Kontzertuak

BOS 03
Hastapeneko Abonua
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
I
M. Mussorgsky / N. Rimsky Korsakov: Khovanschina, obertura
(1839 – 1881)
K. Szymanovski: Kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 35
(1882 – 1937)
I. Vivace assai
II. Tempo comodo – Andantino
III. Vivace scherzando
IV. Poco meno – Allegretto
V. Vivace (Tempo I)
Soyoung Yoon, biolina
II
N. Rimsky-Korsakov: Sherezade, op. 35
(1844 – 1908)
I. Itsasoa eta Sinbaden itsasontzia
II. Kalender printzearen ipuina
III. Printze gaztea eta printzesa
IV. Festa Bagdaden; Itsasoa; Itsasontzi baten hondoratzea haitzen kontra
Dur: 100’
DATAK
- 17 urria 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 18 urria 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Koloretako alegiak
Haize leun freskoa bezala, gaur, ipar-ekialdetik datorkigu musika. Eta kontatzeko asmoz dator gugana, alegiak xuxurlatzeko edo balentriak aldarrikatzeko gogoz. Musika eta kontakizun hauek milurteko sustraiak dituen lurralde zabal batean sortu dira, baina kolorez, adierazpenez eta edertasunez beteriko orkestra bat ematen dute argitara.
Egun berri bakoitza nola, egunsentiarekin hasten da kontzertua, Khovanschina operaren Oberturan zirriborratuta dagoenarekin, hain zuzen. Modest Mussorgskyk (Karevo, 1839 – San Petersburgo, 1881) bost ekitaldiko herri-drama musikal gisa sortu zuen obra handi hau. 1872an hasi zuen, baina atzeratu, eta geroago hartu zuen berriz, beste proiektu batekin batera txandakatuta: Sorotchinskyko azoka proiektuarekin, alegia. Konpositorea hil egin zen, eta bi operak amaitu gabe geratu ziren. Khovanschina operari dagokionez, pentagramek hainbeste promes ezkutatzen dute, non bere asmo oneko lagun maitea zen Rimsky-Korsakovek erabaki baitzuen Mussorgsky hil ondoren gordetako materiala orkestratzea (eta partiturako zortziehun konpas baino gehiago kentzea). Alabaina, ez zen Rimsky izan Mussorgskyren ideiak orkestra-kolorez beterik zeudela pentsatu zuen bakarra: 1913an, Errusiako Balletek obraren lehen antzezpena egin behar zuten Parisen, eta Diaghilevek Raveli eta Stravinskyri agindu zien orkestrazio berria. 1959an, Shostakovichek berriz orkestratu zuen obra, Mussorgskyk pianorako egin zuen jatorrizko partitura zorrotz betez. Gaur, Rimskyren bertsioa entzungo dugu, 1886an San Petersburgon estreinatutakoa.
Mussorgskyk hitz hauekin laburbildu zuen bere kredo estetikoa: “Arteak ez du berez helburu bat izan behar; pertsonek elkarrekin komunikatzeko eta errealitatearen berri izateko tresna bat izan behar du”. Hori paradoxikoa da, batez ere kontuan izanda gehien programatu dizkioten lanak gure belarrietara iritsi direla beste konpositore batzuek hainbat ukitu, berrikusketa eta instrumentazio egin ondoren, uste izan baitzuten espiritu aske honen musika zaila zela komunikatzeko. Mussorgskyk amarengandik eta soroetako langileengandik jaso zituen musikaz zituen lehen ezaguerak. Funtsezko musika horrek eragin zion soinuzko lilurak, haurtzaro zoriontsuko oroitzapenei lotuta, urrundu egin zuten prestakuntza akademikotik; prestakuntza hori, Errusian, Alemania eta Italiako musika-tradizioaren itzalpean abiatzen zen. Kontserbatorioak eta musika-elkarteak eratuz Moskuko eta San Petersburgoko musika-antolakuntza sustatu zuten Rubinstein anaiek amateurtzat hartzen zuten. Iritzi hori Mussorgskyren bertuterik benetakoenetako bat dela uste da gaur egun, garai hartan iritzia botatzean adierazten zuten mespretxutik urrun: konposizioko arauen ezaguera ezaren, eta, beraz, idazteko askatasunaren ondorioz, haren hizkuntzak benetakotasun eta freskura handia ditu, eta, hargatik, oso estimatua izan zen –XX. mendean ere bai, eta nazionalitate askotako musikariek maitatua–, bere belaunaldiko konpositore errusiarrik ausartena eta interesgarriena zelakoan. Hara ere, “bosten taldea” deitutakoan –Errusiako nazionalismo musikalaren egileak–, bera izan zen nazioarteko proiekzioa bilatu ez zuen bakarra. Egia esan, sekula ez zen ospearen atzetik ibili, ez modalitate batean, ez bestean, eta inoiz ez zen Errusiatik atera.
Khovanschina operako Oberturan, Mussorgskyk soinu-paisaia taxutzea lortu zuen, zentzu poetikoz eta aldi berean zehatzez, halako moldez non Moskova ibaiaren gaineko egunsentiaz egiten duen deskribapena Errusia berriaren esnaeraren metafora ederra baita, iraganeko patroi zaharren gainetik esnatzen ari zen Errusiarena. “Bizitzan parte hartzen duen melodia” baten ibilaldiari jarraiki, musikak atmosfera errealista eta iradokitzaile batean murgiltzen gaitu; eta, goizeko airearen taupada arinaren gainean, Rimskyren instrumentazio leunaren eskutik, egunsentiko argi meheak azaltzen hasten dira, eta haize-tresnen kolore lurrintsuek baretasunez betetzen dituzte.
Karol Szymanowski (Tymoszówka, 1882 – Lausanne, 1937) inperio errusiarreko herri txiki batean jaio zen –gaur egun Ukrainian kokatuta–, baina sendo errotutako jatorri poloniarra zuen kultura eta historia aldetik. Haurra zenetik, hazkuntza artistikoaren aukerez baliatu ahal izan zen, familia ekonomikoki aberatsa baitzen eta adierazpen artistiko guztietarako zuen joera bultzatzen baitzuen. Gaztetan bidaia asko egin zituen, eta korronte estetiko eta folkloreko erakusgarri desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen. Berdin piztu zioten interesa era askotako herri-kultura musikalak –poloniarrak, arabiarrak edo Mediterraneokoak– zein musikaren hizkuntzako berrikuntzek; eta, haren ibilbidean barrena, musika adierazteko izan zituen formak aldatu egin ziren inguruabarren arabera. Jakiteko eta esploratzeko grina eduki arren, Gerra Handiaren garaian, konpositoreak itxita egon behar izan zuen senideekin batera, familiakoen finkan; eta, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenez, bakartze hori luzatu egin zen. Hala ere, berak “barne paisaia” deitzen zuena sortu zuen, bere esperientzia kultural goiztiarrekin aberastuta, eta hori lagungarria izan zen orduko zoritxarra bertute bilakatzeko, eta, konpositorearen beraren esanetan, “bakartze bikaina” izateko. Horiek horrela, urte haiexetan, Szymanowskik 1. kontzertua biolin eta orkestrarako Op. 35 sortu zuen, metatuta zuen material guztia eta bere fantasia musikala eratzen eta gerren munstrokeriatik urruntzen zuten ezin konta ahala irudi exotiko erabiliz. Obra 1916an amaitu arren, estreinaldia 1922an izan zen, Varsoviako Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Józef Ozimiński bakarlaria zela –baina Paul Kochanski apartari eskainia–.
Kontzertu horren diskurtsoan, aire magiko batek kutsatzen ditu obra egituratzen duten bost sekzio edo mugimenduetako giro aldakorrak. Barne zatiketa hori ez da oso ohikoa generoan, eta, beraz, hemen egokiagoa da esaldi edo atal narratiboez aritzea, batetik bestera arteko trantsizioa ia ezin sumatuzkoa dela onartuta, hasierako ikuskerak osotasun organiko bat duelako oinarrian.
Mugimendu batetik bestera modu argian igaro ordez –beste kontzertu batzuetan bezala–, fraseatze luze eta kartsu batekin dabil nora ezean, etengabe aldatzen ari diren emozioen eta klimen artean, eta partitura inguratzen duen irrealtasuneko airea areago hedatuz. Ekialdeko trazadurako tarteetan oinarritutako melodia pilpiragarri baten fantasia eta sentsualitateak biolinaren muturreko erregistroak ikertzen ditu, eta Erromantizismo berantiar baina liriko eta bikainaren sakoneran murgiltzen du entzulea.
Alabaina, Szymanowskiren lorpenik handiena da eduki sentimentaleko erromantizismo hori formatu eta hizkuntza aldeko halako ausardia batez bateratzea, harmonia- eta testu-ingurune berriak bilatu nahian. Kontzertu honetan, alde poetikoari esker, ez zen desbideratu, eta, gaiei jarraipena emanda, lerro nagusiari heldu zion, eta bakarlariaren ahotsaren bidez era bikainean zabaldu, betetasun gorenean dagoen orkestra baten kolore askoko tapiz leun eta desagerkorraren gainean. Ausardiak bultzatuta, Poloniako musikaren panorama biziberritu zuen XX. mendean, eta haren atzetik Witold Lutosławski, Krzysztof Penderecki eta maila goreneko beste figura batzuk azaldu ziren.
Kontzertuaren bigarren zatian narratiba errusiarraren indar osoak egiten du eztanda, Scheherazaderen ahots bikainean, zeinak, eztei-gaua igarotakoan hiltzeko patu makabroari iskin egiteko –irudimen gutxi zuen Schariar sultan zitalak xede hori baitzuen prestatuta bere emazteentzat–, erabaki zuen bilauari kontakizun bat kontatzea gauero, mila gau eta bat gehiago emanda… Nikolai Rimsky-Korsakovek (Tijvin, 1844 – Liubensk, 1908) jarri zien musika 1835ean Kairon argitara emandako ipuin arabiar ospetsuen bilduman jaso ziren hainbat narraziori. Hark “Ekialdeko ipuineko irudi zoragarrien kaleidoskopio” gisa deskribatu zuen suite sinfoniko moduko hau. Izan ere, tinbre aldeko irudimenak bidea aurkitu zuen Scheherazade sultanak kantuka kontatzen zituen aparteko istorioetan, biolinaren bidez. Alabaina, Rimskyren bolada koloretsuak harantz jotzen du, eta ugaritasun hori, azkenean, orkestraren birtusismo-uholde bilakatzen da.
Bere garaiko errusiar askok bezala, Rimskyk etxean jaso zuen musikako lehen hezkuntza, eta, aldi batez, bosten taldeko kideekin partekatu zuen musikaren irakaskuntza instituzionalizatzeko arbuioa. Hala ere, San Petersburgoko Kontserbatorioko konposizio-irakasle izendatu ondoren, zintzotasunez onartu zuen musikaren ikaskuntza praktiko ona aberastu egiten dela, oinarrian duen teoria jakinda, eta diziplina zorrotza bete zuen harmonia eta kontrapuntua ikasteko. Rimsky-Korsakovek honela onartu zuen: “garai hartan ezer gutxi nekien musikaren teoriaz, baina instintuari eta belarriari jarraitzen nien”. Azkenean, orkestrazioko tratatu bikaina idatzi zuen, eta, horrekin, agerian jarri zuen hasierako diletantismo militantea kalitate altuko profesionalizazio bilakatua zela; horrenbestez, zimenduak jarri zituen Errusian tradizio didaktiko sendoa eta emankorra izateko. Irakaskuntza lanbide atsegina izan zen harentzat, eta ikasle ugarien artean gogoko batzuk izan zituen, hala nola Stravinsky eta Glazunov.
Scheherazaderen estreinaldia 1889. urtean izan zen, hark zuzendutako San Petersburgoko Kontzertu Sinfoniko Errusiarren esparruan. Material musikalak tratatzeko askatasuna Rimskyk orkestratzeko erakusten zuen talentu handiaren zerbitzuan egon zen, eta inoiz ez zuen aztoratu literatura-sormena edertasun melodikoarekin eta orkestra-alardearekin lotzen dituen haria. Benetako jai honek batera biltzen ditu gure belarrientzat itsas ekaitzen haserrearen beldur ez den nabigatzaile ausart bat, eskale nostalgiko bilakatutako printze bat, eta maitale gazte batzuk, beren amodiozko istorio ederra lurrinez eta samurtasunez betetzen dutenak. Denak sultan ankerraren begirada mesfidati eta ilunaren azpian, adimenak eta musikak betiko garaitutako sultanaren porrota handizki ospatzen dela Bagdaden, amaiera barea iritsi aurretik (antza, sultana loak hartu du. Betiko izango al da…?).
Gaur, fantasia eta orkestra-maisutasuneko erauntsi miresgarriak sartuko dira ipar-ekialdetik –haize-bolada edo tornado gisa–. Goza itzazue.
Mercedes Albaina
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Leningrado, Vasily Petrenkok gidatuta
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Xostakovitxen “Leningrado” deritzon 7. Sinfonia, XX. mendeko partiturarik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, obrak totalitarismoen aurkako erresistentziaren ikurtzat dirau gaur egun. Sasoia zenean, propagandako helburuz erabili zen humanista baten salaketan oinarritzen da, baina horren ikuspegia askoz harago doa, musikagileak Volkov kazetariari adierazitako “Testigantza”-n agerian geratu zen bezala. Vasily Petrenko ospetsuaren batutak gidatutako ikuskizun aparta da, Ukrainaren inbasioan izan den zoritxar morala salatzeaz gain.
D. Shostakovich
Sinfonía nº 7 en Do Mayor Op. 60 “Leningrado”
Karmele Jaio, narratzailea
Vasily Petrenko, zuzendaria

Ganbera 2
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
J. Álvarez
Metro Chabacano
Cuarteto de cuerda BOS
T. Bretón
Cuarteto de cuerda nº 3 en mi menor
Cuarteto de cuerda BOS
A. Piazzolla
Selección de Tangos
Cuarteto de violín, contrabajo, bandoneón y piano BOS

Mozart eta antzinakoa
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Gabriel Erkorekaren lanik onenetakoa dugu Zuhaitz, obra horren hizkuntzaren modernotasuna usadioekin, naturarekin eta antzinakoarekin uztartu zuela; horretarako, Kalakan taldeko musikarien behar-beharrezko laguntza izan zuen. Mozartek tarte zoriontsu batez gozatu zuen Linzeko egonaldi laburrean, eta sinfoniarik liluragarrienetako bat eskaini zion hiriari. Bestalde, Ravelen musikak eta musikariaren haurtzaroko oroitzapenek osatzen dute programaren edertasun barea.
M. Ravel
Ma Mère l’Oye, Suite
G. Erkoreka
Zuhaitz, Concierto para percusión vasca y orquesta
W. A. Mozart
Sinfonía nº 36 en Do Mayor K. 425, “Linz”
Kalakan
Jean Deroyer, zuzendaria

Badator erromantizismoa
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
XIX. mendeko errepertorio ugariari begiratzen dion egitarau biribila. Erromantizismoaren iraultza ulertzeko funtsezko bi obra eskainiko dira. Schubertek maisutasunez arakatu zuen formatu handia bere azken sinfonian, obra horrek, agidanez, Bruckner musikagilearen goitasuna iragarri zuela; Beethoven, berriz, emoziozko zirimoletan barruratu zen do minorreko kontzertu biribilean. María Canals piano-lehiaketaren irabazleak joko du pieza.
L. van Beethoven
Concierto nº 3 para piano y orquesta en do menor Op. 37
F. Schubert
Sinfonía nº 9 en Do Mayor D. 944 “La Grande”
Xiaolu Zang, pianoa
Iván López-Reynoso, zuzendaria