Kontzertuak

Heroikoa eta Zimmermann


Euskalduna Bilbao.   19:30 h.

Denboraldiko programa handienetako batekin itxiko dugu zikloa. Orkestra, zuzendari eta bakarlarien onena eskatzen duten bi monumentu: Brahmsen Biolinerako kontzertua eta Beethovenen Sinfonia Heroikoa. Erantzukizuna bi musikari entzutetsuren esku geratuko da: Frank Peter Zimmermann biolin-jotzailea, orkestraren lagun ona, gailurrean bi hamarkadako ibilbidea duena, eta Markus Stenz zuzendari alemaniarra, gurekin lehen aldiz egongo dena.

Markus Stenz, zuzendaria
Frank Peter Zimmermann, biolina


I

JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)

Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 77

I. Allegro non troppo
II. Adagio
III. Allegro giocoso ma non troppo

Frank Peter Zimmermann, biolina

II

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

3. sinfonia Mi bemol Maiorrean Op. 55 “Heroikoa”

I. Allegro con brio
II. Marcia funebre (Adagio assai)
III. Scherzo (Allegro vivace)
IV. Finale (Allegro molto)

Iraup. 110’ (g.g.b.)

DATAK

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Heroiaren itzala

Asko hitz egin da Beethovenek bere ibilbide osoan Brahmsengan izan zuen eraginaz. Bonngoaren itzalak haren buruaren gainetik planeatzen zuen, musikari hobea izatera bultzatzen zuen, eta, aldi berean, haren aurrerapena geldiarazten zuen. Brahms ez zen musikari iraultzailea, tradizioa errespetatzen zuen, klasikoak gurtzen zituen. Nola idatzi sinfonia bat Bederatzigarrenaren ondoren? Zer eman zekiokeen Hanburgoko musikagilearen ustez gorenera iritsia zen musika genero bati? Izan ere, Brahmsek berrogei urte baino gehiago zituen azkenean bere lehen sinfonia argitaratu zuenean, hamarkada bat baino gehiagoko haurdunaldiaren ondoren.

Beethovenen ondarea beldurtzekoa gerta zitekeen, bai, baina baita, batez ere, oso inspiratzailea ere. Alfred Einstein musikologoaren hitzetan: “Brahms bere sormena iraganarekin bateratzen saiatu zen mugimendu musikal erromantikoaren ordezkari handiena da, Bach eta Haendel, Haydn eta Mozart, eta beste inor baino gehiago, Beethoven ahazteko gai ez zena”. Brahmsek, ziurrenik, Beethoven izango zuen gogoan, 1878ko udan bere lagun Joseph Joachim biolinistarentzat Austriako Alpeetako Pörtschach herrian konposatutako Biolinerako Kontzertu bakarrari (op. 77, Re Maiorrean) “klasikoa” esan zionean. Konpositoreak berrogeita bost urte zituen garai hartan. Joachimek eta biek gaztetan elkar ezagutu zuten eta lau hamarkada baino gehiago iraun zuen adiskidetasuna partekatu zuten. 1860ko hamarkadan, Brahms Joachimen piano-jotzaile laguntzailea izan zen haren biretako batzuetan, eta denbora horretan guztian bien arteko gutun-trukea ugaria da, kontzertuari dagokion sormen garaiari buruzko informazio iturri baliotsua izanik.

Joachim bera ere konpositorea zen, eta “hungariar erarako” biolinerako kontzertua, 1857an idatzia, hogei urte geroago artean zen pieza arrakastatsua. Prozesu osoan, Brahmsek etengabe eskatu zion aholkua biolinistari, biolina ez baitzuen pianoa bezala menderatzen. “O, askoz atseginagoa eta zentzudunagoa da sakon ezagutzen den instrumentu batentzat idaztea, ondo ezagutzeaz harrotzen naizen pianoarentzat bezala”, esango zuen behin. Pasarteak idazten zituen eta postaz bidaltzen zizkion Joachimi, baina aurrez aurre ere ikusi zuten elkar bakarlariaren zatia lantzeko, eta biolinistak ideia asko eman zion hari buruz. Brahmsi azken emaitza ikusi ondoren aldaketa batzuk egitea ere aholkatu zion, “joezina” zela iritzita. Brahmsek, ordea, ez zien azken gomendioei jaramonik egin, eta obra bukatutakoan ezer ez aldatzea erabaki zuen.

Hala eta guztiz ere, Joachimek kontzertua estreinatzea onartu zuen, eta 1879ko urtarrilaren 1ean egin zuen lehen emanaldia Leipzigeko Gewandhausen, konpositoreak batuta hartuta. Harrera hotz samarra izan zuen, baina, handik bi astera, Vienako Musikverinen, obraren bigarren interpretazioak arrakasta handia izan zuen, ikusleek “ez zioten zarata egiteari utzi”, eta lehen mugimenduaren kadentziaren ondoren ere txalotu zuten (Joachimek idatzia zen hura). Ordukoan, Brahmsek Josef Hellmesbergerren esku utzi zuen zuzendaritza, eta, jakin denez, haren arabera kontzertua ez zen “biolinerako, biolinaren aurkakoa baizik”. Kontzertuak eskatzen zituen maila teknikoa eta birtuosismoa, zalantzarik gabe, obraren hedapenean oztopoa izan ziren lehen urteetan. Ez, ordea, XX. mendeaz geroztik, eta gaur egun biolinerako errepertorioko ezinbesteko piezatzat jotzen da.

Hasiera batean, Brahmsek kontzertu bat lau mugimendutan idaztea erabaki zuen, sinfonia baten estiloan, baina azkenean forma estandarra aukeratu zuen hiru mugimendutan, erdiko bien ordez Adagio bat jarriz eta baztertuetako bat erabiliz, Scherzoa, pianorako bigarren kontzertuan (1881). Lehen mugimendua, Allegro non troppo, orkestraren sarrera luze batekin hasten da, eta, modulatu ondoren, musika-tresna bakarlariari bide ematen dio, modu minor adierazkor batean. Hasierako energia, pixkanaka, pastoral giroko lirismo bihurtzen da, ziur asko konpositoreak inspirazioa aurkitu zuen ingurune naturalaren eraginez. Hortik aurrera, une lirikoak dramatismo eta birtuosismo tekniko handiagoko pasarteekin tartekatzen dira, kadentzian amaitu arte.

Bigarren mugimenduan, Adagio, lirismoa jabetzen da musikaz azkenean, eta oboe-solo eder batekin irekitzen da. Antza, solo hori dela-eta uko egin zion obra jotzeari Sarasatek: “Ez dut ukatzen nahiko musika ona dela, baina imajina al dezake inork… oholtzan zutik geratuko naizela, biolina eskuan, oboea adagioaren melodia bakarra jotzen entzuten?”. Finale-a hungariar erarako rondo moduko bat da, erritmikoa, agian Joachimen kontzertuak inspiratua, nahiz eta ezaguna den Brahmsek folkloreari zion zaletasuna, bereziki Hungariako musika buhameari.

“Sinfonia honetan Beethovenek Buonaparte zuen gogoan, baina Lehen Kontsul kargua betetzen zueneko hura. […] azalaren goiko muturrean “Buonaparte” hitza zuen partituraren ale bat ikusi genuen mahai gainean, eta beheko muturrean “Luigi van Beethoven” […] Ni izan nintzen Buonapartek bere burua enperadore izendatu zuela esan zion lehena, eta haserreak mendean hartu eta oihu egin zuen: “Orduan, gizaki arrunta besterik ez da? Orain berak ere zapalduko ditu gizakiaren eskubide guztiak, eta bere handinahia asetzera mugatuko da. Besteen gainetik altxatuko da, tirano bihurtuko da!” Beethoven mahaira hurbildu, azala mutur batetik hartu, bitan urratu eta lurrera bota zuen. Lehen orrialdea berridatzi zuen, eta orduan baino ez zuen jaso sinfoniak Sinfonia Heroikoa titulua.”

Pasadizo ospetsu hori, Beethovenen ikasle Ferdinand Riesek kontatua, historiara igaro da konpositorearen bizitzako pasarte ospetsuenen artean. Eztabaida handia dago gertaerak Riesek deskribatzen dituen moduan zenbateraino gertatu ziren, aipatzen duen eskuizkribua ez baita gorde. Bada, ordea, eskuz idatzitako beste kopia bat, eta haren azalean igartzen dugu izenburua honela zegoela idatzita: “Sinfonia grande intitolata Buonaparte”. Azken bi hitzak hain gogor ezabatu ziren, ezen orria zulatuta baitago.

Beethovenek Napoleonengan jarri zituen itxaropenak zapuztuta geratu ziren 1804an, sinfonia estreinatu zen urtean, bere burua enperadore izendatu zuela jakin zuenean (estreinaldi pribatua Beethovenen mezenas eta obraren eskaintzaren hartzaile Lobkowitz printzearen jauregian izan zen). Jan Swafforden arabera, konpositorearen biografia sakonean, Beethovenek une horretan ulertu zuenez, “amaituak ziren 1780ko hamarkadako amets iraultzaileak, Napoleon baitzen amets horiek egia bihurtzeko gai zen pertsona bakarra”. Hala eta guztiz ere, Beethovenek obrarentzat pentsatu zuen lehen izenburua “Buonaparte sinfonia” izan zen benetan, eta hala jakinaraziko zion editoreari argitalpenari begira, eta geroagoko uneren batean aldatu eta “Sinfonia heroikoa gizon handi baten oroitzapena ospatzeko” jarri zuen. Napoleon ote zen gizon handi hori? Hala balitz, itxura guztien arabera, logikoa dirudi pentsatzea bigarren mugimenduaren hileta-martxa tirano berriaren esku “hildako” heroi haren aldeko requiema dela.

Gaiaz harago, Beethovenen Mi bemol maiorreko Hirugarren sinfonia, musikalki hitz eginez, iraultza bat da, askotan konpositorearen katalogoa zatitu ohi den hiru aldietako bigarrenaren hasiera bezala ulertua. “Heiligendstadten Testamentua” (1802) eta gero, haren lumatik ateratzen den lehen sinfonia zorionekoa da. Aitorpen mingarri horretan, Beethovenek bere gorreria geldiezinak eragiten zion barne-sufrimendua eta musikaren bidez gainditzeko nahia adierazi zituen.

Lehenengo bi sinfonietan forma klasikoetan zuen nagusitasuna argi utzi bazuen, hirugarrenean Beethoven askoz harago joan zen. Hasteko, iraupena (45 minutu inguru) garai hartan ohikoa zena baino askoz luzeagoa zen. Gaiak lantzeko modua ere oso pertsonala da, maisuki garatutako motibo laburrak erabiliz. Bigarren aldian hileta-martxa bat erabiltzea txundigarria izan zen entzuleentzat, eta scherzoan hirugarren tronpa bat sartzea ere ezohikoa zen.

Lehen kritikak, 1805eko apirilaren 7an Theater an der Wien-en lana jendaurrean estreinatu ondoren, bat zetozen: obrak pasarte ederrak zituen, baina luzeegia zen eta orokorrean ulertzeko zaila. Bitxia da nola denborak gauzak bere lekuan jartzen dituen. Lehen uste horiek ezin dira urrunago egon iritzi garaikidetik, “Heroica” bere egilearen funtsezko lanetako bat dela uste baita egun.

Lehen mugimendua irekitzen duen gaia, edo “heroiaren gaia”, tonika-akordearen gainean konposatua, Beethovenek motibo labur samar bat gai bihurtzeko duen trebetasunaren adibide ezin hobea da. Ondoren, imajinaezinak diren formetan aldatzen da gai hori, eta, berez, musikariak hainbeste miresten zituen Iraultzaren idealak bere baitan azaltzen dituela dirudien garapen musikala dakar. Musika mugimendu geldiezineko continuum bat da, noizbehinka akorde erritmiko eta azentudunek azpimarratua, konpositorearen izaeraren zertzelada kementsuak. Interesa are handiagoa bihurtzen da garapen atal batean non, Beethovenengan ohikoa den bezala, irudimenez gainezka egiten duten sinfoniaren pasarte erakargarrienetako batzuk biltzen diren.

Hileta-martxa, nahiko luzea, emozio-karga handiko melodia dramatiko batekin hasten da. Oro har mugimendua blaitzen duen atmosfera, baikortasun handiagoko zatiz zipriztindua, Do minor nagusiaren aldean, modu maior itxaropentsuago batean. Scherzo bizitik, jakina, Trioko hiru tronpa ospetsuak nabarmendu behar dira, lehen entzuleak ehizarako fanfarrearekin hainbeste harritu zituztenak. Musika bizkor eta oldartsu baten erdian agertzen dira, beharrezko baikortasunera itzuliz.

Beheranzko noten turrusta baten ondoren, Finale-a haren Prometeoren kreaturak baletaren melodia batean oinarritutako bariazioak dituen gai gisa eginda dago. Melodia hori 1802ko pianorako beste bariazio batzuetan ere erabili zuen, Mi bemol maiorrean haiek ere. Swaffordek “kaleidoskopiko” gisa definitzen du mugimendua. Obraren gainerakoaren ildotik, Beethovenek bere egiten du planteamendu formala (kasu honetan, gaia, bariazioekin), eta diskurtso musikal organiko bihurtzen du, ertzik gabea, entzulea arrastaka daramana, energia uholde batek bultzatuta bezala azken apoteosiraino.

Yolanda Quincoces


Frank Peter Zimmermann.

Biolina

Frank Peter Zimmermann bere belaunaldiko biolin-jotzaile nabarmenetako bat da. Bere musikaltasun desinteresatuagatik, bikaintasunagatik eta adimen zorrotzagatik goraipatua, munduko orkestra nagusiekin aritu da hiru hamarkada baino gehiagoz, eta halakoetan munduko zuzendari ospetsuenekin lan egin du. Bere kontzertu ugariek Europan, Estatu Batuetan, Asian, Hego Amerikan eta Australian garrantzitsuak diren nazioarteko musika-jaialdi eta kontzertu-areto guztietara eramaten dute.

2024-2025 denboraldian, hauekin lan egingo du: Berlingo Orkestra Filarmonikoa eta Krill Petrenko, Clevelandeko Orkestra eta Franz Welser-Möst, Bostongo Orkestra Sinfonikoa eta Dima Slobodeniouk, Staatskapelle Dresden eta Daniele Gatti, NDR Elbphilharmonie Orchester eta Andris Poga, Leipzigeko Gewandhausorchester eta Alan Gilbert, Parisko Orkestra eta Dima Slobodeniouk, Lyongo Orkestra Nazionala, David Afkhamekin batera, eta Scalako Filarmonikoa Daniele Gattirekin batera. Azken horrekin bira bat ere egingo du Txinan. Gainera, errezitaldiak eskainiko ditu Europan Dmytro Choni piano-jotzailearekin.

Urteez urte, Frank Peter Zimmermannek diskografia zabala sortu du EMI Classics, Sony Classical, BIS Records, hänsler CLASSIC, Ondine, Decca, Teldec Classics eta ECM Recordsentzat. Kontzertuen ia errepertorio garrantzitsu guztia grabatu du, Bachekin hasi eta Ligetirekin amaituta, baita errezitaldien errepertorioa ere. Grabazio horietako askok sariak jaso dituzte mundu osoan. Ateratako azkenen artean, Stravinskyren Biolinerako kontzertua eta Martinabirusen Suite Concertante eta Rapsodias nos. Bartók en 1 and 2 Bamberger Symphoniker eta Jakub Hrůšarekin (BIS), J.S. Bachen biolinerako sonaten eta partiten osoa (BIS) eta Beethovenen pianorako eta biolinerako sonaten osoa Martin Helmchenekin (BIS).

Zimmermannek sari eta sari berezi ugari jaso ditu, besteak beste, “Sienako Accademia Musicale Chigianaren saria” (1990), “Rheinischer Kulturpreis” saria (1994), Duisburg hiriko “Musikpreis” saria (2002), “ Bundesverdienstkreuz 1. Klasse der Bundesrepublik Deutschland” saria (2008) eta “Paul-Hindemith-Preis der Stadt Hanau” saria (2010).

2010ean Zimmermann hirukotea sortu zuen Antoine Tamestit biola-jotzailearekin eta Christian Polde biolontxelo-jotzailearekin; hirukotea Europako musika zentro eta jaialdi nagusietan aritu zen hamarkada bat baino gehiagoan. BIS Recordsek J.S. Bach, Beethoven, Mozart, Schubert, Schoenberg eta Hindemithen hari-hirukoterako obren grabazioak kaleratu zituen CDan.

Zimmermannek kontzertu hauek estreinatu ditu mundu mailan: Magnus Lindbergen biolinerako 2. kontzertua, Matthias Pintscherren “en sourdine” biolinerako kontzertua, Brett Deanen “The Lost Art of Letter Writing” biolinerako kontzertua eta Augusta Read Thomasen “Paradisuko malabarista” biolinerako 3. kontzertua.

1965ean jaio zen Duisburgen (Alemania), eta 5 urte zituela hasi zen biolina jotzen. 10 urterekin eman zuen orkestrarekin lehen kontzertua. Valery Gradov, Saschko Gawriloff eta Herman Krebbersekin ikasi zuen.

Frank Peter Zimmermannek 1711ko Antonio Stradivari “Lady Inchiquin” biolina jotzen du, Kunstsammlung Nordrhein-Westfalenek (Düsseldorf) “Kunst im Landesbesitz” adeitasunez lagata.


Markus Stenz.

Zuzendaria

Gure garaiko zuzendari nagusienetakotzat hartua, 2024-25ean Markus Stenz bere ohiko bi orkestratara itzuli zen, Gürzenich-Orchester Köln eta Netherlands Radio Philharmonic Orchestrara, eta baita Detroit Symphony eta Pekingo NCPA Orchestrara ere, beste askoren artean. Operak Hangzhoura eraman du, non Sigfrido zuzendu duen, eta Maggio Musicale di Firenzera Henzeren Der junge Lord-en ekoizpen berri baterako. Stenzek Veneziako La Fenice antzokiarekin duen harreman luzeak fruitu berriak eskaini ditu Kurt Weillen Der Protagonist-en ekoizpen berri batean.

Markus Stenz Netherlands Radio Philharmonic Orchestrako zuzendari nagusia izan da, Baltimore Symphony Orchestrako zuzendari gonbidatu nagusia eta, berriki, Seoul Philharmonic Orchestrako zuzendari egoiliarra. Gürzenich-Orchester Kölneko musika-zuzendari nagusia eta Kapellmeisterra izan zen hamaika urtez, eta Mozarten Don Giovanni, Wagnerren Eraztunaren zikloa, Lohengrin, Tannhäuser eta Die Meistersinger von Nürnberg zuzendu zituen, bai eta Janáčeken Jenůfa eta Katya Kábanová eta Eötvösen Love and other Demons ere.

Stenzek 1988an egin zuen debuta operan, Veneziako La Fenice Antzokian, eta, ondoren, arrakasta handiko kontzertuak eman zituen hainbat astez hango orkestrarekin, besteak beste, Wagnerren Der fliegende Holländer-en ekoizpen berri bat 2022-23an. Haren hurrengo proiektuen artean Ariadne auf Naxos eta Lohengrin daude.

2018an, Stenzek Schrekerren Die Gezeichneten zuzendu zuen Municheko Bayerische Staatsoperren. Urte horretan, Kurtágen Fin de partie-ren mundu mailako estreinaldiaren lekuko ere izan zen, Milango Scala antzokian, eta bertan, denboraldi berean, Straussen Elektra zuzendu zuen. Ondoren, Kurtágen antzezpenak etorri ziren Dutch National Operarentzat eta lan horren Frantziako estreinaldia Parisko Opéra Nationalen.

Haren azken mugarri sinfonikoen artean, nabarmentzekoak dira Erromako Orchestra dell ‘Academia Nazionale di Santa Ceciliarekin egindako debuta, New Japan Philharmonic Orchestrarekin egindako agerraldi ugari eta lehenago ere postuak bete zituen hiru orkestratara egindako bisita erregularrak: Netherlands Radio Philharmonic Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Gürzenich-Orchester Köln. Azken horrekin denboraldiko kontzertu-programa onenaren saria jaso zuen, eta gazteentzako eta hezkuntzarako hainbat proiektu hasi zituen, hala nola «Experiment Klassik», «3. Akt» eta «GO live» zuzeneko grabazioen programa.

Haren diskografia zabalak saritutako grabazio ugari biltzen ditu, hala nola Gustav Mahlerren sinfonien ziklo osoa Gürzenich-Orchestra Kölnekin (haietatik, 5. sinfoniak Alemaniako disko-kritikaren saria irabazi zuen); Straussen On Kixote eta Till Eulenspiegel, biak kritikak aho batez goraipatuak, eta ondoren 2015ean argitaratutako Schönbergen Gurreliederren grabazio ospetsua, Choral Award saria jaso zuena 2016ko Gramophone Awards sarietan.

Markus Stenzek Koloniako Hochschule für Musiken ikasi zuen Volker Wankherimekin eta Tanglewooden Leonard Bernstein eta Seiji Ozawarekin. Manchesterreko Royal Northern College of Musicen Honorary Fellowship eta Ipar Renania-Westfalia estatuko Silberne Stimmgabel (zilarrezko diapasoia) jaso ditu.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
21
Eka
2025
>MISSA SOLEMNIS

MISSA SOLEMNIS

Lekua: Arriaga Antzokia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia Nuno Coelho maisuaren zuzendaritzapean elkartu dira, maisulan monumental hori aurkezteko. Kristau-liturgiarako egina izan arren, lanak gainditu egiten esparru erlijiosoa, eta gai unibertsalak jorratu: errukia eta erredentzioa. Lanean zehar, Beethovenek emozio-sorta zabala esploratzen du, solemnitatetik eta kontenplaziotik hasi eta asalduraraino eta ospakizuneraino. Horri esker, lanak sakontasun emozional aparta du. Interpreteentzat erabat desafiatzaileak diren zatiak daude: nota eutsien tentsioa koruan, kontraste dinamikoak eta tematikoak, orkestra-idazketaren birtuosismoa… Hori dela eta, Missa Solemnisek musika sinfonikoaren erreferente izaten jarraitzen du, eta mendeetan zehar entzuleak eta musikariak inspiratu ditu bere edertasun eta ahalmen emozionalarekin.

Informazioa eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
26
Eka
2025
>COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

Lekua: Euskalduna - Auditorium

‘Coros de cine’ zentzumen eta orkestrarako koru, solista eta partaidetza-kontzertu bat da, non zinema-historiako izenbururik ikonikoei buruzko piezak interpretatuko diren, hala nola Breakfast at Tiffany’s, Titanic, Saving Private Ryan edo Empire of the Sun, besteak beste.

Proiektu kolaboratibo honek Bilboko eta inguruko amateur kantariei aukera emango die musikaren profesionalekin batera prestatzeko eta Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean eszenatokian estreinatzeko.

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
25 - 26
Ira
2025
>Bere Maiestate pianoa

Bere Maiestate pianoa

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Azken 200 urteetako musikari buruzko hit edo pieza arrakastatsuenen zerrendarik balego, ezbairik gabe, Txaikovskiren piano-kontzertua, erromantizismo ikaragarria eta melodia indartsuak darabiltzala, lehen postuetan legoke. Martín Garcíaren birtuosismoaren neurrira egindako lana da. Irekiera-programa honen jite arranditsua beste bi lanekin osatzen da: Saint Saëns musikagilearen 3. sinfonia (‘Sinfonia organoarekin’) eta itsasoen handitasunean etorria daukan Sigfúsdóttir islandiarraren Oceans sinfonia bikaina.

M. H. M. Sigfúsdóttir
Oceans
P. I. Tchaikovsky
Concierto nº 1 para piano y orquesta en si bemol menor Op. 23
C. Saint Saëns
Sinfonía nº 3 en do menor Op. 78 “Órgano”

Martín García García, pianoa
Elena Schwarz, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
02 - 03
Urr
2025
>Itsasoa, ekarriaren iturri

Itsasoa, ekarriaren iturri

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Ez dugu itsasoaren oroipena alde batera utziko, programa honetan, hari nagusitzat hartuta: ildo hori agerikoa da La mer lanean, Debussyren poema sinfonikorik ospetsuenean, eta iradokitzen da Javier Quislant bilbotarraren Unda maris lanean, Virgilio poetaren Eneida epopeiarekin batera. Lan horri esker, Reina Sofía Sari ospetsua irabazi zuen Quislantek 2023an. Neurrigabetasunaren sentsazio hori, etengabeko mugimenduan dagoen estatikoaren handitasuna, Sibeliusen musikan ere antzematen da joan den denboraldian txalotuenetakoa izan zen Sergei Dogadin biolin jotzailearen eskutik, denboraldi honetan ere artista gonbidatua baita.

J. Sibelius
Concierto para violín y orquesta en re menor Op. 47
J. Quislant
Unda maris
C. Debussy
La mer, Tres bocetos sinfónicos para orquesta

Sergei Dogadin, biolina
Swann Van Rechem, zuzendaria

Gehiago ikusi