Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 2-2015-2016

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

A. Márquez: Danzón, 2. zk. (10’)
S. Barber: Kontzertua biolin eta orkestrarako, op. 14 (25´)
S. Revueltas: Maien gaua (32’)

Paul Huang, biolina
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

DATAK

  • 05 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 06 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Amerikan sortua


Gaur arratsaldeko programa gonbidapena da Atlantikoaz beste aldean sortutako musikaren koloreez disfrutatzeko.
 
Arturo Márquezek (Álamos, Mexiko, 1950) Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko Orkestra Filarmonikoaren enkarguz sortu zuen gaur entzungo dugun Danzón, 2. zk. obra. Mexiko Hiriaren kultur ondareko talde sinfoniko zaharrena izateaz harro dago aipatutako orkestra, eta maisuki lotzen ditu musika sinfonikoa eta unibertsitatea. Obra hau orkestra bat jotzeko pentsatuta dago, kolorez beteta eta pasioz blai. Bertan, konpositorearen kutunetako bi aurkituko ditugu: haren alaba Lily, zeinari dedikatua baitago, eta Veracruz, hiri horrekin maiteminduta baitzegoen –Márquezek berak esanda– 1990az geroztik; izan ere, han ezagutu zuen jatorriz kubatarra den eta Veracruzen debozioz praktikatzen den danzón izeneko areto-dantza hori, 1940ko hamarkadan urrezko aroa izan zuena. Alabaina, egilearen kezka sozialek ere badute isla obra honetan: haren esanetan, “lan hau 1994ko urtarrila eta otsaila bitartean idatzi nuen, eta hilabete horietan iraultza zapatista gertatu zen, zeinak ene gogoa inarrosi baitzuen herri indigenentzako beste justizia baten ildoan”.
 
Jakin-min handiko musikari polifazetikoa da Márquez: tronboia, tuba, pianoa eta biolina jotzen ditu, eta, berak esan bezala, haren lehen ikasbideak “ aitonak eta, biolin-jotzaile ez ezik, mariatxi eta arotza ere jarduten zuen aitak parte hartzen zuten laukoteak interpretaturiko balsak, txotisak eta polkak entzutetik etorri ziren. Gero, familia-unibertso hori zabaldu, eta hasierako bide autodidaktikoak ikaskuntza-plan sendo bati eman zion bide, zeinak Pariseraino eraman baitzuen gure konpositorea, hain zuzen ere, musika zein beste edozein arlotako artista amerikar askok amestutako helmugara. Ibilbide horrek markatu du Márquezen hizkuntza: zentzumenen talka eta zirrara estetiko berehalakoa sortzeko ahala du, eta, aldi berean, ofizioa maisuki baliatzen du, eta, hala, eszenatokia eta besaulki-patioa kolorez eta berotasunez betetzen du.
Soinu- eta tinbre-paletaren oparotasunak beste oinarri argi bat dauka: nola erabiltzen duen erritmoa, bai azentu sinkopatuen formula laburrak, bai tempoa, zeina, hain malgua izanik, bertigozko bizkortze azkarretan konprimatzen den, edo geldotze lasaigarrietan baretzen, soinu-luzatze liluragarrietan.
Gaurko pieza sinfoniko eder hau, seguruenik, nazioarteko orkestrek gehien programatzen duten mexikar errepertorioko obretako bat da; izan ere, bi soinu-munduren arteko zubi-lan bikain dotorea da: herri-tradizioa eta sorkuntza akademikoa. Freskoa da, eta elaboratua; espontaneoa, eta zizelkatua. Dastatu beharreko paradoxa, beraz; batez ere, klarinete-, oboe-, piano-, biolin-, tronpeta-… soloetan.
 
Eta arratsaldearen erdian, Samuel Barber (Pensilvania, 1910 – New York, 1981) konpositore erromantiko berantiarraren musika entzungo dugu, lirismoz eta dotoreziaz blaitutakoa. Barberrek kantu-ikasketak egin zituen, eta giza ahotsarekiko sentitzen zuen mirespenak inspiratu eta bideratu zituen haren konposizio gehienak, non melodiaren gorespena bilatzen baitzuen, instrumentuak “kantatzen” jarriz. Tonalitateari irmo eusteak –nahiz eta disonantzia aberasgarriak tartekatu zenbaitetan–, fraseo luzeko diskurtsoak eta orkestazio zinez delikatuak, horrek guztiak ukitu poetikoa ematen dio haren musikari, are elegiakoa.
 
Biolin-kontzertu gehienetan, erabat orekatuta agertzen dira sentsibilitatea eta birtuosismoa, eta, hala, entzulearen belarrian biraka ibiltzen dira emozioa eta interpretearekiko mirespena. Kontzertua biolin eta orkestrarako, Op. 14 obran, baina, lirismoa eta akrobazia argi bereizita daude. Berezitasun hori azaltzeko, ezinbestekoa da jakitea nola sortu eta bilakatu zen obra hau. Izan ere, negozio-gizon iparramerikar baten enkargua jaso zuen Barberrek (ezagunak dira mezenasgoaren morrontzak): gizonak obra bat nahi zuen bere adopzio-seme gazte prodijioak estreina zezan. Hala ere, lehen bi mugimenduak irakurri eta haien emozio-kargaz ohartuta, semeak erabaki zuen ez zutela balio bere trebetasunak erakusteko. Barberrek, orduan, agindua eman zion hirugarren mugimenduan konpentsatuko zuela lehen bi mugimenduen espektakulu falta, eta hain gogotsu heldu zion agindutakoa betetzeari, ezen interpretatzaile gazteak erabaki zuen ezinezkoa zela hura jotzea. Behin betiko bertsioa 1948koa da, eta bertako mugimenduek hasierako izaera gordetzen dute. Lehenari, Allegroari, gai cantabile batek ematen dio hasiera, eta horrek partitura menderatzen du, baina, aldi berean, leku nabarmena hartzen du aire rustikoagoa duen bigarren ideia batek. Ideia biak instrumentuen kolore-paleta guztian mugitzen dira, baina egur-haizezkoak dira protagonista (betiere, bakarlari gozagarriaren itzalean).
Ondoren datorren Andantea sarrera leun batek irekitzen du, eta berehala gailentzen da oboearen kantu gozoa. Protagonismoa, gero, biolontxeloak, klarineteak, biolinek eta tronpak hartzen dute, bakarlariaren ahotsa entzun aurretik. Erdialdean, diskurtsoa harrotu egiten da, tinbre nagusiaren mendean. Lehenengo gaiari berriz helduta, lasaitasuna itzuliko da, eta epikotasunaren eta tragikotasunaren artean dabilen atmosfera batean murgilduko gara.
 
Tinbalek, azkenik, Presto in modo perpetuo mugimenduan, ate bat irekitzen dute, nondik bat-batean bakarlaria sartuko den, eta, orkestraren azentu eta erritmo gurutzatuen diskurtsoa oinarri hartuta, bakarlariak, bihurri eta nekaezin, jauzi birakari bihurtuko du hotsa.
 
Poesiaren baitan biltzeko eta oinekin entzuteko gonbidapena egin ondoren, gaurko programak tragedia historikora hurbildaraziko gaitu Silvestre Revueltas (Santiago Papasquiaro, Mexiko, 1899 – Mexiko Hiria, 1940) konpositorearen Maien gaua obraren eskutik, zeina Chano Urueta zinemagile herrikideak 1939an egin zuen izen bereko filmaren musika izateko sortu baitzuen egileak. Gaur entzungo dugun bertsioa moldaketa bat da, Josélves Limantour orkestra-zuzendariak 1960an egina, eta litekeena da gaurko emanaldia entzutera etorritakoren batek Silvestre Revueltas Bilbon lehendik ere ikusi izana; izan ere, Bilboko Udal Orkestrako zuzendaria izan zen 1953 eta 1957. urteen bitartean. Efektista izan nahi duen kalitate handiko teknika baliatuz, obraren helburua da maien erritual bat eszenifikatzea kontzertu-aretoan, eta horrek orkestra sinfoniko batean ohikoa ez den perkusionista kopuru jakin bat eskatzen du. Hala, paisaia eta giro jakin bat irudikarazten duen musika sortzen da, zeinak folklore-eszena aberats eta koloretsuak ilustratu, eta espainiarren aurreko iragana gogora ekartzen baitu. Etnikotasunak harrapatu egiten gaitu, eta primitibotasunak gure belarriak inarrosten ditu: oihanaren indar misteriotsuaren baitan bilbatzen diren amodio ezinezkoen istorio tragikoa kontatzen zaigu.
Maien herrixka batean, bertako gazte bat erregearen alabarekin maitemintzen da, baina gizon zuri bat bertara iritsi, eta neskatila seduzitzen du. Haien arteko harremanak hasi ondotik, baina, euri-eskasia dago, eta, hala, jainkoen aurrera eramaten dute neska, epaitu dezaten, eta zigortu egiten dute, eta martiriora kondenatu. Orduan, bertako mutil gaztea gizon zuriaren bila joan, eta akabatu egiten du, eta gorpua bizkarrean hartuta, sakrifizio-zeremonia gertatzen ari den lekura iristen da. Bere maitea hala ikusita, neskak bere burua botatzen du amildegira.
 
Lau mugimenduk osatzen dute suitea, zeina emozioaren, dramatismoaren eta hots-espektakuluaren artean baitabil jira-bira. Hasteko, Maien gaua mugimenduan, Kolonaurreko paisaien handitasuna eta herri indigenaren maiestatea irudikarazten digute, non iraganeko hizkuntza bat iradokitzen baitzaigu, diskurtsoa eraikitzeko oinarri-elementu bakarra duena. Ondoren, Astrapala gaua mugimenduan, erritmoa bat-batean azkartzen da, eta nota, azentu eta kolore sarkorrek ziztatu egiten dute besaulki-patioa. Yucatango gaua hirugarren mugimenduan, baina, freskotasuna apaldu egiten da, eta amodio ukatuek eta zoritxarreko iragarpenek hartzen dute haren lekua. Bukaerako Sorginkeria gaua mugimenduan, mendekua eta tragedia gauzatzen dira, eta musika lehertu egiten da disonantzia eta erritmo basatien artean; horrek gogora ekartzen digu Stravinskyren Udaberriaren Kontsakrazioa obrako Sakrifizio Dantza. Lehen mugimenduko gaia berriro agertzen da, eta hala ixten da frenesi basati harrigarria, azken immolazioarekin burutzen dena.
 
Libre utzi zentzumenak, eta disfrutatu: ozeanoaz bestaldeko hotsen koloreek liluratu egingo zaituztete.
 

Mercedes Albaina 

 

 

 PAUL HUANG – Biolina

Paul Huang taiwandar jatorriko biolin-jotzaile estatubatuarra da, eta bera izan da aurtengo Avery Fisher prestigio handiko bekaren onuraduna. Haren jotzeko modu ederrak, haren soinu bereizgarriak eta berezkoa duen birtuosismoak azkar lortu dute zaleen arreta erakartzea. Kennedy Centerren egin zuen estreinako emanaldia, eta Washintong Postek hauxe adierazi zuen: “Zalantzarik gabe, Huangek talentu handia dauka: arrakasta handiko karrera du aurrean”.
Hurrengo konpromisoen artean, besteak beste, nabarmentzekoa da debuta egingo duela Luisianako Orkestra Filarmonikoarekin, Detroiteko Orkestra Sinfonikoarekin eta Seuleko Orkestra Filarmonikoarekin; bestalde, berriro joko du Alabamako Orkestra Sinfonikoarekin, Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin eta Taiwaneko Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin. Hurrengo denboraldian, berriz, Lincoln Centerreko Ganbera Musikako Elkartearen CMS Two programa entzutetsuan parte hartuko du.
Paul Huang Juilliard Eskolan graduatu zen; 2009an, Taiwaneko Chi Mei Kultura Fundazioko Arte Saria jaso zuen, eta 2011n, berriz, irabazle gertatu zen Artista Gazteen Nazioarteko Kontzertu Entzunaldietan. Henryk Wieniawski konpositore eta biolin-jotzailearena izan zen Guarneri del Gesù (Cremona, 1742) biolina jotzen du, Stradivari Elkarteak maileguan utzita.
 
 
CARLOS MIGUEL PRIETO – Zuzendaria
 
Carlos Miguel Prieto (Mexiko Hiria, 1965) Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko, Lousianako Orkestra Sinfonikoko eta Mineríako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da. Bestalde, Houstoneko Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartua izan zen.
Munduko orkestra entzutetsu asko zuzentzeko gonbidapena izan du, besteak beste, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Bostoneko Orkestra Sinfonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, London Royal Orkestra Filarmonikoa, Xalapako Orkestra Sinfonikoa eta Indianapoliseko, San Antonioko, Floridako eta Nashvilleko orkestrak.
Burutu berri dituen eta aurrean dituen kontzertu-konpromisoen zerrenda luzea da; besteak beste, haren batutapean izan dira edo izango dira: Clevelandeko Orkestra Sinfonikoa, Houstoneko Orkestra Sinfonikoa, Royal Liverpool Orkestra Filarmonikoa, Hannoverreko NDR Radiophilharmonie Orkestra (Rheingango Festibalean), Frankfurteko Irratiko Orkestra (Alte Operren), Royal Scottish National Orkestra, BBC Scottish Orkestra Sinfonikoa, Bournemoutheko Orkestra Sinfonikoa, Sao Paulo Estatuko Orkestra Sinfonikoa, eta Espainiako orkestra entzutetsuenak.
Princeton eta Harvardeko unibertsitateetan graduatu zen, eta Mexikoko Musika Kritikarien Elkartearen Saria jaso du, baita Austriako eta Mexikoko gobernuek ematen duten Mozart Domina ere. Korngolden obra interpretatuz Mineríako Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako lana, Naxos diskoetxerako egin zuena, 2010eko Grammy sarietarako izendatu zuten.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


I

BOSen ensemble barrokoa

Nicolas Carpentier, oboea
Santiago López, fagota / fagote
David García, biolina
Gabriel León, kontrabaxua
Daniel Oyarzábal, cembalo

GEORGE FRIDERIC HANDEL (1685 – 1759)

Sonata sol minorrean Op. 2 8. zk. HWV 393

I. Andante
II. Allegro
III. Largo
IV. Allegro

JAN DISMAS ZELENKA (1679 – 1745)

3. sonata Si bemol Maiorrean ZWV 181

I. Adagio
II. Allegro
III. Largo
IV. Allegro – Tempo giusto

II

BOSen ensemble barrokoa

Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Lander Echevarría, biola
Leire Moreno, biola
Ane Aguirre, biola
Carolina Bartumeu, biolontxeloa
Diego Val, biolontxeloa
Teresa Valente, biolontxeloa
Gabriel León, kontrabaxua
Daniel Oyarzábal, cembalo

JOHANN SEBASTIAN BACH (1685 – 1750)

Brandemburgoko 3. kontzertua Sol Maiorrean BWV 1048

I.
II. Allegro

Brandenburgoko 6. kontzertua Si bemol Maiorrean BWV 1051

I. [Allegro]
II. Adagio ma non tanto
III. Allegro

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
24
Mai
2024
>ABAO

ABAO

Lekua: Euskalduna Bilbao

GIACOMO PUCCINI
LA BOHÈME


ANTZEZLEAK

Mimí
Miren Urbieta

Rodolfo
Celso Albelo

Marcelo
Manel Esteve

Musetta
Marina Monzó

Schunard
José Manuel Díaz

Colline
David Lagares

Bernoit/Alcindoro
Fernando Latorre

Parpignol
a determinar

TALDE ARTISTIKOA

Director Del Coro
Boris Dujin

Director Musical
Pedro Halffter

Director De Escena
Leo Nucci

Director Repositor
Salvatore Piro

Escenografía
Carlo Centolavigna

Vestuario
Artemio Cabassí

Iluminación
Cladio Schmid

Producción
Fondazione Teatri di Piacenza
Pergolesi Spontini Fondazione
Teatro Comunale di Modena
Opéra de Marseille

* Debuta en ABAO
Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2023-2024
02
Eka
2024
>Yuja Wang. Piano errezitaldia

Yuja Wang. Piano errezitaldia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Yuja Wang piano-jotzailea ezaguna da agertokian duen presentzia liluragarriagatik, bere arte karismatikoagatik eta zintzotasun emozionalagatik. Munduko zuzendari, musikari eta talderik beneragarrienekin aritu izan da, eta bere birtuosismoagatik ez ezik, emanaldi espontaneoak eta animatuak eskaintzeagatik da ezaguna. Zera esan zion New York Times-i: “Irmoki uste dut programa bakoitzak bizitza propioa izan behar duela eta une horretan sentitzen dudana islatu behar duela”.

Yurik berriki erakutsi du zer nolako trebezia eta karisma dituen, Yannick Nézet-Séguin zuzendariarekin eta Filadelfiako Orkestrarekin batera Carnegie Hallen eskainitako Rakhmaninoven maratoi-emanaldian. Rakhmaninov jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldi historiko horretan, konpositorearen lau kontzertuak eta Paganiniren gai bati buruzko Rapsodia eskaini ziren arratsalde batean.

Horrez gain, denboraldi honetan Magnus Lindbergen pianorako 3. kontzertuaren mundu mailako estreinaldia interpretatu du Yujak San Frantziskon, eta obra hori Ipar Amerikako eta Europako beste leku batzuetan ere eskainiko du.

Beijingeko musikari familia batean jaio zen Yuja. Txinan haurrentzako piano-ikasketak egin ondoren, prestakuntza aurreratua jaso zuen Kanadan eta Curtis Institute of Music kontserbatorioan, Gary Graffmanekin. Nazioartean aurrerapauso handia eman zuen 2007an Martha Argerich ordezkatu zuenean Bostongo Orkestra Sinfonikoko bakarlaria izateko. Bi urte geroago, kontratu esklusibo bat sinatu zuen Deutsche Grammophonekin, eta ordutik lekua hartu du munduko artista ospetsuenen artean, kritikariek txalotutako emanaldiak eta grabazioak egin baititu.

Musical Americak urteko artista izendatu zuen 2017an, eta 2021ean Opus Klassik saria jaso zuen John Adamsen Must the Devil Have all the Good Tunes? lanaren munduko estreinaldiko grabazioagatik, Los Angelesko Filarmonikoarekin batera eta Gustavo Dudamelen gidaritzapean egindakoa.

Joan den denboraldian, nazioarteko errezitaldi-bira batean murgildu zen Yuja, Ipar Amerikako eta Europako areto garrantzitsuetan aritzeko, eta publikoa harri eta zur utzi zuen beste behin bere estilo, trebetasun tekniko eta arte bikainarekin, Beethoven, Ligeti eta Schönbergen lanak bildu zituen programa zabal batean.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
03
Eka
2024
>Cámara 10

Cámara 10

Lekua: Euskalduna Jauregia

 

Bakarlari handiak Errezitaldian

Lucas & Arthur Jussen, piano duetoa

W.A. Mozart: Pianorako sonata lau eskutan 
F. Schubert: Fantasia fa minorrean, D 940
F. Chopin: Rondoa Do Maiorrean, bi pianorako
C. Debussy: Six epigraphes antiques, lau eskutako pianorako
S. Rachmaninov: 2. suitea, bi pianorako
Informazioa eta sarrerak