Kontzertuak

BOS 14
Mahlerren 5. Inbalekin | Hastapeneko abonua
Gustav Mahler (1860-1911): 5. sinfonia do sostenitu minorrean
I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale
Eliahu Inbal, zuzendaria
DATAK
- 25 apirila 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 26 apirila 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
BETIKOTASUN-IZPI BAT
Orain dela 100 urte baino gehiago konposatu zuen Mahlerrek Bosgarren Sinfonia, eta lan guztiz erakargarria suertatzen zaigu oraindik ere. Obrak gure arreta pizten du, musikaren bilakaerari jarrai diezaiogun, eta aldi berean hunkitu eta liluratu egiten gaitu. Zergatik ote da? Bada, seguru asko, zintzotasuna izan zelako Bosgarrenaren sorburua –berdin sortu ziren Mahlerren lan guztiak, kezka existentzialez eta sinesmen estetiko irmoz bizi izan baitzen gizona–.
Gainera, partiturari gizatasuna dario. Malherrek berak (Kaliste-Bohemia, 1860 – Viena, 1911) horixe aldarrikatzen zuen, gizatasuna, eta horrexen mira zuen, orekari nekez eusten ziolarik kontraesanez beteriko ozeano batean: Mahlerrek, judua izanik, ezinbestean egin behar zien aurre halako zailtasunei, Inperio austriar-hungariarreko hiriburuan bizi baitzen, mundu azaleko, antisemita eta itxurakeriazko baten muinean, eta, ondorioz, bere talentua landu nahi bazuen, tinko-tinko segitu behar zuen. Paradoxaren ikurra genuen Viena, luxuzko ametsa eta eguneroko zoramena bizitzeko aukera ederra eskaintzen baitzuen, baina hondoa jotzeko zorian zegoen: Habsburgtar errege-familiaren koroa inperiala amildegiaren ertzean zegoen, Lehen Mundu Gerraren atezuan, eta, bien bitartean, Vienan, elkarren alboan bizi ziren bi indarren arteko tentsioak, batetik, edertasun guztiz fin eta orekatuaren azken hondarrak, eta, bestetik, espresionismoaren eta berritzeko grinaren indar kontrolaezina. Hala, hiri berean zebiltzan Oskar Kokoschka, Egon Schiele eta Gustav Klimt margolariak, Robert Musil eta Hugo von Hofmannsthal idazleak eta Otto Wagner eta Adolf Loosen arkitektura-lanak. XX. mende hasierako Viena hartan eman zuen ezagutzera Freudek giza jarreraren oinarriak ulertzeko modu berri bat, bai eta neurosia lantzeko teknika berriak ere, “psikoanalisia” izendatuak; hantxe aldatu zuen Wittgensteinek filosofia alemanaren norabidea eta hantxe diseinatu zuen Schönbergek dodekafonismoa. Viena itzel hartan, ordea, pentsamendua, artea eta kultura bor-bor zebiltzan hiri hartan, itota bizi ziren herritarrak, erabateko miserian, baldintza kaskarretan, lanik gabe, eta prostituzioz eta ustelkeriaz inguraturik, nahiz eta klase altuak ez ziren kapaz halako froga ageriko eta ozenak nabaritzeko.
Testuinguru historiko eta artistiko horretan, Mahler maite eta aldi berean gorroto zuen hiri horretan –dikotomia konpondu ezina agertzen zaigu berriro ere–, han garatu zuen musikaren historiako zuzendari nabarmenetako batek bere musika ibilbide itzela, eta han sortu zituen sinfonia bikainak: benetakoak, trinkoak, lirikoak eta indartsuak, hainbeste miresten zuen Natura bezalakoxeak. Mahlerren obra bizitzaz ari da, eta horregatik dugu oraindik gustuko. Mahlerren bizitzaz ari da, noski –halaxe zioen Pierre Boulezek: “Mahlerren musikan badaude elementu biografikoak”–, baina orobat ari da gu guztion bizitzaz: “Oinazea hartu eta musika bihurtuko dut, eta ez bakarrik oinazea. Sortuko dut mundu musikal bat, non dena kabitzen baita: gaua eta eguna, argia eta iluna, irria eta negarra, negu izoztua eta udaberri alaia, uda beroa eta udazken malenkoniatsua, egunsentia eta ilunabarra. Hartuko ditut alaitasuna eta sufrimendua, eta musika bihurtuko ditut”. Hala adierazi zuen Mahlerrek bere asmoa, unibertsoari eta giza izaerari soinua ipintzeko asmoa, zeina kontraesanez, paradoxaz, desioz, zalantzaz eta errealitatez josirik baitzegoen: “Mundu bat eraikitzea, horixe da niretzat sinfonia bat sortzea”. Guri, berriz, iruditzen zaigu Mahlerrek betikotasun-izpi bat bidali zigula, gure garaia ernaldu zezan…
Mahlerrek sinesten zuen giza jendeak eboluzionatu egin zezakeela eta arteak bazeukala halako erredentzio-asmo bat, baina, harentzat, gizatasuna ez zen soilik pertsonen barnealdean gordetzen zen hori, ezpada Naturarekin guztiz bat eginda eta txirikordatuta sortzen zen gizatasun oso bat: “Lur berdean dagoen edertasun osoa ikusi behar dut”; halaxe idatzi zuen 1884an. Geroago, berriz, adierazpena berretsi zuen: “Naturako hots bat, horixe da eta izango da, beti, eta neurri osoan, nire musika”. Izan ere, Natura zen Mahlerren aterpea, inspirazio-iturria eta bere kosmos musikalaren metafora: askotarikoa baina koherentea, xehetasunez betea baina bizkarrezur batek batua. 1901eko udako oporraldian hasi zen Mahler Bosgarren sinfonia sortzen, Maierniggeko etxean, Worthersee lakuaren ertzean, bere buruaz seguru sentitzen zen garai batean: “Neure gaitasun guztien eta teknikaren jabe sentitzen naiz; iruditzen zait nire adierazpideak kontrolatzen ditudala, eta neure asmo guztiak betetzeko gai sentitzen naiz”. Garai hartantxe ezagutu zuen Alma Schindler, eta harekin ezkondu. Mahlerrek berrogeita bat urte zituen; Schindlerrek, berriz, hogeita bi.
Obra honetan, Mahlerrek ez zuen musikaz kanpoko asmorik bilatu, eta musika abstraktu eta absolutua sortu nahi izan zuen, kontzeptu filosofiko eta espiritualetan oinarritu gabe: “Nire obran ez da egongo elementu erromantiko edo mistikorik; aitzitik, parerik gabeko botere bat adieraziko du, besterik ez; eguzkiaren argitan dagoen gizon baten jarduna, horixe erakutsiko dut, bere bizitzaren gailurra erdietsi duen gizon baten jarduna”. 1902ko udazkenean amaitu zuen sinfonia.
Bosgarrena bizitzaz ari zaigu, ezin bestela, borroka heroiko betean egiten duelako aurrera, hasierako hileta-martxa borobil eta kexatitik abiatuta eta amaiera distiratsu, alai eta miragarri batera, zeinak munduarekin berradiskidetzen baikaitu, eta indarrez betetzen. Amaieran, esker ona sentitzen dugu musikari bikain eta guztiz gizatiarrarekiko. Bizitza bezalaxe, sinfonia hau sentipenez, esanahiz eta emozioz beterik dago, eta, bizitza bezalaxe, hainbat etapa edo zatitan banaturik dago.
Lehen zatian, bi mugimendu daude. Lehenengoan, halaxe diote Mahlerren oharrek: hileta-martxa, pauso neurtua, serioa, hileta-segizio baten antzera. Hain zuzen ere, horrelaxe egiten du bidea tronpetak aurkeztutako eta hariek lirikaz abestutako gaiak, tinko, soinuaren malkarretan barrena, ezinbesteko garapen batean.
Bigarren mugimenduan, ordea, Larri, suhartasun handiz, halako soinuaren leherketa bat eta erritmo bizi bat eskaintzen zaizkigu, eta bi erako pasarteak tartekatzen dira: batetik, intentsitate emozional handiko uneak, orkestraren gailur eskuzabaletan islaturik, eta, bestetik, lerro argiko pasarteak, zeintzuek kontrapuntu sinfoniko fin, sotil eta iradokitzaile bat ematen baitute.
Bigarren atalean, Scherzo ausart eta hedakor bat agertzen zaigu –energia handiz, ez oso azkar–; konpositoreak, bertan, fresko handi bat osatzen du, eta bals baten askotariko bertsioak garatzen: baldarra, informala, haurrentzat, bortitza, dotorea, hausnarkorra eta arrunta. Mugimenduaren bihotzean, berriz, Trio eder bat daukagu.
Hirugarren saioaren irekieran, opari bat: Adagietto intimo eta kontenplaziozko bat, guztiz delikatua –harpek eta hariek bakarrik jotzen dute–, halako erromantza kutsu batekin, maitasun-eskaintza bat balitz bezala. Batetik, mugimendu horrek badu soiltasun tinbriko miresgarria, lirismo ameslaria eta arintasuna, eta inguratzen duten mugimenduak, ordea, itzelak dira, guztiz aberatsak, eta halako irrealtasun kutsu bat sortzen dute, etengabeko mugimenduan balego bezala. Viscontik pusketa hori erabili zuen Heriotza Venezian filmean –zeina Thomas Mannen izenburu bereko liburuan oinarritzen baita–, eta horri esker egin zen ezagun. Mannek sakonki miresten zuen Mahler, eta Viscontik, berriz, biak miresten zituen.
Rondó-Finale. Allegro partearen hasieran, halako alaitasun itxuraz soil bat agertzen zaigu: askotariko tinbreak elkarri lotzen zaizkio halako egitura formal izugarri konplexu batean, zeina, bestalde, inongo esfortzurik gabe gozatzen baita. Konpositoreak gaitasun izugarriz baliatu zuen kontrapuntuaren teknika, gozamen-adierazpen bital hau sortzeko, eta, hala, sinfoniari amaiera loriatsu bat emateko.
XXI. mendera iritsi garen honetan, Mahlerren Bosgarrenak lilura sortzen du oraindik ere. Seguru asko –jada esan dugu moduan–, zintzotasunetik sortu zelako, baina, agian, izan liteke orobat Mahlerrek etorkizun zegoen garai bat aurreikusi zuelako: “Ai, ni hil eta berrogeita hamar urtera estreinatu banezake nire sinfonia…”, horixe idatzi zion konpositoreak emazteari, estreinaldia prestatzen ari zela. 1904ko urriaren 18an eman zuten lehen aldiz sinfonia, Kolonian. Ezaguna da Mahlerren beste esaldi bat, “etorriko da nire garaia”, zeinak ondo erakusten baitu konpositorearen kezka zaharra: inork ez zuela ulertuko hil ostera arte. Beste batzuek ere uste zuten Mahler aurreraturik zegoela: Leonard Bernsteinek, adibidez. XX. mendeko 60ko hamarkadan Mahlerren obra berreskuratzeko lan egin zuenak, hauxe uste zuen: “Auschwitzeko labeak, Vietnamen amorruz bonbardatu zituzten oihanak, Dallaseko erailketa, Hegoafrikaren harrokeria, purga troskistak, Beltzen Boterea, Guardia Gorriak, Maccarthysmoa, armagintzaren lasterketa eroa… Hori guztia bizi eta ezagutu ondoren, Mahlerren musika aditu, eta garbi ikusten dugu dena aurreikusi zuela”.
Bruno Walterren arabera, bisionarioa eta ederra da Bosgarrena, “tarteka grinatsua eta tarteka basatia, heroikoa, itzela, sutsua, serioa eta samurra, emozio guzti-guztiak zeharkatzen ditu”. Herbert von Karajenen iritziz, berriz, “Mahlerren Bosgarrena ondo joz gero, eraldatu egiten zaitu. Amaiera miragarri horrek arnasarik gabe lagatzen zaitu. Bosgarrena entzun, eta ahaztu egiten duzu denbora joan dela”.
Dudarik gabe, Mahlerren musikak edertasuna dakar errutinaren jarioaren erdian, estasi estetikoa dakarkigu une batez, eta gure egunerokoa argitzen du.
Eseri lasai, belarriekin adituko baitugu soinuen unibertso itzel hau, emozioz, kontraesanez, zalantzaz eta desiraz beteriko unibertso hau, eta hala ospatuko dugu bizitza, batasun liluragarri eta heterodoxo honen bitartez, horixe baita Mahlerren pentsamendu musikala. Festa arimarentzat eta belarrientzat. Gozatu.
Mercedes Albaina
ELIAHU INBAL – Zuzendaria
Israelen jaio zen, eta Jerusalemgo Akademian hasi zen musika ikasten. Ondoren, Parisen, Hilversumen eta Sienan jarraitu zuen, Franco Ferrara eta Sergiu Celibidache zuzendariekin. 26 urte zituela, Cantelli Zuzendari Lehiaketako lehen saria irabazi zuen.
1974tik 1990era bitartean, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoan aritu zen Inbal jauna, musika-zuzendari, eta, 1995ean, Ohorezko Zuzendari izendatu zuten. Ordutik aurrera, 2001. urtera arte, Rai Torino Orkestra Sinfoniko Nazionala zuzendu zuen, eta 2001ean, berriz, Berlingo Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendari izendatu zuten. 1992. urtetik zeraman hura zuzentzen.
1984tik 1987ra bitartean, Veneziako La Fenice Antzokiko musika-zuzendari izendatu zuten Eliahu Inbal, eta 2007ko urtarrilean berriro eman zioten postu hori. Gainera, 2008ko apirilean Tokioko Orkestra Metropolitarreko zuzendari izendatu zuten, eta 2009/10 denboraldian, orobat, Txekiako Orkestra Filarmonikoko zuzendari aritu zen.
Hainbat sari jaso ditu: Frantziako Gobernuaren “Officier des Arts et des Lettres” saria (1990), Vienako Urrezko Domina (2002), Frankfurteko Goethe Domina eta Alemaniako Errepublika Federaleko Merituaren Ordena (2006).
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

MISSA SOLEMNIS
Lekua: Arriaga Antzokia
Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia Nuno Coelho maisuaren zuzendaritzapean elkartu dira, maisulan monumental hori aurkezteko. Kristau-liturgiarako egina izan arren, lanak gainditu egiten esparru erlijiosoa, eta gai unibertsalak jorratu: errukia eta erredentzioa. Lanean zehar, Beethovenek emozio-sorta zabala esploratzen du, solemnitatetik eta kontenplaziotik hasi eta asalduraraino eta ospakizuneraino. Horri esker, lanak sakontasun emozional aparta du. Interpreteentzat erabat desafiatzaileak diren zatiak daude: nota eutsien tentsioa koruan, kontraste dinamikoak eta tematikoak, orkestra-idazketaren birtuosismoa… Hori dela eta, Missa Solemnisek musika sinfonikoaren erreferente izaten jarraitzen du, eta mendeetan zehar entzuleak eta musikariak inspiratu ditu bere edertasun eta ahalmen emozionalarekin.

COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA
Lekua: Euskalduna - Auditorium
‘Coros de cine’ zentzumen eta orkestrarako koru, solista eta partaidetza-kontzertu bat da, non zinema-historiako izenbururik ikonikoei buruzko piezak interpretatuko diren, hala nola Breakfast at Tiffany’s, Titanic, Saving Private Ryan edo Empire of the Sun, besteak beste.
Proiektu kolaboratibo honek Bilboko eta inguruko amateur kantariei aukera emango die musikaren profesionalekin batera prestatzeko eta Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean eszenatokian estreinatzeko.

Bere Maiestate pianoa
Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium
Azken 200 urteetako musikari buruzko hit edo pieza arrakastatsuenen zerrendarik balego, ezbairik gabe, Txaikovskiren piano-kontzertua, erromantizismo ikaragarria eta melodia indartsuak darabiltzala, lehen postuetan legoke. Martín Garcíaren birtuosismoaren neurrira egindako lana da. Irekiera-programa honen jite arranditsua beste bi lanekin osatzen da: Saint Saëns musikagilearen 3. sinfonia (‘Sinfonia organoarekin’) eta itsasoen handitasunean etorria daukan Sigfúsdóttir islandiarraren Oceans sinfonia bikaina.
M. H. M. Sigfúsdóttir
Oceans
P. I. Tchaikovsky
Concierto nº 1 para piano y orquesta en si bemol menor Op. 23
C. Saint Saëns
Sinfonía nº 3 en do menor Op. 78 “Órgano”
Martín García García, pianoa
Elena Schwarz, zuzendaria

Itsasoa, ekarriaren iturri
Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium
Ez dugu itsasoaren oroipena alde batera utziko, programa honetan, hari nagusitzat hartuta: ildo hori agerikoa da La mer lanean, Debussyren poema sinfonikorik ospetsuenean, eta iradokitzen da Javier Quislant bilbotarraren Unda maris lanean, Virgilio poetaren Eneida epopeiarekin batera. Lan horri esker, Reina Sofía Sari ospetsua irabazi zuen Quislantek 2023an. Neurrigabetasunaren sentsazio hori, etengabeko mugimenduan dagoen estatikoaren handitasuna, Sibeliusen musikan ere antzematen da joan den denboraldian txalotuenetakoa izan zen Sergei Dogadin biolin jotzailearen eskutik, denboraldi honetan ere artista gonbidatua baita.
J. Sibelius
Concierto para violín y orquesta en re menor Op. 47
J. Quislant
Unda maris
C. Debussy
La mer, Tres bocetos sinfónicos para orquesta
Sergei Dogadin, biolina
Swann Van Rechem, zuzendaria