Kontzertuak
Haydn, sinfonista aparta
Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria
I
FRANZ SCHUBERT (1797 – 1828)
Obertura italiar erara Do Maiorrean D. 591*
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
22. kontzertua piano eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean K. 482*
I. Allegro
II. Andante
III. Allegro
Kit Armstrong, pianoa
II
FRANZ JOSEPH HAYDN (1732 – 1809)
104. sinfonia Re Maiorrean Hob. I: 104 «Londres»
I. Adagio – Allegro
II. Andante
III. Menuet: Allegro
IV. Spiritoso
* Lehen aldiz BOSen eskutik
DATAK
- 07 maiatza 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 08 maiatza 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Ezkutuko musikagilea
Vienako paradoxa ugarietako bat dugu hiria bizi izan zela hainbeste musikagile edo konpositore bikaini bizkarra emanda, eta, aldi berean, txit ospetsua izan zela konpositore horien sonagatik. Hasiera-hasieratik zentzuzko arrazoiz txalotu zuten Beethoven bakoitzeko, beste dozena erdi bat musikagile bizi izan ziren gardentasunaren, klandestinitatearen eta partidaren azken minutuetako aitorpenaren artean dantzan.
Beharbada, galdera horren erantzuna hauxe da: 1800. urtearen inguruan, 200.000 biztanle pasatxo izan arren —gogora dezagun Bilbo Handian milioi bat lagun inguru bizi dela—, Vienak beti izan du elkarrekin bizi diren milaka Viena izateko zortea eta zoritxarra. Zoritxarra, diogu, hainbat esparruren arteko desadostasun ganoragabekoak ohikoak zirelako; eta zortea, orobat, pertsona talde txiki batek kausa komun baten inguruan elkartu eta musikaren historiaren norakoa alda zezakeelako.
Has gaitezen gaualdi honetako hiru konpositoreen azkenekotik, ikuspuntu kronologiari loturik. Radarraren azpitik hegan joan zen vienar konpositore baten adibide paradigmatikoa: Franz Schubert (1797-1828). Hogeita hamar urte bete berritan hil zen Schubert, ia-ia ezezaguna izanda, baina mila lan inguru idatzita utzi zituen. Gerta daiteke horrelakorik. Ba… badirudi baietz, horrelako gauzak gertatu direla. Baten batek eskua altxatuko du, eta esango du lanen erdia baino gehiago lieder motakoak direla, hots, pare bat orrialdetan idatzitako kanta laburrak. Ados, banatu ditzagun arkatzak eta paperak, orduan. Jende guztia has dadila kanta laburrak idazten.
«Estatua nire mantenuaz arduratu beharko litzateke, ni konposatzeko, ez besterik, jaio bainaiz». Horixe azaldu zuen Franzek hogei urte zituela. Argi denez, ez da sofa baten eta Nintendo baten eskean dabilen lotsagabe edo aurpegigogor baten gogoeta. Musikaz pentsatzen eta musika arnasten duen norbaiten gogoeta bakuna da. Bizitzaren edozein alderdik edo gorabeherek eragintza soinuduna, handia edo txikia, pizten dion norbaiten gogoeta da.
Itzul gaitezen une batez lieder kantuetara. Mende askotan —milaka urtetan—, gizateria poemetan murgilduta bizi izan da, eta XIX. mendearen hasierako Austria ez zen toki desberdina izan. Poesia-liburuz mukuru beteta zeuden egongelak, gau-mahaiak, kafetegiak, lorategiak, memoriak, jolasak, ikasketak, bidaiak. Orain, imajina dezagun Schubert, poesia-irakurle amorratua, bere garaikide guztiak bezala, berarentzat berriak ziren bertso batzuei aurre egin nahian, eta irudika dezagun dozenaka zati melodiko eta hamaika harmonia aireratzen, albotik igarotzean, txoriei hegoak astinarazten dizkien trena bailitzan. Musika ez da gerora iritsiko den zerbait, kontzentrazio betean egonda. Musika jirabiraka dabil, ezerk eragotzi gabe, eta eragotzi nahi gabe. Hitzen, esaldien eta bien arteko hutsuneen ezinbesteko emaitza da.
Baina buruan eta ariman halako loturak dituen jendeak ez du hitzik ere behar musika-gazteluak egiteko. Beste soinu batzuek gogora ekartzen dizkieten irudietatik abiatuta soilik altxa ditzakete gazteluok. Hogei urteko Schubert horrek jakin zuen —Europa osoak jakin zuen bezala— italiar izar berria piztu zela operaren zeruan: Gioachino Rossini (1792-1868). Zintzo esan dezagun, baina, Rossinirena ez zela pertseiden moduko izar txiki bat; Rossinirena egundokoa izan zen, supernoba baten tamainakoa. Bi hamarkadatan, ez zen beste musikarik entzun Lisboatik San Petersburgora. Eta esandakoa ez da neurriz gaindikoa. Operaren historian inoiz ez da halako nagusitasunik berriz gertatu. Ez Verdi, ez Wagner, ez Puccini. Ezta Andrew Lloyd Webber eta bere musikalak edo Ennio Morricone eta bere soinu bandak ere.
Sarritan aipatu da Schubertek idatzitako bi Oberturak italiar erara, (D. 590 eta D. 591), plazaratu zirenean, 1817ko abenduan, Rossiniren bizpahiru opera baino ez zituela entzunda hiriko antzokietan. Gizaki hilezkorrek egindako arrazoibidea, bistan denez. Hori esatean, ez ziren konturatzen Schubertek, artean, aurrean zeukan partitura oro irakur zezakeela, zirkinik egin gabe. Alabaina, Schubert ez zen hori egiteko gauza zen vienar bakarra. Badakigu Beethovenek, ordurako gor zegoela, Rossiniren musika entzuten zuela, entzun gabe, jakina. Trenean edo hondartzan gaudenean bezala, Constantino Romerori deitzen ez diogula gure urtebetetzearen kariaz sakelako telefonora iristen diren WhatsApp-eko mezuak irakurtzeko deitzen ez diogun moduan. Azken batean, litekeena da superbotereak edukitzea guk, Schubertek eta Beethovenek zituzten bezala.
«Italiar erara» deskribapena ez zion Franzek jarri, ezta beharrik ere. Ispilua ezin argiagoa da. Oberturetako bigarrenean izango dugu entzungai gaur, Do maiorrean joko denekoan. Italiartasuna ez dario horrenbeste hasierako Adagioari, bai ondoko Allegroari: crescendo luzeak, pedal-notak, harmonia errepikatuak, bultzada erritmikoa… Schubert ez zen imitatzen ari, Rossiniren baliabide horiek erabiltzen ikasten ari zen, han-hemenka bere etorkizuneko obretan erabili ahal izateko. Margolan bat kopiatuko bagenu bezala, ikasteko. Ez da plagioa, Rubioren koadernoak baizik. Eta, nahi izatera, jarduera dibertigarria.
Estreinaldiaren aipamen txiki bat gordeta daukagu:
«Bigarren zatian konpositore gazte baten obertura xarmagarria jo zen, Franz Schubert jaunarena. Gure Salieri laudatuaren ikaslea da, eta dagoeneko ikasi du entzuleak hunkitzen eta bihotzetara iristen…. Gaia errazegia bada ere, indarrez eta abilezia handiz plazaratutako ideia harrigarri eta oso atseginen mundu osoa eskaintzen digu. Agian, artista honek sor eta gor eginda utziko gaitu obra berri batekin».
Bai horixe. Artistak hamaika obra berri eginda harritu gintuen hurrengo hamarkadan. Eta, bide batez, nor agertu da hor? Antonio Salieri (1750-1825), adopzioko beste vienar bat. Musikagile txit agurgarria, istorio on batek errealitatea hondatzen utzi baino lehen.
Horrek gaualdiko bigarren obrara garamatza. 1785ean, Mozartek (1756-1791) bere Piano eta Orkestrarako Kontzertua Mi bemol maiorrean K. 482 konposatu zuenean, Salieri Vienako musikaren lan-gailurra eskalatzen hasita zegoen. Wolfgangen egoera, aldiz, guztiz bestelakoa zen. Ez zuen garapen handirik lortu konpositore gisa, baina irakasle ona zen, piano-jotzaile hobea eta musikagile errebesa zelako ospea zeukan. Badugu, beraz, gure bigarren konpositore vienar klandestinoa.
Honako Pianorako kontzertu hau gustatzeko idatzita dago, eta helburua lortu zuen, zalantzarik gabe. Tira, idatzi zuela gehiegi esatea da, Mozartek berak jotzeko konposatu zuenez, konpas zirriborratu batzuk besterik ez zizkigun utzi; hurrengo mendeetako garratz-minak. Nolanahi ere, ez dago gauza nekezik ganoraz eta zientzia apur batez berrosa ezin daitekeenik. Eta horrela, Mozarten kontzerturik luzeenaz goza dezakegu: ordu erdi baino zerbait gehiago, baina, aurreikustekoa zenez, amen batean amaitzen da. Maileguez eta moldeen kopiez ari garela, amaierako Rondeau doinuaren melodia nagusia inoiz egin den tronparako gairik onena dela pentsa daiteke, pianoaz jota, jakina denez. Mozartek —beste poeta batek— nahi erara garabiltza: paseatzera garamatza eta —adi spoilerra entzutean— mugimendua amaitu baino hamar segundo lehenago, badirudi beste zeru batera hegan egingo duela eta han luze edukiko gaituela, baina ustekabeko mailukadak erabiliz, bueltan ekarriko gaitu berriro. Ume handi eta jakintsu baten txantxak.
Adiskide-taldeez ari gara, hau da, pertsona-talde txikiez, eta beraien laguntzari esker, porrot egiteko hurrean zeuden konpositore horiek biziraun eta musika egiten jarraitzea zuten. Eta, jakina denez, Mozarten talde horretan, beste musikari bat nabarmendu behar dugu, orduan seniorra zena: Joseph Haydn (1732-1809). Joseph Haydn (1732-1809). Seniorra zela diogu adinagatik, zeren eta, Europa erdian ospetsua izan arren, 1785. urtean, Vienan Haydn ez baitzen artean hamarkada bat geroago, ereserki nazionala eginda zegoelarik, izan zen musikagile ospetsu eta ohoretsua. Hala, 1797an, Tonkünstler-Societät elkarteko biziarteko ohorezko kide izendatu zuten, edo 1803an, ohorezko hiritar, eta gerora konposatu zituen oratorioak, Sorkuntza eta Urtaroak, musikagilea bizirik zegoela utzitako jarauntsitzat hartu zuen Vienako gizarteak. Bada, jaioterrian bertan gutxietsita izan zuten hirugarren musikagilea dugu. Zilegi bekigu gure buruari galdetzea herritarrek, Gorteko kideek eta aristokraziako etxeetakoek benda begietatik noiz kendu zuten. Hauxe erantzuna: Haydn ohorez, urrezko txanponez beteta eta 90eko hamarkadaren lehen erdian Londresera egindako ihesaldi pare batean, sinfonia berriak zekartzala itzuli zenean.
Londres, mende bat geroago Bostonen edo New Yorken gertatu zen bezala, helmuga pribilegiatu bilakatu zen musikagile germaniarrentzat. Gogora dezagun Georg Friedrich Händel, Pleistozenoko ustezko biztanlea, Westminsterren hil zela 1759. urtean, eta Haydnen bisitaldiak gertatu arteko tartea Johann Christian Bachen —Johann Sebastian handiaren semeetako bat— eta Carl Friedrich Abelek musikaz gozatu zutela. Eta Heathrow aireportuan, Haydnek Johann Peter Salomon eta Carl Friedrich Cramer biolin-jotzaile ospetsuak zain zituela. Dirudienez, Haydn nahikoa erraz moldatzen zen ingelesez hitz egiten, baina egia esatera, zaletasunez, beharrez baino areago. Hannover etxeko errege-erreginek nahiz orkestrako txirularirik apalenak, hots, mundu guztiak, bazekien alemanez han.
Gure konpositorea Vienara itzultzeko prestatu zen 1795eko erdialdean, baina joan aurretik, bere azken sinfonia izan zena, «Londres» izenekoa, idatzi eta estreinatu zuen. Horra hor Morning Chronicle egunkarian agertu zen artikulua:
«Haydnek bere lagunen asmo onak saritu ditu Overture [sinfonia] berria osatuz okasiorako. Lan hori, bere zati guztietan duen handitasun, aberastasun eta maiestateagatik, epaile onenetako batzuen iritziz, gainerako lan guztien gainetik dago. Musikaren inguruko ezagutza handia, gustu bikaina eta irizpide fina dauzkan jaun batek bere iritzia adierazi du: datozen berrogeita hamar urteetan, musika-konpositoreak Haydnen imitatzaileak besterik ez dira izango[…]. Espero dezagun profezia ez betetzea, baina badirudi probabilitateak iragarpena berretsiko duela».
Adi, beste spoiler bat, profezia ez zen bete. Musikaren ikuspegitik, egundokoa gertatu zelako Vienan hurrengo berrogeita hamar urteetan, eta horien hurrengo berrogeita hamarretan, eta hurrengoetan…
Joseba Berrocal
Kit Armstrong
Pianoa
The New York Times egunkariak «heldutasun musikala eta gazteen ausardia interpretazio paregabe batean» uztartzen dituen «piano-jotzaile bikain» moduan deskribatu zuen. Ildo horretan, Kit Armstrong munduko orkestra onenek gonbidatzen dute bakarlari gisa, eta, aldi berean, ibilbide bizia du errezitaldietako jotzaile eta konpositore gisa. 1992an jaio zen Los Angelesen, «Armstrong harridura sortzen duen piano-jotzailea da, eta musikari miragarritzat, ez besterik, deskriba daiteke» (Süddeutsche Zeitung). Areto ospetsuenetan aritu ohi da, hala nola Vienako Musikverein, Amsterdamgo Concertgebouw, Berlingo Philharmonie, Hanburgoko Elbphilharmonie, Tokioko NHK Hall, Bruselako Arte Ederren Jauregian eta abarretan.
Christian Thielemann, Herbert Blomstedt, Riccardo Chailly, Kent Nagano, Manfred Honeck, Esa-Pekka Salonen, Mario Venzago, Robin Ticciati eta beste hainbat zuzendarirekin kolaboratzen du aldiro. Wiener Philharmoniker, Dresden Staatskapelle, Bayerische Rundfunk Sinfonieorchester, Gewandhaus Orchestra, NHK Symphony Orchestra, Academy of St. Martin in the Fields eta beste orkestra batzuekin batera jo du. 2018an, Mecklenburg-Vorpommern jaialdiko artista egoiliarra izan zen, baita Musikkollegium Winterthur jaialdikoa ere.
Azken denboraldietan, Berlingo DSO Deutsches Symphonieorchester, NDR Elbphilharmonie Orchestra, Baltimore Symphony edo Tokioko Metropolitan Symphony orkestrekin egin du debuta. Bestalde, bira bat egin du Europan Swedish Chamber Orchestraren eta Berlingo Akademie für Alte Musik orkestraren eskutik; lankidetza estu eta etengabea dauka azkenarekin. Parisko Théâtre des Champs-Elysées, Municheko Prinzregentheater, Ruhr-eko Klavierfestival jaialdian, Luxenburgoko Philharmonie eta Koloniako Philharmonie festibaletan jo du berriki.
Ganbera-musikaren zale amorratua izanik, Kit Armstrongek aliantza artistiko estuak garatu ditu beste instrumentista eta abeslari batzuekin. Renaud Capuçonekin, Mozarten biolin eta pianorako sonaten integrala aurkeztu du Salzburgoko Mozartwoche-n eta Berlingo Boulez Saal-ean. Christiane Karg, Julian Prégardien eta beste batzuekin batera, Lied errepertorioa jo du. Organoa jotzen ere (horixe da bere pasio handienetako bat) entzun dugu Berlingo eta Koloniako Philharmonien. Peters argitaletxeak 2006tik argitaratzen ditu Armstrongen lanak; Leipzigeko Gewandhaus eta Musikkollegium Winterthur erakundeek ere, besteak beste, lanak komisionatu dizkiote.
Grabazioetan, bakarkako lanak ditu: «Liszt: Symphonic Scenes» izeneko albuma eta «Bach, Ligeti eta Armstrong» konpositoreen musikari eskainitako albuma, bi-biak Sony Classic etxerekin ekoitzitakoak. 2017an DVD bat grabatu zuen Amsterdamgo Concertgebouwn (Unitel), «Kit Armstrongek Bachen eta aurrekoen Goldberg bariazioak jotzen» izenekoa, eta Bachen obra ospetsuaren erreferentziazko grabazio bihurtu zen (BBC Music Magazine-ren arabera).
Kit Armstrongek Los Angeleseko Curtis Institute of Music eta Londresko Royal Academy of Music erakundeetan ikasi zuen. 7 urterekin, konposizioa ikasten hasi zen Chapman Universityn eta Fisika California State Universityn; handik gutxira, Kimika eta Matematika ere ikasi zituen Pennsylvaniako Unibertsitatean, bai eta Matematika ere Londresko Imperial Collegen. Matematika hutseko masterra egin zuen Parisko Unibertsitatean. 2005az geroztik Armstrongen irakasle eta aholkulari gisa jardun duen Alfred Brendelek honela deskribatu du: «piano-literatura handia ulertzen duen piano-jotzailea da, freskotasuna eta sotiltasuna, emozioa eta adimena uztarturik». Haien arteko harremana Mark Kidelek zuzendutako «Set the Piano Stool on Fire» filmean agertu zen.
Jan Willem de Vriend
Zuzendaria
Zuzendari titularra, Vienna Chamber Orchestra
Zuzendari nagusi gonbidatua, Stuttgarter Philharmoniker
Zuzendari nagusi gonbidatua, Kyoto Symphony Orchestra
Artistic Partner, Bergen Philharmonic Orchestra
Neue Zürcher Zeitung egunkariak «Jainkoaren Herbehereetako oparia» izendatu zuen Jan Willem de Vriend aurrendaria da historikoki informatutako interpretazioa jotzen eta bultzatzen. 1982an sortu zuen Combattimento Consort Amsterdameko musika-zuzendari arituta, XVII. eta XVIII. mendeetako errepertorioan espezializatu zen, eta historian oso gutxitan entzundako lan ugari berpiztu zituen musika-tresna modernoak erabiliz. Gramophone aldizkariak goretsi zuen egindako lana, «finesse teknikoagatik eta karakterizazioaren sentipen biziagatik».
Jan Willem de Vriendek sari ugari irabazi ditu musika klasikoari egindako ekarpen sortzaileagatik, eta 50. 000 jarraitzaile baino gehiago ditu Spotifyn. Bestalde, sarritan deitzen diote mundu osoko orkestra-zuzendari aritzeko, eta hala jardun du hainbat orkestratan, hala nola Amsterdamgo Royal Concertgebouw, Rotterdamgo Filarmonikoa, Hagako Residentie Orkest, Belgikako Orkestra Nazionala, Zuricheko Tonhalle, Lyongo Orchestre National, Bergengo Filarmonikoa, Varsoviako Filarmonikoa, Herbehereetako Irratiko eta Hessischer Rundfunk (Frankfurteko Irratiko Sinfonikoa) orkestra sinfonikoak, Melbourneko Sinfonikoa, Yomiuri Nippon Symphony eta Hong Kongeko Filarmonikoan. Vienako Ganbera Orkestrako zuzendari nagusi izendatu dute, Kioto Hiriko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi gonbidatua, Stuttgarteko Orkestra Filarmonikoko eta Orchestre National de Lilleko zuzendari nagusi gonbidatua, eta Barcelona i Nacional de Catalunyako Orkestra Simfònicako eta Brabanteko Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia izan zen.
Mendelssohnen sinfonia guztiak eta Beethovenen sinfonia eta kontzertu guztiak grabatu dituzte Vrienden Challenge Classics etxerako eta Herbehereetako Orkestra Sinfonikorako, besteak beste, M, Hannes Minnaar piano-jotzaile eta Liza Ferschtman biolin-jotzailearekin. De Vrienden 7. sinfoniaren interpretazioaren harira, Classic FMk «konpositorearen gozamenerako gaitasunari benetako justizia egiten dion estilo zirraragarria» goraipatu zuen. Grabaturiko katalogoaren beste mugarri bat dugu Schuberten sinfonien grabazioa Hagako Residentie Orkestekin.
De Vrienden lankidetza-sena ere nabarmena da eszenatokiko lanean, bereziki, Eva Buchmann opera-zuzendariarekin eta Combattimento Consort Amsterdam taldearekin. Monteverdi, Haydn, Händel eta Telemannen lanez gain, Europan eta AEBn egindako ekoizpenetan, besteak beste, Bachen ‘Ehiza’ eta ‘Kafea’ kantaten bertsio antzeztuak eskaini ditu Leipzigeko Bachfesten, eta Mozart, Rossini, Verdi eta Cherubiniren operak, horien artean, Mozarten Don Giovanni eta Rossiniren La gazzetta, biak Suitzako biran. De Vriendek opera-lanak ere zuzendu ditu Amsterdamen (Nederlandse Reisopera), Bartzelonan, Estrasburgon, Luzernan, Schwetzingenen eta Bergenen.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haydn, sinfonista aparta
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria
I
FRANZ SCHUBERT (1797 – 1828)
Obertura italiar erara Do Maiorrean D. 591*
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
22. kontzertua piano eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean K. 482*
I. Allegro
II. Andante
III. Allegro
Kit Armstrong, pianoa
II
FRANZ JOSEPH HAYDN (1732 – 1809)
104. sinfonia Re Maiorrean Hob. I: 104 «Londres»
I. Adagio – Allegro
II. Andante
III. Menuet: Allegro
IV. Spiritoso
* Lehen aldiz BOSen eskutik
Ganbera 9
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
Bakarlari Handiak BOSekin batera
F. Mendelssohn
Sexteto para piano y cuerdas en Re Mayor Op. 110
Sexteto BOS
E. von Dohnanyi
Sexteto Op. 37
Sexteto de cuerda y viento BOS
Kit Armstrong, pianoa
ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO
Lekua: Euskalduna Bilbao
Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.
Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.
Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.
Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.
Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.
ANTZEZLEAK
Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe
TALDE ARTISTIKOA
Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera
* Debuta en ABAO
Ganbera 10
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
F. M. Veracini
Obertura nº 6 en sol menor IFV 6
J. S. Bach
Concierto nº 3 para cembalo y orquesta en Re Mayor BWV 1054
F. Geminiani
Concerto grosso nº 6 en Si bemol Mayor Op. 7, H. 120
J. – P. Rameau
Les Boréades, selección
Ensemble barroco BOS
Silvia Márquez, klabea
