Kontzertuak

On Kixote eta Ravelen boleroa


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

On Kixote antzeztu ez ezik, pertsonaia gorpuztu ere egiten du Asier Polok, eta gozatzeko ikuskizuna da beti. Straussek, halaber, orkestra nabarmentzeko xedez banatu ditu eginkizunak: biola, fagota, klarinete baxua, perkusioa, etab. Aurreko astean Madrilgo Auditorio Nazionalean jo genuen musika entzungo da berriz ere, bai eta konpositore ziburutarraren bolero ospetsu eta hipnotikoa ere. Jai izugarria izango da, Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean.


Charla preconcierto
2024/03/21 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


R. Strauss: Don Quijote, op. 35
A. Isasi: El oráculo
M. Ravel: Bolero

Asier Polo, biolontxeloa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

DATAK

  • 21 martxoa 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 22 martxoa 2024       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

On Kixotek lotuta

Gaur arratsaldeko kontzertuan, arte-adierazpenen iragazkortasunaren emaitza entzungo dugu. Izan ere, bizitza artearen bidez behatzeko eta ulertzeko modu anitzak aberastu egiten dira sortzaileak aberriko muga geografikoen barneko kultura-ondaretik haratago begiratzen duenean. Horixe egin zuen Alemaniako konpositore batek, espainiar literaturako eta literatura unibertsaleko pertsonaia ezagunenetako bitan jarri baitzuen arreta. Edo Europako erdialdeko genero batean oinarrituta gai sinbolikoko exotismoa gogora ekarri zuen bilbotarrak. Eta horixe egin zuen, halaber, Frantziako konpositore batek, antzinako dantza espainiar batean oinarrituta dantzaren eta orkestra-estasiaren espiritua aldarrikatu baitzituen.

Hasteko, musika-genero bereko —poema sinfonikoa— bi konposizio entzungo ditugu, eta kontzertua dantzatzeko idatzitako musikarekin amaituko da.

Poema sinfonikoa’ oro har mugimendu bakarreko orkestra-konposizioa da, eta musikaz kanpoko elementuen erreferentzia izaten du. Beraz, musika “puruaren” edo “absolutuaren” kontrakoa da. Poema sinfonikoak asmo deskribatzailea du eta, beraz, legenda bat kontatzean, paisaia bat deskribatzean, testu filosofiko, poetiko edo literario bat gogora ekartzean, pertsonaia bat deskribatzean edo eszena kostunbristak aipatzean oinarritu daiteke.

On Kixote Op 35 Richard Straussek (Munich, 1864 – Garmisch-Bavaria, 1949) konposatu zituen hamar ‘soinu-poemetako’ bat da —autoreak izen hori nahiago zuen—. Generoaren ordezkari handietako bat da, eta orkestra-multzoak hitzik erabili gabe historia konplexuak kontatzea lortzen lagundu zuen.

Zaldun izaeradun gaiari buruzko fantasiazko aldaketetan” azpitituluarekin, obrak On Kixoteren (biolontxeloari esker bizia hartzen duen pertsonaia nagusia) abentura anitzak kontatzen dizkigu. Santxo Panza (biola) eta Cervantesen laneko beste hainbat pertsonaia agertuko zaizkigu, eta, idazlearen ideia humanistak egituratuz, abentura-sorta bati bide emango diote, protagonistari buruhauste ugari sortuz.

Egituraren ikuspegitik, “aldaketa” horiek narrazioaren zerbitzura jarritako etengabeko gai-eraldaketak dira, mugimendu bakarrean: eleberritik hautatutako gertakari batzuetatik abiatuta, zoritxarreko kapareari gertatzen zaiona kontatuko digute. Hala ere, bere pixkanakako desintegrazio mentala ere xehe deskribatzen da, baita bere sufrimendu psikologikoa eta pixkanakako zorotasuna ere. Arrazoia azkenekoz eta oso laburki berreskuratzea ere deskribatzen da, jada onartutako eta samurtasunez eta gizatasunez betetako heriotza lasaia iristen zaion arte.

