketa ia ganbera-musikakoa da. Flauta musika-tresnekin eta atalekin elkarrizketan dago, eta fagota bereziki nabarmentzen da. Lehen mugimenduko bigarren piezan une liriko batzuekin gozatzeko aukera izango dugu. Flautak abesteko indarra erakusten du, baina, oro har, jolasteko jarrera da nagusi. Orkestrazioa ez dago oso kargaturik, eta tronboi bakarraren umorez beteriko interbentzio batzuek horixe azpimarratzen dute. Tronboiaren keinu harroek kontzertua amaituko dute bigarren mugimenduaren amaieran. Bigarren mugimendua lehena baina biziagoa eta aldakorragoa da.

Nielsenen kontzertu interesgarri horrek gozatzeko aukera handia emango digu, eta aukera are bereziagoa da Nielsen gutxitan etortzen baita gure kontzertu-egitarauetara, beraz: «Ongi etorria, maisu, eta, mesedez, laster itzuli!».

Segidan, egunaren plater nagusira helduko gara; izan ere, orkestrarentzat eta zuzendariarentzat erronka handia izango da hurrengo lana interpretatzea. Gustav Mahlerrek 1901. eta 1904. urte artean konposatu zuen 5. sinfonia, eta orkestrazioa etengabe berrikusi zuen, hil arte. Vienako Operako zuzendaria zen ordurako, eta entzuleek zein musikariek askotan hartzen zuten hizpide. Udan Wörthersee ibai idiliko ondoko Maienigg etxolara erretiratzen zen konposizioak egiteko. Dakigun bezala, aparteko obrak sortu zituen. Genero sinfonikoa modu zabalean ulertzen zuen, eta horrek askotariko aukerak ematen zizkion. Obra horren lau ahizpa-lanetan ere aukera horiek aztertu zituen.

Gogora ekarriko dugu gure orkestrak duela gutxi Bruckner musikariaren sinfonia harrigarriak interpretatu zituela. Horrek lagunduko digu Mahlerren kontzepzioa ulertzen. Beethovenek urratu zuen bidea sinfonia horietan heltzen da gune gorenera, zerura. Mahlerren sinfoniek, ordea, generoaren behin betiko eklosioa irudikatzen dute: Bruckneren itzeleko koherentzia orain lotzen da «pertsona guztiak» barne hartzeko gogoarekin (konpositoreak berak azaldu zuen bezala): sublimeena groteskoarekin batera daiteke; bizitzaz beteriko leherketak tragikoenarekin elkar daitezke; alaitasuna eta mina etsipen beraz adierazten dira. Keinu ia espresionistak nagusi dira multzo osoan, orkestraren baliabide handiak maisutza handiz erabiltzen direlako. Garai hartako margolariek proposamen bera egiten zuten; hori hobeto ulertzeko, ikus itzazue Die Brücke (zubi) izeneko margolari-taldeen sormen-lanak. Margolari horiek alemaniar espresionismoaren alde bizi eta dramatikoena irudikatu zuten, Mahlerren obra sortu baino urte gutxi batzuk geroago. Koloreen intentsitatea naturaltasunetik harago dago, lineen indarra ia primitiboa da, figuren deformazio espresiboek erakusten digute Mahlerren musika zein indartsua den. Batzuetan energia horrek obra astintzen du; eta beste batzuetan ahuldu egiten du, ia hutsaldu arte. Sublimeena eta goibelena esploratzen ditu muturreraino. Erromantizismoaren azken muga da: banakotasuna aztertzeko gogoa kontzientziaren mugetara eramaten da. Horrek bat egiten du garai hartan Vienan garatzen ari zen psikoanalisiaren gaineko abenturarekin. Arima erromantikoaren azken urratsa da, guztiz kontrolaezina, modu harrigarrian, hondamendia etorri aurretik.

Hori guztia sinfonia horretan aurkituko dugu. Eremu erabat instrumentalera itzultzen da, 2., 3., eta 4. sinfonietan parte-hartze bokalak sartu eta gero. Bosgarren sinfonian zertxobait leuntzen da Mahlerren gigantismoa. Lanak ordubete inguru irauten du, eta hiru zatitan banatuta dago: lehenengo zatian lehenengo bi mugimenduak daude; bigarrenean itzelezko scherzo konposizioa soilik da nagusi (bitxikeria handia da, ohiko scherzoak laburragoak eta, oro har, jendea dibertitzeko asmoz egiten baitziren); hirugarren zatian azken bi denborak ditugu. Laugarren mugimendua —irrikan gaude hauxe esateko— Adagietto ospetsua da, Mahlerren lanik arrakastatsuena. Arrakastatsu bilakatu zen, bereziki, Heriotza Venezian izeneko film morboso zein ederrean Gustav von Aschenbach haren konpasen erritmoan hil baitzen tristeziaz. Lucchino Viscontik zuzendu zuen filma, Thomas Mann-en eleberria (izenburu berekoa) oinarri hartuta.

Lehenago esan bezala, lanaren hasieran heriotza-martxa harrigarria dugu. Tronpeta-soloa entzuten da, eta, geroago, orkestraren zama osoa gehitzen zaio. Lehen mugimenduan hainbat gertakari kontatzen dira, baina giroa goibela edo etsia izaten da beti. Jakina da Mahlerren hamaika neba-arrebetatik sei hil zirela. Ernst neba txikiagoaren heriotza bereziki gogorra izan zen Mahlerrentzat. Hileta-martxak maiz topatzen ditugu beraren obran: batzuk serioagoak dira, eta beste batzuk, esku artean duguna bezalakoa, groteskoagoak. Heriotzak geroago berriro kolpekatu zuen Mahler, beraren alaba Maria ere hil zenean. Harrigarria da lehentxeago Mahlerrek Kindertötenlieder, hots, haurren heriotzaren doluari eskainitako abestia, idatzia zuela. Gero, berarentzat ere mehatxu handia bilakatu zen bere bihotzeko gaixotasunaz ohartuta. Mahler 51 urterekin hil zen.

Martxa polifazetiko horren ondoren, beste mugimendu bat dugu, eta izena ezin adierazgarriagoa da: Sturmisch bewegt Mit grösster Vehemenz (Ekaitzen erritmoan mugitua. Suhartasun handienaz). Eta horixe bera gertatzen da: mugimendu ekaiztsu horretan orkestra entzuten dugu hainbat gogo-aldarteren artean nabigatzen. Gogo-aldarteak beti aztoratuak eta biziak izaten dira. Hasierako esaldiak etenda daude, eta bortitzak dira. Musika-tresnak muturreraino eramaten dira, eta uluka zein elkar joka aritzen dira. Musikariaren hurrengo bi sinfonietako une batzuen ezegonkortasun eta gogortasun harmonikoa indar bereziz iragartzen da hemen. Beste pasarte batzuetan, ordea, misterioan eta iluntasunean murgilduko gara. Amaieran, pronostiko guztien aurka, euforia triunfala dugu, eta aurrekoa bezain indartsua da. Mugimendu osoan amesgaiztoen mundu arrotzean eta iragarrezinean bidaiatzen gara.

Horrela amaitzen da obraren lehen zatia. Bigarren zatian arestian aipatu dugun scherzoa topatzen dugu. Zati horrek laurden bat baino gehiago irauten du, eta sinfoniaren ardatza da. Hasierako bi mugimenduen iluntasunetik azken bi mugimendu oso bestelakoetara eramango gaitu. Tronpen zeregina bereziki azpimarratzen da, eta handik Mahlerren beste lanetan ezagunak diren soinu popularretara eta naturara gidatzen gaitu, eta baliteke Brucknerren sinfonien Ländler-en oihartzuna izatea. Txorien eta herriko jaien kantuak iradokitzen dira; izan ere, horiek dira scherzo atsegin eta dibertigarrien berezkoak. Dena den, kasu horretan ere badirudi eszena hori betaurreko deformagarrien bitartez ikusten dugula, edo ispilu konkabo baten bidez, Valle Inclán idazleak esperpentoa eta genero literarioa lotzeko erabili zituen ispilu horietako bat izango balitz bezala. Harrigarria da piezaren garapen luzea. Erritmoa eta izaera maiz aldatzen dira, pieza bakarra izan beharrean, zatiz egina izango balitz bezala.

Hirugarren eta azken zatietako giroa, ordea, ez da hain iluna. Gaueko unerik desiragarriena heltzear dago: Adagietto. Ahula da ia ahulegia izan arte, baina gehiegikeria oso gozoa da. Hariak eta harpa bakar-bakarrik aritzen dira (eta haizeko instrumentu-jotzaileek merezitako atsedena hartzen dute, aurreko mugimenduan eta hurrengoan hainbat astetako soldata irabazia dutelako). Zer zaila den hainbat aldiz ibili dugun musika lehenengo aldia izango balitz bezala entzutea. Hala eta guztiz ere, ahalegina egiteko gai izanez gero, paregabeko gozamena izango da hura entzutea. Esaldi luzeak, denboran luzatuak, morbidoak eta laztangarriak handitu egiten dira, eta energiaz betetzen dira, klimaxa lortu arte, ia mingarria den intentsitateaz. Mugimendu horri buruz esan ohi da Alma-ri, Mahlerren emazteari, eskainitako kantua dela. Oscar Kokoschka margolaria emakume horrekin obsesionatuta zegoen, eta Die Windsbraut obran (Haizearen neska-laguna) erretratatu zuen. Alma bi obra horien inspirazio-iturria izan zen. Sormen handiko emakumea zen, beraz, artearen historian bere izena jaso beharko litzateke.

Gailurra jo ondoren, Adagietto ia deuseztatu egiten da. Haren atzetik, Rondó hasten da, eta horixe da obraren amaiera. Hasierako heriotza-giroa berriro itzuliko zela uste bazenuen, atsekabea hartuko duzu. Amaieran alaitasuna da nagusi, eta obran adierazitako gainerako sentimenduak bezain zoro edo neurrigabea da. Aurreko mugimenduetan bezala (laugarrenean izan ezik), horretan ere ez digu atsedenik ematen, eta etengabe igarotzen da atal batetik hurrengora, itxuraz nahasia den moduan. Beraz, ez dugu Mozarten rondo bat entzungo, hau da, ondo antolatutako errondoa, non gai nagusiaren errepikapenak iragar ditzakegun. Ez dago berdina den errepikapen bat ere. Mahlerrek erakusten du materiala bihurtzeko duen gaitasun tekniko osoa. Material hori, hein handi batean, aurreko ataletatik dator (beraz, Adagietto gehiago nahi izanez gero, berriro bizitzeko aukera izango duzue, sakon itxuraldatuta). Batzuetan, fuga forma hartzen du, beste batzuetan herriko kanta edo kantu bat dirudi, eta beste batzuetan kolore-kaleidoskopio bihurtzen da, eta Mahlerrek orkestratzaile gisa duen gaitasun harrigarriaz konbentzitzen gaitu. Horrela, ia arnasarik gabe, suhartasuna handituz doa amaiera apoteosikora heldu arte. Ordubete lehenago, tronpetak heriotza-soinuz obraren hasiera urratu zuenean, ez zegoen amaiera hori iragartzerik.

Kontzertuaren lehenengo zatian ere bezain iragarrezina zen, melodia baketsua edo flautaren ardurarik gabeko bizkortasuna entzuten genituelako. Flauta eta tronpeta eta aldarte-gogo guztiak topatuko ditugu. Gau-emanaldiak barrua astinduko digu, eta hainbat aldiz aldatuko digu aldartea. Flauta, tronpeta eta musikaren botere espresibo paregabea.

Iñaki Moreno Navarro


Emmanuel Pahud.

Flauta

Emmanuel Pahud flauta-jotzaile franko-suitzarra da. Sei urte zituela, musika ikasten hasi zen. 1990ean Parisko Kontserbatorioan graduatu zen, eta lehen saria lortu zuen. Gero, Aurèle Nicolet musikariarekin jarraitu zuen ikasten. Duino, Kobe eta Geneva hirietako txapelketetan lehen saria irabazi zuen. 22 urte zituela, Emmanuel Berlingo Orkestra Filarmonikoan jotzen hasi zen, Claudio Abbado zuzendariaren gidaritzapean, eta gaur egun postu horretan jarraitzen du. Horrez gain, nazioarteko ibilbide luzea egin du solista eta ganberako musikari gisa.

Emmanuelek mundu osoko kontzertu, jaialdi eta orkestretan parte hartzen du erregulartasunez. Solista gisa elkarlanean aritu da izen handiko zuzendariekin. Hona hemen haietako batzuk: Abbado, Antonini, Barenboim, Boulez, Fischer, Gergiev, Gardiner, Harding, Järvi, Maazel, Nézét-Séguin, Orozco- Estrada, Perlman, Pinnock, Rattle, Rostropovich eta Zinman.

Ganberako musikaren grina sentitzen du, eta errezitalak ematen ditu Eric Le Sage, Alessio Bax, Yefim Bronfman, Hélène Grimaud eta Stephen Kovacevich piano jotzaileekin batera. 1993an, Emmanuelek Udako Musikaldia fundatu zuen Provence Salon aretoan, Eric Le Sage eta Paul Meyer musikariekin batera. Gaur egun, oraindik ere, ganbera-musikako jaialdi paregabea izaten jarraitzen du. Horrez gain, Les Vents Français izeneko boskotearekin emanaldiak eta grabazioak ere egiten ditu. Boskote hori ospe handikoa da, eta, berarekin batera, François Leleux, Paul Meyer, Gilbert Audin eta Radovan Vlatkovic musikariek osatzen dute.

Flautaren errepertorioa handitu nahi du, eta urtero obra berriak eskatzen ditu. Hona hemen eskaerak egin dizkien konpositore batzuk: Elliott Carter, Marc-André Dalbavie, Thierry Escaich, Toshio Hosokawa, Michaël Jarrell, Philippe Manoury, Matthias Pintscher, Christian Rivet, Eric Montalbetti, Luca Francesconi eta Erkki-Sven Tüür.

1996tik, Emmanuelek 40 album grabatu ditu EMI/Warner Classics-entzat soilik. Album guztiek sariak jaso dituzte, baita kritikarien aho bateko goraipamenak ere. Flautarako grabatu den musikari egindako ekarpen esanguratsuenetako bat da Emmanuelena.

Izan ere, Chevalier dans l’Ordre des Arts et des Lettres ohorez jaso zuen, musikari egindako ekarpenarengatik. Horrez gain, Royal Academy of Music erakundeko Hon RAM da. Bestalde, Unicef erakundeko enbaxadorea da.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan.

Piano-ikasketak oso gaztetan hasi zituen, eta, aurrerago, New Yorkeko Julliard Schoolen graduatu zen oboean eta harpan, eta Curtis Institute of Music institutuan orkestra-zuzendaritza ikasi zuen.

Alemaniara joan zen 2001ean, eta Berlin Philharmonic Orchestra Academyn harpa-jotzaile gisa aritu zen.

2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, maisu errepikatzaile gisa lehenengo eta kapellmeister gisa ondoren. Urte horietan zehar, errepertorio zabala zuzendu zuen, hala nola Monteverdiren eta Lachenmannen obrak.

2009ko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako Solti Fundazioak Solti beka eman zion, eta 2010eko martxoan, Estatu Batuetako Boston Lyric Operarekin debuta egin zuen, Ariadne auf Naxos obrarekin. Ondoren, Txirula Magikoa zuzendu zuen New Yorkeko Metropolitan Operan.

Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen lehen aldiz 2012an, Korngolden Die Tote Stad operaren ekoizpen batean, eta, izandako arrakasta handiaren eta kontzertu sinfonikoetarako gonbidapenen ondorioz, zuzendari titular izendatu zuten 2015ean, eta kargu horri eutsiko dio 2024ko irailera arte.

Basileako Opera antzokiko musika-zuzendaria ere izan zen (2016-2018), eta duela gutxi (2022) Tiroler Festspiele Erleko musika-zuzendari izendatu dute.

Proiektu berrienen eta etorkizuneko proiektuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Wagnerren tetralogiaren ekoizpena, Tiroler Festspiele Erlerentzat, Brigitte Fassbenderren eszenaratzearekin (datorren udan errepikatuko du); Aida Frankfurten; El amor de las tres naranjas Dresdenen; Oedipux Rex; Samy Moussaren Antigone estreinaldia Amsterdamgo Opera Nazionalean; Salome Zurichen; Rusalka eta Norma Dresdenen; Manfred Trojahnen Eurydice die Liebenden, blind estreinaldia Amsterdamen; eta Peter Grimes, Das Rheingold eta Kreneken Karl V Municheko Operan. Halaber, kontzertu sinfonikoetan egongo da: Chicagoko Orkestra Zibikoa; Kölner Kammerorchester; Suediako Opera Erreala; Basel Sinfonieorchester; Lisboako Portugalgo Orkestra Sinfonikoa; RTE National Symphony Orchestra; Estrasburgoko Orchestre Philharmonique; Philharmonie Südwestfalen; Ensemble Intercontemporain; Ensemble Modern; Junge Deustche Philharmonie; Interlochen Arts Campen World Youth Symphony Orchestra; Royal Northern Sinfonia eta Espainiako hainbat orkestra. Laster, Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzentzeaz gain, Madrilera itzuliko da RTVEren Orkestra zuzentzeko.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


G.F. Handel: Sonata en sol menor Op. 2 nº 8 HWV 393
J. D. Zelenka: 6. trio sonata, bi oboe, fagota eta baxu jarraiturako do minorrean

BOSen ensemble barrokoa

J.S. Bach: Brandenburgoko 3. kontzertua sol maiorrean
J.S. Bach: Brandenburgoko 6. kontzertua si bemol maiorrean
BOSen ensemble barrokoa

Informazioa eta sarrerak