Kontzertuak

BOS 05

2001: A Musical Odyssey | Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Christoph König, zuzendaria

GYORGY LIGETI (1923 – 2006): Atmosphères*

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949): Burlesque re minorrean piano eta orkestrarako*

Josu de Solaun, pianoa

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949): Honela mintzatu zen Zaratustra Op. 30 TrV 176

* Lehenengo aldiz BOSek

DATAK

  • 08 azaroa 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 09 azaroa 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Eta musika klasikoak espazioa bete zuen

Aurreko udaberrian, berrogeita hamar urte bete ziren 2001: A Space Odyssey (2001: Odisea espazioan) filma estreinatu zenetik: Stanley Kubrickek eta Arthur Clarkek sortutako gidoia musika bihurtzearen emaitza bikaina. Hain erabatekoa gertatu zen partituren eta irudien bat-egitea, ezen zaila da fotogramak ikustea musika gogora ekarri gabe, eta alderantziz. Gaur arratsaldeko egitarauak omenaldi txikia egin nahi dio film iradokitzaile hari, ideia-emari oparoa eskaini baitzigun etorkizunaz, bitxiak nahiz kezkagarriak.

György Ligeti (Dicsőszentmárton –gaur, Târnăveni–, Transilvania, Errumania, 1923 – Viena, 2006) Vienan joan zen Kubricken filmaren estreinaldira, eta nokeatuta gelditu zen bere zenbait partitura bertan entzun zituenean: zuzendariak, hari baimenik eskatu gabe, haren hiru obraren zati batzuk erabili zituen, Requiem, Lux Aeterna eta Atmosphères. Zinemagile melomanoak jokabide guztiz traketsa erakutsi zuen, etikaren kontrakoa ez esatearren, berak miresten zuen musikari garaikide baten sorkuntza-emaitzaren parte batez jabetu, eta hura baimenik gabe erabili baitzuen –gerora ere, Kubrickek erabili zuen Ligetiren musika, hain zuzen ere, The Shining (1980) eta Eyes Wide Shut (1999) filmetan–.

Konpositoreak benetako trebetasuna erakutsi zuen soinua lehengai gisa tratatzeko. Entzulea erabat bilduko zuen soinu-paisaia guztizkoa lortzeko erronka jarri zion bere buruari, eta, helburu horri begira, ez zuen nahi zuena aurkitzen konposizio-bide eta konposizio-korronte garaikideetan. Hortaz, askatasuna aldarrikatu zuen, eta, hala, koherentzia osoz, bide berri bat iragarri zuen: “Hauxe da nire kredo artistikoa: aske izan nahi dut, indibidualista, gustatzen zaidana baino ez dut egin nahi; zernahi sistema ezarria arbuiatzen dut. Araubidea behar dut konposatzeko, bai, baina ideia musikalari egokitutakoa, betiere, ideia musikala baita lehena: prima la música, dopo la regola”. Horregatik, eta garaiko eskola-korronte gailenen bidetik aldentzeko, musika-lengoaia alternatibo bat sortu zuen, erabatekoa, txundigarria: Athmosphères obrak irauli egin zuen 60ko hamarkadaren hasierako musika-panorama. Marc Texierrek, Deutsche Grammophon etxearentzat grabatutako diskoa aurkezterakoan, hauxe esan zuen piezari buruz: “Agerikoa da haren esentzia eta printzipioa; biribila, haren taxuketa. Denok senti dezakegu haren ekarpen musikal eta historikoa. Zer iragartzen duen: tinbreen musika, eta zer salatzen duen: gehiegizko konplexutasun antzua”. Entzulea bilduko zuen eta aldi berean etengabe bilakatuko zen atmosfera baten bilaketak arrakasta izan zuen, baina autorearen obraren balioa areagokoa da. Izan ere, sortzaile librea izan zen, konposizioaren mundua menderatzen zuten botere-guneetatik guztiz kanpo ibili zen –botere-guneak oro har arbuiatzen zituen, perbertsoak zirela iritzita–, eta, hala eta guztiz ere, irmotasun eta adore erabatekoa erakutsita, haren talentu eskergak emaitza original bezain moldaerraza lortu zuen: haren obra berdin egokitzen da musika-auditorium batean, zinema-areto batean zein beste zernahi espaziotan, non musika elkarrizketan jarri nahi den artearen edo pentsamenduaren ezein adierazpenekin.

