Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 11-2011-2012

Inauterietako kontzertua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

Rossini:La gazza ladra, obertura
G. Bizet/Borne:Carmenen gaien gaineko fantasia, txirula eta orkestrarako
E. Damare:La merle blanc, piccolo eta orkestrarako
F. Liszt/ G. Darvas:2. rapsodia hungariarra
Berlioz:Inauteri erromatarra, obertura
F. Velázquez:mendebaldeko haizea
M. Ravel:Bolero
 
Horacio Parravicini, txirula
Günter Neuhold, zuzendaria

DATAK

  • 16 otsaila 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 17 otsaila 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

 

VOULEZ VOUS DANSER AVEC MOI?
 
Dantzaz betetako gau batez gozatzeko gonbita egiten dizuegu, estilo italiar, frantziar –txirularen eta piccoloaren protagonismoarekin, aurkeztuko ditugun lanetatik bitan– eta hungariarrean. Bertan, historiako konpositorerik karismatikoenetako batzuen lanak entzun ahal izango ditugu, eta, gainera, Fernando Velázquez konpositore getxotarraren Mendebaldeko haizea lanaren estreinaldi absolutuaz gozatuko dugu.
 
Hasteko, opera italiarreko oberturarik politenetakoa entzungo dugu, La gazza ladra (Mika lapurra), Rossinik konposatua. Hain zuzen ere, Lord Byronek esan zuen moduan, Rossinik bere garaiko musikaren eszena menperatu zuen: “Azken aldian, opera bikaina eskaini dute San Benedetton; Rossiniren lana zen, eta bera bertan izan zen, klabezina jotzen; jendea haren atzetik ibili zen etengabe, koroatu egin zuten, ile-xerloak moztu zizkioten oroigarri gisa, goraipatu egin zuten, sonetoak eskaini zizkioten eta inongo enperadore baino gehiago betikotu zuten”. La gazza ladra1817an konposatu zuen Rossinik, La Scalan estreinatu baino ordu batzuk lehenago –diotenez, aurreko egunean, ekoizleak gela batean giltzapetu zuen Rossini, eta, partitura amaitzen ez bazuen, leihotik botako zuela egin zion mehatxu–. Lan honek Ninetta neska gaztearen istorioa kontatzen du: Ninetta, modu bidegabean, heriotzara kondenatu zuten, zilarrezko koilara bat lapurtzeagatik, nahiz eta, egiaz, koilara hori mika batek hartu zuen. Obertura, operako atalik ospetsuena, ohiko konbinazio sinfonikorako dago orkestratuta, baina, gainera, kutxak edo danbor militarrak ere baditu. Hasieran, danbor-arrada bi entzuten dira, eta doinu horrek sarrera ematen dio orkestrak garatuko duen martxa militar bizi bati. Sonata-mugimendu baten ostean, non errepertorio rossiniarreko melodiarik eder eta ezagunenetako batzuk entzun baitaitezke, obertura crescendo batekin amaitzen da, amaierako klimaxera heltzeko gero. Estreinaldian egondako Stendhalen testigantzaren arabera, oberturak oso harrera arrakastatsua izan zuen: “lehenengo prestoaren amaierara heldu baino apur bat lehenago, antzokia eldarnio-ekaitz hutsa zen, eta entzule guztiak hasi ziren orkestra animatzen, laguntza inprobisatuarekin”.
Carmen, gaur egun, Frantziako operarik ospetsuena da, eta, zalantzarik gabe, opera-errepertorioaren historiako famatuenetakoa. Alabaina, Parisen estreinatu zenean, harrera txarra izan zuen, eta, handik hiru hilabetera, Bizet hil egin zen, erabateko porrota jaso izanaren sentsazioarekin. Handik gutxira, sekulako arrakasta izan zuen Vienan, eta horrek mundu osoko opera-antzokietako ateak ireki zizkion. Lan honetako melodia ugari eta ezin ederragoak oso erakargarriak dira, eta horrek inspirazioa piztu zien zenbait musikariri/konpositoreri; hori horrela, esate baterako, Horowitz, Sarasate, Waxman eta Bornek Fantasiak idatzi zituzten, euren birtuosismoa erakusteko asmoz. Oraingo honetan, aipatutako azkenak konposatutako Carmenen gaien gaineko fantasia entzungo dugu. Hain zuzen ere, Borne konpositore eta txirulari frantziarra opera honetaz baliatu zen, zeukan talentu handia agerian jartzeko. Sarrera labur baten ostean, txirularen soinuak hartzen du protagonismo nagusia, eta, inprobisazio gisa, txori baten hegaldia iradokitzen duen melodia jotzen du. Ondoren, Patuaren gaia kezkagarria entzuten da, eta, gero, Habanera ospetsua. Alcalako Dragoiak pasartearen soinu militarrak aurrea hartzen dio Toreatzaileen kantua izeneko doinuari, non txirulak inprobisazio ikusgarri eta arina jotzen baitu, lanaren amaierara heltzeko.
Errezitaldien arrakastan pentsatuz konposatu zuen beste txirulari handi bat Eugene Damare zen, Iparraldekoa. Sona handiko txirulari eta piccolo-jotzailea izan zen, eta La merle blanc (Zozo zuria) da bere lanik ezagunenetakoa. 1890ean idatzi zuen –piccoloaren “urrezko aroan”; hain zuzen ere, garai hartan birtuosismoko pieza asko sortu ziren, dantzarako erritmoak eta opera ezagunetako kantuak erabiliz–, eta polka-fantasia bat da, garai hartako aretoko musikaren estiloan.
Zalantzarik gabe, Franz Liszt –Celebritate sua sat notus, haren pasaportean irakur zitekeen moduan– musikaren historiako pertsonarik esanguratsuenetakoa izan da. Zuzendaria, konpositorea, irakaslea eta pianoko kontzertista izan zen, eta, bere garaian, ordura arte ezezaguna zen esperientzia estetikoak sortzeko gai zen jeniotzat hartu zuten. Vienan eta Parisen heziketa kosmopolita jaso bazuen ere, beti egon zen harro hungariarra izateaz. Folklore magyarrari buruz egin zituen ikerketen ondorioz, besteak beste, pianorako Rapsodia Hungariarrak idatzi zituen. Hain zuzen ere, George Bernard Shawek hauxe idatzi zuen konposizio horiei buruz: “bikainak dira, distiratsuak, biziak, zorabiagarriak… eta hain dira azkarrak, ezinezkoa baita altxatzeko eta dantza egiteko desirari eustea”. Argitaratu ziren hemeretzietatik, Bigarrena da gehien jotzen dena eta efektistena. 1847an konposatu zuen, eta bere mezenasetako bati dago eskainia: László Teleki kondeari, hain zuzen ere. Lanak hiru atal ditu, eta kontraste handia sortzen da dantza magyarren erritmo bizien eta sentimendu tragiko sakonaren artean. Sarrera geldo batek melodia malenkoniatsua iragartzen du, eta, ondoren, atal azkar bat etorriko da, non etengabe uztartuko baitira lasaitasuna eta bizitasuna. 60ko hamarkadan, Lisztek eta haren ikasle Franz Döpplerrek Rapsodia hauetako seiren orkestrarako moldaketa egin zuten. Beraien ostean, beste zenbait konpositorek ere egin izan dituzte orkestrarako bertsioak. Gaur gauean, Bigarren Rapsodia entzungo dugu, Gábor Darvas XX. mendeko konpositore eta musikologo hungariarraren moldaketarekin.
1838an, Berliozek Benvenuto Cellini opera estreinatu zuen Parisen, eskultore florentziar ospetsuaren oroitzapenetan oinarrituta. Ezin izan zuen harrera txarragorik izan: kritika krudelak jasotzeaz gain, musikarien eta entzuleen artean oso inpresio txarra utzi zuen. Hala ere, bost urte geroago, Bellinik berriro hartu zituen operako bi konposizio, kontzertu independente bateko obra gisa erabil zitekeen obertura berria idazteko. Pronostiko guztien kontrara, bere katalogoko lanik famatuenetakoa sortu zuen: Inauteri erromatarra. Lan horretan,orkestratzaile gisa zuen talentu handia erakutsi zuen berriz ere. Bere obertura gehienetan moduan, sarrera bikainarekin hasten da. Ondoren, eta adar ingelesaren eskutik, lehenengo ataleko maitasunaren duoa agertzen da: O Teresa vous que j´aime. Berriro erabili zuen beste melodia bigarren ekitaldiko inauterietako eszenako saltarello bat da, dantza folkloriko erromatarren antza duena. Estreinaldia 1844an izan zen, Parisko Salle Herz aretoan, konpositorearen zuzendaritzapean. Egundoko arrakasta izan zen.Entsegu bakarra egin zuten arren –entseguaren goizean bertan, Guardia Nazionalak beste leku batean jotzeko esan zien haize-tresnen musikariei–,Berliozek, zuzendariaren podiumetik, lasaitu egin zituen musikariak: “Musikari bikainak zarete. Begiratu nire batutari ahal duzuen bezain sarri, erabili arretaz isiluneak, eta dena ondo joango da”. Ez zen erratu: pozez betetako entzuleak txaloka eta oihuka hasi ziren, eta, beraz, berriro jo behar izan zuten.
Fernando Velázquez, gaur egun, gure herrialdean soinu-bandak konposatzen dituen pertsonarik ospetsuenetakoa da; izan ere, berak dioen moduan, konposatzerakoan, bere gustuetan eta entzuleenetan pentsatzen du aldi berean. El orfanato filmaren musika idazteaz eta Devil pelikularen musikarekin merkatu amerikarrean sartzeaz gain, bere konposizio-katalogoak ia genero guztiak hartzen ditu. Gaur gauean, Mendebaldeko haizea bere azken orkestra-lanaren estreinaldi absolutuaz gozatu ahal izango dugu. Berak azaltzen du ondoen: “Ni bizi naizen inguruan, ohikoena Mendebaldeko haizeak jotzea da. Tira, hobeto esanda, Ipar-mendebaldekoa. Surflariek “Galiziarra” esaten diote. Euria ekarri ohi du, eta argia… melankoliara eramaten zaituen argia da. Beste batzuk baino gehiago. Baina bizia ematen du. Denbora eta soinu zatitxo hau argi horren azpian uraren ertzetik egindako paseo ugarietako baten oroitzapenaren oihartzuna da (edo etorkizuneko intuizio batena). Iluntzean, egunsentian, eguerdian, eguzki-printzekin, euriarekin… itsasoari begira, ibiltzen, soilik begira”.
Debussy, Honegger, Milhaud eta Stravinsky bezalako beste konpositore batzuekin egin zuen moduan, 1927an, Ida Rubinstein dantzariak Albénizen Iberia lanean oinarritutako “kutsu espainiarreko” ballet bat konposatzeko eskatu zion Raveli. Konturatzerakoan orkestratze-eskubideak Enrique Fernández Arbósenak zirela, Ravelek lan esperimental bat egitea erabaki zuen, zeina, gai eta kontragai bakarra erabiliz, crescendo apoteosiko batera helduko baitzen. Hasieran, fandangoaren erritmoa erabiltzea pentsatu zuen, baina, azkenik, hain arina ez den beste dantza andaluziar bat aukeratu zuen: boleroa. Hain zuzen ere, esan zuen doinu hori tempo bakarrean egin behar zela, melodia arabiar-espainiarren estilo minbera eta monotonoan. Boléro balleta 1928an estreinatu zen, Parisko Ópera Garnier delakoan. Ravelen asmoa eszena fabrika batean kokatzea zen, baina, azkenik, ekintza Bartzelonako kafetegi ilun batean gertatu zen. Bertan, hogei bat gizon kartetan ari ziren, emakume eder batek mahaiaren gainean dantza egiten zuen bitartean, boleroaren erritmopean. Ida Rubinsteinen dantza sentsualak ganibet ugari azalerazi zituen eszenatokian, modu tragikoan; baina, gainera, eskandalua sortu zen kritikaririk kontserbadoreenen artean. 1931n, konpositoreak bere zuzendaritzapean orkestrarako bertsioa estreinatu eta urtebetera, Ravelek hauxe idatzi zion Calvocoressi kritikariari: “Ez dut nahi nahasketarik sortu dadin nire Boléroaren inguruan. Oso norabide berezian egindako esperientzia da, eta ez luke susmorik piztu behar, duen helburutik aparte ez baitu beste asmorik. Hamazazpi minutuko pieza da; musikarik gabeko orkestra-sare hutsa da, crescendo luze eta progresiboa. Ez dago kontrasterik, ez dago ia asmakuntza bakar bat ere, doinua jotzeko ideia eta modua albo batera uzten baditugu”.
Patricia Sojo
 
 
 
 
 
 
Horacio Parravicini, txirula
 
Horacio Parravicini 1960an jaio zen Buenos Airesen, zineman, argazkigintzan eta biokimikan aritzen zen familia italiar batean.
 
Edmondo d’Amicis eskolan ikasi zuen, eta, bertan, Petrarca, Dante eta Manzoniren literatura irakurtzen hasi zen. Egile horiekiko kontaktua funtsezkoa izan zen, ulertu ahal izateko nolako ikuspegia duen arteaz, oro har, eta musikaz, bereziki.
 
Alfredo Montanarorekin hasi zen txirula-ikasketak egiten, Carlos López Buchardo Kontserbatorio Nazionalean. Harmonia ikasi zuen Fermina Casanovarekin, eta Artearen Historia, berriz, Juan Pedro Franzerekin. 1980an graduatu zen aipatutako Kontserbatorioan, Batez Besteko Kalifikaziorik Onenaren Domina lortuta. 1986an, hobekuntza ikastaroak egin zituen Glauco Cambursanorekin, Milango Giuseppe Verdi Kontserbatorioan. Berlinen, Andreas Blau txirula-jotzailearekin ikasi zuen, eta Ingalaterran, William Bennettekin.
 
1986az geroztik, Bilbao Orkestra Sinfonikoko txirula bakarlaria da. Maiz hartzen du parte BOSen Ganberako Denboraldian, zenbait talderekin; batez ere, Haize Boskotearekin.
 
Txirula ez da Horacioren pasio bakarra: musikan hasi baino lehen eta gaur egunera arte, argazkigintzak toki garrantzitsu eta berezia dauka bere bizitzan.
Ravel-en “Boleroa”
Zalantzarik gabe, egitarau ezagunena duen abonuko kontzertua. Arintasuna Rossiniren musikan, birtuosismoa Horacio Parravicini bakarlariak jorratuko dituen txirula eta piccolorako lanetan, distira Liszten Rapsodia hungariarrean eta Berliozen Inauteria oberturan, modernotasuna Getxoko musikagile Fernando Velázquezen mundu mailako estreinaldian eta amaiera arranditsua Ravelen Bolero lanaren crescendo hipnotikoarekin.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
21
Eka
2025
>MISSA SOLEMNIS

MISSA SOLEMNIS

Lekua: Arriaga Antzokia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta Iruñeko Orfeoia Nuno Coelho maisuaren zuzendaritzapean elkartu dira, maisulan monumental hori aurkezteko. Kristau-liturgiarako egina izan arren, lanak gainditu egiten esparru erlijiosoa, eta gai unibertsalak jorratu: errukia eta erredentzioa. Lanean zehar, Beethovenek emozio-sorta zabala esploratzen du, solemnitatetik eta kontenplaziotik hasi eta asalduraraino eta ospakizuneraino. Horri esker, lanak sakontasun emozional aparta du. Interpreteentzat erabat desafiatzaileak diren zatiak daude: nota eutsien tentsioa koruan, kontraste dinamikoak eta tematikoak, orkestra-idazketaren birtuosismoa… Hori dela eta, Missa Solemnisek musika sinfonikoaren erreferente izaten jarraitzen du, eta mendeetan zehar entzuleak eta musikariak inspiratu ditu bere edertasun eta ahalmen emozionalarekin.

Informazioa eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
26
Eka
2025
>COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

COROS DE CINE – KONTZERTU PARTIZIPATIBOA

Lekua: Euskalduna - Auditorium

‘Coros de cine’ zentzumen eta orkestrarako koru, solista eta partaidetza-kontzertu bat da, non zinema-historiako izenbururik ikonikoei buruzko piezak interpretatuko diren, hala nola Breakfast at Tiffany’s, Titanic, Saving Private Ryan edo Empire of the Sun, besteak beste.

Proiektu kolaboratibo honek Bilboko eta inguruko amateur kantariei aukera emango die musikaren profesionalekin batera prestatzeko eta Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean eszenatokian estreinatzeko.

Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
25 - 26
Ira
2025
>Bere Maiestate pianoa

Bere Maiestate pianoa

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Azken 200 urteetako musikari buruzko hit edo pieza arrakastatsuenen zerrendarik balego, ezbairik gabe, Txaikovskiren piano-kontzertua, erromantizismo ikaragarria eta melodia indartsuak darabiltzala, lehen postuetan legoke. Martín Garcíaren birtuosismoaren neurrira egindako lana da. Irekiera-programa honen jite arranditsua beste bi lanekin osatzen da: Saint Saëns musikagilearen 3. sinfonia (‘Sinfonia organoarekin’) eta itsasoen handitasunean etorria daukan Sigfúsdóttir islandiarraren Oceans sinfonia bikaina.

M. H. M. Sigfúsdóttir
Oceans
P. I. Tchaikovsky
Concierto nº 1 para piano y orquesta en si bemol menor Op. 23
C. Saint Saëns
Sinfonía nº 3 en do menor Op. 78 “Órgano”

Martín García García, pianoa
Elena Schwarz, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
02 - 03
Urr
2025
>Itsasoa, ekarriaren iturri

Itsasoa, ekarriaren iturri

Lekua: Euskalduna Bilbao · Auditórium

Ez dugu itsasoaren oroipena alde batera utziko, programa honetan, hari nagusitzat hartuta: ildo hori agerikoa da La mer lanean, Debussyren poema sinfonikorik ospetsuenean, eta iradokitzen da Javier Quislant bilbotarraren Unda maris lanean, Virgilio poetaren Eneida epopeiarekin batera. Lan horri esker, Reina Sofía Sari ospetsua irabazi zuen Quislantek 2023an. Neurrigabetasunaren sentsazio hori, etengabeko mugimenduan dagoen estatikoaren handitasuna, Sibeliusen musikan ere antzematen da joan den denboraldian txalotuenetakoa izan zen Sergei Dogadin biolin jotzailearen eskutik, denboraldi honetan ere artista gonbidatua baita.

J. Sibelius
Concierto para violín y orquesta en re menor Op. 47
J. Quislant
Unda maris
C. Debussy
La mer, Tres bocetos sinfónicos para orquesta

Sergei Dogadin, biolina
Swann Van Rechem, zuzendaria

Gehiago ikusi