Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 1-2012-2013

Concierto de apertura


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

P.I. Tchaikovsky: Concierto para violín y orquesta en Re mayor (34’)
J. Adams: Short ride in a fast machine (4’)
I. Stravinsky: El pájaro de fuego, suite (31’)
Ning Feng, violín

Günter Neuhold

DATAK

  • 18 urria 2012       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 19 urria 2012       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

ARIMA ERRUSIARRAK

Amerikara iritsi ondoren, handik gutxira, 1939. urtearen amaieran, Stravinskik honako hauxe galdetu zion bere buruari, Harvardeko Unibertsitatean emandako hitzaldian: “Zergatik hitz egiten ote da beti Errusiako musikari buruz errusiarra izateagatik eta ez, besterik gabe, musika izateagatik?”. Honako hauexen inguruko gustua zuen hizpide: orientalismoa, tinbre exotikoak eta teknika hobetzen eta musikagilearen lanbidea profesionalizatzen saiatu zenean hasierako freskotasuna galdu zuen eskola nazionalista. Glinkatik Bosten taldera hedatzen zuen kritikatik kanpo uzten zuen Tchaikovski. Izan ere, haren musika “oso-oso nazionala zen, gaien izaeragatik, esaldien ebakiduragatik eta haren lanen fisonomia erritmikoagatik”. Hala ere, aldi berean, Alemaniako metodo akademikoetako diziplinaren bidez zegoen landuta: “benetako adierazkortasuna lortu zuen, mendebaldeko kulturari besoak ireki zizkionean”.
 
Eragin hori, ordea, oso azkar antzeman zen. Hain zuzen ere, Tchaikovskik hogeita bat urte baino ez zituen, Alemanian, Belgikan, Frantzian eta Ingalaterran zehar egindako bidaian Europako mendebaldea ezagutu zuenean. Guztiok dakigunez, adin horretan gaztea Justizia Ministerioan zeukan lanpostuko ohikeriatik ihes egiteko irrikaz zegoen (lehen mailako eskribaua zen), musikan bete-betean jarduteko. Bizitza osoan bere buruaren aurka garatu zituen lehen borroketakoa izan zen, baita garaile-garailea izateko aukera eskaini zioten bakarrenetakoa ere. Bere sexualitatearekin zeukan gatazkan, ostera, behin eta berriro izan zen galtzailea erabateko ankerkeriaz: Tchaikovski homosexuala zen. Bere bizitzako zama handia izan zen, eta barne-borroka horren ondorioak nolabait azaltzen dira oso egun ilunetan idatzitako Biolinerako kontzertua lanean.
 
Hona hemen aurrekarien laburpena: musikagileak hogeita hamazazpi urte zituen, 1877ko maiatzean Antonina Milyukovaren gutuna jaso zuenean. Neska gazte hori bere ikaslea izan zen kontserbatorioan, eta berarekin maiteminduta zegoela adierazi nahi zion. Musikagilearentzat, aitaren guraria betetzeko aukera aparta izan zen, semea ezkontzea nahi zuen-eta. Era berean, abagune aparta ere izango zuen, ulertuko ez zion gizartearen aurrean bere sexualitatea ezkutatzeko. Hori dela eta, ezkontza proposamena egin zion, eta bikotea urte bereko uztailean ezkondu zen. Agerikoa zenez, porrot itzela izan zen, gutxi gorabehera hiru astez baino ez baitzuen iraun ezkontzak. Tchaikovski etsita zegoen, bere buruaz beste egiteko asmoa zeukan eta bidaiek ematen duten patxada lasaigarrian babestu zen. Sufrimendua arterako suspergarria omen da, eta halaxe baino ez dago azaltzerik epealdi horretan Eugene Onegin bezalako opera amaitzeko eta Laugarrena bezalako sinfonia idazteko gai izatea.
 
Biolinerako kontzertua lanaren historia Clarensen hasi zen, Suitzako Ginebra lakuaren alboan, 1878ko martxoan, hain zuzen ere. Zenbait hilabete igaro ziren ezkontzak porrot egin zuenetik, eta Tchaikovski pianorako sonata berriaren sorkuntzan zegoen murgilduta. Orduan, Joseph Kotek biolin-jotzaile gaztea joan zitzaion bisitan, eta Laloren Sinfonia espainola lanaren partitura erakutsi zion. Biolin eta orkestrarako lan horrek begiak ireki zizkion musikagileari. Horren ondorioz, kontzertuaren generoari berriro ekiteko erabakia hartu zuen, bat baino ez baitzuen egin pianorako. Hilabete gutxi batzuetan, gaur egungo Biolinerako kontzertua Re Maiorrean, 35. op. idatzi zuen. Edonola ere, Koteki barik, Tchaikovskik Leopoldo Auerri bidali zion lana. San Petersburgoko kontserbatorioko garaiko aspaldiko ezaguna zen, eta konposizio hori “jotzerik ez zegoela” adierazi zion. Hori dela eta, musikagileak Moskun irakasle zegoen Adolf Brodskyrengana jo zuen ondoren. Azkenean, Adolfek Vienan estreinatu zuen 1881eko abenduan, hiriko orkestra filarmonikoarekin eta Hans Richterren zuzendaritzapean. Ez ditugu aztertuko zenbait adituk eta, batez ere, Eduard Hanslickek egin zizkioten kritika ankerrak, urteen joan-etorriak bere lekuan jarri dituelako gauzak. Gaur egun, gure auditoriumetan gehien entzuten diren lauzpabost lanetako bat da, baina, batez ere, Errusiak munduari eman zion lehenengo garrantzitsua da oraindik ere.
 
Dena dela, ospe hori ere ez da nahikoa, musikagile errusiarraren ondare esklusiboa bide den oparotasun melodiko hori guretzat beti bezain harrigarria izan dadin. Hasierako mugimendua zabala da, pasarte epikoak, grinatsuak eta dramatikoak ditu tarteka eta barealdietan lirismo sarkorra da nagusi. Hori orekatzeko, Canzonettako horizonte poetiko bezain intimista azaltzen da. Sol maiorreko Andante horretan, hain zuzen ere, nolabaiteko tonu nostalgikoa antzematen da. Azkenean, zama malenkoniatsu horren ostean, jai-giro adoretsuko itsasoa agertzen da. Bertan, dantza bohemioen ukituak dira nagusi, eta era guztietako zailtasunak sortzen dizkiote bakarlariari. Izan ere, estu eta larri, amaiera ezin eroagorantz abiatzen da.
 
Short Ride in a Fast Machine lanaren bidez (1986), John Adamsek kontzertu horren hariak iruten dituzten leitmotivenetako bat berritzen du: oparotasuna. Izan ere, ohiko fanfare amerikar laburra da, eta Aaron Coplanden nahiz bere Fanfare for the Common Man lanaren distira eta dirdira berritzen ditu, garai hartan musikagileak oso gustuko zeukan mundu minimalistatik hurbil zeuden joko melodiko, erritmiko eta harmonikoen bitartez. Lana Michael Tilson Thomasen zuzendaritzapeko Pittsburgheko Sinfonikoak estreinatu zuen Mansfielden, eta pasadizoz inguratuta iritsi da gaur egunera arte, Londresko PROMetan programatutako lehen bi aldietan bertan behera utzi behar izan baitzuten: 1997an, Galeseko Diana hil zelako, eta, lau urte geroago, irailaren 11ko atentatuak gertatu zirelako New Yorken.
 
Interludio iparramerikarraren ondoren, Stravinskik Errusiara eraman gintuen berriro, 1945ean Suzko txoriari buruz egindako suitearen eskutik. 1910etik 1913ra bitartean Parisen Sergey Diaghileven konpainiarentzat sortu zituen hiru balletetako lehena izan zen, hain zuzen ere. Gogora ekarri behar dugu nolako eskandalu izugarria sortu zen hirugarrena estreinatu zenean: Udaberriaren kontsakrazioa (1913). Bere musika basatia, emaritsua, sutsua, kaotikoa eta primitiboa da. Gainera, Robert Morganek dioenez, badirudi “muin erritmikoa kendu diotela”. Hori guztiori dela eta, garai guztietako arteko iraultzaile handien Olinpoan dago musikagilea. Geroago, ondotxo dakigunez, Stravinskik zeharo desberdina zen etapari eman zion hasiera. Neoklasikoa omen da, eta, bertan, bere garaiko konkista musikalak XVIII. mendeko printzipio klasikoetan txertatzen saiatu zen. Edonola ere, Suzko txoria lanak iraganarekin zeuzkan lotuneak Kontsakrazioa lanak zituenak baino askoz sendoagoak ziren. Hori dela eta, oihartzun folklorikoei, orkestrazio arranditsuari eta kolore bizi-bizien erabilerari esker, artean ere tradizio errusiar handiaren sugarra zegoen piztuta. Izan ere, betidanik esan dute nolako indarraz antzematen den musika honetan 1908ra arte musikagilearen irakaslea izandako Rimski-Korsakoven aztarna.
 
Balletaren koreografia originala Mikhail Fokinerena da, eta maitagarrien ipuin batean dago oinarrituta. Bertan, hain zuzen ere, Iban printzea Kastchei errege gaiztoaren lorategian sartu da, eta urrezko zein suzko txoria agertu zaio. Askatu egin duenez, txoriak bere luma eman dio. Horri esker, erregea garaitu eta gatibu dauzkan hamahiru printzesetatik ederrena lortu ahal izango du. Kondairako elementuak naturaz gaindikoak direla kontuan hartuta, Stravinski kromatismoarekin jokatzen eta sonoritate instrumental ezin aberatsagoak sartzen ausartu zen. Hain zuzen ere, tradizioaren errespetuaren eta orainari (eta etorkizunari) egindako keinuaren arteko joko bikoitz hori omen da 1910eko ekainaren 25ean Pariseko operan lanaren estreinaldira joan ziren ikus-entzuleak harri eta zur utzi zituena. Bertan, gonbidatu ospetsu guztien artean, Manuel de Falla zegoen, eta “berak bezala pentsatu edo sentitzen ez dutenek esandakoaren beldur izan gabe sentitzen duena dioenaren” ausardia laudatu zuen.
 
1945eko suitea erregearen lorategiko giro ilun bezain itzaltsuan hasten da, eta honako hauxe marrazten digu ondoren: txoriaren hegada arina, urrezko sagarrak daramatzaten hamahiru printzesen erronda (oboeak eskainitako doinu ekialdetar eder bezain usaintsua), erregearen infernu-dantza ilun bezain sutsua, txoriak abesten duen Berceuse gozoa eta, azkenik, itzalen desagerpena nahiz ongiak gaizkiaren aurrean lortutako garaipena ospatzeko azaldutako erabateko estasia. Suzko txoria lanarenhirugarren suitea da. Gaur egun ere, bertan ikusten dugu historiaren zentzuari bira harrigarria eman baino zenbait urte lehenago oso sustrai sakonak azaldu zitezkeela Stravinskiren musikan. Hala ere, berak esango ligukeen bezala, ez dugu errusiarra izateagatik balioetsiko, musika izateagatik baizik, besterik gabe.
 
 
Asier Vallejo Ugarte
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Ning Feng
Nig Feng Chengdun (Txina) jaio zen. Sichuango Musika Kontserbatorioan eta Londresko Royal Academyn ikasi zuen, eta Royal Academyko ikasleen artean historian puntuaziorik altuena lortu zuen lehena izan zen.
Nazioarteko biolin lehiaketa ugaritan irabazi ditu sariak, besteak beste, Hanoverreko Nazioarteko Lehiaketan, Elisabeth Queen jaialdian eta Yehudi Menuhin jaialdian, eta, era berean, Michael Hill Lehiaketan (Zeelanda Berria) Lehen Saria irabazi zuen. 2002an lan garaikide baten interpretaziorik onenaren sari berezia irabazi zuen Tchaikovski Nazioarteko Biolin Lehiaketan. 2006an Paganini Lehiaketa ospetsua irabazi zuenetik, Txina, Kanada, Erresuma Batua, Belgika, Frantzia, Italia, Japonia, Estatu Batuak eta Alemanian aritu izan da errezitaldietan nahiz kontzertuetan. Etorkizun handieneko biolin-jotzaileetako bat da, eta, ondorioz, honakoekin aritu izan da, besteak beste: Philharmonia Hungarica, Melbourne Symphony, Berliner Symphoniker, London Mozart Player, Belgikako Nazionala, Symphonie Vienn eta Hanoverreko NDR Radiophilharmonierekin.
Ning Fengek Peter Stefan Greiner biolina (Bonn 2007) jotzen du. 
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
05
Ira
2025
>Kontzertuak Bizkaian ZALLA

Kontzertuak Bizkaian ZALLA

Lekua: Zine - Antzokia, Zalla

J. Guridi: El caserío, preludio del acto II
J. Guridi: “Buenos días”, dúo de El caserío
C. Colin: Coro de segadores de Maitena
J. Guridi: La Meiga, preludio de acto II
J. Guridi: “Yo te vi pasar”, de La Meiga
J. Guridi: “Goizeko eguzki argiak”, de Mirentxu
J.M. Usandizaga: Mendi-Mendiyan, suite
P. Sorozabal: Maite, eguzki eder
Venue

Aitor Garitano, Tenorea
Lorea López, Sopranoa
Sociedad Coral de Bilbao – Bilboko Koral Elkartea
Mikel Fernández, Zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
06
Ira
2025
>Kontzertuak Bizkaian GETXO

Kontzertuak Bizkaian GETXO

Lekua: Muxikebarri Zentroa, Getxo

J. Guridi: El caserío, preludio del acto II
J. Guridi: “Buenos días”, dúo de El caserío
C. Colin: Coro de segadores de Maitena
J. Guridi: La Meiga, preludio de acto II
J. Guridi: “Yo te vi pasar”, de La Meiga
J. Guridi: “Goizeko eguzki argiak”, de Mirentxu
J.M. Usandizaga: Mendi-Mendiyan, suite
P. Sorozabal: Maite, eguzki eder
Venue

Aitor Garitano, Tenorea
Lorea López, Sopranoa
Sociedad Coral de Bilbao – Bilboko Koral Elkartea
Mikel Fernández, Zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
11 - 13 - 14
Ira
2025
>RenHacer 2025 jaialdiko kontzertuak – Columbus fundazioa

RenHacer 2025 jaialdiko kontzertuak – Columbus fundazioa

Lekua: Rioja Forum, Logroño

Ramón Tebar, Zuzendaria
Miren Urbieta-Vega, 
Sopranoa
María José Montiel, Mezzo Sopranoa

Jonathan Tetelman, Tenorea
George Andguladze, Baxua

Orfeón Donostiarra, Koroa

Verdi, Requiem (Messa da requiem)

Informazioa eta sarrerak: Columbus Fundazioa

Gehiago ikusi
Denboraldia 2025-2026
18
Ira
2025
>BOS XVI. Musikagileak zirkuitua

BOS XVI. Musikagileak zirkuitua

Lekua: Campos Antzokia

El Teatro Campos Elíseos acoge el concierto inaugural del XVI Circuito de Música Contemporánea MUSIKAGILEAK a cargo de BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA. Bajo la batuta del prestigioso director de orquesta, Josep Planells, el concierto mostrará la riqueza de la música vasca de nueva creación.

PROGRAMA:

Iñaki Carcavilla
Ixargin
Sofía Martinez
Azul Oscuro*
Javier Jacinto
Ipar Haizea*
Leonel Aldino
Reversos, Tres lienzos de San Telmo
Gabriel Erkoreka
Famara

*Estreno absoluto

Director: Alphonse Cemin

Más información

Gehiago ikusi