Kontzertuak
BOS DENBORALDIA 12-2010-2011
W.A. Mozart: La clemenza di Tito, obertura
L. van Beethoven: Concierto para piano y orquesta nº 3
D. Shostakovich: Sinfonía nº 12, “el año 1917”
Vestard Shimkus, pianoa
Víctor Pablo Pérez, zuzendaria
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Begira, ez nator bakarrik
Ezbairik gabe, gizateriaren historiako kultura orok izan du musika. Salbuespenik gabe. Musika edo musikak, kasu batzuetan; termino ezberdinak egon dira kantu epikorako, suaren inguruan danborrez lagundutako dantzarako edo xuxurlatutako lo-kantarako. Musikaren nonahikotasuna hain da handia, ezen gizakiaren komunikazio mekanismoetan mintzatutako lengoaia baino lehenagokoa izan zelako susmoak baitaude.
Baina musikak helburu jakin bat izan behar du, izan ere, neurobiologiak eta garuneko optimizazio energetikoari buruzko azken ikerketek zerbait erakutsi baldin badute da gure kaskoak baliabide andana kontsumitzen dituela, hots, gure elikaduraren bosten bat; eta gure buruko gaitasunen ehuneko hamarra baino ez dugula erabiltzen dioen esaldi hori ez da legenda dibertigarri eta zentzugabekeria galanta baino. Izan ere, gure garunak buru-belarri lan egiten du, eta egin behar duen guztia egin ezinik dabil. Garaia baino lehen jaiotzen den tramankulu handia da, eta bere amaren umetokitik at ere hazten jarraitzen du. Tresna garesti eta eskatua, Partikulen Azeleratzailea bezala Genevan. Ilargiari argazki bat ateratzeko Hubblerekin ordubetez jolasten utziko ez diguten bezala, gure buruak ere ez du Homo Sapiens-eko 2000 edo 3000 belaunaldiz hobby hutsal eta ezerez bat modu automatikoan arrastatuko. Musika zinez da garrantzitsua; ez dakigu zergatik, baina bada.
Ongi da, beti egon da musika; baina, nork esango, oso gutxitan egon dira konpositoreak.
Afrikako aborigen komunitate batean ea nork konposatu duen melodia jakin bat galdetzea lekuz kanpo egoteaz gainera, zur eta lur geldituko lirateke, hain zuzen ere, eurek "txorizo" berba nork asmatu zuen galdetuko baligute bezalakoa baita hori. Bada, egia esan, ez dakit, beti egon da hor; ez dut uste arabieratik datorrenik; grekeratik ere ez, latinetik agian? Bai, norbaitek asmatu behar izan du, edo beste berba batetik etorriko da, baina, ez dio axola, garrantzitsuena bere funtzioa baita. Bada, hori, gauza bera pasatzen da gure melodiarekin, beraiek erantzungo digute.
Eta, ogitartekoa? Horren jatorria badakigu. Hori Forgesek asmatu zuen. Baina, asmatu baino, kate luze bat ezarri zion. Ogitartekoa, ahamen, ahoa, bucca, zeltera zena… Arraroa. Nire izena, “Hodeien artean hegan egiten duena", gure tribuko xamanak asmatu zuen beren-beregi. Niretzat bakarrik, ez beste inorentzat. Ez dago izen hori duen beste pertsonarik; aldiz, zuek guztiok Juan zarete.
Mendebaldean dugun kultura musikala berezia da. Duela milurteko erditik hona, badakigu nork egiten dituen gure melodiak. Errepikatu daitezen nahi dugu, familia itxura izan dezaten, baina berritzaileak izatea nahi dugu. Abestu eta guk jo nahi ditugu, baina kontua zaildu egin da, ea nor den nor baino ederrago. Konpositoreak munduak zabal diezazkigun nahi dugu, nahiz eta gure eguneroko bizitza azaldu eta abestea ere nahi dugun; gurea eta gure iraganekoa, benetakoa edo alegiazkoa. Laburbilduz, XVI. mendetik burua bete-bete egiten diegu konpositoreei.
Sortzaile gehienak nahiko jota daude, zertarako bestelakorik esan. Ulertu beharra daukagu. Leiho ikaragarri handiak dituen jendea da. Edozer eta edozeinengandik ikasten duen jendea. Guretzat gauza gardenak diren horietaz konturatzen diren ume handiak dira. Hori guztiori berealdiko ego batekin biziz, pozarren. Sorkuntzaren, jabetzaren, egiletzaren ekintza. Gainerakoak, zeintzuetatik ikasi eta zeinei kopiatzen diedan, purtzilak dira, eta ni sekulakoa naiz. Hala da, eta, agian, hala behar du izan, baina ez dio txantxa izateari uzten.
Kasu honetan, gremioetako sortzaile ezberdinetan mailaketa bat ezar daiteke, beste gauza askotan bezala. Zenbait artetan ez dago lana aldatzeko modurik; beraz, epaia “gustatzen zait edo ez zait gustatzen” da, baina nahasteko aukera gehiagorik gabe. Margolariak eta sukaldariak bertan daude. Beste muturrean, Hollywoodeko gidoilariak egongo lirateke, nazka-nazka eginda gauzkatenak. Testuari eskua sartzen dioten hainbeste jende egonda, azkenean, etsiturik eta lotsa-lotsa eginda, euren izena kredituetan agertu ez dadila eskatzen dute. Amaiera aldatzen dute, elkarrizketen heren bat ordezkatzen dute, txiste txarrak tartekatzen dituzte. Iseka bat, harik eta egiletzaren kontzeptua lausotzen den arte. Hemen mundu guztiak baitaki zinez. Eta, kontuz, agian horrela izan behar du.
Munduak zinemagintzaz daki, eta, zorionez, mundu guztiak daki musikaz.
Konpositoreen gremioak baditu ezaugarri bitxi batzuk. Sorkuntza prozesuaren parte bat hatz-marka bat bezain pertsonala da. Jarduera solidarioa eta hausnartzailea. Vienako kanpoaldetik paseoan dabilen pertsonaia, barrundatu, hautatu, trukatu eta baztertzen duen bitartean. Beste alde bat ezinezkoa da gizartetik askatzea: beste interpretatzaile batzuek jotzea; omenaldia egiten eta aldi berean lapurtzen duen plagioa; eskari berriak, berriena betikoa izateko baldintza inplizituarekin…
Eta, horren guztiaren erdian, konpositorearen troupe-a dago. Bere jendea. Hura inguratzen duten profesionalak eta sostengu dituenak. Oro har, harremana samurra eta adeitsua da, kasu pipertsuagorik ez bada falta ere. “Nik, Philidorrek, Erregearen aginduz, txakona honi falta zaizkion parteak konposatu ditut, Mr. Lullyk ez duelako bukatu nahi izan. Bachek bere familia izan zuen, Schumannek bere emazte Clara eta Brahms. Mozartek bere ikasle Franz Xaver Süssmayr. Beethoven kaikuak zenbait urtez Ferdinand Riesekin batera lan egitea lortu zuen, hura haserrarazi gabe. Dimitri Shostakovichek bakarrik bidaiatu nahi izan zuen, baina, saihestu ezinik, Rostropovichi, Weinbergi eta gutxi gehiagori hurbiltzen zitzaien.
La Clemenza di Tito lana izan zen Mozarten eta bere taldearen azken opera. Praga hiri abegitsuan izan zen estreinaldia 1791ko irailaren 6an, konpositorea zendu baino lau hilabete lehenago. Titoren istorioa kontatzen du, mutil on hutsa zenarena. Ziurrenik, Süssmayrrek obra horretan lan egin zuen, eta, ondorioz, XIX eta XX. mendeetan, kritika ugari jaso zituen. Wofgangen azken operak! Eskerrak zentzua berreskuratzen joan garela azken hamarkadetan, eta gero eta gehiagotan programatzen dela. Gainera, eskaintza-jasotzailearen emazte Maria Luisa erreginari esleitzen zaion “zantarkeria gogaikarritzat” jo izanaren akusazio sinpatikoa ez da mende baten ondorengo asmakeria baizik. Biografo asaldatuen kontuak.
Gisa berean, Beethovenen Hirugarren Kontzertua piano eta orkestrarako (op. 37) taldekakoa deituko genukeen proiektu baten parte izan zen. Obra konposatzeko ideiak data goiztiarra izan zuen, hain zuzen ere, 1796. urtea, gure Praga ezagunean, datu gehiagorako. Baina 1803ko apirilaren 5era arte ez zen estreinatua izan. Beethovenek berak orri zuriak irakurtzen zituen, ondoren, Ignaz Xaver Seyfriedek aitortu zuenez, orkestra zuzendaria izandakoak. Izan ere, 8 urte iragan ziren eta pianoaren parteak idatzita egon gabe jarraitzen zuen. Beethoveni inork ezin zion eskuzabaltasun eroaldirik ezeztatu, eta, azkenean, solistaren zatia idaztea erabaki zuen, bere ikasle sutsu Ferdinand Riesek 1804ko uztailaren 19an jendaurrean jo zezan. Hori bai, bidenabar, lanaren edizioa berrikusteko arduraren zati handi bat berarengan laga zuen.
Süssmayrrek La Clemenza lanean lagundu eta bere maisuaren Requiema burutu bazuen, Ferdinand Riesek, berriz, bere zaintzailearen errepertorioaren errepertorio paraleloa konposatzea hautatu zuen, non Bosgarrenaren “patuaren deia” izenekoaren gaineko sinfonia ez den falta. Beethoveni pixka bat nahasturik uzten zion kontu horrek, eta, bere iritzia galdetu zitzaionean, erabat etsiturik erantzun zuen: "Beethovenen itxura dauka, agian, gehiegi".
Baina, ez ezazue epaitu aukera bat eman baino lehen. Riesen sinfoniak beti amestu izan duguna dira: Beethovenen sinfonia gehiago –faltsuak, baina oso benetakoak–. Dimitri Shostakovichen eta bere Hamabigarren Sinfonia zerbait ezberdinagoa da. Hemen, beraren lagunek ez zioten konposatzen lagundu, deskonposatzen baino. Aste bi gelditzen ziren bere estreinaldirako (1961eko urriaren 1a), beraren jendea -entzunaldi pribatu baten ostean- ohartu zenean, lanari ukituren bat eman ezean, larrutik ordainduko zuela. Izan ere, 12. sinfonia hau, “1917. urtea” izenekoa, “1905. urtea” 11. sinfoniaren bikia zen. Bi-biek izan behar zuten SEBS ahalbidetu zuten une aldarrikatzaileen oroitzapenezko lanak.
Eta, noski, antza denez, musika hain zen akustikoa, ezen egin zitekeen interpretazio bakarra iseka egitea zen, soinuzkoa eta etenik gabeko lau mugimendutan, Langileen Alderdiari. Ez dugu inoiz jakingo, izan ere, Shostakovichek, 56 urterekin, hainbat liskarraldi izan zituen agintariekin, eta jatorrizko partitura tentuz desagerrarazi zuen. Estreinatu zen bertsioa berniz geruza zuen lana izan zen. Oda bikain eta heroikoa uzteko geruza. Gu izango gara lanaren barruan bilatzen dugunak, bestelako asmo subertsiboagoak bilatzeko, egon baleude. Kultura guztiek dituzte euren musikak; eta guk idatzitako gureak kontserbatzeko zortea dugu. Ia guztiak.
Joseba Berrocal
Vestard Shimkus, pianoa
María Canals Lehiaketaren irabazlea
Letonian jaio zen 1984ko abuztuaren 21ean. Nazioarteko aintzatespena BBCren Filarmonikoarekin debutatu ondoren iritsi zitzaion; era berean, Birminghamgo Sinfonikoarekin, Frantziako Nazionalarekin, Txekiako Filarmonikoarekin, Kremerata Balticarekin, Hanburgoko NDRko Sinfonikoarekin eta Borodin Laukotearekin ere aritu izan da. Kontzertu areto nagusienetan jardun du: Vienako Konzerthaus, Berlingo Konzerthaus, Tokioko Opera, Radio France, Stockholmgo Berwaldhallen eta Konserthuset, Moskuko Kontserbatorioa, Pragako Rudolfinum, Palau de la Musica eta Concertgebow. Lehenengo saria irabazi du pianoko nazioarteko zenbait lehiaketatan, hala nola, Bartzelonako Maria Canals 55. Nazioarteko Piano Lehiaketa (Espainia, 2009) eta Bad Kissingenen 5. Nazioarteko Piano Olinpiada (Alemania, 2007).
Shimkusek bost urte zituela hasi zituen piano ikasketak Rigan, eta, gero, Dmitri Bashkirov eta Claudio Martínez Mehnerrekin ikasi zuen Madrilen, Daniel Pollackekin Los Angelesen eta Vadim Suchanovekin Munichen; halaber, konposizioa ere ikasi zuen Peteris Vasksekin.
Vestard Shimkusek zuzendari ugarirekin kolaboratu du, besteak beste, Lawrence Foster, Andris Nelsons, Vassily Sinaisky, Karel Mark Chichon, Salvador Brotons eta Woldemar Nelssonekin, eta Europa guztian, Estatu Batuetan, Ekialde Ertainean, Txinan eta Japonian eman ditu kontzertuak.
Zenbait disko grabatu ditu, eta bere Kontzertua piano eta hari orkestrarako 2008ko uztailean estreinatu zen. Jazz musika ere interpretatzen du.
Victor Pablo Pérez, zuzendaria
Kritikak eta entzuleek Espainiako musika arloko orkestra zuzendari onenetakotzat hartua, Burgosen jaiotako Victor Pablo Pérezek Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Municheko “Hochschule für Musich” delakoan egin zituen ikasketak, bai eta Italia eta Austriako zenbait zentrotan ere.
Asturiasko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistikoa eta Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari gonbidatu nagusia izan da, eta, gaur egun, Galiziako Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria da.
Mozart, Rossini, Shostakovich, Prokofiev, Dvorak, Falla, Luis de Pablo, Tomás Marco, Barbieri, Villalobos, Albéniz eta Montsalvatgeren lanak grabatu ditu, eta, aldi berean, Roberto Gerharden lana berreskuratu du hala kontzertu aretoetarako nola diskoaren mundurako. 1995ean, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin, “Cannes Classical Awards” saria jaso zuen, Roberto Gerharden 1. eta 3. sinfonien erregistroagatik.
Victor Pablo Pérezek Londresko Philarmonia, Royal Philharmonic Orchestra, Munich eta Dresdengo Filarmonikoak, Berlin eta Jerusalemgo Sinfonikoak, Erromako RAI, eta abar zuzendu ditu, eta, besteak beste, Kanariar Uharteetako, Santanderko, Municheko, Schleswig-Holsteingo eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Jaialdietan parte hartu du.
Ondas Sari bi (1992 eta 1996), “Ojo Crítico” Saria, Musika Sari Nazionala eta Arte Ederren Urrezko Domina ditu.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
L. van Beethoven: Egmont, Obertura Op. 84
W.A. Mozart: Piano eta orkestrarako 23. Kontzertua La Maiorrean K. 488
R. Strauss: Also sprach Zarathustra Op. 30
Jonathan Mamora, pianoa
Pablo González, zuzendaria
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria