Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 1-2015-2016

Piano labelduna<br />Hasierako kontzertua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

I. Stravinsky:Scherzo fantastique (12’)

M. de Falla:Gauak Espainiako lorategietan (25’)
P.I. Tchaikovsky:5. sinfonia mi minorrean, op. 64 (44’)
 
Joaquín Achúcarro, pianoa

Erik Nielsen, zuzendaria

DATAK

  • 08 urria 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 09 urria 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

JOKOAK, GAUAK, EMOZIOAK
Hain erabatekoa izan zen 1913ko maiatzean Udaberriaren kontsakrazioa lanaren debutak sortutako eskandalua, ezen Igor Stravinskiren gainerako lanek ezin izan diren mugimendu sismiko izugarri haren itzaletik urrundu. Eta, hala eta guztiz ere, oso musikagile gutxitan laburbiltzen da hain modu askotarikoan garai bati dagokion garapena, zentzua eta pentsamendu musikala, hasi hastapen barbarikoetatik (Kontsakrazioa da horien erakusle gorenetako bat) eta bere bizitzaren amaieran dodekafonismoari egindako ekarpeneraino, geldialdi luze bat eginez aro neoklasikoan, erromantizismoaren kontrako muturreko jarrerak suaz markatu ziren hartan. Scherzo fantastique lanak itsasertzetik begiratzen dio musikagileak 1908an aurrean zuen ozeano izugarriari: stravinskiar aurrekoa izan daiteke alderdi askotan, baina haren musikak sustraiak ditu, transzendentzia du eta ondorioak ditu.
Stravinskik opus 1 zenbakia eman zion 1906. eta 1907. urteen bitartean Rimskiren kontrolpean idatzitako sinfonia bati; horregatik zaindu zituen asko formak eta ez zuen zalantzan jarri sinfonia erromantikoen ortodoxia. Stravinskik asko miresten bazuen ere Rimski maisu gisa, ez zetorren bat haren kontserbadurismoarekin, eta oso ondo zekien hurrengo lanak (Faunoa eta artzaintsa) izan zezakeela Txaikovskiren soinua edo Wagnerrena, baina inoiz ez Rimskirena. Scherzo fantastique, op. 3 lanean, urrats bat gehiago egin zuen, eta Debussyrengan inspiratutako orkestra kolorea duela ematen du lanak, nahiz eta oso ondo zekien zer distantzia markatu ohi zuen maisu zaharrak musikagile frantsesaren musikarekiko. Lan berriak –1907ko ekainaren eta 1908ko martxoaren artean idatziak– Maurice Mæterlincken Erleen bizitza lanaren eragina duela ematen du, nahiz eta Stravinskik gezurtatu zuen programa bat zuenik, eta lanak musika purua zuela esatera mugatu zen. Orkestra idazketa ikusgarria –zelestak, zinbaloak eta harpek aberastua– ondoren etorriko ziren hainbat lanen fantasiara eta mundu magikora aurreratu zen, hala nola, Su artifizialak, Urretxindorra edo Suzko txoria lanetara, hegaldiaren ideia immanentearekin guztiak. Baina Stravinskik ukatu egin zion Rimskiri hark ziurtatu zuenean Scherzo lanak, zeinetan musikak modu arin eta etereoan egiten duen hegan, ez diola zor maisuaren eulitzar ospetsuari Mendelssohn gaztearen maitagarriei eta iratxoei adina.
Scherzoa San Petersburgon estreinatu zen, Su artifizialak lanarekin batera, 1909ko otsailaren 6an, Alexander Silotik eskainitako kontzertu ziklo baten barruan. Rimski hilabete batzuk lehenago hil bazen ere, ezagutu zuen eskuizkribua, eta baita txalotu ere; hala ere, ezin izan zuen lana entzun. Estreinaldi hartan egon zen Sergei Diaghilev, izugarrizko arrakasta eduki berri zuena Parisko Operan Boris Godunov lanaren muntaia batekin. Diaghilev talentuko musikari gazteak bilatzen ari zen, Ballets Russes bere konpainiarekin Frantziako hiriburuan jarduteko. Haren asmoa zen hurrengo urtean estreinatzea, Michel Fokineren koreografiekin, Schumannen Inauteriak, Rimskiren Scheherezade eta suzko txoriaren errusiar elezaharrari buruzko lan berria. Elezahar horrek, azkenik, Stravinskiren musika izan zuen, eta, musikagile gazteak, hogei urte baino ez zituelarik agindu hura jaso zuenean, etapa berri bati ekin zion lan hari esker; etapa berri hura laburra izan bazen ere, erabakigarria izan zen musikagilearen bizitzan.
Stravinskik oso bizitza musikal dinamikoa topatu zuen Parisen, bai eta inpresionisten eraginak menderatutako paisaia kulturala ere. Manuel de Falla zen Ballets Russesen giroa bizi zuen musikagileetako bat. 1907. urteaz geroztik bizi zen Falla Parisen, eta berehala ezagutu zuten elkar, Petrushka lanaren garaian. "Berehala gustatu zitzaidan, eta zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan”, gogoratu zuen Stravinskik. Falla izan zen Kontsakrazioaren eskandaluan parte hartu zutenetako bat, bai eta lanaren lehenengo babesleetako bat ere; ahalegin gehienak Bizitza laburra lanaren estreinaldiaren eta piano eta orkestrarako hiru nokturnoen konposizioaren artean banatu zituen (etorkizuneko Gauak Espainiako lorategietan). Azken horiek kolore guztiz frantsesa asimilatzen dute, abiapuntu hartuta andaluziar cante jondoaren giroa. Musikagilea Granadan egon gabea bazen ere, ezagutzen zituen Santiago Rusiñolen Jardins d´Espanya, etaAlhambrari buruzko liburuak eta poemak irakurriz estimulatu zuen bere irudimena. Hiru nokturnoen osaerak jakin-min handia sortu zuen musikagilearen inguruan, eta Diaghilev saiatu zen musikagilea konbentzitzen ballet berri baten oinarria eta euskarria izateko balia zitzan haiek; baina Fallak ez zuen erabat argi ikusten, eta, azkenean, baztertu egin zuen ideia.
