Arte Ederretako ikasle batek BOSen 2026/2027 denboraldiko irudi grafikoa diseinatu du

Ane Araujo EHUko ikaslearen kartela, “Basoa” kontzeptuan oinarrituta, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2026/2027 denboraldiko irudi ofiziala izango da.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak (EHU) 2026/2027 denboraldiko irudi grafiko berria aurkeztu dute, “Basoa” kontzeptuan oinarrituta. Proiektua bi erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleek garatu dute, Diseinu Grafikoko irakasgaiaren barruan.

Epaimahaiak Ane Araujo ikasleak sortutako kartela aukeratu du irudi ofizial gisa. Bere proposamenak basoa musika-tresna bat balitz bezala irudikatzen du: irudi beltz batek zuhaitz bihurtzen diren hari batzuk jotzen ditu, natura eta soinua elkartzen diren metafora bisual batean.

Ekimena proiektu erreal gisa landu da ikasgelan, eta diseinu grafikoan konpetentzia profesionalak garatzeko aukera eman die ikasleei, BOSen enkargu batetik abiatuta. Andere Larrinaga Arte Ederretako Fakultateko dekanordeak lankidetza horren prestakuntza-balioa eta unibertsitateak gizartearen aurrean egiten duen lana ikusarazteko duen aukera azpimarratu ditu.

Bestalde, BOSeko zuzendari nagusiak, Iñigo Alberdik, gazte-talentuarekin lankidetzan aritzearen eta denboraldia sormenezko begirada berrietara irekitzearen poza nabarmendu du, baita orkestrak Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko kultura-sarearekin duen konpromisoa ere.

Kartelaren aurkezpena Arte Ederren Fakultatean egindako erakusketa baten inaugurazioarekin batera egin da. Bertan, ikasleek proiektu honen esparruan egindako lanen aukeraketa bat biltzen da.

Ikusi dosierra

Prentsa oharra