Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 9-2014-2015

Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

J.M. Usandizaga: Dans la mer, poema sinfonikoa
J. Brahms: Sonata biolin eta biolontxelorako
R. Schumann: 2. sinfonia Do maiorrean

Carolina Kurkowski, biolina
Teresa Valente, biolontxeloa
Kirill Karabits, zuzendaria

DATAK

  • 05 otsaila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 06 otsaila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Oroitzapenez eta esker onez

José María Usandizaga (Donostia-San Sebastián, 1887- Donostia-San Sebastián, 1915) familia dirudun batean jaio zen, eta senideek arreta handiz babestu zuten beti, ahul sentitzen denari egin ohi zaion moduan –apur bat herrena zen, eta litekeena da tuberkulosia gazterik agertu izana, gai horri buruzko mututasuna erabatekoa izan zen arren–. Bere garaiko beste hainbat konpositorek egin zuten moduan, sasoi hartako Europako musikaren erreferentziako hirietako batera joan zen ikastera: Parisera, hain justu. 1901ean heldu zen hara, nerabea baino ez zela. Hiru urte geroago, Jesús Guridi eta Resurrección Mª de Azkue heldu ziren, eta adiskidetasun handia sortu zen haien artean. Bere ilusioa konposizio-teknikak ikastea zen, gero euskal musika (bere hizkuntza-ezaugarri propioekin) XX. mende hasierako panorama europar liluragarrian sartu ahal izateko.
Dans la mer Op 20 1904an konposatu zuen trebakuntza-aroan zegoen mutiko gazte hark, baina obrak heldutasun musikala dauka, bai eta oso ondo ikasitako teknika ere. Harmonizazioa, generoa –poema sinfonikoa–, orkestraziotik datorren estiloa, gaien tratamendua…, denak du neurri europarreko hizkera musikala, eta konpositoreak bere talentu handi eta goiztiarrari esker ikasi zuen hizkera mota hori.
Jatorrizko partituran, Usandizagak musika inspiratzen duen eta gure imajinazioa bideratu nahi duen testua idatzi zuen. “Bi maiteminduren maitasuna gozo-gozo kulunkatzen duen” itsaso xarmagarri eta traidoreari buruz hitz egiten digu; gero, ekaitza iragarriz, maiteminduak ikaratzen ditu, arrisku hori albo batera geratuko den arren; eta, gero, “olatu leunen gaineko emozioaren” engainura eramango ditu berriz ere. Ondoren, “ekaitz izugarriak erabat etengo du gozotasuna”, eta musikak, tentsio harmonikoen eta in crescendo doazen noten olatuen bitartez, klimax erromantikoa lortzen du oso modu bikainean. Musikaren biolentzia ozeanoaren sumindura da orain, harik eta “tragedia betetzen den arte eta itsasoa berriz ere bihurtzen den arte zabalgune isil eta mortu bat”.
Maiteminduen oihuak dans la mer ito ziren, eta Usandizagaren ahotsa goizegi itzali zen. Aurten, 2015ean, zoritxarrez heldutasunera ere iritsi ez zen konpositore gazte horren heriotzaren lehen mendeurrena oroituko dugu.
Eta, noten itsaso honetatik irtenda, Johannes Brahmsen (Hanburgo, 1833-Viena, 1897) soinu-unibertsoan murgilduko gara.
“Esan behar dizut biolin eta txelorako kontzertu bat idazteko ideia arraroa izan dudala”, idatzi zion Brahmsek Franz Wüllner orkestra-zuzendariari, 1887ko abuztuan, Hofstettenen (Thun laku suitzarrean) igaro zituen hiru udetako bigarrenean. Brahmsek leku zoragarrietan igarotzen zituen udak, bertan “denak sorrarazten duelako erabateko kantu baten emozioa”; horrek espiritua baretu eta pentsamendu musikala elikatzen zion, eta, ondorioz, hain obra handia sortzearen erronkak liluratuta utzi zuen konpositorea, eta Joseph Joachim biolin-jotzaile eta lagun minarekin berriz ere adiskidetzeko gogoa sartu zitzaion; izan ere, elkarrengandik urrunduta zeuden, azken horren ezkon-bizitzari buruz zituzten iritzi desberdinen ondorioz. Ziurrenik, motibazio bizi horrek aipatutako “ideiaren” inguruko adjektiboa aldarazi zuen; izan ere, “arraroa” izatetik, “zorionekoa” izatera pasatu zen, handik egun batzuetara Clara Schumanni idatzi zionean, asmoaren berri emateko.
Kontzertua biolin, biolontxelo eta orkestrarako la minorrean Op 102 lana, Brahmsen azken obra sinfoniko handia, 1887ko urrian estreinatu zuen Koloniako Konzertgesellschafteko Orkestrak, Brahmsek berak zuzenduta. Konpositorearen zorionerako, egun hartan, bakarlari gisa Joseph Joachim aritu zen biolinean eta Robert Hausmann biolontxeloan; izan ere, obra hau beraientzat zegoen pentsatuta, eta beraiei eskainita.
Pisu tinbrikoan oso desberdinak eta esparru melodikoak elkarrengandik nahiko urrunak diren bi instrumenturen arteko konbinazioa, ia aurrekaririk ez zuena eta hain berezia zena, agerian geratu zitekeen orkestrak atzealdean sortzen duen soinuarekin, eta, beraz, Brahmsek orkestrazio arin samarra diseinatu zuen, eta efektismoak saihestu zituen –egia esan, ez ziren ohikoak bere estiloan–, bakarlarien arteko lidergoaren erantzukizuna modu orekatuan banatuz.
Brahmsen beste hiru kontzertuetan bezala, gaur entzungo dugunak askoz ere kontzepzio sinfonikoagoa dauka, trebezia nabarmentzekoa baino; hala ere, ezin da esan bakarlarien interpretazioa erraza denik, oso alderantziz baizik. Biolinaren eta txeloaren ahots pertsonalekin, konpositoreak ideiak garatzeko gaitasun txundigarria erakusten du –baina gaitasun hori ez da harrigarria, darabilen hizkerari dagokionez–. Haren imajinazioarekin eta maisutasunarekin, gaiak haziz doaz, gure belarriak behatzen dituen bitartean; eta berretsi egiten dira, eraikuntza konplexu eta irmoak eskaintzen duen sendotasunari esker; izan ere, egitura horretan, loratuz doan melodia goraka eta goraka doa, hormetako aihen-belarraren moduan.
Hasierako Allegroa,lehenengo eta behin biolontxeloaren aurkezpena egiten duena ia modu errezitatiboan, eta gero biolina aurkezten duena, Brahmsek egitura-korapilo dotore eta zehatza diseinatzeko zeukan gaitasunaren adibide bikaina da; bertan, instrumentuen arteko elkarrizketak estilo kontzertantearen esentzia osatzen du.
Ondoren, Andantea dator, non Brahmsek Naturan entzuten duen “erabateko kantua” esaldi zabal eta lasaien forman irudikatzen baita, egilearen joera lirikoarekin bat etorriz.
Kontzertuari amaiera emateko, Vivace non troppo atala dator, ijito-giroko konposizio nagusi errepikakor batekin. Atal hori modu maiorraren eta minorraren artean dabil, eta keinu maitekorra egiten dio Joseph Joachimi, jatorri hungariarreko adiskide berreskuratuari.
Eta, musikaz betetako iluntze honi amaiera emateko, Robert Schumannen (Zwickau, 1810 – Endenich-Bonn, 1856) 2. sinfonia Do maiorrean Op 61 entzungo dugu. Liburu-saltzaile ikasi eta sentikor baten semea izanik, ume-umetatik unibertso literario zabala izan zuen eskura, eta liburu haiek irrikaz irakurri zituen. Poesia, ipuin fantastikoak, nobela erromantikoak… mota horretako liburuek bere ezinegon izugarria elikatu zuten, baina ezin zuten bere estimulu-gosea ase, hori “bizitzarako hatsa” baitzen Schumannentzat. Hogeita zortzi urterekin, gutun sutsua idatzi zion Clara Wiecki –denborarekin, Clara Schumann izango zena–; bertan, aitortzen zion “nola eragiten didan munduan gertatzen den guztiak: literaturak, politikak, jendeak…”, eta esaten zion sentimenduak adierazi behar zituela, sentimendu horiek “musika bihurtuta”.
Une hartan –XIX. mendeko hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkadak–, Beethovenen sinfoniak asimilazio-prozesuan eta ulertzeko bidean zeuden –ez beti– Europako entzuleen artean –lanok entzuteko aukera izan zutenen artean–, eta berdin konpositoreen artean ere; izan ere, lan horiek harrituta uzten zituzten konpositoreak, bai eta liluratuta ere.
Testuinguru horretan, hasierako sormena instrumentu erromantikorik petoenera (pianoa) bideratu zuen konpositorea (pianoaren bitartez, modu paregabean adierazi zuen bere asaldura, bere originaltasuna, bere sentsibilitate poetikoa eta Clararekiko maitasun hautsiezina) sinfoniaren unibertsora hurbildu zen, behingoz ezkonduta, eta burua ideiaz beteta.
Schumann oso zorrotza zen bere buruarekin, eta, obra honi dagokionez, esan zuen “Jupiter sinfonia arrunt eta hanpatu samarra” zela, Mozarten KV 551 obrari erreferentzia argi eta apala eginez, hori ere Do maiorrean dago eta. Alabaina, ideiak bikain daude pentsatuta, eta XIX. mendeko panorama sinfonikoan lehiakide asko baditu ere, ia nabarmentzen ez diren akatsak gorabehera, obra honek hunkitu, baretu eta animatu egiten gaitu; izan ere, bertan azaleratzen diren alderdi emozionaletako batzuk bere psike poliedrikoaren bitartez adierazten zituen Schumannek, eta, gero eta maizago, sufritu ere egiten zituen.
Urtebete baino gutxiagoko tartean idatzitako lan hau 1846ko azaroan estreinatu zuen Leipzigeko Gewandhauseko Orkestrak, Félix Mendelssohnen zuzendaritzapean. Lau mugimendu ditu, eta, ohitura erromantikoari jarraituz, adagioa baino lehen scherzoa dauka.
Lanari hasiera emateko, Sostenuto assai atala dator. Bach miretsiarekiko eta tradizio alemaniarrarekiko errespetuz eta esanahiz betetako korala da, eta sarrera egiten dio Allegro, ma non troppo atalari. Pasarte hori bizitasunez eta distiraz beteta dago, metalek eta erritmo errepikakorrek bertan sortzen duten proiekzioari esker.
Scherzo: Allegro vivace atalak bigarren mugimendua hartzen du. Azkarra eta bizia da konposizio nagusian, baina kortxeaerdien bertigotik askatzen da, doinua birritan eteten duten trioetan: lehenengo eta behin, adiskidetzeko asmoa duen zuraren eta hariaren arteko elkarrizketa zoragarrian, eta, bigarrenik, atal labur, bare eta apalago batean.
Ondoren datorren Adagio espressivo atalean, Schumann poetak hitz egiten du, do minorreko diskurtso atsekabetuarekin. Bertan, kromatismoaren asmoa gurekikoa da, musikaren asmo hutsa baino harago joanez; eta zur-haize instrumentuek, esaldi luze eta inspiratuen bitartez, hitza hartzen dutenean, efektua zinez ederra da.
Sinfoniari amaiera emateko, Allegro molto vivace dator, non Adagioaren itzalak uxatu egiten baitira, eta indarrak eta irmotasunak mugimendua ardazten baitute, gozotasunari ere leku apur bat eginez baina, azkenean, amaiera indartsura helduz.
Hemendik, gure oroitzapen nostalgikoa goizegi hildako prodijio donostiarrarentzat, eta gure esker on melomanoa guztioi.
Mercedes Albaina
 
 
CAROLINA KURKOWSKI – Biolina
Alemanian hazitako biolin-jotzaile kolonbiar-poloniar honek 5 urterekin egin zuen debuta Coburgeko Antzoki Nazionalean. Düsseldorfeko Robert Schumann Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren diploma jaso zuen, eta Berlingo “Hanns Eisler” Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten. "Karajan-Akademie”-ko bekadun izan zen, eta Berlingo Orkestra Filarmonikoan jarraitu zuen jotzen, gonbidatu gisa.
Bakarlari gisa aritu izan da hainbat orkestrarekin: G. Mahler Gazte Orkestra, Koloniako Gürzenich Orkestra, Bogotáko Orkestra Filarmonikoa eta Ganberako Orkestra Georgiarrarekin, besteak beste; gainera, kontzertuak eman ditu Europan, Japonian, Kolonbian eta AEBetan. Kolonbiako eta Alemaniako telebistek, irratiko emisioek eta “WDR” zein “Brilliant Classics” disko-etxeekin egindako grabazioek musikari honen lana dokumentatzen dute.
Sariak jaso izan ditu Alemaniako "Jugend Musiziert" Lehiaketa Nazionalean, Braunschweig Classix Jaialdian, Schmolz-Bickenbach lehiaketan, Carl Flesch akademian, Markneukirchen Nazioarteko Lehiaketa Instrumentalean, Leopold Mozart Nazioarteko Lehiaketan eta Nazioarteko Lipizer Biolin Lehiaketan.
Jaialdi ugaritan jo izan du ganberako musika, oso artista handiekin; besteak beste, Lang Lang eta Emmanuel Pahudekin.
Mahler Gazte Orkestrako kontzertino gisa, munduko jaialdirik eta kontzertu aretorik ospetsuenetan jo izan du, eta, 2013/14 denboralditik, BOSeko kontzertinoa da.
 

TERESA VALENTE– Biolontxeloa
Teresa Valente Lisboan jaio zen. Alberto Campos eta Mª José Falcãorekin hasi zen biolontxeloa jotzen ikasten, eta sariarekin amaitu zuen lizentziatura, Paulo Gaio Limaren eskutik.
Gulbenkian eta Carolina fundazioen babesarekin, ikasten jarraitu zuen ESM Reina Sofía zentroan, Natalia Shakovskaya eta Rainer Schimdtekin, eta ikasle bikainaren diplomak jaso zituen. Folkwang Hochschulen amaitu zituen ikasketak, Christoph Richterrekin. Hainbat sari eta aintzatespen jaso izan ditu; besteak beste, Estorilgo Nazioarteko Lehiaketan eta “Júlio Cardona” Lehiaketan, bai eta “Jovens Músicos” Saria, Kultura Ministerioaren Musikari Berriaren Saria, Kritikaren Saria eta “Palau de la Música” Saria ere.
Bakarlari gisa, hainbat orkestrarekin jo izan du: Gulbenkian, Portugalgo Sinfonikoa, Metropolitarra eta ESM Reina Sofíako Orkestrarekin, besteak beste. Era berean, areto garrantzitsuetan aritu izan da; esate baterako, Gulbenkian Fundazioaren Auditoriumean, Auditorium Nazionalean edo Erromako Santa Ceciliako Auditoriumean.
Ganberako musikarekiko interesaren ondorioz, zenbait taldetan aritu izan da; adibidez, Cuarteto Albeniz taldean. Gainera, Trío Pangea taldea ere sortu du, eta “Disques Coriolan” disko-etxearentzat grabatu izan du talde horrekin.
Maiz aritzen da nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan, eta, gaur egun, Bilbao Orkestra Sinfonikoko biolontxelo-bakarlari plaza dauka.
 

KIRILL KARABITS– Zuzendaria
Kirill Karabitsek Kieven eta Vienan ikasi zuen. Gaur egun, Bournemouth Symphony Orchestraren zuzendari nagusia da, bai eta I, CULTURE orchestraren zuzendari artistikoa ere. Zuzendari nagusi gonbidatua izan zen Estrasburgoko Orkestra Filarmonikoan, bai eta Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoko eta Budapest Festival Orquestako zuzendari elkartua ere.
Bere konpromisoen artean, Cleveland Orchestra eta Philadelphia Orchestra ere badaude. Kontzertuak eman ditu Rotterdam Philharmonic Orchestrarekin, Konzerthausorchester Berlinekin, SWR Sinfonieorchester Baden-Baden und Freiburgekin, BBC Symphony Orchestrarekin, Royal Philharmonic Orchestrarekin, Orchestre National de Francerekin, Malaysian Philharmonic Orchestrarekin eta Yomiuri Nippon Symphony Orchestrarekin.
Operako zuzendari gisa, 2010ean egin zuen debuta English National Operarekin, “Don Giovanni” obran; eta, 2012an, Glyndebourne Festival Operan zuzendu zuen. Beste zenbait proiekturen artean, aipatzekoak dira “Madama Butterfly”, Hanburgoko Staatsoperrentzat, eta zenbait produkzio Basel Antzokiarekin, Deutsche Operrekin eta Oper Stuttgartekin.
2013ko Zuzendari izendatu dute Royal Philharmonic Society Music Awards sariketan.

USANDIZAGA ETA OINORDETZA ALEMANIAR HANDIA
Brahmsek kontzertuaren generoan egindako sartu-irtenak urriak bezain garrantzitsuak dira. Kasu guztietan, errepertorioko pieza nagusiak izatera heldu dira, eta erronka handiak dira bakarlarientzat; esate baterako, gure orkestrako concertino-jotzaileak eta biolontxelo bakarlariak ere erronka horri egin beharko diote aurre. Ildo estetiko berean dago haren lagun eta babesle izandako Schumannen sinfonismoa. Egitarauari hasiera emateko, berriz, Usandizagaren musika gogoraraziko da, bere heriotzaren mendeurrenean.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen boskotea pianorekin

Laura Delgado, biolina
María Díaz Caneja, biolina
Lander Etxebarria, biola
Teresa Valente, biolontxeloa
Itxaso Sainz de la Maza, pianoa

ALFRED SCHNITTKE (1935)

Boskotea pianorekin

I. Moderato (attacca)
II. Tempo di Valse (attacca)
III. Andante (attacca)
IV. Lento (attacca)
V. Moderato pastorale

II

BOSen hari-ensemblea

Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
Laura Delgado, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Iñigo Grimal, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa
Gabriel José León, kontrabaxua

ALFRED SCHNITTKE (1934 – 1998)

Moz-Art à la Haydn

BOSen hari eta haize ensemblea

Luis Fernando Núñez, tronpa
Estefanía Beceiro, tronpa
Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina
David García, biolina
Samuel García, biolina
Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
María Díaz-Caneja, biolina
Isabel Aragón, biola
Juan Cuenca, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1833 – 1897)

Txantxa musikal bat Fa Maiorrean K. 522

I. Allegro
II. Menuetto (Maestoso) – Trio
III. Adagio cantabile
IV. Presto

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


G.F. Handel: Sonata en sol menor Op. 2 nº 8 HWV 393
J. D. Zelenka: 6. trio sonata, bi oboe, fagota eta baxu jarraiturako do minorrean

BOSen ensemble barrokoa

J.S. Bach: Brandenburgoko 3. kontzertua sol maiorrean
J.S. Bach: Brandenburgoko 6. kontzertua si bemol maiorrean
BOSen ensemble barrokoa

Informazioa eta sarrerak