Kontzertuak

Chopin eta Sirenatxoa


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

JoAnn Falletta, zuzendaria.
Garrick Ohlsson, pianoa.


I

FRÉDÉRIC CHOPIN (1810 – 1849)

1. kontzertua piano eta orkestrarako mi minorrean Op. 11

I. Allegro maestoso
II. Romanze (Larghetto)
III. Rondo (Vivace)

Garrick Ohlsson, pianoa.

II

ALEXANDER VON ZEMLINSKY (1872 – 1942)

Sirenatxoa*

I. Sehr mässig bewegt
II.Sehr bewegt, reuschend
III. Sehr gedehnt, mit schmerzvollem Ausdruck

DATAK

  • 19 urtarrila 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 20 urtarrila 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

BEHIN BATEAN…

Gaur egungo haurrek –maila ekonomiko eta kultural jakin batean jaiotakoek, behintzat– haurrentzako liburuz inguratuta hazteko zortea dute. Adin bakoitzera egokitutako liburuak daude, baita haurtxo txikienei egokitutakoak ere, oraindik urteka zenbatzen ez den adina dutenak. Koloreak, materialak, forma… xehetasunik txikiena ere haurtxoen erosotasunerako eta segurtasunerako pentsatuta dago: hozka egin, zapaldu edo lurrera bota daitezkeen materialak; duintasun berarekin jasaten dutenak ordubete bainuontzian, arratsalde bat parkeko hondarrean edo ustekabeko goitika bat; haurraren ikus-garapena errespetatzen duten koloreak dituztenak, eta, aldi berean, ikus-garapena estimulatzen dutenak –eta, jakina, ingurumena errespetatzen dutenak eta… jan daitezkeenak–; eskutxo potzolo eta hatz traketsetara egokitzen diren formak eta ukimenaren zentzua ikertzeko gogoa ematen duten testurak dituztenak. Askotariko liburuak daude: kartoi lodikoak, telazkoak, plastiko bigungarrizkoak, botoiak estutzean soinuak egiten dituztenak, marrazki ederrak dituztenak eta marrazki –ejem– originalagoak dituztenak, koloreak irakasten dituztenak, kontatzen irakasten dutenak, emozioak azaltzen dituztenak eta letrak eta guzti dituztenak; autoei, dinosauroei, animaliei, lanbideei eta abarrei buruzko liburuak daude; haurrentzako liburuek guzti-guztia dute, ipuinak izan ezik.

Izan ere, nahiz eta denok maitagarri-ipuinen artean hazi garen, horiek egokitu eta aldatu egin dira garai bakoitzeko interesen arabera. Badirudi gaur egun Txanogorritxok ez duela zentzu handirik, Félix Rodríguez de la Fuente ez baitago umeei otso bat txakur handi bat baino askoz gehiago dela erakusteko, eta printze batek bizitza konpontzeko itxaron bitartean hasperen besterik egiten ez duten printzesak jada ez dira eredu inorentzat. Baina, gaur egungo Disney printzesak desberdinak diren arren, oraindik desagertu ez den zerbait dago: maitasun-ipuinak. Edo, hobeto esanda, ipuin-maitasunak. Ia bultzaka baztertu ditugu, hori ez baita gure haurrek –eta are gutxiago, neskatoek– ikastea nahi duguna, baina, hipokritak garenez, film erromantikoetara eta telenobeletara eraman ditugu. Horiek kritikatzen ditugun arren, hainbat katetako erreginak dira, maitasun-istorio jakin batzuek eragiten dituzten hasperenak direla-eta. Baina maitasun sutsu hori, gorenena eta lotsagarriena egiteko gai dena, hain sentimendu unibertsala da, hain irrika gizatiarra, ezen bere erakarpen liluragarritik ihes egitea zaila den.

Gaur gauean, ipuin-maitasun horietatik edo, hobeto esanda, ipuin-desamodio horietatik sortutako bi lan entzungo ditugu; izan ere, maitagarri-ipuinek –bene-benetakoek, ez gaur egunera arte iritsi diren bertsio lausotuek eta azukretuek– ez zuten istorioaren zati gogor, desatsegin eta krudela ezkutatzen, eta, beraz, desamodioa, mina eta despita ipuin-maitasunaren parte ziren, argiak ere itzalak dituen bezalaxe.

