Kontzertuak
Prokofiev eta Veronako maitaleak
Nicolas Altstaedt, biolontxeloa
Markus Stenz, zuzendaria
I
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
Sinfonia concertante biolontxelo eta orkestrarako Op. 125
I. Andante
II. Allegro giusto
III. Finale: Andante con moto
Nicolas Altstaedt, violonchelo
II
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
Romeo and Juliet, suitea
I. Julieta gaztea
II. Goizeko dantza
III. Maskarak
IV. Romeo eta Julieta
V. Capuletoak et Monteskoak
VI. Romeo Julietaren ondoan, bananduu baino lehen
VII. Romeo Julietaren hilobiaren aurrean
VIII. Goizeko serenata (Aubade)
IX. Teobaldoren heriotza
DATAK
- 05 azaroa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 06 azaroa 2026 Euskalduna Jauregia Bilbao 19:30 h. Sarrerak Erosi
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Musikari bat bidegurutzean
«Musikagile edo konpositorea zoro bat da, bere belaunaldikoentzat ulertezina den musika idazten duena. Besteentzat oraindik ezezaguna den logika-mota bat aurkitu du, eta horregatik ezin dituzte artean bere arrazoibideak ulertu. Denboraren poderioz soilik, berak erakutsi dituen bideak, legitimoak diren guztietan, ageriko bihurtuko dira jende ororentzat. Iraganeko konpositore klasikoek ezarritako arauen arabera idazteak ikasle bat, besterik ez, izatea dakar, inoiz ez maisu bat. Konpositore horiek erraz ulertzen dituzte garaikideek, baina ez dute inolako aukerarik beren belaunaldia gainditzeko».
Sergei Prokofiev (Sóntsovka, 1891–Mosku, 1953) musikagileak idatzita utzi zuen aurrekoa bere «Autobiografia» liburuan. Hala ere, esaldi horiek aldarrikatzen duten ausardiaren bideetatik ibiltzeko nahia, neurri batean, sobietar erregimena zedarriztatzen zuen esparruaren barruan kokatzea aholkatzen zion babes-senak apalarazi zuen.
Kontua da, nazioarteko bidaia arrakastatsu baten ondotik, Prokofiev Sobietar Batasunera itzuli zela, non abangoardiez eta adierazpen askatasunaz mesfidati ziren agintariek arau estetikoak ere ezartzen zituzten. Harentzat berria zen testuinguru horretan,ukrainar musikaria seguru jarri zuen bere burua, galdera erretoriko hau ozenki botaz:
«Benetako artista bizitzatik isolatu eta bere artea emozio subjektiboaren muga estuetan zedarritu dezake? Edo gehien behar den tokian egon behar du, bere hitzek, musikak edo zizelak herriari bizitza hobea eta ederragoa bizitzen lagun diezaioketen lekuan?»
Gobernu totalitario orok finkatzen dituen jarraibide zurrunak, batez ere, kulturari dagokionez, onartu behar izan zituzten Sobietar Batasuneko harresi-barneko karrerak garatzen zituzten hainbat sortzailek. Musikagile susmagarrien artean, beldurraren mehatxupean makurturik, zurrumurruz inguraturik eta antsietateak sorgorturik, Khatxaturian edo Xostakovitx handia ere idoro ditzakegu.
Sergei Prokofiev Donetsk eskualdean dagoen Ukrainako herri txiki batean jaio zen ―gaur egun, zoritxarrez, askotan aipatzen da―, talentu goiztiar eta deigarria zuela. Amarekin ikasi zuen pianoa jotzen, eta hamahiru urterekin San Petersburgoko Kontserbatorioan hasi zen, besapean opera baten, sinfonia baten, bi sonataren eta hainbat pieza laburren eskuizkribuak zeramatzala. Interprete gisa, hemeretzi urterekin egin zuen debuta, bere lanak eskainita, hari kolpekatuko instrumentua den pianoaren izaera indartsu, distiratsu eta altzairuzkoa aldarrikatzen zuen molde dinamiko eta nahastezina azaleratuz. 1917an, Sobietar Batasunetik ihes egin zuen, eta ibilbide bikaina hasi zuen Tokion, New Yorken, Chicagon, Parisen eta beste hiri batzuetan piano-jotzaile eta konpositore gisa. Musikaren munduak gogo biziz hartu zuen Errusiako musikaren enfant terrible delakoa, behar rol hori biziki atsegin zuela:
«Nire bizitzako bertute (edo nahiago baduzue, bizio) kardinala originaltasunaren bilaketa izan da beti. Imitazioa eta metodo ezagunegiak gorroto ditut. Ez dut beste inoren maskara erabili nahi. Ni neu izan nahi izan dut beti».
Haurtzarotik tratatu zuten arretari ―musika eguneroko aisialdiaren parte zuen familia aberats batean hazi zen― eta garai hartako San Petersburgo zoragarriak ume miresgarri hari eskaini zion loriari esker, bere patuaren inguruko fede hautsiezina eman zioten konpositoreari. Bere dohain musikalekiko erabateko ziurtasun eta berme horrek, politikarekiko interesik ezak eta ezjakintasunaren pareko tolesgabetasunak zorigaiztoko erabaki bat hartzera bultzatu zuten: Stalinen Sobietar Batasunera itzultzea Garbiketa Handiaren gailurrean. Litekeena da musika lotsagabekeria eta izuaren gainetik zegoela pentsatzea, eta bere talentuak babestuko zuela. Edo, agian, herrimina gailendu zitzaion. 1936an, gero eta joan-etorri gehiago eta iraunkorragoak egin ostean, Moskun finkatu zen behin betiko, emaztearekin eta bi seme-alabekin. Urte batzuk lehenago hauxe adierazi zuen:
«Nire herrikideek eta nik aldean daramagu aberria. Ez guztia, ezpada, hasieran min apur bat sentitzeko adina, eta gero, apurka-apurka, are gehiago, harik eta azkenean erabat kolpatzen gaituen arte. Berriro ohitu behar dut nire sorterriko girora. Berriro ikusi behar ditut benetako neguak eta udaberriak, egun batetik bestera bat-batean lehertzen direnak. Errusiera entzun behar dut nire belarrietan. Nire haragizko eta odolezko pertsonekin hitz egin behar dut, hemen ez daukadan zerbait eman diezadaten: haien abestiak, nire abestiak. Hemen ernegatzen hasita nago»
Itzulera, hasiera batean, ohorez eta sariz, donariz eta esker onez bedeinkatua izan zen. 1948an, bere izen ona galdu zuen arte, beste artista batzuekin batera, «Mendebaldeko burgesiaren morroi degeneratua, zitala eta errusiarren aurkakoa» izatea leporatu ziotelarik. Hortik aurrera, bizitza erdipurdikoa izan zuen eta artista noraezean ibili zen, onarpen ofizialaren eta bere inspirazioak agintzen zizkionen arteko mugan.
Gaur arratsaldean programatutako Sergei Prokofieven bi obrak Sobietar Batasunera itzuli ondoren konposatu zituen, eta bien orkestrazioa ugaria da barietateari eta kantitateari gagozkiela, perkusio-instrumentuen eskaintza ona duela, haize-egur sail joria eta metalen parte hartze esanguratsua. Bi horiek egileak egindako berregituraketa baten emaitza dira ―suitea lehena, balet batetik abiatuta, eta sinfonia concertante bigarrena, kontzertu batean oinarrituta―, eta batak eta besteak, gainera, asmo espresionista nabarmena adierazten dute, Romeo eta Julietaren eszenarako musikan deskribatzaileagoa dena. Prokofievi literatur sorkuntzei musika jartzea gustatzen zitzaion. Horregatik, besteak beste, Tolstoiren Gerra eta bakea eta Dostoievskiren Jokalaria eleberriak opera bihurtu zituen. Izan ere, dramaturgiak Prokofieven musikaren zatia besarkatzen du ―musika instrumentala ere, libretorik ez duena―, bere ideia musikal askok gure entzutea ilustratzen duten irudi ahaltsuak ekartzen baitituzte gogora. Sergei Eisenstein zinegile handiak onartu zuen gaitasun hori, konpositoreak Alexander Nevsky eta Ivan Izugarria filmetarako soinu-bandak idazten lagundu baitzion. «Prokofieven musika harrigarriro plastikoa da eta distira egiten du beti bere izaera metaforikoagatik, bere egitura dinamikoaren eskutik gertaeren emozioa eta esangura gidatuta», zioen Eisensteinek mirespenez.
Romeo eta Julieta lanean, asmoa drama koreografiko baterako musika egitea zen, non, sentiberatasunez eta eraginkortasunez, lirikoa eta tragikoa elkarren ondoan ageriko ziren. Lehen esparru adierazkorrean, poetikoagoan, Prokofievek melodiak sortzeko zuen trebetasun aparta lotu zuen tonalitatearen konbentzioetarako itzulerarekin eta kolore tinbriko estilizatu eta sotilekin. Argumentuak soinu-irudi bortitzagoak eskatzen dituen pasarteetan, konpositoreak gogortasun handiko edo argiro disonanteak diren elementu harmonikoak, azentu zorrotzak, erritmo basatiak eta, batzuetan, instrumentazio zaratatsua erabili zituen. Hainbat ustekaberen ondorioz ―sobietarren historiako garai hartan, Shakespeareren lanak interes eta desadostasun ideologikoak sortzen zituen hein berean―, Brnon estreinatu zen balleta, 1938an. Ordutik, Sobietar Batasuneko antzoki nagusiek erabateko arrakastaz programatu zuten obra. Partituraren kalitate itzelak hasierako saio arrakastatsu haiek sendotu ditu.
Prokofieven iruditeria musikala orkestraren atal ezberdinen erabileran oinarritzen da hemen, zakarretik leunera doazen xehetasunak baliatuz. Era berean, hainbat konposizio-baliabide erabiliz ere, pertsonaia desberdinen psikologia eta egoera kontrajarriz betetako gidoiaren gorabeherak islatzen dituztenak. Bertan, hitzik gabe, maitaleen familien arteko lehia bortitzaren kontakizuna entzuten dugu; maitemindu gazteen soinuzko erretratua, freskotasuna eta inozentzia uztartzen dituena; zorigaitzaren aurrerapen kezkagarria, eta, esplizituki, tragediaren aurrerapen latz, errukigabe eta gerrakoa.
Obra honen ezaugarri berezi bat da zuzendari bakoitzak, bere irizpide pertsonalean oinarrituta, interpretatu nahi dituen zenbakiak aukera ditzakeela ―Prokofievek balletetik abiatuta egin zituen hiru suiteen artean―. ad hoc egin da. Horregatik, arratsalde honetako hautaketa ad hoc, hau da, berariaz, egin da.
Mi minorrean interpretatzen den biolontxelorako sinfonia kontzertantea 1938. urtean porrot egin zuen Op 58 biolontxelorako kontzertua ia-ia osorik berregitetik sortu zen. Mstislav Rostropovichek inspiratu zuen. Hari eskainita dago, eta berak estreinatu zuen 1952an.
Obra hau mota honetako konposizioetan funtsezkoak diren hiru alderdi musikalen koordinazio hobezinaren adibidea da: eduki musikala, pentsamendu sinfonikoa eta obra batek bakarlariarekin eskatzen duen trebezia. Berezitasun batekin: partituraren erreforma horretan, Prokofievek arreta berezia jarri zuen orkestrak ere birtuositate-rola izan zezan. Horregatik, orkestra-idazkeraren garrantziak, monumentaltasunak eta zailtasun teknikoek justifikatzen dute bi aliaturen arteko hitzarmena, lehian ibili behar baitira trebetasun handiagoa nork lortzen duen erakusteko.
Hasierako Andante mugimenduan, laburra izanagatik oso liluragarria, metrika sendoa eta ahots iradokitzaileko instrumentu baten efusio lirikoak elkartzen dira. Instrumentu horrek ―jotzen duenak besarkaturik― abestu, jauzi egin, barre edo negar egiten du sentiberatasun ia gizatiar batez, entzuleari ezaugarri tekniko eta narratiboen errepertorio osoa oparituta. Allegro giusto central mugimenduak ia bikoiztu egiten ditu muturreko bi mugimenduak, eta orkestraren tapiz koloretsua baliatzen du bakarlariak bere motibo kementsuak edo molde poetikoko doinuak bertan marrazteko, diskurtso adierazgarri eta nostalgiko baten aldaera ugariak azpimarratuz, aurreratuz edo iradokiz. Finale edo amaiera bi musika-lanetan oinarrituta dago: bata hunkigarria eta bestea jostalaria. Prokofievek, bi ideien gainean, birtuosismoa eta bakarlariaren eta orkestraren adierazpen-aukerak ahalik eta gehien ustiatzen dituzten bariazio batzuk eraiki zituen. Kolore, trebetasun eta indar sinfonikoko festa.
Bere katalogoaren zati handi batean, Prokofievek, oreka zoriontsuan, antagonikotzat jo zitezkeen elementu estilistikoak bildu zituen: bulkada erritmiko indartsu bat eta sen liriko zoragarri bat; klasikoaren berrasmatzea eta berrikuntzaren bilaketa, eta, horri guztiari josita eta bere ekoizpen osoa, scherzitate, deitzen zuena, txantxa, irria eta bufoikeriaren arteko mailaketan barrena». Iseka makabroa eta amaiera gisa, patuak umore beltzeko tanta bat jarri nahi izan zion bere biografiari: Prokofiev 1953an hil zen Moskun, Stalinen egun berean, baina Stalinek berriro itzalarazi zuen, musikariaren heriotza ez baitzitzaion prentsari jakinarazi musikaria zendu eta bi egunera arte. Gainera, antza denez, loreak agortu egin ziren, eta pinu adaxka bat baino ez zen utzi haren hilobiaren gainean. Gutxienez, erramu-adaxka izan balitz… Gozatu.
Mercedes Albaina
Nicolas Altstaedt
Biolontxelo
Nicolas Altstaedt biolontxelo jotzaile franko-alemana gaur egungo artista arrakastatsuen eta moldakorrenetako bat da. Bakarlari, orkestra-zuzendari eta zuzendari artistikoa dela, bere interpretazio liluragarriek entzuleak liluratzen dituzte antzinako musikatik hasita gaurdainoko errepertorioetara, garaian garaiko instrumentuekin zein modernoekin joz.
2025/26 denboraldian, Altstaedt hiru denboraldiz artista elkartu gisa kolaboratzeko hasi zen Tapiola Sinfoniettan, Thomas Adèsek zuzendutako Radio-Symphonieorchester Wien eta Hallé Orchestrarekin egin zuen debuta, Los Angelesko Ganbera Orkestran eta Jaime Martinekin aritu zen, Philharmonia Zurichen eta Elim Chanekin eta Friburgoko Orkestra Barrokoarekin. Besteak beste, Budapesteko Jaialdiko Orkestran, Londresko Orkestra Filarmonikoan Elim Chanekin, Radio France Orkestra Filarmonikoan Marie Jacquotekin, Montrealgo Orkestra Sinfonikoan Alja Bihlmaierrekin, Suediako Irratiko Sinfonikoan Susanna Mälkkirekin, Bergengo Orkestra Filarmonikoan Tabita Berglundekin, Ottawa NAC Orkestran Alexander Shelleyrekin, Amberesko Orkestra Sinfonikoan eta Lilleko Orkestra Nazionalean Joshua Weilersteinekin aritu da. Era berean, bi denboraldiz lankidetza-laneko artista jardun du Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoarekin eta artista egoiliar gisa aritu zen Konstantzako Lakuko 2026ko Jaialdian. Ganberako errepertorioa jotzeko eskaini dituen emanaldietan, Australian eta Ipar Amerikan barrena Thomas Dunford laute-jotzailearekin batera egindako birak nabarmentzekoak dira, Carnegie Halleko emanaldi bat eta Ilya Gringolts biolin-jotzailearekin eta Lawrence Power biola-jotzailearekin batera egindako bira berria ere aintzat hartuta.
Vienako Orkestra Filarmonikoan Gustavo Dudamelen eskutik egindako debut txalotuaren ondotik, Luzernako Jaialdian, egoiliar eta lankidetzako musikari gisa aritu da orkestra ugaritan: Royal Concertgebouw Orkestra eta Matthias Pintscher, Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoa eta Ed Gardner, Budapesteko Jaialdiko Orkestra eta Ivan Fischer, SWR Orkestra Sinfonikoa eta Teodor Currentzis, Helsinki Festival eta Esa-Pekka Salonen, DSO Berlin eta Robin Ticciati, Bambergeko Sinfonikoa eta Thomas Dausgaard, Rotterdamgo Filarmonikoa eta Lahav Shani, Zuricheko Tonhalleko Orkestra, Stockholmeko Errege Orkestra Filarmonikoa eta Philippe Herreweghe, Londresko Orkestra Filarmonikoa eta Ed Gardner, Municheko Orkestra Filarmonikoa eta Krzysztof Urbakski, Suediako Irratiko Orkestra eta Maxim Emelyanychev, Europar Batasuneko Gazte Orkestra Gianandrea Noseda eta Vasili Petrenkorekin, BBCko orkestra guztiak ―baten bat John Storgærdsekin―, Frantziako Orkestra Nazionala eta Cristian Măcelaru, NHK eta Yomiuri Nippon orkestra sinfonikoak eta Kazuki Yamada, Washingtongo Orkestra Sinfoniko Nazionala eta Ed Gardner, Montrealgo Orkestra Sinfonikoa eta Rafael Payare eta Sydney eta Zeelanda Berriko orkestra sinfonikoak Sir Donald Runniclesen aginduetara.
Zuzendari gisa, lankidetza estua ezarri du Radio Franceko Orkestra Filarmonikoarekin, Australiako Ganbera Orkestrarekin, Municheko Ganbera Orkestrarekin (Artist in Focus 24/25 denboraldian), Tapiola Sinfoniettarekin, Eskoziako Ganbera Orkestrarekin eta Les Violons du Royrekin.
2012an, Nicolas Altstaedt aukeratu zuen Gidon Kremerrek Lockenhauseko Ganbera Musikaren Jaialdiko zuzendari artistiko izateko, eta 2014tik 2021era Ádám Fischerrek Haydn Philharmonie Orkestraren zuzendari artistiko berria izateko Esterházy Jauregian, eta horrekin batera birak egin ditu azken denboraldietan Japonian eta Txinan. Gainera, Nicolas Ittingengo Mendekoste Jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen 2019an eta 2023an.
Ganbera-musikan, ondoko musikariekin jo ohi du: Janine Jansen, Vilde Frang, Ilya Gringolts, Pekka Kuusisto, Lawrence Power, Antoine Tamestit, Alexander Lonquich, Mao Fujita, Maxim Emelyanychev, Fazıl Say, Jean Rondeau, Thomas Dunford eta Ébène eta Belcea laukoteak. Halaber, Salzburgoko Mozart eta Udako Jaialdietan, Verbier Jaialdian, BBC Proms-en, Luzernako Jaialdian, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian, Pragako Udaberriko Jaialdian eta Musikfest Bremen-en aritu da.
Era berean, Altstaedtek garaian garaiko instrumentuekin jo ohi du hainbat talderekin batera: Il Giardino Armonico eta Giovanni Antonini, B’Rock Orchestra eta René Jacobsekin, Orchestre des Champs-Elysées eta Phillippe Herrewegheekin eta Arcangelo eta Jonathan Cohenekin.
Thomas Adès, Jörg Widmann, Thomas Larcher, Fazil Say eta Sofia Gubaidulina konpositoreekin egindako kolaborazioei esker, musika garaikideko interprete gisa duen ospea sendotu da. Wolfgang Rihm, Anders Hillborg, Sebastian Fagerlund, Erkki-Sven Tüür, Marton Illés, Helena Winkelman, Malika Kishino eta Raquel Garcia-Tomas musikagileek lanak konposatu dituzte berriki berarentzat. 2025ean, Liza Limen biolontxelorako kontzertua, A Sutured World, grabatu zuen. Altstaedtentzat berariaz konposatua eta Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin estreinatua, Edward Gardnerren aginduetara, 5 izarreko kritika izan zuen Limelight-en honela deskribatu zutela: «biolontxelorako errepertorioaren obra enblematiko bihurtzeko lana».
Bestalde, A Sutured World horrezaz gain, bere diskografia sarituan C.P.E. Bach-en kontzertuak grabatu ditu (Hyperion) Jonathan Cohenekin eta Arcangelo ensemblearekin. Lan horrek BBC Music Magazine-ren Concerto Award 2017 saria jaso zuen. Fazil Sayrekin (Warner Classics) batera egindako diskoak 2017ko Edison Klassiek Saria eskuratu zuen. Gainera, BBC Music Magazine 2020 Ganbera Saria eta Gramophone 2020 Ganbera Saria eskuratu zituen Sandor Veress eta Bela Bartók-i eskainitako Lockenhauseko jaialdirako egindako grabazioak.
2010ean, Credit Suisse Young Artist Saria irabazi zuen, eta BBCren New Generation Artists programak Nicolas Altstaedt aukeratu zuen 2010etik 2012ra, eta 2009an, Borletti Buitoni Fundazioaren beka bat eskuratu zuen. Besteak beste, 2015ean, Nicolas Altstaedtek ‘Beethovenen eraztuna’ eta, 2018an, Duisburg hiriko Musikaren Saria jaso zituen 2018an.
Markus Stenz
Zuzendaria
Gure garaiko orkestra-zuzendari ospetsuenetakoa da Markus Stenz. Zuzendariak 2026/27 denboraldia hasi zuen Brett Deanen Of One Blood filmarekin, Municheko Bayerische Staatsoper-en etxean. Denboraldian zehar, Warsaw Philharmonic eta Singapore Symphony Orchestra zuzenduko ditu lehen aldiz, eta Netherlands Radio Philharmonic Orchestrara, Bilboko Orkestra Sinfonikora, Finnish National Operako Orkestrara, Siziliako Orchestra Sinfonikora, Naples Philharmonicera, Detroit Symphony Orchestrara, Pacific Symphonyra, Lahti Symphony Orchestrara eta Turku Philharmonic Orchestrara itzuliko da. Hangzhou Philharmonic Orchestrarekin batera, Wagnerren «Eraztuna» zikloa bukatuko du Das Rheingoldekin, Die Walküre, Siegfried eta Götterdämmerung lanak zuzendu ondoren.
Operarekiko konpromiso berrienak direla eta, Markus Stenz La Fenice antzokira joan zen eta, bertan, 2025ean, Der Protagonist (Kurt Weill), Wozzeck (Berg) eta Lohengrin (Wagner) lanen ekoizpen berriak zuzendu zituen 2025/26 denboraldian. Lan sonatu eta txalotuenetan, besteak beste, Die Gezeichneten (Schreker), Bayerische Staatsoper-en, Fin de partie (Kurtág) lana, Scala antzokian eta Dutch National Operan, 2018an, eta Der junge Lord (Henze) lanaren ekoizpen berria, Maggio Musicale di Firenze jaialdian, 2025ean. Nazioarteko opera-antzoki nagusietan ere aritu da, hala nola Parisko Opera Nazionalean, English National Operan eta Deutsche Oper Berlinen.
Arte-loturak direla medio, Markus Stenz mundu osoko orkestra nagusiekin ezkondurik dago, besteak beste, Gürzenich Orchester (Kolonia hiriko musika-zuzendaria eta Gürzenicheko kapera-maisua izan zen hamaika urtez), Baltimore Symphony Orchestra, Detroit Symphony Orchestra, Oregon Symphony, Seoul Philharmonic, Orchestra dell’Accademia Nazionale di Santa Cecilia, New Japan Philharmonic Orchestra, Orchestre National de Lyon, Orchestra della Toscana, Shanghai Symphony Orchestra eta NCPA Orchestra Beijing orkestrekin
Markus Stenz-en diskografia zabalak saritutako grabazio ugari biltzen ditu; horien artean, nabarmentzekoa da Gürzenich Orchester deritzon orkestrarekin grabaturiko Mahlerren sinfonien ziklo osoa. Mahlerren 5. sinfoniaren grabazioak Alemaniako Kritika Diskografikoaren Saria jaso zuen. Bere diskografian, Strausseen On Kixote eta Till Eulenspiegel ere ageri dira, bai eta Schönbergen Gurrelieder ere. Azkenak Choral Award saria jaso zuen 2016ko Gramophone Awards sarietan.
Markus Stenzek Koloniako Hochschule für Musik eskolan ikasi zuen Volker Wankherim-ekin eta Tanglewooden Leonard Bernstein eta Seiji Ozawarekin. Manchesterreko Royal Northern College of Musicek ohorezko kidearen titulua eman zion eta 2023tik orkestra-zuzendaritzako irakaslea da Berlingo Hanns Eisler Hochschule für Musik eskolan.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Prokofiev eta Veronako maitaleak
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Nicolas Altstaedt, biolontxeloa
Markus Stenz, zuzendaria
I
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
Sinfonia concertante biolontxelo eta orkestrarako Op. 125
I. Andante
II. Allegro giusto
III. Finale: Andante con moto
Nicolas Altstaedt, violonchelo
II
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
Romeo and Juliet, suitea
I. Julieta gaztea
II. Goizeko dantza
III. Maskarak
IV. Romeo eta Julieta
V. Capuletoak et Monteskoak
VI. Romeo Julietaren ondoan, bananduu baino lehen
VII. Romeo Julietaren hilobiaren aurrean
VIII. Goizeko serenata (Aubade)
IX. Teobaldoren heriotza
Souvenir de Florence
Lekua: Euskalduna Jauregia Bilbao
Dwarves’ tales
Amore
Anantango
Meditatio
Danzas de Iberia
Piotr Ilyich Tchaikovsky
Souvenir de Florence Op. 70
Ganbera kontzertua
Lekua: Sestao Musika Eskola
W.A. Mozart: Cuarteto para piano No. 1 en Sol menor K.478
G. Fauré: Cuarteto para piano No. 1 en Do menor Op. 15
BOS Laukotea eta pianoa
Julen Ramos, pianoa
Samuel García, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa
Il barbiere di Siviglia
Lekua: Euskalduna Bilbao
Rossiniren operarik famatuenetakoa, Il barbiere di Siviglia, erritmoz eta asmamenez jositako komedia da, non Fígaro zuhurrak mila endredo antolatzen dituen Almaviva kondeari Rosina konkistatzen laguntzeko. Opera freskoa, umore- eta maltzurkeria-erakustaldi bikaina da.
