Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 17-2009-2010

Begirada soinudunak: Britainia Handia


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

E. Elgar: Cockaigne, op. 40
Walton: Concierto para violín y orquesta
R. Vaughan Williams: Sinfonía nº 5

Elissa Koljonen, biolina/violín
James Judd, zuzendaria/director

DATAK

  • 03 ekaina 2010       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 04 ekaina 2010       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Errenazimentu ingelesa

Askotan esan izan da nazioarteko ospea duten konpositore ingelesak falta direla, Henry Purcellen (1659-1695) garaitik hasi eta XIX. mendeko azken urteetara arte; horren arrazoia, seguruenik, kontzientzia nazionalaren galera da. Izan ere, bizitza musikala izaera kontinentaleko pentsamendu musikaletara lerratu da, neurri handi batean George Friederich Haendelen (XVII. mendearen zati handi batean) eta Felix Mendelssohnen (XIX. mendean) figuretan oinarrituta, egile biak oso arrakastatsuak baitira uharte horretan. Hori horrela, XIX. mendearen bigarren erdialdean Hubert Parry eta Charles Villiers Stanford agertu zirenean, atzerriko eraginak leuntzen saiatu ziren, baina eragin horietatik abiatu beharra zegoen, eskola nazional berria izan nahi zuenaren bidea ireki ahal izateko. Handik denbora gutxira, iturri horiexetatik edango zuen Edward Elgarrek (1857-1934), eta bere musika bi zutaberen gainean finkatu zuen, gerora guztiz osagarriak zirela ikusi zen bi zutaberen gainean: azken erromantiko alemaniarren eragina, batez ere Brahms eta Wagnerrena, eta izaera britainiar argia. Elementu biek distira egiten dute gaur gaueko egitaraua irekitzen duen lanean, Cockaigne, op. 40 oberturan. Lan hori 1900 eta 1901. urteen artean idatzi zuen, Enigma bariazioak lanari esker ospea lortu eta gero bere herrialdeko mugetatik haratago (eta, dena esan behar bada, Geronteren ametsa lanaren estreinaldiak Birminghamen izan zuen porrot sonatuaren ostean ere bai).

Britainiarrek, maitasun handiz, “Cockaigne” deitzen zioten Londresi, imajinazio herrikoian gozamenen eta plazeren lurraldea baitzen hori. Eta argi dago hemen erretratatzen den hiria ere Londres dela, eta, beraz, entzulea egitura konplexu honen barruan orientatzen denean (doinu asko gurutzatzen dira bertan, eta askatu egiten dira sonata eta rondo formetan), Londresko dotoreziari dagozkion melodia noble eta finak entzungo ditu han-hemenka, eliza bateko kanpaiak entzungo ditu, banda militar baten desfilea sumatuko du, paseo erromantikoak emango ditu Hyde Park-en, Serpentine ibaiaren ondotik; eta cockney jatun eta mozkorti baten zurrumurrua imajinatuko du. Jende askoren ustez, Wagnerren Nürembergeko maisu kantariak lanaren oberturaren oihartzunak suma daitezke hemen. Hori guztia, jakina, morfologia brahmsiar argiko erromantizismo berantiarraren euskarri harmonikoan oinarrituta; edozelan ere, gerraurreko Ingalaterrako optimismoarekin jantzitako eta nabarmen koloreztatutako lana da, amaiera distiratsu eta bikainaren bidean, betiere. Lana 1901eko ekainean entzun ahal izan zen lehen aldiz, Londresko Queen´s Hall aretoan. Estreinaldia konpositoreak berak zuzendu zuen, eta orkestra britainiarretako kide guztiei eskaini zien lana. Eurentzat, jakina, oparia ezin zen gozoagoa izan.

“Errenazimentu ingelesa” deitutakoaren eragile nagusia izan zen arren, ezin daiteke esan Elgarren estiloak jarraitzaile argirik zuenik, fosilizazio bidean zegoen kontserbadorismoari eusten baitzion. Era berean, ezin daiteke esan Frederick Delius (honek ere, nola edo hala, XIX. mendeko kutsua zeukan) bere eskola berekoa denik, zeren eta azken horren musika nabarmen lerratu zen Frantziako joeretara. XX. mendeko lehenengo erdialdeko egile ingeles garrantzitsuenek, Ralph Vaughan Williams (1872-1958), Gustav Holst (1874-1934), Planetak orkestra-suitea idatzi zuena 1916an) eta William Waltonek (1902-82), eta Benjamin Britten (1913-76) eta Michael Tippett (1905-98) gazteek, euren bide propioak jarraitu zituzten, nazionalismoa zutelarik atzealdean (ezaugarri hori gutxitan agertzen da lehen planoan), eta Europako abangoardiako zenbait gunetatik agertzen hasi ziren joera berriei aurre egiteari uko egin gabe. Walton, esate baterako, 1922. urtearen inguruan egin zen ospetsu, Façade lanaren konposizioarekin. Errezitatzaile eta ganberako talderako poema surrealisten ziklo bat da, musika herrikoiko elementuak karikaturizatzen dituena, antierromantizismo keinu erradikalarekin. Alabaina, lirikoagoa, hedagarriagoa eta emozionalagoa den Biolarako kontzertua (1929) lana ildo elgariar posible batera sartzen dela dirudi, hizkera propioa darabilen arren. Enigma bariazioak lanaren konpositorearen omenez, Biolinerako kontzertua lanean (1938-39) ere, ezaugarri bera nabaritzen da, biek konpartitzen duten si minorreko tonalitatetik hasita. Jascha Heifetz handiak enkargatuta (William Primrose biolin-jotzaile eskoziar bikainaren bitartez), lanak birtuosismoaren eta adierazkortasunaren arteko oreka bilatzen du, eta, hasieratik amaierara, bi pasioren menpe dago: bata, Alice Wimborne da (“ederra, inteligentea, atsegina, aberatsa, eskuzabala, musikala… bertute guztiak zituen”); bestea, Italia. Hori horrela, Andante tranquillo ataleko lehenengo konpasetatik hasita, kontzertuak melankolia kutsu handia eta belcanto erako oihartzun nabarmena dauka, eta ukitu ameslari eta dramatikoa hartzen du, birtuosismo-atal gutxi batzuekin soilik. Sentsazio hori ez da erabat desagertzen bigarren mugimenduan. Atal hori Presto capriccioso alla napolitana argitsu eta bitalista da (seguruenik, Italian idatzia); bertako trioan, canzonetta eder bat agertzen da. Hirugarrena, berriz, Vivace erakoa da. Batzuetan, hizkera zakarragoa dauka, eta, zirkulua ixteko, lehenengo mugimenduko zenbait konposizio berreskuratzen ditu, lanaren hunkiberatasuna areagotu nahian; edozelan ere, ez da pirotekniatik urruntzen, eta intentsitate handieneko puntua amaiera txundigarrirako uzten du. Kontzertuaren estreinaldia Clevelanden izan zen, 1939ko abenduaren 7an, eta protagonistak Jascha Heifetz eta Artur Rodzinski izan ziren. Konpositorea ezin izan zen joan, Bigarren Mundu Gerrak orduantxe egin baitzuen eztanda.

Hain zuzen ere, Vaughan Williamsek gerraren zati handi batean (1938 eta 1943. urteen artean) idatzi zuen bere Bosgarren sinfonia. Hori dela eta, Laugarrena (1931-34) zeharkatzen duen giro tragikoan sakondu zuela pentsa daiteke, lehenengo hiruretako artzain-giroko tonuarekin kontrastea eginez. Baina ez zen hala izan. Egia esan, lanaren material tematikoaren zati handi bat The Pilgrim´s Progress (Erromesaren aurrerapena) amaitu gabeko operatik zetorren, eta, nola edo hala, horrexek azaltzen du musika honek dituen oihartzun moralistak. Jean Sibeliusi dago eskainita, eta lehenengo emanaldia Londresko Royal Albert Hall aretoan izan zen, 1943ko Proms delakoetan, hiriko orkestra filarmonikoarekin eta bera podiumean zela. Bera inoiz ez zen gehiegi urrundu tradizio sinfoniko kontinentaletik (sinfonia generorik kontserbadoreena da), eta halaxe ikusten da Bosgarrena honen oinarrizko eskema formalean; izan ere, deformazio-bide orotatik aparte dauden lau mugimendutan dago egituratuta. Preludioa bokazio modal indartsukoa da, eta tronpen eta hariaren dei lasai eta leunekin irekitzen da, aurrekoa bezain bizia eta zerutiarra den bigarren konposizioari lekua utziz; hain zuzen ere, ondoren datorren atal hori espiritualtasun gozoz beteta dago, eta modu indartsuagoan garatzen da, lehenagoko lasaitasunera itzuli aurretik. Ondoren, erritmo izugarriko Scherzo bizi bat dator; oraindik ere mugimendu arina da, metalak noizean behin dei egiten duen arren. Hirugarren mugimenduko Erromantza elegiakoa da jatorrizko operatik elementu gehien hartzen dituena, eta gauza bera gertatzen da adar ingelesak iragarritako konposizioarekin (“Berak bakea eman dit bere minaren bitartez, eta bizitza bere heriotzaren bitartez”). Ondoren, hariek gai bera berreskuratuko dute, eta, gero, musika asaldura-egoerarantz biratuko da, erromesaren eskari saminduak oroituz. Eta bizitzak aurrera jarraituko duela dirudienean, melodiak luzatu egiten dira, mugimenduaren amaieratik hurbil dagoen klimaxera helduz. Azkenik, Passacaglia atala biolontxeloen beheranzko joeraren errepikapenarekin irekitzen da (ezin zen bestela izan), baina Vaughan Williamsek egoera moldatzen du, bozkarioz betetako adierazpenen eta fanfareen bitartez. Horrela, ondoren datorren solemnitateak hasierako bakera garamatza berriro, Preludioaren kontenplaziozko estasian. 
Asier Vallejo Ugarte
 

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
01 - 02
Urr
2026
>Basoko murmurioak

Basoko murmurioak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Richard Wagner
Siegfried, Waldweben

Richard Strauss
Vier letzte Lieder

Sergei Prokofiev
7. sinfonia do sostenitu minorrean Op. 131
Sinfonía n.º 7 en do sostenido menor Op. 131


Vanessa Goikoetxea, sopranoa
Eduardo Strausser, zuzendaria


Basoa denboraldia hasiko dugu Sigfridoren pausoei jarraitzen dien baso bizi bateko soinuekin, eta atzean geratzen ari den garai bateko lurrin nostalgikoarekin, Straussek bere Azken lau liederretan islatu zuena; amets hutsa Vanessa Goikoetxearen ahotsean. Agur esateko beste obra bat, 7. sinfonia; Prokofievek agur esaten digu soiltasunez eta irribarre zintzo batekin.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
08 - 09
Urr
2026
>Natura abesten

Natura abesten

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Antonin Dvorak
Elezaharrak, hautaketa Op. 59
Leyendas, selección Op. 59

Johann Nepomuk Hummel
Sarrera, tema eta bariazioak oboerentzat Op. 102
Introducción, tema y variaciones para oboe Op. 102

Ludwig Van Beethoven
6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 «Pastorala»
Sinfonía n.º 6 en Fa Mayor Op. 68 «Pastoral»


Françoise Leleux, oboea eta zuzendaria


Pastorala da Beethovenek bere naturarekiko sentitzen zuen maitasun neurrigabea hobekien irudikatzen duen obra. Sinfonia hori musikagileak Viena inguruko basoetan zehar igaro zituen ordu luzeetan inspiratuta dago, Dvorakek Elezaharrak obran jatorriko Bohemiaren aroma islatu zuen bezala. Hori guztia François Leleuxek orkestrarekin egiten duen debutean, solista eta zuzendari moduan.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
15 - 16
Urr
2026
>Berriro elkartzea

Berriro elkartzea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Jesús Guridi
El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa / preludio del acto II

Joaquín Rodrigo
Concierto in modo galante

Wolfgang Amadeus Mozart
40. sinfonia sol minorrean K. 550
Sinfonía n.º 40 en sol menor K. 550


Asier Polo, biolontxeloa
Juanjo Mena, zuzendaria


Badaude orkestra baten nortasuna adierazten duten zuzendariak, eta zenbaitek garai oso bat markatzen dute. Juanjo Mena, taldeko titularra izan zena 1999tik 2008ra, multzo horretan dago. Maisuaren eta BOSen bideak berriro elkartu dira, eta elkarrekin bizi izandako guztia aitortu eta eskertzen dute. Berriro elkartuko dira eta horren testigu izango da etxe honetan oso maitatua den artista bat, Asier Polo biolontxelo-jotzailea.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
19
Urr
2026
>French jolies

French jolies

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Ludwig Thuille
Seikotea piano eta haize boskoterako
Si bemol Maiorrean Op. 6

Albert Roussel
Divertissement Op. 6

Francis Poulenc
Seikotea piano eta haize boskoterako

Gehiago ikusi