Orkestrazioari dagokionez, Straussen estiloa liluragarria eta bertutetsua da, eta beti dabil nahasketa ausartek eta ondo elikatutako orkestra batek eskaintzen dizkioten aukerak bilatzen. Bere musika-apustu ausartak soinu-efektu errealisten katalogoa du; hain zuzen, katalogo horri asko zor diote geroago iritsi ziren animazio-filmetako soinu-bandek. Hala, esate baterako, II. Aldaketan ia onomatopeikoki deskribatzen da On Kixotek eraso zituen ardien balaka —Alifanfaronen armada zirela uste zuen—; horren ondorioz, obrak hizkuntza ia atonal baterantz jotzen du. VII. Aldaketan, orkestrari haize-makina bat gehitzen zaio, eta horren efektuak haize-instrumentuen eskala kromatiko azkarrei gehitzen zaizkie. Horrela, On Kixote eta Santxo Panzaren hegaldia irudikatzen da (instrumentu baxuetako nota pisutsuenek benetan lortu ez zutela azaltzen digute).

Bestalde, unitate erritmiko indartsuetan oinarritutako bultzada handiak eta dinamikaren berealdiko gorabeherek asmo deskribatzaileari laguntzen diote, kolorez eta indarrez josiriko soinu-pintura sortuz eta aukera instrumentalak ikusgarritasunaren muturreraino eramanez. Tempoa ere malgua da, obraren asmo dramatikora egokitzen baita.

Tratamendu harmonikoari dagokionez, eta tonalitatetik haratago nolabaiteko esplorazioa eginda ere, Straussek ez du onartzen hura suntsitzea (urte haietan berehala gertatzen zen hori), eta, oso harmonia kromatizatua eta konplexua erabili arren, haren hizkuntza tonala da funtsean. Konpositoreak, gainera, melodia diskurtsoa eraikitzeko elementu gisa erabiltzen du; zentzu horretan, azken erromantikoetako bat dela jotzen da.

Lana proposamen ausarta eta ikusgarria da; izan ere, fresko itzel bat aurkezten zaigu —pertsonaiaren zorotasunaren eta pixkanakako okertzearen ispilua—, non xehetasun lirikoek multzo epikoaren ausardia bezainbeste hunkitzen gaituzten. Mosaiko handi hori bi ikuspuntutatik beha dezakegu: sonoritate itzelean arreta jarrita edo tinbre-kolore anitzen distira iheskor eta profilatuetan arreta jarrita, musikaz kanpokoa, nobeleskoa, fantastikoa eta patologiara arte neurriz gainekoa den argumentu baten mesedetan. Hori guztia XIX. mende amaierako gustuekin egokitzen da.

On Kixote Kolonian estreinatu zen 1898ko martxoan, Andrés Isasi (Bilbo, 1890 – Getxo, 1940) Alemaniara konposizioa ikasteko iritsi baino hamar urte lehenago. Gertakari horrek urrundu zuen, hain zuzen, beste euskal konpositore garaikide batzuetatik, hala nola Guridi, Usandizaga edo Donostiatik, Parisek eskaintzen zien prestakuntzan baitzuten jomuga eta ilusioa.

Oso gaztetan hasitako musikaria izan zen Isasi. Txikitatik joaten zen aitonaren etxean, Bilboko Bidebarrieta kalean, antolatzen zituzten kontzertu pribatuetara, non pianista gisa parte hartzen baitzuen. 1908ko apirilean egin zuen debuta eszena publikoan, interpretatzaile eta konpositore gisa, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, eta agerian utzi zituen talentu naturala, ideia-ugaritasuna eta ideia horiek garatzeko trebetasuna. Isasi umezurtz gelditu zen, ama lau urte zituenean hil zelako eta aita hamabi urte zituenean. Beraz, aitonak erraztu zion musikarekiko harremana eta hark bultzatu zuen bere musikarekiko interesa, lehenengo jaioterriko Bilbon, non Uncetarekin ikasten hasi baitzen eta, geroago, bilobaren ikasketak gogoz antolatzeari esker, Berlinen. 1909ko urrian joan zen bertara, Engelbert Humperdinck konpositore ospetsuaren eskolak jasotzeko; haren ikasle gogokoena izan zen.

Garai hartako musika alemaniarrarekin izan zuen harreman horrek piztu zion poema sinfonikoaren generoarekiko joera. Genero horretakoa da, hain zuzen, bere beste konposizioetako batzuk bezala, Orakulua obra. 1913an konposatu zuen. Berlinen estreinatu zen urte hartako ekainean edo uztailean, segur aski. Datuak zertxobait nahasgarriak dira. Hala ere, Bilboko “El Nervión” egunkarian, 1913ko ekainaren 20an, honako hau argitaratu zen: “Bilbora heldu zaizkigun berrien arabera, egun Charlottenburgen bizi den gure herritar gazte honek poema sinfoniko berri bat amaitu du, ‘Orakulua’. Obrak Alemaniako maisu ospetsuen goraipamenak jaso ditu, eta, laster, mundu-mailan ezaguna den orkestra batek interpretatuko du”. Bilbon laurogei urte geroago estreinatu zen: 1996ko otsailaren 29an, Bilbao Orkestra Sinfonikoak Aiara Antzokian interpretatu zuen, Juanjo Mena buru zuela.

Obraren hizkuntza lirikoa da melodiari dagokionez, eta, batzuetan, estua harmonizazioari dagokionez. Orkestrazio aberats eta bikaina du, eta, neurri batean, Richard Strauss konpositorearen eragina ikus daiteke, bilbotarrak asko miresten baitzuen. Horren guztiaren emaitza kolorez betetako harmoniak eta tinbreak dituen diskurtso espresionista bat da, izaera oso erromantikokoa. Erdiko zenbait pasartetan, zortziko-zati batzuk daude, Isasiren sorterriaren keinu. Beti bihotzean zeraman txorien kantuaren zantzuak ere aurkitzen ditugu, naturarekiko baldintzarik gabeko maitasunaren nortasun-ikur.

Nolanahi ere, Isasiren lanaren esanahia bere arimaren barruan bilatu behar dugu, haren izaera sentikorretik eta askotariko interes eta joeretatik baitator dena; izan ere, Rogelio del Villar konpositoreak eta musikologoak 1927an idatzi zuen bezala, “Isasik ez ditu bere baitatik kanpo bilatzen konposizioetarako gaiak. Ikuslea aktore bihurtuta, musikaren bidez azaltzen ditu bere bizitzako gertaerak edo edertasun naturalek piztu dizkioten zirrarak”. Bere lagun eta musikazale handi Joaquín Zuazagoitiak —bide batez, Azpeitiko Santxo goitizen cervantinoarekin sinatzen zituen kazetaritza-idazkiak, On Kixoteko pertsonaia hura ere— gogoratzen zuenez, Isasik askotan esaten zuen musika ez dela jainkozko artea, baizik eta “arte gizatiarrena”. Horregatik, Alemaniatik itzuli zenean, kazetaritza-kritikak honela deskribatu zuen: “pentagramara bere amets guztiak, gaztetako fantasia guztiak eta bere arimaren kezka guztiak kontsumitzen diren sentimentalismoa eramaten dituen poeta handia”.

Eta, kontzertuarekin amaitzeko, musika klasikoaren lanik ezagunenetako bat dugu: Maurice Ravelen (Ziburu, 1875 – Paris, 1937) Boleroa. XX. mendeko orkestratzaile onenetako bat izan zen, eta hizkuntza oso zaindu eta estilizatua zuen, bere hitzen arabera “poliki-poliki, tantaz tanta” lantzen zuena.

Obra Ida Rubinstein dantzari, aktore eta mezenasarekin lotuta dago, zeinak funtsezko zeregina izan baitzuen dantzari lotutako eszenografiak berritzen, XX. mendearen lehen herenean. Ravelen lagun mina zen, eta raveliar soinu-mundua miresten zuenez, Parisko operarako ballet bat enkargatu zion konpositoreari: “hamazazpi minutu”, esan zion Rubinsteinek Raveli telegrama batean, eta konpositoreari, enkarguari jarraiki, gai “temati” bat idazteko ideia otu zitzaion, hogei bat aldiz errepikatu nahi zuena, “inolako garapenik gabe, orkestraren soinua mailakatuz besterik ez”. Hona interpretatzaileei eman zizkien argibideak: “Mugimendu oso neurritsuko dantza da, eta melodia, harmonia eta erritmoa uniformeak dira etengabe; azken hori danborrak markatzen du beti. Orkestraren crescendoa da dibertsitate-elementu bakarra”. Eta, zalantzarik gabe, emaitza apustu ausarta egiten duen orkestrazio-lezio praktiko bikaina da; izan ere, ikus-entzuleei bi zatitan banatutako gai bakarra eskaintzen die, zeinak, tempo aldaezinean oinarrituta, konposizioaren adierazpen-indarra orkestrari lagatzen dion crescendo luze eta progresibo baten bidez. Danborraren ostinatoaren gainetik, gai nagusia jotzen duten lehenak zurezko haize-instrumentuak dira: txirula, klarinetea, fagota… klarinete “errekinto” txikia eta “oboe d’amore” deritzona barne, Juan Sebastián Bachek hainbeste maite zuen hori, eta hil ondoren ia erabiltzen ez dena. Saxofoiak, behe-klarinetea, piccolo txirula, kontrafagota, piccolo tronpeta, zelesta, harpa eta instrumentu mordoa ere entzungo ditugu, orkestraren ‘gozogintza’ atal efektista koloretsuan dagoen perkusio anitza ahaztu gabe. Instrumentu guztiak soinuzko eraikin bat taxutuz doaz, eta Ravelek, pixkanaka-pixkanaka eraikitako karta-gaztelu bat edo harea-gaztelu bat bailitzan, txikitu egiten du, amaiera zalapartatsuaren berri ematen digun tonu-aldaketa baten ondoren.

Ravelen arte aparta XX. mendearen hasierako Paris bikain hartan bizi eta lan egiten zuten abangoardiako poeta, pintore, musikari eta dantzari talde baten adiskidetasunak suspertu zuen. Ida Rubinstein sortzaile horietako bat izan zen, eta Boleroa estreinatu zuen Parisko Operan, 1928ko azaroaren 20an. Estreinaldirako, taberna bateko mahaian pausoak entseatzen dabilen dantzari flamenko baten eszenografia bururatu zitzaion. Ravelek beste ideia bat nahiago zuen: aire zabaleko eszena bat, makineriak erritmo zurruna markatzen duen fabrika baten aurrean. Nolanahi ere, konpositorearen proportzioaren zentzu bikainak, linea melodikoaren zehaztasunak eta kolorearen leuntasunak Boleroa blaitu zuten estreinaldiaren egunean, eta beti blaitzen dute. Koreografiatuta egon ala ez.

Bide batez, eta zirkulua ixteko, bidezkoa da gogoratzea Ravelek, 1932an —gaixotasunak dagoeneko bere gaitasunak murriztu zituen—, Don Quichotte à Dulcinée idatzi zuela. Baritonorako eta pianorako hiru melodiako ziklo motza da, Paul Moranden poema batzuen gainean konposatua.

Zorioneko loturak. Gozatu.

Mercedes Albaina


Asier Polo.

Biolontxeloa

Kritika espezializatuak bere belaunaldiko biolontxelista nabarmenetakotzat jotzen du, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenetako batzuekin lan egin du bakarlari gisa: Philharmonia Orchestra, London Symphony Orchestra, Danish National Symphony Orchestra, Orchestra Sinfonica Nazionalle della RAI, Dresdner Philharmonie, Orchestre de Paris, BBC Philharmonic, Bergen Filharmoniske Orkester, Israel Philharmonic Orchestra, Berliner Symphoniker, Mexikoko Orkestra Nazionala, Sao Pauloko Orkestra Sinfonikoa, Louisiana Philharmonic, Buffalo Philharmonic Orchestra, Malaysian Philharmonic Orchestra, Espainiako Orkestra Nazionala edo Basel Symphony Orchestra, batuta garrantzitsuen zuzendaritzapean, hala nola John Axelrod, Pinchas Steinberg, Christian Badea, Rafael Frühbeck de Burgos, Claus Peter Flor, Carlos Miguel Prieto, Günther Herbig, Juanjo Mena, Antoni Wit eta Anne Manson.

Musika-ekitaldi garrantzitsuetara gonbidatu dute, hala nola SchleswigHolstein, Nantes, Ohrid, Biennale di Venezia, Erroma, Lisboa, Gstaad Menuhin Festival, Morelia, Granada edo Donostiako Musika Hamabostaldia jaialdietara.

Eszenatokia partekatu du Silvia Marcovici, Nicolás Chumachenco, Sol Gabetta, Maxim Rysanov, Isabelle van Keulen, Josep Colom, Eldar Nebolsin, Gérard Caussé, Janácek laukotea eta Casals laukotearekin, baita Alfredo Kraus tenorearekin ere, zeinak, bere ibilbidearen azken urteetan, bere errezitaldietan bakarlari gisa lan egitera gonbidatu zuen; hala, Maggio Fiorentino, Covent Garden, Royal Opera House, Tonhalle (Zürich) eta Musikverein-en (Viena) jo zuen, bai eta Japoniako kontzertu-areto garrantzitsuenetan ere.

Nabarmentzekoa da egungo musikarekin duen konpromisoa, batez ere bere herrialdekoarekin. Obra berrien bultzatzailea da, eta Gabriel Erkoreka, Jesús Torres, Luis de Pablo, Jesús Villa-Rojo, Fernando Velázquez eta Antón García Abril konpositoreek biolontxelorako kontzertuak eskaini dizkiote. Musika berria eta literatura klasikoaren errepertorio handia uztartu ditu: Bachen Suiteak, musika garaikidea (Henri Dutilleux, Cristóbal Halffter, Sofia Gubaidulina) eta kontzertu klasiko eta erromantiko handiak.

Biolontxelorako Espainiako sorkuntzarik garrantzitsuenak (José María Usandizaga, Joaquín Rodrigo, Francisco Escudero, Tomás Marco, Carmelo Bernaola, Jesús Rueda, etab.) bildu dituzten 19 lan diskografiko grabatu ditu Naxos, Claves, RTVE, Verso, Marco Polo eta IBS Classical zigiluetarako. Nabarmentzekoa da, halaber, Gramophon Editor’s Choice Award sarirako proposatu zutela Sofia Gubaidulina konpositoreari eskainitako CDagatik (Et’cetera Records), eta Cristóbal Halffter konpositoreari eskainitako “Ecos y sombras” DVDan parte hartu zuela, Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera Biolontxelorako 2. Kontzertua (KP Music) interpretatuz.

Poloren grabazio berrienen artean —IBS Classical zigilurako—, Rakhmaninov eta César Francken biolontxelo eta pianorako sonatak daude, Marta Zabaleta pianistarekin batera grabatutakoak, baita Johannes Brahmsenak ere, Eldar Nebolsin pianistarekin batera. Bestalde, Vivaldiren, Boccheriniren eta Haydnen biolontxelorako kontzertuak ere grabatu ditu, Sevillako Orkestra Barrokoarekin eta Andrés Gabettarekin batera, bai eta J. S. Bachen biolontxelo solorako sei suiteak ere.

Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera eta Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzapean, Joaquín Rodrigoren biolontxelorako bi kontzertuak grabatu ditu —Concierto como un Divertimento eta Concierto in modo Galante—, baita Alberto Ginasteraren biolontxelo eta orkestrarako 2. kontzertua, op. 50 (1980) ere.

Asier Polok Bilbon, Madrilen, Kolonian eta Baselen ikasi zuen E. Pascu, M. Kliegel eta I. Monighetti maisuekin. Gainera, J. Starker, N. Gutman edo M. Rostropovitxen aholku jakintsuak jaso zituen hainbat eskola magistraletan. Laster nabarmendu zen musikaren munduan, Espainiako Musikari Gazteen Lehiaketa Nazionalean biolontxeloko eta kamera-musikako lehen saria lortu baitzuen.

Bere ibilbidean zehar sari ugari jaso ditu, besteak beste, Espainiako Irrati Nazionaleko Begi Kritikoaren Saria (2002), Musika Interpretazioko CEOE Fundazioa saria (2004) eta Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren Musika Sari Nazionala (2019). 2009an, “Bilboko Ospetsua” (bere jaioterria) izendatu zuten.

Biolontxeloko hainbat lehiaketa nazional eta nazioartekoetan epaimahaikide izan ohi da: besteak beste, Dotzauer Wettbewerb (Alemania), Carlos Prieto lehiaketa (Mexiko), B. Mazzacurati Competition (Italia) eta Manhattan International Music Competition (New York) lehiaketan, eta eskola magistralak ematen ditu hainbat herrialdetan: Alemania, Herbehereak, Italia, Mexiko, Venezuela, Brasil, etab.

Asier Polok Francesco Rugieriren biolontxelo bat jotzen du (Cremona, 1689), Banco Santander Fundazioak lagata.


Giancarlo Guerrero.

Zuzendaria

Sei GRAMMY® sari irabazi ditu, eta Nashville Symphonyren musika-zuzendaria da. Guerrero “indartsuak, grinatsuak nahiz ñabartuak” (BachTrack) eta “biziki boteretsuak diren interpretazioetan” (Boston Globe) “zuzendaritza karismatikoa izateagatik eta xehetasunei arreta jartzeagatik” (Seattle Times) goraipatu dute.

Enkargu, grabazio eta munduko estreinaldien bidez, Guerrerok Estatu Batuetako konpositore nabarmenen lanak goraipatu ditu. Nashville Symphonyren munduko 11 estreinaldi eta Estatu Batuetako musikaren 15 grabazio zuzendu ditu, Michael Daugherty, Terry Riley eta Jonathan Leshnoffen obrak barne. Berrikiago, GRAMMY® sarirako proposatutako John Adamsen grabazioa zuzendu du: My Father Knew Charles Ives & Harmonielehre.

Konpositore garaikideen lana sustatzeko konpromisoarekin bat etorriz, Guerrerok, Aaron Jay Kernis konpositorearekin batera, Nashville Symphonyren “Bi urteko Laborategia eta Konpositoreen Tailerra” sortu zuen, konpositore gazte eta sortu berrientzat.

2023-24 denboraldian, Guerrero Chicago Symphony Orchestran egongo da berriro, Wynton Marsalisekin eta Jazz at Lincoln Center Orchestrarekin batera emango duen kontzertuan. New Zealand Symphony Orchestrara, Brussels Philharmonicera, Gulbenkian Orchestrara, Bilbao Orkestra Sinfonikora eta Civic Orchestra of Chicagora ere itzuliko da.

Duela gutxi, Ipar Amerikako orkestra nabarmenekin lan egin du, hala nola: New York Philharmonic, Chicago Symphony, National Symphony Orchestra eta San Francisco Symphonyrekin, baita Boston, Baltimore, Cleveland, Cincinnati, Dallas, Detroit, Indianapolis, Los Angeles, Milwaukee, Montreal, Filadelfia, Seattle, Toronto, Vancouver eta Houstonekoekin ere. Europan, honako hauekin lan egin du: Deutches Symphonie Orchester Berlin, Frankfurt Radio Symphony, London Philharmonic, Orchestre Philharmonique de Radio France, Netherlands Philharmonic, NDR Radiophilharmonie, Deutsches Radio Philharmonie, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Galiziako Sinfonikoarekin, baita Sydney Symphony eta Queensland Symphonyrekin ere Australian. Guerrero 2019ko Amerikako orkestren konferentzian hizlari nagusi gisa omendu zuten.

Duela gutxi, amaiera eman zion NFM Wrocław Philharmoniceko musika-zuzendari gisa izan duen sei denboraldiko agintaldiari. Orkestra horrekin, Guerrerok hiru grabazio egin zituen, Bomsori biolinista arrakastatsuarekin barne: Violin on Stage, Deutsche Grammophonen. Brahms, Poulenc eta Jongenen obrak biltzen dituzten albumak ere argitaratu ditu.

Lehenago, Guerrero Cleveland Miami Residency Orkestraren eta Lisboako Gulbenkian Sinfonikoaren zuzendari elkartua izan zen, Eugene Symphonyko musika-zuzendaria eta Minnesotako Orkestrako zuzendari elkartua.

Guerrero Nikaraguan jaio zen, baina haurra zela Costa Ricara joan zen bizitzera, eta bertako gazteen sinfonikoan sartu zen. Perkusioa eta zuzendaritza ikasi zituen Texaseko Baylor Universityn, eta zuzendaritzan graduatu zen Northwesternen. Gazte-orkestra zibikoetan hasi zenez, Guerrero oso konprometituta dago prestakuntza-orkestren zuzendaritzarekin, eta beraz Curtis School of Music, Los Angelesko Colburn School, National Youth Orchestra (NYO2) eta Yale Philharmoniarekin lan egin du. Nashville Symphonyren Accelerando programarekin ere konprometituta dago. Programa horrek musika-hezkuntza intentsiboa eskaintzen die jatorri etniko askotariko etorkizun oparoko ikasleei. Informazio gehiago hemen: www.giancarlo-guerrero.com.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
16 - 17
Mai
2024
>Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Heroiak eta deabruak Tim Meaden ahotsean

Lekua: Euskalduna Jauregia

Barroko-garaian, gehiegikeriak eta muturrak irudikatu ziren gehienbat. Kontratenoreak herniaren rola hartu zuen maiz, hala nola Giulio Cesare eta Orlando pertsonaietan, zeinak Tim Meaden ahots zoragarriaren bidez izango ditugu entzungai; bestalde, deabrua kontraste dinamiko eta bat-bateko disonantzien bidez irudikatzen zen, Leclair eta Boccherini pertsonaietan bezalaxe. Hori guztia, Pedro Gandíak proposatutako programa interesgarriaren baitan, zeina Sevillako Orkestra Barrokoko zuzendari artistikoa izan baita bi hamarkadaz eta zeina garai horretako gure espezialista handietako bat baita.

BOSbaroque

Leclair, Händel, Vivaldi, Geminiani eta Boccheriniren kontratenorarentzako obrak eta ariak

Tim Mead, kontratenorra
Pedro Gandía, kontzertino zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
20
Mai
2024
>Cámara 09

Cámara 09

Lekua: Euskalduna Jauregia


I

BOSen ensemble barrokoa

Nicolas Carpentier, oboea
Santiago López, fagota / fagote
David García, biolina
Gabriel León, kontrabaxua
Daniel Oyarzábal, cembalo

GEORGE FRIDERIC HANDEL (1685 – 1759)

Sonata sol minorrean Op. 2 8. zk. HWV 393

I. Andante
II. Allegro
III. Largo
IV. Allegro

JAN DISMAS ZELENKA (1679 – 1745)

3. sonata Si bemol Maiorrean ZWV 181

I. Adagio
II. Allegro
III. Largo
IV. Allegro – Tempo giusto

II

BOSen ensemble barrokoa

Laura Delgado, biolina
Lila Carolina Vivas, biolina
Pablo Val, biolina
Lander Echevarría, biola
Leire Moreno, biola
Ane Aguirre, biola
Carolina Bartumeu, biolontxeloa
Diego Val, biolontxeloa
Teresa Valente, biolontxeloa
Gabriel León, kontrabaxua
Daniel Oyarzábal, cembalo

JOHANN SEBASTIAN BACH (1685 – 1750)

Brandemburgoko 3. kontzertua Sol Maiorrean BWV 1048

I.
II. Allegro

Brandenburgoko 6. kontzertua Si bemol Maiorrean BWV 1051

I. [Allegro]
II. Adagio ma non tanto
III. Allegro

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
24
Mai
2024
>ABAO

ABAO

Lekua: Euskalduna Bilbao

GIACOMO PUCCINI
LA BOHÈME


ANTZEZLEAK

Mimí
Miren Urbieta

Rodolfo
Celso Albelo

Marcelo
Manel Esteve

Musetta
Marina Monzó

Schunard
José Manuel Díaz

Colline
David Lagares

Bernoit/Alcindoro
Fernando Latorre

Parpignol
a determinar

TALDE ARTISTIKOA

Director Del Coro
Boris Dujin

Director Musical
Pedro Halffter

Director De Escena
Leo Nucci

Director Repositor
Salvatore Piro

Escenografía
Carlo Centolavigna

Vestuario
Artemio Cabassí

Iluminación
Cladio Schmid

Producción
Fondazione Teatri di Piacenza
Pergolesi Spontini Fondazione
Teatro Comunale di Modena
Opéra de Marseille

* Debuta en ABAO
Informazio gehiago

Gehiago ikusi
Denboraldia 2023-2024
02
Eka
2024
>Yuja Wang. Piano errezitaldia

Yuja Wang. Piano errezitaldia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Yuja Wang piano-jotzailea ezaguna da agertokian duen presentzia liluragarriagatik, bere arte karismatikoagatik eta zintzotasun emozionalagatik. Munduko zuzendari, musikari eta talderik beneragarrienekin aritu izan da, eta bere birtuosismoagatik ez ezik, emanaldi espontaneoak eta animatuak eskaintzeagatik da ezaguna. Zera esan zion New York Times-i: “Irmoki uste dut programa bakoitzak bizitza propioa izan behar duela eta une horretan sentitzen dudana islatu behar duela”.

Yurik berriki erakutsi du zer nolako trebezia eta karisma dituen, Yannick Nézet-Séguin zuzendariarekin eta Filadelfiako Orkestrarekin batera Carnegie Hallen eskainitako Rakhmaninoven maratoi-emanaldian. Rakhmaninov jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldi historiko horretan, konpositorearen lau kontzertuak eta Paganiniren gai bati buruzko Rapsodia eskaini ziren arratsalde batean.

Horrez gain, denboraldi honetan Magnus Lindbergen pianorako 3. kontzertuaren mundu mailako estreinaldia interpretatu du Yujak San Frantziskon, eta obra hori Ipar Amerikako eta Europako beste leku batzuetan ere eskainiko du.

Beijingeko musikari familia batean jaio zen Yuja. Txinan haurrentzako piano-ikasketak egin ondoren, prestakuntza aurreratua jaso zuen Kanadan eta Curtis Institute of Music kontserbatorioan, Gary Graffmanekin. Nazioartean aurrerapauso handia eman zuen 2007an Martha Argerich ordezkatu zuenean Bostongo Orkestra Sinfonikoko bakarlaria izateko. Bi urte geroago, kontratu esklusibo bat sinatu zuen Deutsche Grammophonekin, eta ordutik lekua hartu du munduko artista ospetsuenen artean, kritikariek txalotutako emanaldiak eta grabazioak egin baititu.

Musical Americak urteko artista izendatu zuen 2017an, eta 2021ean Opus Klassik saria jaso zuen John Adamsen Must the Devil Have all the Good Tunes? lanaren munduko estreinaldiko grabazioagatik, Los Angelesko Filarmonikoarekin batera eta Gustavo Dudamelen gidaritzapean egindakoa.

Joan den denboraldian, nazioarteko errezitaldi-bira batean murgildu zen Yuja, Ipar Amerikako eta Europako areto garrantzitsuetan aritzeko, eta publikoa harri eta zur utzi zuen beste behin bere estilo, trebetasun tekniko eta arte bikainarekin, Beethoven, Ligeti eta Schönbergen lanak bildu zituen programa zabal batean.

Informazioa eta sarrerak