Kontzertuak

BOS 02

Mozart, Jupiter eta adiskidetasuna


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

2.egitaraua

Erik Nielsen, zuzendaria.
Freyr Sigurjonsson flauta.


WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

Hileta masoniko baterako musika Kv 477

JÓN ÁSGEIRSSON (1928)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Andante – Allegro
II. Adagio
III. Moderato

Freyr Sigurjonson, flauta.

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

41. sinfonia Do Maiorrean K. 551 “Jupiter”

I. Allegro vivace
II. Andante cantabile
III. Allegretto
IV. Molto allegro

*Estreinaldia Espainian

Iraup.: 65’ (g.g.b.)

DATAK

  • 08 urria 2020       Euskalduna Jauregia      12:00 h. Sarrerak Erosi
  • 08 urria 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 09 urria 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Onartzetik hilezkortasunera

Gaurko saioak espero genuen opari bat eskainiko digu, aldi berean heriotza saihestu ezinari egindako kantu eder hitzik gabea eta Mozart hilezkor bihurtuko zuen sinfonia dena. Jar zaitezte eroso zuen besaulkietan, eta adi entzun, ez baita komeni nota bakar bat ere galtzerik.

Ezta beheranzko tonuerdi hori eta hileta martxa baten hasieran erabiltzen den isiltasuna ere. Biek ala biek laguntzen dute oreka perfektua ezartzen onartze lasaiaren eta samin dramatikoaren artean, eta ezer ezin da egokiagoa izan hildako bi "senide" gogorarazteko elkartutako lagun arteko bilera batean. Baina, jakina, Wolfgang Amadeus Mozart dugu hizpide (Salzburgo, 1756-Viena, 1791), eta "perfekzioa eta oreka" haren hizkuntzari lotutako bi termino dira sarritan, Mozart ez baita tentatuz eta asmatuz ibiltzen, baizik eta, Debussyren hitzak erabiliz, "bera da musika".

1785eko azaroan interpretatu zuten lehen aldiz haren Hileta martxa masonikoa, Georg August von Mecklenburg-Strelitz dukea eta Franz Esterhazy von Galantha kondea oroitzeko egindako hileta zeremonian, bi nobleak kide zireneko Vienako logian. Bizitzako azken urteetan musikaria bera kide izan zen masoneriarako idatzi zuen musika instrumentalik onena iritzi diote adituek ia aho batez; bakardade sentsazio gero eta handiagotik aldenduko zuen konpainia hain irrikatuaren bila joko zuen masoneriara seguru asko –batez ere–. Hain zuzen, berez testu enfatiko bat baliatu ezinik, hitzek azpimarratutako asmo osoz, Mozart aske da hemen musika-kontakizun soilez gogora ekartzeko segizio berealdiko bat, era berean sosegatua, noblea eta deboziozko adiskidetasunez josia; horretarako, progresio etengabea ondu zuen cantus firmus gregoriano batetik abiatuta.

Mozarten biografoek hark heriotzaren aurrean zuen jarrera aipatzen dute askotan -nahiz eta aho batez ez izan-. Gehien aipatzen den dokumentuetako bat konpositoreak bere aitari 1787ko apirilaren 4an bidali zion gutuna da, egia zor, Moses Mendelssohnek (Felix eta Fanny konpositoreen aitona filosofoak) Phadon edo arimaren hilezintasunaz lanean jaurti zuen ideia bat jaso zuena, eta seguru asko Mozartek ezagutua: “Heriotza gure bizitzaren jomuga egiazkoa denez, urteak dira benetako lagun bikain horrekin harreman onean nabilela, halako eran, non haren irudia, beldurgarria iruditzeari utzita, sosegu emaile eta lasaigarri bihurtu baitzait […]. Inoiz ez naiz oheratzen hurrengo eguna ikusi aurretik hil naitekeela pentsatu gabe -nahiz eta zinez gaztea izan-, eta, hala ere, bereziki ondo ezagutzen nautenen artean, inork ezingo du esan eguneroko bizitzan umore txarreko edo triste nagoenik”.

Minaren proportzio egokiarekin eta sendotasun dosi handiekin, Do minorreko adagio honek aurrera egiten du solemnitatez, zehatz, ia soila den egitura bati lotuta, errespetu eta azken erreberentzia seinale gisa jokatzen duen Do Maior distiratsu batean bukatzeraino. Eta, batik bat, sortu zuen testuingurutik kanpo izanda ere, azken akorde horrek argiz eta soseguz betetzen du aretoa. Jeinuaren pribilegioa da: soinu-materia izpi soil batekin sublimatze eiteko efektua eragitea.

Instrumentu taldeari dagokionez, badakigu haize instrumentista batzuek gehitu zituztela hileta-zeremonian, ekitaldirako beste logia batzuetatik iritsitako anaia masoiak zirenak. Hala, tinbre-kolore berezi bat du obrak, Mozartek hainbeste maite zituen corni di bassettoen parte-hartze nabarmenarekin. Eta, heriotzari buruz zuen ikuspuntuari dagokionez, Alfred Einsteinen hitzak erabiliz, esan dezakegu konpositoreak agian ez ziola beldurrik, "mundu honetako apopilo bat soilik” zelako bera.

Gaur arratsaldean, Freyr Sigurjonsson BOSeko bakarlariak Jon Asgeirssonen (Isafjorour, 1928) txirularako kontzertua interpretatuko du; berari eskainitako lana da, eta, nolabait, berak sustatua. Instrumentistaren eta konpositorearen arteko harremana (biak islandiarrak izanik) Sigurjonsson Asgeirssonen ikasle zenean hasi zen. Kontzertuaren konposizioan bi musikarien arteko adiskidetasunak, alde batetik, eta elkarlan estuak, bestetik, diskurtso argitsu eta erakargarria uztartzen dute entzuleentzat, zalantzarik gabe.

Asgeirssonen hizkuntza tonalaren eta modalaren artean dago, lizentziak hartuz, baina tonalitatetik inoiz aldendu gabe, bere egitura harmonikoa, gutxi-asko enigmatikoa izanik, beti tonu-ardatz baten inguruan grabitatuz baitabil. Haren katalogoan, tokikoan girotutako zenbait opera eta poema sinfoniko aurki ditzakegu. Islandiako musika tradizioan oso garrantzitsua den kantu korala ere interesatu zaio, eta kontzertuan sumatu egiten da kantu folklorikoaren ezagutza, kera modaleko melodiaz eta mendebaldeko metrikaren patroi tradizionalak jarraitzen ez dituen aberastasun erritmikoz. Bestalde, esan beharra dago partituraren gai arloko ataletako bat Baltazar Kormakurren Itsasoa filmerako Asgeirssonek konposatu zuen soinu-bandaren ideietan oinarrituta dagoela.

Hiru mugimenduetan dauden kadentziek –uzeago edo laburrago izanik– aukera ematen diote bakarlariari daukan trebetasuna eta adierazkortasuna ahots moldakor eta ederreko instrumentu batekin erakusteko.

Lehenengo mugimenduan, sarrera labur baten ondoren, bi ideiari esker bete-betean erakutsi ditzake txirulak berezko ezaugarri tekniko eta adierazkorrak. Alde batetik, lehenengoari esker agerian geratzen dira berezkoak dituen bizkortasuna eta arintasuna: irmoa baina elastikoa, erritmikoa eta bizia. Bestetik, haren tinbrearen beroa eta aukera lirikoak osoki mamitzen ditu bigarren ideia batek, kontzertuaren ostean gure belarrietan –eta ezpainetan, beharbada– geratzen diren lerratze zabaleko melodia horietako batean oinarrituta. Bi ideia horiek garatu egiten dira, eta dibertitzetik amets erromantikora garamatzate.

Jarraian datorren Adagioa bakarlariaren eta kontrabaxuaren arteko elkarrizketa atseginarekin hasten da, eta horiek biek osatzen dute mugimendua bermatzeko bi gai-ardatzetako bat. Lehenengo hori modu gozoan gogoeta egitekoa da, misterio kutsukoa, eta bigarren motibo batek erantzuten dio, panorama aberasten duen azentu lekualdatuko metrikaren berezko freskotasun eta indarrez.

Azken mugimenduak aldi berean kontzertu osoa amaitu eta laburbiltzeko balio du, lehen entzundako ideietako batzuk berragertzen direnean. Askatasun aire handiagoko arnasa dabil horko noten artean, baina multzoaren koherentzia bermatuta dago, batez ere aurreko bi mugimenduei egindako keinu horiengatik.

