Kontzertuak

BOSen DENBORALDIA 10-2014-2015

Inauterietako kontzertua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

C. Saint-Saëns: Bacanal, Sanson et Dalila
M. Ravel: Kontzertua piano eta orkestrarako, Solen
M. Ravel: Graziosoaren alborada
I. Albéniz/Frühbeck: Suite espainiarra (aukeraketa)

Gabriela Montero, pianoa
Ramón Tebar, zuzendaria

DATAK

  • 12 otsaila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 13 otsaila 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

PARIS, ARGIA ETA KOLOREA

1931n, Ravelek hauxe esan zuen bere Kontzertua solen lanari buruz: “Mozarten eta Saint-Saënsen obren espirituarekin dago idatzita. Uste dut kontzertuetako musikak arina eta distiratsua izan behar duela, sakontasunera edo efektu dramatikoetara jo gabe”. Beste garai batean, deigarria izango zen Saint-Saëns erreferentzia gisa hartzea, baina 1931ko Parisen, modernoen eta erreakzionarioen arteko aspaldiko liskarrak modaz kanpo zeuden. Gatazka horien erruz, musika ez zen beste arte batzuk bezala loratu Parisen, batez ere, poesia eta pintura loratu ziren moduan; izan ere, 1870 inguruan, frantziarrek tipo formal eta ideal estetiko alemaniarrei buruz jarraitzen zuten konposatzen. Société Nationale de Musique sortu zenean, gauzak aldatu nahi izan ziren, musikari berpizkunde frantses berria emateko. Hain zuzen ere, sortzaileetako bat Saint-Saëns izan zen, zeinak Vienako klasizismoaren tradizioa hartu baitzuen abiapuntu gisa. Horregatik izan zen kontserbadore samarra estiloari dagokionez, eta horrexegatik egin zizkioten hainbeste kritika inguru progresistetatik, César Franck eta haren dizipuluak buru zirela.
Baina Saint-Saëns Liszten musikaren miresle sutsua ere bazen, eta Liszt, hain justu, garai hartako modernitatearen sinboloa zen. Weimarrera egin zituen bisitetako batean, 1870ean Les noces de Prométhée kantata estreinatu behar zenean, Lisztek Samson et Dalila operarekin jarraitzera animatu zuen, apur bat lehenago hasi baitzen lan horretan, Itun Zaharreko Epaileen liburua ataleko istorio ezagunean oinarrituta. Lan hau oso bitxia da Frantziako opera garaikideen artean. Egoera hartan, opera lyrique delakoa nagusitzen zen (grand opera delakoaren arrandiatik erabat aparte), eta horrek lirismo mota lurruntsuagoa eta pathos gazi-gozoko giroak bilatzen zituen. Horren adibide argia Gounoden Roméo et Juliette (1867) da. Alabaina, Samson atzera begirako estilo oratorialean dago idatzita, ukitu barrokoz zipriztindua, eta, ondorioz, Saint-Saënsek arazo asko izan zituen lan hau Parisen estreinatu ahal izateko. Liszt sartu behar izan zen tartean, estreinaldia Weimarrera eramateko, eta, azkenik, hango Gorteko Antzokian estreinatu zen, 1877ko abenduan.
Ekintza Palestinan gertatzen da, Kristo aurreko II. mendean. Sanson jeneral hebrearra zen, bere indar guztia galdu zuena Dalila apaiz filistearrak seduzitu zuenean. Ziega batean kateatuta zegoela, lehengo indarra berreskuratu zuen jainkoaren miserikordiari esker, eta filistearren tenplua suntsitu zuen. Operako unerik ospetsuenak bi dira: batetik, sedukzioaren eszena (Moncœurs’ouvre à tavoix), eta, bestetik, hirugarren ekitaldiko bakanal oparoa, non filistearrek Sanson harrapatu dutela ospatzen baitute. Bertan, frantziarrek ekialdearekiko zuten lilura ikusten da, musika koloretsu, exotiko eta lizunaren bitartez. Melodia nagusiak Aljeriara egindako bisitetan ezagutu zituen konpositoreak; izan ere, izugarri maite zuen herrialde hura, eta hantxe hil zen 1921eko abenduan.
Kontra zituenei aurre eginez, Saint-Saënsek ustekabeko defendatzailea izan zuen: Debussy. Azken horrek, 1891n, hauxe galdetzen zuen: “nola ote da posible modu horretan erratzea. Saint-Saënsek beste inork baino hobeto ezagutzen du musikaren mundua”. Babes hori garrantzitsua izan zen, kontuan izanik Debussyk leku garrantzitsua izango zuela Frantziako musikaren munduan. Inpresionismo piktorikoari eta poesia sinbolistari esker garatu ahal izan zuen estiloan, forma tradizionalak lausotu egiten ziren, ehundura etereoen, harmonia flotatzaileen eta guztiz findutako koloreen bilaketan. Estilo berri horren eragina izugarria izan zen, eta garai hartako orbita frantseseko konpositore guztiei eragin zien.
Debussy gaztearen Paris hartara beste gazte bat heldu zen laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran: Albéniz, alegia. Han, musika-tradizio espainiarreko elementuak eta sasoi hartako joerarik aurreratuenak (tartean, hasi berria zen inpresionismoa) elkarlotzeko gakoa aurkitu zuen, eta Iberia suite zoragarria konposatzeko bideari ekin zion, 1905 eta 1909. urteen artean. Baina Parisera joatean, Albénizek aretoko zenbait obra zeramatzan besapean, bere piano-karrerak iraun zuen bitartean idatzitakoak iraultza musikalik nahi izaten ez zuten entzuleentzat. Horien artean, Suite espainiarra lana osatzen duten piezak nabarmendu behar dira. 1883 eta 1889. urteen artean idatzi zituen, eta partitura erraz, ameslari, xarmangarri eta oso profil argikoak dira, eta ia guztiek dituzte kopla malenkoniatsuak eta dantzarako erritmo biziak. Zortzi haietatik, bost entzungo ditugu gaur gauean, Rafael Frühbeck de Burgos zuzendari handiak orkestratuak. Tartean izango dira Gaztelako seguidilla grinatsuak, Aragoiko jotaren berregite fantasiatsua, Granadako serenataren kantu nostalgikoa, Sevillako sevillana sutsuak, eta, bitxia bada ere, Asturiasko taupada flamenkoa.
Bere obretako batzuetan inpresionismoaren esentzia xurgatzen duen beste konpositoreetako bat Ravel da. Haren Jeuxd´eau (1901) lanek poesia ameslari hori dute, aire-giro hori, sonoritate argi eta aratz horiek. Miroirs (1905) pianorako suitean ere, gurari inpresionista sumatzen da, “debussysmo disimulatuan” (Jankélévitch). Bere bost piezetatik, Graziosoaren alborada lana da biziena, txantxazaleena eta zorrotzena; izan ere, gitarra andaluzaren kutsua dauka, kopla rubateatua, glissando bizkorrak, errepikatutako nota basatiak, eta bertigorik gabe itzulipurdika dabiltzan erritmoak. Ravelek 1919an orkestratu zuen obra hau, eta lana berriro asmatu balu bezala izan zen. Orkestraren koloreari buruz zeukan ikuspegia ulertzeko, esan beharra dago, Stravinskiren arabera, Ravel izan zela Udaberriaren kontsakrazioa berehala ulertu zuen “musikari bakarra”.
Hala ere, Ravelek ez zeukan bere burua konpositore iraultzailetzat: “Beti izan naiz ideia berrien aldekoa (…), baina sekula ez naiz saiatu harmoniaren eta konposizioaren arloetan indarrean zeuden legeak suntsitzen”. Hori dela eta, Ravel XX. mende hasierako abangoardietatik urrun dago, eta Mozarten espiritutik gertuago; izan ere, azken horrek bazekien nola integratu bere musika garaian garaiko forma nagusietan, eta beti bake-giroan. Orientazio klasiko hori presente dago hasierako piezetan (halakoak dira Kuartetoa, Sonatine, eta Pavana, hildako infanta batentzat) eta amaierakoetan (horien artean, pianorako bi kontzertuak nabarmendu behar dira). Ravelek ia aldi berean konposatu zituen, baina bien arteko desberdintasunak erabatekoak dira: Ezker eskurako kontzertua obra goibela eta espektrala zen; Kontzertua solen, berriz, garbia, oparoa eta jai-girokoa. Divertimento izenburua jartzea ere bururatu zitzaion. Marguerite Longek Parisko Pleyel aretoan estreinatu zuen, 1932ko urtarrilean.
Bai, Kontzertua solen obrako musika arina eta argitsua da: hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran geunden, eta Ravelek nahieran jokatzen zuen harmoniekin, erritmoekin eta koloreekin, imintzioka aritzen zen bitonaltasunarekin, limurkeriatan ibiltzen zen jazzarekin, eta iturri inpresionistetatik datozela diruditen soinuetan murgiltzen zen. Hiru mugimenduetako lehenengoan, Allegremente deitutakoan, oihartzun herrikoiko melodiak agertzen dira (txistuaren kutsua ote dago piccoloan?), Alboradaren zarrasta birsortzen da, eta Blues-etik datozen oihartzunak entzuten dira. Fantasia hori guztia berritu egiten da kadentzian, eta, bertan, ezker eskuko akorde finetatik sortutako kantuarekin batera, txorrotxio luze eta gardenak entzun daitezke. Adagio assai atala, bals geldoz mozorrotutako erritmo bitarrarekin, Pavanaren klasizismo soilari begiratzen dio berriz ere, eta Presto atalera jotzen du zuzenean; azken horretan, fanfarre burrunbatsuek mailukatuta, paraxutik gabe egiten du salto bizitasunaren eta birtuosismoaren hegaldirantz.
Asier Vallejo Ugarte
 
 
GABRIELA MONTERO – Pianoa
Gabriela Monterok orkestrarik garrantzitsuenetako askorekin jo izan du; besteak beste, Los Angeles, New York, Rotterdam, Chicago, San Frantzisko, Atlanta, Leipzig edota Berlingo filarmonikoekin, bai eta Viena eta Sydneyko sinfonikoekin ere.
Leonard Slatkin, Claudio Abbado, Yannick Nézet-Séguin, Vassily Petrenko eta Marin Alsop zuzendariekin aritu izan da lankidetzan, besteak beste.
Bere lehenengo diskoa, Bach and Beyond deitutakoa, zenbait hilabetez egon zen Billboard zerrendako lehen postuan. 2006an, teklatu-instrumentistarik onenaren Echo Klassik sari bi lortu zituen, eta, 2007an, mugarik gabeko musika klasikoaren saria jaso zuen. Gainera, Grammy® sarietarako hautagaia izan zen Baroqueen lanagatik, 2008an.
Venezuelako Human Rights Foundation fundazioak hautagai gisa aukeratu zuen giza eskubideen esparruan egiten duen lan apartagatik, eta, 2012an, Rockefeller Saria jaso zuen. Horrez gain, Barack Obamaren presidentetza-inbestidurako ekitaldian hartu zuen parte, 2008an.
Venezuelan jaio zen, eta bost urterekin eskaini zuen lehenengo emanaldia. Zortzi urterekin, berriz, aurreneko kontzertua eman zuen Caracasen, eta, horrela, beka bat lortu zuen Estatu Batuetan ikasi ahal izateko. Hamish Milnerekin jarraitu zuen ikasten, Londresko Royal Academy of Music delakoan, eta ohorerik handienekin graduatu zen. Gaur egun, Los Angelesen bizi da, senarrarekin eta alaba biekin.
 
 
RAMÓN TEBAR– Zuzendaria
Ramón Tebar opera-konpainia amerikar bateko titularra den lehenengo zuzendari espainiarra da. Zuzendari nagusia izan da Florida Grand Operan (Miami), zuzendari artistikoa Naplesko Operan (Florida), musika-zuzendaria Santo Domingoko Jaialdian, eta Palm Beacheko Sinfonikoaren zuzendaria ere izan da. Gutxi gorabehera, 30 opera-produkzio zuzendu ditu. 2014an, Felipe VI.a erregeak Meritu Zibileko Ordenaren Gurutze Ofiziala eman dio, eta Espainia Markak munduan arrakasta izaten ari diren 100 espainiarretako bat dela esan zuen.
Espainian, Kordobako, Gaztela eta Leongo, eta Nafarroako sinfonikoak zuzendu izan ditu, bai eta Oviedo Filarmonía eta RTVEko Orkestra ere. Gainera, San Petersburgo Sinfonikoa, Luganskeko Filarmonikoa, Pilseneko Filarmonikoa, Orquesta Internazionale d’Italia, Cagliariko Sinfonikoa, Turingo Regio Antzokiko Orkestra, Armeniako Filarmonikoa eta Spoletoko Jaialdiko Orkestra ere zuzendu ditu. Espainiatik kanpora dituen konpromisoetatik aparte, Galiziako Sinfonikoa, Espainiako Orkestra Nazionala, Bilboko Sinfonikoa, Asturiasko Printzerriko Sinfonikoa, Bartzelonako Orkestra eta Valentziako Orkestra zuzenduko ditu Estatuan. Abeslari garrantzitsuekin lan egin izan du; besteak beste, Monserrat Caballé, Placido Domingo, Angela Gheorghiu, Roberto Alagna, Mariella Devia, Daniela Dessi eta Maria Guleghinarekin.
 

GABRIELA MONTERO, INAUTERIETAN
Dibertsiorik ez da faltako Inauterietako gure kontzertuan. Musika jai-girokoa izango da, baina, gainera, Gabriela Monterok guztiz izaera sutsua dauka, eta komunikatzaile bikaina bezain piano-jotzaile ospetsua da. Saint-Saënsen orkestra-birtuosismoa, Ravelen fintasuna eta erritmoa (eta kontzertuko adagio zoragarria), eta Albénizen inspirazioa, gure Rafael Frühbeck oroituak haren Suite espainiarra lanerako egin zuen orkestrazioan.
 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
21
Eka
2025
>MISSA SOLEMNIS

MISSA SOLEMNIS

Lekua: Arriaga Antzokia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia Nuno Coelho maisuaren zuzendaritzapean elkartu dira, maisulan monumental hori aurkezteko. Kristau-liturgiarako egina izan arren, lanak gainditu egiten esparru erlijiosoa, eta gai unibertsalak jorratu: errukia eta erredentzioa. Lanean zehar, Beethovenek emozio-sorta zabala esploratzen du, solemnitatetik eta kontenplaziotik hasi eta asalduraraino eta ospakizuneraino. Horri esker, lanak sakontasun emozional aparta du. Interpreteentzat erabat desafiatzaileak diren zatiak daude: nota eutsien tentsioa koruan, kontraste dinamikoak eta tematikoak, orkestra-idazketaren birtuosismoa… Hori dela eta, Missa Solemnisek musika sinfonikoaren erreferente izaten jarraitzen du, eta mendeetan zehar entzuleak eta musikariak inspiratu ditu bere edertasun eta ahalmen emozionalarekin.

Informazioa eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
26
Eka
2025
>COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

Lekua: Euskalduna - Auditorium

‘Coros de cine’ zentzumen eta orkestrarako koru, solista eta partaidetza-kontzertu bat da, non zinema-historiako izenbururik ikonikoei buruzko piezak interpretatuko diren, hala nola Breakfast at Tiffany’s, Titanic, Saving Private Ryan edo Empire of the Sun, besteak beste.

Proiektu kolaboratibo honek Bilboko eta inguruko amateur kantariei aukera emango die musikaren profesionalekin batera prestatzeko eta Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean eszenatokian estreinatzeko.

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
25 - 26
Ira
2025
>Bere Maiestate pianoa

Bere Maiestate pianoa

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Azken 200 urteetako musikari buruzko hit edo pieza arrakastatsuenen zerrendarik balego, ezbairik gabe, Txaikovskiren piano-kontzertua, erromantizismo ikaragarria eta melodia indartsuak darabiltzala, lehen postuetan legoke. Martín Garcíaren birtuosismoaren neurrira egindako lana da. Irekiera-programa honen jite arranditsua beste bi lanekin osatzen da: Saint Saëns musikagilearen 3. sinfonia (‘Sinfonia organoarekin’) eta itsasoen handitasunean etorria daukan Sigfúsdóttir islandiarraren Oceans sinfonia bikaina.

M. H. M. Sigfúsdóttir
Oceans
P. I. Tchaikovsky
Concierto nº 1 para piano y orquesta en si bemol menor Op. 23
C. Saint Saëns
Sinfonía nº 3 en do menor Op. 78 “Órgano”

Martín García García, pianoa
Elena Schwarz, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
02 - 03
Urr
2025
>Itsasoa, ekarriaren iturri

Itsasoa, ekarriaren iturri

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Ez dugu itsasoaren oroipena alde batera utziko, programa honetan, hari nagusitzat hartuta: ildo hori agerikoa da La mer lanean, Debussyren poema sinfonikorik ospetsuenean, eta iradokitzen da Javier Quislant bilbotarraren Unda maris lanean, Virgilio poetaren Eneida epopeiarekin batera. Lan horri esker, Reina Sofía Sari ospetsua irabazi zuen Quislantek 2023an. Neurrigabetasunaren sentsazio hori, etengabeko mugimenduan dagoen estatikoaren handitasuna, Sibeliusen musikan ere antzematen da joan den denboraldian txalotuenetakoa izan zen Sergei Dogadin biolin jotzailearen eskutik, denboraldi honetan ere artista gonbidatua baita.

J. Sibelius
Concierto para violín y orquesta en re menor Op. 47
J. Quislant
Unda maris
C. Debussy
La mer, Tres bocetos sinfónicos para orquesta

Sergei Dogadin, biolina
Swann Van Rechem, zuzendaria

Gehiago ikusi