Kontzertuak

Cuarteto Casals-en 25 urte


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Shiyeon Sung, zuzendaria
Cuarteto Casals


I

VICTORIA BORISOVA-OLLAS (1969)

Angelus*

JOHN ADAMS (1947)

Absolute jest

Cuarteto Casals

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Tod und Verklärung Op. 24

* Espainian estrenaldia.

DATAK

  • 04 maiatza 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 05 maiatza 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


DATA ESANGURATSUAK

Bi pertsona-mota daude: urtebetetzeak, urteurrenak eta data esanguratsuak erraz gogoratzen ditugunak, batetik, eta datak, uneak eta oroitzapenak behin eta berriz ahaztu eta, ondorioz, iraindu egiten gaituztenak, bestetik. Lehenengo taldekoak bazarete, bikain ulertuko ninduzuen; bigarren taldekoak bazarete, ordea, ziur pentsatuko duzue ahobero hutsa naizela, data jakin batean puxikaz eta bihotzez beteriko meme txepel bat bidaltzea ahaztu zaizulako sutan jartzen den pertsona horietako bat naizela, hain zuzen. Tira, denok dugu burua gauza garrantzitsuz betea! Zer axola dio? Ez al da beste egun arrunt bat?

Bada, horixe da funtsezko desberdintasuna: batzuentzat (horien artean egoteaz gain, ni naiz buru) data esanguratsu horiek ez dira beste egun arrunt bat. Egun bereziak dira, gertakari garrantzitsuak eta gure bizitzetako inflexio-puntuak gogoratzekoak, bai eta primerako momentuak ere inguratzen gaituztenei gogorarazteko guretzat funtsezkoak direla eta aurrerapauso eta une esanguratsu oro beraiekin partekatu nahi dugula, unerik latzenetan elkarri laguntzeko eta bizitza konplikatu honetan ahal dugun oro ospatzeko. Eta, gure lagun maiteen datak ahazten ez ditugun moduan, gustatzen zaigu ere beraiek gureak gogoratzea.

Baina, egia esan, badago beste pertsona-mota bat ere: data esanguratsuak ahazten ez dituztenak, baina ez ikusiarena egiten dutenak, ez dituztelako atsegin. Eta ez naiz ari denontzat gogoratzen latzak diren gertakari tristeei buruz. Badaude urtebetetzeak gorroto dituzten pertsonak, ez dutelako zahartu nahi. Denborak aurrera egiten duela (eta horrek dakarren guztia) onartzea denontzat ez da erraza. Baina denborak aurrera jarraitzen du, urteurrenak bata bestearen atzetik datoz, eta musikarekin ospatzea baino hoberik ez dago.

Gaurkoan entzungo dugun lehenengo obra Munich hiriaren 850. urteurrenerako idatzi zen. Angelus izeneko pieza hiriko Udalak eta Orkestra Filarmonikoak Victoria Borisova Ollas konpositore errusiar-suediarrari eskatu zioten efemeride hori ospatzeko, eta paseo sentsorial bat jasotzen du hirian zehar, goizaldean hasi eta ilundu arte, entzuleak kanpandorre eta erloju nagusiak zeharkatzen dituen ibilbide batean eramateko.

Obra horretako musika kolorista eta arina da, poema sinfoniko inpresionista baten parekoa, eta atmosferak zein umoreak proposatzen ditu entzuten erraza den orkestazio eklektiko baten bidez.

Sarrera misteriotsu baten ondoren, poliki-poliki agertzen den antzinako kutsu zeltiarreko lehen gai batekin hasten da pieza. Goizeko lanbro horien artetik, Peterskirche elizaren kanpaia nabarmentzen da, bere distirarekin. Kanpai horri inguruko elizetako kanpaiak eta txorien kantua gehitzen zaizkio, Viktualien merkatuaren gainetik hegaka. Aurrera jarraitzen du ibilaldi indartsuak, eta une batean Marienplatz plazan gelditzen da, eguerdian udaletxeko Rathaus Glockenspiel erloju mekanikoaren melodia entzuteko tenorean, karilloiarekin melodia berezi eta ezagun bat erreproduzitzen baitu. Geldiune horren ondoren, ibilbideak pasarte geldoago eta lasaiago batzuetan zehar eramaten gaitu, ia gogoetatsu, pixkanaka-pixkanaka iristeko, erreluktantziaz eta artegatasunez, Frauenkircheko Angelusaren arratsaldeko jotzera eta horren ondorengo zerbitzu erlijiosora. Obraren amaieran, pasearia Petereskirechera itzultzen da, eta bertatik entzuten du azken kanpai-hotsa, ilunabarreko lasaitasun baketsuan lasai-lasai lausotzen dena.

Victoria Borisova-Ollasek Munich hiria modu mistiko eta itxuragabe samarrean ekarri zuen gogora 850 urteak ospatzeko, eta John Adams konpositore estatubatuarrak San Frantziskoko Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko obraren enkargua erdibideko energiaz eta bizitasunez hartu zuen (Absolute jest izenburuko hitz-jokoak dioen bezala), txantxa baten eta balentria handi baten artean. Ziur asko, urteak betetzen dituena adineko hiri bat bada, andre horrentzat egokiagoa izango da obra dotore eta bare bat. Aitzitik, ehun urte beteak dituen orkestra bat dibertimendua eta erronkak behar dituen neska gazte, alaia, ameslaria eta irekia da, edo izan beharko luke.

Adamsek honela deskribatzen du pieza: «25 minutuko scherzo erraldoi bat», hari-kuartetorako eta orkestrarako kontzertu moduko bat, Beethovenen obren zatiekin jolasten dena Mr. Potato baten piezak balira bezala.

Absolute Jest horren ideia Stravinskiren Pulcinella izeneko balletaren interpretazio batek iradoki zuen, bai eta Stravinskik nola bereganatu zituen iraganeko musika-baliabideak eta moduak, eta nola berregin zituen bere hizkuntzan. Adamsek berak aitortu zuen ez dagoela ezer bereziki berririk konpositore batek beste baten musika barneratu eta "bere egitean", baina John Adamsen erabateko txantxa irudimen bikaineko eta energia ikaragarriko lana da; hainbesteraino non hari-kuartetoaren eta orkestraren eraketa bera hain ezohikoa denez, “etxeko” arazoak sortzen dituen (nola jarri lau bakarlari zuzendariari jarraitu ahal izateko moduan, eta ikusleengandik bisualki eta entzumenez ezkutatuta ez geratzeko moduan?) bai eta kontu teknikoagoak ere, hala nola hari-kuarteto baten artikulazioa eta soinua orkestra baten masarekin eta gorputzarekin orekatzea.

Baina, zailtasunak alde batera utzita, musikak hasiera-hasieratik harritzen gaitu, Bederatzigarren sinfoniako scherzoaren hasierako motibo erritmikoarekin hasten baita Beethoveni omen egiteko. Baina askoz haratago doa eta “detektibetan jolastera” gonbidatzen gaitu Zazpigarreneko lehen mugimenduko pasarteak identifikatzeko, bai eta op. 131 kuartetoarenak (hasierako fuga eta bosgarren mugimenduko scherzoa), op. 135 kuartetoarenak (berriz ere scherzoa, bigarren mugimendua), Große Fuge op.133renak, Waldstein sonatarenak, Hammerklavier sonatarenak, Zortzigarrenaren xehetasunen bat eta abar ere. Estilo adamsiarra, gobernaezina eta guztiz liluragarria.

Alabaina, egun batean urtebetetzeak bukatzen dira (bizitzaren legea) eta jadanik ez daudenen urteurrenak zenbatzen hasten gara. Eta, egungo gizartean gaixotasuna borrokaz mozorrotzen dugun eta heriotza bulego-ordutegia duten beilatoki aseptikoetan ezkutatzen dugun arren, inork ez du heriotzaren esku hotzetatik ihes egiterik. Beste garai, gizarte eta inguruabar batzuetan hori jakin dute, eta heriotzari, horren esanahiari eta haratago dagoenari aurre egin diete modu naturalagoan eta organikoagoan.

