Kontzertuak
Bach: Pasioa pasioz
Ana Quintans, sopranoa
Rodrigo Carreto, tenorra
José Coca Loza, baxua
Peter Harvey, baxua
San Juan Bautista Abesbatza (Basilio Astúlez, zuzendaria)
Carlos Mena, zuzendaria eta kontratenorra
JOHANN SEBASTIAN BACH (1685 – 1750)
Pasioa San Joanen liburutik, Oratorioa bi zatian, bakarlari, abesbatza eta orkestrarako BWV 245
I
1. zenbakitik 20.era
II
21. zenbakitik 68.ra
DATAK
- 26 martxoa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 27 martxoa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Tenplua eta bertako palkoak
Leipzig, 1722ko ekainaren 5a. Hiriko director Musices Johann Kuhnau hil da, 62 urte zituela. Sekulako gizona. Bere nekrologikoan azaltzen denez, musikari bikaina izateaz gain, hebreera, grekoa eta latina ere bazekizkien; eta matematikari bikaina izan zen; eta aurretik zuzenbidean oso trebea izan zela erakutsi zuen.
Muga oso goian utzi zuen. Ea nor izango den gai maila horretara ailegatzeko.
Inork ez zuen zalantzarik izan. Hautagai bikaina daukagu, Kuhnau baino are izugarriagoa, eta etortzeko irrikitan dago. Historian sartuko den konpositorea da, eta etorkizunean Alemania eta Mendebaldea hartaz harro egongo dira.
Georg Philipp Telemann.
Abuztuaren 9rako azterketak eginak zituen. Berea zen postua. Baina, erne, Hamburgon soldata handitu diote, eta Leipzigera joateari uko egitea erabaki du. Udalean badira haserre bizian dabiltzanak, susmatzen baitute –agian arrazoi osoz– Telemann-ek bere kontratua berriz negoziatzeko erabili dituela.
Leipzigeko postua erakargarria da. Ez hainbeste baldintza ekonomikoengatik –ez dira ezer apartekorik–, baizik eta hiriak distira egiten duelako bere unibertsitate-giroarekin, bere azoka jendetsuekin eta bere argitalpenen merkatu oparoarekin.
Beraz, San Tomas elizarako kantari bat bilatzen jarraituko dute. Johann Friedrich Fasch eta Christoph Graupner konpositore ospetsuen txanda da. Gauzak gaizki atera dira berriro. Batek ezetz esaten du zuzenean, eta besteari ere soldata handitzen diote, oraingoan Darmstadten.
Ikasgelaren atzealdean 37 urteko mutiko bat dago, eskua altxatuta luzaro daramana: ni, ni, ni, ni.
1723ko apirilean gaude jada, eta egoera larriagotzen hasi da. Dakigunez, ezinezkoa da udal-konpositorerik gabeko hiri bat egotea. Udalaren eztabaida batean Plaz kontseilariak egoera esaldi batean laburbildu du: “Onenetako bat ezin dugunez izan, erdipurdikoetako bat onartu beharko dugu”.
Aupa!
Eta horrela lortu zuen postua Johann Sebastian Bach-ek. Ez zen gogoratzen den sarrerarik arrakastatsuena izan, baina okerragoak ikusi dira. Graupner-ek Kontseilua lasaitu nahi izan zuen berehala, gutun baten bidez: “Bach-ek organoa jotzeko gaitasun handia du, elizarako obretan eta ganbera-konposizioetan aditua den aldetik; eta zintzo eta egoki beteko ditu eman zaizkion funtzioak”.
Aldeko boto guztiekin Bach hautatu dute. Hori bai, Dr. Steger Dominus Consul-ak aktetan jasotako xehetasun bat eman du: “Antzerkikoak ez diren konposizioak egin beharko ditu”.
Eta bere onarpen-gutunean, 1723ko maiatzaren 5ean idatzitakoan, Johann Sebastianek hainbat gauza egiteko konpromisoa hartu zuen, besteak beste:
“Elizetan ordena ona zaintzeko asmoz, musika gehiegi iraun ez dezan antolatzeko, ez dezan opera inpresioa piztu baizik eta entzuleak deboziora bultzatu”.
Musika laburra izatea ondo dago –nahiz eta deigarria izan enplegatzaileak eskatzea, eta ez enplegatuak–, baina zergatik hainbeste erreferentzia antzerki-musikari? Zer haizek jo ditu horiek guztiak? Haize hori opera italiarra zen. Konposatzeko modu berria zen, eta Europa osoan arrakasta handia izaten ari zen. Gizartearen esparru guztietan, elizetan barne, pixkanaka sartzen ari zen moda. Eta ez dago kutsatzeko joera handiagorik Ostiral Santurako Oratorio bat egiteko ohitura hasiberria baino. Kristoren Pasioaren historia hain dago egoera dramatikoz betea, ezen opera estilo berri honek musika tresna perfektua baitzirudien.
Eta berri-berriaz ari garenean horretaz ari gara zehazki. Leipzigen lehenengo Pasioa estilo kontzertante berrian entzun zen 1717an (aldiriko eliza batean); lehenengo Pasioa San Tomas elizan, 1721ean; eta lehenengo Pasioa San Nikolasen 1723 hartan izan zen. Ekimen horren atzean, Maria Rosina Koppy herritar elizkoi eta aberatsaren legatua zegoen, 1722an zendu zenean diru-kopuru handia utzi baitzuen ongintzarako eta Ostiral Santuetan pasio horiek berariaz egikaritzeko.
Baina jende guztia ez zegoen Frau Koppy bezain gogotsu ideiarekin.
Christian Gerber-ek Leipzigen argitaratu zuen 1732an lehenengo harrera baten kronika, ez dakigu hiri horretan edo antzeko beste herri batean:
“Duela berrogeita hamar urte baino gehixeago, Erramu igandean, organoa elizan isilik egotea ohitura zen. Egun horretan, Aste Santua hastean, ez zegoen musikarik. Baina poliki-poliki Pasioaren Historia –lehen kantu gregoriano xume batean, apaltasunez eta erreberentziaz kantatzen zena– instrumentu ugarirekin eta moda landuagoari jarraiki hasi zen kantatzen; kongregazio osoak kantatzen zuen Pasioaren koral baten moldaketa txiki bat tarteka sartuta, ondoren instrumentu-masari berriro ekiteko.
Hiri handi batean Pasioaren Oratorio hau lehenengo aldiz interpretatu zenean, dozena bat biolin, oboe, fagot eta bestelako instrumentu ugarirekin, jende asko harrituta geratu zen eta ez zuen oso ondo jakin nola erreakzionatu. Tenpluan, familia noble baten bankuan, hainbat ministro eta andre nobleak zeuden, eta himnarioak irakurriz, pasioaren lehenengo korala debozio handiz kantatu zuten. Baina antzerki-musika hau hasi zenean, pertsona guzti hauek nahasmenik handienean murgildu ziren, elkarri begiratu eta galdetu zioten: «Zer gertatuko da honekin?». Nobleen alargun zahar batek esan zuen: «Jainkoak salba gaitzala, seme-alabok! Opera komiko batean bageunde bezala da». Benetan atsekabetuta zeuden denak, eta musika horren aurkako kexak adierazi zituzten.
Batzuek, egia da, gozatzen dute horrelako obra arinekin, batez ere odolbiziak badira eta plazer sentsualerako joera badute. Pertsona horiek elizako konposizio hauek ahalik eta ondoen defendatzen dituzte, eta besteak erretxintzat eta izaera malenkoniatsukotzat hartzen dituzte; beraiek bakarrik Salomonen jakinduria izango balute bezala eta besteek adimena izango ez balute bezala”.
Uste hori ez zegoen germaniar lurraldeetan bakarrik. Europako gainerako herrialdeetan, eta termino horiek erabilita, eztabaida bera izan zen. Pirinioen alde honetan Benito Feijoó jakintsu beneditarra izan genuen. Honek, garai hartako 1726an, egoera planteatu zuen “Música en los Templos” saiakeran, bere Theatro Criticoren lehenengo alean jasoa, Madrilen argitaratua eta hizkuntza askotara itzulia.
Gure fraidea burugogorren taldekoa zen, eta ez zuen zalantzarik izan xehetasun eta fantasia malkartsuetan sartzeko. Hala ere, haren iritziak neurritsuagoak eta begirunetsuagoak izan ziren estilo hark gauza ona izan zezakeelako:
“Orain Elizetan entzuten diren abestien formak eszenatokietan entzuten diren berberak dira. Denak Minuetez, Errezitatuez, Ariaz, Allegroz osatuak daude, eta azkenik behe-soinuak daude; baina horietako gutxi izaten dira, nekagarriak baitira. Zer da hau? Tenpluan ez al luke izan behar musika guztia baxua? Ez al luke konposizio orok egokia izan behar seriotasuna, debozioa eta apaltasuna sorrarazteko? Gauza bera gertatzen da tresnekin.
[…] Organoan gau-jaian entzundako minuet bera entzuten duenak, zer egin behar du, aurreko gauean dantzan aritu zen emakumeaz gogoratu baino? Horrela, Musikak, bertaratutakoen espiritua Tenplutik Zeruko Tenplura eraman beharrean, Elizatik festara eramaten du. Eta entzuten duenak, izaeraz edo ohituraz jarrera txarra badu, ez du pentsamendua geldituko.
[…] Musikagileek musika hori nahi badute, modakoa delako, Antzokietan eta Aretoetan utz dezatela, baina ez dezatela elizetan sartu, Tenpluetarako modarik egin ez delako. Eta Jainkozko Ofizioak ez badu onartzen moden, jantzien eta erritoen aldaketarik, zergatik onartu behar du musika-konposizioetan?
[…] Hala ere, aitortzen dut gaur konposizio bikainak ateratzen direla argitara, dela gustuaren leuntasunari, dela Artearen gozotasunari kasu eginda. Baina hauekin batera, oso bakanak baitira, entzungaitz diren ugari sortzen dira. Hori, hein batean, musikagileak ez direnak sartzearen mende dago; eta, beste hein batean, konpositore arruntek maisu gorenen ausarkeria izan nahi dutelako”.
Eta 1724ko Aste Santuko une beldurgarri eta esperotakoa iritsi zen. Eta Bach-ek San Juanen ebanjelioa aukeratu zuen. Eta Leipzigen laster jakingo zuten kantari berria Maisu bikaina zen ala ez.
Joseba Berrocal
Ana Quintans
Sopranoa
Ana Quintans Lisboan jaio zen eta bere gaitasun artistikoak landu zituen antzerkian eta dantzan lehenengo urratsak egiten zituen bitartean. Lisboako Arte Ederretako Unibertsitatean Eskulturan graduatu ondoren (1998), kantua ikasi zuen Lisboako Musika Kontserbatorioan eta Ganteko Flanders Operastudion sartu zen (Gulbenkian Fundazioaren beka batekin).
Ana Quintansek errepertorio barrokoa lantzen du batez ere, eta izen handiko orkestra barroko askorekin aritu da lankidetzan., hala nola, Les Arts Florissants, Il Complesso Barocco, Les Musiciens du Louvre, Le Poème Harmonique, Ensemble Pygmalion, Al Ayre español, Concerto de’ Cavalieri, Il Pomo d’Oro, Les Folies Françoises, Divino Sospiro eta Músicos do Tejo.
Hauek izan dira operan egin dituen rol aipagarrienetako batzuk: Drusilla Monteverdiren L’incoronazione di Poppea-n, Madrilgo Teatro Realen eta Maggio Musicale Fiorentinon; Amour Rameau-ren Hippolyte et Aricie-n, Glyndebourne jaialdian; Belinda Purcell-en Dido and Aeneas-en, Versallesko Opéra de Rouen eta Thêatre Royale-en; Amore Cavalliren Egisto-n, Parisko Opera Comique-en; Jonathas Marc-Antoine Charpentier-en David et Jonathas-en, Aix-en-Provence, Edimburgo, BAM New York eta Parisko Opera Comique jaialdietan; Amor Gluck-en Orfeo ed Euridice-n, Salzburgoko Mozartwoche eta Scottish Operan; rol nagusiak F. A. Almeidaren La Spinalba e Ippolito-n, Oportoko Casa da Música eta Lisboako CCB-n; Mazzoniren Ismene en Antígono; Händel-en lan hauetan: Atalanta Serse-n, Clizia Teseo n eta Dalinda Ariodanten; Lehen dama eta Papagena Mozarten Die Zauberflote-n, Lisboako TNSC-n.
Bere kontzertu-errepertorioa Monteverditik hasi eta musika garaikideraino doa. Luis Tinoco konpositore portugaldarrak, besteak beste, From the Depth of Distance eta Songs of a solitary dreamer lanak eta Evil Machines lanaren Nancyren rola idatzi zituen bere ahotsa kontuan hartuta. Azken hori Terry Jonesek taularatutako fantasia musikala da.
Hainbat zuzendarirekin aritu da elkarlanean: Michel Corboz, Ivor Bolton, William Christie, Marc Minkowski, Alan Curtis, Vincent Dumestre, Leonardo García Alarcón, Paul McCreesh, Antonio Florio, Enrico Onofri, Andrés Orozco Estrada, Raphael Pichon, David Alan Miller, Laurence Cummings, Marcos Magalhães, Marcello di Lisa, Aapo Hakkinen, Riccardo Minasi eta Leopold Hager. Bakarlari gisa aritu da hainbat aretotan, besteak beste, honako hauetan: Opéra de Lyon; Opéra Comique de Paris; Salle Pleyel Paris; Salzburger Festspiele; Teatro Real de Madrid; DNO Amsterdam; De Vlaamse Opera Gent; Festival d’Aix en Provence; Mariinsky Theater Moscow; Tchaikovsky Concert Hall St. Petersburg; Victoria Hall Geneva; Teatro Nacional São Carlos Lisboa; Scottish Opera; Edinburgh International Festival; Bozar Brussels; Wiener Festwochen; Teatro São Luiz Lisboa; Salle Gaveau Paris; Opera d’Avignon; Théâtre de Rouen; Centro Cultural de Belém Lisboa; Carnegie Hall New York; BAM Festival NY; Festival Ambronay; Casa da Música de Oporto; Helsinki Music Center; Stadttheater Klagenfurt; Lasdestheater Bregenz; Cité de la Musique Paris; Théâtre des Champs-Elysées Paris; Fundação Calouste Gulbenkian; Concertgebouw Amsterdam eta La Folle Journée Tokyo.
Berriki hartu dituen rolen artean honako hauek daude: Despina Mozarten Così fan Tutte -n, Glyndebournen; Ilia Mozarten Idomeneo-n, Lisboako TNSC-n; Minerva Draghi-ren El Prometeo-n, Ópera de Dijon-en; Drusilla eta Virtù Monteverdiren L’incoronazione di Poppea-n, Salzburgoko jaialdian.
Denboraldi honetan, Ana Quintans Lisboako TNSCra itzuliko da Graham Vick-ek egindako Gluck-en Alceste-ren produkzio berriarekin; Amore Gluck-en Orfeo ed Euridice-n, Opéra de Massy-n; Vivaldiren eta Albinoniren ariak interpretatuko ditu Marcello di Lisaren Concerto de’ Cavalieri-n, Hanburgon; eta Pasioa San Mateoren arabera, Bach-ena, Romeo Castelluccik Gulbenkianen egingo duen ekoizpenean.
Rodrigo Carreto
Tenorra
Rodrigo Carreto tenore portugaldarra da Le Jardin des Voix akademiaren 11. edizioan sarituetako bat. Les Arts Florissants-ekin eta William Christie eta Paul Agnew maisuekin partekatuko du eszenatokia, H. Purcellen The Fairy Queen operaren hogeita hamar emanaldi baino gehiago izango dituen biran. Bira hau honako hauetan izango da estreinakoz: BBC Proms (Royal Albert Hall), Milango alla Scala Antzokia, New Yorkeko Lincoln Center, Parisko eta Luxenburgoko Philharmonie, Versaillesko Opéra Real, Bukaresteko Errumaniar Ateneoa, Madrilgo Musika Auditorio Nazionala, Valentziako Palau de les Arts; eta Lucerna (Suitza), Tanglewood (AEB), Lanaudière eta Torontoko (Kanada) jaialdietan, besteak beste.
2021ean, Collegium Vocale Gent-en Bach Young Soloists-etako bat izan zen, Philippe Herreweghe-ren zuzendaritzapean, eta bira ugari egin zituen 2021 eta 2023 artean. Orduz geroztik, Bach-en Pasioetan eta beste lan erlijioso batzuetan ebanjelari-rolaren interprete gazte nabarmenetako gisa finkatu da Carreto.
Collegium Vocale Gent eta Les Arts Florissants-ekin ez ezik, Sébastien Daucé eta Ensemble Correspondances-ekin ere lankidetza estua izan zuen. Haiekin grabatu zuen A. Campraren Requiem-a, Haute-Contre-ren rolean, eta beste leku batzuetan ere aurkeztu zen, hala nola Versaillesko Chapelle Royale-en. 2025ean Missa Circumcisionis eta Missa Corporis Domini grabatu zituen Collegium 1704 eta Václav Luks-ekin Pragan, eta Mozarten Requiem-a interpretatu zuen Gulbenkian Orkestra eta Koruarekin, Stephanie Childress-en zuzendaritzapean. Carretok Drottningholm-eko Operan egin zuen debuta, Stockholmen, Telemann-en Orpheus-en Eurimedesen rolean, Francesco Corti-ren zuzendaritzapean, eta Adam-en papera interpretatu zuen Mysliveček-en Adamo ed Eva oratorioan, Il Gardellino orkestrarekin, Peter Van Heyghen-ek zuzenduta, Palermon.
