Kontzertuak

Arimaren sakontasunak


Euskalduna Jauregia Bilbao.   19:30 h.

Claire Huangci, pianoa

Nicoló Umberto Forón, zuzendaria


I

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

Le nozze di Figaro, obertura K. 492

24. kontzertua piano eta orkestrarako do minorrean K. 491

I. Allegro
II. Larghetto
III. Allegretto

Claire Huangci, pianoa



II

SERGEI RACHMANINOFF (1873 – 1943)

Dantza sinfonikoak Op. 45

I. Non allegro
II. Andante con moto (Tempo di Valse)
III. Lento assai – Allegro vivace

DATAK

  • 29 urria 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 30 urria 2026       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

SARIA EDO ZIRIA

Ikus-entzunezkoen bonbardaketatik aldentzea lortu baduzue ere, neuk ere esan beharko dizuet: larunbatean Halloween izango da. «Jaloguinen» kontu hori Estatu Batuetatik inportatu dugun gauzetako bat da, film edo serie batean behar beste aldiz ikusten dugun ia guztia inportatzeko erabiltzen dugun poza eta guzti: kalabazak, mozorroak, umeak txirrinak jotzen, «ziria edo saria»… Dena oso amerikarra. Edo hori ematen du, benetan, Halloween joan-etorriko tradizioa delako.

Kalabaza barruan kandela bat eramaten hasi baino askoz lehenago, alegia, helduentzat zonbi, Spiderman edo Leia Printzesaz mozorrotzea zeharo gizarte-jarduera onargarri bihurtu baino askoz ere lehenago, urriaren amaieran egonezina sortu ohi zen. Antzinako herri zelten kasuan, uztaren amaiera urteko zati ilunaren hasiera zen: negua iritsi, ugaritasuna bukatu eta, nolabait, gerizen eta itzalen garaia hasten zen. Samhain igarotze-unea zen, hain zuzen, bizien eta hildakoen munduaren arteko muga bereziki iragazkorra bihurtzen zen unea. Eta gau horretan hildakoek beste alde honetara zeharkatzeko aukera zutenez gero, ez zirudien ideia txarra zenik gu ez ezagutzen saiatzea… Hortik datoz maskarak, animalien larruak eta mozorrotzeko bestelako moduak. Itxura horrek oharkabean pasatzeko balio zuen, arriskutsua izan zitekeenarekin nahasteko. Ez dakigu erritu horietako bakoitzak zenbateraino erantzuten zion zehazki asmo berari, baina ideia nahiko indartsua da: mugaren beste aldean nor egon daitekeen ez dakigunez, agian komeni da gure benetako izaera eta nortasuna ezkutatzea.

Zenbait mende igaro dira, eta, zorionez, jada ez dugu espirituengandik babestu beharrik —tira, ez behintzat normalean—. Halloween jai bihurtu da, biltzeko aitzakia, irudimenarekin jolasteko aitzakia, eta zenbait orduz urteko gainerako orduetan ez garen beste zerbait izateko aitzakia. Mamarroak, fikziozko pertsonaiak, ezinezko umeak, geure buruaren gehiegizko bertsioak… Beldurra dibertsioaren ordez aldatu dugu, baina gauza bera egiten jarraitzen dugu: maskara bat janzten.

Eta, agian, ez dago honako hau baino data egokiagorik itxurarekin jokatzen duten hiru lan entzuteko. Diruditena ez baita zehatz-mehatz zer diren.

Eta hona sartu da Mozart, arrapaladan. Izan ere, mozorro bat jantzi eta korrika irteteko gai den norbait badago, Figaro da. Le nozze di Figaroren oberturak minutu gutxi batzuk irauten du, eta ez digu ia ezer kontatzen geroago gertatuko denari buruz: ez ditu pertsonaiak aurkezten, ez ditu melodiak aurreratzen eta ez du operaren saio handietako bakar bat ere aipatzen. Horren ordez, Mozartek abiada betean irekitzen du oihala: noten uholdea, dinamika-aldaketak, izu-ikara laburrak eta geldirik geratzeko gai ez dirudien energia. Dena abiada bizian, arrapaladan… eta gu atzean.

Musika horrek aditzera eman nahi digu hona dibertitzera etorri garela. Izan ere, Figaro komedia bat da. Baina azal hori apur bat baino ez da urratu behar haren azpian dezente gehiago dagoela ikusteko: desioa, jeloskortasuna, engainuak, txarto-ulertuak, botere-jokoak eta istorioaren zati handi batean besteek nor diren, zer nahi duten edo zer egiten ari diren ez jakiteko ahaleginetan jarduten duten pertsonaiak. Maskara jantzita dago.

Mozartek, 1786an nortasun bikoitzetan eta anbiguotasunen jokoan interes berezia zuela zirudien arren, oraindik ere beste ziri edo trikimailuren bat gordetzen du. Le nozze di Figaroren estreinaldia baino aste batzuk lehenago amaitu zuen urte hartako beste lan handi bat: pianorako 24.kontzertua, do minorrean.

Lehendabiziko begiratuan, deszifratzeko askoz ere lan errazagoa dirudi; azken batean, ezin hobeto ezagutzen dugu banaketa: piano bakarlari bat, orkestra bat eta ia lege bihurtu diren zenbait estilo-konbentzio daude, genero horrek hainbat hamarkadatan erabili zituenak. Bakoitzak bere zeregina betetzen du, eta badakigu nora begiratu. Edo hori uste dugu, Mozartek familia-mozorro hori baliatu baitzuen are gauza interesgarriagoa egiteko —nola ez!—. Orkestrak hondotik diskretuki laguntzen dion bitartean, pianoa ez da huts-hutsean mugatzen dir-dir egitera: musika-tresnak mintzo dira, elkarri erantzuten diote, eteten dira, kontraesanean jartzen dira eta, batzuetan, inor isilik geratzeko prest ez dagoen elkarrizketa baten protagonismoan lehiatzen bide dira. Figaron Mozart-ek arineketan egiten zuela zirudien, baina hemen eztabaidan ari da.

Eta horixe da, beharbada, obrako engainurik arrakastatsuena: kontzertu klasiko baten itxura dotorearen azpian, ohiko erretratuak iradokitzen duena baino Mozart desatseginagoa agertzen da. Izan ere, Mozartek mendeak eta mendeak egin ditu Mozartez mozorrotuta.

Mozorroen arazoa da, behar legez funtzionatzen dutenean, jantzi dituen pertsonarekin nahasten ditugula. Musikaren historiako figura gutxi geratu dira bera bezain harrapatuta pertsonaian: denok ezagutzen dugula uste dugun jeinu irribarretsu, argitsu, itxuraz axolagabe, lotsagabe eta ia funtsik gabea. Kontzertu hau entzutea nahikoa da istorioa askoz konplexuagoa dela susmatzeko.

Zerbait usaindu behar izan genuen Mozartek beretzat do minorra aukeratu zuela ikustean, tonalitate hori ez baitzen oso ohikoa bere katalogoan eta, gainera, bere orrialde bizienetako batzuei loturik baitzegoen. Hasierako Allegroaren aurreneko konpasetatik obra osoa zeharkatzen duen kezka bat ezartzen da. Pianoak eta orkestrak elkarrekin egiten dute aurrera, baina gutxitan ematen dute guztiz ados daudela. Elkarrizketa etengabea da; tentsioa ere bai.

Larghettoak arnasaldia eskaintzen du. Minutu batzuetan, mozorroa erlaxatu egiten dela dirudi, eta musikak argi bareagoa eta kantagarriagoa sartzen uzten du. Baina hemen ere nolabaiteko hauskortasun-sentsazio batek dirau, lasaitasuna ederra bezain iragankorra bailitzan. Eta azken mugimendua iristen denean, Mozartek dribling bat egiten du berriro, eta gure itxaropenen artean ezkutatzen da. Amaierako rondo distiratsu baten ordez, musika-materiala behin eta berriz eraldatzen duen bariaziodun gai bat aukeratzen du, perspektibak, koloreak eta aldarteak aldatuz, hasieratik obrari lagundu dion itzala inoiz erabat galdu gabe.

Agian horregatik da hain liluragarria 24a, zeren, Figaron gertatzen zen bezala, itxurek ez baitute inoiz istorio osoa kontatzen. Mozorroak hor dirau, eraz jantzita, baina honezkero josturak ikusten hasi zaizkio.

Eta orduan, arineketan eta eztabaidan ibili ondoren, hainbeste gorabehera eta zalapartaren ondoren, Rachmaninoff aretoan sartzen da aura dotorearekin eta dantzarako gogoekin.

Izan ere, dantza sinfonikoak, hain zuzen ere, dantzarako bokazioarekin sortu ziren. Hasiera batean Rachmaninoff-ek Dantza fantastiko iritzi zien eta bere hiru mugimenduetarako Eguerdia, Ilunabarra eta Gauerdia bezalako izen argitsuak imajinatu zituen. Behin betiko izenburua ez da hain esplizitua, baina bai, segur aski, misteriotsuagoa: Dantza sinfonikoak. Aldaketaren ondoren, ez dakigu zehazki zer ikusten ari garen, baina ziur gaude norbait dantzan ari dela.

Eta musika, jakina, guri arrazoia emateko prest dagoela ematen du. Lehenengo mugimendua energia ia fisikoarekin sartzen da, erritmo zorrotzekin, bat-bateko aldaketekin, bata bestearen atzetik datozen koloreekin eta batetik bestera mugitzen dela dirudien orkestrarekin. Horretan guztian zerbait teatrala dago; are gehiago: zerbait zinematografikoa ere badago. Baten batek pentsa lezake, Figaroren lasterketen eta kontzertuaren eztabaiden ondoren, azkenean iritsi garela festara —ilea narras, masailak zimelduta eta arnasa berreskuratu nahian—. Baina Rachmaninoff-ek berriro egingo du susmatzen ikasi duguna: mozorro bat jantzi.

Izan ere, erritmoak eta koloreak zabaltzeko lan horren azpian badago zerbait behar legez uztartzen ez dena. Lehenengo mugimenduak ospakizun bat dirudi, baina laster agertzen da ezagutzen dugun itzal bat, nahiz eta agian oraindik ez dakigun identifikatzen: beheranzko motibo bat, lau nota eskas eta temoso, ia mehatxuzkoak, dituena eta Dies irae delakora lekualdatzen gaituena, hain zuzen, Rachmaninoff-ek sinadura pertsonal moduko bat bihurtu zuen antzinako hildakoen kantura (era batera edo bestera bere obra askotan agertzen dena).

Dantzak aurrera jarraitzen du, baina jada ez du halako festa-itxurarik, norbait —edo zerbait— bertara sartu den sentipen gaitzesgarria gailentzen delako. Erritmoak bizkortu egiten dira, orkestrak keinuak aldatzen ditu etengabe, eta mugimenduak energia ia frenetikoarekin egiten du aurrera, agertu berri den horretatik ihes egin nahi balu bezala. Eta zenbat eta gehiago saiatzen den Rachmaninoff jai-itxurari eusten, orduan eta nabarmenagoa da zerbait ilun dagoela azpian dantzan. Horregatik, beharbada, pieza horietarako hasieran imajinatu zuen izenburua, Dantza fantastikoak, bereziki iradokitzailea da orain. Fantastikoak, bai; baina bitxiak ere bai, irrealak, ia ordu batzuetan bakarrik bisita dezakegun mundu batekoak bailiran. Orduan bigarren mugimendua azaldu eta argia aldatu egiten da.

Erritmoa motelagoa, bihurriagoa da, hipnotiko bihurtzen da ia. Jada ez dago lasterketarik, ez eztabaidarik, ez lehen mugimenduko asaldurarik: dantza arraro, dotore eta mamuzkoa azaltzen da, zirimolaka doala dirudiena, bidea aurkitzen amaituko ez balu bezala. Konpasak balsen eta zer izen jarri ez dakigun beste zerbaiten artean lerratzen dira, eta musika fintasunaren eta kezkaren artean kulunkatzen da.

Ilunabarreko argiak dena eraldatzen du: jaiaren itzal horrek bidea zabaltzen du eta, bere bidean, koloreak ilunago bihurtzen dira, melodiak atzera begira daudela ematen du eta, dantza horren azpitik, galdutako guztiaren oroimenaren eta minaren antz handia duen zerbait agertzen hasten da: leku bat, hizkuntza bat, bizimodu bat, itzuli ezin den iragan bat. Hala ere, ez dago istoriorik kontatu beharrik, ezta erbesteko edo iraultzako tragediarik ere: nahikoa da musika nola desagertzen eta itzultzen den entzutea, nola dirudien melodia batek beste bat ezagutzen duela berriro galdu aurretik, dantza nola bihurtzen den gero eta hauskorragoa. Ez da zehazki tristura, izendatzeko zailagoa den zerbait da: jada ukitu ezin dugun zer edo zer gogoratzen ari garelako sentsazioa. Eta orduan ulertzen dugu Ilunabar hau ez dela egunaren amaiera bakarrik, baizik eta zerbait sakonagoaren amaiera eta itzalak agertzen hasten diren unea.

Baina Gauerdia iristen da eta dantza energia berrituarekin itzultzen da, ia desafio edo erronka eginez. Bigarren mugimenduko ilunpearen ondoren, Rachmaninoff-ek jaiaren pultsua berreskuratu nahi duela ematen du, baina ezin dugu lehen bezala entzun: gehiegi ikusi dugu eta badakigu erritmo distiratsuen azpian itzal bat dagoela, eta oraingoan, ilargiaren argitan, itzala ez da gehiago ezkutatzen.

Dies irae berriro agertzen da, baina orain ez da intrusioa, dantzaren parte baizik. Eta haren ondoan beste ahots bat ageri da, guztiz desberdina, Rachmaninoff-en Bezperetaraino garamatzana: Alliluya, bere musika erlijiosoaren melodia ezagun eta argitsuenetako bat. Iluntasunak eta argiak, heriotzak eta ospakizunak, topo egiten dute partitura berean, direna izateari utzi gabe. Eta are gehiago dago: dantza horien artean Lehen Sinfoniaren oroigarriaren moduko bat ere agertzen da. Azken obra hori 1897an estreinatu zuen, baina hainbat urtetan bere errepertoriotik ia desagerturik egon zen, ulertu ezina nagusitu zelako. Hala ere, hamarkada batzuk geroago, konpositoreak bere materialetako bat berreskuratu eta hemen berragerrarazi zuen, eraldatuta, musika guztiz berri baten zati bihurtuta. Esanak esan, gai bilduma hau ez da beira-arasa batean jarritako oroitzapenen erakusketa bat, dantzan ikasi duten mamuak baizik. Errusia, han idatzi zuen musika eta horren ondoren idatzi zuena, galdu zuena eta gordetzen zuena, denak nahasita agertzen dira gogoratu bitartean aurrera egiten duen lan honetan. Rachmaninoff-ek ez du atzera begiratzen iraganean geratzeko, aldean eramateko baizik. Eta horrela, ia konturatu gabe, hasierako jai hura eraldatu da; dantzak hortxe dirau, baina jada ez dirudi ospakizun bat: agur bihurtu da.

Eta orain zentzua hartzen du lehen mugimenduan ia hanka puntetan agerturiko itzal hark, eta ulertzen dugu Dies irae ez zegoela han kasualitatez, baizik eta pazientziaz itxaroten, festarekin liluratzeari utzi eta Rachmaninoff-ek Herioarekin dantzarazi gaituela noiz konturatuko zain.

Eta kezkagarriena da ia ez garela jabetu. Arineketan eta eztabaidan aritu gara Mozartekin, eta azkenean dantzaldira iritsi garenean, mozorroa onartu dugu galdera gehiegi egin gabe, gaua erori, argiak itzali eta edozein geriza ziruditen lau nota haiek benetako nortasuna erakutsi duten arte.

Ez da kasualitatea Dantza sinfonikoak izatea Rachmaninoff-en azken orkestra-lan handia. Bada zerbait sakonki ilunabartua bizitza baten hainbeste zati biltzen dituen musika honetan, azken aldiz zerbait berri bihurtzeko, konpositorea agur esan aurretik mamu zaharrak biltzen ariko balitz bezala, Halloween-eko gau berezian.

Hasieran maskarak aipatu ditugu, bizidunak mugaren beste aldean aurkitzeko beldur zirenekin nahas zitezen. Orain badakigu maskara ez dela inoiz izan hildakoengandik ezkutatzeko, Herioak dantza egitera ateratzen gaituenean ez ezagutzeko baizik. Eta azkenean ezagutzen bagaitu… ziria edo saria?

Nora Franco

Claire Huangci

Pianoa

Claire Huangci pianista estatubatuarrak etengabe liluratzen du publikoa bere “birtuosismo distiratsuarekin, sentsibilitate artistikoarekin, interakzioaren zentzu zorrotzarekin eta entzumen-dramaturgia sotilarekin” (Salzburger Nachrichten). Jakin-min agortezina azaltzeaz gain, errepertorio ez-ohikoarekiko joera du eta, horregatik, bere moldakortasuna erakusten du Bach eta Scarlatti-rengandik hasi eta alemaniar zein errusiar erromantizismoraino doan sorta zabalean, betiere Bernstein, Amy Beach eta Barber bidean hartuta.

25/26 denboraldian, Claire gonbidatu duten orkestrak hainbat izan dira, besteak beste ORF Viena Radio Symphony (Marin Alsop), Baden Baden Philharmonie (Heiko Mathias Foerster), Baltimore Symphony (Mario Venzago), Janacek Philharmonic ostrava (Martyn Brabbins), Thailand Philharmonic (Carl St. Clair), Grazer Philharmoniker (Vassilis Christopoulos), Athens State Orchestra (Vakhtang Kakhidze), Heidelberg Philharmoniker (Mario Venzago), Atlanta Symphony (David Danzmayr), Slovak Philharmonic (Kaspar Zehnder), etab. Halaber, egile askoren kontzertuak jo ditu, hala nola Gershwin, Ravel, Mozart, Bernstein, Prokofiev, Chopin, Beethoven eta Shostakovich-enak, eta Mario Venzagoren pianorako eta orkestrarako kontzertuaren mundu mailako estreinaldia egin du.

Bakarkako errezitaldietan eta nazioarteko orkestrekin batera, Claire Huangci munduko areto ospetsuenetako zenbaitetan aritu da: Carnegie Hall, Suntory Hall Tokyo, Parisko Philharmonie, Frankfurteko Alte Oper, Municheko Konzerthaus Dortmund, Prinzregentheater, Hanburgoko Elbphilharmonie, Berlingo Philharmonie, Vienako Konzerthaus eta Salzburgoko Festspielhaus aretoetan, besteak beste. Ohiko gonbidatua izan da hainbat jaialditan, esaterako Luzernako Jaialdian, Rheingau Musik Festival-en eta Klavier Festival Ruhr-en. Bere kide musikal ospetsuen artean honakoak ageri dira: Mozarteumorchester Salzburg, Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Tonhalle-Orchester Zürich, Musikkollegium Winterthur, Municheko Ganbera Orkestra eta Basileako Ganbera Orkestra; hori guztia entzute handiko zuzendariek gidatuta, hala nola Carl St. Clair, Elim Chan, Michael Francis, Howard Griffiths, Pietari Inkinen, Jun Märkl, Cornelius Meister, Sir Roger Norrington, Eva Ollikainen, Alexander Shelley eta Mario Venzago.

New Yorkeko Rochester hirian jaioa, Clairek oso gaztetatik erakutsi zuen pianorako zaletasuna eta 1999an Etxe Zurira gonbidatu zuten. Gary Graffman eta Eleanor Sokoloffekin ikasi zuen Curtis Institute of Music-en, Arie Vardi-rekin bere prestakuntza osatzeko Hannoverrera joan aurretik. Nazioarteko ospea lortu zuen izen handiko hainbat lehiaketatan, besteak beste, Europako eta AEBetako Chopin lehiaketetan, Municheko ARD lehiaketan, Géza Anda lehiaketan eta Paris Play Direct Academyko Grand Prix lehiaketan. Harrezkero orkestra askoren buru izan da kontzertu-errepertorioan. Claire Henle argitaletxearen enbaxadorea da eta Erbach Kammerkonzerte zikloaren zuzendari artistikoa.


Nicoló Umberto Forón

Zuzendaria

Nicolò Umberto Forón orkestra-zuzendari germaniar-italiarra da eta bere talentu bikainagatik nazioarteko sari garrantzitsuak jaso ditu; horien artean nabarmentzekoak dira 2023an London Symphony Orchestraren «Donatella Flick» Zuzendaritza Lehiaketan eta 2021ean Bukaresteko «Jeunesses Musicales» Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketan lortutako lehendabiziko sariak. Maiz agertzen da Classic FMn; bertan bere bideoek milioika bistaratze lortu dituzte. Halaber, 2025ean «30 Under 30» artisten artean sartu zen.

Azken urteotan, Forónek lehen mailako orkestra askorekin egin du lan; hona hemen horietako zenbait: London Symphony Orchestra, Mozarteumorchester Salzburg, Sächsische Staatskapelle Dresden, Staatskapelle Weimar, Symfonieorkest Vlaanderen, Orchestra Sinfonica Nazionale della Rai, Philharmonisches Orchester Freiburg, Orchestre National d’Île-de-France, Chambre de Lausanne, Opéra national de Montpellier, Opéra national de Lorraine… Europako areto ospetsuenetako batzuetan aritu da, hala nola Hamburgoko Elbphilharmonie, Deutsche Stiftung Musikleben, Wiener Konzerthaus, Wiener Kammerorchester, Amsterdamgo Concertgebouw eta Bremengo Die Glocke aretoetan.

Azkeneko eta etorkizuneko kolaborazioen artean honakoak ageri dira: Ensemble intercontemporain, Arktisk Filharmoni, Pannon Philharmonic Orchestra bira batean Viktoria Mullovarekin batera, BBC Symphony Orchestra Barbicanen, Helsinki Philharmonic Orchestra Musiikkitalon, Bremer Philharmoniker, Cameristi della Scala, Odense Symfoniorkester, Euskadiko Orkestra, Rotterdams Philharmonisch Orkest, Orchestra Haydn, SWR Symphonieorchester, Orquesta de Extremadura, Filarmonica Arturo Toscanini eta Orchestre de Chambre Nouvelle-Aquitaine. Parte hartu duen edo parte hartzekoa den jaialdien artean azpimarratzekoak dira MiTo Settembre Musica eta Festival della Valle d ‘Itria, besteak beste. Azken horri dagokionez, hasiera emango dio 2026ko edizioari, Stravinskiren Pulcinellak eta Casellaren La favola di Orfeok osatutako programa bikoitzarekin.

2026/27 denboraldiari ekingo dio European Union Youth Orchestraren «Music Hub» proiektuarekin, Bolzanon. Ondoren, hainbat emanaldi izango ditu honako orkestra hauekin: Aalborg Symphony Orchestra, Filarmonica della Scala, Dortmunder Philharmoniker, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Orchestra Sinfonica di Milano, Kymi Sinfonietta, Orchestra del Teatro Petruzzelli —kontzertu sinfonikoa eta Le nozze di Figaroren ekoizpen berria barne—, Staatskapelle de Halle, Orchestra del Teatro Regio di Torino eta Royal Philharmonic Orchestra, RPO Newbury Festival-en esparruan.

Nicolóren gidaritzapean, Pentatonek BBC Scottish Symphony Orchestrarekin grabazio bat argitaratuko du 2027ko otsailean. Bertan, Annelien Van Wauwe bakarlariak Aaron Copland eta Gerald Finzi-ren klarineterako kontzertuak interpretatuko ditu.

Bere moldagarritasunagatik ezaguna, Forón eroso sentitzen da errepertorio sinfonikoarekin eta operistikoarekin, eta mundu mailako estreinaldi ugari zuzendu ditu. Operaren arloan egin dituen lan nabarmenen artean honakoak ditugu, besteak beste: Mozarten Le nozze di Figaro (Riccardo Muti Italian Opera Academy), Humperdinck-en Hänsel und Gretel, Walter Kollo-ren Jettchen Gebert opereta (Leipzigeko Musikalische Komödie) eta Holandako opera garaikideen zenbait estreinaldi.

Forónen ibilbide musikala adin goiztiar batean hasi zen orkestra zuzendaritza, konposizio eta piano ikasketekin —bere lehen instrumentua—. Karl-Heinz Kämmerling eta Anatol Ugorski-ren gisako pianista ospetsuekin ikasi zuen, eta orkestra-zuzendaritzako ikasketak Jorma Panularekin hasi zituen hamar urte zituela. Nerabezaroan, Bernard Haitink-en eskola magistraletan parte hartu zuen Luzernako Jaialdian, Amsterdamgo Kontserbatorioan ikasten jarraitu aurretik. Ondoren, masterra egin zuen Royal College of Musicen, eta Interpretazioko Diploma Aurreratua lortu zuen Londresko Royal Academy of Music-en; bertan graduatu zen 2021ean. Zuzendaritzan aritzeaz gain, kontzertuko pianista gisa ere jarduten du, eta bere arreba Mira Forón biolinistarekin kolaboratzen du sarri.

Pandemian, Forón-ek Noord Nederlands Orkest zuzendu zuen Jan-Peter de Graaff-en Biolontxelorako Kontzertuaren zuzeneko emanaldi batean eta CD grabazio batean; lan horrengatik Preis der deutschen Schallplattenkritik-erako izendapen bat jaso zuen. 2023an, Deutschlandfunk-ek (Alemaniako irrati nazionala) Artista Egoiliar izendatu zuen. Izendapen horren ondorioz, kontzertu bat emateaz gain, Deutsches Symphonie-Orchester Berlinekin proiektu diskografiko bat sortzeko aukera izan zuen. Albuma Deutsche Grammophon/Avik argitaratu zuen 2025eko udan.

2026ko ekainean, Foron OPUS KLASSIK 2026 sarietarako aurrehautatua izan zen, «Urteko artista gaztearen» kategorian, Deutsche Grammophon-entzat Berlioz-en Sinfonia fantastikoa eta Lili Boulanger-en D’un soir triste grabatzeko egindako lan eskergaren aitortza gisa.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2026-2027
29 - 30
Urr
2026
>Arimaren sakontasunak

Arimaren sakontasunak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Claire Huangci, pianoa

Nicoló Umberto Forón, zuzendaria


I

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

Le nozze di Figaro, obertura K. 492

24. kontzertua piano eta orkestrarako do minorrean K. 491

I. Allegro
II. Larghetto
III. Allegretto

Claire Huangci, pianoa



II

SERGEI RACHMANINOFF (1873 – 1943)

Dantza sinfonikoak Op. 45

I. Non allegro
II. Andante con moto (Tempo di Valse)
III. Lento assai – Allegro vivace

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2026-2027
05 - 06
Aza
2026
>Prokofiev eta Veronako maitaleak

Prokofiev eta Veronako maitaleak

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Sergei Prokofiev
Sinfonia kontzertantea biolontxelo eta orkestrarako Op. 125
Sinfonía concertante para violonchelo y orquesta Op. 125

Romeo and Juliet, suite
Nicolas Altstaedt, biolontxeloa
Markus Stenz, zuzendaria
Shakespearren Veronako maitaleei buruzko istorioaren potentziak konpositore ugariren arreta bereganatu du, baina beharbada inork ez du Prokofievek bere ballet ospetsuarekin eman zion bezainbesteko energiarekin eta dramatismoarekin islatu.

Eta bere bizi bukaeran, Rostropovichekin izan zuen topaketak markatu zuen sinfonia kontzertanterako inspirazioa, Nicolas Altstaedet bikainak biolontxeloa joz eskaintzen duguna.
Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2026-2027
16
Aza
2026
>Souvenir de Florence

Souvenir de Florence

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Gorka Hermosa
Dwarves’ tales
Amore
Anantango
Meditatio
Danzas de Iberia

Piotr Ilyich Tchaikovsky
Souvenir de Florence Op. 70
Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2026-2027
20
Aza
2026
>Ganbera kontzertua

Ganbera kontzertua

Lekua: Sestao Musika Eskola

W.A. Mozart: Cuarteto para piano No. 1 en Sol menor K.478
G. Fauré: Cuarteto para piano No. 1 en Do menor Op. 15

BOS Laukotea eta pianoa

Julen Ramos, pianoa
Samuel García, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

Gehiago ikusi