Kontzertuak

Isiltasunaren legea


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Wayne Marshall bikainak hala pianoan nola zuzendaritzan katedra ezarri duen bi konpositoreei eskainitako programa ekarriko digu: Gershwin eta Bernstein. Pianotik Bigarren Rapsodia zuzenduko du, in blue ospetsua baino ezohikoagoa, eta Bernsteinen Divertimento eta zinemarako bere lehen partitura zirraragarria: Elia Kazanek On the Waterfront bikainerako eskatu zion musika.

Wayne Marshall, pianoa eta zuzendaria


I

IAIN FARRINGTON (1977)

A party with Auntie *

W1A/Animal Magic (This is Las Vegas) – Blackadder – I’m Sorry I Haven’t a Clue (The Schickel Shamble) – Have I Got News For You – Panorama – BBC News – Antiques Roadshow – University Challenge – Ski Sunday (Pop Looks Bach) – Match of the Day – Cricket Theme (Soul Limbo) – Dr Who – Strictly Come Dancing – The Archers (Barwick Green) – Eastenders

GEORGE GERSHWIN (1898 – 1937)

Bigarren rapsodia piano eta orkestrako*

Wayne Marshall, pianoa

GEORGE GERSHWIN (1898 – 1937) / ROBERT RUSSELL BENNETT (1894-1981)

Gershwin in Hollywood*

The back bay polka (The Shocking Miss Pilgrim) – A foggy day (A Damsel in Distress) – Slap that bass (Shall We Dance?) – Love walked in (The Goldwyn Follies) – Nice work if you can get it (A Damsel in Distress) – One, two, three(The Shocking Miss Pilgrim) – Love Is here to stay (The Goldwyn Follies) – They can’t take that away from me (The Barkleys of Broadway)

II

LEONARD BERNSTEIN (1918 – 1990)

Divertimentoa orkestrarako

I. Sennets and Tuckets
II. Waltz
III. Mazurka
IV. Samba
V. Turkey Trot
VI. Sphinxes
VII. Blues
VIII. In memoriam; March: “The BSO forever”

On the Waterfront, Suite sinfonikoa*

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

DATAK

  • 27 otsaila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 28 otsaila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Deskargatu pdf

Musika mugimenduan

Gaurko kontzertuak Ameriketako Estatu Batuetara eramango gaitu, bertako kultura urbanoak herritarrengan eragin handia zuen garai batera. Baita herrialde horren mugetatik harago ere. Herri-ondare horren zati handi bat antzerki musikalarekin eta zinemarekin lotuta dago, eta, Broadwayko eszenari lotutako talde txikienetatik edo jazz-lokaletatik hedatuta, partitura horiek ikaragarri oparoak izan ziren orkestra sinfonikoen errepertoriorako.

Hala ere, Estatu Batuetako musikaren preludio gisa, Iain Farrington (Hitchin, Hertfordshire, 1977) ingelesaren A party with Auntie entzungo dugu. Tituluaren itzulpena “Festa bat izebarekin” da (ikus-entzunezko musika oso gogoko duen izeba bat da, seguruenik). Baina pieza horren lengoaiak hasieran aipatutako leku- eta denbora-koordenatuak betetzen ditu, eta oso egokia da bi musikari handiren ekoizpenaren hasierako gonbidatu gisa (halakotzat kalifikatu zuen The Guardian egunkariak estreinaldian egindako kritikan). 2022an konposatu zen BBCren mendeurrena ospatzeko, eta, horregatik, ikus-entzule ingelesek ezagutzen dituzten irrati eta telebistako sintonia ugari biltzen ditu (albisteetakoak, entretenimendu-programetakoak, kirol-programetakoak…). Nolanahi ere, konposizioaren izaera dibertigarri eta arina eta metrika kementsuaren estimulua, doinu gogoraerrazetara josia, atseginak dira belarri guztientzat. Ideien saski-naskia instrumentazio askotariko eta erakargarri batek koloreztatzen du. Gai nagusi batek josten du dena, eta bultzada geldiezina ematen dio hain freskagarria eta bizia den konposizioari.

Pieza urte hartako Proms kontzertuen azken gauerako idatzi zen hasiera batean, baina, Isabel II.aren heriotzaren ondorioz, kontzertua bertan behera geratu zen. Hala, festa horretan entzun beharreko musikak errespetuz itxaron zuen 2022ko urriaren 21era arte, orduan entzun baitzen lehen aldiz Londresko Barbicanen. Partitura BBCren Orkestra Sinfonikoaren atrilen gainean jarri zen, eta Dalia Stasevskak zuzendu zuen.

Eta, konposizio hori entzun ondoren, musikari handien txanda iritsiko zaigu. George Gershwinen arabera (Brooklyn, 1898 – Beverly Hills, 1937), “jazza Amerikan bildutako energia guztiaren emaitza da”. Hamar urterekin hasi zen pianoa jotzen, eta hogeita bat urterekin bere lehen partitura idatzi zuen komedia musikal baterako. Biak izan ziren bere bizitza profesionalaren ardatzak: pianoa, zeinaren bidez bere melodia-iturri agortezina adierazten baitzuen, eta New Yorkeko musika-eszena, ehunka abestiz beteta, horietako asko Gershwinenak.

New Yorkeko kaleetan entzuten ziren herri-abestien osagaiak hartu zituen: jazza, ragtimea eta bluesa, eta, horietatik abiatuta, estilo bereizgarria sortu zuen. Hala ere, Europako herentzia klasikoarekin ere lotu nahi izan zuen, eta, horretarako, tradizioari elkartutako generoetako partitura ugari idatzi zituen, hala nola kontzertua, opera edo rapsodia. Bere helburua jazza lengoai “klasikoarekin” adiskidetzea zen, edo, garai hartan esaten zen bezala, “Tin Pan Alley Carnegie Hallera eramatea”.

Piano eta orkestrarako bigarren rapsodia 1931ko Delicious filmaren soinu-bandaren parte izan zen. Baina konpositoreak filmerako idatzitako partitura horrek eta beste batzuek jasandako murrizketek pieza independente gisa estreinatzeko erabakia hartzera eraman zuten. Zenbait moldaketa eta ezabatze egin ondoren, Bostongo Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen 1932ko urtarrilaren 29an. Konpositoreak berak jo zuen pianoa eta Serge Koussevitzky izan zen zuzendaria. Kritikak esan zuen pieza “jokamolde neurrigabeak eta koktel-energia protagonista diren Amerika baten” soinu-deskribapen ona zela. Urte askotan alde batera utzi ondoren, gaur egun Gershwinen obra bikainenetako bat dela jotzen da, eta konpositoreak berak zera esan zuen: “alderdi askotan, hala nola orkestrazioan eta forman, idatzi dudan obrarik onena da”.

Hasieran, filmaren ekoizpenean, Gershwinek “Manhattango rapsodia” izena eman zion piezari. Geroago, “New Yorkeko rapsodia” deitu zuen, eta azkenik “Rapsodia errematxeetan”. Izen horiek guztiak idazkera pianistiko bikainarekin ezin hobe bat etortzen dira, zeinak modernitateari ateak ireki dizkion hiri zirraragarri eta harro baten erritmo urbanoa islatzen baitu. Hasierako perkusio-patroia, behin eta berriz errepikatzen diren motiboak, azentuak, azpimarratu etengabeak… Elementu horiek guztiak hiri boteretsu baten bizitasun geldiezinaren soinuak besterik ez dira. Erdiko atalak barealdi- eta nostalgia-oasi bat ekartzen digu zalapartaren erdian, mestizajean aberatsa den komunitate baten aurpegi aldakorra islatuz. Gero mugimendua bueltatzen da, eta musika amaiera apoteosiko batera eramaten du.

Gershwinek abesti asko ere konposatu zituen, eta bere anaia Ira kanta-idazle ezin hobea izan zen. Haren olerki antikonbentzionalak primeran egokitzen ziren Georgeren musikara. Elkarrekin, 1920ko hamarkadako giroa jaso zuen herri-abesti mota sofistikatu bat sortu zuten, eta Broadway beren zerbitzura jarri zuten. Ondoren, Hollywoodekin hasi zen lanean. Soinudun zinemaren lehen urteak ziren, teknologiak azkar egiten zuen aurrera eta estudioek konpositoreak buru-belarri bilatzen zituzten. Film musikalen mundu berria goren unean zegoen konpositorearen zerbitzura jarri zen, eta erronka hura zirraragarria zen gaztea eta talentuduna zen gizon harentzat. Hala ere, bazegoen alde txar bat: zinemaren muinean egileari bere obraren gainean ematen zioten kontrol eskasa. Dena den, Gershwinek musika idatzi zuen Fox, Goldwyn Pictures Corporation eta RKOrako, Hollywooden urrezko garaiko bost konpainia handienetako hiru. Estudio horietarako, Shall We Dance, Damsel in Distress eta The Goldwyn Follies filmetarako soinu-bandak idatzi zituen, eta horietako batzuen emanaldiak gaur egun entzuten ditugu.

Pentagrama horietan, zalantzarik gabe, moldatzailea kontuan izan behar da, musikaren orkestrazioaren zati garrantzitsua baita. Robert Russell Bennett (Kansas City, 1894 – Manhattan, 1981) konpositorea izan zen baita ere, baina ezagunagoa da Broadwayko eta Hollywoodeko hainbat musikaletan lan egin zuelako eta musikari askoren partiturak orkestratu zituelako, hala nola: Irving Berlin, Jerome Kern, Cole Porter, Richard Rodgers eta Gershwin bera. Azken horren kasuan, lankidetza estua izan zen, eta Bennettek —orkestrazioaren teknika menderatzen zuen— Gershwinen jarraibideei jarraitzen zien edo iradokizunak egiten zizkion. Gershwinen heriotzaren ondoren, Bennettek bere lanetako batzuk orkestratzen jarraitu zuen, hala nola Gershwin in Hollywood, non belarriekin ikusten baititugu Ginger Rogers eta Fred Astaire dantza-pistatik irristatzen, edo Joan Fontaine gazte aristokrata konpositore iparramerikar batez maitemintzen.

Leonard Bernstein (Lawrence, Massachusetts, 1918 – New York, 1990) musikari poliedrikoa izan zen: pianista, konpositorea, orkestra-zuzendaria eta musika-lengoaiaren dibulgatzaile trebatu eta kartsua. Haren ustez, “ikus-entzuleak ez dira piztia handi bat, baizik eta organismo adimendun bat, gehienetan ulermena eta ezagutza nahi dituena”, eta, hizkuntza berritu eta ausarta erabiliz, ahalegin handia egin zuen “musika klasikoa demokratizatzeko”, ikus-entzuleen belarriak ikuskizun sinfonikora hurbiltzeko modu berriak bilatuz, erabat gozatu ahal izateko.

Divertimentoa orkestrarako izenburuak berak konposizioaren asmoa adierazten du. Suite moduan eskaintzen digu, eta zortzi bagatelek —ez gehiago, ez gutxiago— osatzen dute.

Obra Bostongo Orkestra Sinfonikoari eskaini zion “maitasunez”, lehen mendeurrena ospatzeko egindako enkargua izan baitzen. Orkestra sinfoniko horrexek estreinatu zuen 1980an, Seiji Ozawaren zuzendaritzapean.

Konpositoreak berak “pieza dibertigarri” gisa kalifikatu zuen. Baina, ongi pasatzea nahi izateaz gain, Bernsteinek konposizioaren musikaz kanpoko bi ardatzak —Bostongo orkestra eta bere urteurrena— hura osatzen duten pieza guztietan presente egotea nahi izan zuen. Horregatik, “si” (“B” musika-notazio anglosaxoiaren sisteman) eta “do” (“C” sistema horretan) notak funtsezkoak dira diskurtsoaren garapenean. Hala, agerikoak dira konposizioari hasiera ematen dion emanaldian (Sennets and Tuckets), non, hasieran, bi notak (si eta do) bata bestearen atzetik errepikatzen diren eta, azkenean, denboran bat egiten duten, talka disonantea eraginez. Ondoren, samurtasunez dislokatutako bals bat dator, ez baitago dagokion konpas hirutarrean idatzita. Txaikovskiren Bosgarren Sinfoniako bals dotore eta desitxuratu apartari keinu egiten dio. Mazurkan haizeak eta harpa bakarrik entzuten ditugu. Oraingoan, oroigarria beste Bosgarren baterako da, Beethovenena, oboeak lehen mugimenduan duen esku-hartze emozionalaren aipuaren bidez. Erregistroz eta orkestrazioz aldatuta, samba bat dator jarraian, bizia eta koloretsua, latinoamerikarrari keinu eginez. Bernsteinek beste partitura batzuetan ere landu zuen estilo hori. Ondoren, Turkey Trot komikoak, bat-bateko intentsitate-aldaketekin eta azentu desplazatuekin, herrenka dabilen indioilar baten trosta gogoratzen du itxuraz. Horren ostean, Esfingeak agertzen eta desagertzen dira, Blues motel eta sentsualari bide emanez hasperen batean. Metalak eta perkusioa dira protagonistak, eta Bernsteinek Bostongo gau-klubei buruz zituen oroitzapenak irudikatzen dituzte. Amaitzeko, martxa bat dator, Bostongo Sinfonikoarekin lotura izan zutenen In memoriam oroitzapen labur baten ondoren.

Zortzi estanpa horien bidez, Bernsteinen asmoa zera izan zen, bere hitzetan: “gaztaroan izan nituen esperientziak islatzea, hemen entzun bainuen lehen aldiz orkestra-musika”. Izan ere, musikaria Bostonen hazi zen eta Harvarden graduatu zen. Gainera, Tanglewood Music Centerreko ikasle izan zen. Bostongo Sinfonikoari elkartutako eliteko musika-akademia zen, eta Serge Koussevitzkyk sortu zuen 1940an. Geroago, Bernsteinek akademia horretako hezkuntza-programen garapenean aktiboki parte hartu zuen, eta Bostongo Orkestra zuzendu zuen askotan.

Bere katalogoan soinu-banda bakarra dago: “On the waterfront”, guretzat “Isiltasunaren Legea”. Bernsteinen ustez, zineman musika “garrantzi gutxien duen zatia da: musikak estalitako lerro mintzatua lerro galdua da, eta, beraz, galera bat da filmarentzat; eta mintzaldiak erabat ezabatutako musika-konpasa, berriz, galdutako musika-konpasa da”.

Horregatik, ziurrenik, 1954an Elia Kazanen filma estreinatu ondoren, Bernstein bere musika berreskuratzen eta arreta guztia soinuari eta ez irudiei ematen zion publiko bati eskaintzen saiatu zen. Hala ere, bazekien kalitate handiko zerbait konposatu zuela. Horixe adierazi zuen The New York Timesen izandako elkarrizketa batean: “Partituraren xehetasun guztiei hain arreta handia eskaini nien, ezen agian filmaren zatirik garrantzitsuena iruditzen baitzitzaidan”. Soinu-banda, jakina, asko goretsi zuten, eta urte hartako Oscar sarietarako proposatu zuten, baina ez zuen irabazi.

Suite sinfonikoa 1955eko abuztuaren 11n estreinatu zen, Tanglewooden. Formatu horri esker, filmaren gai nagusiak jarraiko sei ataletan eskaini ahal izan zituen: maitasuna, indarkeria, zalantza, salaketa, barne-gatazka eta kode moralaren bilakaera. Pertsonaia nagusiaren gogo-aldarte guztiak (Marlon Brandok maisuki interpretatua), birbideratzen duen emakume biziak harengan duen eragina (ehun urte bete dituen Eva Maria Saintek bikain interpretatua) eta pertsonaiak inguratzen dituen giro likitsak partiturara josita daude.

Bernsteinek bete-betean murgiltzen gaitu gerraoste-garaiko portu-hondo zitaletan, komunitate-bizikidetzaren hondatze doilorra irudikatzen duten erritmo nahasien bidez. Akorde disonante eta azentu desplazatuen metrika hori instrumentazio koloretsu eta luze batek aberasten du —eta orkestra sinfoniko batean horren ohikoak ez diren baliabideekin luzatuta dago—. Bertan, harmonia eszeniko liluragarria sortzen dute saxofoiak eta harpak, bateriak eta hariek edo pianoak eta metalek.

Txirulek oihartzunean jotako tronparen hasierako iragarpen minberatik amaierako akorde dramatiko eta epikoetara iritsi arte, entzungo dugun traman indarkeria, bizitzaren gogortasuna eta ustelkeria ahulentzako etsai-ingurune baten protagonista nagusiak dira, zeina, hala eta guztiz ere, ez den gai maitasunaren indar menderatzailea eta borondatearen ahalmena gainditzeko. Hain zuzen, musikak eragiten duen tentsio dramatikoaren zati handi bat protagonistaren eraldaketan oinarritzen da. Halaxe adierazi zuen egileak obraren aurkezpenean: “suitearen material nagusiek metamorfosi ugari jasaten dituzte, ahal den neurrian filmaren fluxu kronologikoari jarraitzeko”. Eskrupulurik gabeko pertsona bortitz bat printzipioak dituen tipo batean bihurtzeko prozesuaren musika-irudikapen aparta da: musika eta Marlon Brando, ankerraren, damuaren eta samurtasunaren artean dantzatzen.

Gaur entzungo ditugun partitura gehienak mugimenduan zeuden irudien babesean sortu ziren. Zaila izango zaigu erabateko gelditasunean entzutea.

Mercedes Albaina


Wayne Marshall.

Pianoa eta zuzendaria

Wayne Marshall orkestra-zuzendaria, organista eta pianista britainiarra da, eta podiumean zein teklatuan dituen musikaltasunagatik eta moldakortasunagatik ezaguna da.

Koloniako WDR Funkhausorchesterreko zuzendari titularra izan da (2014-2020), eta Milango Giuseppe Verdi Orkestra Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusia (2007-2013).

George Gershwin, Leonard Bernstein eta XX. mendeko beste hainbat konpositore estatubatuarren musika interpretatzeagatik da ospetsua. Honako obra hauek zuzendu ditu: Bernsteinen Candide (Deutsche Staatsoper Berlin eta Lyongo Opera Nazionala), Mass (Orchestre de Paris) eta White House Cantata (Netherlands Radio Philharmonic Orchestra), Harbisonen The Great Gatsby (Semperoper, Dresden), Heggien Dead Man Walking (Montreal Opera) eta Porgy and Bessen hainbat ekoizpen (Opera Comique de Paris, Washington National Opera, Dallas Opera eta Vienna Staatsoper).

Zuzendari gisa berriki izan dituen azpimarratzeko moduko momentuan artean honako hauek aipa ditzakegu, besteak beste: Berlingo Filarmonikoarekin izan zuen debut aparta (2021ean) eta honako hauekin ere debutatzea: Municheko Filarmonikoa, Tonhalle Zurich, Munich Rundfunk Orchestra, Frankfurt Radio Orchestra, Baltimore Symphony Orchestra, Seattle Symphony, Chicago Symphony, Vancouver Symphony Orchestra, Nashville Symphony eta Deutsches SymphonieOrchester Berlin.

Aldizka lan egin du Vienako Tonkünstler Orchestrarekin, Rotterdamgo, Osloko, Estrasburgoko eta Txekiako Orkestra Filarmonikoekin, RSO Viennarekin, Parisko Orkestrarekin, NDR BigBandekin eta baita BBCko abesbatzarekin ere, hainbat aldiz. Bakarlari, zuzendari eta telebistako iruzkingile gisa lan egin du BBC Promsetan.

2021ean, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian egin zuen debuta, Rodgers eta Hammersteinen musikarekin, Danielle de Nieserekin kontzertuan, eta, 2022an, Scottish Chamber Orchestrarekin.

2025/2026 denboraldian, bira luze bat egingo du Alemanian eta Erresuma Batuan barrena Alemaniako Orkestra Nazionalarekin. 2025eko martxoan, Japonian arituko da zuzendari lanetan Hiroshima eta Nagoyako orkestretan. Urte bereko apirilean, Wayne Marshallek Peter Grimesen ekoizpen osoa zuzenduko du Lyongo operan, eta ekainean Udaberriko Jaialdian egongo da Txekiako Irratiko Orkestrarekin.

2025eko udan, Wayne Marshallek Leipzigeko MDR Orchestra zuzenduko du, ondoren Flanders Youth Orchestra eta Bruselako Filarmonikoa, eta urrian Vienako Musikvereinen egongo da Tonkunstler Orchestrarekin.

Waynek Genevako Grand Théâtrean ere egingo du debuta, eta Gershwinen An American in Paris obraren ekoizpen osoa zuzenduko du. 2026ko denboraldian, Wayne Marshall Basileako Orkestra Sinfonikoarekin arituko da lanean, eta bira bat egingo du Herbehereetan eta Italian Toscanini Orchestrarekin. Urteari amaiera emateko, Urte Berriko kontzertua zuzenduko du Zurichen, Tonhalle Orchestrarekin.

Organista ere badela aipatu dugu; horri dagokionez, errepertorio oso anitza du eta mundu osoan jotzen du.

2024an, Walt Disney Concert Hallen (Los Angeles), Philharmonie de Essenen, Bruselako katedralean eta Londresko Royal Albert Hallen (Henry Willis organistaren 150. urteurrena gogoratzeko) jo du. 2025eko ekainean, organo-errezitaldiak eskainiko ditu Royal Festival Hallen eta Norwicheko katedralean. 2025eko urrian, Wayne Marshallek organo-errezitaldi bat eskainiko du Dudelangen, eta, ondoren, organo-errezitaldien bira luze bat egingo du Txinan barrena. Luzernako Jaialdian ere egongo da musikari eta zuzendari gisa, KKL aretoko organoaren 25. urteurrena ospatzeko.

Lortu dituen sarien artean aipa daitezke, besteak beste, Bournemouth Unibertsitateko honoris causa doktoretza (2004), Royal College of Musiceko beka (2010) eta Barbadosko Gobernuko Golden Jubilee Award saria (2016). 2021ean, Waynek OBE (Officer of the British Empire) saria jaso zuen Isabel erreginaren eskutik. 2024ko martxoan, Coventry Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen Wayne. Wayne Marshall harro dago London Music Fund erakundearen enbaxadore izateaz. Ongintzazko erakunde horren helburua da komunitate behartsuetako haurrei kalitate handiko musika-hezkuntzarako sarbidea ematea.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
23 - 26 - 29 - 01
Eka
2026
>ANDREA CHÉNIER –  U. GIORDANO

ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO

Lekua: Euskalduna Bilbao

Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.

Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.

Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.

Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.

Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.

ANTZEZLEAK

Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe

TALDE ARTISTIKOA

Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera

* Debuta en ABAO

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
25
Mai
2026
>Ganbera 10

Ganbera 10

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa

F. M. Veracini
Obertura nº 6 en sol menor IFV 6

J. S. Bach
Concierto nº 3 para cembalo y orquesta en Re Mayor BWV 1054

F. Geminiani
Concerto grosso nº 6 en Si bemol Mayor Op. 7, H. 120

J. – P. Rameau
Les Boréades, selección

Ensemble barroco BOS
Silvia Márquez, klabea

Informazioa eta sarrerak
27
Mai
2026
>Ezohiko Kontzertua Joaquín Achúcarro BOSekin

Ezohiko Kontzertua Joaquín Achúcarro BOSekin

Lekua: Bilboko Elkarte Filarmonikoa

80 urte elkarrekin

Hitzordu oso berezia, Achúcarrok BOSekin egindako estreinaldi historikoa oroitzeko eta gure kultura-ondare partekatuaren atal den lankidetza ospatzeko. Mendelssohn eta Fallaren konbinazioari esker Achucarroren piano-zigilu bereziaz gozatu ahal izango dugu piano eta orkestrarako errepertorio espainiarraren obrarik enblematikoenetakoan.

Programa:
F. Mendelssohn: Las Hébridas, obertura
Grieg: Concierto para piano y orquesta en la menor, Op. 16

Interpreteak:
Joaquín Achúcarro, pianoa
Mikel Fernández, zuzendaritza

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
04 - 05
Eka
2026
>Amerikar arima

Amerikar arima

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Pacho Flores gurera etorriko da berriro tronpeta-kontzertu bikaina jotzera, hain zuzen ere, Paquito D’Rivera apartak eskaini diona, Venezuelako erritmoetan oinarrituta. Izan ere, Amerikako kontinentearen hegoaldeak azken hamarkadetako musikarik onenetakoa eman digu; horren adibide bikainez gozatu dugu Carlos Miguel Prietoren batuta bizigarriaren erara. Adi egon Gabriela Ortizen azalpenei eta nortasunari nahiz lurraldeari buruz egingo duen hausnarketa musikalari.

C. Chávez
Sinfonía nº 2 “India”
P. Flores
Morocota
P. D’Rivera
Concerto venezolano
G. Ortiz
Téenek – Invenciones de Territorio
J. P. Moncayo
Huapango

Pacho Flores, tronpeta
Leo Rondón, cuatro venezolano
Carlos Miguel Prieto, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak