2026-2027 denboraldia

Denboraldi Sinfonikoa 2026-2027


Basoa

Orkestra bat deskribatzeko modu ugari daude, baina badago definizio guztietan agertuko den hitz bat: multzoa. Elkarrekin jotzen duen, elkarrekin bizi den taldea… multzoa DEN taldea. Gauzez osatutako multzoen edo taldeen artean, badago bat bereziki ederra dena eta sortzaile asko inspiratu dituena: basoa. Gure ustez, orkestra bat baso bat ere bada. Eta gure kasuan, nola ez, BOS basoa da.

Baso horretara gonbidatu nahi zaitugu, baso anitza, bertakoa izan zaitezen eta bere parte senti zaitezen nahi dugu, baso bat, non, ezberdinak izanik, elkar aitortzen dugun eta elkarren osagarri garen. Basoa (basoren bat) eta bere zuhaitzak (zuhaitz batzuk) orkestra osatzen duten instrumentu guztien jatorrian ere badaude: hari-instrumentu guztiak, haize egurra, harpa, perkusioa, pianoa bera, edo zuzendariaren batuta.

Basoa irekia eta hostotsua da, eta bertara gonbidatzen zaitugu hamazazpi proposamenekin; guztietan, modu batera edo bestera, basoaren ideia presente dago eta hari eroale gisa jokatzen du. Adibidez, Wagnerren Basoko murmurioak, Beethovenen Pastorala, María Eugenia Luc-en Oma obraren estreinaldia, Berliozen Sinfonia Fantastikoa eta Guernica operaren berreskuratzea kontzerturako bertsioan (zuhaitz berezia eta basoaren hasiera).

Denboraldi oso bat eratu dugu izen berri batzuekin eta oso ezagunak ditugun beste batzuekin, eta gure asmoa izan da oreka bilatzea instrumentu solista ezberdinen eta errepertorioen artean. Obra batzuk estreinatuko ditugu, beste batzuk berreskuratu, eta dagokigun moduan, zerbitzu publikoa izaten saiatuko gara, baso irekia eta ibiltaria, non astez aste musikarik onena aurkituko duzun, maila gorenean interpretatuta, gure komunitate osoarentzat eta errespetuzko eta elkarbizitzako espazio batean. Hau da gure funtzioa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak agintzen diguten konpromisoarekin eta zerbitzuarekin bat datorrena.

Leire Bilbaok, denboraldi honetan literaturatik gure kontzertuen ibilbidean lagunduko gaituen idazleak, ezin hobeto idatzi du: Esan beza basoak!

Izan gaitezen, bada, baso elkarrekin.

Iñigo Alberdi Amasorrain
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Nagusia


Basoaz gozatzeko gakoak

Juanjo Mena BOSera itzuliko da. Orkestrako titularra izan zen 1999tik 2008ra.

Azken urteotan bisitatu gaituzten zuzendariak izango dira gurean, hala nola Lorenza Borrani, Pablo González, Markus Stenz, Iván López-Reynoso, François López-Ferrer, Eduardo Strausser eta Unai Urrecho.

Izen berriak , ere izango ditugu, oso ezagunak, baina lehen aldiz bisitatuko gaituztenak: Françoise Leleux, Nicoló Umberto Foron eta Chloé van Soeterstéde.

Bakarlari bokalen presentzia garrantzitsua izango da. Vanessa Goikoetxea eta Xabier Anduaga, abeslari entzutetsuen zerrenda luze bateko buru dira: Sofía Esparza, Mikeldi Atxalandabaso, Carmen Artaza, Jeanne-Marie Lelievre, Marifé Nogales, Roberta Diamond, Emmanuel Franco, Fernando Latorre…

ZinemaBOS. E.T. filma, zuzeneko musikarekin, Erregeetako opari ederra.

“Joaquín Achúcarro” gure pianoak luxuzko maizterrak izango ditu denboraldi honetan: Claire Huangci, Curtis Phil Hsu eta Javier Perianes (zuzendari eta bakarlari gisa).

Guernica opera berreskuratuko dugu, Paul Vidal-ena, zeina bigarren karlistaldian Gernikan girotuta baitago. Asmo handiko proiektua da, eta abeslari handiek parte hartzen dute bertan. José Miguel Pérez Sierrak egingo ditu zuzendari lanak eta Pablo Viar arlo eszenikoaz arduratuko da.

Denboraldi honetan bi abesbatza izango ditugu lagun: Bilboko Koral Elkartea eta Leioa Kantika Korala.

Gaurko musika: Maria Eugenia Luc-en Oma estreinatuko dugu (BOSen enkargua) eta Eduardo Soutullo bilbotarraren Das Eismeer interpretatuko dugu.

Biolontxeloak presentzia bikoitza izango du bi bakarlari ospetsurekin: Asier Polo eta Nicolas Altstaedt. Bestalde, biolinean Francesca Dego, Alexandra Conunova eta gure kontzertino Giulia Brinckmeier ere izango ditugu bakarlari lanetan.

Leire Bilbao idazleak lagunduko digu denboraldiko kontzertuetarako testu proposamenekin.

Eneko Sagardoyk Beethovenen testu batzuei ahotsa jarriko die konpositorearen bigarren mendeurrena ospatzeko.

Fun Farre! BOSkiderekin egongo gara ospitale eta egoitzetan.

Kontzertuak Bizkaian zehar. Bizkaiko zenbait herri bisitatuko ditugu, hala nola Urduña, Getxo eta Gorliz.

Donostiako Musika Hamabostaldian eta Santanderreko Jaialdian parte hartuko dugu.

Gure ingurune musikal osoarekin lankidetzan jarraitzen dugu: ABAO, Arriaga antzokia, Ura bere bidean, Musika Música…


E.T. Extra-terrestrial in concert

John Williamsen soinu-banda duen filmaren emanaldia, BOSek zuzenean interpretatua.




Ganberako Denboraldia 2026 – 2027


Gure ganberako denboraldiak ikusleen eta musikarien arteko neurketa intimoagoa eskaintzen du. Hitzordu hurbila, astelehenekoa, asteko musika hasierarik onena bezala balio duena. Proposamenak askotarikoak eta kalitatezkoak dira. Ez da faltako oinarrizko errepertorioa, Schumann, Brahms, Mozart, eta Beethoveni eskainitako programa bat bere bigarren mendeurrenean; ezta proposamen berrienak ere, hala nola Gorka Hermosarenak, edo Stephan Loges baritonoak eta Antonio Oyarzábal pianistak eskainiko duten lied programa ederra, Ingalaterrako eta Alemaniako konpositore garrantzitsuei arreta eskainiz. Beste figura gonbidatu batzuk Claire Huangci pianista eta Pablo Sainz Villegas gitarrista izango dira.

Kontzertu guztiak 19:30etan izango dira. Palacio Euskalduna Jauregia (Bilbao). 0B Aretoa
Programazio hau alda liteke.

Abonu Berrien Salmenta

Denboraldi osorako abonuak Uztailaren 6tik aurrera Abonu laburrak Uztailaren 15etik aurrera

Sarreren salmenta

Irailaren 14tik aurrera

Esan besa basoak

Hitzen aurreko kitzen
bila nabil basoan.

Pago, izei,
haritz, urki,

lertxunen artean,
hostoen zainerian,
makalen adarren

haizearekiko murmurioan,
zozoaren hegadaren uberan.

Hitzen aurreko hitzen
soinuaren bila.

Harri epelaren gaineko
sugegorriaren marruskaduran,
elur-oreinaren lauhazkan,
gauak izutu animaliaren
begiradaren distiran,
haren dardararen laztanean.

Hitzaren aurretik
soinua.
Ibai jaitsieren zaratotsa,
ur-jauzien burrunba,
burbuilen tilina.

Hitzaren aurretik
harriak pirritan,
mendia isil-hazten,
goroldioa zuhaitz eroriak
eta euria garoa janzten.

Hitzaren aurretik
belarraren taupada
gure oinen azpian,
hezurren gainean.

Egun batean oinez hasi ginen
zuhaitzak gara.

Gure aurretik
bezatu gintuen musika.

Hitzen bila basoan.
Enbor bat laztantzen dut,
eta entzun.