Hala ere, ez dago argi Strauss gazteak buruan zer zuen Heriotza eta itxuraldaketa (Tod und Verklärung) obra idatzi zuenean, baina, estreinaldirako, Alexander von Ritter lagun eta mentoreari eskatu zion poema txiki bat idatz zezala «zorion zerutiarrera daramaten lurreko lanei» buruz; beraz, horrelako zerbait ibiliko zen bere buruan, Liszten poema sinfonikoen estiloan, erreferentzia wagneriarren izenburua zuen obra bat osatzen zuen bitartean (Verklärungen hori lehenago Leipzigek erabili zuen Tristan obraren zati batean, baina gero aldatu egin zuen).

Lana argitaratzeko, eta Straussek berak eskatuta, Ritterrek bere poema zabaldu behar izan zuen, eta lau zatiko gida musikal dramatiko bihurtu zuen, konposizioaren atal bakoitzeko bana:

I. Ahul argiztatutako ganbara urri batean hilzorian dagoen gizon bat dago.  Ezerk ez du isiltasuna asaldatzen, erloju baten tik-tak soinua izan ezik, ala bihotzaren taupada ote da? Lozorroan, irribarre egiten du ametsetan, zorion xaloko uneak gogoratzen dituen bitartean. «Gizon bat, gaixorik, bere lastairan datza, ganbara ziztrin eta ihar batean, ia agortutako kandela baten distira zurbil eta zalantzatiak argitua. Heriotzarekiko borroka desesperatu batek akiturik, lozorroan erori da. Ezerk ez du durduzatzen ezinbestean bahetzen denaren isiltasuna, hormako erloju baten pultsu ahul eta monotonoak izan ezik. Irribarre mingarri batek aldizka zeharkatzen ditu gizonaren bisaia zurbilak, bizitzaren azken mugan, ametsek haurtzaroko urrezko egunen oroitzapena dakarkiote.»

II. Berriro ere sukarrak jotzen du eta agonia berriz hasten da, bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka amorratua. Klimaxean, laburki, Itxuraldaketaren gaia entzuten da (obraren azken zatian nagusi izango dena), etortzear dagoena aurreratuz. «Baina heriotzak ez dio etenaldirik emango biktimari, ez atsedenean, ez ametsetan. Bortizki erasotzen du, eta berriz hasten da borroka: bizitzeko borondatea, heriotzaren ahalmenaren aurka. Borroka ikaragarria! Oraindik ez du inork irabazi; hilzorian dagoena bere lastairan hondoratzen da eta isiltasuna da nagusi berriro.»

III. Baina, ahul, gaixoa makalaldi batean erortzen da. Sukarrak eragindako eldarnioetan, hilzorian dagoenak bere bizitzako une garrantzitsuak ekartzen ditu gogora, azkenean heriotza iritsi arte. «Borrokak nekaturik, haluzinaturik, sukarrak eragindako eldarnioan, bizitza pausoz pauso erreproduzitzen ikusten du. Lehenengo, haurtzaroaren hasiera, errugabetasun hutsean distiratsu. Gero, nerabeak indarrak prestatu eta probatzen ditu gizonaren borrokarako. Eta ondoren, bizitzaren sari nagusia lortzeko borrokatzen den gizona, hau da, ideal altu bat lortzea eta bere ekintzaz are gehiago handitzea. Hori guztia nahi izan du beti bere bihotzak. Herioaren izerditan ere oraindik irrikatzen du… Irrikatzen dago, baina eskuraezina da! Orain gehiago eta argiago ikusten badu ere, orain bere aurrean distira egiten badu ere, ezin du ideal hori erabat lortu, ezta bere lanari azken errematea eman ere. Orduan, Heriotzaren mailu hotzaren altzairuzko hotsa entzuten da; lehorreko estalkia bitan hausten da.»

IV. Baina heriotza itxuraldaketara igarotzea besterik ez da. Kantu tinkoak, sonoritate oparoetan bildurik, berrerospenaz eta betiereko bizitzara igotzeaz hitz egiten du, eta Itxuraldaketaren gaia pianisimotik hasi eta giza gogoaren garaipenaren estasi beteraino handitzen da, gorputzaren heriotza gupidagabearen gainetik. «Baina orain, goitik, garaipena entzuten da; Lurrean alferrik bilatu zuenak, Zerutik agurtzen du: Askapena, itxuraldatzea!»

Gaurko egitarauan, musikak bizitza, denbora eta horren igarotzea oso modu ezberdinetan ospatzera eraman gaitu. Ez ezazue zuena aurkitzeko beldurrik izan, eta, batez ere, ez ahaztu data esanguratsuetan zoriontzea jadanik aurkitu dutenei.

Nora Franco


Cuarteto Casals.

VERA MARTÍNEZ-MEHNER, biolina

ABEL TOMÀS, biolina

JONATHAN BROWN, biola

ARNAU TOMÀS, bilontxeloa

Londresko eta Hanburgoko nazioarteko lehiaketetan lehenengo sariak irabazi ondoren, Casals Laukotea, 1997an Madrilgo Escuela Reina Sofían sortua, aldizka gonbidatu dute munduko kontzertu-areto ospetsuenek, hala nola Carnegie Hall (New York), Philarmonie (Berlin), Cité de la Musique (Paris), Konzerthaus and Musikverein (Vienna), Concertgebouw (Amsterdam) eta Suntory Hall (Tokyo) aretoek.

22/23 denboraldian, Casals Laukotea XXV. urteurrenaren ospakizunean dago murgilduta, eta Johan Sebastian Bach-en Fugaren artea obraren grabazio batekin eta kontzertu batzuekin ari dira ospatzen. Azken denboraldietan Mozarten azken hamar kuartetoak jo dituzte Berlingo Pierre Boulez Sall delakoan, eta John Adamsen Absolute Jest Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin. Horrez gain, hainbat bira egin dituzte Europan eta Ipar Amerikan.

Laukoteak hainbat disko produzitu ditu Harmonia Mundi zigilurako, orain arte hamabi CD. Errepertorio zabala dute, hain ezagunak ez diren Arriaga eta Toldrà autoreen lanak barne, bai eta Mozart, Haydn, Schubert eta Brahms konposizio klasiko vienarrenak ere, XX. mendeko izen handiak ahaztu gabe, hala nola Debussy, Ravel eta Zemlinsky. Schuberten kuartetoen integralarekin zenbait DVD ere egin dituzte, Neu Records delakoak editatu dituenak.

2020. urtean, Harmonia Mundik Beethovenen kuartetoen integralaren azken emanaldia plazaratu zuen Casals Laukotearen hiru liburukitan, eta kritika bikainak izan zituen. Inventions, Revelations eta Apotheosis dira kuartetoon izenburuak, hurrenez hurren. Hurrengo urtean, Mozartek Haydni dedikatutako sei kuartetoen beren grabazioaren bigarren partea atera zuten. Strad aldizkariak emanaldi horri buruz esan zuen «musikaren berezko esentziaren destilazio hunkigarria» zela.

Londresko Borletti Buitoni Fundazioaren sari ospetsua irabazi ostean, laukotea barroko-klasikoaren garaiko arkuak erabiltzen hasi zen zenbait konpositore interpretatzeko, hala nola Purcell eta Schubert. Ekintza horrek taldeari dimentsio akustiko berri bat eman dio, eta are gehiago laguntzen die lengoaia estilistiko anitzak erakustean. Casals Laukoteak gure garaian bizirik dauden zenbait konpositoreren eragina jaso du, hala nola György Kurtág artistarena, eta Espainiako egungo konpositore batzuen lanak estreinatu dituzte munduan. Horien artean azpimarratzekoa da hari-kuartetorako eta orkestrarako kontzertua, Francisco Coll konpositorearena, Espainiako Orkestra Nazionalarekin estreinatu zena, bai eta Mauricio Sotelo, Benet Casablancas, Dahoud Salim, Lucio Amanti, Aureliano Cattaneo eta Matan Porat konpositoreen enkarguak ere.

Casals Laukoteak Kataluniako Generalitaten eta Institut Ramon Llull delakoaren laguntzak jasotzen ditu, kultura zabaltzeko egitekoa aitortzeko. Taldeak Musika Sari Nazionala (2006), Premi Nacional de Cultura de Catalunya (2016) eta Premi Ciutat de Barcelona 2005) sariak jaso ditu. Laukoteak urtero jotzen du Madrilgo Errege Jauregian, instrumentuen Stradivarius bilduma zoragarriarekin.

Sarritan Europako eta Ipar Amerikako telebistetan eta irratietan agertzen dira, eta, eskola magistral arrakastatsuak emateaz gain, Laukote Egoiliarra dira Hagako Koninklijk kontserbatorioan, Finesoleko Musika Eskolan eta Bartzelonan dagoen Kataluniako Goi-mailako Musika Eskolan; izan ere, lau kideak Bartzelonan bertan bizi dira.


Shiyeon Sung.

Zuzendaria

Shiyeon Sung zuzendari hegokorearra aitzindaria da bere lanbidean. Nazioarteko orkestra ospetsuen podiumerako jauzia egiten duen Hego Koreako lehen emakumezko zuzendaria da; orkestra horien artean honako hauek daude: Royal Concertgebouw Orchestra, Radio Franceren Orchestre Philharmonique, Los Angeles Philharmonic, Konzerthaus Orchestra Berlin eta Bambergeko orkestra.

2007an Boston Symphony Orchestrako zuzendari laguntzaile izendatu zutenean, nazioarteko musika-zirkuituan sortzen ari zen talentu interesgarrienetako baten ospea ziurtatuta zegoen: lehentxeago, Shiyeon Sungek Sir Georg Solti Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketa eta Gustav Mahler Zuzendaritza Lehiaketa irabazi zituen Bambergen. Bostonen egin zuen hiru urteko egonaldian, lankidetza estua hasi zuen Seoul Philharmonic Orchestrarekin, eta denboraldi hasierako kontzertua zuzendu zuen 2007an. 2009an, orkestrak zuzendari-postu bat ezarri zuen berarentzat bereziki, eta 2013ra arte bete zuen.

Harrez geroztik, Shiyeon Sungek orkestren zerrenda bikain batekin egin du lan. Europako orkestra ospetsuak hartzen ditu barne, hala nola, Rotterdam Philharmonic Orchestra, Radio Franceren Orchestre Philharmonique, Swedish Radio Symphony Orchestra, Philharmonia Orchestra, Konzerthaus Orchestra Berlin, Bamberg Symphony, National Symphony Orchestra Washington, Sydney Symphony Orchestra, eta Los Angeles Philharmonic; Tongyeong-eko Nazioarteko Musika Jaialdian Martha Argerich piano-jotzailearekin egindako kontzertu ikusgarri bat zuzendu zuen. Gainera, zuzendari gonbidatu gisa parte hartu du Buenos Airesko Colón Antzokian eta Stockholmeko Operan.

Gyeonggi Philharmonic Orchestraren zuzendari titularra izan zen 2014tik 2017aren amaierara arte, eta denbora horretan orkestra nazioarteko arrakastara eraman zuen. 2015ean Berlingo Philharmonie aretoan emanaldi bat egin zuren, et, ondorioz, 2017an Shiyeon Sung eta bere orkestra izan ziren Berlingo Musikfest nazioarteko orkestra-jaialdian agerraldi berezi baterako gonbidatutako lehen orkestra asiarra. Daewon Cultural Foundation-en 2017ko Musika Interpretazioko Saria jaso zuen Shiyeon Sung-en lan bikaina erakusten du Mahlerren 5. sinfoniaren grabazioak. Gyeonggi utzi ondoren, Shiyeon Sung Berlinera joan zen bizitzera, eta bertan bizi da orain, baina bere jatorrizko herrialdean gonbidatu ospetsua izaten jarraitzen du eta Koreako Opera Nazionalera eta Seoul Philharmonic Orchestrara itzultzen da aldizka.

2021/22 denboraldian hainbat debut esanguratsu izan zituen, honako orkestra hauekin, besteak beste: Royal Concertgebouw Orchestra, Bavarian Radio Symphony Orchestra, Atlanta Symphony, Utah Symphony, Espainiako Orkestra Nazionala, Haifako Sinfonikoa, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Valentziako Orkestra eta Auckland Philharmonia. 2022/23 denboraldian beste zenbaitekin egingo du debuta, hona hemen: Royal Philharmonic Orchestra, Haifa Symphony, Swedish Chamber Orchestra, Queensland Orchestra, Tucson Symphony Orchestra edota Hofer Symphoniker, bai eta Espainiako Nafarroako eta Tenerifeko orkestrekin ere. Buenos Airesko Orkestra Filarmonikora ere itzuliko da Colón Antzokian kontzertu bat egiteko, bai eta Bilbao Orkestra Sinfonikora, Oviedo Filarmoníara, Antwerp Symphony Orchestrara eta Auckland Philarmoniara ere.

Hego Koreako Pusan hirian jaioa, Shiyeon Sungek hainbat sari irabazi zituen piano-jotzaile gisa gazteen lehiaketetan. 2001etik 2006ra bitartean, orkestra-zuzendaritzako ikasketak egin zituen Rolf Reuter maisuaren eskutik Berlingo Hanns Eisler School of Music delakoan, eta Stockholmeko College of Music ospetsuan ikasten jarraitu zuen, Jorma Panularekin, zuzendaritzako goi-mailako ikasketetan.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
20 - 22
Eka
2024
>SATURRARAN

SATURRARAN

Lekua: Arriaga Antzokia

Elezahar batek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten eta uretan ito ziren maitaleak. Itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez.

Elkar maitatu ezin diren bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maiteminduko dira. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Jose, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera. Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.

Kirmen Uribe


Opera Euskaraz, gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluekin.

Konpositorea: Juan Carlos Pérez.
Libretoa: Kirmen Uribe.
Zuzendaritza musikala: Jon Malaxetxebarria.
Zuzendaritza eszenikoa: Lucía Astigarraga.
Interpretatzaileak: Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka, Iñigo Fernández.
Korua: Sociedad Coral de Bilbao.
Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS).
Irudien diseinatzailea: Ibai Labega.
Argiztapena: Alberto Rodríguez Vega.
Eszenografia: Philip Rubner.
Piano-jotzailea: Iñaki Belasko.
Esker onak: Sergio Verde, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, María Laespada, María Ángeles Etxabe, Jon Iñaki Artetxe, Ibon Basterretxea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Arriaga Antzokiaren koprodukzio bat.


Informazioa eta sarrerak

Gehiago ikusi
03 - 04
Urr
2024
>Beethovenen Enperadorea

Beethovenen Enperadorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

L. van Beethoven: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Op. 73 “Enperadorea”
A. Dvorák: 8. sinfonia Sol Maiorrean Op. 88

Vadym Kholodenko, pianoa
Nuno Coelho, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
10 - 11
Urr
2024
>Klasikoak gazteak dira

Klasikoak gazteak dira

Lekua: Euskalduna Jauregia

W.A. Mozart: Bahiketa harenean, Obertura K. 384
F.J. Haydn: Biolontxelorako eta orkestrarako 1. kontzertua Do Maiorrean Hob. VIIb:1
Caroline Shaw: Entr’Acte
F.J. Haydn: 60. sinfonia Do Maiorrean Hob. I:60 “Il Distratto”

Julia Hagen, biolontxeloa
Lorenza Borrani, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
17 - 18
Urr
2024
>Arrosaren zalduna

Arrosaren zalduna

Lekua: Euskalduna Jauregia

D. Shostakovich: Piano eta orkestrarako 1. kontzertua Op. 99
A. Leng: Alsinoren heriotza
R. Strauss: Der Rosenkavalier, Suite Op. 59

Sergei Dogadin, biolina
Luis Toro, zuzendaria

Gehiago ikusi