Gerra Handiak eztanda egin zuenean, Espainiara itzuli behar izan zuen Fallak. 1915. urtearen hasieran, musikagileak bidaia bat egin zuen Andaluzian barrena María Martínez Sierrarekin batera, eta, azkenik, Granada ezagutu zuen. Inspirazioz beterik, Bartzelonara joan zen, eta hilabete gutxi batzuetan amaitu zuen Gauak lana, Inpresio sinfonikoak piano eta orkestrarako azpitituluarekin. Ricardo Viñes pianista katalanari eskainiak badira ere (hura izan zen Parisko etapan izandako lagunik onenetakoa), José Cubilesek estreinatu zituen, Madrilgo Errege Antzokian, 1916ko apirilean, Enrique Fernández Arbósen zuzendaritzapean. Hurrengo hilabeteetan, Fallak berak interpretatu zituen bakarlari gisa, Granadako Karlos V.aren Jauregian izandako kontzertu batean; entzuleen artean Diaghilev zegoen, guztiz liluratuta. Enpresaria berriro ere ahalegindu zen musikagilea konbentzitzen lana eszenaratu zezan, baina musikagileak, azkenik, Korrejidorea eta Errotaria pantomima ballet handi bihurtzea erabaki zuen, Hiru muturreko kapela lanaren konposizioa bultzatuz.
Fallak zioenez, “nokturno horien musikak ez du deskriptiboa izan nahi, adierazkorra baizik, eta festaren eta dantzen zurrumurruak baino gehiago hotsen oroitzapen horiek inspiratu ditu, zeinetan oinazeak eta misterioak baduten beren lekua”. Eta Gauak lanean arreta gehien erakartzen duena misteriozko giroaren, giro sentsual eta guztiz sotilaren bilaketa da, zeinetan pianoa goranzko motibo batean barneratzen den, Generalifeko lorategi nazartarretako uraren jokoak berreginez, Liszten (Les jeuxd’eaux à la Villa d’Este) eta Ravelen (Jeuxd’eau) lanetan zeuden aurrekariak gogora ekarri nahian bezala. Baina bakarlariak erritmoaren tentsio etengabeari eta piano idazketa oso konprometituari aurre egiten badio ere, ez du paper heroikorik, modu miretsian txertatuta baitago orkestraren egituran, eta bertatik aberasten du Fallaren doinu lurrindunen eta harmonien balio tinbrikoa. Hala egiten du Urruneko dantza-n, eta hala egiten du, halaber, hirugarren nokturnoan, Kordobako mendilerroko lorategietan delakoan, zeinetan, jai giroa azaltzeko, energiaz beteriko takoneoa azaltzen duen. Azkenik, kopla izugarri baten kantuak esentzia energetikoa eta nahigabeduna itzultzen dio musikari.
Ehunduraren, erresonantzia poetikoaren eta kolore nazionalaren unibertso estilizatu horren aurrez aurre, eta bokazio espresionista bati lotuta, Piotr Ilich Tchaikovskyren sinfonismo kartsuak Stravinskiren barbarismoaren aurreko estadioetako bat ekartzen du gogora. "Haurtzaroko heroia izan nuen Tchaikovsky", aitortu zuen Stravinski zaharrak. Bosgarrena San Petersburgon estreinatu zen, 1888an, Scherzo fantastique lana osatu baino hogei urte lehenago, eta lan horri begiratzen dio, hain justu, energiari, freskotasunari eta orkestraren ahalmenari dagokienez. Dena dela, Bosgarrena lanak, Tchaikovskyk orkestratzaile gisa zuen maisutasun harrigarria erakusteaz gainera, balio erantsia du, forma klasikoen erabateko ezagutzaz eta zakartasun emozionalaz elikatzen baita. Hori oso ondo ikus liteke paperen artean topatutako eskuizkribu labur batzuetan. "Sarrera: erabateko etsipena patuaren aurrean edo, gauza bera dena, Probidentziaren ustekabeko erabakien aurrean (…) Zalantzarik gabe besarkatu behar ditut nire sinesmenak, Fedean aurkitu behar dut babesa?".
Laugarrena lanean gertatu bezala, urrutitik hazkatzen du bidaia bat, itzaletatik argietarako bidaia bat, behin eta berriro itzultzen den patuaren iraunkortasunetik abiatuta, sarrerako klarineteak iragarritako mottoaren forman, metodo ziklikoa oparo garatuz. Berehalako Allegro con anima izugarrian, Tchaikovskyk hiru gai elkarren desberdin aurkezten ditu, sonataren formaren aginduen bitartez elkarri lotuak beti, eta etxearen benetako ikur den handitasun sinfonikoaren eremuan. Hasierako mottoa itzultzen da berriro ere Andante contabileko kodaren aurretik; hitzik gabeko erromantza moduko bat da, lirismo eta bildutasun ederrekoa, Valse dotorearen kodaren antzera –dantzarekin duen antzaren ebindentzia argia–, eta Finaleko Andante maestosoan, zentzu triunfalistaz betetako indarren batura gogorraren abiapuntu gisa. Amaiera hori eztabadaigai izan zen, eta gatazkatsua sinfoniaren lehenengo hilabeteetatik, horrenbesteraino ezen Hanburgon interpretatu ondoren –Brahms han zela–, Tchaikovskyk Modest anaiari honela idatzi zion: alemanari "ez zaio azken mugimendua gustatu, eta okerrena da niri ere gogaikarria iruditzen zaidala". Baina ordurako Loti ederra lana idazten ari zen. Lan hori (zenbat bira ematen dituen bizitzak), Fallaren eta Stravinskiren lanekin batera agertu zen, handik urte batzuetara, Diaghileven Ballets Russesen karteletan.
 


JOAQUÍN ACHÚCARRO – Pianoa 
2014an, SONY etxeak Granadosen Goyescas lana berrargitaratu zuen, eta dagoeneko jaso du Classica aldizkariaren Choc saria Frantzian. Schumannen CDak Classicaren Choc saria, Diapason eta Pianisteren Maestro lortu ditu.
2010ean, DVD/Blu-Ray bat grabatu zuen Londresko Sinfonikoarekin eta Sir Colin Davisekin. Eta 2011n, "Falla&Friends”, Fallaren Gauak Espainiako Lorategietan interpretatu zuen, Berlingo Filarmonikoarekin eta Sir Simon Rattlerekin.
2014-15 denboraldian, Lisboako Sao Carlos Antzokiko artista egoiliarra izan zen, ORTVE orkestrarekin jo zuen, eta baita Granadako Jaialdian ere; bitan aritu izan da Madrilgo Errege Antzokian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Jun Marklekin batean, eta beste behin OSMrekin eta Pablo Heras-Casadorekin.
Achúcarro 60 herrialdetan aritu izan da. 200 orkestrarekin baino gehiagorekin aritu izan da, eta 350 zuzendarirekin, hala nola, Claudio Abbado, Riccardo Chailly, Sir Colin Davis, Zubin Mehta, Sir Yehudi Menuhin, Seiji Ozawa eta Simon Rattle zuzendariekin. 
2000. urtean, UNESCOk Artist for Peace izendatu zuen. Arte Ederren Urrezko Domina jaso du, Musikaren Sari Nazionala eta Meritu Zibilaren Gurutze Handia, Juan Karlos erregearen eskutik. 2004an Bilboko Hiriko Seme Kutun izendatu zuten, jaioterrian, alegia.
2008an, JOAQUIN ACHUCARRO Fundazioa sortu zen Dallasen, pianista gazteei laguntza eman eta haren ondare artistikoa eta irakaskuntzaren alorrekoa betikotzeko. 
 
ERIK NIELSEN – Zuzendaria 
Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da 2015eko irailaz geroztik.
Filadelfiako Curtis Institutuan ikasi zuen orkestra zuzendaritza, eta oboe eta harpa diplomak lortu zituen New Yorkeko Juilliard Schoolen. Frankfurteko Operan parte hartu zuen 2002. urteaz geroztik, eta 2008tik 2012ra Kapllmeister izendatu zuten. Basileako Antzokiko musika zuzendaria izango da 2016/2017 denboraldiaz geroztik. Frankfurteko Operako errepertorioaren barruan honakoak zuzendu zituen: Figaroren ezteiak, Bahitura serrailoan, La Clemenza di Tito, Tosca, Angels in America, Curlew River, La bohème, Lucia di Lammermoor, Lohengrin, Hartmannen Simplicius Simplicissimus eta Reimannen Medearen estreinaldi alemana.
Hitzartuta dituen emanaldien artean honakoak daude: Txirula Miragarria, Erromako Operan; Simplicius Simplicissimus, Henzeren Gisela eta We come to the River eta Lohengrin, Dresdengo Semper Operren; La Traviata, Hedelandeko Opera Jaialdian, Danimarkan eta Berlingo Operan; Così fan tutte, Sao Carlos Antzokian; Reimannen Lear, Malmöko Operan; Otello eta Ariane et Barbe-Bleue, Frankfurten; Peter Grimes, Opernhaus Zürichen; The Merchant of Venice, Bregenzeko jaialdian; Dai Fujikawaren Solaris-en munduko premierea, Parisko Théâtre des Champs Elyséesen; La forza del destino, Luxenburgon; Korngolden Die Tote Stadt, Bilbon; Eugene Onegin, Baselen; eta Carmen, Welsh National Operan. Horiez gainera, hainbat kontzertu eskainiko ditu Europan eta Estatu Batuetan. 
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


G.F. Handel: Sonata en sol menor Op. 2 nº 8 HWV 393
J. D. Zelenka: 6. trio sonata, bi oboe, fagota eta baxu jarraiturako do minorrean

BOSen ensemble barrokoa

J.S. Bach: Brandenburgoko 3. kontzertua sol maiorrean
J.S. Bach: Brandenburgoko 6. kontzertua si bemol maiorrean
BOSen ensemble barrokoa

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
24
Mai
2024
>ABAO

ABAO

Lekua: Euskalduna Bilbao

GIACOMO PUCCINI
LA BOHÈME


ANTZEZLEAK

Mimí
Miren Urbieta

Rodolfo
Celso Albelo

Marcelo
Manel Esteve

Musetta
Marina Monzó

Schunard
José Manuel Díaz

Colline
David Lagares

Bernoit/Alcindoro
Fernando Latorre

Parpignol
a determinar

TALDE ARTISTIKOA

Director Del Coro
Boris Dujin

Director Musical
Pedro Halffter

Director De Escena
Leo Nucci

Director Repositor
Salvatore Piro

Escenografía
Carlo Centolavigna

Vestuario
Artemio Cabassí

Iluminación
Cladio Schmid

Producción
Fondazione Teatri di Piacenza
Pergolesi Spontini Fondazione
Teatro Comunale di Modena
Opéra de Marseille

* Debuta en ABAO
Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2023-2024
02
Eka
2024
>Yuja Wang. Piano errezitaldia

Yuja Wang. Piano errezitaldia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Yuja Wang piano-jotzailea ezaguna da agertokian duen presentzia liluragarriagatik, bere arte karismatikoagatik eta zintzotasun emozionalagatik. Munduko zuzendari, musikari eta talderik beneragarrienekin aritu izan da, eta bere birtuosismoagatik ez ezik, emanaldi espontaneoak eta animatuak eskaintzeagatik da ezaguna. Zera esan zion New York Times-i: “Irmoki uste dut programa bakoitzak bizitza propioa izan behar duela eta une horretan sentitzen dudana islatu behar duela”.

Yurik berriki erakutsi du zer nolako trebezia eta karisma dituen, Yannick Nézet-Séguin zuzendariarekin eta Filadelfiako Orkestrarekin batera Carnegie Hallen eskainitako Rakhmaninoven maratoi-emanaldian. Rakhmaninov jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldi historiko horretan, konpositorearen lau kontzertuak eta Paganiniren gai bati buruzko Rapsodia eskaini ziren arratsalde batean.

Horrez gain, denboraldi honetan Magnus Lindbergen pianorako 3. kontzertuaren mundu mailako estreinaldia interpretatu du Yujak San Frantziskon, eta obra hori Ipar Amerikako eta Europako beste leku batzuetan ere eskainiko du.

Beijingeko musikari familia batean jaio zen Yuja. Txinan haurrentzako piano-ikasketak egin ondoren, prestakuntza aurreratua jaso zuen Kanadan eta Curtis Institute of Music kontserbatorioan, Gary Graffmanekin. Nazioartean aurrerapauso handia eman zuen 2007an Martha Argerich ordezkatu zuenean Bostongo Orkestra Sinfonikoko bakarlaria izateko. Bi urte geroago, kontratu esklusibo bat sinatu zuen Deutsche Grammophonekin, eta ordutik lekua hartu du munduko artista ospetsuenen artean, kritikariek txalotutako emanaldiak eta grabazioak egin baititu.

Musical Americak urteko artista izendatu zuen 2017an, eta 2021ean Opus Klassik saria jaso zuen John Adamsen Must the Devil Have all the Good Tunes? lanaren munduko estreinaldiko grabazioagatik, Los Angelesko Filarmonikoarekin batera eta Gustavo Dudamelen gidaritzapean egindakoa.

Joan den denboraldian, nazioarteko errezitaldi-bira batean murgildu zen Yuja, Ipar Amerikako eta Europako areto garrantzitsuetan aritzeko, eta publikoa harri eta zur utzi zuen beste behin bere estilo, trebetasun tekniko eta arte bikainarekin, Beethoven, Ligeti eta Schönbergen lanak bildu zituen programa zabal batean.

Informazioa eta sarrerak