Behin nonbait irakurri nuen denbora eta Chopin direla lehen amodioaren zauriak erremediatzeko dauden sendagai bakarrak. Frédéric Chopin, zentzu askotan, XIX. mendeko erromantikoaren arketipo absolutua izan zen. Zorion apartenetik zoritxar mingarrienera igaro zen, eta, Pianorako kontzertua mi minorrean obraz gozatzen dugun bitartean, hogei urteko gaztea dela eta lehen amodioak, Konstancja Gładkowska, erabat zoratuta dabilela imajinatu behar dugu. Gładkowska soprano gaztea zen, eta Varsoviako kontserbatorioan egin zuen topo Chopinekin. Nahiz eta oso denbora gutxi kointziditu, sentimendu kartsuak sorrarazi zizkion. Hain kartsuak izan ziren, ezen musikari gaztearen pianorako bi kontzertuak inspiratu zituen: «Badaukat, zoritxarrez agian, nire eredua; leialki nago bere esanetara, nahiz eta duela urte erdi ez dugun hitz egin. Baina berarekin amesten dut, eta nire Concertoko Adagioa bere oroimenez sortu zen». Eta ipuin-maitasun dramatiko horren testuinguruan, Chopin Parisera joan baino lehen, bere buruari ezarritako erbestera, Gładkowskak honako hau idatzi zuen Chopinen egunerokoan, agurtzeko: «Beste batzuek hobeto ebaluatu eta saritu ahal badizute ere, ezin izango zaituzte guk baino indar handiagoz maitatu». Beraz, ez da harritzekoa 1. kontzertu hori garai guztietako pianorako kontzerturik onenetarikotzat jotzea; izan ere, Chopinek pianoan zuen gaitasuna paregabea zen, pianoak bihotzaren sentimendurik adierazgarrienak kantatzea lortzen baitzuen.

Hala ere, ohiko erromantikoak ez bezala, Chopinek ez zion ia jaramonik egin orkestrari. Hobeto “saltzeko” asmoz, gazte poloniarrak hainbat akonpainamendu txiki idatzi zituen, baina orkestrazioa ez zen bere zeregin gogokoenetakoa. Musika-material sinfonikoek ez dute konplexutasun eta egitura formalik, eta, beraz, hutsalak eta inspirazio gutxikoak direla dirudi; baina, sinpletasun horren ondorioz, pianoaren ahotsa nabarmendu egiten da, teknika bikain eta idazkera ederrarekin, eta are hunkigarriagoa da.

Kontzertua orkestra-sarrera luze batekin hasten da, eta, handientsua izan arren, suspense bizia sortzen du, harik eta pianoak nota bakarra ukitu arte. Baina, azkenean unea iristen denean, orkestrak aurrez adierazitako material tematiko guztia itzalita eta desitxuratuta geratzen da, teklatuak gaindi egiten duen indar, gozotasun eta berotasun deskribaezinarekin alderatuta. Lehen mugimendu hori guztia bi gairen artean borrokatzen da, harik eta ustekabeko modulazio batek bat-batean amaitzen den kontraste harrigarria sortzen duen arte.

Bigarren mugimenduak, Romanze bezala markatuak, kontenplazio lirikoko egoerara itzultzen gaitu, amets-irudi gisa. «Kontzertu berriaren adagioak ez du efektu boteretsurik sortzeko helburua; amodio lasaia eta malenkoniatsua da, eta badirudi norbaitek kontu handiz begiratzen duela mila oroitzapen zoriontsu gogora ekartzen dituen leku bat. Paisaia atsegin batean oinarritzen da, ariman oroitzapen ederrak gogora ekartzen dituena; adibidez, udaberriko arratsalde eder batean, ilargiaren argian amets antzeko bat». Chopinen beraren hitzek mugimendu horren giroa marrazten dute, eta soka-akonpainamendu delikatuen artean irristatzen da.

Kontzertuaren amaierak Chopinen dantza poloniar gustukoenetako baten forma hartzen du, kasu honetan, Krakowiak batena. 2/4 konpasekoa da, eta gogo, indar eta gazte-energiaz beterik dago, birtuosismo handiko punteatze-erritmoan interpretatua. Haren sinkopa konplexuek eta tempo-aldaketek bultzada hartzen dute kontzertuaren amaierako zatian, eta erakustaldi ikusgarri –eta ia atletikoek– kontzertua azken estasi bikain batean amaitzea ekartzen dute –ipuin-maitasun horrek merezi duen bezala–.

Eta begirada bat, irribarre-erdi bat eta koaderno batean idatzitako lerro anbiguo pare bat Chopinek bi kontzertu egiteko nahikoa izan baziren, imajinatu Zemlinskyk zer puntutaraino atera zion probetxua Alma Schindlerren errefus irekiari –bai, Mahlerren Alma bera da–.

Zemlinsky musikari ona zen, eta bi opera arrakastatsu eta ikasle ugari zituen –horietako batzuk bikainak ziren, hala nola, Schönberg edo Korngold–, baina Almarekin topo egin zuen. 1900eko otsailean ezagutu ziren, afari batean, eta Alexander berehala gelditu zen txundituta bere glamour, karisma eta perfekzioarekin. Hala ere, Alma ez zen hain txundituta gelditu lehen topaketa horretan: Izan ere, honela deskribatu zuen: «kokotsarik gabekoa, txikia, begi irtenak… hitz batez, izugarri itsusia». Hala eta guztiz ere, zoritxarreko lehen uste hori ez zen oztopo izan Alma eskoletara joateko, ezta nolabaiteko maite-jolasean ibiltzeko ere. Zoritxarrez, ia bi urtez gorteatu ondoren, Almak Zemlinsky errefusatu zuen, publikoki eta irmoki, Gustav Mahlerrekin ezkontzea erabaki baitzuen.

Sirenatxoa (Die Seejungfrau) izan zen porrotaren ondoriozko demonioen aurka borrokatzeko musika-saiakera multzoaren lehena, errefusaren trauma exorzizatzeko prozesu psikologikoaren zati gisa. Andersenen ipuina eta bere historia pertsonala antzekoak zirenez –konpositoreak bere burua sirena bezala ikusten zuen, eta Alma printzea bezala–, mina musika bihurtzeko argudio ezin hobea bilakatu zen.

Ariel ilegorriak eta beti berarekin dagoen Sebastian karramarroak ez dute inongo zerikusirik Andersenen istorioarekin. Bene-benetan animatzen zaituztet jatorrizko ipuina irakurtzera, minutu gutxi batzuk besterik ez zaizue kostatuko. Dena den, alfer bazaudete edo oroimenak huts egiten badizue, esango dizuet ipuineko sirenatxoak, gainazalera lehen aldiz joaten denean, printze zirats bat ekaitz batean itota hiltzetik salbatzen duela, eta konorterik gabe eramaten duela ertzera. Hori egin bitartean, printzeaz maitemintzen da. Maiteminduta dagoenez, den-dena atzean uzteko prest dago, eta beraz, sirena gazteak sorgin batengana jotzen du. Orduan, sorginak sirenatxoa gizaki bihurtzen du bere ahots ederraren truke –horretarako mihia moztu egiten dio–. Baina tratua arriskutsua da; izan ere, printzea maitemintzea lortzen ez badu, hil egingo da, itsas aparra bihurtuko da eta arima hilezkorra galduko du. Printzea beste neska batekin ezkontzen denean, sirenatxoa berehala hilko dela konturatzen dira ahizpak, eta sorginarenera joaten dira konponbide bila. Ahizpa guztien ilearen truke, sorginak esaten die sirenatxoak printzea hiltzen badu eta oinak isuritako odolarekin zikintzen baditu, salbatu egingo dela; baina sirenatxoa ez da gauza bere maitea sastakatzeko eta, atsekabetuta, itsasoan murgiltzen da, aparra bihurtzeko zain. Hala ere, hil beharrean, airearen alaba bihurtzen da, eta arima hilezkorra berreskuratzeko beste aukera bat ematen zaio.

Lehenengo mugimendua Andersenen ipuinaren deskribapen berarekin hasten da; koloretsua, joria eta bizkorra, margolan inpresionista bat bailitzan: «Itsas zabalean, ura urdina da, nabar-lore ederreneko petaloak bezalakoa, eta argia, kristal puruena bezalakoa; baina hain da sakona, ezen alferrikakoa izango bailitzateke aingura botatzea, ez bailitzateke inoiz hondora iritsiko. Kanpandorre asko jarri beharko lirateke, bata bestearen gainean, sakoneretatik gainazalera heltzeko. Baina ez pentsa hondo guztia harea zuri eta hotz-hotzaz beteta dagoenik; bertan zuhaitz eta landare zoragarriak ere hazten dira, eta zurtoin eta hosto hain malguak dituzte, non uraren mugimendu ikusezinenak ere mugitu eta astindu egiten baitituen, bizirik egongo balira bezala. Mota guztietako arrainak, izan handiak edo txikiak, adarren artean pasatzen dira, hegaztiak airean ibiltzen diren bezala. Eta punturik sakonenean, itsasoko erregearen jauregia dago». Azalpen horren ondoren, printzea karel gainetik botatzen duen ekaitz zurrunbilotsuak pasarte larriak igarotzen ditu, harik eta klimaxera iritsi arte; orduan, sirenaren abestiaren lirismo gazi-gozoak oskarbitu egiten du.

Bigarren mugimendua deskribapenera bueltatzen da, oraingo horretan itsasoko erregearen jauregia duela ardatz: «Hormak koralez eginda daude, eta leiho luze puntazorrotzak anbar gardenenezkoak dira. Teilatua maskorrez eginda dago, eta ur-korrontearen arabera irekitzen eta ixten dira. Maskor horietako bakoitzak perla distiratsuak ditu barruan; maskor txikienak ere erregina baten koroa ohoratuko luke. […] Jauregiaren aurrean, lorategi handi bat zegoen, gorri bizi eta urdin ilun koloreko zuhaitzez betea; fruituek urrea bezala egiten zuten distira, eta loreek sugarrak ziruditen, pezioloak eta hostoak etengabe mugitzen zirelako. Zorua harea fin-finezkoa zen, urdina, sufrearen sugarra bezalakoxea. Goitik distira urdin zoragarria iristen zen; itsas hondoan egotea baino gehiago, bazirudien atmosferako goiko geruzetan zeundela, eta zerua gainean eta azpian zegoela, […] lurrean inoiz ikusi ezin izango dugun bista zoragarria». Berriz ere, orkestrazio bikaina adierazi ondoren, Zemlinskyk musikaren bidez kontatzen du sirena sorginaren haitzulora ihes egiten dueneko eszena, konposizio misteriotsu eta mehatxarien bidez. Lehenengo mugimenduan bezala, sekzioa konposizio liriko batekin amaitzen da, sotiltasun handikoa; bertan, konpositore austriarrak arima hilezkorra islatu zuen.

Azken mugimendua sirenatxoak hondartzako hondarrean ematen dituen lehen urratsekin batera hasten da; hala ere, printzea emaztegaiarekin dagoela ikustean, musikak sirenaren min handia adierazten du, hazten eta hedatzen joaten dena, harik eta, pixkanaka-pixkanaka, mina hilezkortasun promesa bihurtzen duen arte.

Erromantizismoko amodioak, ikusi duzuen bezala, ipuin-maitasunak dira, batez ere. Edo, agian, gezurrez jositako amodioak dira, nork daki. Dena den, jakin badakit berriz haur izatea merezi duela, baina lehenagokoak bezalakoa; hots, marrazki asko izan baino, letra askoko paperezko ipuinak irakurtzen zituztenak, eta istorioak harrapa gaitzala uztea, horrenbeste aurreiritzi eta zuzenketarik gabe, eta, behin bakarrik bada ere, libreki gozatzea norbaitek hitz ezagun horiek esan arte: “eta hala bazan edo ez bazan…”.

Nora Franco


Garrick Ohlsson.

Pianoa

1970eko Nazioarteko Chopin Piano Lehiaketa irabazi zuenetik, Garrick Ohlsson pianista maisutasunezko interpretazio- eta teknika-trebetasunak dituen musikaritzat ezagutzen da mundu osoan. Frédéric Chopinen musikaren munduko erreferentzia nagusienetako bat da Ohlsson jauna, eta piano-literatura osoa biltzen duen errepertorio itzela menderatzen du. Claudio Arrau zenaren ikasle izan zen. Ohlsson Mozart, Beethoven eta Schuberten obrak maisukiro interpretatzeagatik ezaguna da, baita errepertorio erromantikoa interpretatzeagatik ere. Gaur egunera arte, 80 kontzertu baino gehiago ditu errepertorioan, Haydnen eta Mozarten kontzertuetatik hasi, eta XXI. mendeko obretaraino. Horietako asko berarentzat konposatutakoak dira. 2018/19 denboraldian, asmo handiko proiektu bati eman zion hasiera: hainbat denboralditan banatuta, Brahmsen pianorako obra osoa esploratzeari ekin zion, eta New Yorken, San Frantziskon, Montrealen, Los Angelesen, Londresen eta Ipar Amerikako hainbat hiritan entzun ziren lau programatan banatu zituen.

Ohlsson jauna askotan gonbidatzen dute Australiako orkestretara, eta berriki Perth, Brisbane, Melbourne, Sydney, Adelaide eta Hobarten egon da, bai eta Wellington eta Aucklandeko New Zealand Symphonyn ere. 2020ko otsailean, errezitaldi-bira bat egin zuen Australiako zazpi hiritan, COVID-19aren pandemiagatik kontzertu-aretoak itxi aurretik. Harrezkero, eta San Frantziskoko Musika Kontserbatorioko fakultateko kide gisa, erakunde askotan musika bizirik mantentzen lagundu du zuzeneko edo aurretik grabatutako errezitaldien bidez, Kirill Gersteinekin batera duoan egindako programa barne. Biok elkarrekin bira bat egin dute Estatu Batuetan, 2022ko neguan. 2021eko udan AEBetako kontzertu-jarduerari berriz ekin zitzaionean, Indianapolis eta Clevelandeko orkestretan parte hartu zuen, eta errezitaldiak eman zituen San Frantziskon, Brevard Jaialdian eta Brahmseko 4 errezitalditan, Chicagoko Ravinia Jaialdian. 21/22 denboraldia Seuleko KBS orkestrarekin hasi zen; ondoren, Atlanta, Dallas, Seattle eta BBC Glasgow sinfonikoak, eta Praga, Hanburgo, Lyon eta San Petersburgoko orkestra europarrak etorri ziren. Errezitaldiak eman ditu Los Angelesen, Houstonen eta Kansas Cityn, baita Polonian, Alemanian eta Ingalaterran ere.

Ganbera-musikari handia denez, Ohlsson Cleveland, Emerson, Tokio eta Takacs hari-laukoteekin aritu da lankidetzan, eta, duela gutxi, Boston Chamber Playersek Europan egin duen biran egon da. Jorja Fleezanis biolinistarekin eta Michael Grebanier biolontxelistarekin batera, FOG hirukotearen kide fundatzailea da (egoitza San Frantziskon du). Kantu eta abeslarien zale amorratua da Ohlsson, eta errezitaldiak eman ditu artista ospetsuekin, hala nola: Magda Olivero, Jessye Norman eta Ewa Podleś.

Ohlsson jaunak Arabesque, RCA Victor Red Seal, Angel, BMG, Delos, Hänssler, Nonesuch, Telarc, Hyperion eta Virgin Classics musika-zigiluetarako grabatu du. Beethovenen Sonata guztien hamar disko-sortak (Bridge Records) kritikaren goraipamenak jaso ditu, baita GRAMMY® bat ere, hirugarren bolumenagatik. Robert Spano eta Atlantako sinfonikoarekin batera grabatutako Rachmaninoffen 3. kontzertua 2011n atera zen. 2008ko udazkenean, Hyperion musika-zigilu ingelesak Chopinen obra guztiak biltzen zituzten 16 diskoak berrargitaratu zituen, eta, ondoren, 2010ean, Brahmsen pianorako bariazio guztiak, Enrique Granadosen “Goyescas” eta Charles Tomlinson Griffesen musika. Duela gutxi, zigilu horretan bertan, Scriabinen “Poèmes” osoak, Smetanaren txekiar dantzak eta Debussy, Bartok eta Prokofieven “Ètudes”-ak argitaratu dira. Bridge Recordsentzako grabatu dituen azken CDak Scriabinen sonata guztiak (“Close Connections”), XX. mendeko konposizioen errezitaldi bat eta Liszten obrak biltzen dituzten bi CD dira. 2010ean, Chopinen berrehungarren urteurrenaren harira, Ohlssonek “Chopinen artea” dokumentalean parte hartu zuen, Poloniako, Frantziako, Britainia Handiko eta Txinako telebistek batera ekoitzitakoa. Berrikiago, bai Brahmsen kontzertuak, bai Txaikovskiren pianorako bigarren kontzertua argitaratu ziren, Melbourneko eta Sydneyko sinfonikoekin batera egindako zuzeneko emanaldien grabazioen bidez, beren zigilu diskografikoetan. Bestalde, Ohlsson jaunak Dvoraken pianorako kontzertua interpretatu zuen Txekiako Filarmonikak konpositorearen sinfonia eta kontzertu guztiak grabatu zituenean, eta 2014ko uztailean argitaratu ziren Decca zigiluan.

Garrick Ohlsson White Plainsekoa (New York) da. 8 urterekin hasi zituen piano-ikasketak Westchesterreko Musika Kontserbatorioan; 13 urte zituenean, New Yorkeko Juilliard School eskolan sartu zen. Ohlssonen musika hainbat irakasle ospetsuren eraginpean garatuz joan da, besteak beste: Claudio Arrau, Olga Barabini, Tom Lishman, Sascha Gorodnitzki, Rosina Lhévinne eta Irma Wolpe. Italiako 1966ko Busoni Lehiaketan eta Montrealgo 1968ko Piano Lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen arren, 1970eko Varsoviako Nazioarteko Chopin Lehiaketan irabazi zuen Urrezko Dominari esker lortu zuen mundu-mailan bere belaunaldiko pianista onenetarikotzat jotzea (oraindik ere domina lortu duen estatubatuar bakarra da). Harrezkero, ia dozena bat bira egin ditu Polonian, non oso ospetsua baita. 1994an, Ohlsson jaunak Avery Fisher Prize saria jaso zuen, eta 1998an, University Musical Society Distinguished Artist Award saria (Ann Arbor, MI). 2014an, piano interpretazioagatiko Jean Gimbel Lane Prize saria jaso zuen, Northwestern University Bienen School of Music unibertsitatekoa. 2018ko abuztuan, Poloniako Kultura ministrordeak kultura-merezimenduagatiko Gloria Artis urrezko domina eman zion. Steinway artista da, eta San Frantziskon du egoitza.


JoAnn Falletta.

Zuzendaria

JoAnn Falletta, Grammy baten irabazlea izateaz gain, Buffalo Philharmonic Orchestrako musika-zuzendaria da, Virginia Symphony Orchestrako musika-zuzendari saritua, Brevard Music Centerreko zuzendari gonbidatu nagusia eta Hawaii Symphony Orchestrako aholkulari artistikoa. “Toscaninik taldearen gainean zuen kontrol gogorra, Walterren barne-ahotsen oreka txeratsua, Stokowskik ikuskizunerako zuen sen porrokatua eta Bernsteinen duineko frenesi kontrolatua” edukitzeagatik txalotu dute, eta gure garaiko musika-liderra da. Falletta andreak, gonbidatu gisa, ehun orkestra baino gehiago zuzendu ditu Ipar Amerikan, baita Europako, Asiako, Hego Amerikako eta Afrikako garrantzitsuenetako asko ere.

Buffalo Philharmoniceko musika-zuzendari izendatu zutenean, Falletta Estatu Batuetako talde nagusienetako baten buru zen lehen emakumea bihurtu zen. Denboraldi honetan Buffalo Philharmonicen dagoenetik hogeigarren urteurrena ospatzearekin batera, Filarmonika inoiz ez bezalako goragune nazional eta nazioartekora eraman duelako ohoratu zaio. Orkestra hori Naxos diskoetxerako orkestra nagusienetako bat bihurtu da, eta birritan egon da Carnegie Hall kontzertu-aretoan, 2004an lehenengoz, hogei urtez joan gabe egon ondoren, eta 2013an, Spring for Music Festival jaialdiaren parte gisa. 2018an, hiru hamarkada eta gero, BPOk nazioarteko bira bat egin zuen, Varsoviako Beethoven Easter Festival jaialdi ospetsuan parte hartzeko. Bertan, Fallettak historia egin zuen; izan ere, jaialdian orkestra bat zuzentzen zuen Estatu Batuetako lehen emakume zuzendaria izan zen. Fallettak eta BPOk ASCAP sari ugari jaso dituzte, Adventurous Programming sari garrantzitsuena barne. Beste hainbat lorpen izan ditu, besteak beste: orkestrako Beau Fleuve zigilua sortzea; Gitarrentzako Kontzertuen Nazioarteko JoAnn Falletta Lehiaketa sortzea, WNEDekin lankidetzan; Floridan lau bira arrakastatsu egitea, eta kontzertuak nazio-mailan eta nazioartean ematea NPRren Performance Todayen, SymphonyCasten eta Europako Irrati-Telebista Batasunean.

JoAnn Fallettak duela gutxi amaitu du Virginia Symphony Orchestran musika-zuzendari gisa izan duen agintaldi luze eta arrakastatsua.  1991n izendatu zutenetik, VSOk kota artistiko handiak lortu ditu, eta errepertorio klasikoan ahaztutako altxorren munduko konpositore-estreinaldiak egin ditu, hala nola: Kenneth Fuchs, Behzad Ranjbaran, Michael Daugherty eta Lowell Liebermann. Horrez gain, klasikoak, pop eta familia-kontzertuak aurkeztu ditu Norfolk, Virginia Beach, Newport News eta Williamsburgen. Haren zuzendaritzapean, orkestra Kennedy Centerren eta Carnegie Hallen estreinatu da eta kritika arrakastatsuak izan ditu, “Adventurous Programming”-agatiko ASCAP saria eman diote, eta hemezortzi grabazio argitaratu ditu nazioartean oso ezaguna den Naxos zigiluan, Albany Recordsen, NPRn eta orkestraren berezko Hampton Roads zigiluan. Virginiako herritarrek Norfolkeko Legends of Music Walk of Fame pasealekuan izar batez ohoratu dute. Horrez gain, Virginia Women in History Award saria, Norfolkeko “Downtowner of the Year” saria eta Virginiako Commission for the Arts batzordeko “50 for 50 Arts Inspiration Award” saria eman diote.

JoAnnek 115 izenburu baino gehiagoko diskografia du, eta Naxoseko artista diskografiko nagusienetakoa da. 2019an, JoAnnek bere lehen Grammy indibiduala irabazi zuen London Symphonyko zuzendaritzagatik, Best Classical Compendium kategorian, Spiritualist delako obragatik, Kenneth Fuchsen musikaren munduko estreinaldiko bosgarren grabazioa. Naxos zigilurako egin zuen Mr. Tambourine Man: Bob Dylanen zazpi poema grabazioak, John Coriglianorenak, bi Grammy jaso zituen 2008an. Denboraldi honetan, Fallettak eta BPOk hiru grabazio berri argitaratu dituzte Naxosekin batera, honako munduko estreinaldiak barne: Danielpourren Passion of Yeshua, Florent Schmitten Salomé eta Scriabinen Estasiaren Poema, bai eta bi grabazio ere, BPOren Beau Fleuve zigiluan, BPO LIVEn: Prokofieven Romeo eta Julieta eta Brahmsen pianorako 2. kontzertua, Fabio Bidini pianistarekin batera, eta Forgotten Treasures, oso gutxitan interpretatutako bost orkestra-obrekin. Fallettak Naxoserako egin berri dituen lanen artean daude, besteak beste: Respighiren trilogia erromatarra, Wagnerren eraztuneko musika eta Kodalyren orkestrarako kontzertua, bi-biak BPOrekin; eta Franz Schrekerren infantaren urtebetetzea Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin. Iaz, BPOk Built for Buffalo 2 argitaratu zuen, munduko hiru estreinaldirekin, bai eta Treasures of Poland ere. VSOk Michael Daughertyren Night Owl obraren munduko estreinaldia egin zuen grabazio bat argitaratzearen bidez.

Falletta American Academy of Arts and Sciences entzutetsuko kide da, National Council on the Arts erakundeko presidente izendatu zuten Bush eta Obama presidente ohien agintaldietan, eta orkestrako zuzendaritza-sari ospetsuenetako asko jaso ditu. Konpositore estatubatuarren 500 obra baino gehiago aurkeztu ditu, munduko 100 estreinaldi baino gehiago barne. 2019ko martxoan, JoAnn Classical Woman of The Year izendatu zuen Performance Todayek. Urte horretan eman zen saria lehen aldiz, eta musika klasikoan eragin iraunkorra izan duten emakumeak ohoratzen ditu. 2018ko ekainean, Classic FMk munduko 10 orkestra-zuzendari onenen artean sartu zuen JoAnn, bere “aparteko musikaltasuna” aipatuz.

Falletta andrea Ulster Orchestrako zuzendari nagusia, Phoenix Symphonyko zuzendari gonbidatu nagusia, Long Beach Symphony Orchestrako musika-zuzendaria, Milwaukee Symphony Orchestrako zuzendari elkartua eta Denver Chamber Orchestrako eta The Women’s Philharmoniceko musika-zuzendaria izan da.

Mannes School of Music eskolan lizentziatu zen, eta master bat eta doktorego bat bukatu zituen Juilliard School eskolan. Podiumean ez dagoenean, JoAnnek idazten, bizikletan ibiltzen eta yoga egiten ematen du denbora. Irakurtzea ere asko maite du.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak