Kontzertuak
BOS DENBORALDIA 17-2009-2010
Begirada soinudunak: Britainia Handia
E. Elgar: Cockaigne, op. 40
Walton: Concierto para violín y orquesta
R. Vaughan Williams: Sinfonía nº 5
Elissa Koljonen, biolina/violín
James Judd, zuzendaria/director
DATAK
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Errenazimentu ingelesa
Askotan esan izan da nazioarteko ospea duten konpositore ingelesak falta direla, Henry Purcellen (1659-1695) garaitik hasi eta XIX. mendeko azken urteetara arte; horren arrazoia, seguruenik, kontzientzia nazionalaren galera da. Izan ere, bizitza musikala izaera kontinentaleko pentsamendu musikaletara lerratu da, neurri handi batean George Friederich Haendelen (XVII. mendearen zati handi batean) eta Felix Mendelssohnen (XIX. mendean) figuretan oinarrituta, egile biak oso arrakastatsuak baitira uharte horretan. Hori horrela, XIX. mendearen bigarren erdialdean Hubert Parry eta Charles Villiers Stanford agertu zirenean, atzerriko eraginak leuntzen saiatu ziren, baina eragin horietatik abiatu beharra zegoen, eskola nazional berria izan nahi zuenaren bidea ireki ahal izateko. Handik denbora gutxira, iturri horiexetatik edango zuen Edward Elgarrek (1857-1934), eta bere musika bi zutaberen gainean finkatu zuen, gerora guztiz osagarriak zirela ikusi zen bi zutaberen gainean: azken erromantiko alemaniarren eragina, batez ere Brahms eta Wagnerrena, eta izaera britainiar argia. Elementu biek distira egiten dute gaur gaueko egitaraua irekitzen duen lanean, Cockaigne, op. 40 oberturan. Lan hori 1900 eta 1901. urteen artean idatzi zuen, Enigma bariazioak lanari esker ospea lortu eta gero bere herrialdeko mugetatik haratago (eta, dena esan behar bada, Geronteren ametsa lanaren estreinaldiak Birminghamen izan zuen porrot sonatuaren ostean ere bai).
Britainiarrek, maitasun handiz, “Cockaigne” deitzen zioten Londresi, imajinazio herrikoian gozamenen eta plazeren lurraldea baitzen hori. Eta argi dago hemen erretratatzen den hiria ere Londres dela, eta, beraz, entzulea egitura konplexu honen barruan orientatzen denean (doinu asko gurutzatzen dira bertan, eta askatu egiten dira sonata eta rondo formetan), Londresko dotoreziari dagozkion melodia noble eta finak entzungo ditu han-hemenka, eliza bateko kanpaiak entzungo ditu, banda militar baten desfilea sumatuko du, paseo erromantikoak emango ditu Hyde Park-en, Serpentine ibaiaren ondotik; eta cockney jatun eta mozkorti baten zurrumurrua imajinatuko du. Jende askoren ustez, Wagnerren Nürembergeko maisu kantariak lanaren oberturaren oihartzunak suma daitezke hemen. Hori guztia, jakina, morfologia brahmsiar argiko erromantizismo berantiarraren euskarri harmonikoan oinarrituta; edozelan ere, gerraurreko Ingalaterrako optimismoarekin jantzitako eta nabarmen koloreztatutako lana da, amaiera distiratsu eta bikainaren bidean, betiere. Lana 1901eko ekainean entzun ahal izan zen lehen aldiz, Londresko Queen´s Hall aretoan. Estreinaldia konpositoreak berak zuzendu zuen, eta orkestra britainiarretako kide guztiei eskaini zien lana. Eurentzat, jakina, oparia ezin zen gozoagoa izan.
“Errenazimentu ingelesa” deitutakoaren eragile nagusia izan zen arren, ezin daiteke esan Elgarren estiloak jarraitzaile argirik zuenik, fosilizazio bidean zegoen kontserbadorismoari eusten baitzion. Era berean, ezin daiteke esan Frederick Delius (honek ere, nola edo hala, XIX. mendeko kutsua zeukan) bere eskola berekoa denik, zeren eta azken horren musika nabarmen lerratu zen Frantziako joeretara. XX. mendeko lehenengo erdialdeko egile ingeles garrantzitsuenek, Ralph Vaughan Williams (1872-1958), Gustav Holst (1874-1934), Planetak orkestra-suitea idatzi zuena 1916an) eta William Waltonek (1902-82), eta Benjamin Britten (1913-76) eta Michael Tippett (1905-98) gazteek, euren bide propioak jarraitu zituzten, nazionalismoa zutelarik atzealdean (ezaugarri hori gutxitan agertzen da lehen planoan), eta Europako abangoardiako zenbait gunetatik agertzen hasi ziren joera berriei aurre egiteari uko egin gabe. Walton, esate baterako, 1922. urtearen inguruan egin zen ospetsu, Façade lanaren konposizioarekin. Errezitatzaile eta ganberako talderako poema surrealisten ziklo bat da, musika herrikoiko elementuak karikaturizatzen dituena, antierromantizismo keinu erradikalarekin. Alabaina, lirikoagoa, hedagarriagoa eta emozionalagoa den Biolarako kontzertua (1929) lana ildo elgariar posible batera sartzen dela dirudi, hizkera propioa darabilen arren. Enigma bariazioak lanaren konpositorearen omenez, Biolinerako kontzertua lanean (1938-39) ere, ezaugarri bera nabaritzen da, biek konpartitzen duten si minorreko tonalitatetik hasita. Jascha Heifetz handiak enkargatuta (William Primrose biolin-jotzaile eskoziar bikainaren bitartez), lanak birtuosismoaren eta adierazkortasunaren arteko oreka bilatzen du, eta, hasieratik amaierara, bi pasioren menpe dago: bata, Alice Wimborne da (“ederra, inteligentea, atsegina, aberatsa, eskuzabala, musikala… bertute guztiak zituen”); bestea, Italia. Hori horrela, Andante tranquillo ataleko lehenengo konpasetatik hasita, kontzertuak melankolia kutsu handia eta belcanto erako oihartzun nabarmena dauka, eta ukitu ameslari eta dramatikoa hartzen du, birtuosismo-atal gutxi batzuekin soilik. Sentsazio hori ez da erabat desagertzen bigarren mugimenduan. Atal hori Presto capriccioso alla napolitana argitsu eta bitalista da (seguruenik, Italian idatzia); bertako trioan, canzonetta eder bat agertzen da. Hirugarrena, berriz, Vivace erakoa da. Batzuetan, hizkera zakarragoa dauka, eta, zirkulua ixteko, lehenengo mugimenduko zenbait konposizio berreskuratzen ditu, lanaren hunkiberatasuna areagotu nahian; edozelan ere, ez da pirotekniatik urruntzen, eta intentsitate handieneko puntua amaiera txundigarrirako uzten du. Kontzertuaren estreinaldia Clevelanden izan zen, 1939ko abenduaren 7an, eta protagonistak Jascha Heifetz eta Artur Rodzinski izan ziren. Konpositorea ezin izan zen joan, Bigarren Mundu Gerrak orduantxe egin baitzuen eztanda.
Hain zuzen ere, Vaughan Williamsek gerraren zati handi batean (1938 eta 1943. urteen artean) idatzi zuen bere Bosgarren sinfonia. Hori dela eta, Laugarrena (1931-34) zeharkatzen duen giro tragikoan sakondu zuela pentsa daiteke, lehenengo hiruretako artzain-giroko tonuarekin kontrastea eginez. Baina ez zen hala izan. Egia esan, lanaren material tematikoaren zati handi bat The Pilgrim´s Progress (Erromesaren aurrerapena) amaitu gabeko operatik zetorren, eta, nola edo hala, horrexek azaltzen du musika honek dituen oihartzun moralistak. Jean Sibeliusi dago eskainita, eta lehenengo emanaldia Londresko Royal Albert Hall aretoan izan zen, 1943ko Proms delakoetan, hiriko orkestra filarmonikoarekin eta bera podiumean zela. Bera inoiz ez zen gehiegi urrundu tradizio sinfoniko kontinentaletik (sinfonia generorik kontserbadoreena da), eta halaxe ikusten da Bosgarrena honen oinarrizko eskema formalean; izan ere, deformazio-bide orotatik aparte dauden lau mugimendutan dago egituratuta. Preludioa bokazio modal indartsukoa da, eta tronpen eta hariaren dei lasai eta leunekin irekitzen da, aurrekoa bezain bizia eta zerutiarra den bigarren konposizioari lekua utziz; hain zuzen ere, ondoren datorren atal hori espiritualtasun gozoz beteta dago, eta modu indartsuagoan garatzen da, lehenagoko lasaitasunera itzuli aurretik. Ondoren, erritmo izugarriko Scherzo bizi bat dator; oraindik ere mugimendu arina da, metalak noizean behin dei egiten duen arren. Hirugarren mugimenduko Erromantza elegiakoa da jatorrizko operatik elementu gehien hartzen dituena, eta gauza bera gertatzen da adar ingelesak iragarritako konposizioarekin (“Berak bakea eman dit bere minaren bitartez, eta bizitza bere heriotzaren bitartez”). Ondoren, hariek gai bera berreskuratuko dute, eta, gero, musika asaldura-egoerarantz biratuko da, erromesaren eskari saminduak oroituz. Eta bizitzak aurrera jarraituko duela dirudienean, melodiak luzatu egiten dira, mugimenduaren amaieratik hurbil dagoen klimaxera helduz. Azkenik, Passacaglia atala biolontxeloen beheranzko joeraren errepikapenarekin irekitzen da (ezin zen bestela izan), baina Vaughan Williamsek egoera moldatzen du, bozkarioz betetako adierazpenen eta fanfareen bitartez. Horrela, ondoren datorren solemnitateak hasierako bakera garamatza berriro, Preludioaren kontenplaziozko estasian.
Asier Vallejo Ugarte
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Londres eta Symphonie espagnole
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Guido Sant’Anna, biolina
Catherine Larsen-Maguire, zuzendaria
I
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
The Wasps, Obertura
EDOUARD LALO (1823 – 1892)
Symphonie espagnole biolin eta orkestrarako Op. 21
I. Allegro non troppo
II. Scherzando: Allegro molto
III. Intermezzo: Allegretto non troppo
IV. Andante
V. Rondo: Allegro
Guido Sant’Anna, biolina
II
RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872 – 1958)
A London Symphony (2. sinfonia)
I. Lento – Allegro risoluto
II. Lento
III. Scherzo (Nocturne)
IV. Andante con moto; Maestoso alla marcia
*
Dur: 115’ (aprox.)
Ganbera 8
Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa
Bakarlari Handiak Errezitaldian
M. P. Sánchez Invention trío
Moisés P. Sánchez, pianoa
Pablo Martín Caminero, kontrabaxua
Pablo Martín Jones, perkuzioa
I
JOHANN SEBASTIAN BACH (1685 – 1750)/ MOISÉS P. SÁNCHEZ (1979)
Bach (Re)Inventions
1. asmakizuna Do Maiorrean BWV 772
2. asmakizuna do minorrean BWV 773
3. asmakizuna Re Maiorrean BWV 774
4. asmakizuna re minorrean BWV 775
5. asmakizuna Mi Maiorrean BWV 777
6. asmakizuna mi minorrean BWV 778
7. asmakizuna Fa Maiorrean BWV 779
8. asmakizuna fa minorrean BWV 780
9. asmakizuna Sol Maiorrean BWV 781
10. asmakizuna sol minorrean BWV 782
11. asmakizuna La Maiorrean BWV 783
12. asmakizuna la minorrean BWV 784
13. asmakizuna si minorrean BWV 786
LOGELAN LOGALE
Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditorium
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Ze denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?
Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko. Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Musika: Jagoba Astiazaran
Testua: Leire Bilbao
Bakarlaria: Kepa Errasti
Zuzendaria: Juanjo Ocón
Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua
Produkzioa: Euskadiko Orkestra (Musika Gela).
Iraupena: 60’
Sarrera orokorra
Ikastetxeei zuzendutako programa. Sartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, eta baieztapena jaso.
Laguntzaile: Euskalduna Bilbao


Haydn, sinfonista aparta
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Historian izan diren sinfonista bikain guztiek, hala nola Beethovenek, Mahlerrek, Brahmsek edo Xostakovitxek, molde horretako musikagile bikain Haydnekiko zor ordaingabea dute. Patuaren irrikaz, Haydnen koda Salomon enpresaburuak Ingalaterran agindutako 12 sinfoniaren sorta izan zen, eta azkenak, guztietan handientsuenak, “London” izena zeukan. Klasizismoa ere ausarta izan daiteke, batik bat, Vriend eta Kit Armstrong adituek jotzen baldin badute.
F. Schubert
Obertura al estilo italiano en Do Mayor D. 591
W. A. Mozart
Concierto nº 22 para piano y orquesta en Mi bemol Mayor K. 482
F. J. Haydn
Sinfonía nº 104 en Re Mayor Hob. I: 104 “Londres”
Kit Armstrong, pianoa
Jan Willem de Vriend, zuzendaria
