Kontzertuak

BOS 04

Hastapeneko abonua eta abonu tematikoa "Zorionak Beethoven!"


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

4. egitaraua. Enperadorea jantzita dago.

Erik Nielsen, zuzendaria.
Javier Perianes, pianoa.


CHARLES IVES (1874 – 1954)

3. sinfonia, “The Camp Meeting”*

I. Old Folks Gatherin’
II. Children’s Day
III. Communion

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean Op. 73 “Enperadorea”

I. Allegro
II. Adagio un poco mosso
III. Rondo: Allegro

Javier Perianes, pianoa.

 

*Lehen aldiz BOSek

Iraup.: 60’ (g.g.b)

DATAK

  • 12 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      12:00 h. Sarrerak Erosi
  • 12 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 13 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      17:00 h. Sarrerak Erosi
  • 13 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Transzendentalismoaren eta transzendentziaren artean

Charles Ives (Danbury-Connecticut, 1874–New York, 1954) familia aberats batean jaio zen, zeinak loturak zituen XIX. mendeko mugimendu transzendentalistarekin (besteak beste, Emerson Thoreau, Alcott eta Whitman izenak dira aipagarriak). Ives ezohiko musikagilea izan zen nazioarteko musikari dagokionez –ez soilik Estatu Batuetakoan–, haren bizibide nagusia bizi-aseguruen negozioa baitzen, eta negozio horri esker izan zuen nahi zuena soilik idazteko aukera. Hona hemen horren guztiaren jatorriko arrazonamendua: «Gizon bat bakarrik bizi bada eta ez badu mendeko inor, inork ukitu, entzun edo erosiko ez duen musika idatz dezake. Baina emazte dotore bat eta seme-alaba maitagarriak baditu, nola utziko ditu gosez hiltzen, bere disonantzien erruz?». Hogei urte geroago, Ives Estatu Batuetako aseguru-etxe handienaren buru zen, eta urte horietan idatzi zuen bere irudimen askeak sortzen zuen musika –gauetan eta aisialdian, betiere–. Ez oztoporik ez mendekotasunik. Hala, konposizioaren munduan etorkizun handiko hasiera izan ondoren –haren aitak sustatuta, zeina talde bateko zuzendari aurrerakoia zen, eta Yalen egindako prestakuntza sendoak berretsita–, Ives oso goiz konturatu zen gizarteak ez ziola ordainduko erabateko askatasun estetikotik idatzitako musika entzutearen truk.

«Ez dut ulertzen zergatik baztertu behar den tonalitatea bera musikaren mesederako. Beti presente egon beharra ere ez», esaten zuen musikagileak; izan ere, harentzat, musika adierazpen artistiko «irekia» zen, zeinetan tonalitatea egoteak edo ez egoteak –edo zenbait tonalitate aldi berean egoteak– adierazpen-helburuen mende egon behar zuen, eta ez zen aurretiaz ziurtzat eman behar. Baina Ivesek motibo heterogeneoak elkarren ondoan jartzen zituen –batzuetan, askotariko tonalitateetan–, elkarrekin erlazionatutako osotasun zabalago batean, gogoari eta belarriari erronka egiteko. «Eskema erritmiko, melodiko edo harmoniko batean edo bitan baino gehiagotan oinarritzen den musikan, entzuleak nahiko rol aktiboa izan behar du». Konposizioko teknika horiek bizitasuna eta, aldi berean, naturaltasun ia naif bat ematen diote artistaren lengoaiari.

Baina, gainera, beste helburu bat zegoen: Ives izan zen disonantzia pizgarri moduan erabili zuen lehenengo musikagileetako bat, bere garaiko Estatu Batuetako publiko geldoaren eta Beethovenenganako –zeinari begirune handia zion– eta garaiko beste europar klasiko batzuenganako obsesioaren aurrean. Beraz, konposatzeko estilo jakin bat zuen, uste zuelako sarriegi pentsatzen zela «musikako edertasuna belarriak besaulkian etzateko aukera ematen duen zerbait dela».

Ivesek uste zuenez, «musika da Jainkoak pertsonengan oihartzuna izateko duen moduetako bat», eta gogo horrekin eta New Yorkeko Eliza Presbiteriano Nagusiko organista gisa zituen betebeharren barruan, musikariak organorako hiru pieza konposatu zituen 1901ean: preludio bat, postludio bat eta jaunartzerako pieza bat. Hirurak oinarritzat hartu zituen bere Hirugarren sinfonia egiteko, zeina «Landako topaketa» izenaz ere ezagutzen den. Azpidatzi hori hemeretzigarren mendean Estatu Batuetako herri askotan, batez ere Ingalaterra Berrian, egiten ziren topaketetatik dator. Egiaz, topaketok XIX. mendearen lehenengo erdian Iratzartze Handiaren mugimenduarekin lotuta egiten ziren elkarretaratzeen oroitzapenak besterik ez ziren, zeinetan nekazariak eta herri txikietako biztanleak toki batean biltzen ziren, abestu, errezatu eta predikariren baten sermoia entzuteko. Garai hartan, Estatu Batuetako biztanleak askoz ere sakabanatuago zeudenez, bilera komunitario horiek aukera paregabea ziren sozializatzeko, isolatuta bizi ziren familientzat.

«Txikia nintzenean Reddingen egiten ziren topaketetara joaten ginela gogoratzen dut. Nekazariak, haien familiak eta langileak oinez edo beren gurdietan heltzen ziren haietara. Gogoan dut nola soinu-uhin handiak sortzen ziren zuhaitzen artetik, milaka pertsonak lotsarik gabe eta sinpletasunez herri-abestiak abesten zituztenean. Musika-notek eta hitzek paperean esaten zutena baino askoz ere gehiago esan nahi zuten. Nire aitak taldea zuzentzen zuen eta beren erara abestera bultzatzen zuen beti jendea».

Txikitako esperientzia horien oroipenek inspiratu zuten nagusiki Hirugarren sinfonia hau, eta gai gehienak Estatu Batutetako tradizioko himno protestante eta herri-doinuetatik hartuta daude, Ivesek gogoratzen zituen moduan. Horregatik, ideiak zatikatuta eta, batzuetan, distortsionatuta agertzen dira, eta artistaren konposizio-teknikak gaiaren bilakaeran eta alborakuntzan oinarritzen dira; hala, entzuleak disonantzia bitxi batez estalita hautematen du multzoa, okerreko notak baleude bezala. Funtsean, harmonia ireki eta oso kromatizatuen sentipen horretan, eskarmenturik gabeko abeslariek abestiaren erdian tonalitatea aldatzeko modua islatzen da, eta hori Ivesentzat aberasgarria zen: «Hitz bat edo nota bat pixka bat aldatzen bazuten, mesede egiten zioten poesiari eta musikari. Boterea eta beroaldia zegoen gizatasunez betetako soinu-bilera handi haietan».

Sinfonia Lou Harrisonek estreinatu zuen 1946an, New Yorkeko Sinfonietaren buru zela, konposatu eta hamarkada batzuk geroago. Urtebete geroago Pulitzer saria eman zioten, eta Ivesek ironiaz betetako xalotasunaz jaso zuen: «Sariak haurrentzat dira», esan zuen hirurogeita hamar urtetik gora zituen musikagileak.

Mugimendu bakoitzak azpidatzi bat du, zeinak Ingalaterra Berriko komunitate oroitu horien bihotzera eraman nahi gaituen. «Betiko lagunen bilera» mugimenduak lasaitasuneko giroa eta ondo marraztutako pasarte kontrapuntistiko eder bat txandakatzen ditu. Orkestrazioaren arintasunak, gainera, zenbait bakarlariren ahotsez gozatzeko aukera ematen digu. «Haurren eguna» ospakizuneko eta freskotasuneko giro batean mugitzen da, eta «Jaunartzea» zenbait himnotan oinarritutako meditazio moduko bat da, zeina elizako kanpaien oroipen sotil eta iradokitzaile batekin amaitzen den.

Eguna amaitzeko, abestiak, desfileak eta herri-dantzak egiteko martxak eta elizako himnoak biltzen dira. Ingurune naturalekin senez bat datorren talde baten arimarekiko fedeak, collagearen teknikaren bidez –biografo batzuen arabera, «forma metatzailea»–, negozio-gizon arrakastatsu eta sentimental, mistiko eta praktiko baten nostalgia jasotzen du; sistemarekiko aske eta lotuta, tradizioa errespetatuz, disonantziak eta talka erritmikoak distortsionatzen gozatzen zuen, musikalki ausart eta isil…

Ludwig van Beethovenek (Bonn, 1770-Viena, 1827) bere musikarekin oparitzen digun eskaintzarik apartenetako bat da kontraesanez betetako gizakien bizipenak maisutasunez eta naturaltasunez –hortxe baitago benetako maisutasuna– lotzeko gaitasuna, soinuen arteko adierazpenaren bidez. Bere bizitzaren azken urteetan, bere sorkuntzari buruz hitz egiteko orduan, Erlebensmusik hitza erabiltzen zuen. Alemanez, «musika esperientzia gisa» esan nahi du.

Horretantxe datza haren erakargarritasuna eta benetakotasuna: partiturak egiteko orduan izan zuen koherentzian eta zintzotasunean, gizatasun itzel eta paradoxikoarekin batera. Beethovenen pentagrametara josita agertzen zaizkigu haren sentimendu eta sinesmenak, bizi-filosofia eta idazketaren berrikuntza helburu artistikoen zerbitzuetara jartzeko gogoa, bai eta bere garaiko testuinguru historikoa ere.

Alabaina, Beethovenen musika bere izaeraz harago doa, bai eta gizarte-antolamendu zaharkitutik alde egin nahi zuen eta Ilustrazioko ideiez argituta zegoen Europa haren gorabeherez harago ere. Beethovenen lengoaiak hemeretzigarren mendeko inperioen mugak gainditu zituen, Gizateriarentzat idatzi zuelako, denbora- eta espazio-mugarik gabe. Guztion ondarea da, eta ez da higatzen, ez du indarra eta edertasuna galtzen, ez da zaharkitzen eta ez da inoiz hilko.

Aparteko gizon zail, gogor eta zaurgarri horrek arretaz zaintzen zuen egunerokotasunaren kaosa agerrarazten zuen bere ideal estetikoa. Musikagileak, talentuz eta irmotasunez, berebiziko katalogo erakargarria sortu zuen, eta, horretan, zenbait mugarri historikoren artean Pianorako 5. kontzertu «inperial» hau aurki dezakegu. 1809an amaitu zuen pieza horrekin, Europako garai-aldaketa liluragarri eta erabakigarri bat argitu zuen, Napoleonen tropek Viena setiatzen zuten bitartean; musikagilea bera, egun horietan, lagun baten etxeko sotoan ezkutatzen zen, buruaren inguruan burkoak jarrita. Izan ere, ezin zuen jaurtigaien leherketek bere belarri gaixoetan eragiten zuten min izugarria jasan: «Zelako bizitza suntsitzaile eta kaotikoa dudan inguruan! Danborrak, kanoiak eta era guztietako giza sufrimendua besterik ez dago!», esan zuen uluka Beethovenek, zeinak obra horrekin bere bizitzako garai produktiborik emankorrenari eman zion amaiera. Garai hartan, maisulan ikaragarri asko egin zituen: lau sinfonia (Hirugarrena, Laugarrena, Bosgarrena eta Pastorala), pianorako Laugarren kontzertua, Fidelio opera, Biolinerako

kontzertua, hiru Razumovsky kuartetoak eta pianorako Appassionata eta Waldstein sonatak.

Alabaina, bere pianorako kontzertuen zerrenda ere amaitu zuen Beethovenek, hots, garaiko piano-jotzailerik harrigarri, original eta zoragarrienetako batek. Hain zuzen ere, Beethovenek ezin izan zuen Enperadorea bakarlari moduan estreinatu, gorreri nahiko larria izanik ezin baitzuen behar bezala koordinatu orkestrarekin, zalantzarik gabe bere kontzerturik sinfonikoena den horretan. Izan ere, musikagileak idatzi zuenean, nolabait susmatzen zuen zoritxarrez ezingo zuela bakarlari moduan aritu, eta halaxe gertatu zen: obra Leipzigen entzun zen lehen aldiz, 1811n, eta Beethoven ez zen estreinaldira joan. Vienako estreinaldia hiru hilabete geroago izan zen, Beethovenen lagun eta ikasle izandakoa eta, geroago, Liszten irakasle izango zena, hots, Carl Czerny, pianoan zela.

«Inperial» ezizena Beethovenen garaian eman zitzaion, eta ez zion berak jarri, zeinak, zalantzarik gabe, ez zuen Napoleonen omenez egin, ordurako benetan mespretxatzen baitzuen. Hain zuzen ere, ezizena ezagutu orduko, musikagileak editoreei adierazi zien ez zuela «kontzertu handi» ez zen beste titulurik onartuko. Alabaina, garaiko militarrik ospetsuena oso presente zegoen musikagilearen inguruan, eta, dirudienez, Leipzigen estreinatu ondoren, norbaitek (ikertzaileak ez dira bat etortzen pertsona hori nor zen esatean) ezizen hori eman zion, eta denboraren joanarekin ez da ezabatu; gainera, birtuosismoa eta sinfonismoa ezin hobeto konbinatzen dituen obra horrekin erabat bat dator. Nolanahi ere, kontzertu hori garai haietako joera euforikoaren sinbolo bihurtu zen, laster.

Austriako Rodolfo artxidukearen omenez egin zuen obra Beethovenek, ikaslea eta laguna zuelako, eta konposizio epikoa eta bikaina da. Hasierako Allegroak piano-kadentzia moduko abiamen ezin originalagoa du, Mi bemol Maiorreko tonalitatea ezartzeko pentsatutako akorde solemne batzuen erdian. Beethovenek sarritan erabiltzen zuen tonalitate hori, gogo-zintzotasunaren sinbolo moduan. Jarraian, orkestrak bozkariozko gai nagusi biribila sartzen du, eta estilizatuago bat gero, zeinak garai hartan guduan hildako heroiei egiten zitzaizkien hileta-martxa ospetsuetako bat iradokitzen duen, dramatismorik gabe, oraingo honetan. Eskuizkribuaren marjinetan, Beethovenek honelako adierazpenak idatzi zituen: «Borrokarako garaipen-abestia!», «Erasoa jo!» eta «Garaipena!».

Adagio un poco mosso adagioaren hasieran, lehenengo mugimenduaren izaera gudularia erabat apurtzen duen gai adierazkor baten aurkezpen lasaia egiten da. Ia erlijiozkoa den giro zabal eta argi batean, harmonia inguratzaileak flotatzen ari direlarik, pianoaren melodia aparta hasten da isurtzen.

Amaierako Rondo-Allegroa Beethovenen ohiko koherentziaz argitzen da, bigarren mugimendua amaitu baino justu lehenago hasten baita, pianoak rondoaren gai nagusia sortuko duen arpegio baten soinuak ahalkez jotzen dituenean. Bakarlariak interpretatu eta orkestrak errepikatutako ideia horrek pozez, edertasunez eta freskotasunez betetzen du mugimendua. Hala, kontzertua amaitzean, Beethovenen nahia betetzen da: haren musika egunerokotasuneko errealitate ilunaz harago doa, eta beti sinetsi zituen giza balioen erretratu zehatza egiten du. Txikitako lagun zuen Franz Wegelerri hil baino zenbait hilabete lehenago idatzitako hitz hauekin hustu zuen bere barrua: «Espero dut oraindik zenbait obra on idatziko ditudala, eta gero nire lurreko ibilbidea haur zahar baten moduan bukatuko dut, nonbait, jende onez inguratuta». Zalantzarik gabe, haren musika artistaren transzendentzia apur bat ukitzeko irrikatsu dauden belarri ernez inguratuta dago. Goza ezazue emanaldiaz.

Mercedes Albaina


Javier Perianes.

Pianoa

Javier Perianesen nazioarteko ibilbideak munduko kontzertu-aretorik ospetsuenetara eraman du, eta orkestra garrantzitsuenekin egin du lan, zuzendari askorekin: Daniel Barenboim, Charles Dutoit, Zubin Mehta, Gustavo Dudamel, Klaus Mäkelä, Sakari Oramo, Yuri Temirkanov, Gianandrea Noseda, Gustavo Gimeno, Santtu-Matias Rouvali, Simone Young, Juanjo Mena, Vladimir Jurowski, David Afkham, François-Xavier Roth eta Daniel Harding. Gainera, hainbat jaialditan jo du: BBC Proms, Lucerna, La Roque d’Anthéron, Grafenegg, Pragako Udaberria, Ravello, Stresa, Donostia, Santander, Granada, Vail, Blossom eta Ravinia. Javier Perianesek Musikaren 2012ko Sari Nazionala eta International Classical Music Awards (ICMA) sarietako 2019ko saria jaso ditu.

2020/2021 denboraldian, debutak egingo ditu honako hauekin: London Symphony Orchestra (orkestra horrekin, Espainian zeharreko bira ere egingo du), Tonhalle Zürich, Orchestra dell’Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Aurora Orchestra, Nederlands Philharmonic eta NHK Symphony Orchestra. Halaber, Konzerthausorchester Berlin, Cincinnati Symphony Orchestra, Orchestre Nacional de Lille, Aalborg Symfoniorkester eta Espainiako Orkestra Nazionalarekin joko du, berriz ere.

Perianesek mundu osoan eman ohi ditu errezitaldiak, eta ganbera-musika aktiboki interpretatu ohi du, Tabea Zimmermann biola-jotzailearekin eta Quiroga laukotearekin aldian-aldian jotzen baitu. Denboraldi honetan, errezitaldien bira bat egingo du Europan, Ekialde Hurbilean, Estatu Batuetan, Kanadan eta Hego Amerikan, Maitasuna eta heriotza programarekin, zeinetan Chopinen, Granadosen, Liszten eta Beethovenen lanak aurki daitezkeen.

Aurreko denboraldietan egindako emanaldietatik, hauekin egindakoak nabarmentzen dira: Wiener Philharmoniker, Leipzig Gewandhausorchester, Concertgebouworkest, Cleveland Orchestra, Czech Philharmonic, Chicagoko, Bostoneko eta San Frantziskoko sinfonikoak, Osloko, Londreseko, New Yorkeko eta Los Angeleseko filarmonikoak, Orchestre Symphonique de Montréal, Orchestre de Paris, Rundfunk-Sinfonieorchester Berlin, Danish National, Washington National, Swedish eta Norwegian Radio Orchestrak, Philharmonia Orchestra eta Yomiuri Nippon Symphony.

Harmonia Mundi etxearen artista esklusiboa izanik, Perianesek diskografia zabala du, zeinak barne hartzen dituen Beethoven, Mendelssohn, Schubert, Grieg, Chopin, Debussy, Ravel eta Bartók, baita Blasco de Nebra, Mompou, Falla, Granados eta Turina ere. Aurreko denboraldian disko hauek atera zituen: Ravelen Kontzertua Solean Parisko orkestrarekin eta Josep Ponsekin, Tombeau de Couperin eta Graziosoaren alborada lanekin batera; eta Cantilena, Tabea Zimmermann biola-jotzailearekin egindako albuma, zeinak Espainiako eta Latinoamerikako zenbait obra hartzen dituen barne. Bere albumik berrienetako beste batzuetan, Perianesek gorazarrea egiten dio Claude Debussyri, haren heriotzaren mendeurrenean, bere lehen liburuaren –Preludioak– erregistroarekin eta Estanpak lanekin, bai eta Les Trois Sonates – The Late Works lanarekin ere, zeinak Ganbera Musikaren 2019ko Gramophone Saria jaso duen. Denboraldi honetan, Perianes grabazio-estudiora itzuliko da, Chopinen 2. eta 3. Sonatei buruzko proiektu batekin.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.

20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.

Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.

Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak