BOSek orkestran emakumeen presentziaren mende bat baino gehiago gogoratuz ospatuko du martxoaren 8a
Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) aurten bat egin nahi du Emakundek bultzatutako “Eman tokia berdintasunari” leloarekin, emakumeek musikaren arloan presentzia eta parte-hartze handiagoa izateko egindako bidea gogoratuz.
1922an sortu zenetik BOSek emakumezkoen presentzia izan zuen, garai hartan oso ohikoa ez zena. Orkestraren lehen etapa hartan bi biolin-jotzaile izan ziren eta datu horrek erakundea sortu zeneko espiritu irekia islatzen du.
Mende bat baino gehiago geroago emakumeen presentzia nabarmen hazi da orkestran. Gaur egun BOS 30 emakumek eta 49 gizonek osatzen dute, eta azken bi hamarkadetan bereziki bizkortu den berdintasuneranzko bilakaera progresiboan murgilduta dago.
Aurrerapen honek are balio handiagoa hartzen du kontuan hartzen bada Europako orkestra handi askok ez zutela emakumerik sartu beren plantilletan joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadara arte.
Orekarako joera bera ikusten da orkestraren administrazio-egituran ere, non gaur egun 5 emakumek eta 7 gizonek lan egiten duten, aurrera jarraitzen duen eraldaketa-prozesua islatuz.
Martxoaren 8an BOSek berdintasunarekin eta talentua eta musika oztoporik gabe garatzeko espazioak sortzearekin duen konpromisoa berresten du, kultura irekiago, anitzago eta bidezkoago baten alde eginez.