Atmosphères enkarguzko lana izan zen, Badeneko Donaueschingen Festival sonatuak egina, eta 1961ean estreinatu zen. Piezaren soinu-bilbea osatzen duten musika-hariak birrindu egiten dira espektro zabaleko mikropolifonia halako batean, zeinak, tinbreen tratamendu berritzaile batekin batera, testura-sentsazio bakana lortzen baitu. Areago, soinu-espazioaren esplorazio konstanteak, intentsitatearen gorabeherak direla bide espazioaren mugak zabaltzen direlako sentipenak, soinu-espazioaren horizontea areagotzeko borondateak, belarriari gonbit eginez ohikoak diren mugez “harago” joan dadin; horrek guztiak bolumen-joko halako bat sortzen du, mugimendu betierekoa duen eta paradoxikoki formagabea den forma halako bat, zeina mugimendu zinbelez sartzen den –ornogabea balitz bezala– belarriaren labirintoan barna. Atmosphères piezaren bitartez, Ligetik soinu-ikuskizun oso bestelako baten aurrean jartzeko aukera ematen dio besaulkian jesarrita dagoen entzuleari, konposizio-tradiziotik zeharo aldenduta; izan ere, pieza honetako ideia musikalak errepikapen- eta kontraste-ezarpen orotik libre agertuko zaizkio, tematikoki garatu gabe, eta, hortaz, entzulea esploratzaile sentituko da, harriduraz eta miraz beteta, nagusiki testurala den musika baten aurrean, sentsazio eta iradokizunez blaitutako unibertso baten aurrean.

Obra honen bidez, publikoa musika garaikideari lotu zitzaion beste zerbaitetan kontzentratuta dagoenaren babesgabetasunetik –Ford Coppolak zioenez, “musika da zuzendariaren aliaturik onena, modu sekretuan eragiten baitio publikoari”–, eta musikak berak gonbidatu zuen ikuslea filmean agertzen diren espazio estralurtarren barna abiatzera, mundu sideral betiere estatiko eta, aldi berean, higikor baten atmosfera enigmatiko hondogabean barna.

Eta dinamismo zoro batez agertzen zaigu, halaber, Richard Strauss (Munich, 1864 – Garmisch-Baviera, 1949), zeinak “musikari gazte bihurria” zela hasi baitzuen bere karrera, pianoa jotzeko eta piezak konposatzeko talentu izugarria erakutsita, baita entzulearen harridurarekin jolasteko joera nabarmena ere, eta ezaugarri horrek, hain zuzen ere, Burlesque bezalako piezak idaztera bideratzen zuen konpositorea, originaltasuna erakustea helburu. Kasu hartan, Hans von Bülow musikariarentzat konposatu zuen pieza, zeina talentu handiko pianista ez ezik, zuzendari bikaina ere baitzen, eta Richard Straussen karrera bultzatu zuena. Hartzaileak, alabaina, uko egin zion hura estreinatzeari, “joezina eta zentzugabea” zela argudiatuta.

Pieza hau Richard Straussen alderdi ludikoen eta berariaz hutsalenaren emaitza da: konpositoreak bere lengoaia aberatsa lurralde akaso burrunbatsu samarretara gidatzen du, baina, betiere, dotoreziaren muga gainditu gabe. Pieza hau konposatzerakoan, orobat, haren erronka izan zen elkarren ondoan jartzea –parodia gisa, ezinbestean, inkongruenteak ziren aldetik– kontrako bi ideia-mundu: alde batetik, Brahmsek pianorako idatzitako bi kontzertuetatik hartutako ideia batzuk; eta, bestetik, Wagnerren Tristan und Isolde eta Die Walküre obretako beste batzuk. Hala, bere barne-kontraesanaren bi jatorriak lotu zituen ironia nabarmenez: Brahmsen lengoaiaz sentitzen zuen mirespena, ordurako gainbehera zihoana, eta Wagnerren musikarekiko gogoz bestera bazen ere sentitzen hasi berria zen erakarpena.

Pianorako idatzitako atal dirdaitsua hegaldi zabaleko eta intentsitate suharreko pasarteetan iraultzen da, eta gaztetasunaren atributu guztiak ageri ditu, baita jario oparotik bakartzerako iragaitea ere, zeina, batez ere, tempoak amore eman eta pianoak harien eta egurren agerraldiak leun laztanduz laguntzen dituen pasarteetan agertzen baita. Amore-emate neurritsu horretan, bals lurrin gozoa ageri da, Brahms edo Wagner baino, Strauss gogorarazten duena. Baina, dudarik gabe, Erromantizismo berantiarra ezaugarritzen zuen nabarmentze-nahi hura da obran gailentzen dena: publikoa txunditzea helburu, ezin konta ahala pasarte espektakulu bihurtzen dira. Joritasun oparoa erakutsi nahi da, pentagrama gehienetan erakutsi ere, eta helburu hori argi azaltzen zaigu hasieratik bertatik tinbalen presentzia nabarmenaren bidez: taupada basati gisa agertzen dira bat-batean, baina, era berean eta batez ere, umore-ukitua ematen diote piezari, limurtze-jolas moduko bat ezartzen baitute protagonistarekin hasieratik, eta amaieraraino eraman, non azken keinu trufari batez ixten den birtuosismo erakustaldia.

  1. eta 1886. urteen bitartean konposatu zen Burlesque, eta 1890eko ekainaren 21ean estreinatu, Eisenacheko Tonkünstlerfest jaialdian –Bach maisu handiaren jaioterria da Eisenach–. Strauss gaztea bera jarri zen orkestraren aurrean, eta bakarlari, berriz, Eugen d’Albert aritu zen, Straussen adinkide eta adiskidea, hura ere konpositore, zeinari eskainita baitzegoen pieza. Eugenek gogoz hartu zuen musika-entretenimendu hura gizartean aurkezteko erronka; izan ere, hura interpretatzeak tour de force bat egitea eskatzen dio pianoari, zeinak ibili behar du, oreka zailean, ahalegin etengabearen eta trebeziaren artean.

Eta Richard Straussen talentua gure aurrean zabaldu, eta soinu-forma hartzen du Also sprach Zarathustra (Honela mintzatu zen Zaratustra) obran, “poema tonal bat –halaxe esaten zien Straussek poema sinfonikoak izenez ezagutzen ziren piezei–, Nietzscheren obran oinarritutakoa, zeinaren bidez musikara ekarri nahi izan baitut giza arrazak egin duen eboluzioa, jatorritik hasi, eta pausoz pauso, Nietzscheren supergizonaren ideiara iritsi arte”. 1896an estreinatu zen obra, Frankfurten, autorea bera orkestra-zuzendari zela, eta, gauzak nola diren, gaur egun jende gehienak musika klasikoko konpositore batekin baino Kubricken filmarekin lotuko du obraren hasiera (Einleitung, oder Sonnenaufgang, ‘Sarrera, edo Egunsentia’). Kontua da Strauss orkestra-maisu handiak giza eboluzioaren kontzeptu filosofikoari heldu, eta musika bihurtu zuela, sistema tonalaren elementurik oinarrizkoenak hartuta –dominantea eta tonikoa, edo, bestela esanda, tentsioa eta distentsioa–, zeinek hasieraz gain, konposizio osoa egituratzen duten, eta, tentsio etengabe goranzkoa aplikatzen baitie, hain perfektuki lotzen dituzte pentsamendu filosofikoa eta musikala, ezen iturri beretik sortzen direla ematen baitu. Obrak munduaz haragoko lurralde batean egiten du aurrera, entzulea Von den Hinterweltlern-en (Munduaz haragokoen) aldera eramanda: tronpek prestatzen diote bidea “Credo in unum Deum” motibo gregoriano laburrari, eta, ondoren, hariak eta organoak tonua ematen diote beste konposizio bati, zeina, xalotasun eta jaiera hunkigarriz, crescendo jarraitu eta enpastatu batean zabaltzen baita, harik eta azkenean otzan amaitzen den, eta bidea ematen dion hurrengo motiboari, Von der großen Sehnsucht (Desira sakonaz), zeinean, biolinen tremolo lehiatsuak batetik eta biolontxeloen eta kontrabaxuen sartu-irtenak bestetik, tarteka sarreraren eta motibo gregorianoaren zati batzuk entzuten diren. Tentsioa, azkenik, lehertu egiten da Von den Freuden und Leidenschaften (Pozez eta grinez) atalean, zeina oparo orkestraturiko ideia baten gainean eraikita baitago, era hipnotikokian eraikita ere, entzulea harrapatu eta guztiz liluratuko baitu, eta, hala, soinu-gailurrera eramango du diskurtsoa, non metalek beren guztizko ahala eta sonoritatea proiektatuko duten. Das Grablied (Hilobietako kanta) dator ondoren, atal artegagarria, non orkestrazioa arindu egiten den eta egurren eta soken familietako zenbait bakarlariren ahotsak entzuten diren. Giza eboluzioaren ideiak musikalki aurrera egiten du Von der Wissenschaft (Zientziaz) atalean, fuga arretatsu baten formapean, zeinak, erregistro grabean hasita, orkestrako osagai guztiak lotzen joaten baita, gailur argitsu batera iritsi arte, zeinak iradoki nahi baitu ezaguerak eta buru-argitasunak eskaintzen duten poztasuna. Der Genesende (Eriondoa) atalean, obra guztiaren muineko haziaren inguruan biratzen da musika, zorabiagarri biratu ere, eta tentsio handiko zenbait une iristen dira, zeinak presioa askatuta amaitzen diren, eta Das Tanzlied (Dantza kantua) atalari bide ematen. Motibo honetan, giroa erlaxatu, eta gonbit egiten zaigu bidaiatu gaitezen Straussek umore eta melankolia handiz bere balsetan hain ondo islatzen duen hemeretzigarren mendeko Europaren erdialdekoen mundu dekadentean barna –handikeriazko eta itxurakeriazko mundua zen hura, axolagabe bizi zena, festa amaituko ote zen beste beldurrik gabe–, eta, bide batez, atalak aukera ezin hobea eskaintzen digu, azken konpasera arte disfrutatu baitezakegu orkestraren ahalbide oparoaz. Eta, beti bezala, azkenean, amaiera. Horixe iragartzen du Nachtwandlerlied (Gauzalearen kanta) atala irekitzen duen kanpai-eztandak: soinu-zurrustaren eraginez, ibilbidean metaturiko soinu- eta bizi-tentsioa askatzen joango da, eta, azkenik, hots-taupada itzaltzen hasi, eta amaiera enigmatikoa iritsiko da. Ezin irudikatu bukaera hoberik halako erakustaldi bikainerako, non orkestra soinu-erraldoiak bide eman digun giza izaera gatazkatsua osatzen duten sinesmen, grinen eta irriken barna bidaiatzeko.

2001: Odisea espazioan filmean, Ligetiren musika ez ezik, Stanley Kubrickek Richard Straussen Honela mintzatu zen Zaratustra eta Johann Strauss semearen Danubio urdina (An der schönen blauen Donau, ‘Danubio urdin ederrean’) obretako zati batzuk ere erabili zituen. Zalantzarik gabe, hau odisea musikal bat da bete-betean, ia ehun urte hartzen dituena. Disfrutatu bidaiaz.

Mercedes Albaina

JOSU DE SOLAUN – Pianoa

Josu de Solaunek Bukaresteko George Enescu XIII. Nazioarteko Piano Lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen (2014); izen handiko pianista garaikideek osatzen dute lehiaketa horretako saridunen zerrenda, besteak beste, Radu Lupuk eta Elisabeth Leonskajak. Lehiaketaren historian, bera da saritua izan den espainiar bakarra. Bestalde, 2006an, José Iturbi XV. Nazioarteko Piano Lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen, eta kasu honetan ere bera izan da saria irabazi duen pianista espainiar bakarra.

Solista aritu da nazioarteko hainbat orkestrarekin; horien artean daude, besteak beste, San Petersburgoko Mariinsky Theatre, RTVEren Orkestra, Veneziako Teatro La Fenice, Bukaresteko Filarmonica George Enescu, Txekiako Symfonický orchestr Českého rozhlasu, Galiziako Real Filharmonia, Valentziako Orkestra, Euskadiko Oskestra Sinfonikoa, Filarmónica de la Ciudad de México eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa.

New Yorkeko Manhattan School of Musicen graduatu zen; han, bi piano-jotzaile handi izan zituen irakasle: Nina Svetlanova ukrainarra eta Horacio Gutiérrez kubatarra.

NAXOS diskoetxeko artista da.

 

CHRISTOPH KÖNIG – Zuzendaria / Director

Gaur egun, Solistes Européens Luxembourg (SEL) orkestrako musika-zuzendaria eta zuzendari nagusia da. Zuzendari titularra izan da, halaber, Orquesta Sinfónica do Porto Casa da Músican (2009-2014) eta Malmö SymfoniOrkesterren (2003-2006).

Bere azken konpromisoek eta aurrean dituenek mundu osoko orkestrekin lotzen dute; besteak beste, hauexekin: Pittsburg Symphony Orchestra, Cincinnati Symphony Orchestra, Vancouver Symphony Orchestra, Oregon Symphony Orchestra, Toronto Symphony Orchestra, Baltimore Symphony Orchestra, Houston Symphony Orchestra, Seattle Symphony Orchestra, New Jersey Symphony Orchestra, Indianapolis Symphony Orchestra, Los Angeles Philharmonic, Norwegian Radio Orchestra, Royal Philharmonic Orchestra, BBC Scottish Symphony, BBC National Orchestra of Wales, Dresdner Philharmonie, Staatskapelle Dresden, Orchestre de Paris, Deutsche Radio Philharmonie Saarbrücken, Bremer Philharmoniker, Danish National Symphony Orchestra, Malaysian Philharmonic Orchestra, Netherlands Philharmonic, Melbourne  Symphony Orchestra, Adelaide Symphony Orchestra, bai eta Espainiako orkestra nagusiekin ere.

Zuzendu dituen obren artean, aipatzekoak dira Die Zauberflöte e Il Turco in Italia (Zuricheko Operan), Don Giovanni (Staatsoper Stuttgarten), Die Zauberflöte eta Rigoletto (Deutsche Oper Berlinen) eta Die Entführungausdem Serail (Madrilgo Teatro Realen eta Zurichen).

Grabazioak egin ditu Hyperion, Chandos eta SEL Classics diskoetxeekin, eta azkenak, berriz –Méhul, Beethoven eta Schuberten sinfoniak–, Rubicon Classics etxearekin.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak