Kontzertuak
Borrani eta Mozarten Kontzertantea
10.egitaraua.
Lander Echevarría, biola
Lorenza Borrani, biolina eta zuzendaria
I
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
Divertimento Fa Maiorrean K. 138
I. Allegro
II. Andante
III. Presto
Sinfonia kontzertantea biolin, biola eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean KV 364
I. Allegro maestroso
II. Andante
III. Presto
Lander Echevarría, biola
Lorenza Borrani, biolina
II
FRANZ SCHUBERT (1797 – 1828)
4. sinfonia do minorrean D. 417 “Tragikoa”
I. Adagio molto – Allegro vivace
II. Andante
III. Menuetto: Allegro vivace – Trio
IV. Allegro
DATAK
- 12 otsaila 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 13 otsaila 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
NEUROANIZTASUNA
Litekeena da azken urteetan behin baino gehiagotan entzun izana neuroaniztasunaren edo neurodibergentziaren inguruko zerbait. Zorionez, gaiak gero eta ikusgarritasun handiagoa dauka hainbat arlotan akademikotik harago, eta —behingoz!— eskerrak eman behar dizkiegu sare sozialei dibulgazio-lan apropos, hedatu eta irisgarria egiteagatik. Gauza txarra da hainbesteko arreta jasotzen ari dela, ezen askok moda hutsa dela esaten duten. Baina nik nahiago dut pentsatu gizartea itzartzen ari dela eta ulertzen ari dela, eta batik bat onartzen, burmuin guztiek ez dutela berdin jarduten. Uler dezagun: neurodibergenteek burmuineko «kableak» beste era batera jarrita dituzte eta ez dute «tipikotzat» dugun moduan jarduten. Horrenbestez, ikuspegi desberdinetik antzematen eta ulertzen dute mundua; abantailak dituzte —hala nola sormena—, baita erronkak ere —esaterako, gainkarga sentsoriala edo gizartean harremanak izateko zailtasunak—.
Nahasmendu neurologikoak aspaldi dokumentatu ziren arren, 1998an hasi ginen neurodibergentzien inguruan hitz egiten. Izan ere, Judy Singer Australiako soziologoak neuroaniztasunaren ideia lehen aldiz erabili zuen gizakiaren garunean gertatzen diren bariazioak deskribatzeko. Bioaniztasunarekin alderatu zuen, desberdintasun neurologikoak estilo kognitibo desberdin gisa normaliza zitezen, eta ez patologia bezala. Neuroaniztasuna, hortaz, aterki oso handia da eta hainbat nahasmendu barne hartzen ditu, adibidez, autismoa, ADHN, dislexia, diskalkulia, dispraxia, Touretteren sindromea eta — hara non— goimailako gaitasunak.
Kontuan izan goi-mailako gaitasunak terminoa IK (inteligentzia-koziente) altuagoa eta ahalmen handia duten pertsonentzat erabiltzen dela —talentua eta goiztiarra izatea kontuan izanda—, talentua arlo espezifiko batean edo zenbaitetan —demagun, adibidez, musikan— ezohiko trebetasuna dela, eta haur prodijioa dela oso txikia denean alor zehatz batean heldu baten trebetasun goiztiarra azaltzen duena. Orduan, nirekin ados egongo zaretelakoan nago; Mozart edo Schubert, gaurko kontzertuko konpositoreak, gaur egun goi-mailako gaitasunak dituzten pertsonak izango lirateke eta, beraz, neurodibergenteak.
Teoria asko egin dira Mozarten inguruan, baliteke horrez gain Touretteren sindromea, autismoa edo ADHN ere izatea, ohitura arraroak eta muturreko sentikortasuna baitzeuzkan. Dena den, neurodibergentziek ezaugarri batzuk komunean dauzkate, eta oso zaila da gaur egungo datuekin diagnostiko hori indarrez egitea. Hala ere, egia da Divertimento Fa Maiorrean K. 138 1772an idatzi zuela. Garai hartan, Wolfgang-ek 15 urte besterik ez zituen eta, ordurako, jada Europa erditik ibili izan zen haur prodijio gisa bere aitaren hegalpean —berak ez zeukan lotsarik bere seme-alabak herrialdetik herrialdera eramateko familiaren finantzak sendotzeko—. Izan ere, aita-semeak Italiara egindako bigarren bidaiatik itzuli berri ziren eta jada hirugarrena buruan zeukaten, Mozart gaztetxoak hiru piezatxo konposatu zituenean. Bere asmoa zen bisitatuko zituzten pertsonei ematea, denda batean doako laginak oparitzen dizkizutenean bezalaxe. Hala, erakusgai onak bezala, hiru konposizio horiek arinak, erakargarriak eta kalitatezkoak izan behar ziren, bezero posibleak erakartzea xede.
Mozartek divertimento deitu zituen, eta izenak ez zion formatu zehatz bati erreferentziarik egiten, baizik eta gizarteko ekitaldiren batean atzealdean edo kanpoan entzuteko edozein musikari —gaur egun dentistaren itxarongelan jartzen duten musikaren nolabaiteko baliokidea—. Baina izendapen lauso horrek eta egitura oso zehatza izateak musikologo ugariri pentsarazi egin diete. Hiru divertimentoek ohiko azkarra-lento-azkarra egituran hiru mugimendu zituzten, bere konposizio italiarren antzera. Hori dela eta, batzuek Salzburgoko sinfoniak izena jarri diete; dena den, ez zeukaten oboe edo tronpentzako atalik, ezta ezinbesteko minueta ere ez. Bestalde, lau parte baino ez zituzten —biolinerako bi, biolarako bat eta txelorako beste bat—; ondorioz, hari-kuartetoak direla dirudi, eta askotan horrela sailkatu dira, baina haien sonoritatea, idazkera eta izaera askoz hobeto moldatzen dira orkestran. Inoiz ez dugu jakingo zer zeukan Wolfgangek buruan konposatzen zituen bitartetan; nolanahi ere, bere gaztetako musika zoragarriaren adibide bikaina dira. Modu sinple eta linealean idatzita daude, armonia-joko gardena daukate eta melodiaadierazpena atsegina, argia eta arina da.
Gaur, divertimento horien arteko hirugarrena entzungo dugu, K. 138 zenbakiduna. K. 136 eta K. 137 bere hirukideen ildo bera jarraitzen du eta Italiako maisuen eragina islatzen du; besteak beste, Michael Haydn-ena —ez nahastu Joseph bere anaiarekin—. Lehenengo mugimendua sonata-formakoa da eta izaera jostalaria, alaia eta bizia dauka. Bi motibo dauzka, armonia-egitura arinaren gainetik gurutzatzen dira eta Mozart heldua izango denaren bereizgarriak antzemateko aukera eskaintzen dute. Bigarren mugimendua lehenengo biolinen melodia leunarekin hasten da, zeina gainontzeko ahotsen erritmojarduera interesgarriak osatutako sarearen gainetik hedatzen den. Une jakin batean, biolontxeloak bere motiboa aurkezten du; gero, italiar itzulera egiten du, ez lehenengo musika-esaldira, baizik eta bigarrenera, eta armonia-oinarrian bariazio sotilak daude. Garaiko beste hainbat lanetan bezala, azkenengo mugimendua amaiera bizia da, rondo bat, alegia. Hortaz, melodia nagusia bereziki alaia eta lasaia da eta bost aldiz aurreikusteko moduan itzultzen da; hala ere, bere inguruan kontrajarritako atmosfera eta tonalitate dibertigarriak bata bestearen atzetik entzuten dira.
Urte horretan bertan, 1772an, Jeronimo Colloredo kondea Salzburgoko printze-artzapezpiku izendatu zuten, eta Mozartek berarekin lan-harreman istilutsua izango zuen. Azkenean, urte batzuk geroago, harremanak eztanda egingo zuen, hein batean gaurko programaren bigarren lana zela-eta: Sinfonia kontzertantea biolin, biola eta orkestrarako K. 364.
1777an, Mozartek 21 urte zeuzkanean, jada lau urte zeramatzan Colloredorentzat lanean eta bere burua itota, zapuztuta eta gutxietsita sentitzen zuen. Hori zela-eta, artzapezpikuari Frantziara beste lan baten bila joateko baimena eskatu zion eta, tamalez, Colloredok kaleratu egin zituen Mozart eta bere aita, Leopold. Orduan, Wolfgangek familia guztia mantentzeko lana aurkitu behar zuenez, Munich, Mannheim eta Parisera abiatu zen amarekin, Maria Annarekin —ziur asko, bere aita une hartan ez litzateke bidaide atsegina izango—. Baina hiru hirietan bere lan-eskaera atzera bota zuten. Hori gutxi izango balitz bezala, bere ama gaixotu egin zen eta, mediku-zaintzak gorabehera, 1778ko uztailaren 3an Parisen hil zen. Leopoldek errua bere semeari botatzea erabaki zuen. Dena den, artzapezpikuari erregu egin zion eta buruan sartu zion Mozart gaztea berriz ere kontratatzea. Musikariak uzkur egin eta Mannheimen berriz ere saiatu arren, 1779an bere burua behartuta ikusi zuen Salzburgora itzultzera eta berriz ere Colloredorentzat gorteko organista gisa lan egitera —bere nahiaren kontra—.
Bidaia horrek esperotako fruituak eman ez bazituen ere, berebiziko garrantzia izan zuen eta Parisen ezagututako forma eta estiloetako batzuekin probatzeko desioa piztu zion. Horren ondorioz, denbora gutxira, gorteko organista gisa zituen betebeharren kontura egindako «kontratutik kanpoko ekoizpen» hori nahikoa izan zen Colloredok kaleratzeko eta Mozartek betiko Salzburgo uzteko. Esperimentu horietako bat Sinfonia kontzertantea izan zen. Lanak generoa aztertzen du eta instrumentu-soinuen konbinazio eta aukera berriak erabiltzen ditu, sinfonia eta kontzertua modu zoragarrian uztartzeko. Biolina eta biola bakarlari gisa aritzen dira orkestrarekin elkarrizketan —hori, gerora XIX. mendean, biolinerako eta biolarako kontzertu bikoitz deituko zuten—. Mozartek genero horretan saiakera gutxi egin zituen, eta hori da bukatu zuen sinfonia kontzertante bakarra, beste sei idazteko ahaleginak egin bazituen ere.
Mozarti biolarekiko interesa garai horretan piztu zitzaion, eta agian biolinetik aldentzeko nahita egin zuen, instrumentu horren maisutzat hartzen baitzuten Leopold Europa osoan. Noski, Mozart ere biolinista birtuosoa zen, baina esanguratsua da biola instrumentu bakarlari gisa aukeratu izana, garai hartan bigarren mailako instrumentutzat hartzen baitzuten. Konposizioan, biolaren partearen tonalitatea eta gainerako instrumentuena desberdina da; horrenbestez, biolinak erdibidean kordak afinatu behar ditu, scordatura izeneko teknika erabiliz. Hori egitearen xedea da biolaren distira nabarmentzeko erresonantzia nahikoa ematea eta biolinaren ohiko sonoritatea orekatzea. Izan ere, biolaren erregistroak eta izaerak definitzen dute konposizioa. Halaber, Mozartek orkestra-biolak bitan banatzen ditu, hari-nahasketa aberatsagoa lortzeko eta haien tinbrea indartzeko.
Allegro maestosoa orkestraren sarreratxo batekin hasten da, eta horrek biolinari eta biolari sarrera ematen die. Hasieran, bi instrumentuek unisonoan eta gorabeherarik gabe nota luzeak jotzen dituzte. Laster, haien arteko elkarrizketa abiatzen dute eta berraurkezpenean ordena elkar trukatzen dute. Biolin- eta biola-soloaren kadentzia eta gero —Mozartek idatzi zuen eta hori erabat ezohikoa da, normalean inprobisatzen baitzituzten—, orkestrak berriz ere hasierako izaera hartzen du mugimenduari amaiera emateko. Lento andante mugimendua modu minorrean dago, ohi ez bezala, eta emozio-sakontasun handia aurkezten du, bi bakarlarien artean partekatutako aiene dramatiko eta tristearen isla. Amaierako rondoaren prestoarekin, Mozarten musikan hain adierazgarria den espiritu alai eta jostalaria itzultzen da. Konposizioa benetan heldua da 23 urteko gazte batentzat. Jada ez zen haur prodijioa, baina oraindik ere jenio hutsa zen.
Arratsaldeko bigarren zatian, Schuberten laugarren sinfonia entzungo dugu. 1813. eta 1818. urteen artean, bere lehenengo sei sinfoniak idatzi zituen, hau da, 16 eta 21 urte zituen bitartean. Beraz, bera ere gaztetan hasitako konpositore talentuduna zen. Franz Schubertek haurtzaroa udal errege-apaiztegi inperialean eman zuen, koruko haur gisa, eta kartzelan egongo balitz bezala bizi zuen monjeen diziplina gogorra, nahiz eta ezohiko musika-kultura zabala ere eskaini zion. Musikaria 13 urterekin konposatzen hasi zen; bere lehenengo sinfonia interpretatu eta denbora gutxira, ordea, akademiatik bota zuten, kalifikazio txarrak zirela-eta. Hortaz, gurasoen etxera itzuli behar izan zen eta, bertan, irakasle-lanpostu batere ez erakargarria zuen zain. 1816an, 19 urte zituenean, konpositoreak irakasle bezala zuen bizitzarekin egonarri txikia zuen eta gehiegizko kualifikazioa zuela sentitzen zuen. Horregatik, igoera akademikoa bilatu zuen, eta norbaitek gaur egungo Ljubljanako, Eslovenian, musika-eskola batean irakasle-lanpostu bat eskatzeko iradoki zion. Ez zuen lana lortu, baina bere egoeratik alde egiteko eta hilabete batzuez bere lagun baten etxean egoteko aitzakia gisa erabili zuen. Bertan, bere laugarren eta bosgarren sinfoniak idatzi zituen.
Gaztaroko sei sinfonia horiek hizkuntza klasikorekin idatzi zituen, Haydn eta Mozarten eragin argiarekin. Dena den, era berean, Schuberten estiloan erabat adierazgarriak diren armonia-elementu originalez beteta daude, pixkanaka konposizioaukera berrietarantz bidea egiten ari zenaren seinale. Sinfonia-talde horretan, aitzitik, laugarrena nabarmentzen da. Amaitu gabea kontua izan gabe, Schubertek tonalitate minorrean idatzi zuen sinfonia bakarra da eta, zalantzarik gabe, melankolia-izaera dauka —Tragikoa izenburua egileak berak jarri zion gaztaroan bere buruari egindako ateraldi dramatikoan—. Baina, egia esan, lanak nerabezaroko irakidura adina tragedia dauka.
Lehenengo mugimendua do minor goibelarekin hasten da. Hasiera dramatikoa da do maior distiratsuan amaitzen den mugimendu baterako —batzuetan Schubertek Bruckner-i bidea egin ziola dirudi—. Hainbat ezaugarrik pasarte bakoitza sorpresaz betetzen dute, hala nola ustekabeko birek, Schumanni aurrea hartu zioten bat-bateko une erromantikoek, zuren koru-orkestrazioak… Lento mugimendua nahiko luzea da, konpositore gaztearen estandarrak kontuan izanda, eta handitasunarekin egiten du distira, tristea eta gozoa den grazia lirikoarekin. Horren ondotik, minueta eta hirukotea erritmoan eta garratz heltzen dira, eta azkenengo mugimenduak hasierako espiritu egonezin eta goibela berreskuratzen du.
Bera bizirik zegoenean ez zen inoiz Sinfonia do minorrean interpretatu —lehenengo emanaldi publikoa hil eta 21 urtera egin zen—, eta erraz imajina ditzakegu lan hori idazteko buruan barra-barra zeuzkan tragediak. Hala eta guztiz ere, adi egon den irakurleak igarri izango du biziki sentitzen zuela ezin zela egoeretara moldatu, ez zela inon onartua sentitzen eta gaurko emanaldiko konpositoreentzat aurreikusita zeuden espektatibak ez zituela betetzen. Musikari horiek bezala, hainbat pertsona neurodibergentek adimen miresgarriak dituzte ezaugarri desberdin eta portaera arraroen atzean.
Nora Franco
Lander Echevarría
Biola
Lander Echevarría Portugaletekoa da eta J.C. de Arriaga Musika Kontserbatorioan biolin- eta biola-ikasketak egin zituen. Gero, Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza bat eman zion Londresen, Utrechten eta Amsterdamen ikasteko eta, bertan, kalifikaziorik altuenekin graduatu zen, Keiko Wataya eta Nobuko Imai-ren tutoretzapean.
Rainer Schmidt-ekin Madrilgo Reina Sofía Eskolan trebatu ondoren, Cuarteto Quiroga taldea sortu zuen, eta laukotea laster saritu zuten zenbait lehiaketa entzutetsuetan, hala nola Ginebran eta Bordelen, non Bigarren Saria eta Nazioarteko Kritikaren Saria eskuratu zituen. Geroago, Espainiako Irrati Nazionalak Ojo Crítico saria eman zion musika klasikoaren kategorian. Bien bitartean, Europan eta Hego Amerikan hainbat jaialdi eta bira egin zituen.
2008tik aurrera, hamaika urtez, Lander Londreseko Orkestra Sinfonikoko kide izan zen eta horrekin munduko aretorik garrantzitsuenetan jo zuen zenbait zuzendari ospetsurekin batera, adibidez, Valery Gergiev, Simon Rattle, Colin Davis eta Bernard Haitink-ekin. Garai hartan, sarritan gonbidatu zuten biolen atala gidatzeko; besteak beste, honako orkestra hauetara: Londreseko Royal Philharmonic, Camerata Salzburg, Eskoziako Ganbera Orkestra, Maltako Filarmonikoa, Espainiako Orkestra Nazionala, eta Bartzelonako, Gaztela eta Leongo, Kanaria Handiko eta Euskadiko orkestra sinfonikoetara.
2019an, Bilbao Orkestra Sinfonikoko biola bakarlaria izateko plaza lortu zuen. Gaur egun hiribilduan bizi da eta ganbera-lan bizia egiten du, bere pasiorik handienetarikoa baita.
Lorenza Borrani
Biolina eta zuzendaria
Lorenza Borraniren programa inspiratzaileek eta musika-sorkuntzarekiko duen ikuspegi integratzaileak ospe handia eman diote nazioarteko orkestretan. Orkestra-jarduerarekin batera, bere lagun musikari hurbilenekin ganbera-musika proiektu berezietan lankidetzan aritzeko konprometituta dago.
Denboraldi honetan, Borrani Artic Philharmonicera eta Vasteras Sinfoniettara itzuliko da; azken horretan, kide artistikoa izan da. Beste zenbait konpromisoren artean, Scottish Chamber Orchestra, Orchestre de Paris eta Mozarteumorchester Salzburgen programetan biolin zuzendari gisa joko du, eta are sarriago soilik zuzendari gisa ere parte hartuko du.
Lorenza Borrani ganbera-musikariak Spunicunifait taldea sortu zuen. Mozarten hari-boskoterako lanak interpretatzen eta grabatzen dituzte, grabazioak Alpha diskoetxearekin argitaratzen dituzte eta kritikaren goraipamenak jaso dituzte. Halaber, Lorenza Borrani Spira Mirabilis proiektuko fundatzaile-kideetako bat da. Garai guztietako orkestra- eta ganbera-errepertorioa aztertzera, ikertzera eta interpretatzera bideratutako laborategia da, zuzendari zein liderrik gabe lan egiten dute eta musikari guztiek interpretazioarekiko ardura bera daukate.
Lorenza Borraniren programa inspiratzaileek eta musika-sorkuntzarekiko duen ikuspegi integratzaileak ospe handia eman diote nazioarteko orkestretan. Orkestra-jarduerarekin batera, bere lagun musikari hurbilenekin ganbera-musika proiektu berezietan lankidetzan aritzeko konprometituta dago.
Denboraldi honetan, Borrani Artic Philharmonicera eta Vasteras Sinfoniettara itzuliko da; azken horretan, kide artistikoa izan da. Beste zenbait konpromisoren artean, Scottish Chamber Orchestra, Orchestre de Paris eta Mozarteumorchester Salzburgen programetan biolin zuzendari gisa joko du, eta are sarriago soilik zuzendari gisa ere parte hartuko du.
Lorenza Borrani ganbera-musikariak Spunicunifait taldea sortu zuen. Mozarten hari-boskoterako lanak interpretatzen eta grabatzen dituzte, grabazioak Alpha diskoetxearekin argitaratzen dituzte eta kritikaren goraipamenak jaso dituzte. Halaber, Lorenza Borrani Spira Mirabilis proiektuko fundatzaile-kideetako bat da. Garai guztietako orkestra- eta ganbera-errepertorioa aztertzera, ikertzera eta interpretatzera bideratutako laborategia da, zuzendari zein liderrik gabe lan egiten dute eta musikari guztiek interpretazioarekiko ardura bera daukate.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO
Lekua: Euskalduna Bilbao
Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.
Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.
Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.
Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.
Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.
ANTZEZLEAK
Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe
TALDE ARTISTIKOA
Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera
* Debuta en ABAO
Amerikar arima
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Pacho Flores gurera etorriko da berriro tronpeta-kontzertu bikaina jotzera, hain zuzen ere, Paquito D’Rivera apartak eskaini diona, Venezuelako erritmoetan oinarrituta. Izan ere, Amerikako kontinentearen hegoaldeak azken hamarkadetako musikarik onenetakoa eman digu; horren adibide bikainez gozatu dugu Carlos Miguel Prietoren batuta bizigarriaren erara. Adi egon Gabriela Ortizen azalpenei eta nortasunari nahiz lurraldeari buruz egingo duen hausnarketa musikalari.
C. Chávez
Sinfonía nº 2 “India”
P. Flores
Morocota
P. D’Rivera
Concerto venezolano
G. Ortiz
Téenek – Invenciones de Territorio
J. P. Moncayo
Huapango
Pacho Flores, tronpeta
Leo Rondón, cuatro venezolano
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria
