Kontzertuak

Maisuetan maisuena


Euskalduna Jauregia Bilbao.   19:30 h.

Joaquín Achúcarrok, nazioarteko karrera bikaina izateaz gain, jarduera pedagogiko bizia garatu du, batez ere, Dallaseko bere katedran, handik piano-jotzaile bikainak irten direla. Maisuaren alderdi horren omenezko programa gertatu dugu Achúcarroren ikasle eta kontzertista bikaina den Alessio Baxen eskutik, errepertorioan ezinbestekoa den Brahmsen lehen kontzertua interpretatuta. Erik Nielsenen espezialitateetako batek, Stravinskyren musikak, eta gure Arriagaren gomutak, hil eta berrehun urtemugan, osatuko dute egitaraua.

J. C. Arriaga
Obertura Op. 20
J. Brahms
Concierto nº 1 para piano y orquesta en re menor Op. 15
I. Stravinsky
El pájaro de fuego, Suite

Alessio Bax, pianoa
Erik Nielsen, zuzendaria

DATAK

  • 29 urtarrila 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 30 urtarrila 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Altxor zoragarria

Zenbait artistek oso txikitatik erakusten digute haien talentua —musikaren historiak horren adibide ugari eman dizkigu—. Beste batzuek, aldiz, ontze-prozesu luzea bizitzen dute eta, sormen-heldutasunera heltzen direnerako, ez dira hain gazteak, oraindik gazte izan arren. Baten batzuek bizitza osoan zehar garatzen jarraitzen dute, eta haien hasierako lanek ez daukate ondorengokoekin zerikusirik. Gaur gauean gozatuko ditugun hiru lanek aukera horien erakusgarri dira; hiru lanak gaztetan egin zituzten konpositoreek.

Eskerrak Juan Crisóstomo Arriaga haur prodijioa izan zela; izan ere, Parisen tuberkulosiak jota (eta ziur asko lan gehiegi egiteagatik sortutako ahuleziak ere) 20 urte bete baino lehen zendu zenerako, behintzat zenbait lan bikain konposatzeko astia eman zion (30 baino gutxiago gordetzen dira). Sorkuntza-lan guztiak gaztea zenean egin zituen, eta gaur entzungo duguna 15 urterekin konposatu zuen. Egin dezagun kontzientzia-azterketa eta pentsa dezagun gutako bakoitzak adin horrekin zein ekarpen egin zion historiari.

Brahms-ek, bestetik, jada 25 urte zituen lehenengo piano-kontzertua konposatu zuenean. Oraindik gaztea zen, noski, baina ordurako bere sormen-prozesua lehiatsua, arazotsua eta makurra zen, ordutik aurrera beti izan zen bezalaxe. Gaztea zenean jada musikari kontzientea, autokritikoa eta perfekzionista zen, eta ezaugarri horiek beranduagoko ibilbidearen adierazgarri dira. Eskerrak, hori dela-eta gozatu baitezakegu lehenengo pianokontzertu monumental horretaz, gazte-izaerakoa bezain berebizikoa.

Halaber, eskerrak azkenean Igor Stravinskik buru egin ziola abokatua izateko bere aitaren nahiari eta Nikolai Rimski-Korsakov-eren semearen lagun egin zela, horri esker maisuak eskola pribatuak eman zizkion eta. Azkenik, eskerrak batik bat Serguei Diagilev enpresaburu handia bertaratu egin zela konpositore gaztearen Su artifizialak lana jo zuten kontzertura. Pieza hori Nadiaren, Rimskiren alabaren, ezkontzarako konposatu zuen, Suzko txoria balleterako musika sortzeko Diagileven lehenengo aukerak huts egiten ari ziren unean bertan. Stravinskik 28 urte zeuzkan bere mezenas handiak proposatutako erronka nagusiari aurre egin zionean, eta bere musikak izugarrizko bilakaera izan zuen hurrengo urteetan, denbora laburrean gainera, Brahmsen musikak ez bezala. Stravinski musikari moldakorra izan zen bere ibilbide guztian zehar.

Hortaz, gaztaroko hiru lan dira, mota oso desberdinekoak. Horrez gain, noski, estiloak erabat desberdinak dira, eta adierazi egiten dute musikaren historiak izandako eraldaketa ehun urte eskasetan, Arriagak 1821ean obertura sortu zuenetik Stravinskik 1910ean balleta konposatu arte, alegia. Gutxi gorabehera horien erdian kokatzen da Brahmsen kontzertua, 1858. urtean. Abiapuntua Arriagaren lan klasizista eta freskoa izango da, oraindik Vienako haize-bolada berriak ezagutzen ez zituen garaikoa; gero erromantizismo brahmandarra bete-betean helduko da, zuzenean Schumann bere mentorearen eskutik oinordetzan hartuta; eta, azkenik Stravinski dentso, konplexu eta oso koloretsuaren txanda izango da, Rimskik irakatsitako erromantizismo berantiarretik bere geroagoko ahots polifazetikora iragateko bidean. Kontzertuan aniztasunak ez du hutsik egingo; izan ere, programaren antolaketak erraztu egiten digu hiru geraleku horietatik ordena kronologikoan igarotzea.

1821ean, Juanito Arriagak 15 urte baino ez zituen eta Bilbotik betiko joateko zorian zegoen, hiribilduak jada eskaini ezin ziona Parisen bilatzeko helburuarekin: bere talentuaren mailara zegoen musika-hezkuntza. Bere aita Berriatuko elizako organista izan zen eta Bilbon nolabaiteko arrakastako merkatari bihurtu zen. Hortaz, gaztearen balioa ikusteko musika-sentsibilitatea zeukan, baita aukera hori eskaintzeko baliabide ekonomikoak ere, Done Jakue katedraleko kaperako kide zen Faustino Sanz biolinistaren irakaskuntza ordurako ez baitzen nahikoa musikagilearentzat. Aitak jakin izan balu bere zortzigarren semea ez zuela inoiz berriz ikusiko eta lau urte eskas geroago hil egingo zela…

Bidaia hori baino lehentxoago konposatu zuen Obertura Op. 20, gutxi gorabehera 10 minutuko iraupena duen lana. Arriagaren lan-kopuru txikia daukagu gaur egun, eta are txikiagoa da maiz programatzen direnen kopurua. Beraz, baliteke zuek pieza hori inoiz entzun ez izana, aitortu beharra daukat nik ere ez neukala entzunda, grabazioak egon arren. Hori beste arrazoi bat da arreta handia jartzeko eta gozatzeko bere egikera trebearen balioaz eta sorkuntzaren freskotasunaz. Eskerrak eman diezazkiogun orkestrari zuzenean entzuteko aukera eskaintzeagatik.

Konpositorearen eskarmentu musikala Bilboko aretoetara mugatzen zen, zeina, garai hartan, zalantzarik gabe aldiriko hiri herrikoia zen (ez gaitezen chauvinistak izan). Baina, jakingo ez bagenu, hautemango al genuke aipatutako esperientzia zeukan 15 urteko mutiko batek konposatu zuela lana? Ziur asko, ez. Hori jakinda, erraza da aditzera ematen duten zenbait bereizgarri aurkitzea: agian oskestrazioaren zehaztasun batzuetan handitasun pixka bat falta da, garapenean jarraitasun-gabezia pitin bat dago, edo baliteke kadentzietan formula estereotipaturen bat egotea. Hori guztia konpondu zezaketen Parisen zain zituen maila handiko prestakuntza arduratsuko urteek edo bere estilo propioaren garapen azkarrak, hain gaztea den musikari batek gutxienez hori lortzea espero baita.

Gainerakoan, garai hartako eta genero horretako lanetan ohikoa den bezala, oberturaren eraikuntza orekatuta dago: sarrera geldoa da (Mozarten Txirula Magikoa bezala, hotsandiko akorde-talde batekin hasten da), eta zati nagusia azkarra da, garapen nabarmeneko sonata gisa idatzita, zeinak argi uzten duen konponbide errazak ez zirela nahikoa musikariarentzat, oraindik hasiberria izan arren. Bi motibo nagusiek behar bezalako aldea daukate, jada aurkezpenean zabaltasunez azaltzen dira eta, maisu gaztearen asmamen freskoari esker, eragin handia daukate. Hortaz, Arriagak eskura eduki ahal izan zituen eredu sinpleenak antzeratu ez ezik, saiakera egiten zuen ekarpenak egiteko eta ondo ikasitako eredu klasikoak bere adierazpen-beharretara moldatzeko.

Horren ondorioz, obertura horren eskema nahiko konbentzionala izan arren (zerbaitegatik da hori edozein garai klasizistaren bereizgarria), artistaren irudimenarekin aberasten da, eta musikagileak baliatu egiten ditu ereduaren malgutasuna eta ideia interesgarriei adierazpidea eskaintzeko ahalmena (eta hori da, hain zuzen ere, konpositore klasiko onen ezaugarria). Are gehiago, xehetasun batzuen bidez musikak autorea hasiberria dela erakusten duen lekuetan, aldi berean bere inspirazioaren emankortasuna azaltzen dela esan genezake, oraindik Parisko trebakuntzaren eraginik gabe.

Finean, Arriagaren sorkuntza ezezagunenaren adierazgarri oso interesgarria da pieza eta, horri esker, gehiago jakin dezakegu egilearen inguruan. Halaber, ezinbesteko musikaria da guretzat, eta merezimendu handia da hori, tamalez hain urria den lana oinarri izanda.

Horren ostean, aitzitik, errepertorioaren giltzarria den pieza entzungo dugu: zalantzarik gabe, bere egilearen handitasuna erakusten duen kontzertua. Bere bizitza pertsonalaren eta artistikoaren funtsezko une batean konposatu zuen. Johannes Brahms gazteak pianista gisa abiatu zuen bere istorioa. Teklatuan zuen berezkoari esker, nabarmentzen hasi zen eta kontzertu-bira batean Hungariako biolinista batekin batera aritu zen. Ez, oraindik ez zen Joseph Joachim, baizik eta Eduard Reményi, zeina ijitoen musikaren misterioetan barrena sartu zuen. Gerora, Brahmsek propio hartu zuen musika hori. Orduan bai, bira horri esker, 20 urteko Brahms gazteak bizitza osorako bere lagun mina ezagutu zuen, Joachim handia, alegia, ordurako jada interprete entzutetsua zena. Biolinistaren handitasunak Brahms txunditu zuen; eta, aldi berean, gazte ezezagunak interpretatu zizkion piezen kalitateak liluratu egin zuten Joachim. Horregatik, gomendio-gutun bat eman zion Düsseldorfetik igarotzean Schumann senar-emazteek harrera egin ziezaioten. Une horrek betiko aldatu zuen Brahmsen bizitza.

Robert Schumannek berehala antzeman zuen jenioa eta lau haizeetara aldarrikatu zuen garai hartako Alemaniako musika-aldizkaririk garrantzitsuenean, Schumannek berak sortutako Neue Zeitschrift für Musik argitalpenean, alegia. Horrek artista gazteari antsietatea eragin zion, ordura arte ia ezezaguna izan eta gero, estututa baitzegoen berekiko sortu berri ziren espektatibak zirela-eta. Clara Schumann bere bizitzako ezinezko maitasun bihurtu zen. Ohiko izkribuzko ika-mikek gainezka egitea eragin du harreman horrek eta indartu besterik ez zen egin hurrengo urteetako zorigaiztoko gertaerekin: Robertek bere buruaz beste egiteko ahalegina, gaixoetxe batean sartzea eta 1856an hiltzea. Ataka horietan guztietan bata bestearen lagun izan ziren, elkar kontsolatu ziren eta, ziur asko, maitemindu egin ziren. Dena den, dirudienez maitasun horrek inoiz ez zuen eztanda egin, inoiz ez zuten bete, agian senarraren eta lagunaren pisua handiegia zutelako biek.

Urte erabakigarri horietan Brahmsek lehenengo kontzertua eratu zuen. Bere lan ugari bezala, ez zen sorkuntza erraza ezta azkarra izan. Robert Schumannek Rhin ibaiko ur izoztuetara salto egin eta mirariz bizirik jarraitu zuen unearekin bat egin zuen lanaren hastapenak; eta, batzuen aburuz, lehenengo mugimenduaren dramatismo indartsuan gorde egiten da Brahmsek gertakari horren inguruan zituen sentimenduen arrastoren bat. Dena den, une hartan, konposatuko zuen kontzertua oraindik ere bi pianorentzako sonata-proiektua zen (beharbada Clararekin partekatzeko pentsatua). Laster, xede horretatik aldentzen hasi zen eta, Grimm bere lagunaren laguntzarekin, sinfonia bihurtzeko orkestratu nahi izan zuen Brahmsek. Joachimek lehenengo emaitzak laudatu zituen arren, lanak ezin izan zuen gainditu konpositoreak bere buruarekiko zeukan iragazki hain zorrotza, eta beste hogei urte behar izan zituen benetan bere lehenengo sinfonia konposatzeko. Hortaz, lehenengo mugimenduari atxikitako bi mugimenduak guztiz baztertu zituen, lehenengoa sakonki berregin zuen eta piano-kontzertu bihurtu zuen bilduma, beste bi mugimendu erabat berrirekin. «Gaur egun ezagutzen duguna», pentsatuko duzue, baina ez da hori zehazki; 1859ko estreinaldiaren ostean are gehiago eraldatu baitzuen. Izan ere, lehenengo interpretazioetan publikoaren harrera ezegonkorra izan zenez, Brahmsek beste zuzenketa batzuk egin eta urte batzuk beranduago argitaratu zuen.

Ongi etorriak izan daitezela joan-etorri horiek guztiak. Baliteke sortzaile berri baten ezinegonari egotzi ezin izatea, baina joan-etorri horiek atxikita daude artista izugarrienetako bat den jenio sortzaileari; musikaren historiaz gaindi, artearen historian nabarmena. Izan ere, azkenean lorpen miresgarria izan zen emaitza: Brahmsen itxurazko kontserbadurismoa dagokion lekuan uzten du, konpositore sutsua eta erabat adierazkorra azaltzen baitigu, formak aske bezain ganoratsu maneiatzeko prest. Beharbada lortu egin zuen zera erakustea: mantendu beharrekoa mantentzeak ez duela esan nahi formen aurrerapenari edo garapenari uko egin behar zaionik artistaren adierazpen-beharren mesedetan. Benetan handiak diren artistek bi xede horiek uztartu ditzakete.

Lehenengo mugimenduak, Brahams gaztearen benetako lehenengo lan sinfoniko handiak, indar handiz hunkitzen gaitu, beranduagoko unerik onenak bezalaxe: batzuetan ia orro bihurtu arte hazten den tinbalaren arrada entzutetsua da motiboaren oinarria, tragikoa, etena, eta trillo dramatikoz eta azentu bortitzez betea. Esaten dutenez, motibo horretan durundi egin dezake Schumannek bere buruaz beste egiteko saiakerak eragindako larritasunak. Baina, lehenengo mugimendu hori oso zabala da; lanaren erdia hartzen du, ia 25 minutu, eta kontrastez beteta dago. Motiboaren material hain aberatsak horretarako aukerak eskaintzen ditu. Bigarren motibotaldearen lirismoak hasiera izugarriari erantzuna ematen dio eta, mugimendu osoan zehar, biak aldizkatu egiten dira. Orkestraren lanak funtsezko garrantzia dauka eta pianistaren lanarekin orekatzen da, hainbat sekziotan ia ganbera-musika balitz bezala. Hori konpositorearen heldutasun harrigarriaren fruitu da, lan konplexu eta aberatsa eratzea hobetsi zuen-eta, besterik gabe birtuosismoz bere trebezia azaltzeko bide bat eratu beharrean. Aparteko adierazpen-gailurrak eta elkarrizketa luzeak txandakatzen dira, pianoaren eta hainbat sekzio zein orkestrako bakarlariren artean; eta, horien artean, tinbalak nabarmentzen dira unerik estuenetan, lasaiagoetan, aldiz, zurezko instrumentuak eta tronpak (beti Brahmsen begikoak). Paregabeko monumentua da.

Jarraian, hori bezain zabala den adagioa dator, baretasun argia da, melodia magikoz blai egindako bake hutsa. Lorategi baten itzaletan udako arratsalde baten argia balitz bezala hedatzen da, premiarik gabe, gauzarik ederrenen gozamenarekin. Hori bai, pasarte batzuek bizitasuna hazarazten dute, adierazpenak gainezka egin eta berehala baretasuna itzultzen da. 6/4 konpasaren arintasunak (bitxiki, lehenengo mugimenduko bera) garapenaren leuntasuna errazten du. Gomendio bat egin nahi dizuet: YouTubeko saski-naski amaigabean, Krystian Zimermanek egindako bertsio historikoa aurkituko duzue, Vienako Filarmonikoarekin eta Leonard Bernsteinekin Vienako Musikvereinen interpretatu zuena. Bertsioko pasarte guztiak bikainak dira, ezin zuen bestela izan, baina bigarren aldiko une batzuk bereziki hipnotikoak dira. Har dezagun hausnartzeko tartea: lehen, hasierako mugimenduan Roberten itzal dramatikoa ikusten genuen bezalaxe, hemen Clararen oroipen poetikoa topatuko dugu, samurtasun apartarekin; erromantizismoa bete-betean.

Bigarren mugimendua zuzenean hirugarrenarekin lotuta dago; Beethovenen hirugarren kontzertuaren eredua jarraitzen duen rondoa da (maisuaren erreferentziak pisua izan zuen beti Brahamsen gogoan). Hortaz, ihes egiten du antza forma horrekin lotuta dagoen soiltasunetik, jatorriz birtuosismoa erakusteko asmatu baitzen. Motibo nagusi kementsurako (agian oso urrunean Reményirekin ikasitako aire hungariarrek ukitua) ez da nahikoa behin eta berriz bere horretan errepikatzea. Aitzitik, maisu gaztearentzat motiboa parada bat da Alemaniako musika onenaren adierazgarri bikain gisa hobeki definitzen duten ahalmenetako bi erabiltzeko: materialak garatzeko irudimen emankorra eta jakinduria kontrapuntistikoa. Hala, ideiak polifazetiko bihurtzen dira eta aldizkatzen den pasarte bakoitzak aukera berriak eskaintzen ditu, finale baten pultsu sutsua inoiz galdu gabe eta orkestraren soinuaukera guztiak baliatuta. Ez du trebezia piroteknikoa erakustearen distira erraza erabiltzen; aitzitik, eraikuntza-konplexutasun aparta batean oinarritzea lortzen du, zeinak ez digun galaraziko lan izugarri batez ahal beste gozatzea.

Tira… Dagoeneko esan al dizuet Brahms biziki gustatzen zaidala? Agian ez duzue sumatu.

Orain azken lanaren txanda da; zalantzarik gabe, programa bikain ixten du. Lehen laburki azaldu dugu sorkuntzaren testuingurua. 1910ean, Rimski-Korsakov maisuaren ikasle gailena zen Stravinski, baina inork ez zuen ezagutzen San Petersburgoko giro estu eta mugatuaz harago. Gaurko gure hiru sortzaileen artean nagusiena izan arren, ordurako pare bat lan nabarmen baino ez zituen ezagutzera eman. Dena den, hori nahikoa izan zen Diagilevek begiz jo zezan. Garai hartan Paris arteen hiriburua zen, eta enpresaburuak bertara eraman nahi zituen Errusiako balletak. Tradizioa sekulakoa izan arren, pixka bat ahituta zegoen, eta Diagilevek pil-pilean zegoen Parisko abangoardiarekin kontaktuan jarri nahi zuen, (irabazi handiko) bizitza berria emateko. Bere lurraldeko ipuin herrikoietan (Alexander Afanásiev-en bilduma ederrean irakur daitezke) oinarritutako istorio polita zeukan jada prestatuta, eta Michel Fokine dantzari oso nabarmenak koreografia egingo zuen. Diagilevek jada entzutetsuak ziren konpositoreen inguruko ideia batzuk zeuzkan musika eskatzeko, baina Liadov eta Cherepnín ez zeuden hori egiteko oso prest (ideia txarra: egundoko aukera galdu zuten; izan ere, atzera begira, esango didazue gaur egun Stravinskik lortutako ospearen erdia ote daukan horietako baten batek). Orduan, ustekabean Ziloti-k zuzendutako kontzertu batekin topo egin zuen Diagilevek, eta Su artifizialak lana jo zuten, musikari gazteak publikoki aurkezten zuen ia lehenengo lan garrantzitsua. Hori nahikoa izan zen negozioa proposatu ziezaion, eta proposamena nahikoa izan zen konpositoreak opera baten proiektua bertan behera uzteko eta abenturan murgiltzeko. Audentes fortuna iuvat. Hiru urtetan hiru ballet bata bestearen ostean estreinatu zituen, eta musikaren historia goitik behera aldatu zuten: Suzko txoria lan bikaina, Petrouchka pieza ia kubista eta Udaberriaren sagaratzea basatia, musikaren historian parekorik gabeko asaldua izan zena.

Ez zait bururatzen hain azkar garatu den ohiz kanpoko beste kasurik. Hala jarraitu zuen Stravinskiren ibilbideak; hamarkadetan zehar estilo batetik bestera jauzi egin zuen eraginkortasuna mantenduz, horregatik da XX. mendeko musikaririk moldakorrena. Baina orain hasieran gaude eta heroi, azti, dontzeila sorgindu eta izaki miresgarrien ipuin hau jorratu behar dugu.

Suzko txoria piezak Ivan printzearen istorioa kontatzen du. Suzko txori oso ederra harrapatu du, baina bere erreguak entzun eta askatu egin du. Horren truke eta esker gisa, behar duenean hegaztiari laguntza eskatzeko luma gorri bat lortu du. Eta, hara, behar izango du. Izan ere, ehizaren pasioari jarraiki, Koschei (edo Kaschei, alfabeto zirilikoaren transkribapenaren arabera) azti maltzurraren lorategian sartu da-eta, alajaina, hamahiru dontzeila edo printzesa (berdin du) sorgindu daude, urrezko sagarren zuhaitz baten inguruan erronda-dantza tradizional bat dantzatzen. Noski, printzea horietako batekin maitemindu da. Karilloi magiko batek aztiaren morroiak esnatu ditu, agertu eta printzearen atzetik joan dira. Zorionez, lumak txori miresgarriaren laguntza lortzeko balio dio. Hegaztiak, lehenengo, jazarle ilunei infernuko dantza izugarria eginarazi die eta horrela nekatu ditu; gero, sehaska-kanta gozo batekin loa eragin die. Erregistro-mota ederra erakutsi du. Azkenean, printzeari jakinarazi dio, aztia behin betiko suntsitzeko, nahikoa dela bere arima daukan arrautza apurtzearekin. Behin hori eginda, aztikeriak desagertu dira eta dontzeilak normaltasunera itzuli dira, harri bihurtutako hainbat zaldunekin batera; funtsean, azken dantzaren poztasuna are ikusgarriagoa izateko balio dute.

Konturatuko zarete libretoa ederki diseinatuta dagoela izaera desberdineko askotariko dantzak sortzeko aukera egon dadin. Gainera, zalantzarik gabe, orkestraren koloreak baliatzearen artearen maisuaren, Rimskiren, irakaskuntzek Stravinskiren irudimenari mesede egin zioten, eta piezan gainezka egin zuen irudimenak, alor ezin aproposagoa aurkitu baitzuen. Musikagileak erromantizismo berantiarraren estiloa hartu zuen, kromatismoaren luxu guztiekin jantzia (horiek pertsonaia magikoak irudikatzen dituzte, gizatiarrek, aldiz, alderdi diatonikoagoak hartzen dituzte). Pertsonaiek iradokitzen dituzten armonia magikoek estiloa emankor bihurtzen dute, bere hurrengo balleten aniztasun erritmikoa iragartzen duten erritmo konplexu eta konposatuek estiloa aberasten dute eta, soinu-paleta hedatzeko, Errusiako folkloretik eratorritako ideiak ere oinarri ditu. Gainera, askotariko orkestra oso oparoa baliatu zuen, hori guztia gorpuzteko gai izan zedin, ipuinaren fantasiak eskatzen duen eta beharrezkoa den aberastasun koloretsuarekin. Ballet horrek oraindik ere Rismkiren erromantizismo berantiar propioari asko zor zion, edo are ezinbestean Txaikovskiri, ballet bat baitzen. Baina, zalantzarik gabe, lan horrek ekarri zituen berrikuntzak Diagilevek Paris konkistatzeko behar zuen pizgarria izan ziren. Hiria abangoardista zen, modernitateari begira zegoen, eta ideia berriak pil-pilean zeuden; baina, paradoxikoki, ipuin tradizional bat izan zen konkistarako bidea.

Egia esanda, konpositoreak berez balletean interesa galdu zuen, baina interesgarriena hartzeko eta kontzertusuite bihurtzeko aukera eman zion; bestetik, nahiko ohikoa da hori. 1911n, 1919an eta 1945ean suite horren hiru bertsio desberdin sortu zituen. Sorta horiek eratzea ekonomikoki garrantzitsua izan zen Stravinskirentzat, horri esker, pieza toki batetik bestera eraman zezakeen, edozein lan eszenikoren ekoizpen garestiaren mende egon gabe. Era berean, publikoarentzat abantaila da bildumaren unerik onenak eskaintzen dituzten sortak egotea, dantzarik ez dagoenean zentzu txikiagoa duten horiek kenduta. Gainera, atal bakoitza biribilduta dago, eta saihestu egiten dira berez xede musikalaren ordez narratiboa daukaten errepikapenak, txertaketak edo trantsizioak.

1945ean, konpositorea jada Ameriketako Estatu Batuetan bizi zenean, bere hiru ballet nagusiak berriz ere orkestratzeko eskatu zioten eta hori aukera nahiko mamitsua izan zen, herrialde horretan egile-eskubideak kobratzeko eskubidea emango baitzion (Errusian sortutakoak ez zizkioten aitortzen). Ez zuen zalantzarik izan eta lanari ekin zion: 1919an, Ernest Ansermet zuzendari suitzar entzutetsuak eskatuta egindako suitea hartu eta moldatu egin zuen. Jatorrizko orkestrazio itzela pixka bat sinplifikatu zuen eta, horren ordez, sorta berriaren parte izango ziren konposizioak hedatu zituen.

Hortaz, ballet horren arrakasta nagusiak entzungo ditugu, nahikoa baitira bilduma guztiaren ideia aski hurbila izateko, eta gogoak izan ditzagun lana osorik koreografia eta guzti ikusteko, aukera ohikoa izan ez arren.

Sarrera ilun batek maitagarri-ipuinen mundu misteriotsuan kokatzen gaitu. Laster, suzko txoriaren dantza bizia agertzen da, eta ordurako musikari gaztearen aparteko soinu-irudimena erakusten digu, zalantzarik gabe RimskiKorsakov maisuarengandik ikasitakoaren eraginarekin. Zurezko instrumentuek, txirulak eta piccoloak batik bat, protagonismoa hartzen dute eta Ivan printzeak jazarritako txoriaren hegaldi azkarra iradokitzen dute. Pantomima labur batek harrapaketa islatzen du eta, jarraian, binako pauso lasaia heltzen da. Horrek harrapatutako txoriaren aieneak nabarmentzen ditu eta keinu kromatiko makurrak marrazten ditu, zeinak ekialdea ernarazten duten ametsak gogora ekartzen dituzten (balleta sortu zen garaian oso modakoak ziren). Harrapakinak ez dio printzeari buruan erraz sartuko aska dezala, beraz, pieza hori luzeagoa da. Orkestrazioa oso aberatsa da, eta batzuetan akonpainamenduan pianoaren parte-hartzea nabarmena da, baina, beste behin, zurezko instrumentuak dira protagonistak batik bat, fraseatze lirikoagoekin.

Berehala, bigarren pantomima labur batek hamahiru printzesa sorginduen agerpena azaltzen digu eta scherzo bati bidea egiten dio. Bertan, printzesek urrezko sagarren zuhaitzaren inguruan dantzatzen dute, eta izaera herrikoia duten melodien arrasto batzuk entzuten dira orkestraren egituraren artean. Hirugarren pantomimak melodia horiek eten egiten ditu. Ivan printzearen etorrerarekin bat dator, tronpa bakarlariaren melodia bareak irudikatuta. Hurrengo eszenak melodia hori berreskuratzen du, orobat izaera tradizionaletik hurbil dago, eta, hain zuzen, errusiar ondare folklorikoa duen erronda bat (khorovod) eratzen du. Une horretan, Stravinskiren musikaren testura oso arina eta, era berean, diatonikoa da, tarte horretan protagonistak gizakiak baitira, eta ez izaki magikoak.

Baina, berehala, ipuineko maltzurrak agertzen dira: Kaschei eta bere morroien infernuko dantza da, zintzotasunez, balletaren atalen entzutetsuenetariko bat. Motibo sinkopatu eta geldoak aztiaren etorrera definitzen du, eta, tarte osoan zehar, orkestrazioaren irudimenak benetan gainezka egiten du. Erritmo eten eta bortitzek Stravinski berria iragartzen dute; soilik hiru urte beranduago Udaberriaren sagaratzea lanaren primitibismoarekin Paris eta mundu osoa txundituko zituena. Txoriak eragindako dantzak zoratu eta gero, aztiaren morroiak hegaztiaren magian erori eta lotan geratzen dira, azken horrek fagotak abiatutako sehaska-kanta gozo baina misteriotsua dantzatzen dien bitartean.

Lanak hotsandiko amaiera dauka. Behin magia onak txarra garaitu ostean, eta protagonistak zoriontsu direnean, azkenengo eszena jatorri herrikoiko motibo batean oinarritutako crescendo boteretsua da: argiak eta gozamenak eztanda egiten dute, eta metalek rol gorena dute. Gogora ekartzen dizkigu Errusiako musikaren beste garaipen handi batzuk, hala nola Musorgskiren Erakusketa bateko margolanak.

Hala bada, goza dezagun askotariko hiru lan interesgarri horiez eta hiru musikagile gazte eta aparta horien bikaintasunaz. Bere garaian etorkizun handia zutela zirudien, eta, gerora, hitza oso ondo bete zuten, Arriagak izan ezik, tamalez bizitzak ez baitzion utzi.

Iñaki Moreno Navarro


Alessio Bax.

Pianoa

Alessio Bax Barin, Italian, jaio zen eta bere jaioterriko kontserbatorioan bikaintasunez graduatu zen beste inor baino gazteago; 14 urte besterik ez zituenean. 1989an, Sienan, Joaquín Achúcarro maisua ezagutu zuen eta, hainbat udatan berarekin ikasi ostean, 1994an, Dallasera joan zen bere atzetik. Bertan, bere gidaritzapean, artista-ziurtagiri bat eta maisutza bat lortu zituen.

Alessio Baxek lirismo eta zorroztasun bikainak sekulako teknikarekin uztartzen ditu eta, zalantzarik gabe, «gaur egun, publikoaren aurrean pianista gazte entzutetsuenetarikoa da» (Gramophone). 1997an, Hamamatsuko Nazioarteko Piano Lehiaketa irabazi zuen eta, 2000n, Leedseko Nazioarteko Piano Lehiaketan lehenengo saria lortu zuen. Horrenbestez, berehala ospetsu bihurtu zen eta, gaur egun, bost kontinenteetan da ezaguna, errezitalean, ganbera-musikan eta kontzertuetako bakarlari gisa.

150 orkestra baino gehiagorekin jo du, hala nola New York, Londres, Royal eta San Petersburgoko filarmonikoekin eta Boston, Dallas, Baltimore, Cincinnati, Seattle, Sydney, Birmingham, Tokio eta NHK orkestra sinfonikoekin; eta zuzendari gorenekin lankidetzan aritu da, besteak beste, Marin Alsop, Vladimir Ashkenazy, Andrew Davis jauna, Fabio Luisi, Simon Rattle jauna, Yuri Temirkanov eta Jaap van Zweden.

Azken denboraldietako alderdirik nabarmenenen artean honako hauek daude: debutak Daniele Rustionik zuzendutako Clevelandeko Orkestrarekin eta Andrew Davis jaunak zuzendutako Baltimoreko Orkestra Sinfonikoarekin; emanaldiak Pacific Symphony Dallaseko orkestra sinfonikoarekin, Helsinkiko Filarmonikoarekin eta Buenos Aireseko Filarmonikoarekin; bosgarren emanaldia Buenos Aireseko Teatro Colón ezagunean; Daishin Kashimoto biolinistarekin bira Asian zehar; Emmanuel Pahud flautistarekin bira Japonian eta Ameriketako Estatu Batuetan zehar; New Yorken hainbat agerraldi Lincoln Centerreko Ganbera Musika Sozietatearekin; eta maila handiko askotariko proiektuak ganbera-musikaren inguruan, errezitalak eta emanaldiak Europan, Asian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Hego Amerikan. Ganbera-musikari ezaguna denez gero, arestian honako artista hauekin lankidetzan aritu da: Joshua Bell, Lisa Batiashvili, Ian Bostridge, Lucille Chung, James Ehnes, Vilde Frang, Steven Isserlis, Daishin Kashimoto, François Leleux, Sergei Nakariakov, Emmanuel Pahud, Lawrence Power, Jean-Guihen Queyras, Paul Watkins eta Tabea Zimmermann, besteak beste.

2017tik aurrera, zuzendari artistikoa izan da Incontri in Terra di Siena jaialdian, Toscanako Val d’Orcia eskualdean egiten den udako musika-jaialdian, alegia. Sarritan zenbait jaialditan agertzen da, hala nola Seattle, Bravo Vail, Salon-de-Provence, Japoniako Le Pont, Great Lakes, Verbier, Ravinia eta Music@Menlon. 2009an, Avery Fisher Career Grant dirulaguntza jaso zuen, eta, lau urte beranduago, Andrew Wolf Chamber Music Award eta Lincoln Center Award for Emerging Artists sariak jaso zituen.

Signum Classics-ekin daukan diskografia famatuan, besteak beste, honako lan hauek daude: Forgotten Dances; Italian Inspirations; Beethovenen Hammerklavier eta Ilargi zuria sonatak (Gramophone aldizkariko Editor’s Choice); Beethovenen Enperadorea kontzertua; Debussy and Ravel for Two eta Bax & Chung diskoak Lucille Chungekin sortutako duoarekin; Alessio Bax plays Mozart, Londreseko Southbank Orkestra Sinfonikoarekin grabatua; Alessio Bax: Scriabin & Mussorgsky (MusicWeb International webgunearen arabera, «hilabeteko grabazioa… eta, ziur asko, urtekoa»); Alessio Bax plays Brahms (Gramophone aldizkariko Critic’s Choice); eta Bach Transcribed eta Rachmaninov: Preludes and Melodies (American Record Guide aldizkariko Critic’s Choice). Halaber, Warner Classics diskoetxearentzat grabatutako Baroque Reflections bere albuma Gramophone aldizkariko Editor’s Choice izan zen. Horrez gain, Daniel Barenboim-entzat Beethovenen Hammerklavier sonata interpretatzeko hautatu zuten, EMIrentzat argitaratutako PBS-TVren Barenboim on Beethoven dokumentalean. 2019tik aurrera, Bostongo New England Conservatoryko piano-fakultatean lan egiten du.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan.

Piano-ikasketak oso gaztetan hasi zituen, eta, aurrerago, New Yorkeko Julliard Schoolen graduatu zen oboean eta harpan, eta Curtis Institute of Music institutuan orkestra-zuzendaritza ikasi zuen.

Alemaniara joan zen 2001ean, eta Berlin Philharmonic Orchestra Academyn harpalari aritu zen.

2002an hamar urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, maisu errepikatzaile gisa lehenengo eta kapellmeister gisa ondoren. Urte horietan zehar, errepertorio zabala zuzendu zuen, hala nola Monteverdi-ren eta Lachenmann-en obrak.

2009ko irailean, Ameriketako Estatu Batuetako Solti Fundazioak Solti beka eman zion, eta 2010eko martxoan, Ameriketako Estatu Batuetako Boston Lyric Operarekin debuta egin zuen, Ariadne auf Naxos obrarekin. Ondoren, Txirula Magikoa zuzendu zuen New Yorkeko Metropolitan Operan.

2012an, Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen lehen aldiz, Korngold-en Die Tote Stad operaren ekoizpen batean. Bertan izandako arrakasta handiaren eta kontzertu sinfonikoetarako beste gonbidapen batzuen ondorioz, 2015ean zuzendari titular izendatu zuten, eta, 2024ko irailera arte, kargu horri eutsi zion.

Halaber, 2016tik 2018ra bitartean, Basileako Opera antzokiko musika-zuzendaria izan zen, eta 2022tik 2024ra Tiroler Festspiele Erlekoa.

Proiektu berri eta nabarmenen artean, honako hauek azpimarratu beharra dago: Wagnerren tetralogiaren ekoizpena, Tiroler Festspiele Erlerentzat, Brigitte Fassbenderren taularatzearekin (datorren udan errepikatuko du); Aida Frankfurten; L’Amour des trois oranges Dresdenen; Oedipux Rex Amsterdamgo Opera Nazionalean, Samy Moussa Antigone-ren debutarekin; Salome Zürichen; Rusalka eta Norma Dresdenen; Eurydice die Liebenden, blind, Manfred Trojahn-en estreinaldia Amsterdamen; Peter Grimes; Kreneken Karl V eta Das Rheingold Municheko Operan; Tristan und Isolde Bilbon; Tannhäuser Houstonen; eta Billy Budd Buenos Aireseko Teatro Colónen.

Kontzertu sinfonikoei dagokienez, Espainiako zenbait orkestraren gonbidapenak jasotzeaz gain (Galiziako Orkestra Sinfonikoa, ORTVE, Real Filharmonía de Galicia, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, OSCYL eta JONDE), duela gutxi Krakovia eta Bratislavako orkestrekin debutatu du, eta Stockholm, Oslo, Newcastle, Aspen Music Festival, Interlochen Arts Camp, Tanglewood, Ensemble Intercontemporain eta Ensemble Moderneko orkestretara itzuli da, horietako batzuk aipatzearren.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
05 - 06
Ots
2026
>Tchaikovskyren 5.a

Tchaikovskyren 5.a

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Txaikovskik bere bosgarren sinfonia aurkeztu zuenean, Errusiako konpositore behinenentzat hartzen zuten, eta herrialde horretan gogo-gogotik aintzat hartzen zuten musika. Eta musika lantzen, musikagile handienen helburua bete zuen: mundu-mailako musika egitea, jaioterriko sustraiei uko egin barik. Beste alde batetik, Xostakovitxek atsedenaldia hartu zuen bere seme Maksimi kontzertu ederra, arina, elegiazkoa eta ametsezkoa oparitzeko. Programari hasiera emateko, Errumaniako Ligeti gaztearen musika jaioterriko folklorearen gorazarrean.

G. Ligeti
Concert Românesc
D. Shostakovich
Concierto nº 2 para piano y orquesta en Fa Mayor Op. 102
P. I. Tchaikovsky
Sinfonía nº 5 en mi menor Op. 64

Simon Trpčeski, pianoa
Pablo González, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
12 - 13
Ots
2026
>Borrani eta Mozarten Kontzertantea

Borrani eta Mozarten Kontzertantea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Lorenza Borrani biolin-jotzailearen bisita guztietan, arriskua eta emozioa dira nagusi. Programa honetan, txandaka joko du biolina Mozarten Sinfonia kontzertante zoragarrian gure biola-jotzaile bakarlari Lander Echevarríarekin batera, eta zuzendari jardungo du 4. Sinfonian, hots, Schubertek berak ‘Tragikoa’ deitu zuen horretan. Schuberten orkestra-lan ugarirekin gertatu bezala, musikagileak ez zuen estreinaldirik entzun bizirik zegoela.

W. A. Mozart
Divertimento Fa Maiorrean K. 138
Sinfonia kontzertantea biolin, biola eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean K. 364
F. Schubert
4. sinfonia do minorrean D. 417 “Tragikoa”

Lander Echevarría, biola
Lorenza Borrani, biolina-zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
14
Ots
2026
>Conciertos en familia: Molto Barroco

Conciertos en familia: Molto Barroco

Lekua: Euskalduna Bilbao Sala 0B Aretoa

Babesletza: Euskalduna Bilbao

Erregeak pieza berezi bat eskatu dio gorteko Konpositoreari. Eskaera horrek eszena komiko batzuk sortzen ditu konpositorearen eta hiru ganbera-musikarien artean, eta horietan mota guztietako gag, errutina komiko eta musikalak, dantzak eta baita malabare-jokoak ere sartzen dira. Molto Barroco Erregearen, bere emaztegaiaren eta, agian, geroko Erregina eta Konpositorearen arteko korapilo-komedia da. Maitasunezko triangelua, jarrera lotsagabeko Bufoi baten konplizitatea izango duena.

Konpainia: Píscore Teatro
Musikariak: Pepe Varela, Diego Rosal, Félix Rodríguez, Pablo Cabanelas
Zuzendaria: Fran Rei

Erderaz
6 urtetik aurrera
Iraupena: 70’

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
16
Ots
2026
>Ganbera 6

Ganbera 6

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa

100 Berio

J. Jongen
2 Pièces en trio Op. 80
Trío BOS

L. Berio
Folk songs para mezzosoprano y ensemble
Ensemble BOS

J. Brahms
Serenata n° 1 en Re Mayor Op. 11
Ensemble de viento y cuerda BOS

Informazioa eta sarrerak