Hainbat estilotan moldatzeko gai denez, nazioarteko agenda aktiboa du. Scot Weir-en eskolan amaitu zuen masterra, Zurich-en, sari eta guzti, eta Peter Harvey eta Jeremy Ovenden ingelesekin jarraitu zuen ikasten.
José Coca Loza
Baxua
Karisma eszeniko eta zorroztasun musikal handiko artista, José Coca Loza baxu boliviarrak ahots-prestakuntza sendoa eta nazioarteko jarduera bizia konbinatzen ditu Salzburgo, Viena, Londres, Paris, Amsterdam, Madril eta Zurich-ko eszenatokietan. Azken hiri horretan bizi da gaur egun, eta bere belaunaldiko ahotsik berezi eta adierazkorrenetako bat da. Gainera, bere tinbrearen aberastasunagatik, bere fraseatzearen sakontasunagatik eta era guztietako errepertorioetan duen moldakortasunagatik goraipatua da.
2025/26 denboraldian, Coca Lozak Silvano interpretatuko du Francesco Cavalliren La Calisto obran, Renneseko Operaren irekieran. Hurrengo ekoizpenetan berriz ere helduko dio rol horri Nantesko Operan, Aix-en Provence-ko Jaialdian, Angerseko Operan eta Parisko Théâtre des Champselyses-en. Era berean, Varsoviako Errege Gazteluan ere izango da, Händel-en Alceste-rekin; baita Mesias-en ekoizpen berri batekin Limogesko Operan ere. Horrez gain, gerorako konpromisoak ere baditu, besteak beste: Pasioa San Mateoren arabera Théâtre des Champs-Élysées-en; Pasioa San Juanen arabera RTVEko Orkestrarekin, Carlos Mena maisuaren zuzendaritzapean; errezitaldiak Halle-ko Händel Festspiele-en; eta Antonio Cestiren opera ekoizpen berri bat Innsbrucker Festwochen der Alten Musik ospetsuan.
José Coca Lozak nazioarteko ibilbide garrantzitsua egin du Europako opera-etxe eta jaialdi nagusietan: Giulio Cesareren Achilla interpretatu du Parisen, Alidoro La Cenerentolan Vienako Estatu Operan eta Cecilia Bartolirekin batera nazioarteko bira egin du Lucerna, Praga, Bartzelona eta Madrilen zehar.
Gainera, Alcinan Melissoren rola interpretatu du Londresko Royal Opera House-en; Il barbiere di Siviglian Fiorello, Monakoko Operan; eta Pasioa San Juanen arabera obran Jesus, RTVEko Orkestrarekin Madrilen. Era berean, Il Giardino di Rosen Borea ere interpetatu du La Ritirata-rekin, eta Polifemo Rineko Opera Nazionalean, Lilleko Operan eta Versaillesko Errege Operan. Italiar barrokoan erreferentziazko interprete gisa duen ospea sendotu du, eta estilo horretan duen opera-errepertorio zabala ere nabarmendu behar da, besteak beste: Händel-en Agrippina (Pallante), Monteverdiren L’Orfeo (Caronte), L’italiana in Algeri (Haly eta Mustafá), Ariadne auf Naxos (Truffaldino), Orlando Furioso (Astolfo) eta L’Olimpiade (Clistene).
Kontzertu-esparruan presentzia nabarmena izanik, Händel-en Mesias interpretatu du Parisko Théâtre des Champs-Élysées antzokian eta Genevako Antzoki Handian. Gainera, Vicenzako Antzoki Olinpikoan Venice Baroque Orchestra-rekin eta Ensemble Matheus-rekin egindako kontzertuetan ere parte hartu du. Horrez gain, Mozarten Réquiem-aren interpretazio ospetsuak egin ditu, Tonhalle-Orchester Zürich, Hagako Residentie Orkest eta beste orkestra batzuekin batera, eta Italia osoan bira egin du Andrea Marcon maisuaren zuzendaritzapean.
Peter Harvey
Baxua
Peter Harveyk, J. S. Bach eta bere garaikideen musikaren interprete nabarmenetako batek, 150 grabazio baino gehiago egin ditu zortzi mende hartzen dituen errepertorioan, arreta berezia Barroko berantiarreko musikan jarrita.
Bach-en Kantatetan zehar egindako bidean funtsezko parte-hartzailea izan da. Sir John Eliot Gardiner, English Baroque Soloists eta Monteverdi Choir musikariekin egin zituen grabaketetan Ich habe genug kantata ospetsua dago. Paul McCreesh-ek Gabrieli Consort-ekin egindako Haydn-en Kreazioa lanean (Gramophone sari baten irabazlea) Adan interpretatu zuen, eta McCreesh-ek egindako Monteverdiren Pasioa San Mateoren arabera, Salomon y Bezperak (Deutsche Grammophon) grabazioetan parte hartu du. Honako hauekin ere lan egin du: Chapelle Royale eta Collegium Vocale Ghent (Philippe Herreweghe), Les Talens Lyriques (Christophe Rousset) eta Le Concert Spirituel (Hervé Niquet). Michel Corboz zenarekin izandako kolaborazio luzeari esker, hainbat grabazio egin zituen, besteak beste, Fauré-renRequiem obraren bi bertsio; bi horietako azkenarekin Choc de l’année sari bat irabazi zuen.
Antzinako musikako taldeekin aritzeaz gain (besteak beste, Akademie für Alte Musik, Orchestra of the Age of Enlightenment, Academy of Ancient Music, Dunedin Consort, The King’s Consort eta Tafelmusik Toronto), beste hainbat orkestra eta talderekin ere lan egin du, hala nola Boston Symphony Orchestra (Bernard Haitink), Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks eta Oslo Philharmonic (Herbert Blomstedt), Orchestre Symphonique de Montréal (Kent Nagano), Budapest Festival Orchestra, Konzerthausorchester Berlin eta Concertgebouw Orkest (Iván Fischer), Rotterdam Philharmonic (Lahav Shani), Netherlands Chamber Orchestra (Mark Albrecht), Mozarteum-orchester Salzburg (Matthew Halls), Sinfonieorchester Basel (Paul Goodwin), Gulbenkian Orchestra (Michel Corboz, Paul McCreesh), Royal Scottish National Orchestra (Laurence Cummings), Scottish Chamber Orchestra (Richard Egarr, Masaaki Suzuki), Mahler Chamber Orchestra eta St Paul Chamber Orchestra.
Halaber, lotura estuak ditu Gächinger Cantorey eta Internationale Bachakademie Stuttgart-ekin (Hans Christoph Rademann), J. S. Bachstiftung St. Gallen-ekin (Rudolf Lutz), Amsterdam Baroque Orchestra-rekin (Ton Koopman), Capella Amsterdam-ekin (Daniel Reuss) eta Budapest Festival Orchestra-rekin. Azken horren musika-zuzendariarekin, Iván Fischer-ekin, operetan aritu da (Die Zauberflöte, L’incoronazione di Poppea, L’Orfeo eta Pelléas et Mélisande) Grand Théâtre de Genève antzokian, besteak beste. Concerto Copenhagen-ekin ere aritu da (Lars Ulrik Mortensen), eta horrekin batera debuta egin zuen Danimarkako Errege Operan, Fairy Queen-ekin.
Peter Harveyk Oxfordeko Magdalen College-n eta Londresko Guildhall School of Music-en ikasi zuen eta nazioarteko hainbat kantu-lehiaketatan sariak irabazi ditu, hala nola Lieder Walther Grüner Nazioarteko Lehiaketan, English Song Award-en eta Peter Pears Award-en.
San Juan Bautista Abesbatza
Leioako San Juan Bautista abesbatza 1968an sortu zuen Jose Ignacio Sarriak. 50 urte baino gehiagoko ibilbide bikain honetan, SJBk kontzertu ugari eman ditu Espainian eta Europan, eta orkestra eta zuzendari garrantzitsuekin lankidetzan aritu da, estatuko abesbatzen munduan erreferentzia izatera helduta. Hainbat grabazio diskografiko egin ditu eta sari garrantzitsuak lortu ditu bere azken etapan, Basilio Astúlezen zuzendaritzapean.
2008an SJB osorik berritu zen, Leioako Udal Kontserbatorioan sartuta eta Leioa Kantika Korala haur-abesbatzan eta beste musika-inguru batzuetan trebatutako abeslariek osatuta. Etapa berri honetan, kontzertu ugari eman ditu Euskal Herrian eta estatuan, eta sari garrantzitsuak jaso ditu estatuko abesbatza-lehiaketa guztietan.
Hainbat erakunde eta orkestrarekin aritu da lankidetzan, hala nola Sevillako Orkestra Barrokoarekin C. Monteverdiren L’Orfeo muntatzen Arriaga antzokian, Conductus Ensemblerekin D. Buxtehude-ren Membra Jesu Nostri interpretatzeko edo BOSekin (Bilbao Orkestra Sinfonikoa) hainbat alditan; 100. urteurrenaren inaugurazioan J. Guridiren Eusko Irudiak interpretatu zuen; Jake Runestad-en Earth Symphony obraren Europako estreinaldian aritu zen 2023an, Nacho de Pazen zuzendaritzapean; eta La Caixa fundazioak hautatua izan ondoren, 2023ko abenduan, Aarón Zapico zuzendariaren proiektuan ‘agertokiko abesbatza’ gisa aritu zen.
Beste proiektu batzuetan ere parte hartu du berriki, esaterako: Bilboko Udal Bandaren denboraldiaren inaugurazioan, John Rutter-en Requiema interpretatzen; Musikeneko Big Band-ekin batera Perico Sambeat saxofoi-jotzailearekin egindako grabazio diskografikoan, Duke Ellingtonen Sacred Concert zuzentzen, zeina Euskal Herrian kontzertu-bira bat eginez amaitu baitzen; eta Arriaga Antzokian Alos Quartet eta Naroa Intxausti euskal sopranoarekin batera Héctor Palmeri argentinar konpositorearen Misa a Buenos Aires abesten.
Abesbatzak, gainera, Jon Saenz, Josu Elberdin, Eva Ugalde, Xabier Sarasola eta beste hainbat euskal autoreren enkarguarekin eta errepertorio berriaren estreinaldiarekin konpromiso aktiboa mantentzen du.
SJB gaur egun talde aktibo eta dinamikoa da; eta esperientzia musikal handia duten eta musika koralean trebatzeko, eboluzionatzeko eta sakontzeko interesa duten abeslari gazteen kolektibo zabal baten kezkak eta ilusioak gauzatzen ditu.
Carlos Mena
Zuzendaria eta kontratenorra
Gasteizen jaioa, Basileako (Suitza) Schola Cantorum Basiliensis (SCB) ospetsuan trebatu zen, R. Levitt eta R. Jacobs maisuen zuzendaritzapean. Artista egoiliarra izan da Bruselako Beaux Arts-en, CNDMn, eta zuzendari egoiliarra Granada Hiria Orkestraren 19/20 denboraldian.
Bakarlari gisa, besteak beste Michel Corboz, Paul Goodwin, Mark Minkowsky, Rafael Frühbeck de Burgos, Ottavio Dantone, Juanjo Mena, Gustav Leonhardt, Christoph Coin, Ivor Bolton, Jesús López Cobos edo Andrea Marcon maisuen zuzendaritzapean abestu du. Horri esker, mundu osoko jaialdi eta aretoetan abestu du, tartean, hauetan: Vienako Musikverein eta Konzerthaus; Palais de Beaux Arts (Bruselas); Grosses Festspielehaus (Salzburgo); Berlingo Philarmonie; Tokyoko Suntory Hall eta City Opera Hall; Osaka Shympony Hall; Detroitko Fisher Hall; Los Angelesko Zipper Hall eta Schönberg Hall; New Yorkeko METren Alice Tully Hall; Washingtongo Kennedy Center; Sidney Opera House; Melbourneko Concert Hall; Arte Ederren Jauregia (Mexiko) eta Colón Antzokia (Buenos Aires).
Operaren alorrean, Monnaieko Royal Théâtre-n debuta egin zuen E. Cavalieri-ren La Rappresentazion obrarekin; kritikaren eta publikoaren laudorioa jaso zuen G. F. Haendel-en Radamisto obrarekin Salzburgoko Felsenreitshulean, Haselboeck-en zuzendaritzapean. L’Orfeoren Speranza kantatzen du Innsbruck Festwoche-n eta Berlingo Staatsoper-en Jacobs/Kosky-ren zuzendaritzapean; Händel-en Il Trionfo del Tempo e del Disinganno Salzburger Pfingstenfestival-en eta J. Cage-ren Europera 5 Flandes-ko jaialdian. Londresko Barbican Center-en Mozarten Ascanio in Alba protagonizatu zuen Europa Galanterekin, F. Biondik zuzenduta; B. Britten-en A Midsummer Night’s Dream lanean Oberon (Marin/Pizzi); Sánchez-Verdúren El viaje a Simorgh-en abadegaia, López Cobosen zuzendaritzapean, Teatro Realen (Madril); Britten-en (Weigle/Decker) Death in Venice lanaren Apollo, Gran Teatre del Liceu-n; Pasioa San Juanen arabera (Pierlot/Bieito), Bilboko Arriaga Antzokian.
Zuzendaritza-arloan, kantari-ikasketak egin aurretik, besteak beste, Manel Cabero, Pierre Cao, Laszlo Heltay eta Erik Ericsson maisuekin trebatu zen.
Lux Orphei ganbera-taldearen sortzailea eta zuzendaria da, eta Europako hainbat agertokitan ganbera-errepertorio barrokoko errezitaldiak eman ditu. 2009an Santa Maria Kapera sortu eta zuzendu zuen, artistikoki eta musikalki, eta horrekin konpositore garrantzitsuen obrak interpretatu ditu: Erdi Arokoak (Perotin, Leonin, Machaut); Barroko estilokoak (Haendel-en Dixit Dominus eta Resurrezione, Pergolesi-ren Stabat Mater, Domenico Scarlatti-ren kontzertu instrumentalak, Caldara-ren Maddalena ai piedi di Cristo, Purcell-en Funeral Sentences); eta Errenazimentukoak (Victoria, Morales, Des Prez, Lassus eta abarren obrak).
Arrakasta handia lortu du estatuko eta nazioarteko agertokietan.
Mozart, Haendel, Gluck, Pergolesi, Arriaga, Kodaly, Vaughn-Williams, Debussy, Poulenc, Ravel, Iglesias eta beste hainbat artistaren lanak zuzendu ditu hainbat orkestrarekin: Asturiasko Printzerria, Galiziako Sinfonikoa, Nafarroako Sinfonikoa, Granada Hiria, Kordoba Hiria, RTVEren Korua eta Orkestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Barroko Katalana, La Cetra Barockorchester Basel eta abar.
Galiziako Orkestra Sinfonikoaren koruetako zuzendari artistikoa da, Schola Cantorum Basiliensis orkestrako kantu historikoko irakaslea eta Asturiasko Printzesa Fundazioaren Arteen sariaren epaimahaiko kidea.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Londres eta Symphonie espagnole
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Ellinor D’Melon, biolina
Catherine Larsen-Maguire, zuzendaria
I
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
The Wasps, Obertura
EDOUARD LALO (1823 – 1892)
Symphonie espagnole biolin eta orkestrarako Op. 21
I. Allegro non troppo
II. Scherzando: Allegro molto
III. Intermezzo: Allegretto non troppo
IV. Andante
V. Rondo: Allegro
Ellinor D’Melon, biolina
II
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
A London Symphony (2. sinfonia)
I. Lento – Allegro risoluto
II. Lento
III. Scherzo (Nocturne)
IV. Andante con moto; Maestoso alla marcia
*
Dur: 115’ (aprox.)
Ganbera 8
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
Bakarlari Handiak Errezitaldian
Bach
(Re)Inventions
M. P. Sánchez Invention trío
Moisés P. Sánchez, pianoa
Pablo Martín Caminero, kontrabaxua
Pablo Martín Jones Johnston, perkusioa
LOGELAN LOGALE
Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditorium
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?
Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Musika: Jagoba Astiazaran
Testua: Leire Bilbao
Bakarlaria: Kepa Errasti
Zuzendaria: Juanjo Ocón
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua
Produkzioa: Euskadiko Orkestra (Musika Gela).
Iraupena: 60’
Sarrera orokorra
Ikastetxeei zuzendutako programa. Sartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta baieztapena jaso.
Laguntzaile: Euskalduna Bilbao


Haydn, sinfonista aparta
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Historian izan diren sinfonista bikain guztiek, hala nola Beethovenek, Mahlerrek, Brahmsek edo Xostakovitxek, molde horretako musikagile bikain Haydnekiko zor ordaingabea dute. Patuaren irrikaz, Haydnen koda Salomon enpresaburuak Ingalaterran agindutako 12 sinfoniaren sorta izan zen, eta azkenak, guztietan handientsuenak, “London” izena zeukan. Klasizismoa ere ausarta izan daiteke, batik bat, Vriend eta Kit Armstrong adituek jotzen baldin badute.
F. Schubert
Obertura al estilo italiano en Do Mayor D. 591
W. A. Mozart
Concierto nº 22 para piano y orquesta en Mi bemol Mayor K. 482
F. J. Haydn
Sinfonía nº 104 en Re Mayor Hob. I: 104 “Londres”
Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria
