Kontzertuak

Alderrai dabilen kamaradaren amodioak


Euskalduna Jauregia Bilbao.   19:30 h.


3.egitaraua.Hastapeneko abonua.

Ramón Tebar, zuzendaria
Sasha Cooke, mezzosopranoa


I

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

Lieder eines fahrenden Gesellen

I. Wenn mein Schatz Hochzeit macht
II. Gieng heut’ Morgen über’s Feld
III. Ich hab’ ein glühend Messer
IV. Die zwei blauen Augen

Sasha Cooke, mezzosopranoa

II

SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)

2. sinfonia mi minorrean Op. 27

I. Largo – Allegro moderato
II. Allegro molto
III. Adagio
IV. Allegro vivace

Iraup. 100’ (g.g.b.)

DATAK

  • 16 urria 2025       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 17 urria 2025       Euskalduna Jauregia Bilbao      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, uztailaren 8tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 15tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Erromantikoak eta herarriak

Gaur arratsaldeko hitzordura deitzen gaituzten bi konpositoreak, era batera edo bestera, nahi gabeko herrariak ziren; izpiritu alderraiak, beren krisi ideologiko, espiritual, estetiko edo maitasunezkoak konpontzeko irrikan zeudenak eta katarsi eta zorionerako igarobide moduan musikaren talismanarekin konformatu behar izan zutenak. Berrogeita hamar urte iraun zuen Gustav Mahlerren bizi-erromesaldiak. Hirurogeita hamar eskas Sergei Rakhmaninoven biografia osoak.

Baina bada bien arteko lotura zehatzago bat, XX. mendearen hasieran New Yorken elkartu zirenetik sortu zena. Rakhmaninovek "gordetzen" zuen esperientzia, honako funtsa zuena. Errusiarrak bere Pianorako Hirugarren Kontzertua konposatu zuen Estatu Batuetan piano-jotzaile gisa aurkezteko. Estreinaldia 1909ko azaroaren 28an izan zen, Walter Damroschek zuzendutako New Yorkeko Orkestra Sinfonikoarekin. Aste batzuk geroago berriro interpretatu zen Mahlerren zuzendaritzapean. 1910eko urtarrilaren 16an izan zen, eta Rakhmaninovek honela gogoratzen zuen: "Mahlerrek, nire kontzertuan aritzean, berehala ukitu zidan konpositore bihotza, akonpainamendua bera -nahiko konplikatua dena- primeran entseatuta zegoen. Mahlerren arabera partituraren xehetasun guztiak garrantzitsuak ziren, eta jarrera hori, zoritxarrez  arraroa da orkestra-zuzendarien artean”.  Ikuspegi melomanotik hau besterik ezin da gehitu: Nor egongo zatekeen bertan!

Rakhmaninovek, orduan, ez zuen susmatu hamarkada bat igarota herrialde hura, ezinbestean, bere etxe berria bihurtuko zenik; 1917ko Iraultzaren eztandaren ondoren ez zen inoiz bere jaioterrira itzuli. Gertaera honek errusiar arima malenkoniatsua elikatu zuen, urratsak mendebaldeko mundura bideratu zituen ibilbide profesionala jarraitzera behartutako alderrai batena. Gainera, bere konbikzio estetikoek bere garaitik urrundu zuten eta, era berean, modernitate musikaletik erbesteratu zuten. Espazio-denbora koordenatu horiek kritikak ezarritako bidetik aldentzen zuten, baina ez gurtzen zuen publikoarengandik.

Gustav Mahler (Kaliste, 1860 – Viena, 1911), nolabait esateko, ziurtasunetik erbesteratutakoa zen. Transzendentzia konpultsiboki eta etenik gabe bilatzen zuen norbait, musikan bere ziurgabetasunak, kontraesanak eta beldurrak konpon zitzan bete-betean murgildu zena. Ez zuen lortu, baina, trukean, katalogo zirraragarri eta oso pertsonala utzi zigun, soinuaren bidez ukiezinaren eta, agian, betierekoaren izpia sumatzeko aukera ematen diguna.

Izan ere, idatzi zuen partitura bakoitza bere existentzia astintzen zuten galderei erantzuteko saiakera izan zen. Are gehiago, Mahlerren xedea konposizioak bere bizi-ibilbidea argitzeko sosegua ematea zen. Nomada existentzialaren ibilbideak hainbat gogoeta eta galderatara behartzen zuen behin eta berriz: bizitza, heriotza, sufrimendua, maitasuna, fedea… Egiaren bidea aurkitzeko premia larria obsesio bihurtu zitzaion. Beharbada Machadoren bertsoak irakurri behar zituen (kronologikoki ezinezkoa, baina ez askogatik): "bidea ibilian egiten da".

Mahlerrek, ordea,  laster aurkitu zuena bere adierazpen gizatiar eta artistikoaren bidea izan zen. Egia esan, bi bide edo bitarteko izan ziren: abestia eta ehun sinfonikoa, eta horien bidez bere sormena eta lanbidea oparitu zizkigun. Bere soinu-irudimenak bere bizipenekin primeran lotzen zituen ideia poetiko mordoxka zuen mantenugai. Ildo horretatik, Mahler konpositore erabat lirikoa izan zen, bere ahots-ekoizpena orkestrazioaren erabilera bikainarekin aberastu zuena. Trebetasun horren garapenean eragina izan zuen, zalantzarik gabe, bere karreraren hasieratik orkestra-zuzendari gisa izan zuen jardun profesionalak.

Kargu hori lortu zuen lehenengo hirietako batean, eta erabat maitemindu zenean, Mahlerrek Lieder eines fahrenden Gesellen idazteko pizgarria aurkitu zuen, Kamarada alderrai baten kantak”  bezala itzuli zena. Gertakaria honakoa da: 1883an, hogeita hiru urte besterik ez zituela, eta beste hiru hiritan orkestra-zuzendari moduan jardun ondoren, "musika eta abesbatzen zuzendari" gisa kontratatu zuten Kasseleko Opera Antzokian, Alemaniako onenetakoa genero horretan. Han Johanna Richter abeslaria ezagutu zuen, zeinaz liluraturik geratu baitzen, eta, bere izena aipatu gabe gutun batean hau aitortu zion adiskide bati: "Lieder-ziklo bat konposatu dut. Denak berari eskainiak. Zer esan diezaizuket dagoeneko ez dakizunik? Batera, multzo moduan  pentsatuta daude, halabeharrak jotako kamarada herrari bat munduan zehar ibiltzera aterako balitz bezala".

Testuak Mahlerek berak  idatzi zituen, inspirazioa bere esperientzia pertsonalean bilatuta, baita Des Knaben Wunderhorn, XIX. mendearen hasieran Achim von Arnim-ek eta Clemens Brentanok egindako Alemaniako abesti herrikoien bilduma luzea,  lanean ere, "Mutilaren adar magikoa" bezala itzuli ohi dena. Hasierako erromantizismoan hain maitatua izan zen herri-poesiaren begirada honek, konposizio-estiloak eta bere patutik alferrik ihes egiten duen alderraiaren gaiak, Schuberten bi kantu-ziklo handien oihartzuna jasotzen dute: Errotari ederra eta Neguko bidaia. Bai pieza mahleriarretan, bai schubertiarretan, amodiozko lilura eta desengainua, artistak mundu arrotz batean zehar egiten duen noraeza edo naturaren ikuspegi bikoitza nabari dira, zerbait pozgarri eta, aldi berean, mehatxagarria, guri sinboloz, iragarpenez eta metaforaz beteta aurkezten zaiguna. Baina Mahler askoz harago doa orkestrazioan erromantizismo hasiberriko konpositore hura baino. Zati baten instrumentalaren potentziala askoz boteretsuagoa zelako mendearen amaieran hasieran baino, eta, neurri handi batean, Mahler zuzendariak aukera instrumentalak barrutik ezagutzen zituelako eta aukera horiek bere adierazpen-interesen zerbitzura nola jarri bazekielako. Une horretatik aurrera abestien zikloak ez ziren gauza bera izan, eta ordura arte nolabait genero intimista edo ganberakoa izan zena kontzertu-areto handietara mugitu zen orkestrari esker, ideiak dramatizatzeko gai ziren sinfonia, opera edo oratorioa bezalako beste genero batzuen parean jarriz.

Gaztaroko lan honen kasu zehatzean, tinbre-tratamenduari esker musikaren atmosferak testua gainditu zuen eta lortutako elokuentziaren zati bat konpositoreak bere Lehen Sinfonian, gaur entzuten ditugun Abesti hauen garaikidean, berrerabili zuen. Obra 1896an estreinatu zen Berlinen, Mahlerren zuzendaritzapean, eta lau abesti ditu. Lehenengoan, "Nire maitea ezkontzen denean", desioaren eta errealitatearen arteko desadostasuna ideia musikalen tempo, dinamika eta izaera kontrasteetan islatzen da. Klarineteen, triangeluaren eta harparen konbinazio berezia, leit-motiv bezala, aurkikuntza tinbriko zoriontsua eta hariak kantuari egiten dion azpimarraren kontraste zoragarria dira. Bigarren abestian -zeinaren melodia Lehen Sinfoniaren lehen mugimenduan antzeman dezakegun-, landa-ibilaldia, aldi batez behintzat, kontsolamendu pozgarria da maitale amorratuarentzat. Pasioa erotuta sortzen da hirugarren kantuan, intziri ahaltsua, bere indarkerian itota aienatzen dena bihotzean iltzatutako sastakaiez, amodio zapuztuez eta zerraldoez hitz egin ondoren. Eta horrela, ondorioz, zikloa hileta-martxa malenkoniatsu eta gozo batekin amaitzen da (berriz ere Lehen Sinfoniaren hirugarren mugimenduaren bihotzean aurkituko duguna), modu hunkigarri baina baketsuan, atsedenaldi geldiezin batean, ametsaren protagonista heriotzara daramana.

Gustav Mahlerrek transzendentzia bilatu zuen eta musika bihurtzea lortu zuen. Baina agian norbaitek, bere neurosia baretzearren, kamarada herraria baretu beharko zukeen esanez: "Ibiltari, bidea zure oinatzak, ez besterik".

Sergei Rakhmaninovek (Semyonovo, 1873- Beverly Hills, 1943) Errusian konposatu zituen bere obra garrantzitsu gehienak. Baita 2. sinfonia  mi  minorrean ere. Eta bai bere bizitzako lehen etapako konposizio horiek, bai erbestean idatzi zituenak, errusiar usaineko erromantizismoa azaleratzen dute. Seguruenik atzerriratuaren herrimina izango zen, urruntasunak eta itzultzeko ezintasunak elikatua, hau esatera behartu zuena: "Konpositore baten musikak bere jaioterria, maitasunak, erlijioa, eragin dioten liburuak, maite dituen koadroak… adierazi behar ditu. Nire musika neure izaeraren emaitza da, eta horrelakoa da errusiar musika". Izan ere, bizitzak eman zizkion opari guztien artean -familia maitagarria, aparteko talentua eta mundu osoan aintzatetsitako karrera profesionala- ez zegoen berriz etxeratzeko bidea. Horixe izan zen, hain zuzen ere, nazioarteko aretorik entzutetsuenek bere kontzertu-bira etengabe eta arrakastatsua ("perpetuum mobile" deitzen zion) ilundu zuen min itzela. Areto guzti horietan jo zuen, gizon eta musikari gisa jaiotzen eta hazten ikusi zuen herrialdean izan ezik. Errusian lortu zituen bere lehen arrakasta profesionalak: konposizioan, zuzendaritzan eta piano-interpretazioan. Eta ezin izan zuen Errusiara inoiz itzuli 1917ko Iraultzaren aurreko gertaera sozio-politikoen aurka azaldu zelako. Errealitatea bestelakoa izan zen eta Rakhmaninovek, azken konpositore-interpreteetakoa izan zenak, Viena, Berlin, Paris edo San Petersburgon jatorria izanik New York edo Los Angeles bezalako hiri estatubatuarretako bizitza kulturala aberasten joan ziren margolari, zinemagile, antzerkigile, idazle edo musikariek osatutako komunitate artistiko horietako bat osatu zuen. Immigrazioaren ondorioak.

1907ko urtarrilean San Petersburgon estreinatua, bere Bigarren Sinfonia konpositore gazte eta bere burua hizkuntzarekiko seguru igartzen zuenaren heldutasun sortzailearen adibide garbia da. Bi ezaugarri horietatik ondorioztatzen dira  erromantizismoa eta trazuaren ziurtasuna. Bere ildo estetikotik melodien zentzu lirikoa, zati batzuen izaera epikoa eta kolore instrumentalaren erabilera intentzionatu eta poetikoa sortzen dira, zeinean klarinetearen edo harien narrazio sublimeak nabarmentzen diren hainbat pasarte ahaztezinetan. Soinuaren izpiritu errusiar aitortua eta nahita landutakoa ezin hobeto egokitzen da tradizio austro-alemaniarraren formatu sinfonikora eta bere lau mugimenduetara. Lehenengoa Sarrera trinko bezain iradokitzailearekin hasten da, gure entzumenean eraikitzen, hazten eta orkestraren atal guztietara heltzen diren ideia nagusien bultzatzailearekin. Aldakuntza erritmikoek, melodia hautsiek, dentsitate harmoniko aldakorrak eta bihotzetik eta talentutik irtendako musika baten taupada iraunkor eta ahaltsuak eutsitako mugimenduko atmosfera-aldaketak pentsamendu erromantikoan defendatutako askatasun eta zaletasunaren beste adibide bat besterik ez dira. Allegro molto-ak hasierako gai heroiko baten indarra, trazu luze, zeta-antzeko eta ederreko melodia baten zalaparta erromantikoa eta ihesaldi basati eta zorabiagarriaren artean egiten du hegan. Eta, zalantzarik gabe, sinfoniaren une nagusia, besaulki-patiotik irrikaz espero dugun laztan ozen hori, Adagioak eskaintzen diguna da, konpositorearen gai enblematikoenetako batekin, non bere talentu sortzailea agerian jartzen den. Bertan, orkestra-tapiz hunkigarri eta landuak hegaldi zabaleko melodia bati eusten dio, non instrumentuen ahotsak polifonia bikain, dotore eta erakargarri batean ehuntzen diren. Hamarkada batzuk geroago, jazz eta pop abeslari askok maileguan hartu zuten (lehena Eric Carmen izan zen 1975ean, Never gonna fall in love again abestiarekin). Bukatzeko, Allegro vivace-an poz eutsiezina lehertzen da, aurreko mugimenduetan entzundako ideia batzuk ere biltzen dituena, horrela, kalitate handiko pentsamendu sinfoniko sendoaren laburpen eta amaiera bihurtuz.

Nostalgia gainditzeko ahalegin horretan, adierazezina bilatu nahi duen ezinbesteko erromesaldi horretan, bi musikagileek musika aukeratu zuten itsasargi inspiratzaile eta argitsu gisa, eta hari eskaini zioten beren burua, partiturak euren gizatasunarekin lotuz. Beti eskertuko dugu bilaketa horrek eragin zuen gozamena eta ongizatea.

Mercedes Albaina


Testu kantatuak

Lieder eines fahrenden Gesellen / Bidelagun baten abestiak

1.- Wenn mein Schatz Hochzeit macht
Wenn mein Schatz Hochzeit macht,
Fröhliche Hochzeit macht,
Hab’ ich meinen traurigen Tag!
Geh’ ich in mein Kämmerlein,
Dunkles Kämmerlein,
Weine, wein’ um meinen Schatz,
Um meinen lieben Schatz!
Blümlein blau! Verdorre nicht!
Vöglein süß! Du singst auf grüner Heide.
Ach, wie ist die Welt so schön!
Ziküth! Ziküth!
Singet nicht! Blühet nicht!
Lenz ist ja vorbei!
Alles Singen ist nun aus.
Des Abends, wenn ich schlafen geh’,
Denk’ ich an mein Leide.
An mein Leide!

1.- Nire kutuna ezkontzen den eguna
Nire kutuna ezkontzen den eguna,
bere ezkontza-eguna, izugarri zoriontsua izango dena,
nire egunik tristeena izango da!
Nire logelan sartuko naiz,
nire logela ilun eta txikian,
eta negar egingo dut, nire kutunagatik egingo dut negar,
nire kutun maiteagatik!
Lore urdina! Ez zaitez zimeldu!
Txoritxo polita, landa berdean abesten duzun hori,
Ai! Nola izan daiteke mundua horren ederra?
Txio! Txio!
Ez abestu; ez loratu!
Udaberria amaitu da.
Utzi abesteari.
Gauez oheratzen naizenean,
nire oinazea dut gogoan,
nire oinazea!

2.- Ging heut morgen übers Feld
Ging heut morgen übers Feld,
Tau noch auf den Gräsern hing;
Sprach zu mir der lust’ge Fink:
"Ei du! Gelt? Guten Morgen! Ei gelt?
Du! Wird’s nicht eine schöne Welt?
Zink! Zink! Schön und flink!
Wie mir doch die Welt gefällt!"
Auch die Glockenblum’ am Feld
Hat mir lustig, guter Ding’,
Mit den Glöckchen, klinge, kling,
Ihren Morgengruß geschellt:
"Wird’s nicht eine schöne Welt?
Kling, kling! Schönes Ding!
Wie mir doch die Welt gefällt! Heia!"
Und da fing im Sonnenschein
Gleich die Welt zu funkeln an;
Alles Ton und Farbe gewann
Im Sonnenschein!
Blum’ und Vogel, groß und klein!
"Guten Tag, ist’s nicht eine schöne Welt?
Ei du, gelt? Schöne Welt?"
Nun fängt auch mein Glück wohl an?
Nein, nein, das ich mein’,
Mir nimmer blühen kann!

2.- Gaur goizean landatik ibili naiz
Gaur goizean landatik ibili naiz
ihintzak belar-izpi oro estaltzen zuenean.
Txonta alaiak hauxe esan dit:
E! Aizu! Egun on! E!
Zu! Ez al da ederra mundua?
Txio! Txio! Ederra eta distiratsua!
Izugarri gustatzen zait!"
Landetako ezkila-loreek ere,
pozik eta umore onez,
kanpaiak jo dituzte, din-dan!
Honela agurtu dute goiza:
Ez al da ederra mundua?
Ederra da mundua! Din-dan! Ederra!
Izugarri gustatzen zait!"
Ondoren, eguzkipean,
dir-dir egiten hasi da mundua bat-batean.
Soinuak eta koloreak berpiztu dira,
eguzkipean!
Lore eta txoriak, txiki eta handiak!
Egun on! Ez al da ederra mundua?
Aizu! Ez al da ederra mundua?”
Orain hasiko al da nire zoriontasuna?
Ez, nik nahi dudan zoriontasuna
ezingo da inoiz loratu!

3.- Ich hab’ ein glühend Messer 
Ich hab’ ein glühend Messer,
Ein Messer in meiner Brust,
O weh! Das schneid’t so tief
In jede Freud’ und jede Lust.
Ach, was ist das für ein böser Gast!
Nimmer hält er Ruh’, nimmer hält er Rast,
Nicht bei Tag, noch bei Nacht, wenn ich schlief.
O Weh!
Wenn ich in dem Himmel seh’,
Seh’ ich zwei blaue Augen stehn.
O Weh! Wenn ich im gelben Felde geh’,
Seh’ ich von fern das blonde Haar
Im Winde wehn.
O Weh!
Wenn ich aus dem Traum auffahr’
Und höre klingen ihr silbern’ Lachen,
O Weh!
Ich wollt’, ich läg auf der schwarzen Bahr’,
Könnt’ nimmer die Augen aufmachen!

3.- Laban bat daukat gori-gori 
Laban bat daukat gori-gori
bihotzean sartuta.
Gaixoa ni! Sakonetik mozten du
poztasun eta gozamen oro.
A, zelako apopilo maltzurra!
Inoiz ez bakean, inoiz ez atsedenean,
ez egunez ez gauez, lotan nagoenean.
Gaixoa ni! Gaixoa ni!
Zerura begiratzen dudanean,
bi begi urdin ikusten ditut.
Gaixoa ni! Gaixoa ni!
Larre horitik nabilenean,
urrunetik ikusten dut bere ile horia haizearen eraginez dantzan.
Gaixoa ni! Gaixoa ni!
Ametsetan nagoela esnatu
eta bere zilarrezko barrea entzuten dudanean,
Gaixoa ni! Gaixoa ni!
Ai, nire hilkutxan egongo banintz!
Ai, begiak berriz zabalduko ez banitu!

4.- Die zwei blauen Augen von meinem Schatz 
Die zwei blauen Augen von meinem Schatz,
Die haben mich in die weite Welt geschickt.
Da mußt ich Abschied nehmen vom allerliebsten Platz!
O Augen blau, warum habt ihr mich angeblickt?
Nun hab’ ich ewig Leid und Grämen.
Ich bin ausgegangen in stiller Nacht
Wohl über die dunkle Heide.
Hat mir niemand Ade gesagt.
Ade! Mein Gesell’ war Lieb’ und Leide!
Auf der Straße steht ein Lindenbaum,
Da hab’ ich zum ersten Mal im Schlaf geruht!
Unter dem Lindenbaum,
Der hat seine Blüten über mich geschneit,
Da wußt’ ich nicht, wie das Leben tut,
War alles, alles wieder gut!
Alles! Alles, Lieb und Leid
Und Welt und Traum!

4.- Nire kutunaren begi urdinak 
Nire kutunaren begi urdinek
mundu zabalera eraman naute.
Agur esan behar izan nion
nire bihotzeko tokiari!
O, begi urdinak, zergatik begiratu ninduzuen?
Gau lasaian paseoan irten nintzen
mendi ilunean barrena.
Inor ez zen agurtzera etorri.
Agur! Maitasuna eta tristura nire lagun bakarrak!
Hor, bidearen ondoan, ezki bat dago.
Eta hortxe hartu nuen atseden lehenengoz lotan nengoela!
Ezkiaren pean,
loreak nire gainera jaurtitzen zituela.
Ez nekien nola jarraituko zuen bizitzak,
eta bat-batean dena ondo egon zen!
Dena! Dena, maitasuna eta tristura
eta mundua eta ametsa!


Sasha Cooke

Mezzosopranoa

Sasha Cooke mezzosopranoa Rice Universityn eta Juilliard Schoolen trebatu zen, eta munduko opera konpainia, orkestra eta zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin egun du lan. Bere moldarreztasunagatik, magnetismo dramatikoagatik eta errepertorio zahar zein modernoaren nagusitasunagatik aintzatetsia, Sasha eszenatokian zein grabazio estudioan nazioarteko karreraz gozatzen ari da eta bi Grammy sari jaso ditu. 2022an Music Academy of the West-eko Lehrer Vocal Instituteko zuzendarikide izendatu zuten Sasha.

Artista oparo eta eklektikoa, Sashak Los Angeles Philharmonic, Philadelphia Orchestra, London Symphony Orchestra, Tokyo Symphony, Deutsches Symphonie-Orchester Berlin, Boston Symphony Orchestra, Dallas Symphony Orchestra, Hong Kong Philharmonic, Montrealgo Orchestre Métropolitain  eta New World Symphony orkestrekin abestu du, besteak beste Yannick Nézet-Séguin, Gustavo Dudamel, Bernard Haitink, Michael Tilson Thomas, James Gaffigan, Sir Antonio Pappano, Edo de Waart, Riccardo Muti, Trevor Pinnock, Harry Bicket, Sir Mark Elder, John Nelson eta Krzysztof Urbański zuzendarien gidaritzapean.

Operari dagokienez, Metropolitan Opera, Opéra National de Bordeaux, Los Angeles Opera, San Francisco Opera, Seattle Opera, Houston Grand Opera, Dallas Opera, Gran Teatre del Liceu eta English National Operarekin aritu da. Bere lan aipagarrienetako bat James Gaffiganek zuzendutako Le nozze di Figaro operan Cherubinoren paperean egindako debuta da;

Eduige Rodelindan, Harry Bicketek zuzendua; eta Kitty Oppenheimer Doctor Atomic-en, obraren estrainaldian  Metropolitan Operan; Hänsel und Gretel San Francisco Operan, Los Angeles Opera eta Seattle Operan, Orlandoren rol protagonista San Francisco Operan, Thirza The Wreckersen Houston Grand Operan, Eduige Rodelindan Gran Teatre del Liceun, Nico Muhlyren Marnie eta Kitty Doctor Atomic-en English National Operan, eta Smeaton Anna Bolenan Opéra National de Bordeaux-en. Laurene Jobsen papera sortu zuen Mason Batesen The (R) evolution of Steve Jobs filmean, Santa Fe Operarako.

2025/26 denboraldian, Sashak rol protagonistan debuta egingo du Seattle Operan, Carmenen, eta Hansel und Gretel obran Houston Operara itzuliko da Hanselen papera egiteko. Europan, Valentziako Palau de les Arts Reina Sofian debutatuko du, Das Lied von der Erde interpretatuz Mark Elderren zuzendaritzapean, eta lehen aldiz abestuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin Mahlerren programa batean kontzertuan eta Ramón Tebarrekin errezitaldi batean, podiumean zein pianoan. Wiener Konzerthausera itzuliko da Mahlerren Hirugarren Sinfonia interpretatzeko Petr Popelkarekin eta Théâtre des Champs Elysées-en debutatuko du Pergolesiren Stabat Mater-ekin Francesco Corti eta Les Ambassadeurs orkestrarekin.

Une aipagarrienen artean daude Mozarten Requiema, Manfred Honeck eta San Francisco Symphonyrekin, Mesiasa, Jane Glover eta Music of the Baroquerekin, eta Cristian Mӑcelaru  eta Cincinnati Symphonyrekin, eta Lieder eines fahrenden Gesellen, Earl Lee eta Boston Symphony Orchestrarekin. Verdiren Requiema abestuko du berriro Yannick Nézet-Séguinek zuzendutako Philadelphia Orchestrarekin, eta Detroit Symphonyn Jader Bignaminirekin, eta Elgarren Sea Pictures Donald Runniclesekin eta Sydney Symphonyrekin. Sasha errezitaldi-bira batean ere murgilduko da, «Of thee I sing» programa berriarekin. Bertan konpositore estatubatuarren eta Estatu Batuetan bizi izan direnen musika nabarmenduko da. Programak Estatu Batuetako bost hiri bisitatuko ditu, horien artean Washington D.C.ko Kennedy Center, New Yorkeko Park Ave Armory eta Bostongo Gardner Museum.

Sasharen CD berria, «How do I find you?», 2022an argitaratu zen Pentatone zigiluarekin, artisten omenez COVID-19aren pandemian.


Ramón Tebar

Zuzendaria

Ramón Tebar: musikari valentziarra, pianista, orkestra-zuzendaria, nazioko eta nazioarteko antzoki, orkestra eta jaialdietako zuzendari artistiko eta musikala.

Valentziako hirian jaio zen 1978an, eta jaio zen hirian hasi zituen musika-ikasketak. Oso adin samurretik Unión Musical de Llíriako orkestra entzuteak eragindako zirrarak eta talde beraren entseguek musikarekiko maitasuna piztu zioten.

Valentziako Musika Elkarteetan hainbat instrumentu ikasi ondoren, pianoa aukeratu eta karrera amaierako ohore eta sariekin graduatu zen Valentziako "Joaquin Rodrigo" Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.

Orkestra-zuzendari gisa lehen esperientziak bere jaioterrian izan zituen, errepertorio sinfonikoan eta operistikoan sakonduz, gazte-gaztetatik Valentziako musika-erakunde garrantzitsuenekin lankidetzan arituz: Valentziako Musikaren Institutua, Valentziako Erkidegoko Gazte-Orkestra, Valentziako Generalitateko Abesbatza, Teatro Principal, Palau de la Música eta Palau de les Arts.

Pianoa izan zen orkestra-zuzendaritzara bideratu zuen instrumentua, Valentzian M. Rostropovich edo Montserrat Caballé bezalako musika-izar handiekin kontaktuan jarriz. Azken horrek nazioarteko agertokiak ireki zizkion, Espainiako Gazte- Orkestra Nazionalaren lehiaketa irabaztearekin batera. Zuzendari laguntzailea izan zen, ikasketak Parisen eta Erroman egiten zituen bitartean.

Hogei urte pasatxorekin lortu zuen lehen kontratua AEBn, Zubin Mehtaren aholkuei esker. Amerikarekiko harremana hasi eta laster iritsi zen Palm Beacheko Operako eta orkestra sinfonikoko, Santo Domingoko Nazioarteko Jaialdiko eta Naples, Miami eta Cincinnatiko operetan orkestra-zuzendari izatera.

Arrakastak lortu ditu Viena, Berlin, Frankfurt, Hanburgo, Dusseldorf, Kolonia, Stockholmo, Göteborg, Savonlinna, Turin, Cagliari, Amsterdam, San Frantzisko, Denver, Sao Paulo,  Mexiko, Buenos Airesko Colón Antzokiko eta abarretako opera-antzoki garrantzitsuenetan, besteak beste Cincinnati, Calgary, Copenhague, Londres, Munich, Praga, Malta, Korea, Polonia, Puerto Rico, Armenia, Malasia, Bulgaria, Rouen, San Petersburgo, Mosku, Mexiko… bezalako orkestra sinfoniko eta filarmonikoekin eta, era berean, Espainiako orkestra gehienek ere gonbidatu dute, besteak beste, Espainiako Orkestra Nazionalak, RTVE Orkestrak, Madrilgo Orkestra Sinfonikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Orkestra Sinfonikoak, Bartzelona, Bilbo, Gaztela eta Leon, Kordoba, Galizia, Kanaria Handia, Nafarroa eta Oviedoko orkestrek, Teatro del Liceuk, Teatro de la Zarzuelak, Oviedoko Operak eta Kanaria Handiko Las Palmasekoak, besteak beste.

Grabazioak egin ditu munduko diskoetxe garrantzitsuenetako batzuekin, hala nola UNIVERSAL Music, UNITEL eta DECCArekin.

AEBn eta mundu osoan hamar urte baino gehiagotan arrakasta izan ondoren, 2015ean, Valentziako Palau de les Artseko Zuzendari Nagusi Gonbidatu eta Valentziako Orkestrako Zuzendari Artistiko eta Musikal izendatu zuten.

Ramon Tebarri hainbat sari eta aipamen eman dizkiote, besteak beste, Claire Hiriko (Frantzia) Ohorezko Domina, Henry C. Clark Saria 2010ean eta 2013an Urteko Zuzendari Onenari, eta Miami Herald egunkariaren "100 espainiarren" Top 20 under 40 Saria, Espainiako Markagatik.

Duela gutxi AEBn Naples Hiriko Giltza eman zioten eta Floridako Enbaxadore Kultural izendatu zuten. Obama presidenteak aintzatetsi zuen, opera amerikarreko konpainia bateko zuzendari artistiko izendatu zuten lehen orkestra-zuzendari espainiarra izateagatik, eta horren ondorioz Felipe VI.a erregeak Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Ofiziala eman zion, Espainiatik kanpo lortutako lorpen kulturalengatik.

Tebar artista inplikatua da, eta Valentziako erakundeentzako ongintzako kontzertuetan zuzendari artistiko eta musikal gisa lan egiten du, hala nola: Valentziako Ntra. Sra de Nazaret  ikastetxean, 2022ko uztailean Valentziako Ama Birjinaren plazan 2.000 pertsona baino gehiagorentzat emandako kontzertu arrakastatsuan, eta Columbus fundazioa, minbizia edo gaixotasun arraroak dituzten haurrei itxaropena eta bizi-kalitatea hobetzeko terapia aurreratuenak eta eraginkorrenak eskuratzeko aukera ematea helburu duen Valentziako fundazioa.

Zuzendari artistiko moduan Tebarrek, Columbus Fundazioa sortu zenetik, musikaren kultura sustatzen du garapen pertsonalerako eta kohesio sozialerako tresna gisa.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2025-2026
06 - 07
Aza
2025
>Leningrado, Vasily Petrenkok gidatuta

Leningrado, Vasily Petrenkok gidatuta

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Xostakovitxen “Leningrado” deritzon 7. Sinfonia, XX. mendeko partiturarik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, obrak totalitarismoen aurkako erresistentziaren ikurtzat dirau gaur egun. Sasoia zenean, propagandako helburuz erabili zen humanista baten salaketan oinarritzen da, baina horren ikuspegia askoz harago doa, musikagileak Volkov kazetariari adierazitako “Testigantza”-n agerian geratu zen bezala. Vasily Petrenko ospetsuaren batutak gidatutako ikuskizun aparta da, Ukrainaren inbasioan izan den zoritxar morala salatzeaz gain.

D. Shostakovich
Sinfonía nº 7 en Do Mayor Op. 60 “Leningrado”

Karmele Jaio, narratzailea
Vasily Petrenko, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
10
Aza
2025
>Ganbera 2

Ganbera 2

Lekua: Euskalduna Bilbao · 0B Aretoa

J. Álvarez
Metro Chabacano
Cuarteto de cuerda BOS

T. Bretón
Cuarteto de cuerda nº 3 en mi menor
Cuarteto de cuerda BOS

A. Piazzolla
Selección de Tangos
Cuarteto de violín, contrabajo, bandoneón y piano BOS

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
04 - 05
Abe
2025
>Mozart eta antzinakoa

Mozart eta antzinakoa

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

Gabriel Erkorekaren lanik onenetakoa dugu Zuhaitz, obra horren hizkuntzaren modernotasuna usadioekin, naturarekin eta antzinakoarekin uztartu zuela; horretarako, Kalakan taldeko musikarien behar-beharrezko laguntza izan zuen. Mozartek tarte zoriontsu batez gozatu zuen Linzeko egonaldi laburrean, eta sinfoniarik liluragarrienetako bat eskaini zion hiriari. Bestalde, Ravelen musikak eta musikariaren haurtzaroko oroitzapenek osatzen dute programaren edertasun barea.

M. Ravel
Ma Mère l’Oye, Suite
G. Erkoreka
Zuhaitz, Concierto para percusión vasca y orquesta
W. A. Mozart
Sinfonía nº 36 en Do Mayor K. 425, “Linz”

Kalakan
Jean Deroyer, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2025-2026
11 - 12
Abe
2025
>Badator erromantizismoa

Badator erromantizismoa

Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao

XIX. mendeko errepertorio ugariari begiratzen dion egitarau biribila. Erromantizismoaren iraultza ulertzeko funtsezko bi obra eskainiko dira. Schubertek maisutasunez arakatu zuen formatu handia bere azken sinfonian, obra horrek, agidanez, Bruckner musikagilearen goitasuna iragarri zuela; Beethoven, berriz, emoziozko zirimoletan barruratu zen do minorreko kontzertu biribilean. María Canals piano-lehiaketaren irabazleak joko du pieza.

L. van Beethoven
Concierto nº 3 para piano y orquesta en do menor Op. 37
F. Schubert
Sinfonía nº 9 en Do Mayor D. 944 “La Grande”

Xiaolu Zang, pianoa
Iván López-Reynoso, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak