Kontzertuak

Ama Lurra, Fazil Sayren eskutik


Euskalduna Jauregia Bilbao.   19:30 h.

Fazil Say, pianoa
Nil Venditti, zuzendaria


I

FAZIL SAY (1970)

Grand Bazaar Op.65*

Mother earth, Kontzertua piano eta orkestrarako Op. 111**

I. Prelude (attacca)
II. Earth (attacca)
III. Forest (attacca)
IV. Interlude (attacca)
V. Sea (Deniz) (attacca)
VI. River (attacca)
VII. Postlude


Fazil Say, pianoa



II

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

7. sinfonia La Maiorrean Op. 92

I. Poco sostenuto – Vivace
II. Allegretto
III. Presto – Assai meno presto
IV. Allegro con brio


* Lehen aldiz BOSen eskutik
** Estrenaldia Espainian


Iraup: 100’ (g.g.b.)

DATAK

  • 26 otsaila 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 27 otsaila 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Dantzaren apoteosia

Musika osatzen duten elementuetatik, erritmoa da entzulearengan efekturik berehalakoena eragiten duena: mugitzeko edo kulunkatzeko beharra sortzen digu, gorputzeko sentsazioak musikaren arabera moldatzekoa, gorputza astindu edo soinuaren konpasera moteltzekoa.

Erritmoa ez dugu beste adierazpen batzuekin nahastu behar. Musika batek “erritmo handia” daukala esan ohi dugu, oso erritmo tematia daukanean edo ia-ia erritmoa besterik ez daukanean; izan ere, erritmoa gehiegizko perkusio baten bidez azpimarratzen duen intentsitateak pertzepzio-ahalmena estutzen digu, eta horrek beste musika-elementu batzuen ñabardurak aditzea galarazten digu: horrelakoetan, melodia eta harmonia interesik gabeko eskema errepikakorretan hesitzen dira, eta, beraz, perkusio-burrunba horretan, edozein tinbre-ñabardura posible deuseztatzen da.

Halaber, ez ditugu erritmoa eta erregulartasuna nahastu behar: edozein erloju ikaragarri erregularra izan daiteke, pertsona bat baino askoz ere erregularragoa. Erritmorako sena, ordea, oraingoz behintzat, giza pribilegio bat da, ez delako loturarik gabeko kolpeen bitarte berdinetako segida soil bat, kolpe batzuek beste batzuekin duten erlazioan oinarritzen baita: konpas bakoitzaren pultsu indartsuek inertzia bat sorrarazten dute, pultsu ahulak arrastatzen dituen inertzia bat, harik eta inertzia hori agortu eta hutsunea sortzen den arte, beste bultzada baten premia sorraraziz. Hain zuzen ere, horrexek jartzen dio bidea dantzari, ia-ia beharrezko egiteraino. Pentsatu vals bat dantzatzen ari direnen bira horretan: bira konpasaren hasierako bulkadarekin hasten da, norbaitek dantzariei —kanpai bati nola— eragingo balie bezala, jira-biraka ibilarazten dituen inertzia sorrarazten duen bulkada indartsu batekin, eta, hirugarren zatian, inertzia hori agortzen denean, dantzariek beraiek makurtzen dituzte gorputzak, ibilbidearen erdigunearen bila dabilen pendulu bat bezala erortzeko, ibilbidearen gorenera igo zuen indarra bukatzen denean berriro erortzen den kanpaia bezala.

Kantu gregorianoak, adibidez, testuarekiko lotura intimoan, arrazoi horrexegatik sortzen du testuko hitzei leun konektatutako erritmo hori, testuarekin batera bizi eta harekin arnasten duen erritmo hori. Ez dago gregorianoa baino musika erritmikoagorik: prosodiaren erritmoari itsasten zaion bigarren azala da.

Konpas bakoitzaren zatiei horrexegatik deitzen diegu pultsu, eta ez, besterik gabe, kolpe edo bit; izan ere, bihotzaren taupada bizitzarekin konektatzen zaigun bezala, edo gogo-aldarte bakoitzaren nahiz existentziaren kadentzian gertatzen den igoera edo jaitsiera bakoitzaren adierazpena den bezala, erritmoak halaxe markatzen du musikaren pultsua, bizitza: erritmoak adierazpenean laguntzen dio musikari; bultzatu egiten du, edo eten. Ez dago ezertxo ere hilagoa, metronomo batek edo erritmo-kaxa batek zurrundutako musika bat baino.

 

Bada, gaurko kontzertuak erritmoa hainbat modutan esperimentatzeko aukera emango digu; Beethovenek bere sinfonia alaiki erritmiko eta dantzagarriena eskainiko digu, oso ondo ezagutzen duguna. Hala, ohar hauek Wagnerrek obra horri emandako definizioari zor diote izenburua: dantzaren apoteosia. Alabaina, litekeena da gutako gehienok Fazil Sayren bi lanak lehen aldiz entzutea, baina energia erritmiko berbera partekatzen dute.

 

Gure orkestraren denboraldian, ez da 1970ean jaiotako piano-jotzaile turkiar bikain horri entzuteko aukera daukagun lehenengo aldia. Duela urte batzuk, bakarlari gisa eduki genuen jada. Gogoratzen dudanez, baldin eta erreferentzia pertsonal hau egiteko baimena ematen badidazue, orduko hartan eman zigun oparia da nik ikusi dudan bertutetsu eta ikusgarrienetako bat. Oraingo honetan, ez datorkigu interprete gisa soilik, bere konpositore-alderdia ere erakutsiko digulako. Oso alderdi interesgarria da hori, musikariaren ekialdeko sustraiak —bere lanean oso nabariak— eta mendebaldeko teknikak nahasten dituelako, Alemanian eta Estatu Batuetan jasotako prestakuntza zorrotza dela-eta.

 

Bere lana dauden grabaketen bidez aztertzen badugu, nahasketa hori oso emankorra dela egiaztatuko dugu. Sayren lanak biziak dira, eta anabasa koloretsu bat erakusten dute, tinbre-jolas etengabe bat, originala eta askotarikoa, baita ekialdeko harmoniaren zaporea ere, eta, jakina, bere lurraldeko eskema hautsi eta aberatsetara eramaten gaituen energia erritmiko boteretsu eta formaniztun bat. Baina kontuz: oraingo honetan, benetako musika turkiarra entzungo dugu. Konpositore askok jatorri horretako musika irudikatuz edo informazio fidagarri edo ez hain fidagarritik abiatuta belarriz birsortu zizkiguten fantasia exotiko edo ez hain exotikoak miatzera ohituta gaude. Ez da harritzekoa musika horrek XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako egileak erakarri izana, inperio otomandarra errealitate politiko benetan garrantzitsua baitzen garai hartan.

Mozartek horren lekukotza handia utzi zuen (eta zentzuzkoa da, Habsburgotarrek gobernaturiko inperio sakratua, Salzburgokoa menpekoa zuena, otomandarren auzokide eta ohiko etsaia izan baitzen): Haremeko bahiketa edo Martxa turkiarra lan ezaguna (Rondo alla Turca, egiazki) dira kasurik ospetsuenak. Halaber, aurreko beste egile batzuengan ere erresonantzia aski ezagunak dauzkagu, hala nola Lullyrenak (Aitoren seme burgesa komediako Turkiarren zeremoniarako martxa), baina baita geroagoko egileengan ere, hala nola Beethovenenak (Atenasko hondakinak lanerako egindako beste Martxa turkiar bat), edo, noski, Rossinirenak (Turkiarra Italian opera). Kasu horietako gehienetan eta hain ospetsuak ez diren beste batzuetan, mendebaldeko musikan hartu diren eredu exotikoen erreprodukzioetan askotan gertatu bezala, karikatura-efektua sortzen da, handiagoa edo txikiagoa. Erreferentzia nagusia Turkiako banda militarrak dira, haien perkusio-sekzioaren bikaintasuna (txindata, tinbal, txintxarri eta abar ugarirekin), banda horien izaera zeremoniatsu eta astuna eta, nola ez, musika haien bira harmoniko eta melodiko estandarrak, zeinak, berariaz turkiarra den ororekin ez ezik, edozein musika-birsorkuntza orientalizatzailerekin ere lotzen baitira.

Karikatura oro errealitatean oinarritzen da, gero puzteko edo ezaugarririk bereizgarrienekin bakarrik geratzeko. Bada, Fazil Sayren lanak entzutean, oinarrizko ideia horietako batzuk ezagunak egingo zaizkigu seguruenik, baina, oraingo honetan, haien testuinguruan dastatu ahalko ditugu, lehen eskutik eta bere tradizio pertsonalaren zati gisa ezagutzen dituenaren benetakotasunarekin; hau da, Turkiako sukaldaritza kebabarekin bakarrik identifikatzera ohituta egon (zeina, bestalde, oso gozoa baita) eta Istanbuleko edo Anatoliako etxe batean bazkaltzeko aukera izango bagenu bezala, Ohran Pamuk-i irakurtzen diogunean bezala, edo Santa Sofia edo Bosforiko zirkuitu turistikoetatik kanpo pasieran ibili ahalko bagina bezala. Hori bai, mendebaldeko eskolaren influentzia handia jaso duen musikari batek gidatuta, bai familiak irakatsitakoengatik eta Ankarako kontserbatorioan emandako lehen urratsengatik, bai Düsseldorf eta Berlinen ikasitakoengatik.

Horretarako, egitaraua irekitzen duen pieza bereziki egokia da, oso giro iradokitzailea deskribatzen duelako, giro horretan oinarrituta: Bazar handiaz ari naiz (turkieraz, Kapaliçarsi).  Entzuten hasi bezain laster, Sayk hedatzen duen botere erritmiko aparta gailenduko da, munduko alde hartako berezko instrumentuak biltzen dituen perkusio-sekzio zabal batean bermatuta (besteak beste, darbuka eta kudüma entzungo ditugu).

Piezaren lehenengo sekzioak bazar handiko kale ilun eta korapilatsuetatik eramango gaitu paseoan; gero, alfonbra baten salmentak eragindako tirabira ikusiko dugu, eta, azkenik, ilunabarreko giroaz gozatuko dugu. Musikaren jarioan, baina, ez dago etenik, ostinato erritmikoen gainean garatzen baita beti, konpositoreak bere sustraietako soinua ikaskuntza akademikoekin uztartzen dakielako erakusgarri. Erritmo-patroi sarkorren gainean garatzen diren bira melodikoei ekialdeko zaporea darie (tarte areagotuak, beren baitan kiribildutako arabeskoak…), baina protagonismoa erritmo-egitura hautsiei dagokie. Obraren hainbat sekzio hemiola-erritmoan dabiltza (6/8ko konpas bat eta 3/4ko beste bat, etengabeko alternantzian, ekialdeko eta mendebaldeko musika herrikoian eredu ia unibertsala hori; adibidez, gure ezpata-dantzan); beste batzuek, berriz, zazpi zatiko konpas hautsi eta beti garratza (3-2-2) esplotatzen dute. Iluntasunean, begiratu ezazue ingurura, bazarrean zeharreko hamar minutuko ibilbide labur horrek jo bitartean, eta, agian, sorbalda-bikote bat baino gehiago ikusiko dituzue musikaren konpasean mugitzen.

Bigarren obrak, aldiz, Fazil Sayk konpositore gisa egindako lanaren bestelako ikuspegi bat emango digu, ez hain dibertigarria eta sakonagoa, piano-jotzaile gisa ere aurkezteaz gainera. Haren sorkuntzen katalogoa berrikusiz gero, askotariko izenburuak oso sarriak direla ikusiko duzue, eta piezak musikaz kanpoko ideietatik abiatuta konposatzen dituela erakusten du horrek. Sayk honela definitzen du bere burua: “funtsean, musika programatikoko konpositore bat, soinuaren bidez istorioak kontatzea gustatzen zaiona”.

Oraingo honetan, gure garaiko erronka handienetako bati egingo dio aurre: ingurumenaren egoera, giza jarduera naturari eragiten ari zaion kaltea eta klima-aldaketaren arriskuak. Mother earth (Ama lurra) pianorako eta orkestrarako kontzertu bat da, zazpi mugimendutan antolatua, eta, egilearen beraren hitzetan, gure munduaren edertasuna nahiz geure eskuekin eragiten diogun kaltea irudikatzen ditu. Arrisku handi horretaz ohartaraziko zuen pieza bat sortu nahi nuen”. Halaxe azaldu zuen Sayk, obra Philarmonia orkestrarekin estreinatu berri den honetan egindako elkarrizketa batean. Musikariaren konpromiso zibiko eta politikoa, non balio demokratikoak eta eskubideen defentsa gailentzen baitira, agerikoa da beste lan askotan, eta, horren ondorioz, Giza Eskubideen eta Askatasunaren Beethoven Saria jaso zuen 2016an —agintariekin arazotxo batzuk edukitzeaz gainera—.

Kontzertua oso adierazkorra da, eta, Bazar handiaren deskribapenaz harago, askotarikoa bada ere, konposizio-teknikak, zentzuzkoa denez, nahiko hurbilak dira. Pianoak bakarrik gauzatzen duen preludio gogorarazle baten ondoren, bigarren zatia hasten da, Lurra. Hori ere erritmo-patroi konstanteetan oinarritzen da, eta pianoaren —oso modu perkusiboan erabilita— eta askotariko orkestra ahaltsu baten arteko elkarrizketa oldarkorrari eusten dioten konpas konposatuak ditu ardatz. Era berean, teklatua esku bakarrarekin jotzen ikusiko duzue piano-jotzailea, bestearekin instrumentuaren hariak zuzenean laztantzen dituela, soinua aldatzeko.

Hirugarren zatiak, Basoak, hegaztien hegaldia eta txioa oroitarazten ditu, orkestra-tinbre aberatsen bidez (txorien apeuak eta beste efektu original batzuk sartuta), pianoak teklatuaren zabalera osoan joan-etorri arinak egin bitartean. Gero, pianorako bakarrik den Interludioa dator, preludioko giro malguagoarekin lotua; dena dela, cadenza bertutetsu baten eginkizuna betetzen du amaieran, gero eta intentsitate handiagoarekin, orkestrak parte hartzea eskatzeko berriro ere.

Hurrengo sekzioak Itsasoa du izena. Biolinen melodia zabal batekin hasten da, ozeanoaren mugagabetasuna oroitarazteko, eta itsas hegazti batzuen oihua ere entzun dezakegu. Naturan gertatzen denaren kontrara, itsasoak Ibaira garamatza, seigarren mugimendura; askoz ere arinagoa da, eta, mugimendu arin horretan, erritmoa da protagonista berriro ere. Postludio eder batek (zazpigarren denbora) ixten du obra.

Obran zehar, Fazil Sayren mintzaira erritmo-egitura konplexuen askotariko errepikapenean oinarritzen dela ikusiko dugu, eta erritmo-egitura horietan diseinu melodiko oroitarazleak garatzen direla, harmonia funtsean diatoniko batekin lagunduta, zeina keinu garaikide leunekin aberasten baita, nahiz eta, oinarrian, patroi posterromantikoen mende egon. Hori guztia, oso askotariko orkestra-kolore efektista batekin eta, jakina, pianoaren adierazpen- eta soinu-ahalmen guztiaren aprobetxamendu jakintsuarekin jantzita, egileak goitik behera menderatzen baitu instrumentu hori. Kasu honetan, musika konpositorearen sustraietatik urruntzen da, eta tonu unibertsalagoa hartzen du, oso modu zehaztugabean munduko musikak esan ohi den horretatik hurbil batzuetan, helarazi nahi duen mezuari dagokion moduan.

Ea naturarekiko maitasun-mezua eta natura suntsitzeak dakartzan arriskuen ohartarazpena geure baitara oso sakon sartzen zaizkigun.

Eta, hain zuzen ere, naturaren maitale handi batek beteko du egitarauaren bigarren zatia. Beethovenek oso argi utzi zuen maitasun hori Pastorala izeneko aurreko sinfonian (1808). Hurrengo urtean, sinfonia-bikote berri baten konposizioan hasi zen pentsatzen, aldi berean ia, eta hortik atera ziren zazpigarren eta zortzigarren sinfoniak. Hainbat urte behar izan zituen forma emateko. Zazpigarrena, gaur hizpide duguna, batez ere 1811n eta 1812an ondu zuen, eta azken urte horretako abuztuan amaitu zuen. Halere, ez zen 1813ko abendura arte estreinatu, gatazka napoleonikoek markatutako garai hura tristatu zuten bataila ugarietako batean zauritutako soldaduen omenez Vienan egindako kontzertu bikain batean. Orkestran, oso musikari garrantzitsuek jo zuten, hala nola Giacomo Meyerbeer-ek, Mauro Giulianik, Louis Spohr-ek, Ignaz Moscheles-ek eta Antonio Salierik, eta Beethovenen beste pieza bat ere jo zuten, estreinakoz, Wellingtonen garaipena (edo Gasteizko gudua), zeinak, zarata nahikotxorekin eta euri gutxirekin (utzi esaten, baina ez dadila hartu Beethovenekiko errespetu faltatzat, Zeusengatik!), Napoleonen armadak Espainian bizitako behin betiko porrota oroitzen baitu.

Sinfonia horrek nolabaiteko askatasunez betetzen ditu sinfonia klasiko baten baldintzak; alde horretatik, ez da egilearen lanik heterogeneoena, baina argi erakusten du hark jantzi klasikotik behar beste botoi askatzeko prest zegoela, ideien irakinaldiari toki egiteko. Oraingo honetan, hala ere, ez diegu asko helduko Beethovenek lan horretan egindako berrikuntza formalei, kasuaren alderdirik garrantzitsuena hor ez datzala uste dudalako: piezaren energia erritmiko aparta da gakoa (gogoratu Wagnerrek aipatutako dantzaren apoteosi hura). Bitxia bada ere, sinfonia horrek, bere modura, konposatzeko modu hori partekatzen du Fazil Sayren aurreko lanekin, non, musikaren oinarri gisa, etengabe errepikatzen diren erritmo-patroiak sortzen baitira. Beharbada, errepikapen hori azkarrago ikusten da Sayren sorkuntzetan (azken finean, musika garaikidearen mintzairak, musika tonalenarenak batez ere, azken hamarkadetako teknika minimalisten eragin handia dauka), baina, Beethovenen sinfoniari ondo begiratzen badiogu, batzuetan modu ia obsesiboan errepikatzen diren eta, gure hautematean, obraren gainerako edozein ezaugarriri gailentzen zaizkion pauta biziki ikusgarriak ikusiko ditugu.

Egin ezazue esperimentu hau: eskatu obra ondo ezagutzen duen norbaiti motibo nagusietako batzuk kantatzeko, eta abesteko moduak, inkontzienteki, eskema erritmikoak jarraitzera bultzatzen duela ikusiko duzue. Lehenengo mugimenduan, 6/8ko konpasean eginiko motibo saltarian: pám-pa-ram, pám-pa-ram, pám-pa-ram, pám-pa-ram… Bigarrengoan, beltza, bi kortxea, bi beltz erritmo-oinarriak (paam, pam-pam, paam, paam) estaltzen ditu mugimenduaren konpas ia guztiak. Hirugarrengoan, scherzo ternario hau dugu: pa-pá-ra, pa-pá-ra, pa-pá-pa-pa, pá-pa-pa, pá-pa-pa, pa. Eta azkenengo denbora ikaragarrian, semikortxeen korronte soltea dago: pam, pára-pára-pára-pam, pára-pára-pára, pam… Agian, gogoeta hori boutade galanta irudituko zaizue, baina egin proba, eta gogoratu itzazue obraren gaiak. Energia distiratsu horrek gainerako guztia gainezkatzen du.

 

Anekdota pertsonal batekin nator berriro ere, barkatzen badidazue. Duela berrogei urte baino gehiago, gure orkestrak haurrentzako kontzertu didaktikoen serie zoragarriak ematen zituen larunbat goizetan (ni umea nintzen garai hartan, eta ez nuen inoiz hutsik egin), musikari handiek azalduta (Max Bragado zuzendaria eta Carmelo Bernaola izugarria gogoratzen ditut bereziki). Lehenengo seriea Beethovenen sinfoniei eskaini zieten. Garai hartako musikari bilbotar txalogarrienetako batek zuzendu zuen zazpigarrena, Urbano Ruiz Laorden maisuak. Eta, urte pila igaro badira ere, laugarren mugimenduan agertu zuen irudia oroimenean iltzatuta daukat oraindik ere: bigarren gaia hasten zen bakoitzean, metalen fanfarre ahaltsu bat, ezkerreko eskua altxatzen zuen, eta erpurua eta hatz txikia luzatuta eta gainerakoak itxita zituela markatzen zuen konpasaren zati bakoitza, punkaren izar batek egingo lukeen keinu batean ia.

Izan ere, sinfonia hori, une batzuetan, benetan kartsua da: musika-gozamen hutsa da, soinuarekiko eta erritmoarekiko maitasuna, eta, seguruenik, bizitzarekiko maitasuna. Berrogeita piku urteko Beethoven hura, gerragatik kezkatuta, gorraizea tratatzeko alferreko beste saiakera batean Tepliceko balnearioan aldi luze batez erretiratuta, betiereko laztan misteriotsuarekiko harremanaren ezintasunak tristatuta, azkenean Goethe ezagutu ondoren desengainatuta…, energiaz eta adierazpen-ahalaz, bizitzeko gogoz eta oztopoak aurretik eramateko irrikaz beteta zegoen. Bestela, nolatan sortuko zuen lan harrigarri hori?

Lehenengo mugimendua a la Haydn hasten da, sarrera motel batekin; nolanahi ere, ez da ez iluna, ez misteriotsua: musikak irribarre egiten du, nahiz eta lasai egin. Mugimenduaren zati azkarrarekiko lotura, halere, oso esanguratsua da. Gai nagusia erritmotik sortzen da, eta gaiaren hazia den zelula erritmikoa behin eta berriro errepikatzen hasten dira flauta eta oboea: kortxea puntuduna, semikortxea, kortxea, gero eta abiadura handiagoa hartuz eta nota aldatu gabe (hau da, melodiarik gabeko erritmo hutsa). Gero, gaia aurkezten da; lehendabizi, arin, saltari eta bizi, baina, segidan, orkestra osoak bolumen betean hartzen du, tronpek eta tronpetek azpimarratuta. Eraldaketa dinamiko horiek menderatzen dute mugimendu osoa, oso ondo antolatuta egonagatik ere indarra ezkutatu ezin duen sonata-forma bat.

Bigarren mugimendua obraren zatirik ospetsuena da, eta, estreinatu zuten egunean, oso-osorik errepikatu behar izan zuten, ikus-entzuleek hala eskatuta. Bitxia bada ere, egiazki ez da denbora motel bat, egokituko litzaiokeen bezala; besterik gabe, alboan dauzkan biak baino motelagoa da, baina allegreto markatuta dago, hau da, rapidito. Paradoxikoa da, baita ere, hileta-martxa bat izatea; halere, tonua, oro har, ez da dramatikoa, eta hileta-izaera hori abstraktua da erabat, eusten dion erritmo motarekin lotuago dagoena, benetako tonu goibel batekin baino (hirugarren sinfoniako bigarren mugimenduko martxa baliokidean aurkituko bagenu bezala). Txandaka dabiltzan baina lehen azaldutako ostinato erritmikoaren presentzia etengabeagatik bateratzen diren bi gairen gaineko zenbait bariaziotan egituratuta dago. Denborak aurrera egin ahala, instrumentuak gaineratzen doaz, haritik hasi eta amaiera ematen duen orkestra-tutti bizi bateraino aurrera eginez.

Scherzoa bi triorekin zabaltzen da (antzinako sinfonia klasikoetan eta, Beethovenetik aurrera, azkarragoa eta ez hain gortekoa zen scherzoan, trioa zen minuetoetan sartutako atal nagusi kontrastatzailea), pare bat atsedenaldi egiteko.

Azken mugimenduak dakar obraren behin betiko eztanda, ia-ia atsedenik ematen ez duen nota-jauzi geraezina. Bakotartzat jo izan da, eta benetan uste dut poz dionisiakoarekin egindako alderaketa hori zuzena dela. Beethovenek orkestraren ahalaz gozatzen du, hala lehenengo gaiaren inguruan behin eta berriro birarazten dituen harien eta zuren arintasunaz, nola bigarren gaian nabarmentzen diren metalen distiraz (obra honetan, tronpak eta tronpetak bakarrik). Aurkezpena eta garapena bat datoz, indar-xahutze horrek zehatza izan behar baitu, benetan bideragarria izateko. Baina koda zain daukagu oraindik, zeina aurkezpena baino luzeagoa baita: kabalkada geldiezin hau modu minorrean hasten da, amaiera pozgarrira iritsi arte etenik gabe amiltzeko.

Beraz, gaur energia telurikoz (ama-lurrarena) eta energia musikalez gainezka aterako gara kontzertutik, hurrengo kontzertura arte iraungo digun erritmoz lepo. Etxera dantzatzeko gogoz iristen bazarete, ez galdu aukera.

Iñaki Moreno Navarro

Fazil Say

Pianoa


Fazil Sayk, bere piano-maisutasun bikainaren ondorioz, 25 urte baino gehiago daramatza mundu osoko ikus-entzuleak eta kritikariak liluratzen, estilo propio eta bakar horrekin; bereziki, gaur egungo musika klasikoaren eremuan, zeina gero eta egituratuagoa eta komertzialagoa baita. Fazil Sayren kontzertu bat inoiz ez da emankizun hutsa. Berehalakoagoa da, irekiagoa eta gogo-berotzaileagoa. Labur: bihotzera doa zuzenean.

Ibilbidea hasi zuenetik, Estatu Batuetako eta Europako sona handiko orkestra askorekin eta zuzendari nabarmen ugarirekin jo du, eta askotariko errepertorioa sortu du, Bachetik Vienako musika klasiko erromantiko garaikideraino, pianorako konposizio propioak ere txertatuta. Artista gonbidatu gisa egin dituen emanaldiek bost kontinenteetako herrialde zenbatezinetara eraman dute Fazil Say, eta ganbera-musikari gisa ere agertu izan da askotan. Ibilbide luzeko bikotea osatzen du Patricia Kopatchinskaja biolin-jotzailearekin, eta, beste kolaboratzaile nabarmen batzuen artean, Maxim Vengerov, Minetti Quartett, Nicolas Altstaedt eta Marianne Crebassa daude.

Konpositore gisa, Fazil Sayk goi-mailako erakundeen enkarguak jaso ditu, hala nola hauenak: Bostongo Orkestra Sinfonikoa, Orpheus Ganbera Orkestra, BBC, Salzburgoko Jaialdia, WDR, Municheko Filarmonikoa, Schleswig-Holsteingo Musika Jaialdia, Wiener Konzerthaus edo Dresdeko Filarmonikoa eta Louis Vuittonen Fundazioa. Bere lanen artean, sei sinfonia, bi oratorio, bakarlarientzako zenbait kontzertu eta pianorako eta ganbera-taldeetarako lan ugari daude.

2025/2026 denboraldian, Fazil Say artista egoiliarra izango da Schleswig-Holsteingo Musika Jaialdian eta Gstaadeko Menuhin Jaialdian. Egonaldi horietan, aspalditik berarekin lankidetzan dabiltzan orkestrekin joko du (Camerata Salzburg, hr-Sinfonieorchester eta NDR Radiophilharmonie orkestrekin, besteak beste), eta duela gutxi enkargatutako lanen estreinaldietara joango da, bi jaialdietan aurkeztuko baitira. Deutsches Symphonie-Orchester Berlin orkestrarekin bira luzea egingo du Txinan, eta Tonhalle-Orchester Zürich, MonteCarlo Philharmonic eta Münchener Kammerorchester orkestretara itzuliko da gero, Mozarten ziklo txalotu batekin. Sayk, era berean, pianorako bere azken kontzertua joko du, «Mother Earth», oihartzun handiko zenbait estreinaldi nazionaletan, Philharmonia Orchestra, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Helsinki Philharmonic, RAI Torino eta Orchestre National de Belgique orkestrekin, besteren artean.

Errezitalean, Fazil Sayk areto garrantzitsuetan joko du denboraldi honetan, hala nola Berlingo Filarmonikoan, Hanburgoko Elbphilharmonie-n, Londresko Southbank Centre-n, Frankfurteko Alte Oper-en, Koloniako Filarmonikoan, Festspielhaus Baden-Baden-en eta Amsterdamgo Muziekgebouw aretoan. Halaber, Europako zenbait hiritan joko du, hala nola Parisen, Tolosan, Erroman, Milanen, Cremonan, Bolonian, Utrecht-en eta Martignyn. Bestetik, Klavier-Festival Ruhr jaialdira itzuliko da, eta bikoteko errezitalak eskainiko ditu Fatma Said sopranoarekin, Konzerthaus Berlin eta Konzerthaus Dortmund-en.

Konpositore gisa, Fazil Sayk mandolinarako bere kontzertuaren estreinaldia ikusiko du, Avi Avital-ek enkargatua, Schleswig-Holsteingo Musika Jaialdian, 2025/2026 denboraldian. Beste estreinaldi batzuen artean, Goldmund laukoteak enkargatutako hari-kuarteko bat eta Tesalonikako Estatu Orkestrak enkargatutako antzinako lirarako kontzertu bat daude; azken hori Vienako Musikverein jaialdian estreinatuko da.

Fazil Sayk 50 grabaketatik gorako diskografia zabala pilatu du, eta, besteak beste, Teldec Classics, Naïve eta Warner Classics zigilu diskografikoekin aritu da lanean. Egindako lanak sari ugari ekarri dizkio; horien artean, lau ECHO Klassik sari eta Gramophone Classical Music Award sari bat. Grabaketa nabarmenen artean, Beethovenen pianorako sonata oso txalotuak eta Bachen Goldberg bariazioak daude, zeinak Warner Classics zigiluak argitaratu baitzituen 2020ko urtarrilean. 2025/2026 denboraldian, Fazil Sayren «Mozart eta Mevlana» lan berriak ekialdearen eta mendebaldearen arteko elkarrizketa ahaltsu bat ekarri digu; Mozarten requiemarekin batera estreinatu zen, eta Rumiren poesian inspiratuta dago. Era berean, bere lanak bere zigiluarekin (ACM) argitaratzen jarraitzen du. Sayren azkenengo albumak (Oiseaux Tristes, zeina Warner Classics zigiluak atera baitzuen argitara 2024ko irailean) OPUS KLASSIK 2025 saria jaso zuen, insturmentu bakarlariaren kategorian.


Nil Venditti

Zuzendaria


Scherzo aldizkariak duela gutxi goretsi du Nil Venditti orkestra-zuzendari italiar-turkiarra, «magnetismoa eta karisma baina, aldi berean, ondo ulertu eta errespetatzen den autoritate izugarria» edukitzeagatik, eta mundu osoko orkestra eta talde garrantzitsuekin aritzen da elkarlanean; horien artean, Royal Northern Sinfonia dago, eta, bertan, zuzendari nagusi gonbidatua da 2024-2025 denboralditik.

2025/2026 denboraldia orain arteko zirraragarriena izango dela ematen du, mundu osoan baitauzka konpromisoak. Adibidez, Erresuma Batuan hainbat kontzertu joko ditu, BBC National Orchestra of Wales eta Royal Philharmonic Orchestra orkestrekin lankidetza estuan, eta Philharmonia Orchestra eta City of Birmingham Symphony Orchestra orkestrekin debutatuko du. Halaber, Londresko Barbican aretoan debutatuko du, BBC Symphony Orchestra orkestrarekin. Vendittik, bestetik, Deutsche Symphonie-Orchester Berlin, Beethoven Orchester Bonn, Musikalische Akademie Mannheim, Orchestre Symphonique de Québec eta Orquesta Filarmónica de Tampere orkestrekin joko du, besteak beste.

Emanaldi nabarmenen artean, Finnish Radio Symphony Orchestra, BBC Philharmonic Orchestra eta Orchestra Ensemble Kanazawa orkestrekin egindako debutak daude, baita BBC Proms, Schleswig-Holstein Musika Jaialdia, Royal Philharmonic Orchestra eta Deutsche Kammerphilharmonie Bremen orkestrekin egindako lankidetza berriak ere, batzuk aipatzearren.

Venditti champions a wide range of repertoire, with a particularly strong affinity for Turkish and Italian composers. She continues to excel in the operatic genre, having conducted operas from Mozart’s Così fan tutte to Peter Maxwell-Davies’ The Lighthouse. In summer 2026, she conducts Macbeth for Longborough Festival Opera.

Vendittik errepertorio zabala dauka, eta kidetasun berezia sentitzen du Turkiako eta Italiako konpositoreekiko. Operan nabarmentzen jarraitzen du, eta zenbait opera zuzendu ditu, hala nola Mozarten Così fan tutte eta Peter Maxwell-Davies-en The Lighthouse. 2026ko udan, Macbeth zuzenduko du Longborough Festival Opera jaialdirako.

Vendittik orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Zürcher Hochschule der Künste eskolan, Johannes Schlaefli irakaslearen tutoretzapean, eta Pärnu Music Festival jaialdira lotutako Orkestra Zuzendaritzako Akademiara joan zen Paavo Järvi, Neeme Järvi eta Leonid Grin-ekin batera. Italian, biolontxeloan graduatu zen Francesco Pepicellirekin.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
01 - 02
Urr
2026
>Basoko murmurioak

Basoko murmurioak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Richard Wagner Siegfried, Waldweben Richard Strauss Vier letzte Lieder Sergei Prokofiev 7. sinfonia do sostenitu minorrean Op. 131 Sinfonía n.º 7 en do sostenido menor Op. 131
Vanessa Goikoetxea, sopranoa Eduardo Strausser, zuzendaria
Basoa denboraldia hasiko dugu Sigfridoren pausoei jarraitzen dien baso bizi bateko soinuekin, eta atzean geratzen ari den garai bateko lurrin nostalgikoarekin, Straussek bere Azken lau liederretan islatu zuena; amets hutsa Vanessa Goikoetxearen ahotsean. Agur esateko beste obra bat, 7. sinfonia; Prokofievek agur esaten digu soiltasunez eta irribarre zintzo batekin.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
08 - 09
Urr
2026
>Natura abesten

Natura abesten

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Antonin Dvorak Elezaharrak, hautaketa Op. 59 Leyendas, selección Op. 59 Johann Nepomuk Hummel Sarrera, tema eta bariazioak oboerentzat Op. 102 Introducción, tema y variaciones para oboe Op. 102 Ludwig Van Beethoven 6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 «Pastorala» Sinfonía n.º 6 en Fa Mayor Op. 68 «Pastoral»
Françoise Leleux, oboea eta zuzendaria
Pastorala da Beethovenek bere naturarekiko sentitzen zuen maitasun neurrigabea hobekien irudikatzen duen obra. Sinfonia hori musikagileak Viena inguruko basoetan zehar igaro zituen ordu luzeetan inspiratuta dago, Dvorakek Elezaharrak obran jatorriko Bohemiaren aroma islatu zuen bezala. Hori guztia François Leleuxek orkestrarekin egiten duen debutean, solista eta zuzendari moduan.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
15 - 16
Urr
2026
>Berriro elkartzea

Berriro elkartzea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Jesús Guridi El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa / preludio del acto II Joaquín Rodrigo Concierto in modo galante Wolfgang Amadeus Mozart 40. sinfonia sol minorrean K. 550 Sinfonía n.º 40 en sol menor K. 550
Asier Polo, biolontxeloa Juanjo Mena, zuzendaria
Badaude orkestra baten nortasuna adierazten duten zuzendariak, eta zenbaitek garai oso bat markatzen dute. Juanjo Mena, taldeko titularra izan zena 1999tik 2008ra, multzo horretan dago. Maisuaren eta BOSen bideak berriro elkartu dira, eta elkarrekin bizi izandako guztia aitortu eta eskertzen dute. Berriro elkartuko dira eta horren testigu izango da etxe honetan oso maitatua den artista bat, Asier Polo biolontxelo-jotzailea.
Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
19
Urr
2026
>French jolies

French jolies

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Ludwig Thuille Seikotea piano eta haize boskoterako Si bemol Maiorrean Op. 6 Albert Roussel Divertissement Op. 6 Francis Poulenc Seikotea piano eta haize boskoterako
Gehiago ikusi