Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 3-2013-2014

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

W.Walton: Kontzertua biolinerako (31’)
J. Brahms: 2. sinfonia Re maiorrean, op. 73 (43’)

Paul Huang: biolina
Günter neuhold

DATAK

  • 07 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 08 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

 

Erromantizismoaren “aroak”
 
Sentimendua eta transzendentzia, emozioa eta sakontasuna, lirismoa eta piroteknia izango dira arratsalde honetako soinu-formak, Erromantizismoaren lorratz luzean sortu ziren bi lan izango baititugu gurean: idazkera “sinfoniko” zaindua duen kontzertu bat eta sinfonia bat, musika eta giza sentipenen arrago moduan aurkeztua.
 
William Waltonen soinu-gogoeta izango dugu gau-jaialdiaren hasieran (Oldham-Ingalaterra, 1902- Ischia-Italia, 1983). Musikagile hau prestakuntza akademikoaren eta autodidaktismoaren arteko bide erdian dago. Nerabea zela hasi zen musika ikasten, Oxfordeko Unibertsitatean, baina titulurik lortu gabe utzi zituen ikasketak. Hala ere, hogeita hamar urte bete aurretik, bere belaunaldiko musikagile ingelesik garrantzitsuena eta, zalantzarik gabe, nazioartekoena zela uste zen. Musikagile arduratsua eta zehatza izan zen, eta aski katalogo laburra prestatu zuen bere ibilbide luzean zehar. Hortaz, oso urruti geratzen zitzaizkion zorroztasun gabezia edo azalkeria.
 
Bere mintzairak bulkada erritmiko indartsua du, Stravinsky eta Prokofieven antzera. Genero sinfonikoekiko izan zuen interesa eta musika-arloan zituen ideiak garatzeko izan zituen modua ikusita –mintzaira hedakorra–, Sibeliusengandik gertu ikusten dugu. Tratamendu harmonikoari dagokionez, tonu-esparruan mugitzen da gehienetan, baina idazkera irekiak ematen dituen baliabideak erabiltzen ditu, batzuetan disonantziak koloreztatuta. Bere estiloaren ezaugarri horiek ikusita, modernistatzat hartu zuten, eta bere belaunaldiko musikagile ingelesengandik urrundu zuten, horiek kezka handiagoa baitzuten garai hartako arerio alemanarengandik bereiziko zituen “mintzaira nazionala” bilatzeko. Lirismorako joera nabaria zuen, ziurrena gaztaroan hainbat poetarekin ibili zelako Oxforden eta Londresen. Horrek berotasuna eta adierazkortasuna ematen dizkio bere musikari, eta bere aurrekoa zen Elgarrekin jartzen du harremanetan. Ezaugarri horiek freskuraz, ñabarduraz eta kolorez betetzen dute Waltonen soinu-paleta, eta bere gogoetaren adierazkortasuna arin dabil, intimismoaren eta akrobaziaren arteko oreka harrigarrian. Baliabide horien bidez, entzuleen entzumenezko arreta bereganatzen du, eta harri eta zur uzten ditu eta hunkitu egiten ditu.
 
Jascha Heifetz instrumentista paregabeak egin zion enkargu baten ondorioz idatzi zuen William Waltonek Kontzertua biolin eta orkestrarako. Clevelandeko orkestrarekin jo zuen lehen aldiz, Artur Rodzinski buru zela, 1939ko abenduaren 7an. Gerra zela-eta, musikagilea ezin izan zen estreinaldira joan.
 
1943. urtean berriro orkestratu zen obra. Waltonen lanik ederrenetakoa da, eta poz handia eman zion egileari. Emaitza ederra da, ondo biltzen eta islatzen du Alice Wimbourneren ondoan lortu zuen zoriontasuna, bai eta biek Italian –bertan sortu baitzuen– sentitu zituzten berotasuna eta kolorea ere. Iturri egokia da, ondo merezitako ospea sendotu baitzion konposizioaren arloan.
 
Soinu-material osoa (motibo erritmikoak, harmonikoak eta, batez ere, melodikoak) nola tratatzen duen eta mailaz mailako uhin zorrotzetan aurrera nola doan ikusita, sinfonismo sendo eta sinesgarria eratzen du, erronkaz eta soinu-pirotekniaz beteriko lanean orkestrarekin batera protagonista den biolin-jotzaile bakarlariaren esku-hartze gorenaren tapiz bikain gisa. Izan ere, XX. mendeko musika ingeleseko zuzendari eta aditu entzutetsua zen Adrian Boultek hauxe esan zion bere orkestrari, lan honen proba-saioak egiten ari zirela: “Jaunok, hemen zail samar bilakatzen da. Bi etengabeari eutsiko diot. Zuek bakarkakoak arrantzatu baizik ez duzue egin beharko” (behera eta gora doan batuta-mugimendua erabiltzen da bi aldiko konpasa neurtzeko. Ironikoki, arrantzaleek beren kanaberekin egiten duten mugimenduaren nola-halako antza izan dezake horrek).
 
Ohikoa den moduan, kontzertua hiru mugimendutan antolatuta dago, baina Waltonen indibidualismoak mintzaira erakargarria eta pertsonala eskaintzen die haietako bakoitzari. Lehen mugimendua, Andante tranquillo izenekoa, era lirikoan hasten da, biolinaren melodia introspektibo batez, ia ganbera-kutsukoa den egitura instrumentalez atonduta. Bigarren gaia liluragarria da, bere jauzi apetatsuekin. Hor, argi ohartuko gara partiturak duen zailtasunaz. Gero, denbora azkartzen da, eta orkestra akrobaziekin hasten da. Distirak eta intimismoak txandaka egituratzen dute mugimendua.
 
Hurrengoa, Presto capriccioso alla napolitana izenekoa, Italiako zaporez beterik dago. Lehenik, tarantella baten urduritasuna dugu, eta, gero, bals iheskor eta nagi baten ondoren, canzonetta malgu eta apetatsu bat abiatzen da, ia irreala den atmosfera batean. Hasierako doinu urduria itzultzen da berriz, eta, ideiak azken aldiz txandakatuz, xaboi-burbuila baten modura egiten du ihes musikak.
 
Kontzertuaren amaieran, Vivace mugimendua ideia indartsu batez hasten da, eta, handik gutxira, pixka bat nostalgikoa den abestutako gai bat dator, jazzari keinu argiak egiten dizkiona. Waltonek bere ibilbidearen hasieran erabilia zuen estilo hori. Alde poetikoaren eta leherkorraren artean dagoen hara-honak gainezka estaltzen du elokuentzia bikainez beteriko diskurtsoa. Mugimendu erromantikoaren ezaugarriak dira biak, ez Waltonek ez XX. mendeak ezin baitzuten erabat gainetik kendu mugimendu hori.
 
Erromantizismo betearen adierazpide gisa, programak Johannes Brahmsen sinfonismoa oparitzen digu (Hanburgo, 1833-Viena, 1897). “Edukitzaile” klasikoaren tradizioari jarraiki, horrek erabakitasunez erakusten du “eduki” erromantikoaren bereizgarria dena: kontrasteen jokoa. Musikagile honek ez du ezer uzten zoriaren mende, eta bere baitan amultsuki bizi dira batera alde lirikoa eta epikoa. Mintzaira sendoa eta harmoniaduna du, eta bere ideiek diskurtso ireki, sakon eta intimista garatzen dute txandaka. Bere idazkera miragarriari esker, eta oso formala den eskema batez estalita, gai da lehen notatik hasita ibilbide jakin batean arin ibiltzen diren gai irudimentsuak biltzeko. Motiboak kateatzean erakusten duen maisutasunak eta bere orkestrazio azkarrak logikaz betetzen dute musikaren espiritua, eta zorrotz eta malgutasunez hartzen dituzte (talentu eta lanbidearen mirariz) meditaziotik poztasunera, freskuratik nostalgiara, eta berotasunetik irmotasunera hedatzen diren melodiak. Brahms gai da aurkariak bere lanean harmonizatzeko, bizitzan egin zuen bezala, Vienatik pasieran ibiltzean zuen itxura narras, adeigabe eta pixka bat sarkastiko horrekin, poltsikoak gozokiz eta txanponez beterik zituela, bere inguruan pilatzen ziren haurren artean atsegin handiz banatzeko.
 
Modu sendoan eta kutunean egiten du lanaren plana, eta inoiz ez du urruntasun-sentipenik adierazten, benetakotasunetik idazten baitu. Brahmsek ez zuen itxurakerien edo handinahikerien eraginik jaso, eta bere musikak bere izaera zintzo eta eskuzabalean du sorburua. Bere iritzi pertsonalek sormen-lana akuilatu zuten, eta, laguntza handirik jaso gabe, aditzera eman zuten gizon eta musikari gisa bere burua moldatu zuen pertsona baten funtsa.
 
2. sinfonia Re maiorrean, op 73 lanaren estreinaldia Vienan izan zen 1877an. Kritikari guztiak harrituta geratu ziren, musikagileak berak adierazi zuenez, “dena alai eta samurregia zelako, bikote ezkonberri batentzat idatzita balego bezala”. Aurreko udan Karintiako aintziren eskualdean izan zen Brahms, “Austriako adeitasunez eta berotasunez” gozatzen; eta han sortu zuen lana epeltasun eguzkitsuz eta espiritu maitekorrez beterik zegoen. Clara Schumannen hitzetan, lan “alaia eta xarmagarria” da. Hala ere, pasarte batzuk nostalgiaz beterik daude. Partituretan daude bilduta horiek, eta Brahmsek bere argitaratzaileari adierazi zion “orla beltzaz eman behar zirela argitara”. Jakina, Erromantizismoaren bi aldeak.
 
Allegro non troppo deitzen den lehen mugimendua xarmaz eta baretasunez beterik dago. Motibo labur batez hasten da, eta horrek aukera ematen dio musikagileari talentu guztia bariazioan erakusteko, bere estiloan hain ohikoa den betetasuna lortu arte. Mugimendua osatzeko, beste ideia gozo eta bare bat agertzen da, biolek eta txeloek sehaska-kanta baten modura abestuta, Brahms izugarriak etorri handiz sortzen zituen horietako bat. Bertan, ahots-musikarekiko zuen amodiozko joera adierazten du, hala melodia instrumentalak diseinatzean, nola haien inguruan zegoen egitura harmonikoan.
 
Horren ondoren, Adagio non troppo mugimendua dator, egilearen adierazpen kontraesankorrak zuritzeko jarrita. Giroa zertxobait iluna da muturreko zatietan, eta oldartsua eta sakona erdialdean. Kontrapuntuko idazkera bikaina eta ia oinazetua agertzen du bertan.
 
Allegretto grazioso-Presto ma non assai mugimenduan poza eta freskura agertzen dira berriro, muturreko aldaketa baitago estilo aldetik (erromantikoa). Giro jostari eta lasai batean murgiltzen gaitu, eta tonu-erlazio zorrotzek, atzera-aurrera erritmikoak, konpasak banatzeko irregulartasunak, eta haize eta zurezko tresnek hoskera aldetik duten protagonismoak kutsu landugabez eta osasuntsuz hornitzen dute dena.
 
Sinfoniaren amaieran, indar metatzailea duen Allegro con spirito mugimendua dago. Aurrerantz mugitzen du musika ezinbestez, eta poz eutsiezinez betetzen du auditoriuma.
 
Goza ezazue.
 
 
Mercedes Albaina
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Paul Huang, biolina
 
Paul Huang Taiwanen jaio zen, eta zazpi urte zituela jaso zuen lehen biolin-eskola. 14 urte zituela, Juilliard Pre-Collegen sartu zen, eta Hyo Kang eta yo-Hao Leerekin batera ikasi zuen. 2008. urtean, Juilliard saria eskuratu zuen, eta 2009an, berriz, Kultura Fundazioaren Arteen Chi-Mei saria jaso zuen. Horrez gain, lehen saria jaso du Young Concert Artists International Auditionsen, eta lehen saria, era berean, Suitzako Sion-Valaisko Nazioarteko Biolin Lehiaketan.
Bakarlari gisa aritu izan da hainbat orkestratan; hona haien izenak: Louisville, Budapesteko Orkestra Sinfonikoa, Mexiko Hirikoa, Taiwaneko Orkestra Sinfoniko Nazionala, Taipeiko Orkestra Sinfonikoa eta St. Lukeko Orkestra. Honako hauek izan ditu zuzendari: Christopher Hogwood, Shlomo Mintz, Jorge Mester, Ronald Zollman, Carlos Miguel Prieto eta Jung-Ho Pak. Bere konpromisoen artean, besteak beste, Lincoln Centerreko eta Washington Hiriko Strathmore zentroko emanaldiak nabarmendu behar ditugu.
Ganbera-musikako interpretatzaile modura, Alemaniako Moritzburg Jaialdian eta Suitzako Sioneko Musika Jaialdian parte hartzeko gonbita jaso du. Toki hauetan egin ditu errezitaldiak: Cremonako Stradivari Museoan, Taiwango National Concert Hallen eta Louvre Museoan. Shlomo Mintz, Gil Shaham, Nobuko Imai, Roberto Díaz, Jan Vogler eta Frans Helmersonekin aritu izan da lankidetzan.
Paul Huangek 1683. urteko Nicolo Amati biolina jotzen du.
 

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
01 - 02
Urr
2026
>Basoko murmurioak

Basoko murmurioak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Richard Wagner
Siegfried, Waldweben

Richard Strauss
Vier letzte Lieder

Sergei Prokofiev
7. sinfonia do sostenitu minorrean Op. 131
Sinfonía n.º 7 en do sostenido menor Op. 131


Vanessa Goikoetxea, sopranoa
Eduardo Strausser, zuzendaria


Basoa denboraldia hasiko dugu Sigfridoren pausoei jarraitzen dien baso bizi bateko soinuekin, eta atzean geratzen ari den garai bateko lurrin nostalgikoarekin, Straussek bere Azken lau liederretan islatu zuena; amets hutsa Vanessa Goikoetxearen ahotsean. Agur esateko beste obra bat, 7. sinfonia; Prokofievek agur esaten digu soiltasunez eta irribarre zintzo batekin.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
08 - 09
Urr
2026
>Natura abesten

Natura abesten

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Antonin Dvorak
Elezaharrak, hautaketa Op. 59
Leyendas, selección Op. 59

Johann Nepomuk Hummel
Sarrera, tema eta bariazioak oboerentzat Op. 102
Introducción, tema y variaciones para oboe Op. 102

Ludwig Van Beethoven
6. sinfonia Fa Maiorrean Op. 68 «Pastorala»
Sinfonía n.º 6 en Fa Mayor Op. 68 «Pastoral»


Françoise Leleux, oboea eta zuzendaria


Pastorala da Beethovenek bere naturarekiko sentitzen zuen maitasun neurrigabea hobekien irudikatzen duen obra. Sinfonia hori musikagileak Viena inguruko basoetan zehar igaro zituen ordu luzeetan inspiratuta dago, Dvorakek Elezaharrak obran jatorriko Bohemiaren aroma islatu zuen bezala. Hori guztia François Leleuxek orkestrarekin egiten duen debutean, solista eta zuzendari moduan.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
15 - 16
Urr
2026
>Berriro elkartzea

Berriro elkartzea

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Jesús Guridi
El Caserío, II. ekitaldiaren preludioa / preludio del acto II

Joaquín Rodrigo
Concierto in modo galante

Wolfgang Amadeus Mozart
40. sinfonia sol minorrean K. 550
Sinfonía n.º 40 en sol menor K. 550


Asier Polo, biolontxeloa
Juanjo Mena, zuzendaria


Badaude orkestra baten nortasuna adierazten duten zuzendariak, eta zenbaitek garai oso bat markatzen dute. Juanjo Mena, taldeko titularra izan zena 1999tik 2008ra, multzo horretan dago. Maisuaren eta BOSen bideak berriro elkartu dira, eta elkarrekin bizi izandako guztia aitortu eta eskertzen dute. Berriro elkartuko dira eta horren testigu izango da etxe honetan oso maitatua den artista bat, Asier Polo biolontxelo-jotzailea.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2026-2027
19
Urr
2026
>French jolies

French jolies

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Ludwig Thuille
Seikotea piano eta haize boskoterako
Si bemol Maiorrean Op. 6

Albert Roussel
Divertissement Op. 6

Francis Poulenc
Seikotea piano eta haize boskoterako

Gehiago ikusi