Kontzertuak

BOS 04


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

I

F. Schubert: 5. sinfonia Si bemol Maiorrean D. 485
(1797 – 1828)

I. Allegro
II. Andante con moto
III. Menuetto (Allegro molto) – Trio
IV. Allegro vivace

R. Strauss: 1. Kontzertua tronpa eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean Op. 11
(1864 – 1949)

I. Allegro
II. Andante
III. Allegro

Luis Fernando Núñez, tronpa

II

J. Guridi: Itsasontzi feniziar batean
(1886 – 1961)

M. Ravel: Rapsodia espainiarra
(1875 – 1937)

Dur: 100’

DATAK

  • 31 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 01 azaroa 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Musika koloretan

Musikak kolorea du, eta orkestra sinfoniko handi bat entzuten dugun aldiro egiaztatu dezakegu hori. Har dezakegu koadro orokorra margotzen duten egileen eskura dagoen kolore paleta osotzat edo zuzendarien eskura dagoen paletatzat, zeinak keinu batez urdin pixka bat gehiago ematen dioten lanari edo pintzelkada berdea nabarmentzen duten. Zenbait musikari, Rimsky-Korsakov, Scriabin eta Messiaen esaterako, eta beste hainbat artista, Kandisky adibidez, musikaren eta kolorearen arteko sinestesiak nabarmentzeaz arduratu ziren.
Programa hau egokia da ikuspegi horretatik abiatuta entzuteko, hau da: musikariek beren obrak margotzeko balia ditzaketen moldeen erakusgarri askotarikoa da. Lau obra elkarren oso desberdinak, baina oso koloretsuak denak.
Programaz bestelako ordena kronologiko bati jarraituko diot, zuen baimenarekin; pieza horietako lehena Franz Schuberten bosgarren sinfonia da, 1816ko obra bat, musikari austriarrak hemeretzi urte besterik ez zituela osatua. Ez da erraza esaten zerk harritzen gaituen gehiago: obraren heldutasunak edo urte horretan bertan lan horrek beste 200 ahizpa izateak. Lan horiek idatzi bitartean, gainera, haur txikiei eskolak ematearen ondoriozko tortura jasaten zuen Schubertek, aita, eskola maisua bera, pozik uzteko eta diru pixka bat irabazteko, “eskolako zama pizti” baten antzera (Ignaz anaiaren hitzak, Franzen egoera berean hura ere).
Lehen maisu-sinfoniako Schubert oso mozartarra da, artean sentitu gabe baitzegoen Beethovenen sinfonia ikaragarriek eragindako inpresioa (baina itxaron urtarrila amaitu arte, BOSek Vienako musikariaren bederatzigarren eta azken sinfonia eskainiko dizue, Handia, eta hartan dagoeneko nabarmena da Bonneko jeinuaren arrasto sakona). Mozartenganako miresmena zen nagusi garai hartan musikari gaztearen ariman: “O Mozart, Mozart hilezkorra! Bizitza hobe eta distiratsuago baten zenbat eta zenbat pertzepzio betiereko ekarri dizkiguzun gure baitara!”
Baina asko dago beretik eragin horiei guztiei heltzeko moduan. Esate baterako, osagai nabarmena da –gure musikariarengan gertatu ohi den moduan– inspirazio melodikoaren etorria eta erraztasuna. Inoiz melodia bat marrazten saiatu bazarete, ondo jakingo duzue zein zaila den Schuberten lan honek zein beste ehunka lanek duten soiltasunaren eta askotarikotasunaren arteko oreka perfektuarekin asmatzea. Inspirazioa lanean ari garela etorri behar zaigu, baina egia da, halaber, zenbait artistari bereziki maiz etortzen zaiela inspirazio hori. Nahikoa da lanaren lehenengo gaiari erreparatzea: oreka horren erakusgarri bikaina baita. Edo lehen mugimendu horren beraren bigarren gaiari, guztiz mozartarra bai graziari bai arintasunari dagokionez. Eta, noski, mugimendu geldoaren doinu ahaztezinari, zeinak gogorarazten digun Schubert bereziki abeslari handia izan zela eta dohain ikusgarria zuela bere doinuen dotoretasun cantabilerako.
Bada, talentu melodikoari lotuta dago kolorearen gustua, eta sinfonia hau osatzen duten osagai askotan hautemango dugu hori. Oso adierazgarria da, esaterako, instrumentu familien ahotsak eta orkestraren sekzioak kontrastatzeko, nahasteko, txandakatzeko… modua. Hariei eta egurrei dagokienez batez ere. Lanaren lehenengo lau konpasak, esaterako, jasotzen den oihala dira, Brian Newbolden hitzetan; Schubertek egurren esku uzten du, lehenengo biolinek, biolontxelo eta kontrabaxuekin galdera-erantzunen jokoaren bitartez, lehenengo gaia azaldu aurretik. Etengabe hautematen dira era horretako trukeak, baina beharbada bigarren mugimenduan nabarmentzen dira gehien; lehenik jarri arreta nola hartzen dituen tonalitate berriak harien bitartez azaldutako doinuak, txirulen eta oboeen bikoizketaren bitartez errepikatu bezain pronto, tronpen eta fagoten hondo ilun eta beroagoaren gainean. Sekzio hori guztia era horretako ñabardurez beteta dago; ñabardura sotilak badira ere, aberastu egiten dute entzutea.
Modu maiorren eta minorren arteko argi aldaketak, zeinekin Schubertek izugarri gozatu zuen bere katalogo guztian, ugariak dira hemen ere; azken mugimenduak era horretako sorpresa ugari eskaintzen ditu, argitasunaren eta iluntasunaren arteko aldaketetan.
Labur esanda, hemeretzi urteko musikari batentzat sinestezina den perfekzioz eta heldutasunez osatutako lan bat. Bitxia bada ere, programa honetako beste lanetako bat ere gazte garaiko lan bat da. Hemezortzi urte zituen Richard Straussek 1882-83an pianoz lagundutako bertsio bat prestatu zuenean tronparako bere lehen kontzerturako; handik gutxira orkestratu zuen.
Ez da harritzekoa tronpa hautatu izana gaztetako lan hartarako protagonista gisa, izan ere, Franz Strauss, Richarden aita, ospe handiko tronpa-jotzailea zen bere garaian eta ikasleak zituen gainera. Beraz, tronpek etengabe durundatzen bide zuten Strausstarren etxean musikagile gaztearen prestakuntza urteetan, eta, ondorioz, ondo ezagutu zuen eta gogoko izan zuen tresna hura. Ez da, ordea, idatziz jaso etxe hartako bizilagunak bat zetozen zaletasun harekin.
Lan horretan ez duzue hautemango handik urte gutxirako Strauss heldua, bere poema sinfoniko handien bereizgarri den orkestraren nagusitasuna lortu zuen garaiko hura. Oraingo honetan, orkestraren tratamenduak, lanaren egitura harmonikoaren antzera, Mendelssohnen nolabaiteko eragina ematen du aditzera, baina are soilagoa da.
Hala ere, tronpa bakarlariaren agertze hutsa nahikoa da interes kromatikoa pizteko gugan. Multzo sinfonikoaren barruan, tronpak dira enpaste orokorrari gehien laguntzen diotenak, horien kolorearen aniztasunari esker hain zuzen ere. Alde batetik, tronparen soinuaren sakontasunari eta berotasunari esker, armonia handiz nahasten da gainerako tresna familiekin, hari baxuekin bereziki, nola giro aberats eta zirraragarriak sortzeko hala metalen koralei hotsandiko doinua emateko. Baina, beste une batzuetan, distiratsu eta ahaltsu entzuten dira, multzoa distiraraziz edo lehen planora igaroaraziz.
Gaur, lan labur baina zorrotz honetan, kolore eta ñabardura horiek guztiak entzungo ditugu, modu askoz ere zuzenagoan, tronpa baita bakarlaria lan honetan, non eskatzen zaion interpretatzaileari erabil dezala tresnaren malgutasun osoa, tresnak jo dezan indartsu edo gozo, martzial edo ezti, garratz edo legato, unearen arabera.
Ibilbide kronologikoari jarraituz, paleta sinfonikoaren erabilerari dagokionez maisu handia izan zena topatuko dugu. Maurice Ravelek konposatu baino gehiago margotu egin zuen 1907tik eta 1908ra bitartean rapsodia hau, eta bi pianorako habanera bat (1895. urtekoa) izan zen haren hazia. Espainiar musikaren lilura, garai hartako musikari frantses askok sentitzen zutena, kutsu inpresionistako fantasian agertzen da: esate baterako, egituren erabileran eta eskala modal, exotiko edo egileak berak sortutakoetan, musikari kolore berezia emateko helburuarekin.
Adibide nabarmenena hasierako mugimendu osoan (Preludioa gauari) dabilen lau notako motiboa da (fa-mi-re-do# beheranzko tetracordoa), zeinak, maisutasunez orkestratuta, sortzen duen ondorengo mugimenduetako zenbait gaitan ehunduz doan bilbea. Zentzu tonal tradizionalaren arabera interpretatu badaiteke ere, egia da motibo labur honek ihes egiten diola sailkapen horri, bere jarraikitasunagatik eta azalduko lukeen gainerako eskalatik isolatuta, eta funtzio piktoriko esan litekeena betetzen du, terminoa asko behartu gabe.
Gainerako guztia Ravelek orkestraren aukerak ahal beste ustiatzeko zuen ahalmenaren erakusgarri bat baino ez da (bere karrerako lehen garrantzitsuenetako bat): sotiltasun handiko koloreen festa bat da, izan ere, amaierako Feria bitartean ez dira kanporatzen eutsitako energia guztiak; aurretik, tresna eta familia guztiek dute aukera solistikoa, beren pintzelkadekin koadroari laguntzeko.
Azkenik, Jesús Guridiren lan batez gozatzeko aukera atsegina eskaintzen digu kontzertu honek. 1925. urteko poema sinfoniko bat da, zeinaren jatorria den François Fénelon elizgizon eta politikari frantsesaren Telemakoren abenturak (1699) literatura lana. Lan utopiko bat da, Luis XIV.a kritikatzen duena, baina Guridik alderdi hori alde batera utzi eta pasarte jakin batean jartzen du arreta: Telemakok eta bere maisu Mentorrek gaualdi bat igarotzen dute Adoam feniziarraren itsasontzian, loreez, lurrin gozoez, musikaz eta dantzaz inguratuta.
Aitzakia perfektua da irudi ugari osatzeko: itsaso barea, ilargiaren isla uretan, opariz beteriko zerbitzariak, dantzarien eboluzioak eta Epiron zeharreko bidaia atsegina. Nork ez luke han egon nahiko? Musikariak maisutasun guztia baliatuko du gu itsasoratzeko. Ekialdeko giroak, halaber, aukera ematen dio izaera modaleko zenbait doinu sartzeko, zeinak ohiko tonalitateaz kanpoko esparruetakoak diren, eta, horregatik, tonu arkaikoz edo exotikoz margotzen dute musika, feniziar dantzen erritmoekin bat eginik. Goza ezazue gau mediterraneo beroaz, eta pentsatu nolako meritua duen Guridik, gai izan baita hura marrazteko gure belarrientzat, nahiz eta Gasteizko gau freskoetara ohituta egon.
Aprobetxatu tarte hau koloretan entzuteko, egunerokoan aski bizi baikara zuri-beltzean.

Iñaki Moreno

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
23 - 26 - 29 - 01
Eka
2026
>ANDREA CHÉNIER –  U. GIORDANO

ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO

Lekua: Euskalduna Bilbao

Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.

Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.

Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.

Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.

Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.

ANTZEZLEAK

Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe

TALDE ARTISTIKOA

Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera

* Debuta en ABAO

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
04 - 05
Eka
2026
>Amerikar arima

Amerikar arima

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Pacho Flores gurera etorriko da berriro tronpeta-kontzertu bikaina jotzera, hain zuzen ere, Paquito D’Rivera apartak eskaini diona, Venezuelako erritmoetan oinarrituta. Izan ere, Amerikako kontinentearen hegoaldeak azken hamarkadetako musikarik onenetakoa eman digu; horren adibide bikainez gozatu dugu Carlos Miguel Prietoren batuta bizigarriaren erara. Adi egon Gabriela Ortizen azalpenei eta nortasunari nahiz lurraldeari buruz egingo duen hausnarketa musikalari.

C. Chávez
Sinfonía nº 2 “India”
P. Flores
Morocota
P. D’Rivera
Concerto venezolano
G. Ortiz
Téenek – Invenciones de Territorio
J. P. Moncayo
Huapango

Pacho Flores, tronpeta
Leo Rondón, cuatro venezolano
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak