Gurrelieder Diskoa
Historiaren parte den diskoa
Gure 90. urteurrena ospatzeko kontzertuaren aurkezpenean promesa izandakoa errealitate bihurtu da orain, izan ere, Arnold Schönbergen Gurre-Lieder lan bikaina estreinakoz interpretatu genueneko kontzertua argitaratu dute.
Kontzertu hau zuzenean eta Bilboko ikus-entzuleen aurrean egin zen, hain berezia zitzaigun abagune batean. Eta, orain, kontzertu hori Bella Musica alemaniar disko-etxeak bere zigilu Thorofon-en argitaratu duela ikusi du BOSek.
Guretzat berebiziko garrantzia duen zerbait da hori.Orain dela urte eta erdi hura interpretatu genuenean ere garrantzia izan zuen (Euskadin estreinatzen zen, Vienan jo eta mende bat geroago), eta Günter Neuholdekin egin genuen, gure zuzendari artistiko eta titularrarekin; ez dezagun ahantzi, gainera, zuzendari austriarra dela bera.
Baina, orain, ezohiko gertakari horrek gertakari iragankorra izateari utzi dio eta denboran iraungo duen proiektu bihurtu da, balio berezia duen proiektua.Disko honi esker, mundu mailan egiten den "orkestrazio murriztuko" Steine-n bertsioaren lehen grabazioa sartu dugu merkatu diskografikoan (hau da, 99 musikariz, abesbatzako 166 abeslariz eta 6 abeslari bakarlariz osatutako orkestra). Eta, gainera, badu beste balio erantsi bat ere:zuzeneko grabazioa dela, horrek dakarren magia eta zailtasun ororekin; 2012ko martxoaren 8an eta 9an egin zen, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 90. urteurrenaren kontzertu-ospakizunean.
BOSen gogo biziaren eta lankidetzaren ondorioz sortutako diskoa da hau, bai eta kontzertu haietan parte hartu zuten abesbatzei eta esku hartu zuten bakarlariei esker ere.Baina, batez ere, gure zuzendari Günter Neuholden ahalegin eta bultzadaren ondorioa da.Proiektua aurrera ateratzeko erakutsi zuen konpromisoak errealitate bihurtu du ametsa.
Lan hau, BOSen diskografiarekin bat egiteaz gainera, euskal konpositoreen musikari eskainita ez dagoen gure lehen diskoa da.Orain arte, gure diskoek Jesús de Guridiren, Pablo Sarasateren, Jesús Aranbarriren edota gure Fundazioari izena ematen dion konpositore bilbotar Juan Crisóstomo de Arriagaren musika eskaintzen zuten.Hemendik aurrera, berriz, merkataritza-grabazio bat dugu, hain zuzen ere, Orkestra eroso sentitzen den musika esparru batean: sinfonismo handian, alegia.
Comprar el disco