2003an osatuta, Freyr Sigurjonssonek 2019ko urtarrilean estreinatu behar zuen kontzertua Islandian, konpositorearen 90. urtebetetzea ospatzeko. Osasun arazo batzuek eragotzi egin zioten, eta pozten gaitu partitura inspiratu zuena gaur entzun ahal izateak.

1788ko udan, Mozartek KV 551 sinfonia osatu zuen Do mMaiorrean (mi bemoleko KV 543.arekin eta sol minorreko KV 550 apartarekin batera), eta lan horri buruz iruzkin bakarra egin ahal izango balitz, agian etorkizunerako ikuspegi garbi eta zoli batez taxutu zuela esatea izango litzateke aproposena.

Hala ere, antzinako Erromako jainko gorenaren izenarekin jaso da historian. Bataio horretan ez zen musikagilea izan, baina ez zuten gaizki aukeratu. Iturri zehatzik ezean, badirudi Jupiter ezizenaren jatorria Erresuma Batuan aurkituko genukeela, partituraren izaera paregabe, adierazkor eta kementsuarekin bat datorren zerbait, haren aberastasun miragarritik ateratzen diren beste ezaugarri ugariez gain.

Hasieratik bukaerara parrastan doaz irudimen melodikoa, kontrapuntu trebetasuna, tinbre originaltasuna eta multzoa antolatzeko bikaintasuna, gaitasun guztiak pertsona bakar batengan bildurik; horregatik hartzen da Mozart konpositore onenen lerrokidetzat. Baina ezaugarri horiei beste batzuk gehitzen zaizkie, hala nola eduki apartekoa, hori komunikatzeko adimena eta guztiak gozarazteko gustu fina: musikako profesionalak eta entzuleak, adituetan adituenak eta zaleak oro. Dohain horiek jeinuei soil-soilik dagozkien ondasunak dira. Azken batean, sinfonia hau musika-jakinduriaren testigantza errepikaezina da, soinu-parametroak elkar topatu, uztartu eta indartu egiten baitira, kalitate goreneko osotasun bikain, erakargarri eta hunkigarrian. Eta aldi berean naturala eta bikaina den "esan modu” horrekin lortzen du, hain era mozartarrean, hain era jenialean. Hori dela eta, konpositoreak 1782ko pianorako kontzertuei buruz esandako hitzak aplika ditzakegu orain: “Han-hemen badira pasarte batzuk, adituak soilik asebeteko dituztenak, nahiz eta gutxiago dakitenei atsegin emateko moduan idatzita egon, zergatik jakin gabe izan bada ere". Ezin liteke hobeto azaldu haren magia enigmatikoa, aintzat hartuz gero jainkozko graziak hautatutako gizon baten idazkeraren erraztasun itxurazkoak eta naturaltasunak nekez uzten digula prozesua gauzatzeko zailtasunean pentsatzen; izan ere, baliabideak era paregabean erabili zituen orkestra-pasarte biribilak modu xarmagarrian ganbera izaerako beste batzuekin bateratzeko. Tinbre-koloreko mosaiko berealdiko honetan, guztien ahotsak eta bakoitzarena isurian entzuten eta sentitzen dira.

Oihala jasotzeko, Allegro vivace erako asmo adierazpen distiratsua: motibo irmo bat eta hari erantzuten dion beste malguago bat –hura osatuz–, txandan, sinfoniaren monumentu izaera olinpikoa iragarriz. Bi doinu berrik ematen dute musikagileak musa agortezina zuenaren lekukotza, orobat haren lan-trebezia apartarena; izan ere, horietako bigarrena hilabete batzuk lehenago idatzitako Un bacio di mano aria gozagarritik dator.

Andante cantabilek aukera ematen du hausnarketarako, sentimentalismo poetikorako eta, zergatik ez, nostalgian abandonatzeko, batzuetan dramatismora doi iritsiz –erabat amore eman gabe–. Itxuraz desberdinak diren esanahien konbinazioa, adierazteko unean osotasun harmoniko, fin eta dotorean. Aurkakoen arteko joko gorena, eragiten duen indar sortzailea bezalakoa.

Menuettoa hasieratik beretik da originala, beheranzko melodiarekin, paradoxikoki espiritua lurralde boteretsu baina galai baterantz igoz. Berriro ere ospakizuna, transzendentzia, arintasuna, jolasa eta solemnitatea osotasun organiko akasgabe, zoragarri hornitu eta bikainean elkarlotzen dira.

Amaierako Molto allegroa erremate ikusgarria da, nola obrarentzat, hala Mozarten ekoizpen sinfonikoarentzat. Mozartek agerian uzten du badakiela nolako ahalmena daukan, harago proiektatutako mugimenduan dagoen arkitektura horren bidez, argi eta garbi erakusten baitu lan-tresnak guztiz bere menpe dauzkala. Baina oraindik gehiago ere bada. Haren sormen ahalmenak dei egiten dio bai iritsi gabe dagoen denborari, bai etorkizuneko entzuleei –horien artean gaude gu– eta bai, espazio-denbora esparruan musikak ematea espero zen horretatik aske, hizkuntza esperimentatzailea eta ausarta erabiltzeari; entretenimendu petoa. Fugako strettoa, urrutira joan gabe, desberdinen arteko elkarbizitzaren adibide zorionekoa da, musika lehengai gisa erabiltzen duena.

Mozarten miraria gauzatzen da beste behin, eta entzule zoriontsuei helarazi egiten die gardentasun sentsazioa, musikaren bilakaerako logika, naturaltasun eta trebezia berezkoa, nahi denean sakonago aztertzeko utzita partituraren eraikuntza landua. Jenio honen emaitza benetako oparia da belarrientzat –espazioaren, denboraren edo ezagutzaren koordenatu guztiak gainditzen dituena, mugarik gabeko musika betierekoa lortuta–, edozein entzute mailatan izanda ere. Ikusle mota guztientzako eskaintza eskuzabala. Goza ezazue.

Mercedes Albaina


Freyr Sigurjonsson.

Flauta

Aurtengo denboraldian, Freyr Sigurjonssonek 38 urte beteko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoko txirula-jotzaile bakarlari gisa.

Islandian jaioa, Reykjaviken ikasi zuen lehenik, eta Ingalaterrako Manchesterren gero, Royal Northern College of Musicen; han amaitu zituen ikasketak 1982an, PPRNCM diplomarekin.

Freyr bakarlari eta ganbera-musikari gisa aritu izan da Europako hainbat herrialdetan, eta zenbait orkestrarekin kolaboratu du, hala nola OSRTVE, OSN, OSIslandia, Moskuko birtuosoak…

Bilboko J. C. Arriaga Kontserbatorioko irakasle izan zen 2011ra arte, eta eskola magistralak eman zituen Londresko Trinity Laban Conservatoire of Music and Dancen, Avronan (Suitza), Burgosen, Andaluziako Gazte Orkestran eta Kantabriako JOSCAN Orkestran.

Bakarlari bezala, 1978an Carl Nielsenen txirularako kontzertua estreinatu zuen Islandian, eta 1986an BOSekin interpretatu zuen. Askotan interpretatu du Mozarten Txirula eta harparako kontzertua, Maria Calvo Manzano, Marisa Robles eta Marion Desjacques bezalako harpa-jotzaileekin.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.

20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.

Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.

Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
28 - 29
Api
2026
>LOGELAN LOGALE

LOGELAN LOGALE

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditorium

Babesletza: Euskalduna Bilbao

Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?

Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?


Musika: Jagoba Astiazaran
Testua: Leire Bilbao
Bakarlaria: Kepa Errasti
Zuzendaria: Juanjo Ocón
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua


Produkzioa: Euskadiko Orkestra (Musika Gela).
Iraupena: 60’
Sarrera orokorra
Ikastetxeei zuzendutako programa. Sartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta baieztapena jaso.

Laguntzaile: Euskalduna Bilbao

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
07 - 08
Mai
2026
>Haydn, sinfonista aparta

Haydn, sinfonista aparta

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Historian izan diren sinfonista bikain guztiek, hala nola Beethovenek, Mahlerrek, Brahmsek edo Xostakovitxek, molde horretako musikagile bikain Haydnekiko zor ordaingabea dute. Patuaren irrikaz, Haydnen koda Salomon enpresaburuak Ingalaterran agindutako 12 sinfoniaren sorta izan zen, eta azkenak, guztietan handientsuenak, “London” izena zeukan. Klasizismoa ere ausarta izan daiteke, batik bat, Vriend eta Kit Armstrong adituek jotzen baldin badute.

F. Schubert
Obertura al estilo italiano en Do Mayor D. 591
W. A. Mozart
Concierto nº 22 para piano y orquesta en Mi bemol Mayor K. 482
F. J. Haydn
Sinfonía nº 104 en Re Mayor Hob. I: 104 “Londres”

Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
11
Mai
2026
>Ganbera 9

Ganbera 9

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa

Bakarlari Handiak BOSekin batera

F. Mendelssohn
Sexteto para piano y cuerdas en Re Mayor Op. 110
Sexteto BOS

E. von Dohnanyi
Sexteto Op. 37
Sexteto de cuerda y viento BOS

Kit Armstrong, pianoa

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
23 - 26 - 29 - 01
Eka
2026
>ANDREA CHÉNIER –  U. GIORDANO

ANDREA CHÉNIER – U. GIORDANO

Lekua: Euskalduna Bilbao

Maiatzean, Giordanoren Andrea Chénier tragedia veristak emango dio amaiera denboraldiari. Ezinbesteko opera da, melodia hunkigarriz eta zirraragarriz betetako obra indartsu eta dramatikoa, aria oso ezagunak dituena, «La mamma morta», kasurako. 2026an, 130 urte beteko dira Milango Teatro alla Scalan estreinatu zenetik, eta 73 urte ABAOn estreinatu zenetik, Coliseo Albian.

Giro historikoz bildutako drama honek, afera sozialetan murgiltzen denak, gorrotoa, indarkeria, gerra zibila, erresuminak, klaseen arteko borroka, maitasuna eta erromantzea ditu hizpide, Frantziako Iraultzaren esparruan, André Chénier poetaren bizitzaren eta heriotzaren interpretazio sortzailea eginez.

Doinu zirraragarri, hunkigarri eta jariakorrez betetako opera honetarako, ABAOk goi-mailako abeslariak bilduko ditu: Michael Fabiano tenor amerikarra, Bilbora pertsonaia nagusia antzezteko itzuliko dena; Saioa Hernández soprano miresgarria, ABAOn Maddalena di Coigny jokatuz debutatuko duena; eta, hirukote protagonista osatzeko, Juan Jesús Rodríguez baritono dramatikoa, Carlo Gérard pertsonaiaren azalean.

Musika Guillermo García Calvo zuzendariaren esku egongo da, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa zuzenduz ahalik eta etekinik handiena aterako dio melodia zabalez, pasarte deklamatorioz eta eraginkortasun handiko eszenaz osatutako partiturari.

Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Peraladako Jaialdiaren koprodukzioa, Alfonso Romerok sortua. Eszenografia zaindu eta dotorea Frantziako Iraultzan girotuta dago, eta gatazka hartako gordintasuna erabat islatzen du. Jauregiko aretoek, espetxeek eta auzitegiek eremu sinbolikoaren eta efektistaren artean dabiltzan mezuak zabaltzen dituzte.

ANTZEZLEAK

Andrea Chénier Michael Fabiano
Maddalena di Coigny Saioa Hernández *
Carlo Gérard Juan Jesús Rodríguez
La Contessa di Coigny / Madelon Elisabetta Fiorillo
La mulatta Bersi Veta Pilipenko
Roucher Gabriel Alonso *
Un incredibile / L’abate Jorge Rodríguez-Norton
Il sanculotto Mathieu Fernando Latorre
Pietro Fléville / Fouquier Tinville José Manuel Díaz
Schmidt / Dumas / Il maestro di casa Gexan Etxabe

TALDE ARTISTIKOA

Director Musical Guillermo García Calvo
Dirección De Escena Alfonso Romero Morav
Orquesta Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Director Del Coro Esteban Urzelai Eizagirre
Coro Coro de Ópera de Bilbao
Producción Festival Castell de Peralada ABAO Bilbao Opera

* Debuta en ABAO

Gehiago ikusi